AZKEN 10 SARRERAK

2018/08/19

LARRUNARRI (TXINDOKI), "PLAKA GORRIAK" SEKTOREA: "PETER PUNK" BIDEA, 110 m, V+ 2018/08/12

Vignemaleko Pique Longue-ren “Ipar klasikoak” jipoi ederra eman zidan, tartean behatz bateko tendinitis mingarria utzi eta hurrengo lau egunetan atseden hartzera behartuz, “jan ta lo”, besterik ez. Korrika eta rokrodomo saio banaren ondoren gorputza nolabait aktibatzen hasi arren, behatzeko tendinitisa sendatu gabe nuela baieztatu nuen.

Iganderako Asierrek Txindokiko gandorra eskalatzea proposatu zidanean, eskalada honetan behatzetik tira egingo ez nuela konbentzituta, baiezkoa erantzun nion. Bide batez, badaezpada ere katu oinak eraman eta, denbora izanez gero “beste zeoze” eskalatuko genuela pentsatu genuen. Ez nekiena zen “Plaka gorrietan” behatzetik tiraka eskalatzen amaituko nuenik...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Alberto de Blas, Iosu Ulazia, Jokin Biera, Iñigo Rodriguez, Jorge Malles, 1984an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V (40 m), 2ºL: V (45 m) eta 3ºL: V+ (25 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Goizean-goiz joanez gero ia eguerdira arte itzala izango dugu. Hala ere udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ura Larraitzen eta Oria iturrian hartu daitekeen arren, uda aurrera doan heinean Oria iturriko isuria dezente murrizten da, batzuetan lehortzera iritsiz.
- Hurbilketa: Larraitzetik ordu bete pasatxo lasai joanez gero. “Plaka gorrietara” hurbiltzeko azalpena hemen irakurri daiteke.
- Jaitsiera: “Eskualido karnero” bidea rappelatuz. 60 metroetako sokekin, lehenengo rappelarekin lehen bilgunera eta bigarrenarekin lurrera itzuliko gara.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 8 express-zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bidea rappelatzeko "Shunt" aparatu modukoa eramatea gomendagarria izan daiteke, momenturen batean eskuak sokatik askatzea beharko bagenu lasai ibiltzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete eskas.

BIDEAREN KROKISA

"Plaka gorriak" sektorea eta bertako eskalada bideak. Argazkia "Gipuzkoan Eskalatzen" blogetik hartua dago, hemendik hain zuzen ere. Ekipatutako eskalada bideak gorriz margotutakoak dira.


Ibilbidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Larraitzetik gorako sargori eta hezetasunak izerdi galantak botaraztea behartu gintuen arren, Larrunarriko gandorraren oineko haize gogor eta freskoak materiala prestatzen ari ginela hotzak utzi gintuen: “eztakit bat, baña emateo egualdi aldaketa datorrela” esan zidan Asierrek arnesa jartzearekin batera. Hasiera batean gure helburua gandorra ensanble moduan eskalatzea bazen ere, haizearen indar bortitza ikusita, segurtasunez, luzeka eskalatzea erabaki genuen. Express-zintak motxilatik atera, katu-oinak jaso eta soka bakarrarekin eskalatzen hasi ginen.

Larrunarriko mendebaleko gandorraren hasierako diedroan.


Haize ufadek soka eta, tarteka gu ere, batera eta bestera astindu ondoren (eskerrak talkie-ei) ordubete eskasean gandorraren amaierara iritsi ginen: “alde earra harkaitz onakin eskalatzea, eh?” bota nion Asierri azken bilgunera iritsi nintzenean, “ya lo creo…” erantzun zidan. Denbora zen “Larrunarriko gandorra” esakalatu gabe eta pasatako sokaden eraginez leuntzen hasitako harkaitzak atentzioa deitu zigun. Hartutako leuntasunaz aparte, goizeko ihintzak gandorrean ipar hormatik egiten diren zeharkaldiak hezeak utzita zituen, eskalada “interesgarriagoa” bihurtuz.

Larrunarriko gandorraren argazki tipikoa, "plaka politaren" gaineko monolitoan egiten dena.


Gandorraren pasabiderik zailenean.


Gandor honen eskalada beti zoragarria den arren, ez zigun igande goizeko eskalada gosea kendu. Buruan beste bideren bat eskalatzeko ideia eta behatzeko tendinitisa oraingoz ongi erantzuten ari zela ikusita, Larrunarriko gailurrera iritsi gabe, bigarren soka atera eta, gandorraren amaieratik prestatutako rappeletatik bi rappel eginez lurrera itzuli ginen.

Lehenengo rappel-a egiten. Ohikoa den bezala soken korapiloekin arazoak izango genituen, jejeje


Hasiera batean “Arrastrakulos” kanalaren eskuineko ezproian (azpitik begiratuta) 2017ko azaroan Pitu, Lertxun eta Auxkinek irekitako “Ezkutua” bidea eskalatzeko asmoa bagenuen ere, momentuan bidearen inguruko informaziorik ez genuen topatu (gero etxean topatuko genuen). Ondorioz “Plaka Gorriak” sektorera gerturatzea erabaki genuen bertan eskalatzeke nuen “Peter Punk” bidea eskalatzeko intentzioarekin.

"Peter Punk", “Gora Euskadi aunque llueva” bidearen eskuinean dago, nabarmena den arrail inklinatu baten eskuinean, hain zuzen ere.

Eguzkitako krema bigarrenez eman eta, motxilak bidearen oinean utzi ondoren, 12 express-zinta (ez genituen denak erabiliko), zinta-uztai bat eta talkie-ez armaturik, bidea eskalatzen hasi nintzen.

Trasteak prestatzen...


- Lehenengo luzea, 40 metro, V. Bidea parabolten arteko tartea luzea duen itsasgarritasunezko harkaitz-plaka etzan bat eskalatuz hasten da, oinekin eskalatu behar den horietakoa. Hirugarren paraboltetik gora plakak inklinazioa irabazten du luzeari zailtasuna emanez.

Lehenengo luzean, zailtasunak hasten diren lekuan.


Oinetan fede osoa jarri behar izan nuen pasabidearen ondoren plaka berriro ere etzan eta zailtasunik gabe uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen: “behatza oaingoz nahiko ondo dijo” esan nion Asierri.

Lehen bilgunea.


Lehen bilgunera iristen, azpian Txindokira doan ohiko eta "tximista" bideak.


Lehen bilgunean...


- Bigarren luzea, 45 metro, V. Asier bilgunetik atera eta belarrez estalitako tarte bat zeharkatu ondoren, eskuin aldera 5-6 metroetako zeharkaldia egin zuen (II) pareko horma bertikalean jarritako lehen paraboltera iritsiz. Bertan, spit zahar bat ere egon arren, express-zinta paraboltetik bakarrik pasa zuen: “sokak ez rozatzeko”.

Zeharkaldia egin ondoren, lehen paraboltetik express-zinta pasatzen. 


Lehen paraboltetik gora, azpitik dirudien baino helduleku hobeak dituen horma bertikala eskalatzen jarraitu zuen: “zemuzkoa?” galdetu nion, “oaingoz ondo, kanto oso ona dauke”.

Hirugarren eta laugarren parabolten artean orain arteko helduleku handiak desagertu eta pixkanaka etzaten doan ur tantadun plaka eskalatzen hasi zen: “gotera izandare helduleku onak ditu” esan zidan.

Laugarren paraboltaren parean gelditu zen: “luzea nundio dijo?” galdetu zidan, “goien kristoetxen ikustet parabolt bat baña gertugo ez”. Gainean neraman Xabier Larretxearen krokisa begiratu eta “krokisen emateo eskubia ta gero ezkerrea dijola” erantzun nion. “Eskubin parabolt bat ikustet, baña beste bide batekoa emateo” Asierrek. “Bai, hortio Eskualido karnero dijo” nik. “Igual parabolt bat iguala dute, bazpare ahuntza jungo naiz”.

Eskuinera zeharkaldia egiten. Hormaren ezkerreko arrail nabarmenetik ekipatu gabeko "Lusarreta - Kirch" bidea doa.


Asierrek eskuin aldera 3-4 metro inguruko zeharkaldia egin eta bertako paraboltetik bi sokak pasatuz, ezkerrera egindako beste 4 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren “Peter Punk” bidearen bosgarren paraboltera iritsi zen. Bi sokak bi paraboltetatik pasata, hauen marruskadura izugarri handitu zen eskalada oztopatuz.

Bosgarren paraboltetik gora horma zertxobait tentetu eta helduleku oneko ur tantadun plaka bat (azpikoaren jarraipena) bilgunera arte eskalatu zuen.

Bigarren bilgunean. Puntu gorriz Asierrek jarraitutako bidea, zuriz aldiz, gure ustez jarraitu beharko litzatekena.


Bigarren bilgunea bertara iristeko eskalatu behar den azken hormatxo bertikalaren oinetik.


Luze hau ederra iruditu zitzaidan, hiruetatik ederrena inongo zalantzarik gabe. Eskalatzen ari nintzela lau eta bosgarren parabolten artean besteren bat jarrita ote zegoen begira aritu baina ez nuen ikusi. Bi parabolt hauen arteko tartea ez dirudi oso zaila denik baina tartea oso luzea da. Asierrek egindako zeharkaldia aukera ona izan daiteke, baina kontuz soken marruskadurarekin. Luzea ederra izanda ere hasierako horma bertikalean behatzetatik nahi baino gehiago tira egin eta mindutako behatza handitu eta kexatzen hasi zen.

- Hirugarren luzea, 25 metro, V+. “Bueno, 5c-ko luzea, ea zemuz juten zaiten” esan nion Asierri materiala jasoz “esperoet tiratzekoa ez izatea behatzeko miñe gehiagoa ez juteko”. Bilgunetik gora doazen hiru bideetatik “Peter Punk” erdiko bidea da. Luzeak lau parabolt besterik ez ditu. Bilginea utzi eta zuzen eskalatzen hasi nintzen, metroak errazago irabazteko, hormaren eskuineko arrail sakonaren eskuin ertzean eskuin oina jarriz. Lehen metro hauek helduleku ederreko plaka inklinatua eskalatuz egiten dira. Bigarren eta hirugarren parabolten artean orain arteko heldulekuak gutxi eta txikituz joan eta itsasgarritasunezko plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen: “dauneko bi parabolt txapa dittezu, luzeko erdik” animatu zidan Asierrek bilgunetik.

Luzearen pasabiderik gogorrena hirugarren eta laugarren parabolten artean dago, oinetan fede osoa jarriz eskalatu behar diren 3 metro eskas. Batera eta bestera kokatu baina ez nintzen pausoa ematera ausartzen: “eman lasai, erorketa ezta haundie ta” esaten zidan Asierrek behin eta berriz. Oinen kokalekua ez dakit zenbaitetan aldatu ondoren Asierri “kontuz oain, eh?” esan eta pasabidean gora egin nuen.

Laugarren paraboltaren parean nengoela, oreka zertxobait galtzen hasi eta, nola amaituko zen itxaron gabe, eskuarekin paraboltari eutsi nion express-zinta bat azkar-azkar pasatuz: “ez naiz uste deten bezain fededune, jejeje” bota nion Asierri irribarretsu.

Hirugarren luzearen nondik norakoak eta lau parabolten kokalekua. Urdinez “Eskualido karnero” bidearen paraboltak.


Laugarren paraboltaren gainetik sabaitxo bat eskalatu eta bilgunea arteko tartea luzea da. Luzea berez sabaitxoa zuzen eskalatu eta honen gaineko zuhaixkaz betetako zuloaren eskuinetik bilgunera iristea bada ere, sabai azpian zertxobait ezkerrera bota eta errazagoa iruditu zitzaidan pasabidetik eskalatu nuen, zuhaixken ezkerretik pasatuz: “Nahizu soka zuhaixken bestaldetik uztea?” galdetu nion Asierri. “Bai, utzi, hortio probaukoet”.

Hirugarren eta azken bilgunea.


Asierrek luzearen bi pasabideak itxuraz erraz eskalatu zituen: “buenooo, lenengoa nire aderentziko limiten eskalau det” esan zidan.

Bidearen amaieran zoriontsu.


Tendinitisak jotako behatzari "mimoak" eginez. Gaurkoan ez nuen ongi tratatu.


Uztaidun bi paraboltetatik sokak pasatu eta “Eskualido karnero” bidea rappelatu genuen.

Lehen rappela egiten. Azpian, Txindokira doan "tximista" bidea.


Goiza aurrera zihoan eta bazkaltzeko ordua gainera botatzen ari zitzaigula ikusita, motxilak utzitako lekura itzuli, trasteak jaso eta beherako bidea hartu genuen eskalada egun borobil honi amaiera emanez. Larrunarrik ez du sekula hutsik egiten!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina