AZKEN 10 SARRERAK
petit etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
petit etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/10/14

ARGUIBELLE, "TICHODROMES" SEKTOREA: "LE PETIT RAMONEUR" BIDEA, 97 m, 5b+. 2018/08/28


Ibilbidearen oineko plakatxoa.


Mendian gora suge baten moduan doan porlanezko pista estu eta bihurritua jarraitu ondoren, Asierrek furgonetaren motorra bi haranen arteko lepoan itzali zuen. Arguibelle eskalada eskolako aparkalekuan geunden. Aparkalekua haritzen gerizpean izan arren, termometroak furgonetatik kanpo hogeita hamar graduetatik gorako beroa zegoela adierazten zuen. Bata besteari begiratu eta, une batez zalantzan izan arren, infernura atera ginen.

Egunsentiak Gourette eski estazioan esnatu gintuen. Gure asmoa Pene Sarriere mendiaren hegoaldeko gandorra eskalatzea zen, zailtasun aldetik arazorik suposatzen ez zigun eskalada. Gandorraren oinera iritsi eta trasteak prestatzen hasi ginenean, haize bolada batek astindu, lurrean eseri eta beldur eta bertigo sentsazio desatsegin bat pixkanaka nagusituz joan zen. Ia ordu erdiz eserita egon ondoren, sokadari mesede baino kalte gehiago egingo niola azaldu eta, Asierri mila aldiz barkamena eskatu ondoren, beherako bidea hartu genuen. Aiztoa bezain estua den gandorraren oinean zer gertatu zitzaidan ez dakit. Gauean ez nuen ez asko ezta ongi lo egin buruko min desatsegin bat bidelagun utziz. Gandorraren oinera iritsi ginenean haize boladek pixkanaka indarra irabaziz joan ziren, eguraldi aldaketaren iragarle eta gandor estuan haizearen menpe egoteak ez zidan konfiantza handirik ematen. Ez dut bihozkadetan sinesten eta eskalatzen hasi izan bagina zer gertatuko zen ez dakit, baina gertatu zitzaidana abisu edo alarma bat izan zela pentsatzeak lasaitzen nau.

Pene Sarrierek utzitako gustu garratza kentzeko asmotan alternatiba baten bila hasi ginen. Orduan Arguibelle eskalada eskola burura etorri zitzaidan. Etxeko bidean kokatuta eta, eskola berri bat ezagutzeko aukera emateaz aparte, etxera gerturatzeko aukera ederra zen. Xabier Larretxearen “Escaladas en el Pirineo Norte” liburua atera eta, bertan hiru luzeetako bide pare bat eskalatzeko aukera genuela irakurri ondoren, furgoneta Arguibellera zuzendu genuen.

ARGUIBELLE ESKALADA ESKOLARI BURUZ

Arguibelle eskalada eskola izen bereko mendiaren mendebaldeko horma bertikaletan kokatzen da. Geografikoki Barétous haranean dago, Zuberoa eta Bearneren arteko mugan, Montory herritik gertu.

Bertara Montory edo Lanne en Barétous herrietatik iritsi daiteke. Gu, Frantziatik (ekialdetik) gentozenez, Lanne de Barétous herria zeharkatu eta  kilometro eskasera Pierre de San Martin-era doan ezkerreko bidegurutze nabaria hartu genuen. Errepidea 6 kilometro eta erdi jarraitu ondoren, eskuinera "Rocher École" karteladun bidegurutzea hartu eta izugarrizko maldan gora hasiko gara. Hemendik gorako bidegurutze gehienetan "rocher école" kartela ikusiko dugu. Eskolaren hormak begi-bistan ditugunean kartelak desagertzen diren arren, hartu beharreko bidegurutzea logikoa da. Bidea ez da txarra baina bai estua. Aparkalekua mendiak osatzen duen lepo batean kokatzen da.

Montory herritik etortzen bagara, herrian bertan eskuinera Haux-era doan bidea hartuko dugu. Kilometro eta erdi pasatxora, "Rocher-Arguibelle" kartelaren parean, ezkerrera hartuko dugu errepidetik aparkalekura iritsiz.

Galerazita dago mahaiaren ondoan dagoen pistan kotxea uztea, baserritarrei pasabidea ez oztopatzeko.

Arguibelle eskolako aparkaleku ondoko atseden lekua. Bertan iturria, egurrezko mahai eta argibide-taula bat dago, baita komun bat ere (argazkian ez da ikusten).


Kareharrizko eskalada eskola hau sei sektorez osatuta dago: “Grands Corbeaux”, “Tichodromes”, “Grand Lierre”, “Jonquilles”, “Pèlerins” eta “Percnoptères”. Zailtasun mailaren aldetik, eskolak dituen 219 bideetan 3c eta 8b+ zailtasun arteko bideak ditugu, V eta VI-ko zailtasuneko bideak nagusituz. Kirol eskaladako eskola bada ere, parabolten arteko tartea, luzea izan gabe, ez da motza eta batetik bestera iristeko eskalatu beharko dugu. “Le petir ramoneur” bideak, hiru luzeetako "La balade souletine" (95 m, 5c+) eta "Le pilier des buis" (90 m, 6b) bideekin batera “Tichodromes” sektorea osatzen du. Sektore hauetara iristeko hamar ("Grand Lierre") eta hogei minutu ("Pèlerins" eta "Percnoptères") artean beharko dugu. "Le petit ramoneur" "kedar-garbitzaile txiki" bezala euskeratuko litzateke, ziurrenik hirugarren luzean eskalatzen den tximini eta leize-zuloari erreferentzia eginez.

Arguibelleko sektoreak eta aparkalekutik hurbiltzeko bideak.


Eskola honetan hurbilketako bide, hormen oin eta eskalada bideetan egindako garbiketa eta txukuntze lana itzela izan da. Adibide moduan, egokitutako aparkalekuan iturria, egurrezko mahai eta komun bat izateaz aparte, eskolari buruzko informazioa jasotzen duen argibide-taula dago eta bertan, beste informazio interesgarriarekin batera, uneoro irekita edo itxita dauden sektoreak zeintzuk diren azalduta dago.

Argibide-taula.


Eskola honen inguruko krokisak Jean-Michel Larricq-ek idatzitako “Escalade en valleé de Bariétous” liburuan jasota daude. Liburu hau inguruko herrietako taberna eta turismo bulegoetan eskuratzeaz aparte (argibide-taulan liburua non erosi daiteken azaltzen da) “Elkar” liburu dendan ere (aurretik eskatuz gero) eskuratu daiteke, Baionako Elkar dendan salgai baitago.

"Escalade en vallée de Barétous" liburuaren azala


BIDEAREN DATU BATZUK

Bilgune guztiak kate batez lotutako uztaidun bi paraboltez osatuak daude.

- Luzera: 97 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dut topatu.
- Zailtasuna: 5b+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (32 m), 2ºL: 5b+ (30 m) eta 3ºL: 5b+ (35 m). Bigarren luzea "Le pilier des Buis" bidearena eskalatu genuen. “Le petit ramoneur” bidearen bigarren luzeak 5a+ zailtasuna dauka.
- Orientazioa: Mendebaldea. Udako arratsaldeetan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Aparkalekuan bertan iturri bat dago.
- Hurbilketa: 15-20 minutu. Bidearen oinean bidearen izena duen plakatxoa topatuko dugu.
- Jaitsiera: Hurritzez jositako basoan sartu eta erdi ezabatutako xenda maldan behera jarraituko dugu sasi eta garoaz estalitako zelai batera iritsiz. Zelaia beheraino zeharkatuz baso batean sartuko gara. Basoan sartu eta berehala arantzadun alanbreaz osatutako itxitura bat zeharkatu eta hemendik aurrera basoan doan bidea jarraituko dugu ahalik eta altuera gutxiena galduz. Metro batzuen ondoren “Grands Corbeaux” sektorearen horma ikusiko dugu. Behin hona iritsitakoan bidearen oinera itzuliko gara. Bidearen amaieratik aparkalekura 45 minutu inguru pasa genituen.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, bilguneak muntatzeko zinta-uztaiak eta hamar express-zinta. Walkie-talkieak eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu bete eta laurden.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Urdinez, bidearen berezko bigarren luzea.


Krokisa zehatzago. Urdinez, bidearen berezko bigarren luzea.


DESKRIBAPENA

Furgonetatik ateratzearekin batera izerditan hasi eta bitan pentsatu gabe argibide-taularen ondoko mahaian bazkaltzen ari ziren eskalatzaileengana hurbildu ginen. Nafar eta gipuzkoar eskalatzailez osatutako laukotea eskolaren inguruko azalpen eta informazio pila eman ziguten, baita krokisei argazkiak egiteko aukera ere. “Le petit ramoneur” eskalatu nahi genuela esan genienean, nahiz eta argibide-taulan “Tichodromes” sektorea itxita zegoela azaldu, gure lasaitasunerako Montory herrian sektorea zabalik zegoela baieztatu zietela esan ziguten: “2 eta 4 sektoreak dira itxita dauden sektore bakarrak” esan ziguten argibide-taularen zenbakiei erreferentzia eginez.

Bidea eskalatzea debekatuta ez zegoela argituta, beroa zen kezka iturria. Arratsaldeko hiruak izanda, eguzkiak hormetan bete betean eta errukirik gabe jotzen zuen: “oain juten bagea egosi ingogea” izan zen elkarri esan geniona. Arratsaldearen amaierarako ekaitza iragarrita zegoela jakinda, beroa pixkanaka gutxitzen joango zenaren itxaropenarekin, materiala lasaitasun handiz prestatzen hasi ginen. Eguzkitako krema erruz eman eta txapelak jantzi ondoren, laukote euskalduna Montory herrira freskatzera joatearekin batera, martxan jartzea erabaki genuen: “txarrenetio bide azpin daun bason itzalen eongogea”.

Iturriaren ondoko pasabidea zeharkatu, haritzen itzalaren babesa utzi eta zelaian doan bide nabarian gora hasi ginen.

Hurbilketaren lehen metroetan.


Oso poliki igo arren ez zen denbora luzerik pasa izerditan blai hasi, eguzkitako krema begietan sartu eta malkotan hasteko. “Jonquilles” eta “Pèlerins” sektoreetara doan bidearen bidegurutzeko argibide-posteari jarraituz malda igotzeari utzi eta, armiarma sareek itxitako basoan sartzearekin batera “Grand Lierre” sektorea zeharkatzen hasi ginen.

Argibide-postea.


Argibide-postea atzean utzi ondoren, basoan sartu baino lehen. Argazkiko beheko horma "Grand Lierre" sektorea eta atzekoa, "Trichodromes" sektoreak dira.


Ahozabalik gelditu ginen bideen oinean egindako garbiketa lanarekin, bioi Nafarroako San Fausto eskalada eskola burura etorri zitzaigun. “Grand Lierre” sektorea zeharkatu eta berehala “Tichodromes” sektorera iritsi ginen: “hemen dau!!!” bota nion Asierri bidearen oineko metalezko plakatxoan “LE PETIT RAMONEUR” irakurri nuenean.

"Le petit ramoneur" bidearen lehen parabolt eta metroak. Hasierako harkaitz-plaka erditik erdibitutako onddoaren irudia gogorazi zidan, jejeje.


Motxilak blai egindako bizkarretatik kendu eta Asierren kantinploratik ura gogoz edan genuen. Motxila bakarrekin eskalatzea adostu genuen. Nire motxila txikian bi litro urez betetako “Camel bag”-a eramango genuen bitartean, Asierren motxila eskaladan erabiliko ez genuen guztiarekin bidearen oinean utziko genuen: “Pene Sarrierekoa ta gero zuri dagokizu bidea eskalatzen hastea” esan nion umil-umil. Asierrek materiala prestatzen zuen bitartean, zuhaitzen adarren artetik horma zeharka begiratu nuen: “eztet imajinau nahi paretan ingouen beroa” esan nion. Bero eta sargori sentsazioa izugarria zen, eta bion arropak blai genituen. Ia ordubetez bidearen oinean zain egon ondoren, bat batean hodei batek eguzkia estali eta argitasunarekin batera tenperatura ere zerbait apaldu zela iruditu zitzaigun. Honek animatuta, elkarri begirada bat bota eta eskalatzen hasi ginen.

- Lehengo luzea, 32 metro, IV+. Sokak Reversotik pasatu eta izerditutako eskuak magnesiodun poltsan sartu ondoren Asier eskalatzen hasi zen. Luzea, bidearen izenadun plakatxoa itsatsitako onddo itsurako harkaitz-plaka bertikala eskalatuz hasten da. Bertikala izan arren helduleku onak ditu eta errazago da "onddoaren" ezkerretik eskalatzea. Asierrek metroak pixkanaka irabazten zituen, parabolten artean eskuak magnesiotan lehortu nahian. Lehen metroak eskalatu ondoren eguzkia estaltzen zuen hodeia desegin eta eguzkia berriro ere gogoz jotzen hasi zen.

Luzearen hasieran.


Harkaitz-plaka bertikala eskalatuta horma etzaten doa bilgune batera iritsiz. Kirol-eskalada egin nahi bada luzea hemen amaituko litzateke. Gure kasuan gora jarraitu genuen pareko hormara hurbilduz.

Lehen bilgunetik behera egindako argazkia.


Asierrek bilgune honetan express-zinta pasatu eta harkaitz-plaka etzan bat 12 metro inguruan eskalatuz (II-III) pareko hormaren oineko lehen "bis" bilgunera iritsi zen. Metroak irabazten zituen heinean isuritako izerdi tanta potoloak gorputza goitik behera zeharkatzen nindutela sentitzen nuen, ahoan gatz zapore desatsegin bat utziz.

Sokak jaso zituenean eskuak magnesiodun poltsan sartu eta eskalatzen hasi nintzen. Lehen metroak eroso eskalatu arren, bigarren paraboltetik gora izerditan blai hasi nintzen pare bat aldiz eskuak heldulekuetatik irrist eginez. Beroa ez dut ondo eramaten eta asko sufritu arazten nau. Lehen bilgunera iritsi nintzenerako izerditan blai eta egarriak jota nengoen.

Lehen bilgunetik lehen "bis" bilgunera egindako argazkia.


Asierrengana hurbildu nintzenean kiskalduta nengoen. Asierri bidea uztea proposatzea burutik pasa zitzaidan arren, Pene Sarrierekoaren ondoren ez nintzen ausartu.

Lehen bilgunean beroaren menpe.


- Bigarren luzea, 30 metro, 5b+. "Segi zu aurretio, ni egosita nau" esan nion "ta bero honekin estutzen hasten banaiz berehala deshidratauko naiz". Trago bat ur edan eta Asierri express-zintak eman ondoren eskalatzen jarraitu zuen.

Bilgunetik zertxobait eskuinera jo eta bigarren luzea horman gora doan pitzadura bertikal bat eskalatuz hasi zuen harlauz baten azpira iritsiz. Helduleku alderantzikatu bati heldu ondoren harlauzaren ezkerretik eskalatzen jarraitu zuen (5b+).

Harlauzaren pasabidean.


"Zemuz oain arte?" galdetu nion. "Bueno, oaingoz kanto ona dauke" erantzun zidan. Harlauza atzean utzi eta harkaitz-plaka bertikala zertxobait ezkerrera joz eskalatzen jarraitu zuen zuhaixka batera gerturatuz.

Zuhaixkaren parera iritsiz.


Zuhaixkara iritsi baino lehen luzeak zertxobait eskuinera jotzen du bilgunera zuzenduz. Bilgunera hurbiltzen ari zela eskalatutako luzearen eskuinean parabolt ilara bat ikusi nuen: "ustet luze hau gaizki hartu deula" esan nion. "Seguro?" galdetu zidan. "Baietz esango nuke, krokisen horman  eskubien daun luzea delako" erantzun nion, "gañea, hirugarren luzea eskalatzeko hobe eskubitio hartzea". Asierrek eskuinera begiratu eta beste bilgune bat ikusi zuen, "Le petit ramoneur" bidearen berezko bigarren luzekoa, alegia.  Eskuinera zeharkaldi horizontala egin ondoren berezko bigarren bilgunera iritsi zen.

Bigarren bilgunean. "Le petir ramoneur" bidearen berezko bigarren luzearen nondik norakoak margotu ditut, baita parabolten kokalekuak ere.


Bigarren luzea ederra iruditu zitzaidan, bertikala izan arren gozatzen den horietakoa. Pena bertan pasatako beroa.

Bigarren luzea eskalatzen hasteko prest.


Metroak irabazten nituen heinean izerdi tantak buru eta bizkarretik behera erortzen zitzaizkidan. Blai eginda nengoen eta magnesiodun poltsan ez zegoen magnesio nahikoa eskuak lehorrak mantentzeko. Bilgunera iritsitakoan egin nuen lehen gauza ura edatea izan zen: "udik nahi?" eskeini nion Asierri. "Ez, lasai, egarrik eztauket". Bere erantzunak aho-zabalik utzi ninduen. Beroarekin izugarri sufritzen dudan bitartean, Asierrek beroa oso ondo jasaten du eta nik edaten dudanaren erdia nahikoa izaten du martxan jarraitzeko.

- Hirugarren luzea, 35 metro, 5b+. Bilgunea utzi eta honen gainean belarrek hartutako harkaitz-plaka inklinatua eskalatu zuen (II-III) tximinia/kanal batean sartuz.

Harkaitz-plaka eskalatu ondoren. Asier belarren artean dago. Goian luzearen amaierako leize-zuloa ikusi daiteke.


Pixkanaka tentetuz doan tximinia bere ezker hormatik eskalatzen jarraitu zuen (IV hasieran IV + ondoren) honen amaierako leize-zulora zuzenduz.

Tximiniaren erdian.


Tximinian belar asko egon arren, bertako harkaitza oso itsaskorra da eta heldulekuak ere oso onak dira. Asierrek tximinian gora jarraitzen zuen bitartean bilgunean batera eta bestera oinak mugituz nenbilen. Harkaitzaren berotasunagatik oinak egosita nituen katu-oinek orpoetan min eginez. Bidea amaitu eta "infernu" honetatik ateratzeko gogo biziz nengoen.

Leize-zulora iritsi zenean "pasoa hemen daula esango nuke" ohartu zidan. Leiz-zuloa estua, motxilarekin igoz gero, larri ibiliko garena. Oinak eta bizkarra kontrako hormetan jarri eta lehen metroak oposizioan eskalatzen dira. Leize-zuloaren pasabidea babesten duen azken paraboltaren "txapa" kenduta dago eta honen "txurroa" da agerian dagoen bakarra. Aukeran, pasabidea argi ikusiko ez balitz, bertatik artaka-trabagailuaren alanbrea pasatu daiteke.

Soka poliki mugitu zen minutu batzuen ondoren, "kedar-garbitzailea" tximiniatik atera (5b+) eta "Reuniónnnn!!!" bota zidan.

A zer nolako lasaitua hartu nuen eskalatzen hasi eta oinak mugimenduan jarri nituenean!!! Bigarren bilgunea atzean utzi eta zailtasunik gabe tximiniaren oinera iritsi nintzen.

Tximinia azpitik ikusita. Belarrek pixkanaka luze eder hau hartuz joan dira.


Tximinian metroak poliki baina segurtasun handiz irabazi nituen, noizik eta behin ura edanez. "Igual motxila kendu beharkozu" esan zidan Asierrek leize-zuloaren azpira iritsi nintzenean. "Txikie izanda ea kendu gabe pasatzeik deten" erantzun nion.

Leize-zuloaren sarreratik egindako argazkia.


Leize-zuloaren sarreran.


Leize-zuloan sartzearekin batera tenperaturak behera egin zuen: "ostia, hemen ze ondo eotean!!" bota nion Asierri. "Nik ere eskertuet" erantzun zidan. Eskalada osoan eguzkiaren beroaren indar kupidagabea sentitu ez nuen leku bakarrean nengoen. Bitan pentsatu gabe oinak ongi kokatu eta segundo batzuetako atsedena hartzea erabaki nuen: "ea gorputzeko tenperatura zertxobait jaisten zaiten".

Leize-zuloa eskalatzen hastearekin batera motxilarekin pasako ez nintzela baieztatu nuen. Lehen metroak oposizioan eskalatu eta oinak bertikalean kokatu nituenean motxilak enbarazu besterik ez zidan egiten: "kendu ta zinta bat pasakoizut" esan zidan Asierrek bilgunetik.

Motxila kendu aurretik.


Motxila hala nola kendu eta Asierrek pasatako zintari lotu ondoren goraka bultz eginez leize-zulotik atera genuen. Motxilarik gabe, bizkarrean sentitzen hasi nintzen freskotasunak bizia eman zidan. Oinak ongi kokatu eta, altua izateagatik, goian dauden helduleku paregabeetatik helduz leize-zuloa pixkanaka zeharkatuz hasi nintzen.

Bigarren "kedar-garbitzailea" leize-zulotik ateratzen.


Argi dago pasabide hau altua izanez gero errazago eskalatzen dela. Gorputza leize-zulotik erdi ateratzearekin batera errealitatera itzuli nintzen: "ostia, hau da beroa" bota nion Asierri berriro ere izerditzen hastearekin batera.

Errealitatera itzultzen, aurpegiak dena esaten du.


Asierren ondora iritsi eta katu-oinak berehala kendu nituen zuhaitz baten gerizpean eseriz: "aspaldi ez nuen hainbesteko bero pasatzen ta izerdik botatzen". "Bai, pena, bero gutxigokin gehio disfrutauko genun" erantzun zidan. Denbora asko galdu gabe traste guztiak jaso eta zapatilak janztearekin batera beherako bidea hartu genuen.

Hirugarren eta azken bilgunean jaisten hasi aurretik. Bertan jarritako katea, sekula bilgune batean ikusitako lodiena.


Xabier Larretxearen liburuari kasu eginez, basoan sartu eta erdi ezabatutako xenda bat eskuineko joerarekin maldan behera jarraitzen hasi ginen, sasi eta garoz estalitako zelai batera iritsiz. Orain arteko bidea nahiko argia ez bada ere, jarraitzeko arazo handirik ez genuen izan. Zelaian aldiz, batera eta bestera ibili ondoren, azkenean eskuinera 20-25 metro inguru ibili eta behean dagoen basoaren ertzeko bide nabari batera zuzendu ginen.

Basora iristen.


Basoan sartzearekin batera bidea arantzadun alanbreaz osatutako itxitura batek itxi zigun. Bitan pentsatu gabe itxitura zeharkatu eta hemendik aurrera doan bidea jarraitu genuen ahalik eta altuera gutxiena galduz.

Arantzadun alanbreaz osatutako itxituran.


Baso itxiak inguruko erreferentzirik hartzea uzten ez zigun arren, gutxienez noranzkoa zuzena zela jakiteak lasaitu gintuen. Gorputzaren leku guztietan itsasten zitzaizkigun armiarma sareekin borrokan metroak irabazten joan ginen gure ezkerrean horma bat  ikusi genuen arte. Bitan pentsatu gabe basoan gora hasi eta, 20 metro inguruko igoera deserosoaren ondoren, bion lasaitasunerako, “Grands Corbeaux” sektorera iritsi ginen. Sektore hau zeharkatuz di-da batean motxila utzitako lekura itzuli ginen.

Azkeneko ur tantak edan ondoren, aparkalekura izerditan urtuta eta egarri biziz itzuli ginen. Trasteak furgonetaren ondoan utzi eta, basamortuan galdutakoek oasi bat ikusten dutenean egiten duten moduan, iturrira zuzendu ginen bertako ur freskoa kupidarik gabe edanez. Hidratazioari amaiera eman ondoren, gorputza goitik behera nolabait garbitu, freskatu eta arropa osoa aldatzeko aprobetxatu genuen. A zer nolako sentsazio atsegina gorputza freskatu eta arropa lehorra jartzerakoan!!!

Hau guztia gertatzen zen bitartean zerua urdinetik grisera pasatuz joan zen. Lehenengo trumoiek dagoeneko ahaztuta genuen eguraldi aldaketaren berri eman ziguten: "joer juxtu iritsi gea". Ordurako Montorytik itzulitako laukote euskaldunekin solasalditxoa izan eta, dena prest genuenean, trumoien danborradaren artean, agurtu genituen. Milesker emandako informazio guztiarengatik!!!!!

Arguibelleko eskalada eskolari azken argazki batzuk egitearekin batera lehen euri tanta potoloak erori ziren, denbora gutxian ixiltasunak estaltzen zuen parajea zurrunbilo batean murgilduz.

Arguibelleri azken begirada.


Tximista eta trumoien artan, haizetako-garbigailuak ez zuen nahiko abiadura zerutik zetorren euri-jasa garbitzeko. Zorionez ekaitzak ez zuen denbora luzean iraun eta itzulera arazorik gabe egin genuen, udako oporrei amaiera emanez.

Bidean eskalatutako bide honen edertasunaz hitz egiten joan ginen, pena egun bero eta sargoritsua eta pena azken luzean belarrak hartutako zatiak: "notatzea han jendek deportiba gehio itteola" esan zidan Asierrek. Esan bezala, "Le petit ramoneur" bidea ederra iruditu zitzaigun, oso gomendagarria, pena metro gehiago ez izatea. Eta Arguibelle eskalada eskola zer esanik ez, eskola itzela iruditu zitzaigun. Itzuleran behin baino gehiagotan komentatu genuen bezala, "honea asteburun bat pasatzea etorri beharren gare".


2016/11/05

GRAND ASTAZOU (3.71 metro) ETA PETIT ASTAZOU (3.012 metro), PINETATIK (2016/10/29)

Gavarnie ezagutu nuenean maitemindu nintzen, frantziar Piriniotako txoko izkutu honetan distantzi motzak eginaz izugarrizko parajeak ezagutu daitezke eta: Col de Tentes, Troumouse eta Gavarnieko zirkoak, Ossue lakuaren inguruak... Herritik atera gabe, bertatik ikusten den ingurunea ikusgarria da benetan eta nolabaiteko leku basatiaren kutsua ematen dio. Gavarniera joan nintzen lehen egun honetan mendi goienetan elurra oraindik ikusten zen. Denei aho zabalik begira ari nintzela, Astazouak eta beraien arteko Swan korridorea ikusi eta "a ze nolako mendi puskak!!!!" Besterik ez zitzaidan burura etorri.

Astazouak Gavarnietik, a zer nolako mendi puskak!!!


Mendi hauek, Pirinioetako beste mendi batzuekin gertatzen zaidan bezala, lehen aldiz ez ohiko bide batetik igo nahi izan ditut beti: Grand Astazou Swan edo Oublié korridoretik eta Petit Astazou Swan korridore edo ipar-mendebaldeko ertzatik. Bi Astazouak egun berean igotzekotan Tucarroya aterpetik ipar-mendebaldera doan ertzetik igo nahi nuen, bidean Tucarroya tontorra ere igoz.

Anaiari Astazouak Pinetatik igotzeko aukeraz hitz egin nionean goian azaldutako azken aukera proposatu nion, hau da, Tucarroya aterpetik doan ipar mendebaldeko ertzatik igotzea. Baina Arkaitzekin kontsultatu eta gero, izan zitekeen elurra batetik, eta ibilbide hau egunean egiteko luzeegi izan zitekeela bestetik, baztertu egin genuen. Gainera, udazkena izan eta egunak motzak izateagatik, ibilbidea ilunpean hasi eta amaitzeko arrisku handia genuen.

MAT taldeari hainbat Whatsapp bidali ondoren Asier ere animatu zen, Leku aldiz, alaba gaixorik, etortzeko penarekin geldituko zen. Beste baten izan beharko da artistaaaa!!!!

Ibilbidea modu honetan antolatu genuen: ostiralean Pinetako aterpean lo egin eta larunbatean bi Astazouak Pinetatik doan ohiko bidetik igo.

SARRERA

Astazou mendiak Gavarnie zirkoaren lehen mendiak dira. Ipar edo hegoaldera duten kontrastea izugarria da: iparraldera izugarrizko horma bertikalak dauden bitartean, hegoaldetik aldiz malda "gozoak" dituzte.

Ez dago argi nor izan zen mendi hauetara igo zen lehen mendizalea, baina dokumentatua dauden lehen igoerak hauek dira: Petit Astazoura Russell eta Célestin Passet 1.879 urtean eta Grand Astazoura Brulle, Bazillac, De Monts eta Célestin Passet 1.888an, denak pirineista ezezagunak, jejeje.

Swan korridorea lehen aldiz Francis Swan eta Henri Passet-ek igo zuten 1.885 urtean gailurrik egin gabe.

Petit Astazoura doan ipar-mendebaldeko ertza ezagun eta errepikatua Célestin Passet, René D'Astorg, Hneri Brulle eta Hyppolite Coutardek eskalatu zuten lehen aldiz 1.892eko abuztuaren 2an.

Mendi hauetan pirineista handienek beraien bideak ireki dituzte: Cadier anaiak, Robert Ollivier (bai, Ollivier gida famatuko egilea) eta Jean Arlaud berak, besteak beste, beraz, historia handiko mendi batzuen aurrean gaude, igotzea merezi duen horietakoak.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Esan bezala, Astazouak Pinetatik doan ohiko bidetik igo genituen. Honetarako, Pinetatik Pinetako balkoira igo, eta hemendik, mendebalde ipar-mendebalde norabidea jarraitu genuen Marbore lakua atzean utziz. Grand Astazoura, Swan lepora zuzen doan kanal bat igo eta hemendik ertza jarraituz igo ginen. Petit Astazoura igotzeko aldiz, bi Astazouak lotzen dituen ertza jarraitu genuen.

Amaitzeko, Petit Astazoutik Astazou lepora jaitsi eta hemendik berriro ere igoerako bidearekin bat egin genuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 22 kilometro.
- Punturik baxuena: Pineta, 1.285 metro.
- Punturik altuena: Grand Astazou, 3.071 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.875 metro.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Ibilbidean bi iturri topatu genituen, lehena Pinetatik gora doan pista itsurako bidean eta bigarrena aska batean. Dena den, bidean topatuko ditugun errekatxoetan ura hartzeko aukera izango dugu.
- Zailtasuna: Gailurren arteko ertzak kontuz ibiltzea eskatzen du, batez ere elurrarekin badago. Ez da ertza zail bat eta IIko pausu isolatuak ditu, batez ere Grand Astazoura doan ertzan, baina Gavarnie aldera dagoen erorketa bertikala da. Guk ertza osoa mistoan topatu genuen eta Petit Astazoura doan ertza Grand Astazoura doana baino errazagoa iruditu zitzaigun. Elurrik gabe ez dakit zein zailtasun izango duten.
- Eramandako material teknikoa: Kranpoiak eta pioleta. Ibilbidea udan elurrik gabe egin daiteke baina guk egin genuenean ez dut uste kranpoi eta pioletik gabe igotzerik izango zenik.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu eta berrogeita bost minutu, atsedenaldi eta "galduta ibilitako denbora" kontutan izanda, jejeje.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue. Ibilbidetik "galduta" ibili ginen zatia ezabatu eta bide zuzena jarri dugu.


Powered by Wikiloc


KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Esan bezala, gu ostiralean Pinetako Aterpean lo egin eta irteera larunbatean egin genuen.

Aterpera nola iritsi. Goierritarron kasuan aterpera iristeko bi aukera ditugu: Frantziatik Bielsako tunela zeharkatuz edo Espainiatik. Bata nahiz bestetik joanda ere lau ordu inguruko ibilbidea izango dugu. Guk bigarren aukera hartu genuen. Honetarako, A-1 errepidea hartu beharko dugu, Altsasu parean utzi eta Iruñara doan A-10 autobia hartzeko. Irurtzun parean AP-15a lehenik eta A-15a ondoren Iruñaraino jarraituko ditugu (Irurtzunen Andoainen AP-15 autobidea hartu duten mendizaleekin bat egingo dugu). Noain parean gaudenean A-15 autopista utzi eta 82garren irteera hartuko dugu, "Zangotza/Huesca"-ra doana, eta errepide hau jarraituz Jacara iritsiko gara. Zati honetan A-21 eta N-240 errepideak tartekatuko ditugu, oraindik A-21 errepidea ez baita Jacaraino iristen.

Jacan Sabiñanigora doan N-330a, N-330 eta E-7 errepideak jarraituko ditugu. Sabiñanigo parean N-330 irteera (Sabiñanigo/Yebra de Basa/E-7/Sardas/Larrede/Las Margas) hartuko dugu eta honen ondoren datorren biribilgune handian Fiscal herrira doan N-260 errepidea. Fiscal herria atzean utzi ondoren Ainsara iritsiko gara. Ainsan, Bielsa eta Frantziara doan A-138 errepidea hartu eta Bielsa herria pasatu eta berehala ezkerrera doan bidegurutzea hartuko dugu HU-V-6402 errepidea hartu eta Pinetara iristeko. Errepideak Bielsan sartu eta berehala eskuinera 180 graduetako bihurgunea egiten du (gu hemen ia nahastu egin ginen) eta bihurgune honetatik 12 kilometro ingurura Aterpera joateko bidegurutzea gure ezkerrean ikusiko dugu.

Lehen aldia zen aterpe honetan izaten ginela eta asko gustatu zitzaigun: 71 mendizaleentzako lekua, urte osoan gordeta, dutxak ur beroarekin eta sukalde bat norberak bere afaria egin nahi badu erabili ahal izateko. Literak launaka daude, argi propioa duten gela txiki antzeko batzuetan, nolabaiteko intimitatea gordez. Erreserbak telefonoz (974 50 12 03) edo web orri honetan egin daitezke. Afaldu, gosaldu eta lo egiteagatik 25 euro inguru ordaindu genuen.

Kotxea utziko dugun Pinetako aparkalekura iristeko. Aterpetik atera eta HU-V-6402 errepidea 2 kilometro inguruan jarraituko dugu, Cinca erreka gurutzatu eta bertako aparkaleku handira iristeko.

DESKRIBAPENA

Ordiziatik arratsaldeko lauak aldera atera eta Arkaitz Iruñako Zuhasti Zerbitzu gunean jaso ondoren, Pinetako aterpera gaueko zortzirak pasatxoan iritsi ginen, ilunpean, afariak eman baino ordu erdi lehenago. Itziri aterpera iritsi berriak ginela abisatzeko deitu eta logelara lo egiteko trasteak eraman ondoren afaltzera joan ginen. Salda beroa, bainak lukainkakin, saltxitxak patata frijitu eta piperbeltz saltsakin eta yogurt-az osatutako afari goxoaren ondoren, izarrak begiratzea kalera atera eta, hotzak jotzen hasi zuenean, lotara joan ginen. Hasiera batean gure asmoa goizeko zazpiretako martxan egotea zen, baina, aterpean goizeko zazpirak baino lehen gosaririk ematen ez zutela esan zigutenean, irteera atzeratzea erabaki genuen.

Gaua aterpeetako gau tipikoa izan zen: batzuen zurrungak, besteen mugimendu eta hotsak eta goizeko bostetan esnatu eta, zarata egin ondoren, alde batera eta bestera trasteekin hasi eta goizeko seiak arte joaten ez direnak, jejejeje.

Gu goizeko seiak eta erdietan esnatu, traste guztiak kotxera eraman, gosariari errepaso majoa eman, aterpeko zaintzailearekin kontuak egin eta, kotxeko kristalari izotza kendu ondoren, zazpiak eta erdi baino lehen Pinetako aparkalekura iritsi ginen, tartean erbi bati hiltzeko moduko sustoa emanez, jejeje.

07:45, Pinetako aparkalekua, 1.285 metro. "Gradu bat zero azpitik" esan zuen Arkaitzek kotxeak adierazten zuen tenperatura begiratu ondoren. "Oain izatea momentu hoi kotxen kanpon baño hobe izateena" erantzun nion. Kotxetik traste guztiak hartu, bota berriak jantzi eta ilunpean martxan jarri ginen: "gaur botak estrenatzeittut" esan zigun Asierrek. "Baita guk ere, jejeje" erantzun genion Iker eta biok batera. Ibilbide luze batean bota berriak estreinatzea ez da komenigarria izaten, baina ez zen lehen aldia bota hauek genituenak eta arazorik izango ez genuela ziur geunden.

Ibilbidea hastear...


Bederatzi urte ziren Pinetako aparkalekuan izaten ez nintzela. Orduan Josu, Asier eta hiruok Monte Perdidoren iparra eskalatu genuen igoera eta jaitsiera egunez eginez, Pinetako Balkoian bibak egin genuen eta. Oraingo egoera ezberdina zen, dena ilunpean, gure buruko linternek argitzen zuten tarte txikia ezik.

"Llanos de La Larri"-ra joateko pista itsurako bide zabala utzi eta "Camino Marbore" adierazten duen bidea jarraitzen hasi ginen. Gogoan nuen Pinetatik gora zihoan bidea zabala zela, honegatik hartu genuen bidea estua zela ikusteak harritu ninduen: "ondo goaz?" Galdetu nion anaiari. Ikerrek GPS-a atera eta: "erabat desbiau gea, ezkerreago jun beharren gare" esan zigun. Errekatxo lehor bat eta basoaren erdian hitoaz adierazitako bidexkak jarraituz, ez dakit zenbateko itzulia egin ondoren bide zuzenera iritsi ginen. Jaitsieran ikusiko genuen hartu beharreko bidea La Larrira doana zela. Hala ere "Camino Marbore" Pinetako Balkoira doan bidearekin bat egiten duela ere uste dugu.

Pista itsurako bidean gora eguna argitzen hasi eta buruko linternak itzaldu genituen. Linternak motxilan gordetzeko momentua arropa eranzteko aprobetsatu genuen, beroa sentitzen hasiak geunden eta. Argitasunak lehen aldiz inguratzen gintuen edertasunaz gozatzeko aukera eman zigun: pago, gorosti, urki, hagin eta izeiaz nahastutako mila koloreetako basoa eta Cinca ibaiaren saltoen burrunba.

Gehiegizko arropa kentzeagatik genuen freskuran martxan berriro jarri, Cinca errekaren gaineko zubi sendoa zeharkatu eta 50 metro beranduago ezkerrera doan bidexka hartu genuen. Oraindik ez genekien baina bide hau hartzea baino hobea da beste 200-250 metroetan pista jarraitu eta ezkerrera doan beste bidexka bat (indikazio postea dauka), igoera zuzenagoa eta galtzeko arrisku gutxiago dauka eta. Bigarren bide hau izan zen jaitsieran jarraituko genuena.

Pista itsurako bidea utzi genuen lekua, Cinca errekaren gaineko zubia ikusi daiteke.


Guk jarraitutako bidexka nahiko nabaria da eta jarraitzeko arazorik ez dauka. Basoan metroak erraz irabazten joan ginen eta tartean gurekin batera aterpean lo egin zuten Amurrioko bikote bat aurreratu genuen.

Bidearen lehen metroetan oso nabaria da.


Cinca erreka eta izen bereko ur-jauzia. Paraje hauek ikusgarriak dira benetan.


Baina metroak gora egin ahala, ez dakigu lur jausien eraginez edo, bidearen nabaritasuna galduz joan zen bidearen arrastoa galdu zen arte.

Atzera begirada, udazkena pil-pilean.


Hau gutxi ez bada, tarte honetan Iker bistatik galdu genuen: "joer, manda huevos, GPSa duna aurretio ta gu atzen galduta" esan nion Arkaitzi. Telefonoa hartu eta Ikerri deitu nion: "nun zare?" Baina ezin izan nion entzun deia moztu egiten baitzen. Nola hala bide arrasto batzuk jarraitu eta 5-10 minutuetako "noraezearen" ondoren Pinetako balkoira doan bidera iritsi ginen, jaitsieran jarraituko genuen bide berberara.

Bidean geundela Iker nire atzetik agertu zen: "nun kristo sartu zea?" Galdetu nion. "Ba biden gelditu naiz erropa kentzea ta nere aurretio pasa zeate. Ikusiazuela pentsauet" erantzun zidan "ta oain zuen atzetio korrikan igo naiz". "Esaten non ba, GPSa daukenak ihes in ta aurretio junda zeola" erantzun nion.

Denak berriro elkartuta hemendik gora jarraitu beharreko bidetik galdu gabe joan ginen, jejeje.

Eguzkiaren lehen izpiak mendi goienetan.


Cincaren ur-jauzia urre eta ezti koloreetan.


Oharra: Hasieran galduta ibili ginen tartea eta bidean egindako ibilbide "okerra" deskargatzeko jarritako ibilbidetik kendu ditugu ibilbidea "garbiagoa" izateko.

Basoa atzean gelditzen hasi zen lekuan aska batera iritsi eta hidratatu eta atsedentxo bat hartzeko aprobetsatu genuen: "Bazpare badeu hemendio gora poliki jutea kriston malda dauta" esan nion anaiari "hemendio igo nintzenen kristona sufritu nun". Arkaitz eta Asier aurretik, gu abiadura lasaiago bat hartu genuen hemendik gora tentetzen joaten den bidean.

Askan atseden hartzen.


Askatik Pinetaren edertasunaz gozatzeko aukera izan genuen eguzkiaren izpiak oraindik izkutuan izan arren.

Askatik gora gutxi gora behera jarraitzen den bidea.


Martxan jarri eta denbora gutxian Cincaren ur-jauzira doan bidegurutzera iritsi ginen: "gu goraka goaz, jejeje" esan nion anaiari.

Cincaren ur-jauzira doan bidegurutzea.


Malda handiak igotzen direnean lurrera begiratzeko ohitura izaten dugu, aurretik duguna ikusi nahiko ez bagenu bezala. Udazkeneko egun batean Pinetako balkoira egunsentiarekin batera igotzeko aukera eta zortea baduzue, lurrera begiratu baino noizik eta behin atzera begiratzea gomendatzen dizuet, atzean irekitzen den parajea benetan ikusgarria da eta.

Eguzkia badatorrelaaaaa!!!!.


Lehen eguzki izpiak ateratzen hasi zirenean Pinetaren edertasuna pil-pilean jarri zen. Eguzki izpien zeharkako argitasunak basoei urre eta ezti kolorea eman eta mendiaren handitasun eta pakeaz disfrutatzeko une motz baino sakona bizitzeko aukera izan genuen. Bitan pentsatu gabe mugikorra poltsikotik atera, momentua argazki batekin harrapatu eta Itziri bidali nion, argazkiarekin batera sentimentua ere bidaliko banu bezala.

Itziri bidali nion argazkia.


Momentu eder honek indarberritu eta tenperatura pixkanaka igotzen hasi zen.


Poliki-poliki, konturatzerako Lera mendatera doan bidegurutzera iritsi ginen: "Zemuz?" Galdetu nion anaiari. "Oaingoz ondo baña eguzkie earki jotzen hasi da" erantzun zidan.

Lera mendatera doan bidegurutzean.


2.007an sufritu nuena gogoan, oraingoan ez zitzaidan malda hain gogorra egiten ari eta, nahiz eta hauspoa lasai-lasai eraman, aurretik genituen mendizaleak geroz eta gertuago genituela ikusten nuen. Egia da baita ere oraingoan orduan baino arinago nindoala, soka, eskalatzeko trasteak eta bibak egiteko materialik gabe.

Oraingoan igoeraz ederki gozatu genuela esan beharra daukat.


Une batez malda zertxobait baretu eta Pinetako balkoitik jaisten den errekatxoan aurpegia freskatzeko aprobetsatu genuen. Hala ere, lasaitasun honek ez zuen asko iraun, errekatxoa zeharkatu ondoren malda berriro ere tentetzen da eta.

Asier eta Iker errekatxora iristen, Arkaitz dagoeneko han dugu zain. Argazkian jarraitu beharreko bidea margotu dut.


Errekatxoaren ondoan dagoen mugarritik behera egindako argazkia.


"Bufff, galtzak moztu in behar dittut" esan zidan Ikerrek kremaiera bidez mozten diren galtzak askatzen hasita. "Bai, bero dau, joe abuztue emateo" erantzun nion. Ikerrek kremailerak askatu eta galtza motzetan gelditu zen: "oain bai, a ze freskura goxoa".

Iker galtzak moztuta igoeraz gozatuz.


Pinetako balkoira iritsi aurreko malda mila zetaz zeharkatua dago, Frantziako Tour-eko Alpeetako mendateen modura.

Zetak dauden zatian.


Tour-eko txirridulariak bezala hanketan plater txikia eta piñoi handia jarri eta ttirri-ttarra Pinetako balkoira iritsi ginen.

Balkoira iristen.


Azken metroak.


10:25, Pinetako balkoia, 2.520 metro. Monte Perdidoren iparra ikusi nuenean atzera begiratu eta "honea iristen zeanen flipau inbehazu" oihukatu nion anaiari. Balkoian denbora osoan aurretik izan genuen mendizale bikotea harrapatu eta Ikerren zain nengoen bitartean argazki batzuk egin genizkien.

Iker balkoira iristen, ezkerrean Marbore Zilindroaren ipar aurpegia.


"Ostia, a ze pasadaaaa!!!" Esan zidan anaiak balkoira iritsi zenean. "Ya te digo" erantzun nion. Perdido eta Zilindroren ipar aurpegiak atze-oihal inprobisatu eta pribilegiatu moduan, argazki batzuk egin eta, zertxobait jan eta hidratatu ondoren, aurrera jarraitu genuen.

Iker Pinetako balkoian, atzean Monte Perdidoren iparra.


Pinetako balkoitik gora bidea gozoa da nahiz eta, konturatu gabe, metroak irabazten joan. 2.007an dena elurrez estalia zegoen, oraingoan aldiz harkaitz bloke handiak elurrez biluzik topatu genituen.

Pinetako balkoitik gora.


Bideak galtzeko arriskurik ez dauka eta, mendebaldeko norabidearekin, mugarrien atzetik erraz jarraitu genuen, harkaitz bloke handiak alde batetik eta bestetik inguratuz.

Monte Perdidoren iparra, ikusgarria benetan.


Balkoitik 15-20 minutuetara Marbore lakuaren euste-hormarekin topo egin genuen: "Beida, han atzen Tucarroyako aterpea ikustea" esan nion anaiari parean genuen harkaitz hormaren erdiko pitzadura nabaria seinalatuz.

Marbore lakua eta honen atzean (itzalpean dagoen pitzadura nabarian) Tucarroya aterpea.


Argazki pare bat egin eta lakuaren euste-hormaren gainetik jarraitu genuen: "fijau altzeate putzuk izoztuta zerekela?" Esan zigun Arkaitzek. Nahiz eta eguzkiagatik gorputzean beroa sentitu, Arkaitzek esan bezala putzuak milimetro pare bateko izotzak estaltzen zituen: "ba hau hola badau ea nola daun goiko elurrek" pentsatu nuen.

Tucarroya aterpetik Grand Astazoura doan ertza. Hurrengo batean izan beharko du, jejeje.


Metroak irabazten, dagoeneko bi Astazouak eta Astazou lepoa bistan ditugu.


Hemen nator ni, jejeje.


Euste-horma atzean utzi eta, ehun bat metroetara, bihurgunetxo baten ondoren laupabost hegazti zuri lurretik altsatu ziren: "ostia, eper elurtarrak!!!" Oihukatu nien. Orain arte Frondiellatan ikusita nituen, baina oso urruti, eta lehen aldia zen hain gertu ikusten nituela. Eperretako batek, honetaz konturatu izan balitz bezala, oinez jarraitu eta gu geunden lekutik 15 metro ingurura gelditu zen argazki-kamera atera eta argazkia egiteko aukera emanez.

Eper lurtarra.


Eperrak ikusitako lekutik aurrera elurrak harkaitzari pixkanaka-pixkanaka tartea irabazten joan zen. Hasieran, elur gogorra ez zapaltzeko, harkaitzetik harkaitzera mugitu eta salto eginez joan ginen, baina azkenean elurretan sartzea besterik ez zitzaigun gelditu. Hala ere, malda gutxiko lekuan geundenez, kranpoirik ez jartzea erabaki genuen. Bidexka eta mugarrien erreferentziarik gabe, parean genuen Astazouen lepoa hartu genuen erreferentzi bezala. Bueno, Astazouen lepoa eta aurretik zihoan mendizale taldetxoa ere, jejejeje.

Elurrak pixkanaka harkaitzari tartea irabazi zion.


"Eguzkitako krema eman beharren gare bestela komerik izango ditteu" esan nion anaiari. Elurra zeharkatzen zuen errekatxo batera iritsi ginenean, motxilak kendu, hidratatu, zerbait jan, eguzkitarako krema gorputzaren txoko guztietan eman (eguzkia eta elurra konbinatzen direnean erredurentzat ez baita gupidarik izaten, jejeje) eta argazki batzuk egiteko aprobetsatu genuen: "Joer, a ze hotza menditio datorren ude", esan zuen Asierrek, "ta ze ondo sartzean" erantzun nion. Aurpegi eta besoak kremaz zuritu ondoren martxan jarri ginen.

Atseden hartutako errekatxoan.


Astazouetara hurbiltzen ginen heinean bien arteko distantzia zein luzea den harritu ninduen. Gavarnietik ikusita bata bestearengatik gertuago daudela dirudite eta bien arteko tartea ibilaldi motz bat zela uste nuen: "Oain entenditzet jendeak Swana igotzen dunen zeatio punta bakarra igotzen duen" pentsatu nuen.

Grand Astazou-a gure eskuinean gelditzen hasi zenean, Arkaitz harkaitz batean eserita gure zain zegoela ikusi genuen: "Swan-a indiagunetan korredore hortio jatsi izan gaituk" esan zigun diagonalean zuzen zihoan kanal bat seinalatuz, "zuzenen Swanen irteraño jutek".

Arkaitz eserita gure zain.


Hasieran zalantzan izan ginen zein bide jarraitu baina bi aukera genituen: Aukera bat Astazouen lepotik Petit Astazou igo, berriro ere jaitsi eta orain geunden lekutik Grand Astazoura igo eta jaistea zen, bien arteko ertza ekidinez: "Hemendio hastea deu ta bien arteko ertza kabroia badau jaitsi ta Astazou lepora igoko gea" proposatu nien bigarren aukera moduan. "Negatio nahi dezuena" esan zigun Arkaitzek. Hau entzunda motxila lurrera bota eta pioleta eta kranpoiak ateratzen hasi nintzen: "Ordun kranpoiak jarrikoitteu?" Galdetu zuen Asierrek. "Kanal hau igotzeko hobe izangoiau" erantzun zion Arkaitzek.

Swan leporaino igo genuen kanala.


"A ze kalamidadea!!!!!!" Oihukatu zuen anaiak kranpoiak motxilatik atera zituenean, "kranpoi automatikok ekarrittut semiak ekarri beharren" marmarreatu zuen. Kranpoiak jarri eta aurreko burniak boteetan nolabait eusten zirela ikusi zuen, baina pausu bat eman eta askatu egin zitzaizkion: "A ze putadea" esan zion Arkaitzek "kranpoirik gabe ezin izango haiz goraño igo". Anaiaren aurpegia iluntzen hasi zenean ideia bat bururatu zitzaidan: "eta Tensoplast-ekin aurretio lotzen baditteu? Igual buelta batzuk emanda aguantauko due". Motxilatik benda itsasgarria eta goraizeak atera eta Arkaitzek benda erditik ebaki zuen bi tira estu ateraz. Kontu handiz baino sendo kranpoien aurrekaldetik benda pasatzen joan eta hainbat buelten ondoren kranpoiak boteetara eutsi zituen. Kranpoien konponketan ari ginela Balkoian topatu genituen bi mendizaleak iritsi eta nondik igo behar ginen ikusita beraiek ere materiala prestatzen hasi ziren.

Konponketaren ondoren Iker metro batzuetan ibili eta kranpoiak ongi eusten zirela ikusita, soberan gelditu zen benda badaezpada gorde eta kontu handiz goraka hasi ginen.

Konponketaren emaitza.


Kanala ez da kanal maldatsua (30-35 gradu artean ibiliko da), baina hala ere poliki hartu genuen, batez ere Ikerrek, gora begiratu baino, begirada kranpoietan zuela: "zemuz dijo?" Galdetu nion kanalaren erdian, "oaingoz de puta madre" erantzun zidan. "Oain ere Osakidetzari eskerrak eman beharkoiozu, jejejeje" esan nion irrifartsu.

Kanalaren lehen metroetan.


Poliki baino tinko, konturatzerako Swan lepora iritsi ginen.

12:15, Swan lepoa, 2.964 metro. Atzera begiratu eta Monte Perdido, Zilindroa eta Marbore mendien ipar aurpegiak parez pare genituen: "leku hau espektakularra da" esan zidan Ikerrek.

Swan lepotik hegoaldera dagoen ikusmira.


Metro batzuk aurrera egin eta Arkaitzek Swan korridorearen irteera erakutsi zigun, eta honen azpi-azpian Gavarnie herria ere ikusteko aukera izan genuen.

Swan korridorearen irteera eta azpian Gavarnie.


Gavarnie gertuago.


Petit Astazou eta Vignemale Swan lepotik. Gailurrean mendizale batzuk daude.


Igotako kanala, bertan atzetik zetozen bi mendizaleak ikusi daitezke eta hauen atzean Marbore mendia.


Tragoxka bat ur hartu, inguruan nuen guztiari argazkiak egin eta bost minutuetako atsedentxoaren ondoren Grand Astazoura doan ertza igotzen hasi ginen.

Lepotik gora igotzen hasteko prest.


Ia hamar hilabeteetan jarraian oinak mendiko zapatiletara ohituak, bota erdi zurrunak eta kranpoiak jarrita eramateagatik lehen metroak baldar xamar egin nituen: "arraroa itteala kranpoiekin kresteatzen ibiltzea" esan nion anaiari, "ya te digo" erantzun zidan.

Arkaitz ertzaz gozatuz.


Pixkanaka konfidantza irabazten joan eta lehen 50 metroak beteak genituenerako konfidantza osoz gindoan. Ertza mistoan topatu genuen, tarteka harkaitza, tarteka elur gogorra (batez ere ipar aurpegian). Igoera pazientziaz hartu genuen, ahal izan genuen guztia harkaitzetik baino elurretik joanez.

Gailurrera iritsi aurretik egin behar diren trepadatxoetan.


Zailtasunaren aldetik ertza ez zitzaidan zaila iruditu, nahiz eta leku pare batean igotzeko eskuak erabili (II graduko zailtasuna edo), baina bai uste baino luzeagoa.

Ertzaren azken zatian.


20 minutuetako igoeraren ondoren, Grand Astazouren gailurrera iritsi ginen.

Iker gailurrera iristen.


Arkaitzek grabatutako bideo honetan bi anaiok gailurrera nola iristen garen ikusi daiteke.




12:35, Grand Astazou, 3.071 metro. "A ze parajek!!!" Esan zuen anaiak gailurrera iritsi zenean. Argazki kamera atera eta, Lekuk agindu zigun bezala, inguruak "metrailatzen" hasi nintzen. Pena izan zen Leku gurekin gailurrean ez egoteak eta, egia esan, faltan sentitu genuen: "Leku eongo balitz oain txapa montañerakin hasiko huan" esan zion Ikerrek Arkaitzi, "txapa montañera" bezala inguruko mendi guztiak identifikatzen ditueneko momentua dela argituz.

Hurrengo bost argazkietan gailurretik dagoen ikusmiraz gozatzeko aukera izango duzue:

Mendebaldera Gavarnie zirkoaren gaineko gailurrak eta Vignemale.


Hegoaldera Monte Perdido, Marbore Zilindroa eta Marbore.


Troumouse zirkoaren gaineko hirumilakoak eta Robiñera.


Urrutiago Posets inguruko hirumilako batzuk. Duela bost urte egun batzuetan denak igo genituen. Honen inguruko abenturak irakurtzeko hemen klik egin dezakezue.


Eta nola ez, gure Vignemale kuttuneko hirumilakoak. Hirumilako hauen guztien igoera ere blogean irakurgai duzue.


Amaitzeko, gailurretik 360 gradu eginez grabatutako bideoa.




Gailurrean hamabost minutu inguru inguruneaz gozatuz egon ondoren beherako bidea hartu genuen.

Gailurreko argazkia, Grand Astazou, 3.071 metro, eskuinean Vignemale.


Jaitsieran gure atzetik zetozen mendizaleetako batekin gurutzatu ginen, bere laguna beherago zegoen harkaitz batean eserita: "No lo ha visto claro y ha preferido quedarse allí" esan zigun. Bere lagunarengana iritsi ginenean "para ser mi primer tresmil con llegar hasta aquí ya tengo suficiente" esan zigun. "Joer ba zallena inda zeuken" esan zuen Asierrek atzean gelditu zenean, "ta igotzen hola ibili bada jaisten komerik izangoittu".

Jaitsieran eta Petit Astazoura igotzeko jarraituko genuen bidea.


Igoeran bezala kontu handiz jaitsi eta estuasunik pasa gabe Swan lepora itzuli ginen.

Petit Astazouren ipar-mendebaldeko ertza. A zer nolako meritua Passet eta konpainiarena 1.892 urtean igo izana.


13:10, Swan lepoa, 2.964 metro. "Ni igo gean lekutio nijek" esan zigun Arkaitzek "ez nijek ondo, konfiantza gutxi, katarrokin, etzekiat ba, baña batzutan burue etzijok ondo". Hau entzunda zalantzan izan ginen Petit Astazoura nondik igo, baina azkenean, ertzaren ondotik ia denbora osoan elurra zegoela ikusita, Asier, Iker eta hiruok ertzetik jarraitzea erabaki genuen: "Ikusten badeu aurrea ezin deula jarraitu buelta hartu eta beste aldetio igoko gea" esan zion Asierrek.

Grand Astazoura doan ertza Swan lepotik. Bi mendizaleak oso goian ikusi daitezke.


Arkaitz ziztu bizian kanala jaisten ari zen bitartean gu Petit Astazoura doan ertza igotzen hasi ginen. Grand Astazouan egin genuen bezala, ia denbora osoan elurretik igoz lehen metroak erraz bete genituen.

Ertzaren lehen metroetan.


Lehen metro hauen ondoren, gailurrera iritsi aurretik lepo txiki batera jaisten da gailurraren azpiko kontrahormaren oinean geldituz. Kontrahorma hau elurrik ez dagoenean ipar aurpegitik inguratzen zela bagenekien baina ipar aurpegiko zeharkaldi hau elur gogorraz estalita zegoela ikusteak ez zigun konfidantza handirik eman. Hau ikusita, hego hormatik metro batzuk destrepatu eta, elur pala bat aprobetsatuz, kontrahorma hegoaldetik (ezkerretik) inguratu genuen gailurrera arazo handirik gabe iritsiz.

Kontrahorma saiheztuz gailurrera iristeko jarraitu genuen bidea.


13:25, Petit Astazou, 3.012 metro. Gailurrean Arkaitzekin topo egin genuen: "zemuzkoa zeok?" Galdetu zigun, "ba egie esan beste arista baño errazago iruittu zaiak" erantzun zion Ikerrek, Asier eta biok buruarekin baiezko keinua egiten genuela. "Ba hoi entzunda pena ematen ziak saiatu ez izana" erantzun zigun Arkaitzek. Grand Astazoura begiratu eta bertan topatu genituen mendizaleak oraindik ertzetik jaisten ari zela ikusi genuen: "ze poliki dijoz, ez?" Galdetu nien, "kontutan izanda goraka nola zeren jaistea kostauko zaie, bai" erantzun zuen Asierrek.

Petit Astazou, 3.012 metro.


MAT taldekideak Petit Astazouan.


Gailurrean taldeko argazkia egin eta, Grand Astazouan egin nuen bezala, hemen ere inguruak "metrailatzen" hasi nintzen, jejeje.

Petit Astazouan grabatutako 360 graduetako bideoa.




Arkaitz eta Iker gailurretik jaistear.


Bost minutu pasatxoko atsendentxoaren ondoren beherako bidea hartu genuen.

Monte Perdidotik Taillonera egindako argazki panoramikoa.


Ertza tentetzen hasten den lekuan.


Leku berean, atzean Vignemale.


Elurrik ez dagoenean Astazou lepora jaisteko bidea ertzatik gertu doala irakurrita nuen, baina gure kasuan, ertza gure eskuinean utzi eta ahal izan genuen guztia elurraren gainetik jaitsi ginen, jaitsiera erosoagoa eginez.

Marbore Kaskoa, Taillon eta Gabietoak, Roland pitzadura eta Sarradets aterpea, a zer nolako leku majikoak.


13:40, Astazou lepoa, 3.004 metro. Argazki pare bat egiteko juxtu-juxtu geldituz aurrera jarraitu genuen.

Marbore mendiaren ipar aurpegia eta Ur-jauziaren tontorrak.


Astazou lepotik ekialdera egindako argazkia.


Petit Astazoura doan ertza, bertan bi mendizale ikusi daitezke.


Igoeran eguzkitarako krema emateko aprobetsatutako errekatxora arte kranpoiak jarrita eraman genituen. Errekatxora iritsi eta atseden lasai bat hartu genuen, krema berriro eman, eta jan eta hidratatzeko aprobetsatuz. Era berean kranpoiak kendu genituen hemendik beherako bidea malda gutxikoa zela bagenekien eta: "a ze suertea izan deten bendakin" esan zidan Ikerrek, "bueno, gutxiñez soluzioa aurkitu deu" erantzun nion.

Atseden egiten ari ginela Grand Astazoutik zetozen mendizaleak azaldu zen: "¡¡Por fin!!" Esan zuen bietatik gailurra zapaldu ez zuenak. Beraiekin hizketan hasi eta Alacant eta Murtziakoak zirela esan ziguten: "Joer ba handio etorri lehen hirumilakok hauek itteko eztakit ba" esan zidan Ikerrek arrazoi handiz. "Bai, aukeran hok baño errazagok badare" erantzun zion Asierrek.

Ordu eta laurdeneko atsedenaren ondoren berriro ere martxan jarri ginen igoeran jarraitutako ibilbide bera jarraituz.

Berriro ere martxan.


Marbore lakura iristen, parean Pineta tontorra dugula.


Tucarroya aterpea Marbore lakuan isladatuta.


Aterpea gertuago...


Hasiera batean tentatuta izan ginen Tucarroyako aterpeari bisita egiteko baina azkenean bisita egiteak eramango zuen denbora ikusita jaitsierarekin jarraitzea erabaki genuen: "Swana itten deuneako, jejeje".

Marbore lakutik behera.


Igoeran mendizale bakar batzuk ikusi bagenitu ere, jaitsieran mendizale kopurua handituz joan zen, eta bata eta bestea aurreratuz Pinetako Balkoira itzuli ginen.

Bidean dauden mila mugarrietako bat.


14:50, Pinetako balkoia, 2.520 metro. "Talde" argazkia egin eta beherako bidea hartu genuen: "Interneten jatxiera hau gogorra itteala irakurritauket" esan nien bideak egiten dituen "zetak" adieraziz, "ta neire duela beatzi urte oso luzea inzitzaiten".

Pinetako balkoian egindako talde argazkia.


Aurretik ditugun zetak.


Pinetako bailara balkoitik, benetan ikusgarria.


Jaitsiera bizi egin genuen (indartsu sentitzen ginenaren seinale), Balkoira igotako mendizale ezberdinak aurreratuz. Tartean kalerako zapatilak jantzita zeramatzaten batzuk ere aurreratu genituen: "sikiera mendiko zapatilak jarriko balittue" pentsatu nuen.

Igoerako askara arte ez ginen gelditu. Bertan, zintzurra fresktatu, zerbait azkar-azkar jan eta aurrera jarraitu genuen, oraingoan bide zuzenetik txintxo-txintxo galdu gabe, jejeje, eta Balkoitik ordu eta berrogei minutuen ondoren aparkalekura iritsiz.

Berriro pista itsurako bidean, Cinca erreka zeharkatzen duen zubira iristen.


Udazkena zein polita den!!!!


Aparkalekura iristen.


16:30, Pinetako aparkalekua, 1.285 metro. "Zemuz jun da?" Galdetu nion anaiari, "de puta madre, fisikoki kriston sentsaziokin nau" erantzun zidan. "Ni ere indartsu sentitzen naiz, oain korrika ittea ta dena jungo nintzen, jejejeje" erantzun nion txantxetan. Perdidoko iparra egin genueneko neke sentsazio hura ez nuen izan ez igoeran ezta jaitsieran ere eta oraingoan Pinetako Balkoiaren igoera eta jaitsierak izugarrizko gustu ona utzi zidaten. Bota berriei dagokionez, estrenaldia izateko ibilbide osoan ez genuen inongo arazorik izan eta oinak atera bezala iritsi ziren, inongo babik eta arazorik gabe: "gauza haundie da bota batzukin ondo ibiltzea, eh?" Galdetu nion Ikerri, "ya te digo" erantzun zidan.

Arropaz aldatu, traste guztiak jaso eta, Itziri dagoeneko kotxean geundela abisatu ondoren, Jacako bidea hartu genuen, Arkaitz igandean mendi irteera berri bat egiteko Ibonekin geldituta zegoen eta. Jacan bi Astazouen igoera garagardo batzuen artean (nireak alkolik gabekoak noski, kotxe-gidaria izatearen "penitentzia", jejeje) ospatu ondoren Ibon eta Arkaitz agurtu eta etxerako bidea hartu genuen, mendi ibilaldi borobil bat egindako sentsazioarekin. Duela bederatzi urte Pinetara itzuliko nintzenaren zalantzak banituen ere, oraingoan etxera berriro ere itzuliko naizenaren sentsazioarekin iritsi nintzen.

Agur Pineta, itzuliko garela ziur izan!!!!