AZKEN 10 SARRERAK

2018/11/05

ZIORDIA: ARBARA EKIALDEA: "ALTZANIA" BIDEA, 235 m, V. 2018/09/30

Mendiaren historia bilduma edota zerrenda "ofizial" ezberdinekin lotuta joan da: Alpeetako ipar horma eta lau milakoak, Andeetako sei milakoak, Himalaiako zortzi milakoak, zazpi gailurrak, elurretako lehoinabarra … Etxetik gertu ere horrelakoak badira: Pirinioetako hiru milakoak, mendi puntuagarrien zerrenda, isurialdeen banalerroko mendiak, hiru handiak … Beti kuriosoa iruditu zait historian zehar, baita gaur egun ere, mendizale askok bilduma edo zerrenda hauen aurrean izandako aurkako jarrera. Eta batez ere kuriosoa kritikoak izan diren mendizale askok hauetako zerrenda edo bilduma bat amaitzerakoan beraien mendi-proiektua amaitu dela esan izan dutenean. Aurkako jarrera hau beraien barne-presioa ekidin edo baretzeko modu bat izan zitekela pentsatu izan dut, batez ere "ustezko" zortzi milakoen bildumazaleen artean.

Astebete da Ramón Portilla mendizale handia Beasaingo mendi astean izan nuela. Berak “mendi ederren” bilduma aurkeztu zigun, urteetan landutako bilduma pertsonal eta intimoa. Bera bezala, mendizale guztiok buruan modu batera edo bestera zerrenda bat dugula esatera ausartzen naiz, “pendienteen” karpeta bat, alegia. Zerrenda edo bilduma hau ez dauka zergatik bilduma “ofizial” bat izan behar. Izan ere, Ramonek zortzi milakoen bildumari uko egin ziola esan zigun, bilduma propioa osatuz.

Bildumazalea naiz. Zerrenda partikularrak ditut, bakarren bat “ofiziala” (Pirinioetako hiru milako guztiak igotzea gustatuko litzaidake, adibidez) besteren bat pertsonala. Eskaladari dagokionez, Antxon Gorrotxategik irekitako bideen bildumazalea naiz eta bide berri bat irekitzen duen bakoitzean ilaran jartzen naiz bidea noiz eskalatuko dudan irrikan.

Irekitzailearen bizimodua agertzen duen argazkia. Antxon Gorrotxategiren kasuan ilaran zain dagoen horietako bat naiz inongo zalantzarik gabe, jejeje. Argazkia Facebook-etik hartua dago.


Asier izan zen MAT-eko whatsapp-a saltsan jartzen lehena. Bidalitako mezuan, Iñaki Zuzak kudeatzen duen Mendia eta Eskalada blogan Antxonek Arraba ekialdean irekitako “Altzania” bide berriaren berri ematen zuela esaten zigun. Bildumazale amorratua naizenez, ez zen denbora luzea pasa bidea eskalatzeko eguna adostu arte, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak uztaidun bi paraboltez osatuak daude.

- Luzera: 235 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, Susana Agirre eta Iñaki Zuza, 2018an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (35 m), 2ºL: IV+ (25 m), 3ºL: II (30 m), 4ºL: V (35 m), 5ºL: II-III (30 m), 6ºL: III (30 m), 7ºL: III (20 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu lasai joanda. Zuhaixka erreferentzi bezala hartu eta kordino gorria bidearen hasieran.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta, zintak bilguneetarako eta bi zinta harkaitz-zubietatik pasatzeko (harkaitz-zubi asko soka edota kordinoekin babestuak dauden arren, pentsatzen dut soka hauek zahartzen diren heinean material gehiago eraman beharko dela). Alien semaforoa eta Lincam jokua azken bi luzeak ezproitik eskalatu nahi bada. “Marieta” bidearen azken luzea eskalatu nahi badugu ez dugu autobabeserako materialik beharko.  Walkie-talkie parea eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ia hiru ordu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak."Altzania" eskuineko bide gorria da.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Eguraldi eder eta oskarbia iragarrita bazegoen ere, kotxearen argiek bidea estaltzen zuen laino itxia nekez zeharkatzen zuten. Harrobia ixten duen metalezko atearen ondoan kotxearen motorra gelditu genuenean, ondoan genuen kotxe bakarretik ateratako bikotea martxan jarri zen. Lainoak inguruak ezkutatzen dituenean kotxetik ateratzean kosta egiten zait, aurretik zer topatuko dudan ez baitut ikusten. Esfortzu txiki baten ondoren kotxearen epeltasunetik kalearen hezetasunera atera ginenean motxilak hartu eta, isilik eta lurrera begira poliki-poliki martxan jarri ginen, lainoaren sabelean galduz.

Lainoak estalitako animoa argitzen hasi zen lainoen artean Ziordiako ezproia eta zeru argia ikusi nituenean. Indarberrituta, orain arteko isiltasuna apurtu nuen: “bueno, azkenen badirudi egualdi ona datorrela”.

Ziordiako ezproia laino artean.


Bidearen hasiera “Marieta” bidetik 15-20 metro inguru eskuinera dago. Erreferentzi bezala lehen luzean ezkerrean uzten den hormatik zintzilikatutako zuhaixka hartu genuen, bidearen hasiera bere azpian baitago. Oraindik Gorrotxategi markadun bideen izena duen plakatxo gorri bereizgarririk ez badu ere, bidearen oinean harkaitz-zubi batetik pasatako kordel gorria eta hemendik gorako paraboltak erraz ikusten dira.

Autobabeserako materiala motxilan utzi eta express-zinta eta bilguneak muntatzeko zinta-uztai bat bakarrik hartuz eskalatzen hasi nintzen.

- Lehengo luzea, 35 metro, IV. Kordel gorriaren gainetik zertxobait ezkerrera diagonalean doan plaka inklinatua eskalatzen hasi nintzen (II-III).

Bidearen lehen metroetan.


Bigarren paraboltera iritsi nintzenean eskuinera zeharkalditxo bat egin nuen bertako harkaitz-plaka bertikalera zuzenduz. Azpitik horma trinko eta garbia dirudien arren, Antxonek bertan egindako garbiketa lana itzela izan da eta tartean kendutako harkaitzek uzten duten arrasto argia ikusi ziteken. Luzearen zailtasuna oraingoz ez zen gogorra (III-III+) parabolten arteko tartea luzea mantenduz. Azken aurreko paraboltera iritsi, gora begiratu eta aurretik nuen paraboltaren gainetik bilgunea osatzen duen uztaidun bi paraboltak ikusi nituen.

Paraboltetik sokak pasatu eta gorputza batera eta bestera jarri arren ez nuen postura egokirik topatzen aurretik nuen pasabide bertikala eskalatzeko. Hau gutxi ez bada, pasabidea eskalatzen saiatu nintzenetako batean oina jarrita nuen harriak eman eta horman behera erori zen: "joer, fisurero bat izango banu..." pentsatu nuen pasabidean dagoen arrail estu bati begira. Minutu batzuetan ezinean egon ondoren, urrun dagoen azken paraboltari begiratu, arnasa sakon hartu eta, "zugana hala nola iritsi behar naiz" esan ondoren erabakitasunez eskalatzen hasi nintzen. Ez ziren izan txukunen eskalatu ditudan 3 metroak baina paraboltera iritsi nintzenean arnasa lasai hartu nuen. Nire uste apalean pasabide honek gutxienez IV+ zailtasuna badauka.

Azken paraboltetik gorako IV zailtasuneko harkaitz-plaka eskuinetik eskalatu (ezkerretik oso zikina dago) eta erlaitz horizontal eta eroso batean kokatutako bilgunera iritsi nintzen.

Lehen bilgunean.


Lehen bilgunea muntatzen. Argazkian bigarren luzearen nondik norakoak ikusi daitezke.


Lehen bilgunetik oinera egindako argazkia.


"Ostras kuartoko pasitoa" esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean. "honi kuarto emateie?" galdetu zidan. "tercero mas, kuarto" erantzun nion. "Nik esango nuke gehio baukela" esan zidan. "Baita nik ere" erantzun nion.

- Bigarren luzea, 25 metro, IV+. Lehen luzearen zailtasun mailaren "ezustekoaren" ondoren bigarren luze bertikala errezeloz begiratu genuen."Ea hau jartzeon bezela kuarto mas dun" esan zidan Asierrek bilgunetik atera aurretik.

Erlaitzean metro pare bat eskuinera egin eta horman gora doan arrail bertikala eskalatzen hasi zen: "gutxiñez hemengo heldulekuk oso onak die" esan zidan Asierrek bigarren paraboltera iritsi zenean.

Arrailatik erlaitz estura pasa ondoren.


Bigarren paraboltetik ezkerrera pasabide horizontal bat egin zuen harkaitz-plakan dagoen erlaitz txiki baten gainean kokatuz (IV).

Erlaitz txikian.


Erlaitz txikian kokatuta, gorputza eta besoak ezkerraldera luzatu, harkaitz-plakaren ertzari eutsi eta metro pasatxoko zeharkaldi horizontalaren ondoren, lur eta harri soltez estalitako erlaitz nabariago batera iritsi zen (III+). Erlaitzean harri solte asko eta lurra dago.

Erlaitzaren gaineko paraboltetik (luzearen hirugarrena) sokak pasatu eta erlaitzaren ezkerrera zuzendu zen harkaitz-zubi batetik pasatuta dagoen kordel gorriaren bertikalean kokatuz (II). Kontu handiz helduleku oneko horma bertikala eskalatzen hasi eta harkaitz-zubira iritsi zen (IV).

Harkaitz-zubitik sokak pasa ondoren.


Harkaitz-zubitik gora hormak bertikal jarraitzen du. Arrail bertikal bat jarraituz metroak oso poliki irabazten jarraitu zuen: "harrie hemen ez da oso fiablea" esan zidan. Beharbada hau izan zen bide osoan pasatako tentsio gunerik handiena. Asierrek eskuekin jotzen zituen harri askoren hotsa hutsa izanda, ahal zuen pisurik txikiena heldulekuetan jarri eta metroak zentimetroka borrokatu zituen harkaitz-plakaren amaierara iritsi arte (IV+).

Horma bertikalaren amaieran ertzetik ezkerrera jo (II-III) eta harkaitz handi batean kokatutako bilgune erosora iritsi zen.

Hormaren ondorengo ertza eta bigarren bilgunea.


Ertzetik ateratzen.


Lehen luzearen gertatu bezala, gure uste apalean luze honek IV+ baino gehiago dauka. Hasierako arraila dirudiena baino errazago eskalatzen da, baina eskalatu beharreko arraila da. Lur eta harkaitz soltez estalitako erlaitzetik gorako horma bertikala uste baino errazago eskalatu eta bertako harri solteren bat kentzeko aprobetxatu nuen.

Bigarren bilgunean.


Bilgunera iristearekin batera lainoa azpian utzi genuen eguzkiaren argi eta bero goxoaz gozatuz. Sakana kotoizko itsaso baten azpian zegoen bere gainetik, irla baten moduan, Beriain nabarmenduz. Argazki batzuk egin eta eskalatzen jarraitu nuen.

Kotoizko itsasoa, amaieran Beriain.


- Hirugarren luzea, 25 metro, II. Bilgunetik gora harkaitzetik jarraitu nuen.

Bilgunearen gaineko harkaitz .blokeen gainean.


Nire helburua ahalik eta denbora gehiena harkaitzetik jarraitzea zenez, parean topatzen nituen harkaitz-plaka etzan ezberdinak eskalatuz jarraitu nuen (II) parean nuen horma nabarira zuzenduz. Hirugarren bilgunea “Marieta” bidearekin partekatzen du (altzairuzko alanbre bat).

Hirugarren luzearen oinean, zuriz “Marieta” bidearen hirugarren luzea eta gorriz "Altzania" bidearena.


Asier hirugarren bilgunea iristen.


Sokak jaso eta Asier berehala iritsi zen: "luze hau kontuta eukita, datorrena eskalatzen utzikoiazu?" proposatu nion. "Arazoik gabe" erantzun zidan.

- Laugarren luzea, 35 metro, V. Luzea hainbeste maite ditudan ur-tantadun harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatuz hasten da (V).  Nire gozamenerako uste baino errazago eskalatu nituen, eskuak baino oinak non kokatu ongi begiratuz.

Ur tantadun harkaitz-plakaren amaieran.


Ur-tantadun plaka atzean utzita Ziordian izanda ere Eginon eskalatzen aritzen deneko sentsazioa izan nuen, hemendik gorako tartea IV inguruko zailtasuna duten harkaitz-plaka bertikal eta motz ezberdinez osatuta baitago.  Tarte honetan guztian paraboltik ez dago, aseguru bakarrak harkaitz-zubietatik pasatako kordelak izanik.

Harkaitz-plaka bertikalak eskalatzen.


Harkaitz-plaka bertikal motz hauetako azkenekoa eskalatu ondoren, bilgunera iritsi aurretik parabolt batez babestutako plaka bertikal motz baten oinera iritsi nintzen: "hemen parabolt bat badau ondo begiratu beharkoa" pentsatu nuen. Parabolta atzean utzi eta honen gainetik dagoen harkaitz-zubiko kordeletik sokak pasa ondoren nondik jarraitu begiratzen hasi nintzen.

Eskuinetik edo ezkerretik?


Harkaitz-zubiaren eskuin nahiz ezkerretik eskalatzen jarraitu badaiteke ere nik ezkerretik jarraitu nuen, erlaitz txiki batera iritsiz. Hemendik gora kanaltxo batzuk dituen azken harkaitz-plaka bat (IV+, parabolt bat) eskalatu ondoren bilgunera iritsi nintzen. Luze itzela iruditu zitzaidan, bidearen luzerik ederrena inongo zalantzarik gabe.

Bilgunetik behera egindako argazkia. Bilgunearen azpiko kanaldun harkaitz-plaka ikusi daiteke.


Laugarren bilgunean.


Ur tantadun harkaitz-plaka eskalatu ondoren.


"Luze ederra" esan zidan Asierrek ere. Bilgunean geundela ezkerrean dagoen Ziordiako ezproira begiak joan eta une batez ezproiaren lehen zatia eskalatzen ari zen hiruko sokada bati begira aritu ginen. Ikusgarria izaten da bertikaltasunarekin borrokan ari direnen pausuak jarraitzea, esku bakoitza eta oin bakoitza non jarri ongi begiratu eta hormari metroak irabazten dioten bitartean. Argazki batzuk egin eta hurrengo luzea eskalatzeko prestatu ginen.

Ziordiako ezproia laugarren bilgunetik ikusita.


Ezproiaren azpiko zatia gertuago... Hiruko sokada ikusi daiteke.


Laugarren bilgunean.


- Bosgarren luzea, 30 metro, II-III. Bosgarren luzea berez bilgunetik diagonalean ezkerrera doa parean dugun monolitoaren ezkerrera hurbildu (II-III) eta tartean kordelak dituzten bi harkaitz-zubietan aseguratuz. Guk orduan hau ez genekien eta Asier zuzen eskalatzen hasi zen pareko monolitora zuzenduz. Badaezpada, parabolt eta harkaitz-zubietatik pasatako kordelik ikusten ez genituenez, luze honetarako motxilan genituen friend-ak ateratzea erabaki genuen.

Lehenengo harkaitz tenteak eskalatuak zituenean (III), bertako arrail batean friend bat trabatu eta ezkerrera jo zuen pareko monolitoaren azpitik pasatu eta honen ezkerrean kokatuz (II): "hemen azpin kordinok ikusteie" esan zidan beheraka seinalatuz.

Bilgunetik gorako lehen metroetan. Berezko bidea hemendik ez doa.


Monolitoaren oinean. Puntu zuriz, berez jarraitu behar izan genuen bidea.


Monolitoa bere ezkerretik eskalatzen da helduleku oneko harkaitz-plaka tente eta txikiak eskalatuz (III). Monolitoaren gainera iritsi zenean metro eskas batzuk oinez egin eta  “Marieta” bidearekin partekatzen duen bosgarren bilguneara iritsi zen.

Monolitoaren azpitik behera egindako argazki honetan luzearen lehen metroak babesten dituen kordelako bat (nire oinaren azpian) ikusi daiteke.


Bosgarren bilgunea.


 "Hemen garela espoloitik ateako gea, ez?" galdetu nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean. "Bai, Marietan irteera ezautzen deu" erantzun zidan soberan zuen materiala pasatuz.

Bilgunetik eskuinera oinez hasi nintzen ezproira zuzen iristeko asmotan. Parean nuen haritz handira zuzendu eta honen azpian kristoneko sasi pila ikusi nuenean bere ezkerretik inguratu nuen, haritza atzean utzi eta berehala erlaitz eroso batera iritsiz.

Bosgarren bilgunetik oinez jarraitutako bidea.


Bilgunetik 30 metro inguru ibiliak nituenean, erlaitzaren gaineko harkaitz zubi handi batetik pasatako zinta-uztai luze batez bosgarren "bis" bilgunea muntatu nuen, ezproiaren oinean hain zuzen ere.

Bosgarren "bis" bilgunean.


- Seigarren luzea, 30 metro, III. Material guztia gainean nuela ikusita luze hau nik eskalatzea erabaki genuen. Ezproia zuzen eskalatzen hasi nintzen ahalik eta denbora gehienean ertzean mantenduz.

Seigarren luzearen lehen metroetan.


Harkaitza azpitik dirudiena baino hobea iruditu zitzaidan tarteka harri solteren bat ertzetik kenduz. Tarteka friend bat edo beste trabatuz metroak erraz irabazi nituen.

Zuhaixka baten azpiko harkaitz-plaka tentea da punturik zailena. Bertara iritsi eta aukera ezberdinak begiratu ondoren ezproiaren ertzera igo eta zuhaixka eskuinean utziz zuzen eskalatzen jarraitu nuen (III, beharbada zertxobait gehixeago) 2-3 metro gorago uztaidun parabolt bakarrez muntatutako bilgunera iritsiz. Parabolt hau da ezproi osoan dagoen bakarra.

Seigarren bilgunean.


Bilgunetik behera egindako argazkia.


"Pentsatzenun harrie askoz txarragoa zela" esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean. Bigarren joanda, berak ezproia harkaitz soltez garbitzeko aprobetxatu zuen.

Seigarren bilgunea.


- Zazpigarren luzea, 20 metro, III. "Bueno, azkenekoa" esan nion Asierri bilgunetik ateratzear zegoela.

Bilgunetik zuzen eskalatzen jarraitu zuen hormatxo bat eskalatu eta ezproiaren ertzera pasatuz (III).

Zazpigarren luzeko lehen hormatxoa eskalatu ondoren.


Metro batzuk gorago jarraitu eta buelta hartu zuen: "hemen bi aukera dare, ezkerren daun diedro itsurako bat eskalatu edo ertzetio jarraitu" esan zidan. "Zuk nola ikustezu?" galdetu nion. "Antzea, baño ertzetio garbigo daula emateo" erantzun zidan. Bi aukerak ongi begiratu ondoren ertzetik jarraitzea erabaki zuen.

Harriren bat edo beste soltea duen hormatxo bertikal bat eskalatu (III) ondoren ezproiak bertikaltasuna galdu zuen, harrien gainetik azken bilgunera iritsiz, “Marieta” bidearekin partekatzen duena, hain zuzen ere.

Luzearen bigarren hormatxoa eskalatu ondoren.


Zazpigarren bilgunera iristen.


Oraingoan niri egokitu zitzaidan azken luze hau ahal izan nuen moduan garbitzea. Tarteka Asierri eusteko eskatu eta parean nituen harkaitz solteak hormatik kenduz bilgunera iritsi nintzen.

Zazpigarren bilgunetik seigarrena honela ikusten da.


Zazpigarren eta azken bilgunean.


"Bueno, beste bat kolekziorako!!!" esan nion Asierri bilgunera iristerakoan. Asierrek soketako bat jasotzen zuen bitartean bidearen amaierako harkaitz batean eseri eta, begiak itxiz, infinitora eraman ninduen bake une motz batez gozatzeko aukera izan nuen. Une motz eta iheskor hauengatik bakarrik merezi du hiru orduetako eskalada bat.

Bidearen amaieran.


Traste guztiak jaso ondoren beherako bidea hartu genuen. Atentzioa deitu zigun eskalatzaileen joan etorriek urteetan basoak erdi ezkutuan izan duen bidexka nola nabarmentzen ari duten, bide hauek klasiko bihurtzen ari direnaren seinale. Ziordiako ezproiaren azpira hurbiltzen ari ginenean argazki kamara atera eta ezproiaren amaieran zegoen hiruko sokadari argazki batzuk egin nizkion. Ikusgarria benetan!!!

Ziordiako ezproi ikusgarria.


Ezproiaren goiko zatia gertuago... Hiruko sokada ikusi daiteke.


Jaitsieran Antxonek horma honetan beste bideren bat irudikatuta izango ote duen hizketan aritu ginen: "deskuidau ezkeo bai". Bidea ederra iruditu zitzaigun, proposatutako zailtasun maila zorrotz jarrita eta oraindik, normala den bezala, errepikapen batzuk behar dituena harri eta harkaitz soltez garbitzen joateko.

Kotxera iritsi ginenerako eguzkiak barrualdea ederki berotua zuen. Ur trago bat hartu eta trasteak jasotzen genituen bitartean nolabait aireztatu eta barrura sartzera ez zigun pereza handirik eman. Goizearen lehen orduan ateratzeko eta goizaren amaieran sartzeko alferkerian. Gizakien paradojak, jejeje!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina