AZKEN 10 SARRERAK

2019/01/27

UREDERRAREN ITURBURUA BAKEDAOTIK: DENBORAK ESANAHIA GALTZEN DUENEAN 2019/01/05

Denborak esnahia galtzen duen lekuan...


Mendiak lotutako adiskidetasunak betirako lotzen du, are gehiago lotura egoera zail eta gogor batek eragin badu. Rosalia, Juanma eta Fermini diogun adiskidetasunak 2005ko udazkenean Balaitus mendian lotu gintuen (bizipen ziragarri honen inguruko kronika hemen irakurri daiteke) eta orduz geroztik urtero hitzordua jarria dugu mendi irteera bat egin eta elkarri Eguberriak zoriontzeko.

Aurtengo topaketak, urtarrilaren 5an, Errege egunaren bezperan, Urederraren iturburua izango zuen helburu, ibilbide motz eta erraza, abenduaren hasieratik bihurritu baten ondorioz minberatua nuen ezker orkatilarentzat lehen mendi irteera izango zena.

Urederraren iturburua, Urbasa-Andia parke naturalaren barruan dago, Ameskoa ibarrean hain zuzen ere. Kareharrizko mendiguneetan ohikoa den moduan, urak harri eta harkaitzetatik iragazita irteera naturalak topatzen ditu. Urederraren iturburuaren kasuan, ura mendiaren bihotzetik ur-jauzi ikusgarria osatuz ateratzen da. Iturburu hau ikusgarria bada, are eta ikusgarriagoa da urak duen turkesa kolore berezia, ziurrenik “Urederra” izenaren jatorri. Leku eder hau 1987an natur erreserba izendatu zuten. Honegatik, bisita egin aurretik komeni da lekua erreserbatzea, 450 bisitari baino gehiago batera ezin daitezkeelako egunero sartu. Honen inguruko informazio guztia eta erreserbak egiteko aukera hemen topatuko dituzue.

IBILBIDEA

Ibilbidea Bakedao herrian dagoen aparkalekuan hasten da. Herria ipar-ekialdeko noranzkoan zeharkatu ondoren (ibilbidea oso ondo adierazita dago), “Urederra” jatetxearen ondotik pasatu eta kalearen amaieran porlanezko errepideak pista zabal bati txanda ematen dio.

Hemendik aurrera ibilbideak ez dauka inongo galerarik. Hesi baten parera iritsitakoan bidea bitan banatzen dela ikusiko dugu. Ezkerreko bideak errekaren ibiliaren kontrako noranzkoa jarraitzen du errekaren altxor eta txoko ederrekin gozatzeko aukera emanez. Eskuineko bideak aldiz basoa zeharkatzen du errekaren zati handi bat “galduz”. Bide hau iturburutik jaisterakoan jarraitzea gomendagarria izan daiteke.

Ibilbidea, oinez ibiltzeko elbarritasunik ez badago behintzat, maila eta adin guztiko ibiltariei egokitua dago, bide eta eremuak unamez itxia eta noizean behin atseden hartzeko prestatutako eremuren bat topatuz.

Iturburuaren azpiraino iritsi nahi bada, kontutan hartu lehorrak izanda ere oso labainkorrak diren harkaitz batzuk igo beharko ditugula.

IBILBIDEAREAN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 8 km.
- Abiapuntu eta amaiera: Bakedaoko aparkalekua, 570 metro.
- Altuera minimoa: Bakedaoko aparkalekua, 570 metro.
- Altuera maximoa: Urederraren iturburua, 730 metro.
- Desnibel metatua osora: 225 metro.
- Zailtasuna: Erraza. Iturburuaren azpiraino iritsi nahi bada igo beharreko harkaitzak oso labainkorrak dira.
- Ibilbidea betetzeko pasatako denbora (atsedenak barne): Bi ordu eta erdi poliki-poliki paisaiaz gozatu eta argazkiak eginez.
- Ura: Bakedaon ura hartu daiteke.

Ibilbidea "wikiloc" web orritik deskargatu nahi bada:

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

“¡¡Hombreeee…. Feliz año!!” izan ziren kotxeetatik irten ginenean entzun genituen lehen ahotsak. “Por lo menos hemos conseguido juntarnos un año más” esan zigun Rosaliak irrifar goxo batekin. Elkarri emandako besarkada eta muxuak zintzoak izan ziren, barre barrenetik ateratakoak, itzalik izaten ez duten horietakoak, konturatu gabe 2005eko udazkenera eraman gintuztenak.

Urtarrilaren hasiera izan arren aparkalekuan ibilgailu asko zegoen, iturburuaren ospeak duen oihartzunaren seinale: “por si acaso he reservado sitio por internet” esan zigun Rosaliak, “ya que en la página web pone que hay que pedir cita previa”.

Aparkalekua uzten.


Aparkalekua utzi eta, egurrezko seinale eta argibide-posteak jarraituz, Bakedao osatzen duten harrizko etxeen arteko kaleetan gora hasi ginen, latsarria, eliza eta frontoia alboan utziz. Zerua oskarbi zegoen eta neguko eguzki zuri eta hotzaren argia etxeetako horma zuriek islatzen zuten, aldi berean epeltasuna emanez eta begiak erdi itxiak eramatera behartuz.

Elizara iristen.


Herriaren azken etxeak atzean utzi eta porlanezko bideak harrizko pistari bide eman zion, zibilizazioa eta mendiaren arteko muga adierazi nahiko balu bezala.

Herritik ateratzen.


Pistaren hasieran, atsedenleku baten ondoko argibide-postea.


Pista jarraituz, aisialdirako prestatutako gune bat eskuinean utzi eta metro gutxietara pista ixten duen hesi batera iritsi ginen. Hesia zeharkatu eta, argibide-taula baten ondoan, pista bitan banatzen da: ezkerreko bideak errekaren ibiliaren kontrako noranzkoa jarraitzen du Urederraren altxor eta txoko ederrekin gozatzeko aukera emanez. Eskuineko bideak aldiz basoa zeharkatzen du errekaren zati handi bat “galduz”. Bide hau izango zen jaitsieran jarraituko genuena, argibide-poste bati jarraituz.

Bidea ixten duen hesiaren (atzean ikusi daiteke) ondorengo argibide-taulan.


Argibide-taula.


Ekerreko bidea hartu eta, lesionatutako orkatilaren egonkortasuna probatu zidan aldapa jaitsi ondoren, zabalune batera iritsi ginen, non informazioarako egurrezko eraikin txikia eta argibide-taula bat dagoen. Eraikina itxita zegoen, neguan bisitari gutxi espero izaren dutenaren seinale.

Zabaluneko informazio gunera iristen.


Informazio gunea atzean utzi ondoren, pago, hurritz, hagin eta haritzez zipriztindutako basoan sartu eta Urederraren zurrumurru lasaia pixkanaka nabarmentzen hasi zen, presarik gabe, poliki-poliki, bisitarien hitzen gainetik altxatuz.

Errekaren ertzera iristerakoan atentzioa deitu zidan lehen gauza uraren kolorea izan zen. Urederraren argazkiak ikusiak nituen arren, bere turkesa koloreak zur eta lur utzi ninduen: “¡¡ostras qué color!!” bota nion Fermini.

Urederraren putzuetako bat.


Ibilbidea, oinez ibiltzeko elbarritasunik ez badago behintzat, maila eta adin guztiko ibiltariei egokituta dago, bide eta eremuak unamez itxia eta noizean behin atseden hartzeko prestatutako eremuren bat topatuz.

Beste putzuetako bat.


Lehenengo putzuen edertasunak zur eta lur utzi ninduten. “¿No habías estado nunca aquí?” Galdetu zidan Juanmak. “Joer, pues no...” erantzun nion, “...y estoy flipando”. Begiak zabal-zabal nituen, errekak hurrengo bihurgunean gordeta izango zuen ezustekoa ikusteko irrikan. “Aquí tengo que venir algún día en otoño, ¡tiene que ser espectacular!”.

Errekak gordeta dituen ezusteko atseginak etengabeak dira.


Urederraren abiadura geldoak kutsatuta, ibilera lasaia generaman, une bakoitza azken tantaraino zukutu nahiko bagenu bezala. Urtean behin bada ere, lagunekin elkartu eta gure biziak eguneratzea gauza ederra da. Terapeutikoa ere badela esango nuke.

Uraren salto eta putzuen arteko aldaketak etengabeak dira...


Konturatu ginenerako pagoen adarren artetik iturburua ixten duen kareharrizko horma bertikala azaldu zen, ibilbidearen erdira iristen ari ginenaren seinale. Gora begiratu eta hormaren zulo eta zirrikitu ilunetatik putre eta beleak ateratzen hasi ziren, inguratzen gintuen ikuskizunarekin bat eginez.

Iturburuaren horma bertikala, Gerra Zibilako krimenen testigu mingarri eta isila. Frankistek bertatik botatakoak asko izan ziren.


Errekaren ur gardenaren gainean basotik zintzilikatutako egurrezko zubia zeharkatu eta iturburura iritsi ginen.

Egurrezko zubian...


Egurrezko zubitik errekara begira.


“Cuidado con estas rocas que están muy resbaladizas” esan zigun Ferminek atzetik gindoazen Rosalia eta biori. Bidearen amaieran, errekaren gainera eroritako harkaitz labainkor handi batzuk igo eta iturburuaren bertikalean kokatu ginen. Argazki kamera gori-gorian nuen batera eta bestera argazkiak eginez. Orkatilaren ahuldadea burutik kendu gabe, ez nuen denbora luzea egin harkaitz irristakorren gainean.

Urederraren iturburua, lamien istorioak burura ekarri zizkidan.


Juanma betikotasunerako posatzen.


Itzulera, joanaren moduan, pausatua izan zen, pausu bakoitzaz gozatuz eta une bakoitza bere osotasunean biziz.

Orlegi, gorri, zuri eta urdinak etengabeak dira...


Egurrez osatutako balkoi itsurako batean atsedena hartu eta kafe bero bat hartzeko ere aprobetxatu genuen, adarren artean ihes egiten zuten eguzki izpien berotasunaz epelduz.

Atsedenaldian.


Fermin, Josu, Smithy eta Juanma. Argazkia Rosaliak egina da.


Taldea Rosaliarekin. Argazkia Juanmak igoeran egina da.


Iturbururako sarrera ixten duen hesira arteko bidea basoan barrena doan bidetik egin genuen, atzean, poliki-poliki, errekaren mintzoaren jarioa haizeak mugitzen zituen hosto eta adarren soinuarekin urtuz.

Itzulerako bidean...


Erlojuen segundo-orratzak Bakedaon berriro ere martxan hasi ziren. Ordurarte denboraren esanahia galduta nuen amets goxo batean izango banintz bezala. Urederraren lasaitasun eta edertasunak erabat bereganatu ninduen.

Bakedaoko etxeetako atari bat.


Azken metroetan...


Atari bateko eguzkilorea. Hemen ere sorginak izango ote dira?


Eguna Zudaire herriko Irigoyen jatetxean amaitu genuen, mahai inguruan bertako produktuez osatutako menu goxoaz gozatuz. Bihotzetik ateratako azken besarkaden ondoren Josu eta biok iparrera eta Juanma, Fermin eta Rosalia hegoaldera jo genuen, aurtengo neguan elkarrekin Pirinioetako korridore bat eskalatuko genuela hitz emanda. Ea dena alde izanda eta hitz emandakoa betetzen dugun!!!!

Adiskidetasuna pago zaharren sustraien moduan errotzen denean ez da sekula galtzen.


Ibilbidea ederra iruditu zitzaidan, lasaia, baketsua, isila... Beharbada bisitari asko ez egoteak ere eragina izan zuen, jejeje. Bisitariak bisitari, udazkenean errepikatuko dudanaren sentsazio bizia daukat.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat