AZKEN 10 SARRERAK

2020/07/28

PEÑA RUEBA, "LA CALVA" MAILOA: "SENDERO LIMITE" BIDEA, 375 m, V+ (IV+/A0). 2020/07/09


Bidearen bigarren zatia non hasten den adierazten duen zintadun parabolta.


Traductor al castellano.

Peña Rueban eskalatzea beti da atsegina. Bertan eskalatzeko zortea izan dudanean, rokodromo erraldoi baten itxura hartu diot. Kuriosoa bada ere, bertan eskalatzen diren luzeak azpitik diruditena baino zailagoak izaten dira. Azpitik nonahi ikusitako helduleku nabarmenak, eskalatzen hastearekin batera, magikoki, desagertu eta ezkutatzeko joera izaten dute. Pentsatzen dut heldulekuen desagertze misteriotsu honetan horman zehar dauden pontzek (“panza”) zerikusia izango dutela, bertan egon arte bere zailtasuna neurtzea zaila izaten baita.

“Sendero Límite“ bidea 2011 urtean, izen bereko taldekide diren Luis Royo, Carlos Roy eta Julio Benedek ireki zuten. 2014an lau luze gehitu zizkioten, 375 metroetako bide luzean utziz. Beraien estiloari jarraituz, bidea maisuki ireki eta ekipatua dago eta, leku batean baino gehiagoan estutu beharko dugun arren (batez ere Peña Ruebako eskalatzeko modu berezira ohituak ez bagaude), beti izango dugu parabolt bat gertu. Hau dela eta, biderik eskalatuena ez bada, bide hau Peña Rueban eskalatuenetakoa da. Peña Rueban eskalatzeko aukera handiak badaude ere, asteburu edo jai egunetan hainbat kordada ikusi daitezke bide honetako luze eta bilgune ezberdinetatik zintzilik.

Asteburu "normal" bat "Sendero Limite" bidean.


Bide hau eskalatzeko gogotsu banengoen ere, kordada artean eskalatzeak ez ninduen batere motibatzen, inguruan eskalatzaileak ditudanean nire burua presionatzeko joera dudalako. Antisozial bihurtzen ari naizenaren seinale izango da, jende asko dagoen lekuan geroz eta ezerosoago sentitzen bainaiz, bai mendian baita egunerokoan ere. Asierrek bide hau luze berriak ireki aurretik eskalatuta zuenez, bera oso motibatuta zegoen azkeneko lau luze “berriak” eskalatzeko. Eta zein egun hobea astebururo kordadez beteta dagoen bidea eskalatzeko lanegun bat baino?

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 375 metro.
- Luze kopurua: 14.
- Nork irekia: Luis Royo, Carlos Roy eta Julio Benedek, 2011 urtean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V- (25 m), 2ºL: V+ (25 m), 3ºL: V- (30 m), 4ºL: V (30 m), 5ºL: IV+ (30 m), 6ºL: IV+ (30 m), 7ºL: V- (30 m),  8ºL: IV+ (25 m), 9ºL: IV (25 m), 10ºL: III+ (25 m), 11ºL: V+ (25 m), 12ºL: V (25 m), 13Lº: V+ (25 m) eta 14ºL: IV+ (25 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke. Goiz eskalatzen hasiz gero, goizeko hamaikak arte itzalpean izango gara.
- Ura: Murillo de Gallego herrian.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 25 minutu.
- Jaitsiera: Lehenik Peña Ruebaren gailurrera igoko gara. Hasieran oso agerikoa den eta mugarriz adierazita dagoen bidexka bat jarraituz via ferrataren amaierara iritsiko gara. Via ferrata hasten den lekura arte jarraituz hurbilketarako bidearekin topo egingo dugu. Bidearen amaieratik kotxera gutxi gora behera ordubete pasatxo.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express zinta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere kordada gehiago inguruan badabil.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Lau ordu eta berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.


Bidearen krokis zehatza.


Bidearen goiko zatiko krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

- Akordatzen naiz luze guztik zeoze bazutela – esan zidan Asierrek kopilotuaren eserlekutik.
- Zeoze? – Galdetu nion.
- Bai, denetan zeoze eskalau behar da... – erantzun zidan.

Ostirala goizeko bostak eta erdietan hasi zen, Asierren bila joan nintzenean. Egun bero eta sargoria iragarria zegoenez, egokiena goiz ibiltzea izango zela erabaki genuen, modu honetan beroa ahal zen neurrian saihesteko eta etxera afaltzera goiz iristeko.

Murillo de Gallegotik Peña Ruebara doan pista hartu genuenean (hurbilketa nondik egin behar den inguruko azalpen zehatza irakurtzeko hemen klik egin dezakezue), urmael artifizial baten parean ibilgailuak pasatzen uzten duen kartel bat topatu genuen, aparkalekua adierazten duen “P” adierazgarriarekin batera.

- Joño, hau berrie da.
- Bai – erantzun zidan Asierrek – aproximazioa luzegoa inbeharko deu.

Ibilgailuak pasatzen galerazten duen kartela. Gorriz kotxearekin jarraitu genuen bidea, zuriz aldiz, oinez jarraituko genuena.


Urmaelaren ondoko aparkalekuan kotxerik ez zegoela ikusteak animatu gintuen: “ea biden lehenengok gean…”.

Eguzkitako krema erruz eman (eguzkiak sortzen dituen erreduren aurrean hobe zuhur jokatzea) eta etxean prestatutako motxilak bizkarretik zintzilikatu genituenean, goizeko zortziak aldera, pistan gora hasi ginen.

Hasi eta berehala bihotz taupadak azkartu zizkigun malda bat igo genuen. Arnasestuka hastear geundela, pistaren eskuin bazterrean “Peña Rueba” adierazten duen egurrezko poste batekin topo egin eta, hautsez betetako pista utzita, postearen ondoan jaiotzen den bidexka jarraitzen hasi ginen.

Pista utzitako lekuan, argazkiaren eskuinean postea ikusi daiteke.


Galtzeko arriskurik ez duen bidexkan gora, berehala topo egin genuen hormara hurbiltzeko azkeneko aldian jarraitu genuen bidearekin. Zeruan ostarte zabalak izan arren ez zuen bero handirik egiten. Hala ere, badaezpada igoera lasai hartu genuen, izerdi handirik bota gabe, goiz esnatutako txitxar baten melodiak markatzen zuen erritmoa jarraituz.

Hormara hurbiltzen.


Asierren aitak baratzean duen katu familiak eta sagu eta arratoien desagertze misteriotsuaren arteko erlazioak nahiko konbertsazio eman zigun hurbilketa osoan zehar, jejeje. Barrikadaren abestiak dioen moduan "es el juego del gato y del ratón...".

Bidearen hasierara iristeko hormaren azpian egin behar den zeharkaldia.


Erreka lehor itxura duen depresio txiki batera iritsitakoan, via ferratara doan bidea utzi genuen eta, zuhaixka eta sastrakarik gabeko harkaitz-plaka argien gainetik, hormara zuzentzeko. Hormaren oinera iristearekin batera, bidearen hasiera adierazten duten “S.L.” hizkiekin topo egin genuen.

Bidearen hasierara iristen. "S.L." hizkiak karratu gorriaren barruan ikusi daitezke, borobil gorrietan aldiz, bidearen lehen paraboltak.


Horman ez zegoen inor eta atzera begiratuta ere ez zen inon inor ikusi edo entzuten. Ez genuen sinesten baina horma osoa guretzat genuen. Laneguna izateak, goiz ibiltzeak eta iragarritako beroak gure alde jokatu zutela pentsatu genuen, Asierrek esan zidan moduan, horma hauetara udan eskalatzaile gutxi hurbiltzen delako.

Argazki honetan ia hurbilketa osoa ikusi daiteke.


“S.L.” hizkien gainetik bi parabolt lerro hasten dira. Ezkerrekoa, parabolt zuriak dituena, “Lorenzo Ortas” bidearenak diren bitartean, hizkien eskuinean dagoen lerroa jarraitu beharra dago.

- Hasiko naiz ni – esan nion Asierri express-zintak arnesean zintzilikatuz.
- Ondo – erantzun zidan – luze honek ze gradu dauke?
- Ideiaik ez – erantzun nion – eztet krokisik beitture egin.

Nigan harrigarria bada ere bide osoa “itsu” eskalatzea erabaki nuen, krokis eta blogetako azalpenik irakurri gabe, luzeen zailtasunagatik baldintzatuta ez eskalatzeko. Mugikorrean badaezpada “Riglos Vertical” liburuko krokisari egin genion argazkia generaman, luzeetako luzera zein zen jakiteko. Dena prest nuenean, eskuak magnesiodun poltsaren barrura sartu eta behatzetatik gehiegizko hautsa astindu nuenean eskalatzen hasi nintzen.

Behatzak hautseztatzen.


- Lehenengo luzea, 30 metro, V-. Luzea 3-4 metroetako pontza bat eskalatuz hasten da. Metroak hauek bertikalak diren arren heldulekuak apartak ditu. Esku eta oinentzat dauden helduleku ederrak aprobetxatuz pontza eskalatu (V-), zertxobait ezkerrera bota, gero zertxobait eskuinera eta gainean dagoen horma-hobi hori nabarmenera zuzendu nintzen.

- Oaingoz ondo, ustenuna baño errexagoa.
- Bide hauetan parabolten arten zuzen jun beharren lekuik errexenak bilatuz jun behar da.

Horma-hobi horian.


Asierrek emandako aholkua eskalada osoan jarraituko nuen gomendioa izan zen, pasagune askotan parabolten arteko tartea itzulinguru txiki bat emanez eskalatzea errazagoa delako zuzen eskalatzea baino.

Horma-hobiaren ezkerretik eskalatzen jarraituz, helduleku oneko pontza tente bat eskalatu nuen (IV+). Pontza honen gainetik hormak inklinazioa galtzen du. Eskuinerako noranzkoan eskalatzen jarraituz harkaitz-formazio handi baten ezkerrean dagoen bilgune erosora iritsi nintzen.

Lehenengo bilgunean, nire eskuinean harkaitz-formazioa ikusi daiteke.


- Bigarren luzea, 20 m, V+. Luzearen lehen parabolta altu dago. Bertara iristeko, Asier bilgunearen eskuineko harkaitz-formaziora igo eta bere gainetik hormara pasa zen lehen paraboltera iritsiz. Hemendik gora, hormari metro bertikalak irabaziz, zertxobait ezkerrerako joerarekin eskalatuz jarraitu zuen, goian dagoen sabinara zuzenduz. Kolore horiko harkaitz-plaka nabarmen bat ezkerrean utzita, sabinaren horma edo pontzaren azpian dagoen gris koloreko bolo handi batera (edo harkaitz-plaka txiki batera) iritsi zen. Luzearen lehen metro hauek bertikalak badira ere helduleku ederrak ditu (IV).

Lehen metroetan. Ezkerrean sabina ikusi daiteke baita bere azpian plaka horia ere.


Bolo grisetik gora luzearen pasagunerik gogorrena hasten da. Pasaguneak eskuentzat helduleku onak izan arren oinentzat helduleku oso txikiak ditu. Asier makurtutako pontzaren horma eskuinerako joerarekin eskalatzen hasi zen. Mugitzen zen moduarengatik estutzen ari zela nabaritzen zitzaion. Horma zentimetroka irabazi eta zuhurtziaz mugituz, pasagunearen amaiera adierazten duen hirugarren paraboltera iritsi zen bertan dagoen erlaitzera igoz.

Pasagunearen zatirik gogorrena eskalatuta.


Erlaitzaren gainetik ezkerrera 3 metro inguru horizontal ibili ondoren, sabinaren eskuinean dagoen bilgune erosora iritsi zen.

Bigarren bilgunean.


Lehen bilgunean bigarrenetik ikusita. Luzearen bertikaltasuna nabaritu daiteke.


Pasagunearen aurretik dagoen horma bertikala zailtasun handirik gabe eskalatu nuen. Pasagunean aldiz uste baino gehiago estutu behar izan nuen. Heldulekuen bila, arnasestuka, izugarrizko amildegi batean zintzilik izango nintzenaren sentsazioa nuen. Pasagunea A0 moduan eskalatzera errazten duen kordelari eusteko tentatuta izan arren, buruari eta, zergatik ez esan, beldurrari aurre eginez, gogotik estutuz pasagunea eskalatu nuen.

- La ostia, hau gutxiñez V+ da, ez? – esan nion Asierri bilgunea dagoen erlaitzera igo nintzenean.
- Neire gogorra iruittu zait – erantzun zidan.

Bigarren luze honek ahoa espartzu moduan utzi zidan, lehor-lehorra. Honetaz aparte, adrenalinak sortutako gustu garratza eta hanketan nolabaiteko dardarizoa nuen.

Bigarren bilgunean hirugarrengoaren nondik norakoak asmatu nahian. Bilgunearen goiko mosketoiaren ezkerean "R2" marka ikusi daiteke. Bilgune guztietan marka hau egina dago zenbagarren luzea eskalatzen ari den jakiteko.


- Hirugarren luzea, 30 metro, V-. Bihotz taupadak, arnasketa eta oinen dardarizoa bere onera itzuli zirenean eskalatzen jarraitu nuen. Bilgunearen ezkerretik atera eta, sabinaren ondotik ezker joerarekin diagonalean eskalatzen jarraituz bigarren sabina bat dagoen erlaitz batera irisi nintzen. Erlaitz honetatik, eskuinera 2-3 metro inguruko zeharkaldi horizontala eginez luzearen bigarren paraboltera iritsi nintzen (III+). Hemendik gora metro batzuetan zuzen eskalatzen joan nintzen, pontza batekin topo egin arte. Pontza eskalatu (IV+) eta argi koloreko harkaitz-plaka batzuk eskalatzen jarraituz bigarren pontza edo hormatxo batekin topo egin nuen. Bigarren pasagune honetan zertxobait estutu behar izan banuen ere uste baino erosoago eskalatu nuen (V-), honen gaineko erlaitzera igo eta ezkerrean dagoen bilgunera zuzenduz. Luze hau orokorrean tentea da eta ez zidan atseden hartzeko tarte askorik eman, horren adibide bertan egindako argazki kopuru eskasa, jejeje.

Hirugarren bilgunean. Hau izan zen luzeko argazki bakarra, atsedenik hartu ez nuenaren seinale.


- Laugarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik gora begiratu eta bi soka zintzilik ikusi nituenean alarma guztiak piztu zitzaizkidan: “sokak jarrita badare, malooooo”. Asier bilgunetik eskuin noranzkoan horma bertikala eskalatzen jarraitu zuen, ezkerrean bolo ilun eta handi bat utzi eta 4-5 metro gorago zintzilik zegoen lehen sokara zuzenduz.

Luzearen lehen metroetan, Asierren ezkerrean bolo ilun eta handia ikusi daiteke.


Soka honek luzearen lehen pasagune gogorra A0 moduan eskalatzeko aukera ematen du. Asier sokaren parean kokatuz, zuzen eskalatzen jarraitu zuen, zertxobait makurtua dagoen horma eskalatu erraztasunez eskalatuz (V).

Luzeare lehen pasagune gogorra eskalatu ondoren. Argazkian, Asierren azpiko paraboltaren ezkerrean soka ikusi daiteke.


Luzearen lehen pasagune gogorra eskalatuta, metro bertikal batzuetan eskuin joerarekin eskalatzen jarraitu zuen, bigarren soka dagoen lekura iritsiz, luzeko pasagunerik gogorrena gordeta duena.

Luzearen pasagunerik gogorrena babesten duen parabolta "txapatu" ondoren.


Soka dagoen horma makurtuko paraboltetik express-zinta pasatu eta, horma zuzenean eskalatu beharrean, paraboltaren azpitik, eskuinera zeharkaldi bat egin zuen tximini itxurako batean sartu eta bertatik metro gutxi batzuk zuzenean eskalatzeko (V). Metro hauen ondoren luzeak eskuinera jotzen du erlaitz batera igoz.

Erlaitzera igo aurretik.


Erlaitzean berriro ere ezkerrera bota eta bilgune erosora iritsi zen.

- Zemuzkoa?
- Ba, bigarrena baño errexagoa iruittu zait – erantzun zidan – hankak beitzekoa.

Hirugarren bilgunea laugarrenetik ikusita. Bertikaltasuna erabatekoa da.


Lehenengo soka zintzilik dagoen pasabidea honen eskuinetik eskalatu nuen sokaraino iritsi gabe. Modu hau errazagoa iruditu zitzaidan. Bigarren pasagunean, nik ere zeharkaldia paraboltaren azpitik egin nuenez, gehiago kosta zitzaidan altua naizelako. Asierri bezala, niri ere luze hau errazagoa iruditu zitzaidan bigarrena baino, beharbada eskalada mota honi neurria hartzen hasita nengoelako.

Laugarren bilgunera iristen.


- Bosgarren luzea, 20 metro, IV+. Bilgunetik irteteko eskalatu behar den metro pasatxoko pontzara igotzeko pausu arraro bat egin behar izan nuen.

- Joe, txikik die baña igotzeko izerdi pixkat bota behar da beti…
- Bai, esatenizun luze guztitan zeoze badaula – erantzun zidan Asierrek.

Pontzaren gainera igota luzeak nahiko zuzen jarraitzen du, tente baina bertikal izan gabe (IV+), zertxobait eskuinera botaz. Luzearen erdialdean erlaitz bat dago, bertan atseden txikia hartu eta Asierri argazkia egin nion.

Erlaitzean.


Erlaitzetik gora, luzea berriro ere tentetzen da bigarren pontza bat eskalatu (IV+) eta honen ondoren, ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraituz, bilgune erosora iristeko.

"Reunión!!!!".


Bosgarren bilgunean...


- Seigarren luzea, 25 metro, IV+. Asierrek gainean nituen express-zintak hartu eta eskalatzen hasi zen:

- Luze hontako puntun baten Lorenzo Ortas bidea gurutzatzea – esan zidan.
- Ea ezteun okerreko bideik hartzen, jejeje.

Lehenengo metroetan eskalatzen den pontza tentea da baina helduleku paregabeak ditu (IV+). Lehen metro hauen ondoren luzea ezkerrera doa eta horma etzaten da (III). Asier lasai zihoan metro bakoitzaz gozatuz. Momentu batean, luzearen erdian gutxi gora behera, gelditu eta buelta hartu zuen:

- Hemen gezi bat margotuta dau sendero limiteko bidea nundio dijon esateko.
- Joer ze ondo!! Hola galtzeko arrixkuik eztau.

"Lorenzo Ortas" bidearekin gurutzatzen den lekuan.


Jarraitu beharreko noranzkoa adierazten duen gezia.


Geziak adierazitako parabolt lerroaren noranzkoa jarraituz, horma berriro tentetzen da, helduleku ederrak dituen bigarren pontza bat eskalatu arte (IV+). Ezkerrerako noranzkoan jarraituz, erlaitz batean kokatutako bilgunera iritsi zen.

Seigarren bilgunea muntatzen.


Luzeak geroz eta erosoago eskalatzen nindoan. Onartu behar da azken luzeak, hasierakoak ez bezala, ez direla bertikalak, amildegi sentsazioa dezente murriztuz.

Seigarren bilgunea.


- Zazpigarren luzea, 30 metro, V-. Bilgunearen ezkerretik ezkerrerako noranzkoan horma etzana eskalatzen jarraitu nuen horma bertikal bihurtzen den lekura arte (III).

- Luze hontan eguzkita ateako gea - esan nion eskalatzen jarraitu aurretik.
- Ea bero haundik ezteun pasatzen.

Horma etzana amaitzen den lekuan.


Horma hau era berean bi hormatxo txikietan banatzen da, eta luzeak hormak goitik behera duen arrasto ilun baten ondotik jarraitzen du. Hormaren lehen zatia ez da oso bertikala eta bertako helduleku onak aprobetxatuz arazo handirik gabe eskalatu nuen erlaitz inklinatu batera iritsiz (IV+). Bigarren zatia tenteagoa den arren ez zitzaidan askoz gogorragoa iruditu eta, parabolten arteko tarterik errazenak jarraituz, nahiko erraz eskalatu nuen (V-).

V- zailtasuneko horman...


Bigarren hormatxo honen ondoren horma etzaten da erlaitz zabal batera iritsiz. Erlaitzaren bestaldean bilgunea dago.

Horma eskalatu ondoren, eguzkitan lehen aldiz.


Itzaletik eguzkira pasatzearekin batera tenperatura igo egin zen. Soka biltzen nuen heinean, izerdi tantek bizkarra goitik behera zeharkatzen zutela sentitzen nuen. Hala ere, tarteka haize ahul batek bero sentsazioa nolabait malgutzen zuen.

- Zortzigarren luzea, 30 metro, IV+. Eguzkia jotzen hasita zegoela eta hurrengo luzeak zailak ez ziruditela ikusita hurrengo bi luzeak batean egitea erabaki genuen. Gainera, orain arte luzeak liburuan azaldutakoak baino motzagoak zirenez, 50 metroekin zailtasunik izango ez genuela pentsatu genuen.

- Bestela ensanblen ateako naiz – esan nion Asierri eskalatzen hasi zenean.

Lehen metro etzan batzuen ondoren, harkaitz-zubi batetik pasatuta dagoen kordel bat eskuinean utzi eta tentetuz den horma eskalatzen hasi zen (III). Hormak, aurreko luzeetan bezala, heldulekuak onak ditu eta noizik eta behin zertxobait pentsarazten duen pasagune motzen bat duen arren, orokorrean erraza da (IV+).

Horma eskalatzen, argazkiaren azpikaldean harkaitz-zubitik pasatako soka ikusi daiteke.


Horma ezker noranzkoan eskalatuz, bertikaltasuna galtzen duen lekuan, sabina eta harkaitz-bloke baten azpian dagoen bilgunera iritsi zen.

- Ea dauzketen expressekin iristen naizen…

Zazpigarren bilgunean.


- Bederatzigarren luzea, 25 metro, IV. Aurreko luzearen tankera hartu genion. Zortzigarren bilgunetik express-zinta bat pasatu eta zuzen jarraitu zuen ezkerrean harkaitz-blokea eta sabina utziz. Metro batzuen ondoren luzeak berriro ere ezkerrerako noranzkoa hartzen du horma inklinatua eskalatu (IV) eta bilgunera iritsiz. Luzearen tarte errazetan paraboltak “txapatu” gabe utzi zituen sokaren marruskadura ez handitzeko.

Bederatzigarren bilgunean.


Bederatzigarren bilgunea zortzigarrenetik ikusita.


Teorian, liburuaren krokisaren arabera, bi luze hauek bakarrean eskalatuz 60 metroetako soka beharko litzateke. Gure kasuan, 50 metroetako soka eramanda, bi luzeak 48 metro inguru izango zutela iruditu zitzaigun. Gure soka erreferentzia bezala hartuz (25 metroetan marka bat duen 50 metroetako soka), liburuan azaldutako 30 metroko luze gehienak 25 metro ingurukoak direla iruditu zitzaigun.

- Hamargarren luzea, 25 metro, III+. Bilgunetik gora eskalatzen hasi eta metro gutxietara erlaitz eroso batera iritsi nintzen (III). Hemendik gora horma zertxobait tentetu arren (III+), metroak erraz irabazten dira.

Bilgunetik gorako erlaitzan.


Horma etzatearekin batera, sabina txiki baten enborraren inguruan bilgune zahar bat topatu nuen. Bitan pentsatu gabe bilgunea bertan muntatu nuen. Asier aseguratzen ari nintzela, bilgunearen eskuinean, lurrean parabolt bat ikusi nuen.

- Eztu ba luzek gorago jarraittuko, ez? - Galdetu nion Asierri parera iritsi zenean.
- Harritzekoa da oain arte hain reunio sendo montauta azkenekoa hain zaharra izatea - erantzun zidan.

Asier bilgunea muntatu nuen sabinaren parean.


Paraboltaren parera iritsi eta, sabinatik gora 5-6 metro erdi-oinez jarraitu ondoren, lurrean muntatutako katedun bilgune sendo batera iritsi ginen, bidearen lehen zatiaren amaiera adierazten duena, hain zuzen ere: "misterio resuelto!!!".

Hamargarren bilgune ofiziala.


Bidearen lehen zatia eskalatuta, aurretik azken lau luzeak eskalatzeko gelditzen zitzaizkigun.

Eskalatzeko gelditzen diren lau luzeak...


Soka jasota, katu-oinik kendu gabe, oinez erdi zapaldutako bidexka bat jarraitzen ari ginen parean genuen hormaren azpiko sabinen erdira zuzenduz.

Goiko hormara zuzentzen...


30-40 metro ibili ondoren, hamaikagarren luzearen hasieran, parabolt batetik zintzilik "Sendero Límite" idatzita duen zinta bat topatu nuen: "hara!!! Hementxe hastea bigarren zatie".

"Hortxe dau zinta!!!!!"


Eskalatzen jarraitu aurretik, horma osoan bakarrik geundela jakinda, sabinen itzalpean atseden motz bat hartzeko denbora hartu genuen. Eguzkiak bazterrak berotzen hasita zegoen arren, noizik eta behin altxatzen jarraitzen zuen haizeak sargori sentsazioa mendian behera eramaten zuen.

Hamaikagarren luzea azpitik ikusita beldurgarria zirudien: soka pare bat zintzilik duen horma makurtua: "malooooo!!!". Azpitik helduleku onak dituela zirudien, baina hori denbora gutxi barru baieztatuko genuen. Epeltzen hasitako kantinploreetatik ura edan eta eguzkiko krema berriro ere emateko aprobetxatu genuen. Honen ondoren, sabinaren itzaletik ateraz, Asier eskalatzen hasi zen.

- Hamaikagarren luzea, 25 metro, V+. Luzearen hasierako horma makurtuaren itxura beldurgarria izan arren, helduleku oso onak ditu eta oso ondo aseguratuta dago. Horma lau paraboltez babestua badago ere, hirugarren eta laugarren parabolten artean harkaitz-zubi batetik pasatako kordel bat dago. Hau gutxi ez bada, hirugarren paraboltaren ondoan harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat dago hormaren zatirik zailena A0 moduan eskalatu ahal izateko. Asier zintadun paraboltaren gainetik eskalatzen hasi eta, helduleku handietatik tira eginez, metroak lasaitasun osoz eskalatzen hasi zen. Horren lasai ikusteak ni ere lasaitu ninduen. Harkaitz-zubitik jarritako soka zaharraren paretik gelditu gabe pasatu eta azken hormatxoa erraztasun osoz eskalatu zuen (V+):

- Errex, ez?
- Bueno kanto oso ona dauke – erantzun zidan.

V+ zailtasuneko horma eskalatzen.


Horma eskalatuta, momentu batez ez aurrera ezta atzera ere gelditu zen, noraezean egongo balitz bezala. Hurrengo parabolta non zegoen ez zuen ikusten. Metro pare bat eskalatu ondoren berriro ere puntu berera itzultzen zen erreferentzi baten bila.

- Sendero limitekok ekipatzen duen bezela parabolt bat gertu eon beharrauke – esan zidan batera zein bestera begiratuz.

Azkenean eskuineko horman parabolt bat ikusi eta bertara zuzendu zen, eskuinean dagoen hormaren “ezproira” eskalatuz (V). Horma honetan eskuentzat helduleku txikiak dauden arren, erraztasunez eskalatu zuen.

Eskuineko horma eskalatzen.


Horma eskalatu zuenean, eskuinerako noranzkoan eskalatzen jarraituz pontza baten azpian dagoen bilgunera iritsi zen (IV+).

Hamaikagarren bilgunea luzearen hasieratik ikusita.


Hormaren eskalada fisikoa bada ere oso ona iruditu zitzaidan eta uste baino errazago eskalatu nuen. Bidearen lehen zatiko “kintoak” baino errazagoa iruditu zitzaidan. Hormari dagokionez, gogorragoa iruditu zitzaidan kordela jarrita dagoen pasagunea soka jarrita dagoena baino.

Hamaikagarren bilgunean.


- Hamabigarren luzea, 25 metro, V. Asierri materiala hartu eta denbora asko galdu gabe eskalatzen jarraitu nuen.

- Ustet gaur poltsako magnesio guztie bukaukoetela, jejeje – esan nion eskuak milagarrenez magnesio poltsaren barruan sartuz.

Bilgunearen gaineko pontza zuzen eskalatu beharrean, bilgunetik metro bat eskuinera bota eta pontza eskuinetik eskalatu nuen ezkerrera pasa eta lehen paraboltera iritsiz (V). Hemendik gora zuzen eskalatzen jarraitu nuen (V), horma-hobi hori nabarmen baten azpira iritsi nintzen arte. Horma-hobiaren oinean parabolt bat zegoen, baita nengoen lekutik 2-3 metro eskuinera beste bat ere, erdi ezkutuan zegoen tximini batetik gertu.

- Hemen bi parabolt linea dare – esan nion Asierri – bat zuzen goraka ta bestea eskubita dijo.

“Eskuineko parabolta bide hontako zeharkaldi ikusgarriaren lehenengoa izangoa?” zen nuen kezka. Asierri kezka hau komentatu eta telefonoa ateraz blog batean kontsultatu zuen:

- Hemen jartzeo luze hontan puntun baten eskubin tximenea bat daula ta hortio ez dela jun behar “Lorenzo Ortaseko” luzea delako.

Asierrek esandakoa kontutan hartuta, eskuineko paraboltak adierazten zidan bidea baztertu eta horma-hobi horiraino eskalatu nuen. Honen eskuinetik zuzen eskalatzen jarraitu eta parabolt lerroak, eskuin noranzkoan, “Lorenzo Ortas” bidearen tximiniaren gainera eraman ninduen (V).

Horma-hobi horiaren eskuinetik eskalatzen.


Tximiniaren amaieran, eskuin aldera hormatxo txiki bat eskalatuz (IV+) pontza baten azpian kokatutako bilgunera iritsi nintzen, “Lorenzo Ortas” bidearekin partekatzen dena. Gero etxean irakurriko nuen bezala, “Lorenzo Ortas” bidearen tximini hori 6a zailtasunekoa da.

Hamabigarren bilgunea hamaikagarrenetik ikusita.


Asier horma-hobiaren eskuineko ezproitxoa eskalatzen.


- Hamahirugarren luzea, 25 metro, V+. Luze honen lehen metroetan kontutan hartu behar dena da parabolt berdeak “Lorenzo Ortas” bidearenak direla. Hala ere, seigarren luzean bezala, hemen ere jarraitu beharreko bidea adierazten harkaitz batean "S.L." hizkiak eta gezi bat margotuta topatuko ditugu. Asier bilgunetik zuzen eskalatzen hasi (V) eta eskuin joerarekin jarraitu zuen makurtzen den hormara zuzenduz. Hirugarren eta laugarren parabolten artean dago luzearen pasabiderik gogorrena (V+). Pasabidea nondik nora eskalatu neurtu ondoren, eskuentzat txikiak diren heldulekuetatik tira egin eta eskuin noranzkoan eskalatuz pasagunea eskalatu zuen.

- Uhmmmm!!! Hemen estutu inbehar da – esan zidan pasagunearen gainetik.

Luzearen pasagune gogorra eskalatzen. karratuaren barruan jarraitu beharreko noranzkoa adierazten duen gezia.


Horma eskalatuta, bide osoko pasagunerik ikusgarriena dator: ezkerretik eskuinera egiten den 7-8 metroetako zeharkaldi horizontala (IV+). Asier ikusten ez banuen ere, pasagunea zuhurtzia osoz eskalatzen ari zela argi nuen, soka segurtagailutik poliki-poliki pasatzen ari baitzen: “Reunión!!!!”.

“Nahizunen!!” entzun nuenean bilgunea desmuntatu eta eskalatzen hasi nintzen.

Nekearengatik izan daiteke baina luze honetako V+ pasagunea bide osoko pasagunerik gogorrena iruditu zitzaidan. Estutu behar izan nuen pasagunea eskalatzeko. Zeharkaldi horizontalera iritsi nintzenean aho-zabalik gelditu nintzen:

- Lasai, trabesie emateuna baño errexagoa da – esan zidan Asierrek bilgunetik – hankak botatzen dittezun leku guztitan eusteie.

Hamabigarren luzeko zeharkaldi ikusgarriaren hasieran.


Hasieran zeharkaldiko harkaitz-plakaren goiko zatira igotzeko keinua egin nuen arren, zeharkaldia parabolten azpitik doala argi gelditu zitzaidan. Azpitik amildegi sentsazio izugarria nuela, oinak itsuan harkaitzaren gainean jarriz, zeharkaldia pixkanaka eskalatzen hasi nintzen. IV+ zailtasuna izateko onartu beharra daukat zeharkaldiak zirrara ikaragarria egin zidala. Hala ere, Asierrek esan bezala, oinak jartzen diren leku guztiek eusten dute.

- Hamalaugarren luzea, 25 metro, IV+. Bilgunearen eskuinean lehen parabolta ikusi nuenean Asierren eskuinera pasatu nintzen:

- Pentsatzet azkeneko luzea hau izangoela, ez?
- Nik baietz esango nuke – erantzun zidan.

Bilgunetik eskuinera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin eta, zuhaixka baten ondora iritsi aurretik, zuzen eskalatzen jarraitu nuen bata bestearen ondoan dauden bi parabolt, bietako bat gorria, topatu nituen arte.

Luzearen lehen metroetan jarraitzen den bidea.


Parabolt bat bestearen ondoan ikusteari susmoa txarra hartu nion. Eskuinean parabolt berri bat tximinia nabarmen baten erdian ikusi nuenean bertara zuzendu nintzen. Eta hemendik gora ez nuen beste ezer ikusi.

Tximinia goitik behera miatu arren ez nuen parabolt gehiagorik ikusi. Tximiniaren eskuineko horma bertikala beste parabolt baten bila miatzen hasi nintzen, baina alferrik. Tximinia zuzenean eskalatzen jarraitzea burutik pasa zitzaidanean paraboltetik ezkerrera metro pare bateko zeharkaldia egin eta parabolt distiratsu bat ikusi nuen:

- Hemendio jarraitzeo!!! – Bota nion Asierri zoriontsu.

Paraboltera arte zeharkaldia egin ondoren hemendik gora parabolt gehiago azaltzen zirela ikusi nuen: “ba beran zeoze gaizki ingo non, ba” pentsatu nuen. Gero Asierrek esango zidan moduan, bi paraboltak dauden lekuan parabolt gorria da "txapatu" behar dena, hemendik ezker joerarekin eskalatzen jarraituz kordel gorri bat duen beste parabolt batera iritsi arte (IV+). Parabolt honetatik gora nire zeharkaldiaren ondorengo paraboltarekin bat egiten da.

"Txapatu" behar diren parabolt gorria eta kordel gorria duen parabolta (goiko karratuaren barruan).


Lehen metroak tenteak badira ere (IV+), horma etzaten doa, azken metroak erdi oinez eginez. Hormaren gainean, eskuinean utzi nuen tximinia nabariaren irteeran jarritako bi paraboltetan azken bilgunea muntatu nuen.

Bidearen azken metro bertikalak eskalatzen.


- Harritzekoa reunio hau besten modun katekin montauta ez egotea – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Bai, harritzekoa da – erantzun zidan.

Gure azken bilgunean.


Bilgune honetatik gora eta ezkerrerako noranzkoan 8 metro inguru ibiliak genituenean kate batez lurrean muntatutako bilgunea topatu genuen: “reunio ofiziala hau izangoa!!!”.

"Reunio ofiziala hau izangoa!!!".


Bilgune “ofiziala” atzean utzi ondoren, elkarri bostekoa eman genion: “Bueno, beste bat inda…”. Katu-oinen presondegitik oinak askatu eta arnasa hartzen zuten bitartean, motxilak sorbaldetatik kendu eta harkaitz baten gainean eseri ginen. Eguzkia altu izan arren haize suabe batek bero sentsazioa eramangarri bihurtzen zuen. Urrunean, lainoen azpian, Agueroko Mailoak izen bereko herriaren gainetik ageri ziren. Duela urte batzuk Agueron eskalatutako “Tierra de Naide” bidearen kokalekua non dagoen nork asmatzen zuen jolasean aritu ginen, eguzki eta haizeak izerditutako bizkarrak lehortzen zizkigun bitartean.

Agueroko mailoak hodeien azpian.


Haizea apaldu eta eguzkiak bazterrak berotzen hasi zenean, material guztia motxiletan jaso eta martxan jarri ginen.

"Beste bat inda!!!".


Maldan gora hasi eta oso nabaria ez den bidexka bat jarraitu genuen Peña Ruebaren gailurrera iritsiz. Bertatik bidea nabarmenagoa izateaz gain, mugarri batzuek via ferrataren amaiera arte bidea nondik doan argi adierazten dute.

Mugarriak jarraitzen, atzean Riglosko mailoak.


Riglosko mailoak gertuago. Leku ikusgarria inongo zalantzarik gabe.


Via ferrataren hasieran.


Jaitsieran via ferratak duen ikusmiraz gozatzeko aukera izan genuen, Riglos herri eta Mailokoak batez ere. Ordu erdi pasatxoan “Sendero limite” bidearen oinera iritsi ginen.

Via ferratatik jaisten.


Aparkalekura arteko itzulera eguzkiaren beroa eta txitxarren zurrunbiloaren artean egin genuen. Kotxeko motorra martxan jarri genuenean, termometroak 45 gradu adierazten zituen. Leihoak irekiz Peña Ruebari azken begirada bota genion: "itzuliko geanaren zalantzarik ez dauket!!!"

Bidea asko gustatu zitzaidan, gomendagarria inongo zalantzarik gabe. Asierrek bidea eskalatu aurretik esan zidan moduan, luze guztietan eskalatu beharko dugu baita, bolo eta pontzen eskaladara ohituak ez bagaude behintzat, V+ luzeetan estutu ere. Dena den, hasieran idatzi dudan moduan, bidea primeran aseguratua dago burua nahi den adina estutu ahal izateko.

"Itzuliko geanaren zalantzarik ez dauket!!!"


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Agustín Ch., Carasol M. Riglos Vertical, 374-375. Madrid. Ediciones Desnivel, 2018.
- Sendero Límite bloga. 2011/12/10. Sendero Límite de Peña Ruaba. Eskuragarri: https://senderolimite.blogspot.com/2011/12/sendero-limite-de-pena-ruaba.html
- Sendero Límite bloga. 2011/12/30. Sendero Límite de Peña Ruaba. Eskuragarri: https://senderolimite.blogspot.com/2011/12/sendero-limite-de-pena-ruaba_30.html 
- Sendero Límite bloga. 2017/06/14. Sendero Límite de Ruaba. 2ª parte o superior. Eskuragarri: https://senderolimite.blogspot.com/2014/06/sendero-limite-de-ruaba2-parte-o.html
- Bergidak bloga. 2018/12/20. Sendero Límite bida (375m; V+). Peña Rueba. Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2018/12/20/sendero-limite-bidea-375m-v-pena-rueba/ 
- La aventura es mi reino bloga. 2015/06/05. Peña Rueba, vía Sendero Límite extendida (375 mts; V+). Eskuragarri: http://laaventuraesmireino.blogspot.com/2015/06/pena-rueba-via-sendero-limite-extendida.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat