AZKEN 10 SARRERAK

2020/09/08

BISAURIN (2.670 m): "EDELWEISS"-EN BIDETIK, PD/II+. 2020/08/14

"Edelweiss"-en bideko protagonistak.


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Gogoko dut mendian bakarrik ibiltzea eta gogoko dut mendian bakarrik bide bakartietatik ibiltzea ere. Mendiaz gozatzeko modurik intimoena dela iruditzen zait, baita sakonena ere. Inguratzen nauenari arreta gehiago jartzen diot, zentzu guztiak aktibatuz: erreketako saltoen zurrumurrua belarrietan, haizearen fereka azalean, egunsentiko ihintzak bustitako belarraren usaina sudurrean, harkaitz nahiz zoruaren ukimena esku eta oinetan, egunsentiko zeruen gorritasuna begietan eta iturri freskoetako zaporea ahoan. Norbait aurreratu baino lehen bizipen hau “Mendizaletasuna bakardadean” edo, egungo modari jarraituz, “mountaineering alone” bezala bataiatu eta patentatu beharko dut, anglizismoak erabiltzea, nola ez, beti ere ukitu “eleganteagoa” ematen duelako, jejeje.

Etxe ondoko mendietan bakardadean askotan ibiltzen banaiz ere, Pirinioetara bakardadean eginiko irteerak eskasak izan dira, Pirinioak “urrun” egoteaz gain, etxean geratzen direnen kezka motxilan eramatea pisu astuna izaten delako. Eta etxekoak lasai ez badaude ni ere nekez izango naiz lasai.

Aspaldi nenbilen “Edelweiss”-en bidea igotzeko gogoz, Bisaurineko bide normal jendetsutik urrun, gailurrera iristeko Ibilbide erraza, elegantea eta bakartia, batez ere bakartia, delako. “Mountaineering alone” teknika praktikan jartzeko bide aproposa, jejeje. Bide honetako lehen kronika 2010ekoa da, “Sendero Límite” web orrian azaltzen dena hain zuzen ere. Bidea, harri soltez beteriko kanal inklinatu bat “besterik ez da”, Balellaza orratzek osatzen duten lerroaren eskuinean paralelo dagoena.

Nire asmoa sinplea zen: goizean goiz etxetik atera, Bisaurinera igo eta bazkaltzeko etxera itzuli. Guztira, nire kalkuluen arabera, hamaika ordu inguru (bost kotxez eta sei mendian) eramango ninduen, beraz, goizeko lauetan ateraz gero arratsaldeko hiruetarako etxean izango nintzen. Kalkulu hauek guztiak egiteko, Antton Landabururen blogekoa eta Arhurlee-k Mendiak.net web orrian idatzitako kronika paregabeak primeran etorri zitzaizkidan, biak hala biak kronika oso gomendagarriak. “Kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak” atalean bi kronika hauetarako estekak dituzue.

IBILBIDEA

Ibilbidea Lizarako aterpean hasi nuen. Bisaurineko bide normala "Puerto de Bernera" adierazten duen egurrezko postean utzi eta GR-11 bidea "Refugio de los forestales" aterperaino jarraitu nuen. Aterpean GR-11 ibilbidea utzi eta maldan gora hasi nintzen La Balellazako orratzetara zuzenduz. "Edelweiss"-en bideak La Balellazako orratzen eskuinean dagoen kanal harritsu bat igotzen du. Kanala igo ondoren (II+), izenik gabeko tontor harritsu bat igo nuen eta, gailur honen atzeko gandorraren ahotik jarraituz, Fetas gainara igo nintzen. Amaitzeko, Fetas gaina eta Bisaurinen arteko gandorra jarraitu nuen.   

Jaitsiera Lizarako bide normaletik egin nuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 11 kilometro.
- Punturik baxuena: Lizarako aterpea, 1.515 metro.
- Punturik altuena: Bisaurin, 2.670 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.200 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Zailtasuna: II+ zailtasuneko hormatxo bat. "Edelweiss"-en bideak jarraitzen duen kanalan harri solte asko dago.
- Ura: Lizarako aterpean ura hartu daiteke.
- Jaitsiera: Bisauringo ohiko bidetik ordu eta laurden inguruan Lizarako aterpean egongo gara.
- Eramandako materiala: Kaskoa ezinbestekotzat jotzen dut.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Lau ordu eta erdi eskas, atsedenak barne.

OHARRA: Lizarako aparkalekuan edo aterpearen inguruan kanpatzea edo edozein ibilgailuan lo egitea debekatuta dago.

Aparkalekuan furgoneta bati jarri zioten oharra.


Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Alarmak goizeko laurak hamar gutxiagoan jo zuen. Bost orduko loaldi laburraren ondoren, oraindik erdi-lo, ohetik jaiki, bezperan prestatutako arropa jantzi eta Itziri “bazkaltzeko etorriko naiz…” esan ondoren, laurak jota errepidera bota nintzen.

Aharrausika, errepideari kilometroak janez joan nintzaion, lo ez gelditzeko Oskorriren agurreko kontzertuko abestiak behin eta berriz entzunez, behin eta berriz oihuka abestuz: “EZ AL DAKIZUUU EUSKARA DELA EUSKALDUN EGITEN GAITUENAAAAAA!!!” Egun osoko bakardaderik handiena bidai honetan sentitu nuen. Gauaren iluntasunean galdua, nire mundua kotxera eta honek argitzen zituen metro eskasetara mugatzen zen, iluntasunaren itxitura nabariagoa eginez: “FURRA FURRA FANDANGUA HORTXE DUZU FANDANGUA GEURE GUSTUKUAAAAAA!!!”. Goizeko seiak eta erdi eman baino lehen Lizarako aterpearen ondoko aparkalekura iritsi nintzen: “GURE VIOLETA MAITEA DANTZAN EGIZU MARTXEAAAAAA!!!”.

GPS-ak sateliteak ehizatzen zituen bitartean, motxila eta makuluak maletategitik hartu nituenean kopetako linterna etxean ahaztuta utzi nuela konturatu nintzen: “GPS-ari jarraituz galtzeko arriskuik eztau”, pentsatu nuen. Goizeko seiak eta erdi pasatxoan iluntasunean Bisauringo bide normalean gora hasi nintzen, aterpearen ezkerrean hasten den pista zabaletik, hain zuzen ere.

Zorua bustia topatzeak harritu ninduen, baita izarrak hodeiez estaliak zeudela ikustea ere, zaparrada batek eguraldi onaren aurreikuspenari muzin egin nahi izan balio bezala. Aparkalekua utzi nuenetik hamar minutu eskasera, “Puerto de Bernera” adierazten duen egurrezko postean, Bisaurinera doan bide normala utzi eta postearen ondoan jaiotzen den bidexka jarraitzen hasi nintzen.

Bernerako mendatera joateko adierazten duen egurrezko postea, ezkerrean Bisaurineko bide normala.


Hasiera batean kosta egin zitzaidan Odelca aterpe txiki eta irekia ikustea, atzean duen horman mimetizatuta zegoelako.

Ordelca aterpea hormarekin mimetizatua.


Aterpera iritsi gabe, bere azpitik jarraitu nuen Bernerako sakanaren ahora hurbilduz. Tenperaturari dagokionez, Lizaran giroa fresko bazegoen ere, metroak irabazten nituen ahala aire bero batek giroa epeltzen hasi zuen, aparkalekuan jantzi nuen polarra eranztera behartuz. Beroa sentitu arren, zeru ilunak kezkatuta ninduen: “ez du ebiik ingo, ezta?”. Eguraldi lehorra iragarrita zegoen, zeruan hodeiren batekin, baina lehorra. Zerua aldiz, gris eta iluna, ez zidan konfiantza handirik ematen.

Bernerako sakanaren ahoan. Puntu zuriz, sakana zeharkatzeko jarraitutako bidea. Zerua ilun...


Lokartutako behien artean altuera irabazten nuen heinean, egunaren lehen orduko argiek Bisaurinek eta Bernera mendiguneak osatzen duten Bernerako sakanaren testurak azaleratu zituzten. Egunsentiaren ikuskizuna martxan bazen ere, nire arnasketa azkar eta bihotzaren taupaden “bum-bum-bum-bum-bum” hotsen gainetik ez nintzen ezer sentitzen ari. Bazkaltzera goiz iristeko konpromisoaren pisuak presionatzen ninduela ohartu nintzen eta honegatik arin nindoan, arinegi, inguratzen ninduenaz gozatu gabe. Bidearen ertzean gelditu eta nire buruari “Ze ostia Smithy??? Polikigo, joderrr!!!!” oihukatu behar izan nion. Oihua sakaneko hormetan errebotatuz oihartzun moduan urruntzen zen bitartean, bihotz taupadak, arnasketa eta burua bere onera ekarriz lasaitu nintzen.

Abiadura lasaiagoa hartu nuenean inguratzen ninduenaz kontzienteki jabetzen hasi nintzen, orain arteko itsutasuna bazterrean utzi eta berriro ere ikusten eta sentitzen hasiz. Sakanaren sarrera izan zitekeen langa bat atzean utzi eta, hartxingadi bat alderik alde zeharkatuz, metroak azkar irabazi nituen, orain arte urrun zegoen errekaren ondora iristeko.

Bernerako sakanako langa.


Atzera begirada, jarraitutako bidea nondik doan atzeman daiteke.


Parean nuen ikuskizunak Eskoziako Highlands edo “Goierriko” lautada bat ekarri zidan burura: erreka saltariak belar berde eta freskoan sakabanatutako harkaitz-blokeen artean sigi-saga egiten zuen bitartean, hodeien artetik ihes egitea lortzen zuten eguzkiaren izpiek paisaiari ukitu mitologiko bat ematen zioten. Momentu hartan ez nintzen harrituko haizeak ekarritako gaita eskoziar baten nota urrunak entzutean.

Eskoziar paisaiak. Argazkiaren ezkerreko erpinean La Balellazako orratzak ikusi daitezke.


Oraindik maitagarriz, behi ilegorri iletsuz eta gonaz jantzitako gizonez pentsatzen jarraitzen nuen, bihurgune baten atzean, "Refugio de los forestales" edo “Caseta de Bernera” aterpe irekia lehen aldiz ikusi nuenean.

"Refugio de los forestales" aterpea lehen aldiz ikusi nuenean...


Goizeko zortziak hogei gutxi ziren “Refugio de los Forestales” aterpera iritsi nintzenean.

"Refugio de los Forestales" aterpe irekia.


Orain La Balellazako orratzak lokalizatzea zen garrantzitsuena, orratzetara zuzendu beharra nuelako. Aterpetik gora begirada altxatu eta, parean nuen harrizko hormaren ezkerrean ikusi nituenean, aterpetik gora jarraitu beharreko bidea irudikatzen hasi nintzen. Perspektiba ez galtzeko argazki batzuk egin nituenean, orain arte jarraitutako GR bidea utzi eta, mendebaldeko noranzkoan zelaian gora hasi nintzen.

La Balellazako orratzak aterpetik ikusita eta lehen metroetan jarraituko nuen bidea.


Oso nabaria ez den bidexka bat jarraituz metroak irabazten joan nintzen pixkanaka ezkerrera (hegoaldera) desbideratuz.

Bernera mendigune ikusgarria.


Noizik eta behin mugarri batek bide zuzenetik nindoala adierazten zidan. Lepo moduko batera iritsi nintzenean, honen bestaldean Anttonen eta Arthurlee-n kroniketan irakurrita nuen malda gogorra ikusi nuen. Arthurlee-k malda zuzenean igo bazuen ere, Anttonek eskuinetik igota zuen, belarrez estalitako kanal zabal batetik. Bi aukerak balioztatu ondoren bigarrena hartzea erabaki nuen.

Lepotik aurrera aukeratu nuen bidea. Arthurlee-k ezkerrean ikusten den zelaia zuzen igo zuen.


Lepoaren bestaldean, harri batzuen gainetik pasatu ondoren, kanalean gora hasi nintzen abiadura motelduz. Abiadura motela eramaten banuen ere altuera azkar irabazi nuen, "Refugio de los Forestales" aterpea mendiaren handitasunean puntu txiki bat bihurtu zen arte.

... "Refugio de los Forestales" aterpea mendiaren handitasunean puntu txiki bat bihurtu zen arte.


Makuluak lurrean tinko sartu eta besoekin indarra eginez kanalaren amaierara iritsi nintzenean nire aurrean harri biluziaz osatutako haran bat azaldu zen. Haran honetan sartu gabe, ezkerrera (hegoaldera) zuzenduz, harkaitz-bloke batzuen gainetik igaro eta, eskuinean nuen hormaren ondotik mantenduz, altuerarik irabazi gabe zuzen jarraitu nuen La Balellazako orratzetara iritsi nintzen arte.

Kanalaren amaieratik La Balellazako orratzetaraino jarraitu nuen bidea.


Atzera begirada. Puntu zuriz igotako kanala adierazi nahi izan dut.


Orratzen oinera iritsi gabe, nire eskuinean “Edelweiss”-en bidearen hasierara iristeko igo behar den kanal belartsua eta honen ezkerreko harkaitz berezia identifikatu nituen.

Bidearen oinera iristeko igo behar den kanal belartsua.


Bitan pentsatu gabe kanala kontu handiz igotzen hasi nintzen, belarra badu ere kanaleko harri solteek igoera errazten ez dutelako.

Behera begirada, ikusmira zoragarria da.


Kanalean metroak irabazten nituen heinean, lehenago edo beranduago parean nuen hormak bidea itxiko zidala ikusi nuen.

Bidea ixten duen horma eta honen gainetik jarraitu behar den bidea.


Hormara iritsi nintzenean, honen eskuinean harkaitz-bloke handi batek itxitako kanal estu bat ikusi nuen, baita “Edelweiss”-en bidearen hasieraren adierazgarri gisa harkaitz-zubi batetik pasatako soka ere.

"Edelweiss"-en idearen hasiera. Parean, bidearen hasieran eskalatu behar den harkaitz landatua, bide osoko zailtasun teknikorik handiena (II+).


Motxila lurrean utzi eta bertatik kaskoa atera nuenean, motxilan neraman barratxoetako bat jateko tentaldia izan nuen: “gaur ez Smithy, eutsi…” animatu nintzen. Azken urteotan gorputz eta burua beraien erosotasunetik noizik eta behin ateratzeko ohitura hartu dut. Irteera honi begira bi erronka nituen: lo gutxi eginda joatea eta ibilbidea baraurik egitea. Lehenengo erronka betea banuen ere, bigarrena erraz beteko nuelakoan nengoen, sei ordutik goragoko irteera eta eskaladak baraurik eginak nituelako. "Eta tontakeri hau zertarako?" pentsatuko dute askok. Erosotasunaren mugatik atera gabe eboluziorik ez dagoela sinesten dut. Gure garuna muga honen barruan egotera programatua dago. Mugara iristen ari garela uste duen bakoitzean garunak defentsako mekanismo ezberdinak martxan jartzen ditu atzera egitera behartuz, bere biziraupena arriskuan dagoela sinesten baitu. Baina garuna atzera egiteko mezuak bidaltzen hasten denetik benetako mugara iritsi arteko bidea uste duguna baino luzeagoa da eta zaila izaten da benetako arrisku batera iristea, muturreko edo hil ala biziko bizipen bat bizitzen ari ez bagara behintzat. Egunerokoan, honelako egoera sinpleak asko dira: ongi babestutako eskaladako pasagune zail batean express-zinta eusteko tentaldia, astean zehar kirolik ez egiteko “asmatzen” ditugun aitzakiak, jateko gogoa (gosearekin ez nahastu), etab. Eskaladan hobetu nahi badut express-zinta hura ez eusten saiatu beharko naiz, sasoi onean egon nahi badut astean zehar entrenatu beharko dut eta, jan behar dudana behar energetikoetara egokitu nahi badut gosea noiz hasten den ezagutu beharko dut, motxilan janari alferreko pisurik ez eramateko edo, ezusteko baten aurrean, muturreko egoera batera iritsi aurretik motxilan daramadan janaria nola banatu behar dudan jakiteko.

Garunak bidalitako tentaldiari muzin eginez, “Edelweiss”-en bidea hasten den kanal estura zuzendu nintzen.

Bidearen zailtasun teknikorik handiena hasieran dagoen harkaitz-bloke handi eta landatua gainditzean dago. Bertara hurbildu eta kanalaren ezkerreko hormatik eskalatzen hasi nintzen, eskuin oina harkaitz-blokean jarriz. Heldulekuak oso handiak ez badira ere harkaitz-blokea erraz eskalatu nuen (3-4 metro, II+).

Harkaitz-blokearen gainetik behera egindako argazkia.


Harkaitz-blokea eskalatuta, nahiz eta atzetik inor ez zetorrela jakin, harririk ez botatzeko oinez kontu handiz jarraitu nuen, parean dagoen kanal estu eta inklinatuetara zuzenduz. Haranean topatutako haize epelak haize hotz bati pasoa eman zion haizetarako txamarra jartzera behartuz. Zerua geroz eta ilunago zegoela iruditu zitzaidan: “ez al du ba azkenen ebiik ingo?” pentsatu nuen.

Kanala bere osotasunean eta puntu zuriz nik jarraitutako bidea.


Parean nituen bi kanalen artean “Edelweiss”-en bidekoa ezkerrekoa zela banekien. Zalantzarik izan banu ere, harkaitz batean margotutako puntu gorri batek bide zuzena jarraitzen ari nintzela baieztatu zidan.

Kanalaren oinean marraztutako puntu gorria.


Kanalean lehen metroak igotzea nahikoa izan zen aurretik izango nuenaren ideia garbia egiteko. Milaka harri soltek zorua estaltzen zuten oinak eta eskuak non eta nola jarri ongi pentsatzera behartuz. Ez zitzaidan iruditu arriskurik handiena kanaletik erortzea zenik, azpitik etor daitekeenari harriak botatzea baizik.

Kanalaren oinetik egindako argazkia.


"... lehen metroak igotzea nahikoa izan zen aurretik izango nuenaren ideia garbia egiteko".


Metroak poliki irabazi nituen, zuhurtziaz, harkaitz sendoenaren bila kanalean batera eta bestera mugituz. Igoera dibertigarria iruditzen ari zitzaidan. Argazki bat egiteko gelditu nintzen unetako batean urruneko mendi batzuetan ekaitza jotzen ari zela ikusi nuen: “esperoet hoi honea ez iristea” pentsatu nuen beldurrez. Ez nengoen ekaitz bat jasateko lekurik seguruenean.

Harritsua izan arren, kanala oso estetikoa da.


... “esperoet hoi honea ez iristea” pentsatu nuen beldurrez.


Kanala, lekuren batean baino gehiagoan igotzeko eskuen laguntza eskertzen bada ere, ez da tentea. Ezker horman duen leiho itxurako zulo nabari batera iritsi nintzenean La Balellazako orratzek osatzen duten profila ikusteko aukera izan nuen: “hurrengon hok eskalau beharkoittut…”.

Arreta osoa harriak ez botatzera eraman nuen. Harriak pixkanaka belarrari paso ematen hasi zela konturatu nintzenerako, kanala amaitzear zegoela ikusi nuen.

Harriak belarrari paso ematen...


Eskuinean nuen kanalera hurbilduz, hemendik metro batzuk gorago igo nintekeela ikusi nuenean, ez nuen bi aldiz pentsatu. Eskuineko kanal estuan sartu eta hodi itxurako azken metroak eskalatzen hasi nintzen (II+).

Eskuineko kanaleko irteera mehartua.


Eskuineko kanalera sartzeko jarraitutako bidea.


Kanaletik ateratzen hasi nintzenean begien parean Edelweiss multzo bat agertu zen: “ostia ze onaa!!”. Kanaletik ateratzearekin batera berehala ulertu nuen “Edelweiss”-en bidea izendatzearen arrazoia. Begiratzen nuen lekura begiratzen nuela Edelweiss multzoak ikusten nituen. Hainbeste Edelweiss sekula ikusi gabe nengoen. Oinak non jartzen nituen begiratu behar izan nuen lorerik ez zapaltzeko. Txundituta, Edlweiss-ei tonto moduan begira gelditu nintzen.

"Kanaletik ateratzen hasi nintzenean begien parean Edelweiss multzo bat agertu zen...".


Eskuineko kanaleko irteera goitik ikusita.


Zerutik isuritako lehen tantek Edelweiss-en magiatik esnatu ninduten ekaitzari nion beldurra piztuz. Ahal izan nuen azkarren haizetako txamarra euritako txamarrarengatik ordezkatu eta ibiltzen jarraitu nuen “Edelweiss”-en bidea atzean utziz: “tximistak ez daren bittarten…”.

Begi bat zeruan eta beste begi bat zoruan mantenduz, parean nuen izenik gabeko tontor harritsura arin zuzendu nintzen, honen gailurrera eskuinean dagoen kanaltxo erraz batetik igoz.

Tontor harritsura igotzeko jarraitutako bidea. Zerua triste, oso triste.


Tontor harritsuaren gailurraren parean gandor zabal eta ikusgarria nuen, Fetas gainaren ekialdeko hormaraino luzatzen dena. Ekaitzak bere aldetik, buelta hartzera erabaki eta euri tantak berarekin eramanez Midi-ra zuzendu zen.

Fetas gaineraino jarraituko nuen bidea.


"...Ekaitzak bere aldetik, buelta hartzera erabaki eta euri tantak berarekin eramanez Midi-ra zuzendu zen."


Euritako txamarra haizerako txamarrarengatik ordezkatuz gandorraren ertzetik jarraitu nuen, Fetas gainara zuzenduz. Inor ikusi gabe jarraitzen nuen, bakarrik, inor espero gabe eguneko freskuraz gozatuz. Honegatik, zulo sakon bat ezkerretik saihestu eta Fetas gainaren ekialdeko hormara iristear nengoela, harrien artean saltoka hasi zen sarrioen familiak ateratako hotsak ezusteko galanta eman zidan.

Sarrioen familia harrien gainean saltari.


Sarrioei beraien bidea egiten utziz, Motxilatik makuluak atera eta Fetas gainaren ekialdeko horma osatzen duen malda lasaitasunez igotzen hasi nintzen.

Fetas gainaren ekialdeko hormatik atzera egindako argazkia, zeharkatutako gandorra bere osotasunean ikusi daiteke.


Zortziak emanda zeudela Fetas gaineko gailurrera iritsi nintzen.

Fetas gaineko gailurrean eraikitako mugarria, atzean Bisaurin.


Parean nuen ikusmiraren edertasunak zur eta lur utzi ninduen. Harkaitz gordinaz osatutako paisaia karstikoa eta grisa nuen begien parean eta, paisaiaren erdian, ikusmira borobilduz krater itxurako zulo erraldoi bat. Konposizioak ilargian egotearen sentsazioa ematen zuen.

Fetas gainetik Bisaurinera arteko paisaia eta jarraitutako bidea.


Fetas gailurretik jaitsi ondoren gandorraren ahora igo nintzen, metroak erraz galduz. Konturatu nintzenerako gailurretik ikusitako zulo erraldoiaren ondoan nengoen. mendiaren sakontasun ilunenetik azaleratutako hatsaren moduan, zulo erraldoitik haize hotz bat ateratzen zen. Zuloaren ertzera hubirldu eta elurrez betea zegoela ikusi nuen: "zulo guztie elurrez beteta badau, badau nahiko ude denbora bateako" pentsatu nuen zuloa pixkanaka atzean utziz.

Zulo erraldoiaren ahoa elurrez betea.


Gandorraren amaieran dagoen Baste-ko lepora iritsi nintzenean, gelditu gabe aldapan gora doan bide nabarmenetik jarraitu nuen hartxingadi bat zeharkatzen hasiz.

Baste-ko lepoa atzean utzi ondoren. Argazkian zulo erraldoia ikusi daiteke.


Hartxingadia pixkanaka zeharkatuz, aldapan gora doan bide zapaldu eta nabarmena jarraitu nuen, Bisauringo ekialdeko gandorrak osatzen duen horma bertikala ezkerretik saihestuz. Aldapa motz eta tente bat igo ondoren gandorrera igotzea lortu nuen.

Bisauringo ekialdeko gandorrak osatzen duen horma saihesteko jarraitutako bidea.


Gandorrak, haizearen laguntzarekin menditik ihes egin nahi zuten hodeiak eusten zituen, paisaiari kolore gris eta hotza emanez. Bideak gandorraren hegoaldetik jarraitzen badu ere, hodeiek osatutako geruza zeharkateko gai zen eguzki izpirik ez zegoen eta haizearen eraginez tenperaturak behera egin zuen.

Bisauringo ekialdeko gandorran.


Azpian, oso azpian, Lizarako aterpea haranaren berdetasunean puntu gris bat besterik ez zen, itsasoan galdutako txalupa txiki baten moduan.

Lizarako aterpea itsasoan galduta.


Aterpeari begira ari nintzela, Bisauringo postontziarekin ia eztropezu egin nuen. Harriduraz begiratu nion postontziari, batetik ez nintzelako postontziaz gogoratzen eta bestetik ez nuelako gailurrera hain goiz iristea espero.

Gailurreko postontzia.


Postontziari argazki pare bat egin eta harrien artean metro eskas batzuk igo ondoren Bisauringo gailurrera iritsi nintzen.

Bisauringo gailurra.


Telefonoa atera eta ordua begiratu nuen: hamarrak hogeita bost gutxi. Gailurrera iristeko pasata nituen hiru ordu eskasak konturatu gabe pasa zitzaizkidan. Kontuak egin eta etxera uste baino ordu pare bat lehenago iristea izango nuela ikusi nuen. Baina azkar ibiltzearen tentazioari eutsi eta, gailurrean bizitzen ari nintzen bakardadeak asko iraungo ez zuela jakinda, hodeiek erakutsi nahi izan zidaten paisaia zatiari argazkiak egin nizkion.

Castillo de Acher eta honen inguruko kupre eta orlegi kolore biziaz koloreztatutako mendiak.


Laugarren aldia mendi honetan nengoela: lehenengoan Gabarditotik atera eta gripeak eta sukarrak jota, elurretan belaunetaraino sartuta leher eginda ibili eta gero, azkeneko maldan buelta hartzera behartuta sentitu nintzen. Bigarren aldian gailurrera iristea lortu nuen, oraingoan Lizaratik doan bide normaletik. Hirugarrengoan ipar-ekialdeko korridorea eskalatzeko zortea izan nuen, eskalada erraz bezain ikusgarria. Laugarrengo honetan igoera eder eta original honekin gozatzeko aukera izan nuen. Lau igoera, lau bide ezberdinetatik, ea hurrengo igoera nondik egiten dudan, jejeje.

Eskuetako behatzak haize hotzaren eraginez gogortzen hasi zirenean, Itziri beherako bidean hasi behar nintzela esan eta gailurra atzean utzi nuen, Lo Foratongo lepora zuzenduz.

- ¿Has madrugau, eh? - esan zidan aldapan gora zihoan lehen mendizaleak.
- No lo sabes bien, jejeje.

Gorputza berriro ere berotzeko aldapan behera arin jaitsi nintzen, Lo Foratongo lepora ordu erdi pasatxoan iritsiz. Lepoa adierazten duen egurrezko posteari argazki bat egin ondoren, beherako bidearekin jarraitu nuen.

Lo Foratongo lepoa.


Lepotik behera nindoala, Iñaki Insausti Facebook-eko "lagun birtuala" "mundu errealean" ezagutzeko aukera eta zortea izan nuen. Zein txikia den mundua, gutxien espero denean ezagun bat topatzeko zortea dago. Hitz batzuk partekatu ondoren, bakoitzak bere bidearekin jarraitu zuen, Iñaki bere ametsaren bila eta ni betetako ametsa motxilan gordeta nuela.

Beste ordu erdi pasatxo behar izan nuen, Lo Foratongo lepotik Lizarako aparkalekura iristeko. Goizeko hamaikak hamar gutxi ziren, aurreikusitakoa baino bi ordu lehenago.

Lizarako aterpera iristen...


Aterpearen parera iritsi nintzenean teilatuaren gainetik ordu pare bat lehenago jarraitutako zeruertza ikusteko aukera izan nuen. Zoriontsu nengoen, indarrez fresko, burua lasai eta arima beteta. Gaurkoan ere bakardadea ez zen etsai izan, irakasle baizik.

Lizarako aterpea, honen atzean Bisaurin eta Fetas gaina.


Hodei ilunek eguzkiko izpiak baztertzen zituzten bitartean arropa aldatu eta Bisaurini azken argazkiak egin nizkion: "itzuliko naiz!!!".

Ordubatak eta erdietarako sukaldeko mahaian eserita nengoen, Itzik eta biok prestatutako bazkari goxoa dastatuz. Egun borobila inongo zalantzarik gabe.

Mendiari egindako azken argazkia. Bisaurin eta Fetas gainaren artean dagoen zulo erraldoia ikusi daiteke.


KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valles de Ansó y Echo mapa. Editorial alpina, 2018-2019.
- Hernandez A. Bisaurin (2.670 m). Discreto y elegante. Desnivel revista de montaña, 2008; 268: 81-87.
- Sendero Límite bloga. 2010/07/17. Dorsal este del Bisaurin "Vía de los Edelweiss". Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2010/07/dorsal-este-del-bisaurin-via-de-los.html
- On the rocks... bloga. 2017/08/14. Bisaurin por la vía de los Edelweiss. Eskuragarri: http://anttonlandaburu.blogspot.com/2017/08/bisaurin-por-la-via-de-los-edelweiss.html
- Mendiak web orria. Bisaurín por la vía Edelweiss. Arthurlee-n kronika. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=46777


2 iruzkin:

  1. Hummm. Buena con nieve, igual hasta mejor.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa porma!!!!

      No tengo ninguna duda, con nieve incluso creo que hay alternativas más "interesantes" a la derecha del canal.

      Ondo izan!!!!!!

      Ezabatu