Aiako Harria.
Kronika hau beste honen jarraipena da.
Rappel-a egin, sokak jaso eta hirugarrenez ezproiaren oinera itzuli ginen. “Erlaitz II” eta “Kanaleko” bideak eskalatzeko gogo biziz geunden, orain arte eskalatutako bideak nahikoak izan ez balira bezala.
Ezproia bigarrenez rappelatzen, eskuinean kanala.
Eguzkiak goizeko ihintza eta lainoa mendiari kenduak zizkion, harkaitza biluzik utziz. Bien bitartean Arkaitz “Erlaitz I” bidearen bigarren bilgunera iristen ari zen, Eider arrebaren begiradapean. Beraiekin goizeko lehen orduan solasaldi gozoa izateko aukera izan genuen. Elkar ezagutu gabe pertsona batzuekin lehen momentutik ongi moldatuko zarela senitzen da. Horixe izan zen Eider eta Arkaitzekin izan nuen sentimentua. Bikote jatorra, bai jauna!!!
Ezproia hirugarrenez begi berekin begiratu arren, begirada eskalatuko genuen bide berrira joan eta ezproi ezberdin baten aurrean geundelaren sentsazioa izan nuen. Hauxe gertatzen zait Aizkorriko kanaletara neguan hurbiltzen naizen bakoitzean, parean mila aldiz ikusi eta eskalatutako horma izan arren, begiak bide eta zirrikitu berrietara zuzentzen direnez, horma ezezagun baten aurrean nagoela sentitzen dut.
“Oaingon motxilekin eskalau beharko deu” esan nion Asierri, geunden lekura gehiago itzuliko ez ginela buruan nuela. Eguzkiak erdi lehortutako zapatila eta galtzerdiak motxilan sartu eta, bizkarrean estutu ondoren, eskalatzen hasi ginen.
Motxila bizkarrean, eskalatzen hasteko prest.
BIDEEN DATU BATZUK
ERLAITZ II
- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 3. Lehenengo bi luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
- Nork irekia: 2009an Iñaki Igoa eta Jose Rivasek ekipatu zuten. Gipuzkoako Mendi Federazioak 2014ko udaberrian kimikoekin berrekipatu du.
- Zailtasuna: 4b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (25 m), 2ºL: IV- (25 m) eta 3ºL: III (30 m).
- Orientazioa: Mendebaldea. Goizean itzalean izango gara.
- Ura: Ez genuen iturririk topatu. Guk etxetik eraman genuen.
- Hurbilketa: Elurretxetik atera eta Aritxulegira doan bidea hartuko dugu (GR-121 eta PR-GI 20 bideak). Bidearen ertzean dagoen bunkerra atzean utzi eta 15-20 metro ingurura pago zabal baten ondoan ezkerrera basoan bidexka bat sartzen da. Bidexka hau hartu eta lehen pagoetara iritsitakoan eskuinera joko dugu ehiza postuen ilara batera iritsiz. Ehiza postuak jarraituz haritz gaztez osatutako baso bat zeharkatu eta pago estu eta luzez osatutako pagadira iritsiko gara. Pagadia ahalik eta altuera gutxiena galduz zeharkatu eta egurrezko pasabide bat zeharkatu ondoren tarteka oso nabaria ez den bide bat jarraitzen hasiko gara, granitozko harkaitz-bloke handi baten ondora iritsi arte. Bloke honetan bidea aurrera jarraitzen badugu koska bat jaitsi beharko dugu kanal batera iritsiz. Hobe da blokearen gainetik mendian gora igotzen hastea (II pasabide errazen bat) granitozko harkaitz-plaka etzan bat igo ondoren hormara iritsiz. Horma eskuinetik inguratuz “Gainirten” bidearen kimikoak ikusiko ditugu. “Erlaitz I” eta “Erlaitz II” bideak honen eskuinean gelditzen dira. Elurretxetik bidearen oinera gutxi gora behera 45 minutu pasa genituen. Bigarren aukera Elurretxetik Muganix mendira ohiko bidetik igo eta bidea rappel eginez jaistea da.
- Jaitsiera: Muganixetik Elurretxera doan ohiko bidetik 40 minutu pasatxoan kotxera itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Bidea ekipatua dagoenez, 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 11 express-zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko. Lehenengo bi luzeak batean eskalatzeko asmorik badago 13 express-zinta eraman beharko dira, bakarren batzuk luzeak soken marruskadura ekiditeko. Gu 12 express-zintekin ongi moldatu ginen.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 25 minutu inguru.
KANALEKO BIDEA
- Luzera: 35 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: V+.
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Eramandako materiala: Bide hau bakarrik eskalatu nahi bada kirol eskaladako soka batekin nahikoa izan daiteken bitartean, ezproiko beste bideekin konbinatu nahi bada erosoagoa izango da 60 metroetako bi soka eramatea. Bidea ekipatua dagoenez, nahigkoak dira luzera ezberdineko 8 express-zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko. Bide honetara Erlaitz I, Erlaitz II edo Gainirten bideen lehen bi luzeak eskalatu ondoren eta bi luze hauek batean eskalatzeko asmoa badugu, express-zinta gehiago eraman beharko ditugu, bakarren batzuk luzeak soken marruskadura ekiditeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 20 minutu inguru.
BIDEEN KROKISAK
Hurbilketaren nondik norakoak.
Hurbilketaren azken zatia gertu eta zehatzago...Gorriz "Gainirten" urdinez "Erlaitz I" eta orlegiz "Erlaitz II". Kanaleko bideak ezkutuan gelditzen dira.
"Erlaitz II" (gorriz) eta "Kanaleko" (urdinez) bideen krokis zehatzak. Argazkian "Kanaleko" bidearen oinera iristeko egin genuen rappel-a ere (orlegiz) ikusi daiteke.
DESKRIBAPENA
“ERLAITZ II”
- Lehenengo luzea, 25 metro, 4b eta bigarren luzea, 25 metro, IV-. Bidearen lehen luzearen hasierako metro bertikalak “Erlaitz I” bidearekin partekatzen ditu hirugarren kimikora arte. Hemendik gora Asierrek eskuinera diagonalean zeharkaldi bat hasi zuen (III) ezproiaren eskuin ertzeko hormatxo batera zuzenduz.
Zeharkaldian, Asierren eskuinean hormatxoa ikusi daiteke baita ezkerreann Eider "Erlaitz I" bidearen lehen bilgunetik ateratzen ere.
Sabai txiki bat eskalatuta (IV) hormatxo bertikalaren azpian kokatu zen. Bertako helduleku ederrak topatu, oinak non jarri ongi begiratu eta, gorputza segurtasunez altxatzearekin batera, hormatxoa eskalatzen jarraitu zuen (4b) pixkanaka ezproiaren ertzera hurbilduz.
Hormatxoaren azken metroetan.
Hormatxoa atzean utzita, harkaitz-plaka inklinatu bat (III) eskalatu eta lehen bilgunera iritsi zen.
Soken marruskadura txikia zela ikusita Asierrek bilgunetik gora doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen (III+) jarraitzea erabaki zuen. “Erlaitz I” bidearen antzera, bigarren bilgunera arteko harkaitz-plaka erdialdean zertxobait etzan (III) eta azken metroetan berriro ere zertxobait tentetzen da (IV-) bilgunera iritsiz.
"Erlaitz II" bidearen berezko lehen bilgunea eta hemendik gorako zatia.
Asierrek bilgunera arteko zati hau lasaitasun osoz hartu zuen, Arkaitz eta Eider oraindik bilgunean zeudelako. Eider bilgunetik ateratzearekin batera Asierrek bilgunea muntatu eta eskalatzen hasi nintzen.
Zailtasunari dagokionez, bidea “Erlaitz I” bidearen antzerakoa iruditu zitzaidan, harkaitz-plaka inklinatu eta hormatxoren bat tartekatuz. Hau ere oinekin "bakarrik" eskalatzeko bidea dela esango nuke.
Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka.
Bilgunera iritsi nintzenean zalantza bat piztu zitzaidan: “Kanaleko bidea eskalatzen badeu ezteu hirugarren luzea eskalauko”. Hasiera batean, bideak osorik eskalatzeko, luzea eskalatu eta hirugarren bilgunetik rappel bat egitea bururatu zitzaidan, baina azken luze hau III zailtasunekoa izateak ideia hau burutik baztertu eta luzea eskalatu gabe uztea hobea zela pentsatu nuen.
Nahiz eta azken luze hau ez eskalatu, segidan, telegrafikoki bada ere, honen ingurukoak kontatuko ditut.
- Hirugarren luzea, 30 metro, III. Esan bezala, luze hau “Gainirten”, “Erlaitz I” eta “Erlaitz II” bideek partekatzen duten berezko hirugarren luzea da. Luzea bilgunetik gora doan harkaitz-plaka etzana eskalatuz hasi (II) eta belarrez estalitako zati bat oinez zeharkatu ondoren ezproiak osatzen duen hormatxo baten azpian kokatuko gara. Hormatxoa bere ezkerretik eskalatu (III) eta berriro ere ezproiaren ertzean kokatuko gara. Hemendik aurrera etzaten doa (II) bilgunera iritsiz.
Zailtasun guztiak amaituta, Eider hirugarren bilgunera iristen. Lehen lanoan luzeari zailtasuna ematen dion hormatxoa ikusi daiteke.
Bilgunetik atera eta honen gaineko harkaitz-plaka etzan eta belar zatia oinez zeharkatu ondoren, hormaren eskuinera doan belarrez estalitako erlaitz bat jarraituz uztaidun bi kimikoez osatutako bilgunera iritsi nintzen.
Belar zatiaren amaieratik bilgunera egindako argazkia.
Bilgune hau da kanaleko bidearen oinera rappel eginez jaisteko erabiliko genuen bilgunea.
Rappel egin genuen bilgunea.
Asier iritsi zenean rappel-a muntatu eta kanaleko bidearen oinera arte jaitsi ginen. Bidearen oina, kanalean sartuta dagoenez, estua eta belarrez betea dago. Asier rappel egiten hasi zenean, ni nengoen lekura arte iristea baino luzearen lehen kimikoan aseguratzea hobe zela proposatu nion: “hemen ezkea eroso eongo”. Sokak jaso eta Asier ni baino gorago zegoela ikusita, egokiena bera eskalatzen hastea zela erabaki genuen.
“KANALEKO BIDEA” , 35 metro, V+
Sokak kontu handiz jaso, Asierrek bi muturrak arnesean lotu eta express-zinta guztiak arnesetik zintzilik zituela baieztatu ondoren eskalatzen hasi zen.
Rappel egin genueneko bilgunea kokatutako erlaitzak luzea bitan banatzen du. Bidearen oinetik erlaitzera iristeko, bi kimikoez babestutako IV zailtasuneko harkaitz-plaka tente bat eskalatu behar da. Oraindik eguzkiaren izpietatik ezkutuan, horma heze xamar topatu genuen. Asier metroak lasaitasun handiz irabazi eta zailtasun handirik gabe erlaitzera iritsi zen.
“Jakin izan banu holako zatie zela hobe genun hemendio hastea” esan zidan. “Harri txarra?” galdetu nion, “Ez” erantzun zidan, “baña rappel oso bat egin metro hauentzako eztakit mereziun”.
Erlaitzetik gorako lehen metroetan.
Erlaitzetik gora itzalpetik atera eta eguzkiaz gozatzeko aukera izan zuen. Erlaitzetik gora hastearekin batera itzala atzean utzi eta eguzkiaz gozatzeko aukera izan zuen, V- zailtasun eta helduleku oneko harkaitz-plaka bertikal bat eskalatuz. Metro batzuen ondoren harkaitz-plaka zertxobait inklinatu (IV) eta atseden hartzeko unetxo bat hartu zuen.
Atseden hartzen.
Gainetik luzeari zailtasuna ematen dion harkaitz-plaka bertikala zuen. Eskuak magnesio-poltsan sartu, eskuetan putz egin eta, bitan pentsatu gabe, eskalatzen jarraitu zuen.
Poliki eskalatu arren gelditu gabe zihoan, helduleku bakoitzari zukurik handieta atera eta horma bertikalari zentimetroak banaka irabaziz. Asier lasai ikusteak lasaitu ninduen. Konturatu nintzenerako bilgune aurreko harkaitz-plaka inklinatuan zegoen.
Luzearen zailtasun guztiak amaituta.
Behera begirada.
III zailtasuneko azken metro erraz batzuen ondoren bilgunera iritsi zen.
Gaurkoan muntatuko genuen azken bilgunean. Argazkia Eiderrek egina da.
Azken luzea lasaitasunez hartu nuen. Beharbada gehien kosta zitzaidana lehen kimikora iristea izan zen, harkaitza hezea izateaz aparte kanala osatzen duten bi hormak belar bustiz estalita zeudelako. Lehen kimikotik gora, katu-oinak lehortzen joan ziren heinean eskaladaz geroz eta gehiago gozatuz joan nintzen. Asierrek esan bezala, bide hau berriro eskalatuko banu, rappelik egin gabe erlaitzetik gora eskalatuko nuke. "Erlaitz I", "Erlaitz II" eta "Gainirten" bideei zailtasun puntu bat jarri nahi izanez gero, luze hau eskalatzea aukera paregabea da.
Bilgunean.
Bilgunera iristen. Argazkia Eiderrek egina da.
"Gaurkok bukauie" esan nion Asierri. "Bai" erantzun zidan "bide polittek iruittu zaizkit". "Baita neire".
Bilgunetik gora metro gutxi batzuk oinez ibili eta katu oinak kentzearekin batera belarretan eseri nintzen. Sentsazio izugarria nuen, eskaladaz gozatu izan deneko sentsazio betegarri hori, oinen azpian belarra sentitzerakoan izaten deneko sentsazio betegarri hori; bihotz, gogo eta arima bakean daudeneko sentsazio betegarri hori.
Materiala presarik gabe jaso eta ezproiaren pareko tontor batera argazkiak egitera igo nintzen.
Ezproia bere osotasunean.
Leku eta zoom ezberdinekin ezproiari argazki pila egin eta motxila utzitako lekura itzuli nintzen Muganix mendiaren gailurrera iritsiz.
Aiako Harrien ikusmira magiko eta bertikala.
Muganixeko gailurreran.
"Ongi etorri zibilizaziora" izan zen Muganixeko gailurrera iritsi nintzenean burura etorri zitzaidan lehen esaldia. Gora eta behera zebiltzan mendizaleek orain arteko bakardade sentsazioa belarrondoko batez kendu zidaten. Gailurrean ez genuen denbora luzea egin eta argazki batzuen ondoren beherako bidea hartu genuen.
Jaitsieran ezproiaren bideen inguruan aritu ginen. Bide ederrak iruditu zitzaizkigun, hainbat luzeetako eskaladan hasi nahi dutenentzat aproposak izan daitezkenak. Elurretxen kotxeak leku guztietan pilatzen ziren, baita bertara doan errepidearen bazterrean ere. Kotxea martxan jarri eta aparkatutako kotxeen artean kontu handiz atera ondoren Oiartzungo bidea hartu genuen: "Definitiboki mendi hauek oso bisitatuk die" izan zen burura etorri zitzaidan azken ideia.
Bakardadeak zenbait mendietan zein gutxi irauten duen...
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina