AZKEN 10 SARRERAK

2020/08/02

EGINO, LARREÑIGIKO HAITZAK: "NICASIO GANDORRA" ("ARISTA NICASIO"), 50 m, V. 2020/07/11

Gandorraren oinean jarritako plakatxoa.


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Hiru urte pasa dira anaiarekin "Joe Marmota" bidea eskalatu nuenetik. Bide honen lehen luzean eskalatzen den monolitoak beste bi bide ditu: "Garoa" (50 m, V) eta "Nicasio gandorra" (50 m, V). Bide hauek guztiak Antxon Gorrotxategi nekaezinak ireki eta ekipatuak badira ere. Antxonek Eginon ekipatu dituen beste bideekin alderatuz, bide hauetako parabolten arteko tartea luzea da eta, zailtasun mailari dagokionez, oso zorrotza da. "Joe Marmota" eskalatu genuenean adibidez, lehen luzeak V zailtasun soila baino gehiago zuela iruditu zitzaigun. Gauza bera esan dezaket "Nicasio" gandorrari buruz; bai Asierri baita niri ere bidearen zailtasuna V+ zailtasunetik V zailtasunetik baino gertuago izan daitekeela iruditu zitzaigun.

Anaiarekin burutu nuen 2017ko eskalada hartako helburua "Garoa" eta "Nicasio gandorra" ere eskalatzea izan bazen ere, azkenean  "Joe Marmota" eskalatzekin konformatu behar izan genuen: "Bauket aitzakie beste bi hok beste noizbaitten eskalatzeko", izan zen orduan pentsatu nuena.

Hiru urte beranduago, larunbata goiz baterako eskalada baten bila ari ginela, Asierri "Nicasio gandorra" eskalatzea proposatu nion:

- Anaiekin ein nun bezela, aurretio "Txitxibiritxi" eskalau dezakeu... - izan zen nire proposamena.

Proposamen hau Asierren motibazioa pizteko nahikoa izan zen. Gainera, Eginotik goiz abiatzeko asmoa genuenez, etxera goiz bazkaltzeko denbora izango genuen.


Plan teorikoek ez dute pentsatuta bezala beti amaitzen eta eskalada hau horren adibide garbia izango zen...


BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 50 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi, ez dut irekitako urtea topatu.
- Zailtasuna: V.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Bide hau eskalatzeko gomendagarria da Eginon dagoen hainbat luzeetako bide bat aurretik eskalatzea. Bidearen oinetik gertuen gelditzen diren bideak "Xabier" eta "Txitxibiritxi" bideak dira. Bide hauek bere osotasunean eskalatu daitezkeen arren, erraz eta azkarrena "Xabierren" bosgarren luzea (nahiz eta hau errapelatu daitekeen) eta "Txitxibiritxiren" azkenekoa eskalatu gabe uztea da. Guk bigarren aukera hartu genuen.
- Jaitsiera: Urtean zehar "Aztorea" eta "Usoa"tik jaisten den ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginora itzuliko gara. Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean Usoa eta Aztorea monolitoen arteko bidetik jaistea debekatuta dagoenez, bi aukera ditugu: lehenengoa, eta bietatik erosoena, La Lezera jaitsi eta hemendik Eginora monolitoen bidetik itzultzea da. Bigarren aukera, "Iturrimurri" ezproiaren amaieratik Eginora itzultzeko jarraitu behar den jaitsierako bidea hartzea izango litzateke, baina jaitsiera hau oso ondo ezagutzen ez bada galtzeko arrisku handia dago.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka (guk 60 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, batez ere aurretik beste bide bat eskalatzen bada. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Friend eta artaka trabagailuak aukerakoak badira ere parabolten arteko tarte luzeetan ( "Txitxibiritxi" bidearen bigarren eta hirugarren luzeetan batez ere) ongi etorri daitezke.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Lasai ibilita, lau ordu  "Txitxibiritxi" eta "Nicasio gandorra" eskalatzeko.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak guk eskalatu genuen moduan. "Txitxibiritxi" bidearen azken luzea eskalatu gabe utzi genuen denbora irabazteko. Puntu zuriz "Xabier" bidea, beharbada "Nicasio" gandorrera iristeko modurik zuzen eta azkarrena. Krokisean ere monolito berean dauden "Joe Marmota" eta "Garoa" bideen kokalekua marraztu dut.


"Nicasio" gandorraren krokis zehatza.


DESKRIBAPENA

Eginotik goizeko zortziak laurden gutxitan atera ginen. Goiza freskoa esnatu bazen ere, eguerditik aurrera iragarritako beroak goiz ibiltzen hastera eraman gintuen:

- Ondo biden eguerdiako goien eongo gea - esan nion Asierri itxaropentsu.

Eginoko kale, zelai eta basoak, gaueko ekaitzaren testigu isilak, bustiak zeuden. Izan ere, "Txitxibiritxi" bidearen hasiera adierazten duen plakatxo gorrira iritsi ginenerako motxilak eta oinak busti-bustiak genituen. Horma ere bustia zegoen:

- Harkaitz bustikin eskalatzek plus bat emangoio, jejeje...
- Lehorren eozeñek eskalatzeo ta, jejeje - erantzun zidan Asierrek umoretsu, goierritar alpinista handi batek ustez esandako esaldia gogoratuz.

"Txitxibiritxi" bidearen hasiera adierazten duen plakatxoa.


OHARRA: "Txitxibiritxi" bideari buruzko azalpen zehatza kronika honetan azalduak ditudanez, ez naiz honen inguruan luzatuko.

"Txitxibiritxi" bidea Antxon Gorrotxategik Eginon ireki dituen hainbat luzeetako bideen artean psikologikoena izan daiteke. Parabolten arteko tartea ez da motza eta, lehenengo hiru luzeetan batez ere, hauen artean eskalatzera behartuko gaitu. Honegatik beharbada, Eginon gutxien errepikatzen diren bideen artean dagoela esango nuke.

Lehenengo bilgunean.


Lehenengo bi luzeak harkaitz bustian eskalatu genituen. Esku bustiekin eskalatzen denean segurtasun ezaren sentsazio izugarria sortzen da, eskuak bustiak izateko arrazoia euria edo izerdia izanda ere. Luze hauetako heldulekuak txarrak ez diren arren, eskuak edozein momentuan heldulekuetatik labainduko zirenaren sentsazioarekin eskalatu genuen. Ahal genuen guztietan une motz batean gelditu, eskuak galtzetan igurtzi eta, lehortu ondoren eskalatzen jarraitzen genuen, berriro ere bustitzen ziren arte. Dena den, eta gutxi errepikatzen den bidea izatearen abantaila izan daiteke, oinen heldulekuak leundu gabe daude eta euste-puntu paregabeak dira.

Bigarren luzea eskalatzen.


Bide hau eskalatu dudan bakoitzean hirugarren luzean izerdi galantak bota izan ditut. Luze hau batere gustuko ez dudan ur-tantadun harkaitz-plaka bat eskalatuz hasten da eta paraboltak urrun dituen horma bertikal batean amaitu. Denbora osoan burua hotz eramatea eskatzen du, bertikaltasunak sortzen duen beldurrarengatik irentsita amaitu nahi ez bada behintzat. Funtsean, luzeak osagai guztiak ditu nire erosotasun-eremuaren mugara hurbiltzeko. Eta hau guztia jakin arren, oraingoan ere ez zen ezberdin izan eta, aurreko eskaladetan bezala, bilgunera arnasestuka iritsi nintzen, jejeje.

Hirugarren bilgunean.


Hirugarren bilgunetik ikusten den horma-hobi berezia. Miriam García Pascualen "Bájame una estrella" liburuaren azala gogora ekartzen dit beti.


Luzeak txandakatuz, eskalada jarraitua egin genuen, automatizatua esango nuke, une oro bakoitzak zuen papera mila aldiz entseatu izan bagenu bezala. Honelakoetan hitzekin baino keinuekin gehiago komunikatzen da, eskalada ekintza arin batean bihurtuz. Hitzei dagokionez, nahikoak dira "Reunión", "libre", "nahi duzunean" eta "banoa" hitzak elkar ulertzeko. Lau hitz besterik ez zure segurtasuna soka baten bidez eskeini diozun pertsonarekin komunikatzeko. Zein ezberdina den egunerokotasuna; zenbat telefono dei, zenbat mezu elektroniko eta zenbat bilera egiten diren elkar komunikatu, elkar ulertu eta elkar erabaki apur batzuk adosteko.

Laugarren bilgunera iristen.


- ¿Habeis madrugado, eh?

Azpitik zetorren ahots batek haitzak eragindako amets sentsaziotik esnatu gintuen. Asierrek behera begiratu eta urrun jarraitzen gintuen eskalatzailea agurtu zuen.

- Iñaki Zuza dela iruittu zait - esan zidan.
- Ah bai? Joe, ea gero beakin hitzeitteik daukeun...

Tamalez ez genuen "Mendia eta eskalada" blog gomendagarriaren kudeatzailea den Iñakirekin topo egingo. Seigarren bilgunera iritsi bezain pronto gure bideak banatu ziren. Soka bildu eta zapatilak jantzi ondoren, "Txitxibiritxi" bidearen azken luzea eskuinean utzita zeharkaldia egin genuen "Nicasio gandorra" dagoen monolitora zuzenduz.

OHARRA: monolito honetara hurbiltzeko bidearen azalpen zehatza kronika honetan azalduta dudanez, ez naiz honen inguruan ariko.

"Nicasio gandorra" parez-pare.


"Nicasio gandorra" bidearen hasiera adierazten duen plakatxoaren parera hamaikak eta bostean iritsi ginen, eskalatzen hasi ginenetik bi ordu eta berrogeita hamar minutura gutxi gora behera. Eguzkia indarra hartzen hasi eta bere argitasun itsugarriak eguzkitako betaurreak jartzea behartu ninduen. Erreduren beldurrez, eskalatzen hasi aurretik hartutako unetxoa eguzkitako krema emateko ere aprobetxatu genuen.

- Ea zemuzkoa den - esan zidan Asierrek soka arnesera lotu eta behar zuen materiala guztia gerriaren inguruan zintzilik zuela egiaztatu zuenean.

- "Nicasio gandorra", 50 metro, V. Luzearen lehen parabolta urrun dago, 12-15 metrora gutxi gora behera, ur-tantadun harkaitz-plaka bertikal batean. Bertara iristeko bi aukera daude: bidearen izena duen plakatxoaren gaineko ezproiaren ertzetik eskalatu eta ur-tantadun plakara iritsitakoan ezkerrera pasatzera, edo ezproiaren ezkerreko tximinia irekia eskalatzea ur-tantadun plakaren azpira zuzen iristeko. Asierrek lehenengo aukera hartu zuen.

Ezproiaren ertzera igo ondoren luzearen lehen metroak erraz eskalatu zituen (II+/III). Bilgunetik urruntzen zen heinean ezproia tentetuz zihoan bi arrail horizontal nabarmen dituen sabai batekin topo egin zuen arte (III+).

Ezproia eskalatzen, gainean arrail horizontalak dituen sabaia ikusi daiteke.


Sabaiaren azpiko arrailaren laguntzarekin, ezker oina ur-tantadun plakaren ezkerrean dagoen euste-leku on batean jarri eta, gorputza ezproitik ur-tantadun plakara pasatuz, luzearen lehen paraboltetik lehen express-zinta pasatzea lortu zuen (IV).

Lehen eta bigarren parabolten artean zertxobait makurtutako pasagunea dago. Paraboltaren gainean belar batzuek estaltzen duten helduleku handiari eskuin eskuarekin helduz eta paraboltaren ezkerrean dagoen harlauzari ezker eskuarekin helduz, plakan eskuin oinarentzat dagoen zulo on batean oina sartu eta pasagunea itxuraz erraztasun osoz eskalatu zuen (V):

- Zemuzkoa Asier?
- Oaingoz ondo, kinto ingurun eo...

Bigarren paraboltetik aseguratuta, ur-tantadun plakaren gaineko pasagune makurtua eskalatu ondoren.


Pasagune hau eskalatu ondoren harkaitz-plaka tente bat zuhurtzia handiz eskalatzen jarraitu zuen, gandorraren ertzetik gertu dagoen hirugarren paraboltera iritsiz (V). Hirugarren eta laugarren parabolten artean gandorraren ertzetik gertu mantendu zen laugarren paraboltaren gainetik dagoen horma bertikalarekin topo egin zuen arte (IV+).

Luzearen laugarren paraboltetik aseguratu ondoren.


- Eztet beste paraboltik ikusten... - esan zidan batera eta bestera begiratuz.

Asier luzea nondik zihoan ikertzen ari zen bitartean, "Txitxibiritxi" bidearen azken metroetako gandorrean eskalatzaile baten irudia zeruaren kontra moztuta ikusi nuen. Eszena ederra iruditu zitzaidan. Bitan pentsatu gabe argazki makina atera eta argazki pare bat egin nizkion.

"Bitan pentsatu gabe argazki makina atera eta argazki pare bat egin nizkion". Pentsatzen dut eskalatzaile hura Iñaki Zuza izango zela.


- Eztet parabolt gehio ikusten...- esan zidan berriro ere urduritasun puntu batekin.

Gainetik zuen horma alde batetik zein bestetik aztertzen hasi zen, harkaitzean sartutako altzairuzko pieza txikiaren bila. Hormatxoak erdian arrail bat dauka. Hemendik eskalatzeak bide onetik eramango zuelakoan, arraila eskalatzen hasi zen.

- Hementxe dau!!!! - Oihukatu zidan zoriontsu.

Eskaladak duen gauzarik ederretako bat zera da: infernutik zerura edo zerutik infernurako pasabidea metro gutxietako kontua izan daitekeela. Paraboltetik express-zinta eta soka pasatuz gandorraren lehenengo puntara igo zen (V).

Lehenengo puntara daraman hormatxoa eskalatzen.


Gandorra 5 puntaz osatuta dago. Lehenengo punta eskalatuta, gandorraren ertzetik gertu mantenduz, arrail eta harlauzez osatutako plaka bertikal bat eskalatu zuen berehala bigarren puntara igoz (IV+).

Bigarren puntan.


Bigarren eta hirugarren punten artean kanalizo eta harlauzak dituen harkaitz-plaka bertikal bat eskalatzen da. Punta hau ere arin eskalatu zuen (V-), lehen punta eskalatzen "galdutako denbora" errekuperatu nahiko balu bezala.

Hirugarren puntatik "0" bilgunera egindako argazkia. Non dago Wally?


Laugarren puntaren azpian Asierren eskalada bat-batean gelditu egin zen. Ez nuen ikusten zer egiten zuen, ezta nik zerbait egitea nahi zuen ere. Minutu batzuetan soka geldirik egon zen, ez aurrera ez atzera:

- Bufff, paso kabroi bat dau ta ezin izan det zuzenen atera - esan zidan talkie-tik, soka berriro ere segurtagailutik pasatzen hasi zenean - igual zuk errexago ikusikozu.

Laugarren puntatik gora, luzeak gandorraren ezkerretik jarraitzen du, harlauza eta arrail inklinatu batzuk eskalatuz (IV+). Bosgarren puntatik pasatu eta, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu ondoren (IV+), "Garoa" bidearen azken paraboltaren ondotik pasatu zen, monolitoaren gailurreko zuhaixkaren ondoko bilgunera iritsiz.

- Nahizunen!!!!
- Banijooo!!!

Asierrek luzearen lehen metroak bidearen izena duen plakatxoaren gaineko ezproitik eskalatu arren, sokak honen ezkerrean dagoen tximiniatik eskalatzera behartu ninduen. Tximinia, ezproiaren antzera, zailtasun handirik ez dauka eta berehala iritsi nintzen lehen paraboltera. Ur-tantadun plakako pasagune makurtua eskalatzen ari nintzela, eskuin oina sartuta nuen zuloko belarrek irrist arazi, oreka galdu eta ezker eskutik zintzilik gelditu nintzen, sorbaldan tirakada bat sentituz. Berehala "Blasi Picazo" bidean izan nuen istripua gogora etorri zitzaidan. Irrist egindako lekura iritsi eta ezker besoa mugitzen hasi nintzen dena ongi zegoela baieztatzeko. Mugimendu batzuen ondoren, arreta harkaitzean baino mindutako sorbaldan jarriz, lehen punta eskalatu nuen.

Lehen puntara iristen.


Metroak eskalatu ahala, sorbaldan sentitu nuen ziztada "ahazten" joan zitzaidan eta laugarren puntaren oinera arte nahiko eroso iritsi nintzen. Argi dago bide hau oso gutxi eskalatzen dela, gandorrean dauden harlauzak eta harkaitzaren zimurrak oso zorrotzak daudelako. Zauririk ez egiteko komeni da harkaitza oso sendo ez eustea, jejeje.

- Hor aittu naiz ezin asmau - esan zidan Asierrek bilgunetik - azkenen ezkerraldea pasau ta bertan daun tximini baten sartu naiz.

Laugarren puntaren azpian.


Laugarren puntaren eskalada babesten duen parabolta hormaren erdian badago ere, ezkerrera begiratu eta Asierrek esandako tximinia ikusi nuen. Ez nuen bitan pentsatu ere egin: ezker oina luzatu eta puntaren azpian dagoen euste-leku batean jarri ondoren, gorputza ezkerrera mugitu eta tximinian sartu nintzen (V), hemendik gorako metroak errazago eskalatu (V-) eta laugarren puntaren gainera iritsiz. Bertatik, arazo handirik gabe bosgarren puntaren parera eta bilgunera iritsi nintzen.

Bosgarren puntara iristen.


- Paso hoi nik baño azkarrago eskalauzu - esan zidan Asierrek.
- Zuk esanda nundio jun beharra neuken errexagoa da - erantzun nion-. Ta gañea esango nuke hanka luzek izatek paso hortan bentajaela.

"Nicasio" gandorraren lehen bilgunean.


Soka askatu gabe, monolitoaren gainetik jarraitu nuen ezkerrean "Xabier" bidearen azken aurreko bilgunea utzita. Oraingoan, azkarrago ibiltzeko,  "Joe Marmota" bidearen bigarren luzea eskalatu gabe utzi eta zuzenean luze hau amaitzen den monolitoa eskalatu nuen (II+/III, azken metroetan harri askeak daude) bertatik Asierri aseguratzeko.

Monolitoaren gainetik "Nicasio gandorra" amaitzen den lekura egindako argazkia.


Larreñegiko haitzen gainera ateratzeko bi aukera genituen: "Xabier" edo "Joe Marmota" bideen azkeneko luzeak. Asierrek bigarren aukera eskalatu gabe zuenez, eta bietatik aukerarik politena denez, "Joe Marmota" bidearen azken luzearen oinera zuzendu ginen.

"Joe Marmota" bidearen azken luzearen oinean. Argazkiaren ezkerrean ikusten den tximinia etzana "Xabier" bidearen azken luzea da.


20 metroetako azken luze honek IV+ zailtasuna dauka eta eskaladari amaiera eder bat eman zion.

Luzearen pasagunerik zailenean


Azken bilgunetik behera egindako argazkia.


Hamabiak eta erdietan eskalada amaitu genuen. Atzean ia 300 metroetako eskalada eta oinez ibilitako hainbat metro utzita, oso zoriontsu geunden. Eta gainera aurrikusitako denboraren barruan gainera!!!

Eskalada amaitu ondoren...


- Nundio jaitxiko gea, La Lezetio edo Iturrimurritio? - Galdetu nion Asierri materiala motxiletan gordetzen ari ginela.
- Berdin dit.
- Esango nuke denboraz Iturrimurritio azkarrago izangoela. Probauko deu?
- Bale.

Motxilak bizkarreratu ondoren martxan jarri ginen.

"Nicasio gandorra" Larreñegiko haitzek osatzen duten hormaren ertzetik ikusita. Azpian, Egino.


Antxon Gorrotxategik ireki dituen bide gehienak amaitzen diren lekura arin eta erraz iritsi ginen, eskalatzaileen joan etorriek urteetan zehar irekitako bidexka jarraituz. Hemendik aurrera zortea aldatu eta gure penitentzia hasi zen.

Hormaren gainean zehar sakabanatutako elorriek osatutako laberintoan galduta, hauen arteko bidexka guztiak jarraitu arren denak sastraka artean amaitzen ziren. Zenbat eta metro gehiago sastraka eta elorrien artean ibili geroz eta gehiago galtzen ginen. Hormatik gehiegi urruntzen hasi ginela ikustean, bi aldiz pentsatu gabe, sastraken artetik igaro ginen hormaren ertzera itzuliz: "eskerrak galtza luzek ekarri ditteun...".

Hemendik aurrera hormaren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduko ginela erabaki genuen. Ertza osatzen duten harkaitz-blokeen gainetik, gure helburua "Iturrimurri" ezproiaren irteera topatzea zen, edo gutxienez irteera honetatik aurrera jaitsierako bidea adierazten duen puntu gorrietako bat. Puntu gorrien bila, Ziordiako noranzkoan, hormaren ertzeko harkaitz-plaka ezberdinak eskalatzen eta zeharkatzen hasi ginen, sastrakek bidea berriro ere itxi ziguten arte.

Ahal izan genuen biderik egokiena jarraituz, hormaren ertzetik berriro ere urrundu ginen, basoaren erdian galdutako monolito pare bat eskalatu, pagadi handi batera iritsi eta bertan bidexka bat topatu genuen arte. Horrenbeste metro sastraka eta arantzen artean ibili ondoren, jaitsierako ustezko bidea topatu izanak izugarri poztu gintuen: "azkenen topatu deu!!!". Bide hau metro batzuetan jarraitu ondoren, horma alderik-alde zeharkatzen duen leze handi batera iritsi ginen:

- Koba hau etzait ezagune itten - esan nion Asierri.
- Neire ez.
- Igual hemendio jarraitzeik eongoa? - proposatu nion Asierri lezean sartuz.

Lezearen barruan.


Leze honen izena zein den inon topatu ez dugun arren, leku ederra iruditu zitzaigun, ardiek erabilitako aterpe bat inongo zalantzarik gabe. Hormek kolore gorri bizia dute eta zulo handi batzuk, leihoen moduan, argitasun berezi bat ematen diote. Lezea alderik alde zeharkatu ondoren, bestaldean sastraka eta arantzez betetako baso itxi bat besterik ez genuen ikusi: "kaka zaharraaaaa!!!".

Leiho bat ikusten ez genuen argitasunera.


Buelta hartuz, lezetik atera eta bidera itzuli ginen.

Lezearen sarrera barrutik ikusita.


Ez zen denbora luzea igaro jarraitzen ari ginen bide zapaldua pagoen artean desagertu zen arte. Ezin genuen sinetsi. Aurrera ematen genuen pausu bakoitzarekin gure umore eta moralak atzera egiten zuen. Eta gainera telefono estaldurarik gabe geunden, etxera berandu iritsiko ginela abisatzeko!!!!

Desesperatzen hasiak geundenean puntu gorriz markatutako bide bat topatu genuen:

- A tomar por sako, hemendio jarraittuko deu ta nubaitten azalduko gea - proposatu nion Asierri atsekabetuta.
- Hobe deu bai.

Kuriosoa da erabat galduta ibili ondoren "zibilizazio" zantzua islatzen duen edozein gauzak moralean zein eragina izan dezaken, kasu honetan puntu gorri batzuk. Ez dakit puntu hauek zenbat denboran ezta zenbat metroetan (edo kilometroetan) jarraitu genituen berriro ere giza ahots batzuk entzun arte:

- Hara, hango harkaitzen gañen jendea dau - esan zidan Asierrek.
- Ostia, harkaitz hoi ez al da Ziordiako espoloia? - galdetu nion.
- Ba oain esatezula baietz esango nuke.

Puntu gorriz markatutako bidea utzi eta harkaitzera hurbiltzearekin batera, susmoa egi bihurtu zen: Ziordiako ezproiaren parean geunden:

- Behintzat oain nun garen badakigu.

Hemendik aurrera, askotan jarraitutako bidetik harrobia zeharkatu eta, Ziordiako ezproiaren hegoaldetik pasatuz, Eginora itzuliko gintuen zeharkaldi luzearekin hasi ginen. Biderik ez galtzeko, eskuinean genuen hormatzarra erreferentzi bezala hartuz ibili ginen. Gure moralak berriro ere gora egin zuen pista zabal batekin topo egin genuenean.

Bost orduetako ibilaldiaren ondoren, arratsaldeko bostak eta erdietan Eginora iritsi ginen. Urik gabe, deshidratatuta, eguzkiagatik erreta, hankak urratuta, eta etsita, oso etsita. Mendira aske eta bizirik sentitzera joaten bagara ere, sentimendu horietatik oso urrun geunden, urrunegi beharbada. Motxilak kotxearen ondora bota eta, itsasontzi batek erreskatatutako naufragoen moduan, Eginoko iturrira ziztu bizian joan ginen egarria itotzeko asmotan.

- Eztet uste gaur indeun buelta eskaladore askok inda izangoutenik - esan zidan Asierrek.
- Nik ere eztet uste.

Abentura honetan bizitakoaren ondoren, argi gelditu zitzaiguna zera zen: jaitsierako biderik seguruena, nahiz eta luzeagoa izan, La Lezekoa dela, "Iturrimurri" ezproia amaitzen den lekura arteko bidea ongi ezagutzen ez bada behintzat.

- Gustatuko litzaidake GPS batekin jakittea nundik ibili gean - esan zidan Asierrek kotxean sartu zenean.
- Flipau ingo genula ustet - erantzun nion - Gaur gutxiñez "más vale malo conocido que bueno por conocer" esaerak diona earki ikasi deu.
- Ya lo creo - erantzun zidan - eztet uste beize pasako zaigunik.

Kotxearen motorra martxan jarri eta, elizaren ondotik pasatuz, Egino utzi genuen. 

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyren bloga. 2017/05/23. Egino: "Joe Marmota" bidea, 110 m, 5b. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/05/egino-joe-marmota-bidea-110-m-5b.html
- Smithyren bloga. 2012/03/19. Egino, Xabier bidea, 200m. MD, 6a+ (derrigorrez V+), 2012/03/17. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2012/03/egino-xabier-bidea-200-m-md-6a.html
- Smithyren bloga. 2013/07/04. Egino, Txitxibiritxi bidea, 250m, 5c (5b behartua), 2013/06/30. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2013/07/egino-txitxibiritxi-bidea-250-m-5c-5b.html
- Smithyren bloga. 2014/01/17. Egino, Iturrimurri ezproia, 200 m, 4c (4c behartua), 2014/01/11. Eskuragarri:http://www.smithyrenbloga.com/2014/01/egino-iturrimurri-espoloia-200-m-4c-4c.html


2 iruzkin:

  1. Ostia! Iturrumurriko jaitsiera hori topatzeko lanak eta bi izan genituen guk ere. Irakurtzen ari nintzela pentsatzen ari nintzen "hauek kapazak dituk Ziordian agertzeko". Ederra abentura.
    Gortu

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa Gortu,

      Nire ustez gakoa Elmer, Susi... bukatzen diren lekutik Iturrimurri bukatzen den lekura iristea da, hemendik aurrera, ezabatu ez badira behintzat, puntu gorriak daudelako.
      Pentsatzen ari naiz goiz "tontoren" batean GPS-a hartu eta La Lezeko eta Iturrimurriko jaitsierak grabatzea blgean eta wikiloc-en partekatzeko. Ea denbora hartzen dudan.

      Ezabatu