AZKEN 10 SARRERAK

2018/10/18

AIZTONDO: "LA JUAKINA" BIDEA, 75 m, 6a. 2018/08/31

Pedro García ordiziar mendizale handiak behin esan zidan mendi batera igotzen den bakoitzean gailurra zapaltzeagatik eskerrak ematen diola. Mendian haragi eta hezurrez osatutako izaki hauskorrak besterik ez gara eta, nahiz eta askotan honetaz ez jabetu, azken hitza berak duela pentsa genezake. Pedroren hitzei jarraituz, mendiak erabakitzen du nor igo daiteken eta nor ez. XX mendeko mendizaleen ikuspuntu erromantiko honek gaur egun pertsonaren ahalmena lehenetsi eta ardatz duen ikuspuntuarekin talka egiten du. Azken ikuspuntu honen arabera gailurra pertsonaren ahalmenaren baitan egongo litzateke, ahalmen bezala ezagutza, esperientzia, prestaketa, teknika eta materiala ulertuz. Gailurra gure esku dago edo azken hitza mendiak dauka? Galdera interesgarria.

Egun batzuk dira Diario Vasco egunkariak "Los puntos negros de la montaña vasca" titulupean albiste edo iritzi-artikuloa argitaratu zuela. Bertan, Carlos Benito kazetariak Anboto, Aizkorri eta Gorbeia azken hamar urteotan hildako eta erreskate gehien izan duten euskal mendiak zirela zioen (zorionekoak nafar eta iparraldekoak, puntu beltzik ez baitute). Artikuluan "Kilian" (lehen "Calleja" bezala ere ezaguna) eta "Decathlon" bezala ezagutzen diren efektuei buruz ere idazten zuen. "Kilian" efektua, edozein mendi erronka norberaren borondate hutsaren baitan bakarrik dagoela sinesteari erreferentzia egiten dion bitartean, "Decathlon" efektuak, materialak esperientzia ordezkatu dezaken ustearen baitan kokatzen da. Artikulua irakurrita, "Kilian" efektuaz ari denean Kilian Jornet-ek egindako marken erreferentzi hutsean oinarritzen dela pentsa genezake, Kilian Jornet bere osotasunean aintzat hartu gabe. "Decathlon" efektuaz ari denean aldiz, denda honetako produktuak eskuratzeko erraztasunean oinarritzen dela pentsatu nahi dut, produktu hauen kalitatea alde batera utziz.

Artikulua gotik behera irakurri ondoren, erreskateen inguruko datu zehatzak faltan bota nituen: nolakoak izan ziren heriotz edo erreskate hauek? Mendia zein egoeratan zegoen? Zein "ahalmen" (goian definitu bezala) zuten hildako edo erreskatutakoek? Hildako eta erreskatatu guztiak "Kilian" eta "Decathlon" efektuen "biktimak" izan ziren?

Artikulua mendira irtetzerakoan hartu beharreko neurri batzuen aholkuekin amaitzen zuen. Azken hitzak larrialdietako teknikari bati eskeintzen zizkion, zeinek, Infernuko zubian erreskatatutako familia baten inguruan "sen onak hori zentzuduna ez dela dio" zioen. Pentsatu nahi dut, nahiz eta artikuluan honen inguruko daturik ez eman, mendian eskarmenturik gabeko familia zela eta "hori" hitzak haurrak Infernuko zubitik pasatzeari erreferentzia egiten diola, teknikariaren sen onaren kontra, noski.

Mendian tamalez istripuak izan dira, izaten dira eta izango dira. Hauen zergatia anitza izan daitekela eta giza-hutsegiten ondorioz sortutakoak asko direla uste badut ere, beste istripu asko mendiaren egoeraren menpean daudela pentsatzen dut, "mendi" bezala bertako izaki bizidun eta klimatologia ere ulertuz.

Hasierara itzuliz, gailurra (edo istripua, zergatik ez) noren esku dago? Nire ustez mendian eta ahalmenean bakarrik oinarritutako ikuspuntuak osagarriak izan daitezke eta galderari biek erantzun diezaiokete. Batzuetan bat eta besteetan bestea nagusituko bada ere, ziur naiz bien eraginaren nahasketa dela.

Mendiak azken hitza duen kasuetarako "B" plan bat izatea ongi dator. Hau izan zen kronika honetako eskaladarekin gertatu zitzaiguna. Goiza Peñartea eskalada eskolan hasi genuen arren, bertan sufritutako haizete eta hotzak behartuta, sokak jaso eta Aiztondoko "La Juakina" bidean amaitu genuen.

"La Juakina" ez da Aiztondoko  biderik ezagunena ezta eskalatuena ere. "San Miguel de Aralar" eta "Esto es Chamonix" bideen artean kokatutako bi luzeetako bide hau Aiztondora hurbiltzen diren eskalatzaileen jomugan ez dagoela nabaria da, zenbait lekuetan belarrak harkaitzari tartea irabazten ari baita. Zailtasunari dagokionez, Carlos Velazquez-ek idatzitako "Escaladas en Navarra" liburuaren azken edizioan 5c zailtasuna ematen badio ere, Nafarroako Mendi Federazioaren "Nafarmendi" web orrian, bidea berrekipatu ondoren 6a zailtasuna eman diote, gure uste apalean, kronikan irakurriko duzuen bezala, egokiagoa den zailtasun maila.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 75 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 4b (30 m) eta 2ºL: 6a (45 m). Lehenengo luzea "Clásica Sur" eta "San Miguel de Aralar" bideekin partekatzen du.
- Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Uharte Arakil herrian ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. Kontutan izan 60 metroetako bi sokekin lurretik 6-8 metroetara geldituko garela. Azken metro hauek eskuak erabiliz erraz jaitsiko ditugun arren, datu hau kontutan izan soken amaieran korapilo bat egiteko.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 40-45 minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Aiztondoko aparkalekuetako batean kotxea gelditu nuenean haizetako txamarra oraindik jantzita nuen. Peñartea eskolatik "ihes" gentozen, hango bideetako baten horma bertikalarekin baino haize bolada eta hotzarekin borrokan aritu eta gero. Luze bakarra eskalatu ondoren zentzuzkoena kotxearen babes eta berotasunera itzultzea zela erabaki genuen.

Bidean Asierri "La Juakina" bidea eskalatzea proposatu nion: "nahizta bi luzekoa izan, bigarrena luzea da" esan nion, "hola etxea zeoze eskalau deunaren sentsaziokin bueltauko gea". Asierrek "B" planari baiezkoa esan eta gero Uhartera zuzendu ginen. Iritsi ginen ordua kontutan izanda, Aiztondoko horma osoan sokada bakarra ikusteak harritu gintuen. Zorionez "Iñaki Goñi" bidea eskalatzeko asmoa zuten, beraz, ez genion elkarri enbarazurik egingo.

Express-zintak arnesaren uztaietan zintzilikatu eta Asier prest zegoela ikusi ondoren, denbora luzerik galdu gabe eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 30 metro, 4b. Lehen luzearen inguruko azalpen zehatzak "Clasica Sur" eta "San Miguel de Aralar" bideen kroniketan irakurri daitezkenez, hemen ez dut honen inguruko azalpen zehatzik emango.

Bi luze "bakarrik" eskalatu genituela jakinda luze hau patxada handiz hartu nuen, kontzentrazio osoa eskaladan jarri eta harkaitzaren zimur eta helduleku bakoitzari zukurik handiena atera nahian. Konturatzerako bilgunearen azpiko arrail bertikalaren oinean nengoen. Bitan pentsatu gabe, orain arteko kontzentrazioa galtzeko beldurrez, eskuak magnesio-poltsan sartu eta, arnasa sakon hartu ondoren, arrail bertikala erraztasun osoz eskalatu nuen bilgunera iritsiz.

Lehen bilgunean.


Asier eskalatzen hasteko zain.


Bilgunea muntatzen.


"Bigarren luzea hortio eskubita dijo" esan nion Asierri bilgunearen gaineko diedroa seinalatuz. "Oain ikusita luze hau eskalauta detela esango nuke" erantzun zidan, "baña ez naiz ondo akordatzen". Reversoa bilgunetik arnesera pasatu eta eskalatzen jarraitu zuen.

Bigarren luzearen nondik norakoak.


- Bigarren luzea, 45 metro, 6a. Asierrek bilgunetik gorako lehen bi paraboltetatik sokak pasa eta diedroaren oinean kokatu zen (IV). Diedroa eskalatzen hasi gabe eskuinera diagonalean eskalatzen jarraitu zuen bere ezkerrean arrail inklinatu bat utzita. Metroak lasai irabazten zituen, presarik gabe, pixkanaka tentetuz doan harkaitz-plakari metroak irabaziz (V).

Harkaitz-plaka bertikalean, Asierren ezkerrean arrail inklinatua ikusi daiteke.


Arrail inklinatua harlauz bat osatuz amaitzen da. Harlauzaren azpian kokatu eta, babariar teknika erabiliz eskalatu ondoren (5b), harlauzak gainean osatzen duen erlaitz erosora iritsi zen: “Ustet pasoa oain datorrela” esan zidan erlaitzaren gainetik.

Harlauzaren gaineko erlaitzan.


Erlaitzaren ondorengo parabolta ez da gertu gelditzen eta bertara iristeko ezkerrera zeharkaldi bat egin behar da oinetan fede osoa jarriz. Asierrek besoak ahal izan zituen guztia zabaldu eta, oinak poliki-poliki mugituz, paraboltaren azpiko heldulekura iritsi zen (6a). Pasabide hau atzean utzita, harkaitz-plaka bertikal eta fina zuzen eskalatzen jarraitu zuen (V+).

“Eutsiazu, bota in behar naiz”, esan zidan bat batean. “Zer?” erantzun nion galdera ulertu gabe. “Hemen beste paso fiñe dau ta ikusi nahi det ea zemuzko eroiketa izan leiken” erantzun zidan. Oraindik Asierren proposamenagatik harrituta, keinu egin zidanean sokak tentetu eta bota egin zen.

“Zenbateko eroiketa izan da?” galdetu zidan paraboltetik zintzilik. “Ez dakit, metro bat inguru?” bota nion. “Gauzak nolaien, nei kriston bueloa iruittu zait, jejeje” erantzun zidan. Paraboltera itzuli eta denbora motz batean aurretik zuen pasabidea nola eskalatu pentsatzen aritu ondoren, luzeak duen bigarren 6a pasabidea itsuraz erraz eskalatu zuen: “zuk hobe eskalaukozu, heldulekue goien gelditzen data” esan zidan. Pasabidea babesten duen parabolta atzean utzi eta harkaitz-plaka bertikalaren azken metroak eskalatuz (V+) bilgunera iritsi zen.

Bigarren bilgunera iritsitako momentua.


Bigarren luzea lehen bilgunetik ikusita.


Bigarren bilgunetik lehenengoa honela ikusten da.


Gertuago... Bilgunera arteko harkaitz-plaka bertikala ikusi daiteke.


Luzea fin-fina iruditu zitzaidan, batez ere lehen 6a pasabidea.

6a zailtasuneko lehen pasabidearen ondoren.


Atzetik eskalatzen joanda pasabidean ez da horrenbesteko tentsiorik pasatzen eta txarrenean express-zintari eusteko aukera dago. Aurretik joanda aldiz, A0-n eskalatzeko aukerarik ez nuen ikusi. Asierrek esan bezala, 6a zailtasuneko bigarren pasabidea errazago eskalatu nuen, goian gelditzen den heldulekura ongi iristen nintzelako.

Lehen 6a pasabidetik gorako harkaitz-plaka bertikalaren lehen metroetan.


“Honi ze emateie?” galdetu zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean. “Escaladas en Navarra liburun 5c” erantzun nion. “Nik ustet honek 5c baño gehio dula” esan zidan. “Neire hala iruittu zait”. Geroago ikusiko genuen bezala, bidearen krokis berrietan 6a zailtasuna ematen diote.

“Beraño iritsikoa?” galdetu zidan Asierrek rappel-a muntatu genuenean. “Saiauko naiz” erantzun nion, “iriste ez bada parabolt baten aseguratu ta etxoingoizut”. Badaezpada soken amaieran korapiloa egin eta bilgunetik behera bota ondoren rappelatzen hasi nintzen.

Rappel-aren lehen metroetan.


Lehen bilgunera atzean utzi nuenean sokekin beheraino iritsiko ez nintzela ikusi nuen. Soken amaierako korapiloetara iritsi nintzenean lurretik 8 metro ingurura nengoen. Ondoan nuen paraboltean aseguratu, sokak askatu eta lurrera arteko metro hauek eskuak erabiliz zailtasunik gabe jaitsi nituen. “Libreeee!!!” Oihukatu nion Asierri, “sokak eztie beraño iristen baña bukaerako zatie destrepatzen errexa da!!!”.

Rappela egin ondoren. Argazkian 60 metroetako sokak noraino iristen diren ikusi daiteke.


Asier inongo zailtasun eta ezustekorik gabe bidearen oinera iritsi zen. “Sikiera zeoze eskalau deu” esan zidan, “ya lo creo” erantzun nion, “oain Fliparax bakarrik falta zait hemengo bide guztik eskalatzen bukatzeko”.

Traste guztiak jaso eta, oraindik "Iñaki Goñi" bidea eskalatzen ari zirenei azken begirada bota ondoren, beherako bidea hartu genuen, aldrebestuta hasi zen egunari amaiera borobila emanez.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina