AZKEN 10 SARRERAK
2022/02/23
IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "ELEKTROLITOS" BIDEA, 80 m, V. 2022/02/06
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Ihabar herriaren iparrean dagoen Urdebez mendiko hegoaldeko horma espero ez genuen aurkikuntza ederra izan da. Aurkikuntza honen “errudunak” Mikel Txintxa eta Christian Pau izan dira, horma honetan "orain arte" ireki zituzten “Sagarra” (105 m, IV), “Litos” (255 m, V) eta "Elektrolitos" (80 m, V) eskalada-bideak beraien blogen bitartez lau haizeetara zabaldu dituztelako. Eta “orain arte” diot, azkeneko hilabetean eskalada-bide berriak irekitzeko aukera handiak dituen horma honetan beste bi bide berri ireki dituztelako, “Kormoran Moñudo" (130 m, IV+) eta oraindik ezagutzera eman ez duten beste bat. Zain geratu beharko gara, jejeje.
“Sagarra” eta “Litos” eskalatu genituenean eskalada-bide berriak irekitzeko aukera aparta eskeintzen duten horma batzuk ikusi genituen. Hala ere, eskalada-bide berriak irekitzea baino, motibazio eta gogoa “Elektrolitos” bidea eskalatzera joan zitzaigun, are eta gehiago Mikel eta Christian bide berriak irekitzen ari zirela jakin genuenean. Artistari bere lana bakarrik eta molestatu gabe egiten utzi behar zaio eta bideak irekitzeko duten filosofia eta estilo garbia kontutan hartuta, ziur naiz lan txukuna egin dutela eta egiten jarraituko dutela. Bejondeizuela!!
Kuriositate moduan, Mikelek bere blogean azaltzen duen moduan "Elektrolitos" izena Asier "Txibi"-ri bururatu zitzaion, hainbat mendi jardueretan sufritutako karranpei ohore eginez.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 80 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Mikel Txintxa eta Asier Txibik, 2021eko martxoa-apirilan.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III/III+ (25 m), 2ºL: V- (25 m) eta 3ºL: V (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Material hau guztia eraman arren, guk Totem horia (azken luzean), bilgunea muntatzeko zinta-uztai bat eta bost express-zinta "bakarrik" erabili genituen.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete pasatxo.
BIDEAREN KROKISA
Urdebez hegoaldean eskalatutako trilgoia. Momentu honetan beste bi bide irekita daude, baina oraingoz "Kormoran Moñudo" bidea bakarrik ezagutzera eman da, "Elektrolitos" bideak zeharkatzen duen hormaren eskuineko horma "bikia" zeharkatzen duena.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Mendirik gabeko asteburuak luzeak izaten dira, luzeegiak beharbada. Zentzu honetan, otsailaren lehen asteburua luze zihoan, aspergarria eta antzua, Asier igande arratsaldeko hiruetan jaso nuen arte. Eskalatzera gindoazen eta honek animoa goreneraino altxatu zidan!!
Duela hambost egun egin genuen moduan, Ihabar iparrean dagoen abeletxe baten ondoan kotxea biderik oztopatu gabe aparkatuta utzi eta Urdebezeko hegoaldeko hormara zuzendu ginen, hariztiaren erdian dagoen ehiztarien txabolara iritsi ginen arte (hurbilketa honi buruzko azalpen zehatza hemen irakurri dezakezue).
Zeru urdinari noizik eta behin hodei bakartiren batek kolore zuria ematen zion arren arratsalde lehorra espero zen, nahiz eta eguraldi aldaketa gauerako iragarrita egon. Zeruari begiratu gabe, aurreko egunetan bezala, ehiztarien txabolatik zuzen gora (iparrera) jarraitu genuen hormaren oinaren ondoan dagoen bidexkara arte, baina oraingoan mendebaldera hartu beharrean ekialdera hartu genuen.
Eguzkiari bizkarra emanez, hormaren oinaren ondoan ahalik eta denbora gehiena mantenduz jarraitu genuen, haritz artean “Elektrolitos”-ek jarraitzen duen horma identifikatu genuen arte. Horma identifikatzea ez da zaila, lehen luzean saihesten den sabai nabarmena urrunetik ikusten delako. Sabai hau erreferentzi bezala hartuz horma aldera igotzen hasi ginen, hormaren aurrean kamuflatuta dagoen punta batek eta hormak osatzen duten erlaitz zabalera zuzenduz, eskalada-bidea bertan hasten baita. Harkaitz-plakatxo batzuen eta belar tarte batzuen igoera tartekatuz (II/II+), hormaren azpiko erlaitz eroso eta zabal honetara iritsi ginen.
Erlaitzera iritsi aurretik...
- Joer, etxetio aterata ordubeten honaño iritsi gea – esan nion Asierri erlojuan laurak eta bost zirela ikusi nuenean.
Eskalatzen hasteko trasteak prestatzen ari ginen bitartean bidearen lehen parabolta identifikatu genuen, luzearen lehen metroetan bertara iritsi beharra genuelako. Parabolt hau identifikatu ondoren bidearen nondik norakoak irudikatzen hasi ginen, parean genuen horma biluztuan behatzekin irudizko lerro bat marraztuz.
Irudizko lerroa... Argazkian lehen luzeko bi parabolten kokalekua ikusi daiteke.
- Bueno, ea zemuzkoaen!!! – esan nion Asierri eskalatzen hastearekin batera.
- Lehenengo luzea, 25 metro, III/III+. Luzearen lehen metroek horma erdibitzen duen sabai nabarmena ezkerretik saihesten dute, sabaiaren ezkerrean dagoen paraboltera zuzenduz. Lehen parabolt hau urrun dagoen arren (10 metro inguru) berara iristea ez zitzaidan asko kostatu, lehen metro hauetako harkaitz-plaka etzana, trinkoa eta helduleku onekoa delako. Paraboltera iristear nengoela sabaiara zuzendu nintzen nolakoa zen ikustera:
- Harritzen naiz sabaia zuzen eskalatu ez izana – esan nion Asierri -, harri ona daukela emateu...
- Igual goien lehenengo reunioa montatzeko arazok izango zittuen… - erantzun zidan.
- Balitteke – erantzun nion -, beraiek pareta hau guk baño askoz hobe ezagutzeute...
Lehen parboltaren atzean utzi ondoren horma zertxobait tentetzen bada ere ez da bertikal izatera iristen. Tarte honetan ere harkaitzaren kalitate onak harritu ninduen, baita dituen helduleku onak ere. Metroak segurtasun osoz irabaziz, harkaitz-zubi handi baten azpian dagoen paraboltera iritsi nitnzen (III), luzean jarrita dagoen bigarrena eta bilgunea muntatuta dagoen erlaitzaren azpian kokatuta dagoena. Bertatik luzeko bigarren express-zinta pasatu nuen.
Bigarren paraboltetik bilgunera iristea luzeko pasagunerik zailena izan zitekeela iruditu zitzaidan, baina hemen ere helduleku oso onak daude. Pasagune hau eskalatuta (III/III+) bi paraboltez osatutako bilgune erosora iritsi nintzen.
Lehenengo bilgunean.
Bidearen hasiera lehenengo bilgunetik ikusita.
- 25 metro.
- Zer? - galdetu zidan Asierrek harriduraz hormaren oinetik.
- Luzek 25 metro dittula - erantzun nion -, sokaren erdiko marka hementxe dauket...
Asier aseguratzen ari nintzen bitartean, jasotzen nuen soka hormaren zulo handi batean sartzen ari zela ikusi nuen, baina honi ez nion jaramon handirik egin; izan ere, “hola ez zait ingurun kiribilduko” pentsatu nuen.
Lehen paraboltaren parean.
- Soka zulon sartuta dau? – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Bai – erantzun nion lasaitasun osoz.
- Ba zulo barrun ataskatzen bada ea nola ateatzen deun… - erantzun zidan kezkatuta.
Ordura arte konturatu gabe nengoen, baina Asierrek arrazoi zuen. Nire baldartasunaz ohartuta, soka kristalezko pieza hauskor bat izango balitz bezala poliki-poliki eta kontu handiz atera genuen arte ez nuen arnasa lasai hartu.
Bigarren paraboltaren parean. Paraboltaren gainean harkaitz-zubi handia ikusi daiteke.
- Bigarren luzea, 25 metro, V-. Asier bilgunetik gora zuzen atera zen, bilgunearen gainean dagoen arte estu eta hildako arte baten enbor txikiaren artetik (III). Arte estuaren ondotik pasa zenean, harkaitzaren kalitate bikaina aprobetxatuz, harkaitz-plaka etzana zertxobait eskuinera eskalatuz jarraitu zuen (III).
- Hemen puenterroka baten kordino bat pasauta dau – esan zidan metro batzuren ondoren.
Harkaitz-zubian.
Harkaitz-zubian jarritako kordeletik lehen express-zinta pasa ondoren hormari begira geratu zen, luzea nondik jarraitzen zuen deskubritu nahian.
Harkaitz-zubian pasatutako kordela.
- Goien parabolt bat ikusteet – esan zidan azkenean.
Harkaitz-zubitik gora horma zertxobait inklinatzen bada ere, orain arte bezala, harkaitzaren kalitatea bikaina da. Zuzen eskalatzen jarraituz ez zuen arazorik izan paraboltera iristeko (III).
Parabolta dagoen lekuan.
Parabolta.
Bigarren paraboltetik aurrera horma zerxobait gehiago inklinatu eta luzeak eskuin aldera zeharkaldi bat egiten du, bigarren bilgunea muntatuta dagoen harkaitz-plaka bertikalaren azpian uzten gaituen arte. Paraboletik gora metro pare bat eskalatu ondoren zeharkaldia kontu handiz egin zuen, zailtasunagatik baino bertan dauden zuhaixkak ekiditeagatik. Adar tartean pasatuz bilgunearen azpiko hormatxo bertikalaren azpira iritsi zen (IV).
Zeharkaldiaren hasieran egindako argazki honetan zuhaixketako adarrak ikusi daitezke.
Zeharkaldiaren amaieran, bilgunearen azpiko hormaren oinean.
- Zemuz dijo? – galdetu nion.
- Oaingoz errexa – erantzun zidan -, ta harkaitze oso ona.
Bilgunera iristeko 3 metro inguruko hormatxo bertikal bat eskalatzea geratzen zitzaion, parabolt batekin babestua dagoena. Parabolta egon arren, pasagune honen eskalada argi ikusiko ez balitz hormaren ezker aldean friend-ak arazo handirik gabe trabatu daitezken arrail nabarmen bat dago.
Bilgunera iritsi aurreko hormatxoa azpitik ikusita. Ezkerrean arrail nabarmena ikusi daiteke.
Arrailan eskuak eta ezker oina sartuz Asierrek ez zuen arazorik izan hormatxoa eskalatu eta bi paraboltez osatuta dagoen bilgunera iristeko (V-).
Lehenengo bilgunea bigarrenetik ikusita.
- Luze honek ere 25 metro!!! - oihukatu nion sokaren erdiko marka Reversoaren parean zegoela ikusi nuenean.
- Bai? - erantzun zidan -, uste nun gehixeago izango zittula.
- Soka jasotzezunen ikusikozu marka paren geldituko zaizula... - erantzun nion.
Asierri iruditu zitzaion bezala, niri ere bilgunera iritsi aurreko hormatxoaren eskalada izan zen luzearen zailtasunik handiena iruditu zitzaidana, baina ezkerreko arrailak asko laguntzen du hormatxo hau eskalatzen.
Paraboltaren parean.
Bideaz asko gozatzen ari ginen, harkaitz bikaina, zailtasun ertaina eta nahi izanez gero aseguruak trabatu ahal izateko aukera anitzak, nahiz eta guk oraingoz ez aprobetxatu, jejeje.
- Pena luze bat bakarrik faltatzea – esan nion Asierri azken luzea eskalatzen hasi nintzenean.
Bilgunera iritsi aurreko hormatxoaren oinean.
Oraindik ez nekiena zen hirugarren luze honetan gozatuko nuena zenbaterainokoa izango zen.
- Hirugarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik zuzen ateraz, parean dagoen horma tentea eskalatzen hasi nintzen, harkaitz-zubi batetik pasatako kordel batera zuzenduz (IV).
Luzearen nondik norakoak begiratzen.
Harkaitz-zubitik gora horma tentetzen bada ere helduleku oso onak daude, baita friend eta artaka-trabagailuak trabatzeko aukera bikainak ere.
Kordeletik gora zuzen eskalatzen hasi eta berehala zertxobait eskuin aldera jo nuen hormaren eskuinean dagoen ur-tantadun plaka batera zuzenduz (IV+). Ur-tantadun plakak eskalatzea gorroto ditudala behin baino gehiagotan esan dut eta onartu beharra daukat ikusi nituenean pereza handia sentitu nuela. Hala ere, plaka hau ez zitzaidan zaila iruditu, eta eskalatu ondoren parabolt batera iritsi nintzen (IV+).
Ur-tantadun plaka eskalatu ondoren.
Ur-tantadun plaka azpitik ikusita.
Ur-tantadun plaka eskalatuta horma bertikal bihurtzen da, baina helduleku bikainak izaten jarraitzen du, baita harkaitzaren kalitatea ere. Metroak lasaitasun eta zuhurtziaz irabaziz eta pasagune errazenak aukeratuz pixkanaka hormaren eskuin ertzera hurbilduz joan nintzen bigarren parabolt bat topatu nuen arte.
Parabolt honetatik gora harkaitz-plaka trinkoena bilatuz jarraitu nuen, hormari metroak lasai eta seguru irabaziz (IV+). Eskaladan erabat kontzentratuta nindoan eta konturatu nintzenerako paraboltetik 5-6 metrora nengoela ikusi nuen, asegururik jarri gabe. Bitan pentsatu gabe Totem laranja begien parean nuen arrail nabarmen batean trabatu nuen urduritzen hasita zegoen burua lasaitzeko. Baina eskalatzen jarraitzen hastear nengoela...
- Ostia!! Hemen beste parabolt bat dau!!- oihukatu nion Asierri -, ikusi gabe neon!!
Trabatutako Totem-a arnesera itzuli eta express-zinta luzeko hirugarren paraboltetik pasatu nuen, aurretik geratzen zitzaidana aztertuz. Luzearen amaieran eskalatzen den harkaitz-plaka bertikalera iritsi nahi banuen, parabolt honetatik ezker aldera 4-5 metroko zeharkaldi horizontal bat egin beharra nuen.
Zeharkaldia oinentzat heldulekuak bilatuz hasi nuen. Oinen eta eskuen heldulekuak tartekatuz, ezker aldera pixkanaka mugitzen jarraitu nuen gainean dagoen arte nabarmenaren ezkerrean dagoen harkait-plaka bertikalaren azpian kokatu nintzen arte (V-), luzeko azken parabolta jarrita duena. Zeharkaldia ez zitzaidan zaila iruditu baina hasieran enbarazu egiten duten zuhaixka txiki batzuen adarrak daude.
Hasiera batean harkaitz-plaka zuzen eskalatzea bururatu zitzaidan, paraboltera zuzenduz, baina zeharkaldi osoan asegururik jarri ez izanak burutapen hau bi aldiz pentsatzera eraman ninduen. Ezkerrean nuen zuhaixka batek osatutako erlaitz txikiraino iritsi eta harkaitz-plakaren ezkerrean friend bat tabatzeko aukera izango nuela ikusi nuenean ez nuen bitan pentsatu ere egin.
Zehardaldiaren erdian. Nire ezkerrean zuhaixka ikusi daiteke.
Zuhaixkatik zuzen eskalatzen hasi eta harkaitz-plakaren ezkerrean dauden arrailetako batean Totem horia trabatzea lortu nuen (V-). Friend-ak ematen duen segurtasunarekin, ezkerrean ezpel txiki eta bakarti bat utzi eta harkaitz-plakaren ezkerretik eskalatzen jarraitu nuen paraboltera iritsi eta plaka bere osotasunean eskalatu nuen arte (V). A zer nolako ginga opil batentzat!!!!
Harkaitz-plaka eskalatuta, zailtasun guztiak amaitzen dira eta plaka etzan batetik 3-4 metro eskalatu ondoren azken bilgunera iritsi nintzen, hau ere bi paraboltez osatutakoa.
- Reuniónnnnn!!!
Reuniónnnn!!!
Asierrek, ohikoa duen moduan, azkeneko luzea patxada osoz eskalatu zuen, tarteren batean topatu zituen harri askeak kenduz. Harkaitz-plaka bertikalaren ezkerrera iritsi zenean Totem-a arrailetik kendu eta, harkaitz-plakaren azpira itzuliz, plaka zuzen eskalatzen hasi zenn. Plakatik atera baino lehen alde batera botatzeko eskatu nion, argazki bat egin ahal izateko. Express-zinta paraboltean badaezpada utzita, Asier plakaren ezkerrera pasa zen.
Plaka zuzen eskalatzen.
- Hortio zemuzkoa? – galdetu nion.
- Ondo, kinto ingurun – erantzun zidan motxila artearen adarren artetik atera nahian -, baña zuhaitzen adarrek asko molestatzen due...
Plaka eskalatu zuenean argazkia egiteko alde batean jartzeko eskatu ondoren.
Hirugarren luzea bidearen luzerik onena da inongo zalantzarik gabe, pena luzeagoa ez izatea. Izan ere, Mikelek orain arte Urdebezen ireki duen luzerik onena iruditu zitzaigun, jarraitua, luzea, bikaina.
Azken bilgunean.
Soka erabat askatu gabe, Asierrek bilgunetik gora plakatxo erraz batzuk eskalatzen jarraitu zuen, ezkerrera desbideratu eta hormaren puntara iritsiz (II/II+).
Hormaren puntan.
Azken bilgunetik zintzilik.
Eskalatzen ari ginen bitartean hodeiak zerua estaltzen joan ziren, urdinak gris eta zuriari pixkanaka pausu emanez. Eguraldi txarra aurreratuko zenaren beldurrez materiala azkar jaso eta argazki pare bat egiteko denbora apurra hartu genuen jaisten hasi aurretik.
Hormaren puntan asteburuari zoriontsu agurtzen.
Horma honetan irekitako hiru bide hauek eskalatzearen proiektu txikia amaituta zegoen, bai eta modu bikainean amaitu ere, “Elektrolitos”-en azken luzea eskalatzeagatik bakarrik honaino etortzeak merezi duelako. Kotxera itzultzen ginen bitartean Sakanako txoko honetako hormei denbora luzean begira egon ginen, batetik eta bestetik argazkiak egin eta batean eta bestean eskalada-bide berriak irudikatuz.
Azken begirada eguzkiaren azken izpien artean.
Urdebez hegoaldeko hormaren inguruan Mikel Txintxak amets bat dauka: Ihabarren erdi-ekipatutako (edo gutxi ekipatutako) eskalada-bidez osatutako eskalada eskola bat sortzea. Amets hau pixkanaka gauzatuz doa irekitzen ari den bideekin, ziur gehiago iritsiko direla. Bitartean, guk berak irekitako bideak gustu handiz errepikatzen jarraituko dugu; eta zeinek daki, beharbada guk ere, Mikelen baimenarekin, bere ametsa gauzatzen joan dadin bakarren bat ere irekitzera ausartuko gara...
Ilunabarra Beriainpuntaren atarian...
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Bergidak bloga. 2021/05/06. Elektrolitos bidea (95 m; V). Urbedez. Ihabar. Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2021/05/06/elektrolitos-bidea-95-m-v-urbedez-ihabar/
- Montañas de Camille bloga. 2021/05/11. "Elektrolitos" (95 m, D-/V, semiequipada). Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2021/05/elektrolitos-95m-d-v.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:35
Etiketak:
elektrolitos,
eskalada,
ihabar,
sakana,
smithy,
smithyrenbloga,
urbedez,
urdebez
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina