AZKEN 10 SARRERAK

2019/02/17

IRAULE (1.511 m): ORRATZAREN KANALA ETA IPAR HORMAREN ZEHARKALDI OSOA, 2019/02/09

Aizkorriko ipar horma eta kanalak Barbaritik ikusita. Iraule eta Nardasakon argazkiaren eskuinean gelditzen dira.


“Eztatik nun irakurrieten aurtengo negua azken hamar urteetako lehorrena izateaidela” esan zigun Pedrok Nardasakonetik behera gindoazela. Hainbesteko memoriarik ez daukat baina, elurra eta Aizkorriko kanalei dagokionez, aurtengo negua eskas doa. Hau dela eta, lehen elurte handiaren ondorengo larunbatean eguraldiak onetik eutsiko ziola ikusita, MATeko Whatsapp-a dantzan hasi zen.
Hainbat mezuren ondoren, Leku eta biok bakarrik geunden, Asierrek beste plan bat zuelako. Hau ikusita, Lekuk bere adiskide Ander eta bere lagun Jon añorgatarrak ere irteerara apuntatzen zirela esan zidan.

Irauleko ipar horma erlaitz batek alderik alde zeharkatzen du, zerutik zintzilikatutako balkoi baten moduan. Tarteka zabala, tarteka estua, oinen azpian irekitzen den amildegiaren gainetik erlaitzaren zeharkaldia ikusgarria da. Elurra duenean erlaitzaren gainetik jarraitzea tarte batzuetan zaila da eta amildegitik zintzilik dauden ageriko zeharkaldi batzuk egin beharko ditugu.

2013ko urtarrilean, Iker eta Leku Irauleko ipar horma eskalatzen hasi eta, buruan zuten bidea egoera onean ez zegoela ikusi ondoren, Irauleko ipar horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitzaren zati bat jarraitu zuten Irauleko orratzeko kanalaren ohiko irteeratik gandorrera ateraz (kronika hemen irakurri dezakezue). Beranduago, elurrik gabe, Irauleko eskuin kanaletik hasita erlaitzaren zeharkaldi osoa egingo nuen arren, argazki kamerarik ez eta ezin izan nuen kronikarik argitaratu. “Hirugarrengoan baietz!!!” pentsatu nuen orduan.

Eta hirugarren aukera otsailaren 9an iritsi zen, hasierako plana, Iker eta Lekuri 2013an gertatu bezala, bestelakoa izan arren.

IBILBIDEA

Ibilbidea Itzubiagako bordan (940 metro) hasi genuen, Nardasakon igo eta Irauleko orratzaren kanala eskalatuz. Nardasakonen ohiko irteeratik jaitsi ondoren, Irauleko orratzera doan ezker sarreratik bigarrenez orratzaren oinera iritsi eta kanal ezkutua  bigarrenez eskalatu genuen. Oraingoan, Irauleko gandorrera atera beharrean, kanalaren amaieratik aurrera Irauleko ipar horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitza jarraitu genuen.

Jaitsiera Irauleko eskuin kanaletik egin genuen Nardasakon kanalarekin berriro ere bat eginez.

Ibilbidearennondik norakoak. Gorriz, igoerako ibilbidea eta urdinez jaitsierako. Kontutan izan argazkian ez dela ez Irauleko orratzaren irteera ezta orratzaren ezker sarreraren biderik azaltzen.


Ibilbidea beste ikuspuntu batetik.


Zeharkaldia zehatzago.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 5,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 685 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Itzubiabako bordaren ondoan iturria dago.
- Zailtasuna: AD, M3, III+, Irauleko orratzaren kanaletik eskalatzen badugu. Zailtasun hau antzerakoa da 2013an eskalatutako bidetik. Zailtasuna zertxobait jaitsi nahi badugu, aukerarik onenak Irauleko orratzaren ezker sarreratik sartu eta zeharkaldi osoa egin edo zeharkaldia kontrako noranzkoan egitea izango litzateke Irauleko orratzaren kanalaren ohiko irteeratik gandorrera ateraz. Azkeneko bi kasu hauetan zailtasuna M2 inguruan egongo litzateke.
- Eramandako materiala: Badaezpada 30 metroetako bi soka, friend, artaka-trabagaiu eta iltze joko bat, dozena erdi bat express zinta eta zinta-uztai batzuk eraman genituen arren, azkenean ez genuen eskaladako materialik erabili.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi pasatxo, atseden uneak ere zenbatuz.

Bidea "wikiloc" orritik deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Ordizian elkartu eta Jonek furgoneta Zegamako geralekuan utzi ondoren, goizeko zortzietan Itzubiagako bordaren ondoko pinuen artean kotxearen argiak itzali nituen.

“Gaur hotzik etzeok” esan zidan Lekuk kotxetik jaitsi eta gauak gogortu gabeko lur bigunean oinak jarri zituenean. “Bai, igotzen ai giñela putzu guztik konjelatu gabe zerela konturau naiz” erantzun nion “ta holakotan elurre ez da oso gogor eoten”.

Aizkorriko erraietatik jaiotako urak Itzubiagako iturriak bor-bor azaleratzen zen, ur hotzak lurrarekin talka egiterakoan egindako hotsak pinuen zurrumurruaren gainetik gailenduz. Traste guztiak hartu eta martxan jartzearekin batera, Aralar aldeko zerua gorritu zen, iragarritako hego haize gogorraren suzko atearen irekiaren seinale.

Zeruaren koloreen dantzaren ikuskizunari bizkarra eman eta pinudi eta pagadian gora hasi ginen Nardasakon kanalaren oinera iritsiz. Igoera, ohiko moduan, lasai hartu genuen, aurreko egunetako mendizale ezberdinek han eta hemen utzitako arrastoak zerura zeramatzaten mailen moduan ahalik eta gehien aprobetxatuz. Komeni izaten da hasierako igoera hau lasai hartzea indarrak ongi gordetzeko.“Zemuzko elurre, Xabi?” galdetu zidan Lekuk. “Bueno, arrasto barrun nahiko ondo, hortio kanpo bigun xamar” erantzun nion.

“Kras, kras, kras, kras…”. Gure arteko hitzak oinek elurretan egiten zuten zaratarekin trukatzen ziren elkarrizketei nolabaiteko erritmoa emanez. Elurraren egoera ez zen bikaina eta, eskuko behatzen artean areak ihes egiten duen bezala, buruan nuen proiektuak ere ihes egiten zidala sentitzen hasi nintzen. Pagadia atzean utzi eta Nardasakon zabaltzen den lekuan, bezperan Josebak esan zidan bezala (milesker informazioagatik!!!), haizearen eraginez elurra gogorra topatu genuen denon animoak alaituz.

"Bueno, oaindio dena galduta eztau” pentsatu nuen. Lehen aukeran kranpoi, kasko, piolet eta haize-kontrako txaketa atera eta makuluak jaitsiera arte motxilaren barruan utzi genituen Irauleko orratzaren azpiko hormara hurbilduz.

Eskaladako trasteak atera ondoren, aurretik Jon eta Leku doaz.


Iraule haizeak Urbiatik eramandako lanbroak estaltzen zuen, mendiari nolabaiteko itsura misteriotsua emanez.

“Lekuuuu, pareta zemuz dau?” oihukatu nion atzetik. “Buenooooo” erantzun zidan. “Lekuk bueno esateako elurre ondo eztaula esan nahi do” esan nion ondoan nuen Anderri.

Jon eta Leku hormako elurraren kalitatea frogatzen.


Ander eta Jonek eskalatu gabea zutela eta, definitiboki buruan nuen ideia baztertu eta Irauleko orratzaren kanala eskalatzera zuzendu ginen: “Ikuste badeu elurre oso biguñe daula buelta hartu ta normaletio ateako gea” erabaki genuen.

Jon orratzaren oinera iristen, atzetik Ander eta biok gatoz.


Elurra primerakoa ez egon arren uste baino errazago iritsi ginen orratzeko kanala eta irteera zuzenaren arteko bidegurutzera. Leku, Ander eta Jon orratzeko kanalean gora zihoazen bitartean irteera zuzenari begira gelditu nintzen. “Ze Xabi? Ze esatek?” galdetu zidan Lekuk goitik buruan nuena asmatu izan balu bezala. “Eztakit ba kondiziotan eongoen…” erantzun nion. Une apur batean begira egon ondoren burua astindu eta goraka jarraitu nuen.

Irauleko orratzaren kanalean.


Ander eta biok kanalean.


Jon eta Ander pozarren zeuden: “hau etxe ondon eukitzea lujoa da” zioen Anderrek. Laurak elkartu eta ipar hormatik aterako gintuen tximini estua eskalatuz gandorrera iritsi ginen.

Gandorrera ateratzen.


Gandorrean Arabatik zetorren hego haize finak aurpegiak hoztu gintuen, iragarritako haizetearen atariko. “Hobe diau Nardasakonen sarrera azpia jaitsi ta babesen zeoze jatea” esan zigun Lekuk.

Kranpoiak harkaitzen arteko belar zatietan kontu handiz kokatuz metroak galdu eta, orratzaren irteera zuzenaren azken metroen nondik norakoak ikusi ondoren, Nardasakonen ohiko irteeraren azpian osatzen den erlaitzera jaitsi ginen, haizeagatik ihesi.

Erlaitzean motxilak uztearekin batera Jonek prestatutako hamaiketako festa hasi zen: txorixoa, ogia, Urbiako artzain-gazta goxoa eta, amaitzeko, etxetik ekarritako kafe beroa. Lau izanda, kartak bakarrik falta izan genituen bertan musean aritzeko, jejeje. Mendian bizi daitezken plazer txiki hauek ez dute preziorik.

Erlojua begiratu eta oraindik goiz zela ikusita, “eta orratzea ezkerreko bidetio beize jun ta ipar hormaren zeharkaldie itte badeu?” proposatu nien. Ez nuen inoren erantzunik itxaron behar izan eta hiruen begietako distira ikustea nahikoa izan zen erantzuna baiezkoa zela asmatzeko.Trasteak hartu, motxilak bizkarreratu eta eskuak izoztu aurretik martxan jarri ginen.

Orratzaren ezker sarrera egoera onean topatu genuen, beharbada Orratzera doan sarrera zuzena baino hobea. Hala ere orratzaren bilgunera iritsi aurreko koska eskalatzeko zailtasun txikiren bat izan genuen elurraren biguntasuna medio.

Ezker sarreratik orratzera berriro ere iristen.


Leku Irauleko orratzera iritsi aurreko zailtasuna eskalatu ondoren.


Orratzera bigarrenez iritsi ginenean sarrera zuzenean gora mendizale bakarti bat zetorren. Gora begiratzearekin batera Ibon zela ikusi nuen: “bufffff!!” pentsatu nuen, “bi urte elkar ikusi eta bata bestearen berri izan gabe…”. Parera iritsi eta denborak hoztutako hitz batzuk partekatu ondoren gorako bidearekin jarraitu zuen.

Ibonek orratzaren kanala eskalatzen amaitu eta gandorrera irteten zen bitartean laurok elkartu eta ipar hormaren zeharkaldiarekin hasi ginen.

Leku eta Jon bigarrenez Irauleko orratzaren kanala igotzen.


Zeharkaldiak lehen metroetan horma eta amildegi arteko erlaitz zabal bat maldan behera jarraitzen du. Ezkerrera egiten duen bihurgunetxo baten ondoren erlaitza dezente estutu eta makurtuta pasa behar izan genuen, altuak makurtuago, baxuak tenteago, jejeje. Pasabide estu honen ondoren, zerua seinalatzen duen behatz itsurako orratz batera daraman 45 gradu inguruko elur pala motza igo genuen.

Jon eta Ander erlaitz estuan.


Aurrerago...


“Zemuz dijo?” galdetu nien. “Oaingoz oso ondo, gozatzen!!” erantzun zidan Anderrek.

Hemendik aurrera zeharkaldiaren zatirik “tekniko” eta “dibertigarriena” hasten da. Hormatik metro batzuetan aldendu eta 45 gradu inguruko ageriko zeharkaldi baten ondoren erlaitzera itzuli ginen, hormaren euskarri moduan dagoen harkaitz handi batera iritsiz.

Ageriko lehen zeharkaldian, goran hormaren kontra dagoen harkaitz handia ikusi daiteke.


Leku eta Ander harkaitz handiaren ondoan.


Nahiz eta erlaitza hormaren kontra jarraitu, gainean zuen elur kargagatik Lekuk bertatik jarraitzea arriskutsu izan zitekeela erabaki (bai eta ondo erabaki ere!!) eta ageriko bigarren zeharkaldi bat (40-45 gradu inguru) egin genuen erlaitza berriro ere zabaltzen zen leku batera iritsiz.

Bigarren zeharkaldian.


Erlaitza metro gutxietan jarraitu eta hirugarren zeharkaldi batera iritsi ginen, aurrekoak baino tenteago (45-50 gradu inguru). Zeharkaldi hau zuzen jarraituz, Leku hormak osatzen duen leizetxo itsurako pasabide batera iritsi zen.

"Leizetxotik" egindako argazkia.


“Hemendio aurrea gaizki zeok” bota zigun, “goitio jarraittu beharra zeok”. "Leizetxotik" 5-6 metro atzera egin eta 55 gradu inguruko zeharkaldia egiten hasi zen hormaren azpiko erlaitzera zuzenduz.

Zeharkaldiaren hasieran, eskuinean eta behean "leizetxoa" ikusi daiteke. harkaitzak duen itsuragatik elefante baten buruaren itsura hartu nion, "leizetxoa" ahoa eta tronparen artean geldituz.


Zeharkaldia lekuren gaineko puntadun harkaitzaren ezkerrean amaitzen da.


Orain arteko zeharkaldien artean hau izan zen tekniko eta ageriena zalantzarik gabe, elurra oso gogorra ez egoteaz aparte, oinen azpiko lanbroak azpitik genuen amildegia ikusten uzten ez zigulako. Dena den, zeharkaldiaren goiko belarra gogorra zegoenez, pioleten puntak sendo sartzeko aukera izateak segurtasun handia eman zigun.

Ander zeharkaldiaren amaieran eta ni Jonen zain.


"Zemuz zoaz Jon?" galdetu nion. "Oaingoz oso ondo" erantzun zidan, "gozatzen". Zeharkaldia kontu handiz eta pioletak belarretan sendo sartuak genituela baieztatu aurretik pausurik eman gabe egin genuen, azkenekoak joanda elurra mugitua zegoen eta.

Jon zeharkaldiaren amaieran. Aurpegi eta irribarre batek dena esaten duenean...


Zeharkaldiaren zailtasunekin amaitzeko azken zeharkaldi bat egitea falta zitzaigun, denetatik ikusgarriena, 55 gradu eta 5-6 metro ingurukoa. Leku elurra ondo zegoela ziurtatu ondoren zeharkaldia arazorik gabe egin zuen. Bere atzetik beste hiruok jarraitu genuen, amildegitik urruntzen gintuen hormaren kontra itsatsitako elur pusketan piolet eta kranpoien puntetan konfiantza osoa jarriz.

Ander azken zeharkaldiari egurra ematen.


Azken zeharkaldiaren amaieran.


"Ze iruittu zaizue?" galdetu nien Ander eta Joni zeharkaldiaren amaieran berriro ere elkartu ginenean. "Buff!! Espektakularra!!" erantzun zuten. ""Iraulea lehen aldiz etortzeko orratzen irteera zuzena ittea bakarrik falta izan zaizue, jejejeje", bota nien irribarretsu.

Azken zeharkaldi honetatik aurrera zailtasun guztiak amaitu eta Irauletik behera doan gandorraren ertzetik eskuin kanalaren irteerara zuzendu ginen.

Leku eskuineko kanalaren irteerara iristen.


"Hemen kristoneko kornisa zeok!!" bota zigun Lekuk irteeratik behera begiratzen hasi zenean. Olatu handi baten itsurako erlaitzera hurbildu eta makurtasun txikien zuen lekua lokalizatu ondoren bertatik kontu handiz jaisten hasi zen.

Irauleko eskuin kanalaren amaieran topatu genuen erlaitzean behera.


Leku eta Ander erlaitzaren azpian Jon eta nire zain.


Lehen metro tenteen ondoren malda malgutu eta mendiari bizkarra emanez jaisteko aukera izan genuen.

Irauleko eskuin kanalean behera. Lanbro artean Zegama ikusi daiteke.


Maldarik handiena atzean utzita bizkortu eta piskanaka eskuin aldera (beherako noranzkoan) jo genuen Nardasakonekin bat egiteko.

Nardasakonera hurbiltzen. Haranean Zegama argituz doa.


Nardasakonen behera hiru mendizale zihoazen, bi aurretik eta hirugarrena 30 metro atzerago. Azkeneko hau gelditu eta "¿Qué pasa chavales?" bat oihukatu zigun. Denon erreakzioa berehalakoa izan zen Pedroren ahots ezaguna entzun genuenean. "Ehhh!! Pedroo!!!" erantzun genion. Berarekin elkartu eta elkarrekin beherako bidea partekatu genuen.

Pedrorekin batera.


Atzera begirada, puntu zuriz jaitsierako bidea. Pena lanbroak mendia estalia izatea.


Ordiziar mendizale handiak Ibon eta Aitzolekin mendi buelta egina zuela esan zigun. Orduan konturatu nintzen aurretik zihoazen bi mendizaleak Ibon eta Aitzol zirela.

Txindoki eta Aralar Nardasakonetik ikusita.


Pedrorekin ohikoa den moduan kontu kontari eta elkarri adarra joz Itzubiagako bordara itzuli ginen.

"Nahizue apeaderoaño kotxez jaistea?" eskeini nien. "Ez, lasai, gu beheraño oñez goaz" erantzun zidan Pedrok, "de todas formas se agradece el ofrecimiento, jejeje" bota zuen irribarretsu.

Bordara itzuli eta trasteak jasotzen genituen bitartean iragarritako lehen haize ufadek pinuak astintzen hasi ziren, sendoak diruditenak hauskor bihurtuz. Iturriko ura ere iturritik eraman eta bordaraino iristen zen iturriari zaldiaren isatsaren itsura emanez.

Itzubiagako iturria haizearen mendean.


Haizea gehiagora joan aurretik kotxean sartu eta, poliki-poliki beherako bidea hartu genuen. "Dauneko ai gea Aizkorriako planak itten" bota zidan Anderrek Jonekin zuen hizketaldia moztuz. "Aizkorrik daukena hoi da" erantzun nion, "bat indakon beste hainbat sortzeiela". "Partxisen modun, bat jan ta hogei kontau, jejeje" bota nien irribarretsu. Jon Zegamako geralekuan agurtu ondoren beste hiruok herrira itzuli ginen.

Buruan nuen bidea eskalatzerik izan ez arren, "B planak" alternatiba moduan ederki funtzionatu eta dena oso ongi atera zen. Bide batez, duela urte batzuetatik Irauleko ipar hormaren zeharkaldiarekin nuen arantzatxo txikia kentzeko ere balio izan zitzaidan. Ezin gehiago eskatu!!!!

Kanalen azken argazki bat, oraindik ere elurteren bat gehiago botako al du? Hala espero dut.



5 iruzkin:

  1. Hau zer da? Hacer travesía? Yo pensaba que hacer travesía era con esquís jijiji

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa artista!!!!

      Signos de la edad Christian, cuando no puedes tirar para arriba tiras para los lados, jejeje. Esta travesía merece mucho y si se combina con la escalada del canal de Iraule como lo hicimos nosotros queda una jornada redonda y bonita.

      Ezabatu
    2. Aupa porma, aspaldiko!!!!

      ¿Os conoceis? Joer, qué pequeño es el mundo...

      Ezabatu
    3. Es el primo de mi mujer....

      Ezabatu