AZKEN 10 SARRERAK

2021/07/01

TTUTTURRETIK BALERDIRA: DESOREKAREN OREKAREN BILA. 2021/06/20


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Udaberria bizi berriak sortzen duen magiari begira geratzeko urtaroa da. Biluztutako zuhaitzak hosto berde biziaz jantziz, larrak loretuz eta izaki bizidunak bizitzaren zikloari berrekinez, naturak negu ilun eta luzea atzean utzita esnatu eta argituz doa, borborka, orden jakinik gabe. Gizakiok ez diogu udaberriaren magiari ihes egiten, eta beste izaki bizidunen moduan, udaberriak aztoratu eta "desorekatzen" gaitu, beharbada negua atzean geratu delako, beharbada uda eta merezitako oporraldia ate-joka dugulako. 

Udaberrian, eguraldiaren iragarpena arte bihurtzen da, eta eguraldiari dagokionez, urtarorik arraroena dela iruditzen zait. Neguaren atea itxi eta udaren atea zabaltzen badu ere, aste berean bi urtaro hauetako baldintzak bizi daitezke, baita egun berean ere. Egun askotan zaila da mendira eramango den arropa eta materialarekin asmatzea: zapatilak edo mendiko botak? galtza luze edo motzak? euritako txamarra? kranpoiak? Zer eraman? Eguzkitako krema eman ala ez bezalako erabaki sinplea hartzea ere askotan buruhauste handiak emango dizkigu eta lepoa ederki gorritutako egunak ez dira makalak izaten, jejeje.

Aralar udaberrian kolore berde biziaz jantzi eta animaliek larrak okupatzen dituzte, hauen zintzarrien oihartzunek paisaia armonia desordenatu batez kutsatuz. Udaberria urtaro ederra izaten da Aralarren ibilbide luzeak egiteko, udako eguzkiak basorik gabeko mendi biluztuetan ez baitu errukirik izaten. Errukirik gabeko eguzki hau iritsi aurretik eta udaberriari agur esateko asmotan, kronika honetan azaldutako ibilbidea egitea bururatu zitzaigun Asier eta bioi.

Aralarko Malloak Araitz bailararen gainean zintzilikatutako larreei deitzen zaie, nahiz eta gaur egun izen hau Araitz bailara mendebaldetik ixten duen zirku osoari deitzeko hedatu den. A-15 autopistatik begiratzen baditugu, Araitz bailarara amiltzear dagoen olatu erraldoi baten itxura dute. Mendebaldeko isurialdean kareharriak laberintu karstiko bat osatzen duen bitartean, ekialdeko isurialdean belar luzeaz estalitako larre bertikalek osatzen dute.

Aralarko Malloetako mendien zeharkaldia egitea buruan aspaldi nuen ametsa zen. Duela urte asko Ikerrekin Sollazbizkargaña (Intzako Dorrea) eta Astunaldeko lepora arteko zeharkaldia egina nuen arren, Ttutturretik Balerdira arteko zeharkaldiak izugarri erakartzen ninduen. Egiari zor, Malloetako zeharkaldi osoa egiteko Ttutturretik hastea ez da egokiena. Batzuen ustez zeharkaldiaren lehen mendia Arriolatz izan beharko litzateken bitartean, Imanol Goikoetxeak "Aralar" liburuan zeharkaldia Txurtxur mendian hasi beharko litzatekela proposatzen du, nahiz eta liburu berean batzuentzat igo beharreko lehen mendia Baraibar herriaren ondoko Muzkur mendia izan daitekeela azaldu. 

Ibilbidea prestatzeko garaian bi gauza izan nuen kontutan: Amezketan hasi eta amaitzea eta leku beretik bi aldiz ez pasatzea. Argi nuen Ttutturrera Arritzagako sakana igoz iritsiko nintzela, Artubitik behera aldiz, PR-GI 2008, GR-121 eta GR-20 ibilbideak lotu nituen San Martin auzora iritsi eta bertatik Amezketara itzultzeko.

- 31 km inguru izangoiela ustet – esan nion Asierri ibilbidea elkarrekin egiteko gonbitea bota nionean.
- Primeran!! – erantzun zidan -, entrenatzeko ondo etorriko zaigu.

Motibazioa arma boteretsua da eta motibatuak gaudenean ez dugu asko behar izaten gorputz eta arima martxan jartzeko...

IBILBIDEA

Ibilbidea Amezketan hasi genuen. GR-121 ibilbidea jarraituz, Arritzagako sakanetik igo eta Errenagara iritsi ginen bertan atseden hartu eta kantinplorak urez betetzeko. Errenagatik GR-12 ibilbidea jarraituz Unako putzura iritsi eta bertatik Ttutturrera zuzendu ginen, bertatik Artubiraino luzatzen den zeharkaldiarekin hasiz.

Artubiren ipar-mendebaldetik jaitsitz, PR-GI 2008 bidea lehenik eta GR-121 eta GR-20 ondoren konbinatuz, Amezketako San Martin auzora iritsi ginen, bertatik GR-20 ibilbidea jarraituz Amezketako herrigunera jaisteko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 33 kilometro.
- Punturik baxuena: Amezketa, 215 metro.
- Punturik altuena: Sollazbizkargaña, 1.430 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 2.100 metro pasatxo.
- Igotako mendiak: 13.
- Zailtasuna: Kurutzeta menditik aurrera, ertzaren ahotik jarraitzen badugu, teknikoki errazak izan arren kontuz ibili beharreko pasaguneak daude, amildegia handia delako. Balerdiko gailurrera iristeko ertz estu bat zeharkatu beharko dugu, hau ere teknikoki erraza dena baina aldi berean amildegi handia duena. Harkaitza bustia izanez gero zuhurtzia handiarekin ibili beharreko ibilbidea da. Ibilbidea teknikoki erraza bada ere, luzera eta desnibel handiko ibilbidea dela kontutan hartu.
- Ura: Ura ongi neurtu beharra dugu, Errenaga eta Larrondoko zelaien artean iturririk ez dugulako topatuko.
- Eramandako materiala: Guk ez genuen material berezirik eraman baina bertigoa badugu Balerdiko ertza zeharkatzeko soka motz bat eramatea ez litzateke ideia txarra izango.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zazpi ordu eta berrogeita hamar minutu, atsedenak barne.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Goizeko zazpirak ziren Amezketako San Bartolome elizaren paretik pasa ginenean. Kanpaidorreak zazpi kanpaikadak herrian zabaltzen zituen bitartean, GR-121 ibilbidea jarraituz, errepidetik hilerrira zuzendu ginen.

Amezketako San Bartolome elizaren paretik pasatzen.

GR ibilbideak errepidea jarraitzen badu ere, hilerriaren ezker hormaren ondotik doan belarrez estalitako bidea igotzen hasi ginen.

Hilerrira iristen eta hemendik gora jarraitutako bidea.

- Hau da hau lokatz pila!!!

Bidearen zati lokaztuta zegoen, tarteka urez beteta, erreka bat bertatik igarotzen ariko balitz bezala. Kontu handiz, oinak ahalik eta lehorrenen mantentzeko asmoz, bidean alde batetik bestera mugituz eta salto eginez jarraitu genuen, minez estalitako eremu batean egongo bagina bezala. Minen eremua atzean gelditu zenean, behean utzitako errepidea zeharkatu, eta berriro ere GR-121 ibilbidearen arrastoak jarraituz, Arritzagako sakanara zuzendu ginen.

Errepidea gurutzatu ondoren, nabaria da jarraitu behar den ibilbidea.

Metroak irabazten genituen heinean, harriz tapizatutako bideak zeharkatzen dituen urritzen artean Arritzaga errekaren jarioaren oihartzuna pixkanaka nabarmenduz joan zen, umil, egunsentiko txorien kantuak itzali nahiko ez balitu bezala. Sakana hasten den lekuan dagoen iturrian zintzurra freskatu ondoren, egurrezko zubi batetik erreka gurutzatu eta sakanan gora metroak irabazten hasi ginen.

07:25. Sakanaren hasieran dagoen iturri eta egurrezko zubira iristen.

Zeru grisak eguzkia ezkutatzen bazuen ere sargori egiten zuen. Hala ere, aurrean jarri eta arin igotzen hasi nintzen, buruan nuen helburuetako bat ibilbidea 5 km/h-ko bataz besteko abiaduran egitea baitzen. Ez zen denbora luzea pasatu bizkarra hezetu eta lehen izerdi tantak sudurretik behera erortzen hasi ziren arte. Orduan, duela 300 urte lehergailuen leherketek kareharrian irekitako bide honetan bertan gora eta behera ibiltzen ziren meatzariak burura etorri zitzaizkidan.

Arritzaga edo Buruntzuzin meatzak 1734 urtean kobrea ustiatzen hasi ziren, Amezketan sortu zen konpainia baten eskutik. Konpainia honen sorreraren atzean pertsonai berezi bat dago: Paulo de Petriati, Manet-eko kondea. Konde hau oso behartsua zen eta limosna eske Nafarroan ari zela, Alli-ko parrokoa zen Juan Antonio de Argañaren etxean azaldu eta honek mineral pusketa batzuk erakutsi zizkion. Kondeak mineralak ikusi zituenean zur eta lur gelditu eta metal aberatsak zirela esan zion. Honela ba, kondea eta parrokoak bultzatuta, Amezketan meatzak ustiatzeko konpainia sortu zuten. Hasieran 20 langile bazituzten ere, 400 langile lana egitera iritsi ziren, tartean Fernando Bengetxea ere, gerora Fernando Amezketarra bezala ezagutuko zena. Meatzen inguruan, meatzariak bizi ziren herrixka bat sortu zen, baita kapilau bat zuen eliza eta posta-zerbitzua ere. Egun, minak izandakoen hondakinak besterik ez dira gelditzen, iragan oparo baten testigu isilak, denborari hala nola eutsiz.

08:00. "... iragan oparo baten testigu isila, denborari hala nola eutsiz".

Meatzariek okupatutako lurrak atzean geratu zirenean, gelditu gabe Arritzaga bordetara iritsi, eta bertako iturri eta aterpe txikia alde batera utziz, Arritzaga erreka zeharkatu genuen, sakanaren eskuin ertzera pasatuz.

08:10. Arritzaga bordetan. Asierren ezkerrean aterpe bezala prestatutako borda txikia ikusi daiteke.

- Zemuz?
- Oaingoz ondo baña azpiko zatin txitxa gutxikin naula sentittuet - erantzun zidan Asierrek.
- Eztakit azkarregi hasi ez ote naizen - erantzun nion - ni ere momentun baten iztarrak guri-guri eraman dittut eta, jejeje.

Arritzaga bordetatik gora aldapak arnasa eman eta sakana pixkanaka zabalduz doa, Igaratzako arratearekin urtu arte. Tartean, Pardeluts iturria atzean utzi ondoren, Aralarko leku berezi horietako batera iritsi ginen: AmaBirjin harria. Herri tradizioaren arabera, bidearen erdian dagoen harkaitz handi honetan Ama Birjinak Arantzazura zihoala atseden hartu zuen. Harkaitzan egindako zuloak Andra Mariren irudi bat gordetzen du, plastikozko lore batzuez apaindua.

08:40. AmaBirjin harrian.

- Dirue utzita dau - esan zidan Asierrek.
- Bakarren batek eraman arte, jejeje - erantzun nion.

Orduan ez nekien baina ohitura omen da Andra Mariren irudiaren ondoan limosna uztea. Txanponak inguruko artzainek ere uzten dituzte, eskaintza gisa uzten dituztelako ardiren bat galdu dutenean. Noizik eta behin bakarren batek diru hau hartu eta San Miguel-era eramango du, santutegiko kandelak itzaldu ez daitezen.

Amabirjin harria (eta txanponak, noski, jejeje) atzean utzi eta sakanan gora jarraitu genuen erabat zabaldu zen arte: Igaratzako arratean geunden, Igaratzako bailararen sarrera dena. Igaratza beti Errenagari deitu izan bazaio ere, izendapen hau ez da egokia, Igaratza, Arritzaga sakana amaitzen den zelai irekia baita. Lekua oker izendatzearen jatorria Nafarroako mugan eraiki zen mikelete kuarteletik dator. Kuartelari Igaratza izena jarri zioten, ziurrenik inguruan ezagunena zen toponimoa zelako. Kuartelaren funtzioa Nafarroatik Gipuzkoara pasatzen zirenen kontrola egitea zen eta bere zimenduen gainean Aralarko Adiskideen aterpeta eraiki zen. Igaratzan, indikazio-poste nabarmen bat dagoen lekuari Perileku ere deitzen zaio. Perilekun, ekainaren 22an inguruko artzainek feria bat ospatzen zuten, hortik lekuaren izena. Feria honetara inguruko herrietako biztanleak etortzen ziren.

08:53. Perilekun. Hemendik aurrera jarraitutako bidea ikusi daiteke.

Gelditu gabe, Perilekutik hegoaldera zuzentzen den pista jarraitzen hasi ginen, azken iturria bertan genuela jakinda, Errenagaraino iritsi nahi genuelako.

- Hobe deu ude edan ta kantinplorak ondo betetzea.
- Bai, ze eguzkik jotzen badu faltan botako deu - erantzun zidan Asierrek.

Errenagako iturriaren freskuran, gorputza ongi hidratatzeari eman genion. Arritzagako sargoria atzean utzita, haize xuabe batek giroa tenperatura gozo batean mantentzen zuen. Zeruan noizik eta behin orban urdin bat ikusten bazen ere, oraindik lainotsu mantentzen zen, eguzkiari indarra kenduz.

- Gogoratzen naiz XIV ordutan hemen kriston postue jartzen zela.
- Bai – erantzun zidan.

XIV orduko ibilaldia Tolosako Aralarko Adiskideak elkarteak antolatutako ibilaldi neurtua da. Ibilaldia, 1925eko ekainaren 7an 14 mendigoizalek (Francisco Larrañaga, Eduardo eta Manuel Laborde, Francisco Labayen, Francisco Tuduri, Simón Arrue, Ricardo Diaz Sarasola, Victor Arrillaga, Antón Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Azáldegi, Ramón Barrio, Juan Jáuregui eta José Albero) lehenengo aldiz egin zuten ibilaldi berbera da. Ibilaldia berriz 1926 eta 1943an errepikatu bazen ere, 1967tik hona lau urtez behin errepikatzen da, Olinpiar jokoak egiten diren urteekin bat eginez. Ibilaldia Tolosan hasi eta ia 70 kilometro eta Aralar Baraibartik Amezketara zeharkatu ondoren, berriro ere Tolosan amaitzen da. Ibilaldi ederra da, lau aldiz (1996, 2000, 2004 eta 2008an) egiteko zortea izan dudana.

09:10. Errenagatik ateratzen.

Errenaga atzean utzi eta bertatik hegoaldera zuzentzen den pista jarraituz (GR-12 ibilbidearen gainetik doana), Unako putzura zuzendu ginen.

- Errenagako putzua – esan zidan Asierrek kartel handi batera hurbilduz – hau netzako berrie da.
- Netzakore – erantzun nion –, esango nuke lehen hemen holako kartelik etzeola.
- Ta gañea putzue deitzeare eztakit ba, ze urik eztauke – erantzun zidan irribarretsu.

09:15. Errenagako putzuan. Kartel azpian dagoen ura izan zen ikusi genuen bakarra.

Errenagan hartutako atsedenaldiagatik edo, pistaren maldan behera aprobetxatuz korrika txikian hasi ginen, poliki-poliki, hauspoa behartu gabe.

2 kilometroren ondoren Unako putzua inguratzen duen egurrezko hesia azaldu zen. Putzua urez gainezka zegoen, basamortu berdean oasi bat izango balitz bezala. Ez dut imajinatu nahi mendeetan putzu honek zenbat animali eta pertsonei egarria kendu dion. Unako putzuko ura, bertan dagoen zulo batean lurperatu, eta dirudienez, Iribas-ko iturburuan azaleratzen da, Aralarko alde ezberdinetan lurperatutako beste ur batzuekin batera Larraun ibaia sortuz. Ur hauek guztiek, milaka kilometroko zeharkaldiaren ondoren Mediterraneo itsasoan hartzen dute atseden.

09:30. Unako putzura iristen.

Haizeak putzuaren ertzetan sakabanatutako ihiak modu harmonikoan mugitzen zituen, inguruneari mugimendu iraunkorraren irudia emanez.

- Eguzkitako krema emango deu? – galdetu zidan Asierrek.

Zerua argituz zihoan, eguzkiak hodeiei bultza egingo balie bezala, baina tenperatura ez zen beroa.

- Tuturrea igo aurretio baso batetio pasatzegea – erantzun nion -, egune argitzen jarraitzen badu bertan krema emateko leku ona izangoa.
- Oso ondo!!! – erantzun zidan eguzkitako kremaren potea motxilan gordez.

Unako putzutik aurrera, lurrazpitik jarraitzen duten uren moduan, pixkanaka ekialdeko noranzkoa hartu genuen, Ttutturrera zuzendu eta orain arte jarraitutako pista alde batera utziz. Pistatik bi kilometro eskas ibili arren, eskertu genuen pistaren harri txikiak zapaltzetik Unako larreetako belar gozoa zapaltzera pasatzea. Orain arte bezala, maldan gora oinez eta maldan behera korrika txikian jarraitu genuen, denbora laburtu nahian, egunari minutuak irabazi nahian.

- Hemendio ikusita kriston estetikoa da!!! - bota nion Asierri Ttutturre lehen aldiz ikusi genuenean.
- Ya lo creo... - erantzun zidan.

Parez-pare Ttutturreko hego-mendebaldeko gandorra azaldu zen, mendiari piramide perfektuaren itxura emanez. Gandorra basoarekin bat egiten duen lepotik iparreko noranzkoa hartuz, mugarriez adierazitako bidea jarraituz gandorraren mendebaldean dagoen belarrezko paxara zuzendu ginen. Paxan metro gutxi batzuk igo ondoren gandorrera igo eta bertatik jarraitu genuen gailurrera iritsi ginen arte.

"... mendiari piramide perfektuaren itxura emanez".

- Gaurko lekuik urrutienea iritsi gea.
- Hemendio aurrea dena itzultzea da, jejeje... - erantzun zidan Asierrek irribarretsu.

Gailurrean geundela haizeak noranzkoa aldatu, indarra hartu eta hodei ilun eta mehatxagarri batzuk azken orduetan zeruak irabazitako argitasuna iluntzen hasi ziren.

- Ez al du ebiik ingo, ez? - Galdetu zidan Asierrek.
- Gaurko etzeon iragarrita behintzat -, erantzun nion - baña udaberrin nork daki...

10:00. Ttutturren.

Zeruari begirik kendu gabe, gailurretik ipar-ekialdera doan bidetik metro batzuetan jaitsi eta berehala mendebaldera hartu genuen, igoeran alde batera utzi genuen paxaren amaierara iritsiz. Ttutturreren mendebal aurpegitk jaisten jarraitu eta Ttutturre eta Ttutturregi mendien arteko lepora iritsi ginen. Lepotik gora jarraituz pagadi bat zeharkatu eta zelai batean azaldu ginen, non borda bakarti bat dagoen. Borda hau izan zen Ttutturreko gailurrean erreferentzi bezala hartu genuena jarraitu beharreko bidea zein zen irudikatzeko.

Ttutturreren gailurretik egindako argazki honetan jarraitu genuen bidea ikusi daiteke, baita erreferentzi bezala hartu genuen borda ere.

Bordara iritsi gabe, zelaiaren eskuin ertzetik jarraitu genuen alanbrezko hesi baten ondoan mantenduz.

Borda dagoen zelaian, atzean Ttutturretik jaisteko jarraitutako bidea.

Metroak irabazten genituen heinean, harkaitzak belarrari pixkanaka tartea irabaziz joan bazen ere, Ttutturregik osatzen duen gandorraren ahotik gertu mantentzen baginen igoerak zailtasunik ez zuela ikusi genuen. Gandorretik igotzen hasi eta denbora gutxira, pagoen artean gailurra azaldu eta punturik altuena adierazten duen perretxiku itxurako buzoira iritsi ginen.

10:15. Ttutturregiko gailurrera iristen, zerua geroz eta ilunago.

Pallardi bezala ezaguna bada ere, inork ez daki izen hau nondik datorren, izan ere, inguruko artzainek ez dute izen hau duen mendirik ezagutzen. Jasotako izenik zaharrena (1625 urtea) Fallita bada ere, J.M. Ansak Aralarko Malloen inguruan idatzitako "Las Malloas de Aralar. Itinerarios, historias y leyendas" liburu zehatzan, izena Ttutturregi bezala jasotzen du.

- Joer, hemendio Balerdi urruti ikustea...
- Bai, oaindio bide luzea daukeu - erantzun zidan Asierrek.

Ttutturregiko postontzia, atzean, oso urrun, Balerdi.

Postontziaren gainetik pasatuz, Ttutturregiko mendebaldeko aurpegiko malda belartsua jaisten hasi ginen, hego-mendebaldean dagoen Illobi lepo itxurako pasabide batera zuzenduz. Jaitsiera lasai hartu genuen, malda handia eta belar luzea dagoelako. Illobi zeharkatu eta borda bat eskuinean utzi ondoren, hego-mendebaldeko noranzkoarekin jarraitu genuen harkaitzez apainduriko muino itxurako gain batera iritsi ginen arte:

Bordaren ondotik pasatzen, atzean TTutturregitik (Pallardi) jaisteko jarraitutako bidea.

- GPS-en arabera Atallorben gare - esan nion Asierri aparatuaren pantailari begirik kendu gabe.

Harkaitzen artean begiratzen hasi ginen plakatxo edo postontzi baten bila, baina ez genuen ezer aurkitu.

- GPS-ek esaten bado hala izangoa - erantzun zidan.

10:30. Atallorbeko postontziaren bila, atzean Mendiaundi ikusi daiteke.

Argazki pare bat egin eta Atallorbetik behera korrika txikian hasi ginen, honen ipar-mendebaldean dagoen Mendiaundi mendira zuzenduz. Ingurune hau dolinaz betea dago eta gertu zirudien mendira iristeko hainbat aldapa igo eta jaitsi behar izan genituen. Egun batzuk geroago etxean ikusiko nuen bezala, bi mendi hauen artean, Atallorbeko iparrean mendikat webgunean Itturtxuloko punte izeneko mendi bat ageri da. Harritu ninduen mendi honen berri izatea, izan ere Imanol Goikoetxearen "Aralar" mapan ez da agertzen eta autore berak "Aralar" liburuan ere ez dio inongo aipamenik egiten. Egunen batean ibilbide hau errepikatzen badut, badaezpada igo egin beharko dut, jejeje.

Azken aldapa bat igo ondoren, Mendiaundiko gailurrean eraikitako mugarri handia eta postontzi berezia azaldu ziren.

10:40. Mendiaundiko postontzi "berezia". Egia esan, ez dakit zer adierazten duen, jejeje.

Mendiaundiren buzoia atzean utzita ibilbidearekin jarraitu genuen, ipar-mendebaldeko noranzkoa hartuz.

Mendiaundiko gailurrean.

Pausu bakoitzarekin zerua ilunduz zihoan, geroz eta hodei gehiago pilatzen zituen haize hotzaren eraginez. Haizeagatik nolabait babesten gintuen txoko batean gelditu eta zerbait jateko lehen atsedenaldia egitea erabaki genuen.

- Ez al do ba ebiik ingo? - galdetu zidan Asierrek zerura begira.
- Itxura onik eztauke, baña gaurko etzeon emanda… - erantzun nion, hotzagatik beso-erdiak berriro ere janzten nituen bitartean -, eskerrak eguzkitako kreman eman ezteun, jejeje.

Kurutzeaga parez-pare ikusi arren bertara iristeko bidea ez genuen zuzen egingo, bideak lapiaz eremuak ekiditen dituelako. Aralarko hainbat lekuetan fenomeno geologiko hau ohikoa da eta batzuetan ez da erraza izaten bide erosoena topatzea. Urrutira joan gabe, pasa den neguan Leku eta biok nahiko lan izan genuen Pardarriren hegoaldean dagoen lapiaz elurtua zeharkatzeko, hainbat lekuetan nahi baino izerdi gehiago botatzera iritsiz. Lapiaz eremuetan, gehienetan biderik luzeena azkarrena izaten da, jejeje.

Kurutzeagako gailurreko postontzira iristeko lapiaz motz bat zeharkatu behar da, zailtasunik gabekoa, baina harkaitza bustia egongo balitz kontuz ibili beharrekoa. Gailurrera iritsi ginenean lehen aldiz oinen azpian amildegi bat izatearen sentsazioa izan genuen. Orain arte igotako mendietan, Araitz bailara gure oinen azpian ikusi arren ez genuen inongo momentuan amildegi sentsaziorik izan.

11:00. Kurutzeagan.

Haize hotzgatik ihesi, gailurrean argazki soil bat egiteko geratu eta aurrera jarraitu genuen, gailurraren mendebaldean dagoen Arrutako lepora zuzenduz.

Arrutako lepotik gora euria hasi zuen. Ez zen euri-jasa bat, baina haize indartsuaren eraginez igoera desatsegina bihurtu zen, tenperatura dezente jaitsiz. Begirada lurrean jarrita, igoeran Araitz bailarako isurialdetik ahalik eta gertuen mantentzen saiatu ginen, aldapan dagoen hesi elektrifikatuaren alde batetik eta bestetik ibiliz. Lepoa behean gelditu eta aldapa etzan zenean ibilbidearen pasabiderik ikusgarrienetakora iritsi ginen.

Hurrengo metroetan gandorra zorroztu eta ibilbidea ikusgarri bihurtzen da, gandorraren ahoaren alde batetik zein bestetik ibiltzera behartuz. Gandor zati hau guztia ekidin daiteke baina gainetik joateak bere xarma dauka. Ekilibristen moduan, geroz eta indar handiagoa hartzen ari zen haizearekin borrokan, metroak zuhurtzia handiz irabaziz jarraitu genuen, eskuinean Araitz bailararaino erortzen den amildegiaren gainean oreka mantendu nahian.

- Pareta majoa dau hemen azpin…
- Bai, Lekuk esateon bezela, “caerse aquí no es una opción”, jejeje – erantzun nion.

Amildegiak sortzen duen desorekarekin jolasean aritu ondoren, kareharriak belarrari leku eman eta gandorra zabaldu zen. Bertatik jarraituz, gailurrean mugarri bat duen Beldarri mendira inongo zailtasunik gabe iritsi ginen.

11:25. Beldarrin, atzean Sollazbizkargaña, Aralarko punturik garaiena.

Beldarritik aurrera, izan genuen lehen aukeran Sollabizkargañara Igaratzatik doan ohiko bidearekin bat egin genuen. Minutu gutxien buruan Aralarko punturik garaienean geunden.

Txindoki Sollazbizkargañatik ikusita.

11:30. Sollazbizkargañako gailurrean.

Sollazbizkargañako toponimiaren inguruan kronika honetan aritu nintzenez, ez naiz berriro ere errepikatuko.

Haizeak gorputzeko tenperatura ziztu bizian jaisten hasi zenean, berehala jarri ginen martxan. Aldaonera iristeko (hurrengo gailurra) bi aukera genituen: gandor bat jarraituz Elkomuts-eko lepotik pasatzea edo Gaintzako ohiko bideak aldapa galtzen duen Baratzail lepotik igotzea, Euskal Herria Mendi Erronka mendi-lasterketa zoragarrian igotzen dena, hain zuzen ere. Guk bigarren aukera hartu genuen.

Aldaonera arte jarraituko genuen bidea.

Kuriosoa bada ere, eta geunden mendia zein zen kontutan izanda, Sollazbizkargañatik behera mendizale batzuekin gurutzatu ginen lehen aldia izan zen. Orain arte bakar-bakarrik ibili ginen, noizik eta behin, urrun, mendizale bakarren bat ikusi bagenuen ere.

Baratzail lepora iristear geundela jaitsierako bidea utzi eta Aldaonen azpian dagoen paxa inklinatura igo ginen. Bertako belar gozoan metro batzuk jarraitu ondoren ezkerrera bota eta, harrien askeen artean, erdi ezabatua dagoen bidexka bat jarraituz, hiru buzoiez osatutako Aldaoneko gailurrera iritsi ginen.

11:50. Aldaoneko gaiurrera iristen.

Sollazbizkargaña Aldaonetik ikusita.

Aldaoneko jaitsiera izugarria da, oso maldatsua, oinak egosita izanez gero behatz puntak minberatzen dituen horietakoa. Amildegitik ahalik eta gertuen mantenduz, Egurbidea edo Egurbide lepora jaitsi eta bertatik Egurbide mendira igo ginen, gailurrean udalerrien arteko mugarri txiki bat besterik ez duena. Bertan argazkia eginez aurrera jarraitu genuen.

12:05. Egurbiden, atzean Aldaon eta bertatik jaisteko jaitsi behar den aldapa belartsua.

Aurretik duguna. Balerdi pixkanaka gertuago ikusten da.

Hemendik aurrera Nafarroa eta Euskadiren arteko mugatik gertu mantentzen saiatu ginen, amildegitik gertu. Modu honetan jarraituz, Beoin mendiko gailurrera iristeko ez genuen inongo zailtasunik izan.

12:15. Beoineko gailurrera iristen.

Beoin eta Oako lepoaren arteko jaitsiera Aldaonekoaren modukoa da, beharbada aldapatsuagoa. Ordurako maldan behera iztarrak kexatzen hasita zeuden eta ura dosifikatzen aritzeak (kontutan izan Errenaga izan zela ura hartu genuen azken lekua) ez zuen asko laguntzen.

Oako lepotik gora jarraitu eta parean genuen mendia bere ezkerretik PR-GI 2008 ibilbidea jarraituz saihestu genuen. Gero etxean konturatuko nintzen saihestutako mendia Elizkaitz dela, Malloak osatzen duten beste mendietako bat, gailur harkaiztsuan gurutze bat duena. Hona ere berriro itzuli beharko dut, jejeje.

Elizkaitz atzean utzi ondoren PR bidea mugatik asko aldentzen zela ikusi genuen. Bitan pentsatu gabe bide hau utzi, Nafarroa eta Gipuzkoa artean dagoen hesia gurutzatu eta parean genuen mendira zuzendu ginen, Urakorri mendiaren gailurrea iritsiz. Igoeran belar luzea topatu genuen eta oinak oso nekatuta, lurrera begira bakoitza bere erritmoarekin.

12:40. Urakorriko postontzia.

Urakorriko gailurra Uakorri edo Oakorri izenez ere ezaguna da, denak Oako lepoa erreferentzia dutenak. Uarkorritik aurrera hesia gure ezkerrean utziz jarraitu genuen amildegira iritsi ginen arte. Bertan, erdi-kolokan zegoen hesiaren gainean oreka hala nola mantenduz, hesiaren bestaldera pasa ginen. Amildegiraino iritsi gabe badago hesia zeharkatzeko pasabide eroso bat.

Txindoki eta Larraone Urakorritik ikusita. Larraone Txindokiren aurrean mimetizatuta gelditzen da, bere ekialdeko gandor ikusgarria agerian utzitz. Larraonen tamalez urte osoan eskalada debekatuta dago.

Eta Urakorritik behera hirugarren jaitsiera handi bat, oraingoan Astunaldeko lepora eramaten duena. Arritzagako meatzak ustiatzen zirenean, postari bat Azkaratetik Amezketara joan-etorrian egunero zebilen, besteak-beste meatzarien eskutitzak eraman eta ekartzeko. Astunaldetik Azkaratera doan jaitsieran, belarra menditik baserrietara jaisteko erabiltzen ziren kable herdoilduak oraindik ikusi daitezke. Urteetan, araiztarrak Malloetara urtean bi aldiz igotzen ziren belarra moztera. Malda handia egonda, segalariek askotan sokaz lotuak mozten zuten belarra, gero fardeletan sartu eta soka batekin lotu ondoren kableetatik bailarara jaisteko.

Astunaldeko lepora iristen.

Astunaldetik gora Arritzagatik Balerdira doan ohiko bidearekin bat egin genuen. Gailurrera iritsi aurretik gandorraren ahotik zeharkatu behar den pasabidearen aurretik mendizale bat topatu genuen. Pasatzen utzi, eta lauko talde batekin gurutzatuz, gailurrera iritsi ginen.

13:00. Balerdiko postontzia. Lehen postontziarekin batera gurutze bat zegoen baina ez genuen topatu.

Balerdik Mallozar izena ere jasotzen du, eta TTutturrekin batera, Malloetako mendirik ikusgarrienak dira inongo zalantzarik gabe. Zerua argitzen hasi eta hodeien artean eguzki izpi batzuk ihes egiten zutela ikusita eguzkitako krema eman eta zerbait jateko bigarren atsedenaldia egiteko aprobetxatu genuen.

- Joer, hemendio Tuturre urruti ikustea...
- Zeñek esango zun handio gatozela - eranzun nion Asierri.

Eguzkitako krema ematen genuen bitartean, gandorran pasatzen utzi zigun mendizaleari begira egon ginen. Pasatzen utzi zigun leku berean zegoen, geldi-geldi gandorra zeharkatzea merezi zuen ala ez baloratzen ariko balitz bezala. Mendizale hark barruan izan zitekeena sentitu eta duela urte pare bat Pene Sarriere mendiaren hegoaldeko gandorra eskalatzen hasi behar ginen unea burura etorri zitzaidan. Egun hartan burua erabat blokeatu zitzaidan eta beldur irrazional batek goitik behera hartu ninduen, erabat paralizatuz. Denbora luzean lurrean eserita egon ondoren, Asierri atsekabe handiz beherako bidea hartzen nuela esan nion. Luze egingo zitzaion unearen ondoren, mendizaleak buelta hartu eta beherako bidea hartu zuen.

- Gutxiñez hortaño iristeko balorea izan du - esan zidan Asierrek.
- Bai, hala da - erantzun nion -, ea hurrengo batean sikiera pauso bat gehiago emateko kapaz den...

Gaurkoan jarraitutako mendi-lerroa Balerdiko gailurretik ikusita, Ttutturre urrutien gelditzen den piramide itxurako mendia da.


Balerdiko gailurretik bueltan, Bedaio eta Amezketa arteko muga adierazten duen hesia berriro ere zeharkatu eta Artubira zuzendu ginen, gaur igoko genuen azken mendia.

Postontzira irstearekin batera euria hasi zuen. Hasieran lotsati, gogo gabe, baina segundo gutxietan erritmoa hartu eta geroz eta tanta gehiago eta geroz eta handiagoak zerutik isurtzen hasi ziren, bazter guztiak bustiz.

13:30. Artubiko postontzian. Argazkian argazki kamerak harrapatutako euri tantak ikusi daitezke.

- Goazemazu hemendio a toda letxe!!! - esan nion Asierri Bedaio eta Amezketa arteko hesira zuzenduz.

Haizetako txamarrak gainetik jantzi eta mendian behera bizi-bizi hasi ginen, ipar-mendebaldeko noranzkoa hartuz. Gure helburua Amezketaraino iristen den PR-GI 2008 ibilbidearekin topo egitea zen, Larrondoko zelaietara eramango gintuena. PR arrastoak ikusten hasi ginenean GPS aparatua motxilan gorde eta mendian behera korrikan hasi ginen, ekaitza atzean utziz.

Larrondoko zelaietan, bertan dagoen iturriaren ondoan, PR ibilbideak GR-121 eta GR-20 ibilbideekin bat egiten du. Iturrian aspaldiko partez ura gogotik edateko aukera izan genuen, kantinploretan geratzen zena kontutan izan gabe. Egarria asetu eta kantinplorak berriro ere bete genituenean PR/GR bidea jarraitzen hasi ginen, indarrek uzten ziguten abiadurarik handiena eramaten. Bidexka, bide, bidea pista eta pista errepide bihurtu ziren Amezketako San Martin auzora iritsi aurretik.

Bidea pista bihurtzen den lekuan, errepidetik gertu.

Metroak galtzen genituen heinean mendi gaineko freskura atzean gelditu zen, oroitzapen baten moduan, bere lekua sargori itogarri batek hartuz. Honetaz errepidean korrikan hasi ginenean aski konturatu nintzen, errepideak xurgatutako beroak oin-azpiak egosten hasi zitzaizkidanean.

San Martinen ez ginen geratu ere egin. Korrika txikian jarraituz, pilota buruz buruko txapelketa ikusteko prestatzen ari ziren amezketarren artean pasatu ginen, eta ez zen gutxiagorako. Jokin Altuna herrikideak Beñat Rezustaren aurka jokatuko baitzuen. Arratsaldearen azken orduan txapela Amezketara iritsiko zen.

14:45. San Martinen.

Bukatzeko, galtzada itxurako bide maldatsu bat jaitsi ondoren Amezketako herrigunera iritsi, eta ia zortzi orduko ibilaldiaren ondoren, berriro ere San Bartolome elizaren paretik pasa ginen, ibilbideari amaiera emanez.

14:50. Amezketako kaleetan berriro ere.


- 4 km/h-ko medie - esan nion Asierri GPSari begira.
- Bakarrik?
- Bai, kontutan izanda sartu deun desnibela eztau gaizki - erantzun nion -, dena den gehio entrenau beharko deu, jejeje.

Zapatilak kendu eta oinak txakleta freskoetan sartzeak eman zidan gozatuak ez zuen preziorik izan. Kotxera nekatuta iritsi arren, muskularki ongi iritsi ginen, arazo eta ondoezarik gabe, eta oinetan babarik ez zen ageri. Baina zeru hodeitsu eta iluna izan arren, aidean eraman genuen azalak gorritu ederra hartu zuen, sobra ere eguzkitako krema beranduegi eman genuenaren seinale. Ibilbidearen penarik handiena egun batzuk beranduago sentituko nuen, igo gabe utzi genituen mendiak "deskubritu" nituenean. Asierri honen berri eman nionean ezin zuen sinetsi. Hala ere, erantzun zidan whatsapp-ean "2 gehiago? Errepikatuko degu ordun" erantzun zidan. Ez dakiena da gutxienez dozena erdi bat mendi gehiago direla, jejeje

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Goikoetxea I. Aralar mapa. Aranzadi Zientzia Elkartea, 1994.
- Peña Santiago L.P. Aralar: travesías y cumbres a través de una geografía humanizada. Donostia. Elkar edizioak, 1084.
- Goikoetxea I. Aralar: rutas - travesías - ascensiones. Donostia. Txertoa edizioak, 1992.
- Wikipedia, entziklopedia askea. 2020/09/01. Aralarko Malloak. Eskuragarri: https://eu.wikipedia.org/wiki/Aralarko_Malloak
- Noticias de Navarra. 2020/08/10. Valle de Araitz, un siglo de los cables de las Malloak. Eskuragarri: https://www.noticiasdenavarra.com/navarra/2020/08/10/siglo-cables-malloak/1069227.html
- XIV orduko ibilaldia. Eskuragarri: https://14orduak.eus/
- Mendiak.net web orria. 2011/06/24. Malloak integral (Beluta - Balerdi): gran circular desde Betelu. Kukoren erreporra. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=37814
- Mendikat web orria. Ttutturregi (1.290 m). Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/1282
- Smithyren bloga. 2017/03/31. Intzako Dorrea edo Sollazbizkargaña Amezketatik. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/03/intzako-dorrea-edo-sollazbizkargana.html
- Smithyren bloga. 2013/05/13. Balerdi (1206 m.) eta Artubi (1263 m.) Amezketatik, 2013/05/05. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2013/05/balerdi-1206-m-eta-artubi-1263-m.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina