Aiako Harria.
“Eta Muganixeko espoloiko bide guztik eskalatzen baditteu?” proposatu nion Asierri. “Zer?” galdetu zidan burutik jota izango banintz bezala begiratuz. “Lasai, lau bide dare ta denek azken luzea igualaute” lasaitu nuen, “gehienez 200 metro inguru eskalaukoitteu, jejeje”. Asierrek bere kalkuluak egin eta baiezkoa erantzun zidan.
Aiako Harrira eskalatzera joateko ohitura handirik ez dugun arren (eta urrun egotearen aitzakiak onetarako ez du balio, jejeje) bertako granito itsaskorretik zintzilikatzen garen bakoitzean biziki gozatzen dugu. Aritxulegi ingurua, Kopakoarri eta Erroilbide (azkeneko honetan egun eskalatzea debekatuta dago) ezagutu arren, Muganix bisitatu gabe genuen.
Muganix, Aiako Harria parke naturalean iparren kokatutako mendia da. Gailurrera iristeko Elurretxeko aparkalekutik gora doan bidea da ohikoena, duela urte batzuk anaia eta biok Aiako Harriaren gandorra zeharkatu genuenean kontrako noranzkoan jarraitu genuena, hain zuzen ere.
Eskaladari dagokionez, Muganixeko ipar eta mendebaldeko aurpegian eskalada bide ezberdinak daude. Ipar hormako bideak bertikal eta zailak diren bitartean, mendebaldeko aurpegikoak gozoagoak dira, biderik zailena V+ zailtasunean kokatuz.
Asierri proposatu bezala, Muganixeko mendebaleko ezproiko lau bideak eskalatzeko asmotan Elurretxera zuzendu ginen. Bide hauek “Erlaitz I”, “Erlaitz II”, “Patxiku” eta ezproiaren hegoaldean kokatutako kanaleko ezkerreko (azpitik begiratuta) bideak dira, azkeneko hau ezproiko beste hiru bideen hirugarren bilgunean amaitzen dena.
Bide hauen inguruko informazio zabal eta zehatza Gipuzkoako Mendi Federazioaren web orritik (hemendik hain zuzen ere) eta, nola ez, Xabier Larretxearen "eskalatzen" blogetik (hemendik eta hemendik) atera genuen bideak ongi ikasiak eramateko.
Kronika astun bat ekidin asmoz Muganixen pasatako eguna bitan banatzea pentsatu dut, kronika honetan “Erlaitz I” eta “Patxiku” eta hurrengo kronika batean “Erlaitz II” eta “Kanaleko” bideetako eskaladen nondik norakoak azalduz.
BIDEEN DATU BATZUK
ERLAITZ I
- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 3. Lehenengo bi luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
- Nork irekia: 2006an Iñaki Igoa, Andoni Arregi eta Javier Harri Martinek ekipatu zuten. Gipuzkoako Mendi Federazioak 2014ko udaberrian kimikoekin berrekipatu du.
- Zailtasuna: 4b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (25 m), 2ºL: IV- (25 m) eta 3ºL: III (30 m).
- Orientazioa: Mendebaldea. Goizean itzalean izango gara.
- Ura: Ez genuen iturririk topatu. Guk etxetik eraman genuen.
- Hurbilketa: Elurretxetik atera eta Aritxulegira doan bidea hartuko dugu (GR-121 eta PR-GI 20 bideen markekin adierazita). Bidearen ertzean dagoen bunkerra atzean utzi eta 20-25 metro ingurura, pago zabal baten ondoan ezkerrera basoan sartzen den bidexka hartu eta lehen pagoetara iritsitakoan eskuinera joko dugu ehiza postu batera iritsiz. Ehiza postuen ilara jarraituz haritz txikiz osatutako baso bat zeharkatu eta pago estu eta luzez osatutako pagadira iritsiko gara. Pagadia ahalik eta altuera gutxiena galduz zeharkatu eta egurrezko pasabide bat zeharkatu ondoren tarteka oso nabaria ez den bide bat jarraitzen hasiko gara, granitozko harkaitz-bloke handi baten ondora iritsi arte. Bloke honetatik aurrera jarraitzen badugu koska bat jaitsi beharko dugu kanal nabarmen batera iritsiz. Hobe da blokearen gainetik mendian gora igotzen hastea (II pasabide errazen bat) granitozko harkaitz-plaka etzan bat igo ondoren hormara iritsiz. Horma eskuinetik inguratuz “Gainirten” bidearen kimikoak ikusiko ditugu. “Erlaitz I” eta “Erlaitz II” bideak honen eskuinean gelditzen dira. Elurretxetik bidearen oinera gutxi gora behera 45 minutu pasa genituen. Bigarren aukera Elurretxetik Muganix mendira ohiko bidetik igo eta bidea rappel eginez jaistea izango litzateke. Ez dakit bigarren aukera honek zenbat denbora eramango duen.
- Jaitsiera: Muganixetik Elurretxera doan ohiko bidetik 40 minutu pasatxoan kotxera itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Bidea ekipatua dagoenez, 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 8 express-zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko. Lehenengo bi luzeak batean eskalatzeko asmorik badago 13 express-zinta eraman beharko dira, bakarren batzuk luzeak, soken marruskadura ekiditeko. Gu 12 express-zintekin ongi moldatu ginen.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 45 minutu.
PATXIKU
- Luzera: 85 metro.
- Luze kopurua: 3. Lehenengo bi luzeak bakarrean eskalatu daitezke.
- Nork irekia: J. Etayo, R. Marina eta J.M. Rodriguez, 1977an. 2004an Iñaki Igoa eta Andoni Arregik ekipatu zuten. Azkenik, Gipuzkoako Mendi Federazioak 2015eko martxoan kimikoekin berrekipatu du.
- Zailtasuna: 4c. Luzez-luze: 1ºL: 4c (35 m), 2ºL: IV- (20 m) eta 3ºL: III (30 m).
- Eramandako materiala: Bidea ekipatua dagoenez, 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 5 express-zinta eta zinta-uztaia bat bilgunea muntatzeko. Lehenengo bi luzeak batean eskalatzeko asmoa badugu 8 express-zinta eraman beharko ditugu, bakarren batzuk oso luzeak, soken marruskadura ekiditeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 25 minutu.
BIDEEN KROKISAK
Hurbilketaren nondik norakoak.
Hurbilketaren azken zatia gertu eta zehatzago...Gorriz "Gainirten" urdinez "Erlaitz I" eta orlegiz "Erlaitz II". Kanaleko bideak ezkutuan gelditzen dira.
"Erlaitz I" (gorriz) eta "Patxiku" (urdinez) bideen krokis zehatzak. Krokisean "Gainirten" izena azaltzen da baina izen hau ez da zuzena.
DESKRIBAPENA
Oiartzundik Irunera doan GI-2134 errepidea jarraitu genuen “Ingelesaren Gaztelua 7” kartela duen bidegurutzera arte. Bidegurutzean GI-2134 errepidea utzi eta, mendian gora sigi-saga egiten duen errepidea jarraituz, Elurretxera iritsi ginen. Haitzak behe laino batek estaltzen zituen urezko izara zuri baten modura.
“Ea pareta sekoa daun” esan zidan Asierrek kotxetik atera eta egunsentiko ihintzak bustitako belarra zapaldu zuenean. Motxilak kotxetik hartu eta, aparkatutako kotxe eta furgoneten artean ixil-ixilik pasatuz, Aritxulegira doan bidera zuzendu ginen, ezkerrean zutabe elektriko erraldoia utziz.
Elurretxen. Laritzen atzean zutabe elektrikoa ikusi daiteke.
Aritxulegira doan bidearen lehen metroetan.
GR-121 eta PR-GI 20 ibilbideek jarraitutako bide hau gozoa da eta laritz eta pagoez osatutako basoa zeharkatzen du altuerarik galdu eta irabazi gabe. Gerra garaiko bunker baten ondotik pasatu eta 20-25 metroetara gutxi gora behera bidea utzi eta ezkerrera basoan galtzen den bidexka jarraitzen hasi ginen, GR eta PR bideak hortik ez doazela adierazten duen pago baten ondotik pasatuz.
Bunkerraren ondoan.
Aritxulegira doan bidea utzitako lekua.
Pagoen artean metro batzuk egin ondoren eskuinera maldan gora hasi eta ehiza postu batera iritsi ginen. Goiza freskoa zegoen, ibiltzeko primerakoa, baina ihintzaren eraginez ehiza postura iristerako oinak bustiak genituen.
Ehiza postuaren ondotik pasa ondoren.
Ehiza postutik gora erdi estalitako xenda bat jarraitzen hasi ginen bigarren ehiza postu batera iritsiz. Bertan, lainoen artean lehen aldiz Muganix mendiaren ipar horma bertikala ikusteko aukera izan genuen. Lainoak erdi estalia, pinuen gainetik nabarmentzen zen granitozko piramideari nolabaiteko itsura beldurgarria ematen zion.
Muganixeko piramidea lainoaren artean.
Ikusmira honek animatuta martxa arindu eta, malda amaitzearekin batera harizti gazte batean lehenik eta pago estu eta luzez osatutako pagadi batean ondoren sartu ginen. Pagadian komeni da altuerarik ez galtzea, bideak honen bestaldeko egurrezko pasabide baten ondoren jarraitzen baitu. Gure kasuan nahi gabe altuera galdu eta arantzadun alanbrez osatutako hesi batera iritsi ginen. Hesiaren ondoan metro batzuk bete ondoren, maldan gora hasi ginen egurrezko pasabidera iritsiz.
Arantzadun hesiaren ondoan.
Egurrezko pasabidera iristen.
Hemendik aurrera xenda nabariagoa da eta tarteka harkaitzetan marra gorridun arrastoak ikusteak bide zuzenetik ari ginela baieztatzen zigun.
Egurrezko pasabidea atzean utzi ondoren.
Marra gorridun harkaitz-bloke handi batera iritsi eta pinudi bat zeharkatu ondoren bigarren bloke batera iritsi ginen.
Marra gorridun harkaitz-blokearen ondotik pasatzen.
Marradun harkaitz-blokearen ondoren igotzen den pinudia.
Pinudian gora atzera begirada. Argazkian marradun harkaitz-blokea ikusi daiteke.
Bigarren harkaitz-blokera iristen.
Gora begiratu eta pinuen gainetik Muganix-eko ipar hormaren profil ikusgarria ikusi genuen. Ahozabalik gelditu ginen horma bertikalari begira eta urrun egon arren bere bertikaltasunak era berean erakarri eta atzera egiten gintuen.
Muganixeko ipar horma bigarren harkaitz-bloketik ikusita.
Bidea jarraituz gero “koska” bat jaitsi beharra genuen goitik datorren kanal nabarmen batera iritsiz. Guk “koska” jaitsi gabe, harkaitz blokearen gainetik mendian gora hasi ginen, belarrez estalitako zati bat lehenik eta granitozko plaka etzan bat ondoren (II zailtasuneko pasabide isolatu bat duena) igoz.
Bigarren harkaitz-bloketik gora jarraitutako bidea.
Maldan gora. Asierren gainetik harkaitz-plaka etzana ikusi daiteke.
Harkaitz-plaka etzana goitik ikusita.
Harkaitz-plaka etzanaren amaieran Muganixeko mendebaldeko ezproiaren ipar hormak bidea moztu zigun.
Muganixeko mendebaldeko ezproiaren ipar hormaren oinean.
Eskuin aldera desbideratu eta “han aurren kimikok ikusteittut!!” esan zidan Asierrek. Horma eskuinetik inguratu eta metro gutxietara “Patxiku” bidearen kimikoak ikusi genituen. Metro batzuk aurrerago “Erlaitz I” eta “Erlaitz II” bideen oinera iritsi ginen.
Ipar horma eskuinetik inguratzen. Gorriz, "Patxiku" bidearen lehen kimikoak.
Behe lainoa mendiaren hormetatik pixkanaka askatzen ari zen, noizik eta behin zeruaren kolore urdina agerian geldituz. Ezproi osoa guretzat bakarrik genuela ikusita, motxilak belar bustiaren gainean utzi eta materiala patxadaz prestatzen hasi ginen.
Eskalatzailez mozorratzen. Gorriz "Erlaitz I" eta zuriz "Erlaitz II" bideen lehen metroen nondik norakoak.
Ezproiak osatzen duen hormaren erdian geundenez, “Erlaitz I” bidea eskalatzen hastea erabaki genuen, beste bideak eskalatzeko orden zehatzik gabe. Dena prest genuenean, motxila eta bustitako zapatila eta galtzerdiak ezproiaren azpiko harkaitz batean utzi, belarrak bustitako katu-oinak hala nola lehortu eta Asier eskalatzen hasi zen.
“ERLAITZ I”
- Lehenengo luzea, 25 metro, 4b. Lehenengo luzea hormaren erditik zuzen-zuzen doa. Beharbada gehien kosta zitzaiguna hasierako metro bertikalak izan ziren, ez zailak direlako (IV), katu-oinak bustiak genituelako baizik.
Hasierko harkaitz-plaka bertikala eskalatu ondoren.
Lehen metro hauen ondoren Asierrek harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz jarraitu zuen (III+) bilgunearen azpiko hormatxora iritsiz. Hormatxo honek helduleku onak ditu eta, granitoan gehienetan gertatzen den moduan, eskuak baino oinak non jarri ongi begiratuz erraztasun handiz eskalatu zuen (4b). Hormatxoa atzean utzita, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu ondoren (IV) bilgunera iritsi zen. Bilgunea erlaitz eroso batean dago, hildako zuhaitz eta hormak osatzen duen zulogune itsurako baten ondoan.
Bilgunera iristen.
Bilgunetik behera egindako argazkia.
Asierrek eskalatzen zuen bitartean goitik ahots batzuk entzun nituen. Hasieran mendian gora zebiltzan mendizaleak izango zirelakoan ez nuen kasu handirik egin, Asierren gainetik kaskodun eskalatzaile bat ikusi nuen arte. Eskalatzen ari ginela ikusi eta ezproiaren eskuineko kanalera rappel eginez jaitsi zen.
Pertsonen aurpegiak ahaztea kostatzen zaidan bitartean, izenak gogoratzeko desastre hutsa naiz. Rappela egin zuen eskalatzailea hurbildu zenean aurpegi ezaguna egin zitzaidan. Elkar agurtu ondoren, eskalatzen hasi eta nor ote zen buruan bueltaka nenbilela, bilgunera iritsi nintzen: “joer, hor beran nunbaitetio ezautzen deten neska bat dau, baña eztakit zein dan” esan nion Asierri.
Luzearen lehen metroetan. Argazkia Eiderrek egina da.
Sabaitxoan... Luzearen zatirik zailenera iristen. Argazkia Eiderrek egina da.
Lehen bilgunea eta ondoko zulogunea. Erlaitzetik altu xamar gelditzen da.
Oraindik nor ote zen buruan nuela (honelako egoerek “amorratzen” naute) Asierri soberan zituen express-zintak hartu eta eskalatzen jarraitu nuen.
- Bigarren luzea, 25 metro, IV-. Luzearen zailtasunik handiena bilgunetik gorako hormatxo bertikala eskalatzean dago. Hormatxoak helduleku onak ditu eta dagoeneko granitora ohitutako oinak koska ezberdinetan jarriz, zailtasun handirik gabe eskalatu nuen (IV-).
Hasierako hormatxoa eskalatu ondoren.
Hormatxoa eskalatuta, nahiz eta zailtasuna orokorrean mantendu, bilgunera arteko harkaitz-plaka inklinatua tarteko helduleku eta zimurrak aprobetxatuz zailtasun handirik gabe eskalatu nuen (III+). Oinekin bakarrik eskalatzeko harkaitz-plaka ederra iruditu zitzaidan, nahiz eta azkeneko zatian zertxobait zaildu (IV-). “Sokada misteriosoak” bigarren bilgunea muntatuta utzi zuela ikusita, bitan pentsatu gabe beraiek muntatutako bilgunea aprobetxatu eta Asier aseguratzen hasi nintzen.
Bigarren bilgunean.
Bigarren bilgunea eta honen gaineko harkaitz-plaka etzana.
Sokak biltzen.
Asier eskalatzen hasteko prest.
Hirugarren luzea “Erlaitz II” eta “Patxiku” bideekin partekatzen denez, luze hau amaierako uztea erabaki eta rappel bat eginez bidearen oinera itzuli ginen. Rappela egiteko zain nengoela “Patxiku” eskalatzen ari zen “sokada misteriosoaren” lehena hurbildu zen, bistaz ezagutzen ez nuena, alegia. Solasalditxo motz bat eta bilgunea muntatuta utzi zutela ikusita, nahi bazuten gure sokak jaso gabe utzi eta rappela egiteko prest uzterik nahi zuten proposatu nion: “Primeran!!” erantzun zidan.
Lurrera itzulita, atseden hartzen genuen bitartean goiko sokadari argazkiak egiteko aprobetxatu nuen.
Eider "Patxiku" bidean.
Eider "Patxiku" bidearen bigarren bilgunera iristen. Argazkian rappela egiteko utzi genituen sokak ikusi daitezke.
“Ezaguna” nuen eskalatzailea rappela egin zuenean eskerrak eman eta “zuk blog bat daukezu, ez?” galdetu zidan. “Joer, eztakizu bere izena ta gañea beak ezautzen zaittu!!!” pentsatu nuen. “Bai” erantzun nion, “zure ezagune zaittut baña eztakit nundio” aitortu nion. Bigarren eskalatzailea iritsi eta sokak jasotzen genituen bitartean hizketan aritu ginen. “Gero arte” baten ondoren “Patxiku” bidera zuzendu ginen beraiek “Erlaitz I” eskalatzen zuten bitartean.
“PATXIKU”
Bidearen oinera iritsi nintzenean burua argitu zitzaidan: “ostia oaintxe akordau naiz, Eider Elizegi da!!” esan nion Asierri. Eider, “Mi Montaña” liburuarekin duela zortzi urte Desnivel liburu-dendak antolatzen duen mendi-literatura sariaren irabazlea izanagatik ezagutzen nuen. Honetaz aparte, Facebook-etik ere ezaguna dut, elkarri jarraitzen baitiogu. Arkaitz anaiarekin Muganixera goiz pasa etorriak zen bertako granitoaz gozatu eta mendiaren energiaz “kutsatzera”.
“Misterioa” argituta, material osoa arnesaren inguruan zintzilikatu eta gainetik nuen diedroari begira hasi nintzen.
- Lehenengo luzea, 35 metro, 4c + bigarren luzea, 20 metro, IV-. “Pentsatzen ai naiz igual bi luzek baten ittea” esan nion Asierri, “hola azkarrago ibiliko gea”. “Ea sokekin zemuz” erantzun zidan. Sokak arnesera lotu eta, express-zinta guztiak zintzilik nituela berriro ere egiaztatu ondoren eskalatzen hasi nintzen.
"Gainirten" bidearen hasierako metroetan. Argazkia Eiderrek egina da.
Luzea harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu ondoren (III+) bertikala izan gabe tentea den diedro batekin jarraitzen da. Oinak non jarri ongi begiratuz eta diedroak dituen heldulekuetara helduz, uste baino errazago eskalatu nuen diedroaren gaineko erlaitzera iritsiz (4c). Dent D’Orlun eskalatzen izan ginenetik diedroak eskalatzeari gustua hartu eta gorputza hobe kokatzen dut. Eskalatzaileek dioten moduan, eskaladan sortu daitezken ustekabeak gainditzeko harkaitz mota guztietan eskalatzeko ohitura hartu behar da.
Diedroa eskalatu ondorengo erlaitzean. Argazkia Eiderrek egina da.
Diedroa azpitik ikusita.
Erlaitzetik behera egindako argazkia.
Diedroa eskalatuta (4c) harkaitz-plaka inklinatu bat metro gutxi batzuetan eskalatu eta bidea mozten zidan sabaia ezkerretik inguratu ondoren (III+) belar eta oteez estalitako lur zati batera iritsi eta lur zati hau oinez zeharkatu ondoren uztaidun bi kimikoez osatutako bilgunera iritsi nintzen. Belar, txilar eta oteen artean oinez egiten den zati hau luzea itsusten duen arren, nolabaiteko basa itsura ere ematen dio, jejeje.
Sabaia inguratu ondoren, horma honetan jarriko nuen azken express-zinta aukeratzen.
Lehen bilgunea. Argazkian ikusten den bezala, soken marruskadura ekiditeko ez nuen bertatik express-zintarik pasatu.
Bigarren bilgunetik behera egindako argazkia. Asier oinez egiten den tartea (puntu zuriduna) zeharkatu ondoren.
Jarritako azken express-zinta luzea zenez, bitan pentsatu gabe bilgunetik gora eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunean asegururik jarri gabe honen gaineko harkaitz-plaka inklinatura igo (III+) eta bertako lehen kimikotik beste express-zinta luze bat pasa ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunera arteko azken metroak “Erlaitz I” bidearekin partekatzen dituenez (IV-) azkar egin nituen nahiz eta sokaren marruskadura indarrarekin borrokan aritu.
Bigarren bilgunean.
Asier iritsi zenerako Arkaitz eta Eider “Erlaitz I” bidearen lehen bilgunean zeuden: “Bidea rapelau ta Erlaitz II eskalau dezakeu” proposatu zidan Asierrek. “Ondo” erantzun nion “hola gu honea beize iristeako Arkaitz ta Eider azken luzen aittukoie”.
Bitan pentsatu gabe rappel-a muntatu eta, Eider eta Arkaitzi enbarazurik egin gabe, ezproiaren eskuin kanaletik rappel egin genuen berriro ere lurrera itzuliz. Rappela kanaletik ezproira doan luzearen nondik norakoak ikusteko ere aprobetxatu genuen, bidea non hasten zen ez genekien eta.
Bidea rappelatzen eta, bide batez, gero eskalatuko genuen "kanala" bidearen nondik norakoak ikusten.
Rappel egiten den horma azpitik ikusita, eskuinean kanala ikusi daiteke.
Bigarrenez ezproiaren oinean, sokak jaso eta, trago bat ur edan ondoren, eskalatzear genituen bi bideak eskalatzeko prestatu ginen. Bide hauen nondik norakoak datorren kronikan kontatuko dizkizuet.
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina