AZKEN 10 SARRERAK

2020/08/30

URUEL PUNTA (PEÑA OROEL), IPAR HORMA (1.770M): "MAYENCOS" BIDEA, III. 2020/08/07

Uruel Puntako gurutzea ilargiaren argipean...


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Hamaika orduko ibilaldiaren ondoren, furgonetara eguzkiak gogoz jotzen zuenean iritsi ginen. Oso zoriontsu geunden Midi-an eginiko lehen eskaladarengatik, nahiz eta Ekialdeko Kontrahormaren eskalada “erraza” den. Baina zoriontasunaren parekoa zen gainean genuen nekea eta biharamunerako pentsatutako ibilaldia ez zen makala.

- Ta Peña Oroeleko Mayencos itten badeu? – Proposatu zidan Asierrek -, oso politte da, ta hola Beñatekin hitzeitteko aukera izangoet.

Beñat, Asierren Alpeetako abenturetako sokalaguna izan da azken urteotan. Koronabirusaren ondorioz Suitzak kanpotarrei mugak ixteak eragin zuzena izan zuen beraien aurtengo planean, horregatik mendi ibilaldia plan berriak adosteko aprobetxatuko zuten.

- Negatio primeran!!! – erantzun nion -, hola etxeare goiz iritxiko gea.

Beñati deitu eta bera ere "Mayencos" bidea eskalatzera animatzen zela erantzun zigunean, Jacara zuzendu ginen.

Jacan izan edo bertatik pasa naizen bakoitzean zeharka begiratu izan diot Peña Oroel (edo Uruel Punta) mendiari, bertako gailurrean egunen batean izango nintzela amestuz. Duen itxuragatik, Beriain gogorazten dit, Sakanako zaindariaren moduan ezerezetik ia mila metroetan altxatutako mendi luze eta amiltsuaren itxura duelako. Txikia badirudi ere, mendi honek 1.770 metroetaraino luzatzen da, gure Aketegi maitea baino 200 metro gehiago.

Mendi bakartia izanda, Jacako zoko guztietatik da ikusgai, horregatik ez da harritzekoa kondaira eta pertsonai mitologikoez zipriztindutako mendia izatea. Izan ere, kondairak dio bertako gailurrean suak piztuz Aragoiko errekonkista hasi zela. Mendiaren magalean herensuge bat omen dabilela ere esaten da, baina guk ez genuen ikusteko zorterik izan. Honegatik guztiagatik jacatarrek asko igotzen duten mendia da.

Uruel Puntaren ipar horma egunaren azken argiekin argitua.


Izenari dagokionez, Punta Uruel bezala ere ezaguna da eta izen hau da aragoiar akademiak onartzen duena. Izen hau nondik datorren? Teoria ezberdinak daude: batetik Oriol izenetik etorri daitekeela esaten da eta bestetik latinaren “aurum” (urre) izenetik. Azkenik “ur-“ (ura, altua) hitz prerromanikoan jatorria duen teoria ere badago.

Harkaitzari dagokionez, konglomeratuz osatutako mendia bada ere, ondoan dauden Riglos edo Peña Ruebako konglomeratuarekin zerikusirik ez dauka, harria oso hauskorra delako. Beharbada honegatik mendi osoan eskalada-bide bakarra dago, 1961 urtean Montaner eta Rabadak ipar-mendebaldeko ezproian irekitakoa (200 m, 6b).

“Mayencos” bidea, Jacako izen bereko elkarteak irekitakoa da. Bideak Punta Uruelen ipar horma ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du amildegian zintzilik dauden erlaitz eta paxa ezberdinak lotu eta Uruel Puntako gailurrean bertan amaituz. Bide honen irekiaren nondik norakoak ez ditut topatu, ez noiz, ez eta nola ireki zen, baina adimenez irekitako bidea da, hormak dituen ahuldadeak aurkituz gailurreko gurutzera zuzen-zuzen iristen dena.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Aparkalekutik gailurrera 2 kilometro eskas.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzerik eskalatu baina bi luze eskalatu daitezke.
- Nork irekia: Jacako Mayencos elkarteak.
- Zailtasuna: III. luzez-luze, bi luzeak eskalatzen baditugu: 1ºL: III (15 m) eta 2ºL: III (15 m).
- Orientazioa: Iparraldea. Udan goizean bero handia pasa daiteke.
- Ura: Oroelgo paradoreko aparkalekuan dagoen iturrian.
- Hurbilketa: Oroelgo Paradoreko aparkalekutik Uruel Puntara doan bide normala 50 metro inguruan jarraitu eta ur depositu baten hondakinen ondoan bidea utziko dugu basoan sartzen den bidexka jarraituz. Tarteka mugarriak eta tarteak puntu nahiz gezi gorriak jarraituz, bideak Uruel Puntaren ipar horman zehar eramango gaitu gailurrera iritsi arte. Tartean eskalatu beharreko bi puntu topatuko ditugu: bi erlaitz nagusien arteko lotura den tximini bertikal bat (15 m, III) eta gailurrera iritsi aurreko horma inklinatu bat (15 m, III).
- Jaitsiera: Uruel Puntako bide normaletik. Ordu betean aparkalekura itzuliko gara.
- Eramandako materiala: Kaskoa ezinbestekoa da. Honetaz aparte, eskalatzeko ohiturarik ez badugu 30 metroetako soka bat eta dozena erdi bat express-zintetik nahikoa izango dugu.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora. Aparkalekutik gailurrea ordu eta hogeita bost minutu.

BI OHAR GARRANTZITSU: Batetik, Oroelgo Paradorearen aparkalekuan kanpatzea eta ibilgailuen barruan lo egitea debekatuta dago. Bestetik, Uruel Puntan abenduaren 1etik uztailaren 31ra eskalada debekatuta dago.

Eskaladaren (eta txirrinduen) debekua adierazten duen kartela.


Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokisa.


DESKRIBAPENA

Jacako taberna batean bazkari-merienda-afaria egin ondoren, Oroelgo Paradoreko aparkalekura iritsi ginen bertan lo egiteko asmoz. Aparkalekuaren inguruko pinudian sakabanatutako harrizko mahaiak, eguzkiaren azken izpiak itzali arte naturaz gozatzera igotako familiek okupatuta zituzten:

- “Prohibido acampar” – esan zidan Asierrek aparkalekuaren ondoko kartel koloretsu bateko debekua irakurriz.
- Pentsatzet kanpiñe jarri behar dutenentzat izangoela – erantzun nion.

Aparkalekuko iturriaren ondoan furgoneta utzi eta, ilunabarrak mendiari eman zion urre kolorea aprobetxatuz, goitik behera argazki pila egin genizkion:

- Ba hemen kotxen ere ezin dela loik ein esateu – esan zidan Asierrek furgonetaren ondoko egurrezko poste bat seinalatuz.

Egurrezko kartel honetan “no está permitida la pernocta en cualquier tipo de vehículo” irakurri zitekeen, dekretu bati erreferentzia eginez. Aparkalekua husten ari zela ikustean, zer egin ez genekiela geratu ginen: hemen lo egin eta isuna jasotzera arriskatu ala parkearen mugaraino jaitsi eta lo egiteko leku baten bila hasi? Guardia Zibilak gauean esnatzerik nahi ez genuenez, bigarren aukera hartu genuen.

Ibilgailuetan lo egitea debekatzen duen egurrezko kartela.


Maldan behera hasi ginen parkearen mugaren bila. A-1205 errepidera iristear geundela, bidegurutzera iritsi baino 30 metro lehenago eskuinean (jaitsierako noranzkoan) dagoen zabalgune batean furgoneta aparkatu genuen, parkea hasten dela adierazten duen lehen karteletik 20 metro ingurura: “gutxiñez legalki lo ingodeu”.

Gaua ez zen nahikoa izan bezperako 38 graduak freskatzeko. Lo-zakuaren gainean lo egitera behartuta, batera eta bestera mugituz, bero handia pasa genuen. Goizeko zazpietarako aparkalekura itzuli eta harrizko mahaietako batean bezperako gosariko hondarrak gosaldu genituen.

Egunaren lehen argiak Uruel Puntaren ipar-horman. Ilargia gurutzearen gainean ikusi daiteke.


Asierren aholkuari jarraituz (bidea lehendik eskalatua zuen), hiruentzat 30 metroetako soka bat, dozena erdi bat express-zinta eta zinta-uztai luze pare bat hartu genuen. Bakoitzak bere kaskoa eta arnesa motxilan eramango zuen.

Egunsentiaren miraria.


Geratu ginen bezala, goizeko zazpiak eta erdietan, egunsentiaren lehen izpiek ipar horma argitzen hastearekin batera Beñat iritsi zen. Derrigorrezko agurren ondoren, Beñati motxila prestatzeko denbora eman eta dena prest zuenean martxan jarri ginen.

Ibilbidearen hasieran.


Aparkalekutik Uruel Puntara doan bide normala hartu genuen, hegoaldeko noranzkoan pinudian sartzen den bide nabaria. Bidea jarraitzen hasi ginenetik 25-30 metrora, “Cruz” kartela iltzatua duen pinu zahar baten ondoan, bide normaletik atera eta ur-depositu zahar baten hondakinak eskuinean utzita basoan gora hasten den bidexka jarraitzen hasi ginen.

Bide normala uzten den lekuan.


Bidexkak galtzeko arriskurik ez dauka eta basoan gora zeta ezberdinak osatzen ditu metroak azkar irabaziz. Goiz bazen ere, aldapak eta eguzkiaren berotasunak lehen izerdi tantak bota arazi gintuen, abiadura jaistera behartuz.

Asier eta Beñat beraien planak egiten eta desegiten ari ziren bitartean, argazkiak egiteari eman nion, bidearen txoko identifikagarriak erretratatuz.

Txoko identifikagarrietako bat.


Ibiltzen hasi ginenetik hogei minutu eskasera ibarbide harritsu batera iritsi ginen.

Ibarbide harritsua zeharkatzen.


Harrien gainetik kontu handiz pasatuz ibarbidea zeharkatu eta berriro ere basoan sartu ginen malda gogor baten ondoren horma bertikal batekin topo egin genuen arte:

- Hemen interneteko argazkitan azaltzean puntu gorrie dau – esan zidan Beñatek.

Bideak horma bertikalaren eskuinetik jarraitzen du. Puntu gorria gure ezkerrean utziz, hurrengo metroak eroritako zuhaitz baten enborraren gainetik oreka mantenduz egin genituen, berriro ere basoan sartzen den bidexkara iritsiz.

Puntu gorria (ezkerrean) eta eroritako zuhaitza.


Hemendik aurrera bidea hain nabarmena ez bada ere, topatzen diren puntu eta gezi gorriak jarraituz galtzeko arriskurik ez dagoela iruditu zitzaidan.

Bidean margotutako gezi gorrietako bat, bide egokia jarraitzen ari garenen seinale.


Basoan metroak irabazten genituen heinean ipar-horma bertikala hurbilduz zihoan. Malda bat igo ondoren bigarren horma bertikal batekin topo egin genuen eta hemen ere, gezi gorri bat jarraituz, eskuinera hartu genuen.

Bigarren horma saihesten.


Basoaren muga adierazten duten azken pinuetara iritsi ginenean, horma eguzkiaren argipean zegoela ikusita, eguzkitako krema emateko eta kaskoak jartzeko atseden motz bat hartzea erabaki genuen:

- Bazpare, ea goien putren batek harrin bat bota behar digun, jejeje – esan zidan Asierrek.

Atsedenaldia egiten ari ginen bitartean, gainetik genuen tximini bertikal, luze eta nabarmen batek atentzioa eman zigun:

- Hoi Rabadan bidek igotzeun tximinia da? – galdetu zidan Asierrek.
- Ezetz esango nuke – erantzun nion -, Rabana ipar-mendebalden gelditzea.

Etxean tximini honen inguruko informazio bila aritu naizen arren, ez dut ezer topatu. Uste dut harri txarrekoa izango dela, urrutitik hain nabarmena, bertikala eta ikusgarria den tximinia bat eskalatuta ez dagoela sinestea zaila egiten baita.

Basoaren ertzean, atsedena egin aurretik. Itzalpean dagoen horman tximini bertikal eta nabaria ikusi daiteke.


Eguzkiaren izpien erreduretako eta harrien erasorako babestuta, mendebaldeko noranzkoa hartu genuen hormari itsatsita doan ageriko erlaitz edo paxa estu bat jarraituz.

Erlaitz estuan.


Noizik eta behin eskuen laguntzarekin hormatxo etzan bat igo eta erlaitz edo paxa berri batera iritsi ginen noranzko bera mantenduz. Beriaingo hego hormako paxak gogora etorri zitzaizkidan.

Paxen arteko hormatxoa igotzen.


Denbora gutxian Oroelgo Paradorea oso behean gelditzen da.


Bat-batean, hormak osatzen duen ezproi zabal moduko batera iritsi ginenean, amildegi handi batek bidea ixten zigula ikusi genuen.

Hormak osatzen duen ezproi zabalera doan erlaitz estuan.


- Lehenengo tximinie hortxe dau – esan zigun Asierrek ezkerrean genuen tximinia seinalatuz.

Tximinia ezproitik ikusita.


Amildegiari eta ezproiari bizkarra eman eta, horiz margotutako iltze pare bat duen hormatxo inklinatua eskalatuz tximiniaren oineraino igo ginen.

Tximiniara hurbiltzen, argazkian lehen iltzea ikusi daiteke.


Gelditu gabe, Asier tximinia eskalatzen hasi zen, bi hormetako bolo handietan oinak jarriz. Beñaten kezkarik handiena bideak dituen bi eskaladatxoetan solturaz ibiliko zen ala ez bazen ere, Asierren eskalatzeko erraztasunaz animatuta edo, bera ere erraztasun handiz eskalatzen hasi zen.

Tximiniaren lehen metroetan.


Tximiniak 15 metro inguru izango ditu eta, azken metroetan behintzat, tentea jartzen da (III). Dena den, bi hormetan oinak segurtasunez jartzeko bolo nahikoak daudenez, eskalada ez zitzaigun hain zaila iruditu.

Tximiniaren erdialdean.


Bata bestearen atzetik, bi hormetan hankak irekita mantenduz tximinia arin eskalatu genuen, honen gaineko paxa zabalera iritsiz. Arrisku bakarra tximiniaren erdiko eta paxara iritsi aurreko metroetako harri askeetan ikusi genuen, tximinian behera botatzeko arriskua egon daitekeelako. Guri eskalada hau erraza iruditu arren, pentsatzen dut harkaitz bustia badago eskalada hau konplexuagoa izango dela eta beharbada soka ateratzera ere eskatuko duela.

Tximiniaren tarterik tenteenaren amaieran.


Bidearen lehen oztopoa atzean utzita, paxa mendebalderako noranzkoan jarraitzen hasi ginen, iltze hori bat duen horma makurtu baten ondotik pasatuz.

Paxa zabalaren lehen metroetan.


Iltzea atzean utzita, paxak, pinu artean, makurtua dagoen horma bati itsatsita jarraitzen du. Orain arteko eguzkiaren izpien berotasunetik babestuta, pinuen arteko itzal "freskoa" eskertu genuen.

Iltzea sartutako horma makurtua.


Horma makurtua eta pinuak desagertzen diren lekuan, erlaitz estua duen horma inklinatu bat zeharkatuz jarraitzen da, zaila baino ikusgarriagoa dena. Hemen ere pentsatzen dut harria bustia egonez gero kontu handiz ibili beharreko lekua izango dela.

Horma inklinatuaren zeharkaldiaren lehen metroetan.


Zeharkaldiaren amaieran, mugarri ezberdin batzuen atzetik, zuhaixka eta zuhaitz lehorrez tapizatutako malda bat igo genuen.


Puntu gorri eta gezi gorrien arrastoa jarraituz, enbor zuridun pinu erori eta hildakoen tarte bat zeharkatu genuen, Uruel Puntaren gailurretik iparrera amiltzen den ezproi nabarmen eta zabalera zuzenduz.

Enbor zuridun pinu erori eta hildakoen tartean.


Ezproiaren ertzean dagoen zuhaitz berezi eta deigarria, azpian Jaca ikusi daiteke.


Ezproi zabal honetara iritsi ginenean, honen ertzetik hormatxo erraz bat igoz gailurreko gurutzera zuzenean zuzendu ginen, bidearen azken oztopoarekin topo egin genuen arte: gailurrera iritsi aurretik eskalatu behar den horma inklinatua.

Hormatxora zuzentzen, zailtasunik ez dauka.


Hormatxoa atzean utzi ondoren, gailurrera daraman azken eskaladatxora zuzentzen.


- Akordatzen naiz aurrekon igo nunen zati honek inpresio pixkat eman zitela – aitortu zigun Asierrek hormara iritsi ginenean.

Tximinian bezala, hemen ere gelditu gabe eskalatzen jarraitu genuen.

Hormaren eskaladaren lehen metroetan.


Horma honek 15 metro inguru izango ditu eta, hemen ere, iltze batzuk seguru gisa harkaitzean sartuta daude.

Horman dagoen iltzeetako bat.


Bertako bolo eta helduleku sendoetatik tira eginez eta hauetan oinak jarriz horma berehala eta zailtasunik gabe eskalatu genuen (III).

Eskaladaren amaieran, azpian Oroelgo Paradorea ikusi daiteke.


- Zemuz? – galdetu nion atzetik zetorren Beñati.
- Oso ondo, uste baño askoz errexago.

Beñat eskalada amaitzen, behean, urrun, Jaca.


Hormaren irteeratik metro gutxi batzuk ibiliz Uruel Puntako gurutzera iritsi ginen. Kuriositate moduan esan, gurutzea, 9 metroetako altuera duena, 1902 urtean altxatu zela.

- Ze ordu da? – galdetu nien.
- Beatzik eta bost – erantzun zidan Beñatek.
- Joe, azkar igo deu…

Gailurrera igotzeko ordu eta hogeitabost minutu behar izan genuen, Asier eta biok aurreikusita genuena baino askoz gutxiago. Gutaz gain, korrika igo zen mendizale bat zen gailurreko bisitari bakarra. Kaskoak eguzkitako txapelengatik ordezkatuz, Uruel Puntak eskaintzen duen ikusmira itzelaz gozatzeko denbora lasaitasunez hartu genuen.

Jaca.


Uruel Puntatik iparrera egindako panoramika.


Iragarritako bero handiaren beldur gailurrean ez genuen denbora luzea egin. Gurutzearen azpian argazki pare bat egin genuenean beherako bidea hartu genuen.

Taldeko argazkia.


Jaitsiera bide normaletik egin genuen, arin, eguzkiaren berotasunetik eta goraka zihoan jendetzatik ihes jungo bagina bezala. Ordu betera iritsi gabe, aparkalekuko iturrian zintzurra freskatzen ari ginen.

Trasteak kotxean jasotzen genituen bitartean Asier eta Beñatek mahai gaina asmo, amets eta planez bete zuten, suitzarrek zapuztutako plana berreginez. Plana erdi-adostuta zuztenean, Beñat agurtu eta etxerako bidea hartu genuen.

Interneteko hainbat zokoetan bidean harri solte pila dagoela irakurrita bagenuen ere, eskalatzera behartzen duen lekuetan harria sendoa zegoela iruditu zitzaigun, nahiz eta bertikaltasuna galtzen den lekuetan harri solteak egon. Harriari dagokionez, tximiniaren irteeran izan ezik, bide segurua dela iruditu zitzaigun.

Mendi batera ibilbide “xelebre” batetik igotzen denean, mendia berriro ere ikustean zaila izaten da begirada igotako bidera ez zuzentzea. Jacako sarreran dagoen gasolindegian gelditu ginenean, furgonetatik jaitsi eta mendiari begira gelditu nintzen, igotako ibilbidea ikusmenarekin irudikatuz. Argazki kamera eskuetan, Asierrek erregai nahikoa zuela esan zidanean Uruel Puntari azken argazki batzuk egin eta etxerako bidea hartu genuen.

Uruel Punta Jacatik ikusita.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Un Paseo por el Pirineo bloga. 2014/07/02. Peña Oroel (1770 m) por la vía Mayencos (IIIº). Eskuragarri: https://pirineodeluis.blogspot.com/2014/07/pena-oroel-1770-m-por-la-via-mayencos.html
- Mendikat web orria. 2019/10/29. Oroel (1.770 m). Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/8441


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat