AZKEN 10 SARRERAK

2022/02/20

PICO SERRATO (O PEÑÓN), 2.888 m: MENDEBALDEKO KORRIDORETIK, 300 m, AD/III+. 2022/01/23


Pico Serrato edo O Peñón mendiaren mendebaldeko aurpegi ikusgarria.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

2007ko Eguberrietan Olentzerok oparitu zidan liburua ez dut erraz ahaztuko: Julio Amesto eta Enrique Villasur mendizaleen “Valle de Tena. Las 50 mejores ascensiones”, Barrabes argitaletxeak 2004an argitaratutakoa. Liburuari begirada azkar eta arin bat ematen hasi nintzenean argazki batek atentzioa deitu zidan. Argazkiaren protagonismo osoa mendi ikaragarri batek hartzen zuen, marrazo baten hortzaren itxurarekin inguruko mendietatik nabarmentzen zen mendi bakarti batek. Mendiaren gailurretik bertatik oinera arte marra zuri, zuzen eta bertikal bat luzatzen zen, erregela batekin marraztua egongo balitz bezala. Mendi eta korridore horren estetikak ahozabalik utzi ninduten, baita korridore zuzen hura eskalatzeko gogo bizia piztu ere. Orduan ez nekiena zen zuri-beltzeko argazki zahar hartako korridorea zuzenean lehen aldiz ikusteko hamabost urte pasa beharko zirenik.

Amesto eta Villasurren liburu zaharraz gain, egun korridore honen eta ondoan dagoen ipar-mendebaldeko korridorearen inguruko informazio ugaria topatu daiteke interneten. Informazio ugari honen artean Josu cuartek “mendiak” web orrian 2012ko urtarrilean partekatu zuen kronika erreferentzia bezala nuen. Kronika honetan Isarekin (Ilargibetea) ipar-mendebaldeko korridorea eskalatzen bazuen ere, jaitsiera originala iruditu zitzaidan, Batanes mendietatik doan ohiko jaitsieratik urrun. Gainera, ez nuen jaitsiera honen oroitzapen onik, 2019ko abuztuaren 26an Pico Serratora ipar gandorretik (250 m, III+/IV) igo ginenetik. Panticosara itzultzeko dagoen harkaitz-itsasoan “galduta” pasa genuen gurutze-bidea ez diot inori opa.

Gaur egun interneten eskuragarri dagoen informazio mordoari esker korridorea baldintza onean zegoela bagenekien, baita gaur egungo teknologiari esker ere, eguraldi onak denbora luzean iraungo zuela. Honegatik Asier eta bion egutegiak egokitzea ez zigun denbora luzea eraman eta hitzordua urtarrilak 22-23ko astebururako jarri genuen, 22an Panticosan lo egin eta 23an mendira goiz igo.

- Oaingon dena elurrez tapauta eongoa – esan zidan Asierri.
- Hala esperoet – erantzun nion – ze harrikara hortatik berriro jaixtea buffff...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Ibilbidea osoaren luzera 12 km diren bitartean, korridoreak 300 metro ditu.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.340 metro inguru.
- Luze kopurua: Guk ez genuen luzeak eginez eskalatu baina eskuin horman iltzeak daude.
- Nork irekia: Datu honen berri ez dago baina badirudi nafar batzuk eskalatu zutela lehen aldiz.
- Zailtasuna: AD/III+.
- Orientazioa: Mendebaldea. Orientazio hau dela eta elurrak bertan denbora luzean irauten du.
- Ura: Casa de de Piedra eta Ibones de Bachimaña aterpeetan ura hartu daiteke.
- Hurbilketa: Panticosatik Ibones de Bachimaña aterpera iritsiko gara, bertatik mendira iristeko. Panticosatik korridorearen oinera arte gutxi gora behera lau orduren inguruan iritsi ginen, atsenaldiak kontutan hartuta.
- Jaitsiera: Pico Serrato eta Xuans mendien arteko mendi-lepora iritsitakoan hegoaldera bota genuen, bi mendi hauek osatzen duten zirkuan sartuz. Hemendik guk Labaza aintziretatik jaitsi ginen arren, nire ustez jaitsierarik erosoena hurbilketan jarraitutako bide bera jarraitzea izango litzateke. Labaza aintziretatik aurrera zeharkaldi luze bat egiten da ekialdera, Batanes mendietara doan ohiko bidearekin lehenik eta GR-11 bidearekin ondoren bat egiteko. Aukera hau hartzen bada, Pico Serratoko gailurretik Panticosara hiru ordu eta hiru laurdenetan itzuli ginen, atsedenaldiak zenbatuz.
- Eramandako materiala: 30 metroetako soka bakarra, luzera ezberdineko 4 express zinta, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, izotzerako hiru torloju, elurretarako hesola bat eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Korridorearen baldintza onak ikusita ez genuen eskaladarako material hau guztia motxilatik atera.
- Ibilbidea osatzeko pasatako denbora: zortzi ordu eta erdi, atsedenaldiak barne. Korridorea ordu erdi inguruan eskalatu genuen.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:
Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Pico Serratoko mendebaldeko aurpegiko argazki honetan bertan dauden bi korridoreen nondik norakoa ikusi daiteke.

Mendebaldeko korridorearen krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

- Ustet ez detela sekula refugiotik hain gertu aparkau – esan zidan Asierrek Panticosara iritsi ginenean.

Gaueko bederatzietan Panticosan ez zen arima bat sartzen. Aparkaleku guztiak goraino zeuden eta leku bakarra Casa de Piedra aterpearen ataritik 15 metro eskasera topatu genuen, izotz-plaka distiratsu baten gainean.

- Furgonetatik ateatzekon kontuz ibili beharko deu ez eroitzeko – esan zidan izotz-plakaren gainetik robot baten moduan poliki mugituz.
- Batez ere gauen pixe itteko ateatzen bagea, jejeje!!!

Gaua “luzea” izango bazen ere, ez genuen furgonetatik ateratzeko beharrik sentitu, jejeje. Goizeko bostak eta erdietan alarmak jo zuen. Lo-zakuetako epeltasunetik atera, gorputza hozten hasi aurretik jantzi, maskuriak hustu eta deabruak energiaz gainezka kargatutako txokolatez betetako XXL tamainako croissant bat jan eta txokolate-irabiaki bat gosaldu genuen, hainbat maratoi jarraian korri ahal izateko energia gorputzean sartuz. Goizeko seiak eta laurdenetan furgonetatik honen azpiko izotz-plakan irrist ez egiteko kontu handiz atera ginen, Ibones de Bachimaña aterpera arte eramango gintuen igoerarekin hasiz.

Goizeko seiak eta laurden Panticosan.

Metroak presarik gabe igotzen hasi ginen, elur izoztuan irrist ez egiteko kontu handiarekin ibiliz. Eta elurraren egoera zen gehien kezkatzen gintuena, azkeneko egunetako antizikloiaren eraginez Pirinioetako elurra oso gogorra zegoelako, leku batzuetan harriaren pareko izateraino. Eta “ezohiko” elur gogor honek denbora gutxian zorigaitzeko bost istripu erraztu zituen, bost familiri atsekabea eramanez. Baina Panticosan zero azpitik hiru gradu egon arren, fraidearen aldapara iritsi ginenerako berokia motxilaren barruan gordeta genuen, eta inbertsio termikoaren eraginez ez genuen beharrik sentitu aldapa honetan kranpoirik jartzeko. Zeruertza argitzen hasita zegoenean fraidearen aldapa igo eta aurretik zihoan hiruko talde batekin bat egin genuen, mendi berera eta korridore berera zihoan hirukotea.

Fraidearen aldaparen amaieran...

Goizeko zortzirak ziren Ibones de Bachimañan aterpera iritsi ginenean. Aterpearen barruan mendizaleen mugimendua hasita zegoen arren jangelan isiltasuna zen nagusi. Mendizaleak koilaratxoarekin mugitzen zuten kafesnearen mugimenduan begirada finkatuta zuten, isilik, kontzentratuta, mermeladaz zipriztindutako ogi pusketa bat murtxikatzen zuten bitartean. Isiltasunean urduritasun berezi bat arnasten zen, komunetan batez ere, mendizaleen joan etorria etengabea baitzen.

Ibones de Bachimaña aterpera iristen.

- No tenemos un plan fijo – esan zion Asierrek hirukoteari, aterpearen kanpoan kranpoiak jartzen genituen bitartean –, si el corredor oeste está ocupado nos meteremos en el noroeste.
- Y si estamos con ganas y fuerza iremos a mirar cómo está el corredor norte del Xuans… - esan nien.

Plan finkorik ez genuela jakiteak hirukotea lasaitu zuela esango nuke, aterpetik gora hasi ginenean pixkanaka atzean geratzen joango zirelako. Aurretik, iluntasuna apurtzen kopetako argiz osatutako ilara bat urrun ikusten genuen, hau ere Pico Serratora zuzenduz. Ilara horrek hartzen zuen erabakiaren arabera korridore batean edo bestean sartuko ginela adostu genuen.

Zortzirak eta erdi ematear zeudela zeruertza zuritik horira eta horitik laranjara pasatzen hasi zen baita inguratzen gintuzten mendi altuenen gailurrak urrez janzten hasi ere. Zeru goienean, ilargia egunsentiaren miraria ikusteko leku pribilejiatu batean zain zegoen, eguzkiaren argitasunak oheratzera behartu aurretik.

Egunsentiaren aurreko argiak...

Mendi altuenetatik argitasuna pixkanaka bailaretara jaisten ari zren bitartean, tirriki-tarraka aterpetik gora dagoen aldapa gogorrari metroak irabazten joan genizkion, atzeko hirukotea geroz eta urrunago eta aurreko argi-lerroa geroz eta gertuago ikusten genuen bitartean.

Ibones de Bachimaña aterpetik gorako bidean.

Pico Serratora hurbiltzeko bi aukera genituen: zuzena eta zeharkakoa. Aukera zuzenek aldapa handiagoak igotzea dakarten bitartean, zeharkako aukerak luzeagoak izaten dira beti, baina honek ez du esan nahi zeharkako bide hauetan aldaparik topatuko ez dugunik. Gure kasuan zeharkako bidetik igotzea aho batez onartua izan zen, jejeje.

Aurretik eta atzetik genituen taldeak baino azkarrago igotzen ari ginen arren, ez nuen azkar igotzen ari ginenaren sentsaziorik. Hala ere hankak gogortuta sentitzen nituen, zapaltzen ari ginen elurraren moduan, hauspoa nahi baino gehiago behartuz.

Hurbilketan igo genuen aldapetako baten amaieran...

Aldaparik gogor bat amaitzearekin batera aurretik zihoan taldea harrapatu genuen, gure parean Pico Serrato eta buru biko Xuans mendiek osatutako zirkua agertuz.

Aurretik zihoan taldeari aurrea hartu genion unea. Geroago jakingo genuen "mendiak eta herriak" gida taldeko gida bat eta bere bezeroak zirela.

Pico Serrato eta Xuans mendiek osatzen duten zirku ikusgarria.

- Hor ikustean korredorea noroesteko bigarren zatie da, ez? – esan zidan Asierrek mendia bastoiarekin seinalatuz.
- Baietz esango nuke – erantzun nion -. Hemendio oestea nundik dijon ez da ikusten baña bai gutxi gora behera nun hastean.

Pico Serratoko korridoreak identifikatzen: orlegi argiz ipar-mendebaldeko korridorea, gorriz mendebaldekoa eta puntu zuriz bertara iristeko jarraituko genuen bidea.

Argazki batzuk egin ondoren zirku honen oinean dagoen den Xuans aintzira izoztura jaitsi, aintzira zeharkatu eta Pico Serratoko mendebal-aurpegia maldan gora alderik alde zeharkatzen hasi ginen, ezkerrean ipar-mendebaldeko korridorearen sarrerako konoa utziz.

Xuans aintzirara jaisten. Bidearen ezkerrean ipar-mendebaldeko korridorearen oineko konoa ikusi daiteke, elurrezko ezproi moduko baten itxura duena.

Xuans aintziratik gora jarraitutako bidea. Bideak noranzkoa aldatzen duen lekuan erlaitz zabal bat topatu genuen, eguneko lehen atsedenaldia egingo genuena.

Hamarrak hamar gutxi aldera, mendebaldeko korridorearen azpian elurrak sortutako erlaitz zabal batean atseden hartzea erabaki genuen, eguneko lehenengo atsedenaldi “serioa”, zerbait jan eta edateaz gain alpinisten mozorroak janzteko ere aprobetxatuko genuena.

Erlaitz zabalera iristen, dagoeneko korridorea bere osotasunean ikusi daiteke.

- Joer, estetikoa bada – esan nion Asierri mendebaldeko korridorea lehen aldiz bere osotasunean ikusi genuenean.
- Hemendik behintzat politte emateo - erantzun zidan -, ta gañea gu izan behar gea lehenengok sartzen…

Asierrek arrazoi zuen. Harkaitz-eskaladarekin gertatzen den bezala korridoreetan hobe da eskalatzen lehenengoetakoa izatea, aurretik doanak zerbait beti botatzen baitu: izotz pusketak, harriren bat, etab.

Barratxo bat murtxikatzen genuen bitartean Xuans mendiko ipar-korridorearen baldintzak onak ez zirela ikusi genuen. Korridoreak jarraitutasunik ez izateaz gain, ikusten ziren irtenguneak zailak eta harkaitz txarrekoak izango ziren susmoa hartu genien. Jaitsieran gertuago ikustera hurbilduko ginen baina lehen begiradapean behintzat ez zigun konfiantza handirik eman.

Erlaitz zabalean korridoreari begiradarik kendu gabe.

Atsedenaldiaren ondoren hamarrak eta laurden aldera ibiltzen hasi ginen. Xuans ipar-korridorearen baldintzek burua zalantzaz bete gintuzten arren, Pico Serratoren mendebaldeko korridorearen baldintzak itzelak izan zitezkeela iruditu zitzaigun. Izan ere, motxilen barruan gordeta zeuden soka eta eskaladako materiala ez ateratzea erabaki genuen: “asuntoa zaile daula ikusten badeu ateako dittugu”.

Korridorera hurbiltzen.

Asier erlaitz zabala utzi ondoren. Atzean Xuans mendiaren ipar horma ikusi daiteke. Ipar korridorea bi punten artean dago.

Korridorearen azpiko konoak sortutako ezproi itxurako elur-formazio batera igo (55º) eta zeharkatu ondoren, korridorearen hasierara iritsi ginen:

Ezproi itxurakoa atzean utzi ondoren. Argazkian korridorearen azpian dauden iltzeetako baten kokalekua ikusi daiteke..

- Hara, hemen bi iltze dare!!! – esan nion aurretik zihoan Asierri korridorearen eskuin hormara zuzenduz.

Argazki honen eskuinean (puntu gorriaren eskuinean eta zertxobait goian) iltzeetako bat ikusi daiteke.

Korridorearen lehen metroak igo eta berehala estugune batean hasten den 5-6 metro inguruko irtengune bat topatu genuen, korridoreak duen zailtasunik handiena. Piolet eta kranpoien puntak elur gogorrean ongi sartuz ez genuen arazorik izan irtengune hau eskalatzeko (55º-60º).

Irtengunea eskalatzen. Lehen planoan estugunea ikusi daiteke.

Korridoreko hasierako estugunean.

Irtengunea eskalatu ondoren.

Irtengunea eskalatuta korridoreak bi horma artean zuzen-zuzen jarraitzen du, 50º-55º inguruko malda mantenduz. Elurra gogorra bazegoen ere kranpoi eta pioleten puntak ongi sartzen ziren, denbora osoan segurtasun osoz eskalatzen ari ginearen sentsazioa sentituz. Korridoreak behin baino gehiagotan Aketegi Erpineko “Eskirol” irteera gogorarazi zidan, bai estetikan baita inklinazioan ere.

Irtengunearen gaineko zatian.

Goiko argazkiko leku beretsuan, baina goitik ikusita. Distantziak mantenduz, Aketegi Erpineko “Eskirol” irteeraren antza handia hartzen diot.

Poliki igotzen ari bagina ere, elur gogorraren eraginez hanketako bikiek marmarka neramatzan denbora osoan, dozena bat pausuren ondoren atseden hartzera behartuz. Honegatik, Asierrek utzitako arrasto sakon bat ikusten nuen bakoitzean bertan bikiei atseden ematen saiatzen nintzen.

- Ohitura falta!!! – esan nion Asierri atseden hartzera gelditu nintzenetako batean.

Bikiei atsedenaldi bat ematen.

Korridorea erdian zabaldu egiten da, malda ere 45º-50º ingurura jaitsiz. Honaino aurretik joan ondoren, Asier alde batera bota zen eta aurrera pasatu nintzen arrasto txiki bat ireki eta argazkiak goitik behera egiteko asmoz.

Aurrea hartzen...

Korridorea zabaltzen den lekuan...

Metro batzuk gorago korridorea berriro ere zertxobait estutu eta malda berriro ere 50º-55º graduetara igotzen da, hala ere ez zitzaidan iruditu lehen metroetan bezala estutzen zenik. Gora begiratzen nuen bakoitzean eguzkia desiraz begiratzen nuen: “hor elurre biguñe eongoa…”.

Korridorea berriro ere zertxobait estutzen den lekuan.

Goiko argazkiko leku berean baina goitik ikusita.

Korridorearen azken 40-45 metroetan malda pixkanaka jaisten doa, hasieran 45º ingurura eta azken metroetan 40º ingurura. Eguzkiaren eraginez azken metro hauetako elurra zertxobait bigunagoa topatu genuen, metroak azkarrago eta erosoago irabazteko aukera emanez.

Korridorea aldapa galtzen hasten den lekuan.

Bikiei azken esfortzu bat eskatuz korridorea amaitzen den gandorrera iritsi ginen.

Korridorea amaitzen den gandorrean.

Korridoreetako eskaladeetako osagaiak itzalpea, hezetasuna eta iluntasuna izaten dira, eta begirada iluntasun honetara ohitzen da, inguratzen gaituena gainetik dugun elur eta izotzezko mundu monokromatikora mugatuz. Honegatik, korridore bat eskalatzen denean bere atzean zer ezkutatzen duen ez da jakiten goienera iritsi arte. Iluntasunak argitasunari tartea ematen dio eta begirada infinitura arte zabaltzen da.

Azken metro etzanetan...

15 metro eskasera zegoen gailurrera zuzentzen ginen bitartean begirada inguratzen gintuen ikusmira zabalaz kutsatzen joan zitzaigun. Goizeko hamaikak laurden gutxi ziren gailurrea iritsi ginenean.

Pico Serratoko gailurrean...

Gailurrean eserita, eguzkiaren epelean zeruertza zizelkatzen zuen erliebe zehaztugabea forma ezagunak hartzen hasi zen: Vignemale mendilerroa, Astazouak, Marboré, Taillon, Gabietoak, Picos del Infierno edo Garmo Negro. Azpian, aintzira izoztuen artean Ibones de Bachimaña aterpea ere ageri zen, urrun, bertatik aspaldi pasa izan bagina bezala.

Vignemale mendilerroa.

Astazouak, Marboré, Taillon, Gabietoak...

Argualas, Garmo Negro, Picos del Infierno eta azpian, aintzira izoztuen artean, Ibones de Bachimaña aterpea.

Gailurrean egon ginen hamabost minutuak azkar pasa ziren, nahikoak bidean galdutako ur eta energia berreskuratzeko baina eskasak inguratzen gintuen edertasunaz bere osotasunean gozatzeko.

Aupa MAT!!!!!

Eguzkia hartzen ari zen indarrak behartu gintuen gailurrean bizitzen ari ginen ametsetik esnatu eta beherako bidea hartzera, elurra oso gogorra dagoenean arriskutsua den bezala gehiegi biguntzen denean ere arriskutsu bihurtzen delako.

Beherako bidean, korridorearen irteerako arrastoa ikusi daiteke.

Jaitsierako lehen metroetan gandorraren ahoan egiten diren metroetan, atzen Vignemale mendilerroa.

- Gutxiñez jaitxierako arrastoa dau!! - esan nion Asierri gandorraren ahotik gertu egiten diren lehen metroak atzean utzi eta arrasto nabarmen bat ekialdera zuzentzen zela ikusi nuenean.

Beste mendizale batzuk irekitako arrasto nabarmena jarraituz, mendiaren ipar-ekialdeko aurpegitik metroak azkar galtzen hasi ginen, burua Serratok Xuans mendiarekin ekialdean osatzen duen mendi-lepoan genuela. Metroak galtzen genituen heinean elurraren gogortasunak eguzkiaren berotasunari amore ematen zion, zopa itxura hartuz. Tarte batzuetan amildutako elur-plaka batzuk utzitako orbainen gainetik pasa ginen arren, ez genuen arazorik izan mendi-lepora iristeko.

Jaitsieran...

Mendi-lepora iritsi aurretik, Xuans mendiko ipar korridorearen baldintzak kaxkarrak zirela ikusita Asierrek ipar-mendebaldeko korridorea eskalatzea proposatu zidan. Berak oraindik geratzen zitzaion indarretan konfiantza osoa zuen bitartean, igoeran bikietan izan nuen kargak zalantzaz bete ninduen. Ipar-mendebaldeko korridorea eskalatzen bagenuen ibilbidea hamalau ordutara luzatuko zela kalkulatu nuen (kalkulu okerra gero ikusiko genuen bezala) eta kotxera indarrak hustuta iristeak eta hurrengo egunetan agujetak jota etxean geldirik geratzeak pereza handia ematen zidan. Ehunka arrazoi negatibo eta pesimista eman nizkion beherako bidearekin jarraitzeko eta azkenean onartu baino amore eman behar izan zuen. Eboluzionatu nahi bada erosotasun eremutik atera behar dela pentsatzen dut, baina eboluzio hori fisikoa izan behar denean praktikan jartzea asko kostatzen zaidala onartu beharra daukat. Eremu honetara hurbiltzeko aukera ezin hobea galdu nuela uste dut, eta honek amorrua sortarazten dit, amorrua Asierrengatik eta amorrua sentitzen nuen nekea neke erreala baino askoz gutxiagoa izan zelako, gero ikusiko nuen moduan.

Jaitsierako arrastoak ez zuen igoerakoarekin zerikusirik, jejeje!!

Goizean goiz topatu genuen hirukotea mendi-lepoan atseden hartzen ari zen. Korridorearen eskalada baztertuta, erraketekin itzuli bat egitea erabaki zuten. Korridorearen nondik norakoak eta egoera beraiekin partekatu ondoren mendi-lepotik zirkura Serrato-Xuans mendiek osatutako zirkura pasa ginen, itzalpearen freskotasunera itzuliz.

- Bi mendizale dijoz korredorera... - esan zidan Asierrek mendebaldeko korridorea seinalatuz.
- Beandu, ez? - Erantzun nion.
- Korredorea erdi-itzaletan eonda elurrek gogorra aguantauko dula pentsatzen det.

Argazki honetan bi mendizaleak (bi puntu txiki) korridorera hurbiltzen ikusi daiteke.

Gertuago... Zein handiak sentitzen garen gu baino handiagoa den zerbaitek txiki sentiarazten gaituen arte.

Xuans mendia ezkerrean utzita, hegoaldeko noranzkoan metroak galtzen jarraitu genuen, zirkuaren behekaldean dagoen muino baten gainean eraikitako mugarri batera zuzenduz. Bertara iritsi ginenean zalantza berri bat sortu zitzaigun: Josu eta Isaren bidetik jarraitu edo igoerako bide beretik jarraitu?

Argazkiaren ezkerrean muinoan eraikitako mugarria ikusi daiteke.

- Hok hemendio jaitxi bazien seguru motxagoa izangoela - esan nion Asierri ez oso konbentzituta -, ta hola zirkular bat egingo deu...

Azkenean Josu eta Isaren jaitsieratik jarraitzea erabaki genuen, baina orain jaitsiera hau nolakoa den ezagututa gure gomendioa igoerako bide beretik jaistea izango litzateke, zertxobait luzeagoa bada ere ez dugulako uste denbora asko galduko denik. Gainera, Ibones de Bachimañako aterpetik beherako bidean arrastoa nabarmena egoten denez, jaitsiera ziurrenik erosoagoa izango dela uste. Dena den hau gure ustea besterik ez da, mendi honetara itzultzen garenean baieztatzen saiatuko garena.

Mugarria atzean utzita, Xuans menditik hegoaldera bizkarrezur luze baten modura luzatzen den gandorraren oinetik gertu mantendu ginen, gandorraren amaieran dagoen punta batera zuzenduz, gainean mugarri bat eraikita duena. Metroak hain zuzen eta azkar galtzeak animatu gintuen Panticosara "berehala" iritsiko ginela sinestaraziz.

Muinoko mugarritik behera jarraitutako bidea. Gandoarren amaieran mugarri bat duen puntaren kokalekua ikusi daiteke.

Gandorraren amaierako puntara iristen. Gainean eraikita duen mugarri txikia ikusi daiteke.

Elurrik gabeko harkaitz batzuen gainetik metro batzuk egin ondoren puntak gandorrarekin osatzen duen mendi-lepo estura iritsi ginenean orain arteko jaitsiera arina bat batean gelditu zen:

- Hemen korredore tente bat dau... - esan zidan Asierrek kezkatuta lepotik behera begiratuz.

Gure oinen azpian 50-60 metro eta 45º-50º inguruko korridore bat Labaza aintzirak dauden lautadaraino zuzen-zuzen luzatzen zen, txirrista erraldoi baten modura. Kezkak eta erantzunik gabeko galderak berriro ere burura etorri zitzaizkigun: hemendik behera jarraitu edo zeharkaldi bat egin Ibones de Bachimaña aterpetik gora doan bideraino?

Barratxo bat jan eta zerbait edaten genuen bitartean egoera baloratu ginen. Hemendik aurrerako bidea GPS-an gordeta genuen bitartean, aterpera itzultzeko zein bide jarraitu beharko genuen ez genekien, muinoan dagoen mugarriraino itzultzen ez baginen behintzat. Bestalde korridorea jaisteak beldur pixka bat ere ematen zigun, ekialdeko orientazioa izan arren elurra oso gogorra egongo balitz akatsik onartzen ez zuelako. Aldekoak eta kontrakoak baloratu ondoren, azkenean korridorea jaistea erabaki genuen.

Asier korridorea jaisten.

- Ondo jaixtea!!! - Oihukatu zidan Asierrek korridorearen oinera iritsi eta alde batera bota zenean.

Jaitseira zuhurtzia osoz hartu nuen, Asierrek utzitako arrasto txikietan kranpoien puntak sartu eta pioleten puntak elur gogorrean sendo sartuta zeudela ziurtatuz. Eguzkiak bete betean ematen zion arren, korridoreko elurra oraindik ez zegoen oso biguna.

Korridoaren lehen metroetan.

Asierrek esan zidan moduan, korridorea uste baino erosoago jaitsi nuen. Dena den, Asier zain nuen harkaitz zabalera iritsi arte ez nintzen erabat lasaitu.

Korridorea jaitsi ondoren.

Korridore honetatik aurrera zailtasunak itxura batean amaituta zeudenez, bastoiak pioletengatik aldatu eta korridorearen ekialdean dagoen Labazako aintzira izoztura zuzendu ginen, honen ekialdean dagoen muinora igoz.

Labazako aintzira atzean utzi ondoren. Argazkian, urrun, jaitsi genuen korridorea ikusi daiteke.

Muino honetatik aurrera ekialdeko noranzkoan zeharkaldi luze, ezeroso, eta tarteka zegoen elur gogorraren eraginez, agerikoa topatu genuen, Batanes mendietara doan ohiko bidearekin bat egin genuen arte. Elurraren gogortasunak pioletak berriro ere motxiletatik ateratzera behartu gintuen, hainbat lekuetan irrist egiteak egoera zail batean utziko gintuelako. Fisikoki jaitsiera oso gogorra iruditu ez zitzaigun arren, elurraren baldintzak jaitsiera tekniko eta sikologikoa bihurtu zuen, eta honek izugarri nekatu gintuen. Harritu gintuena izan zen jaitsera osoan beste mendizale baten arrastorik ez topatzea, honegatik behin baino gehiagotan faltan sentitu genuen Ibones de Bachimaña aterpera doan bidearen arrasto garbi eta sakona!!! Lasaitasun ederra hartu genuen GR-11 ibilbide zapalduarekin bat egin genuenean.

Hiruak laurden gutxi ematear zeuden Panticosako luxuzko hotelaren atzekaldera iritsi ginenean. Ur klimatizatua duen kanpoko igerilekuan bainu erlaxagarri bat hartzen zuten bezero batzuen irribarre eta oihuek botek oinetan eragiten hasitako minari atentzioa une batez desbideratu zuten.  Panticosako Bainuetxea jendez gainezka zegoen, mendiko eskiko Espainiako txapelketa ospatzen baitzen. Orduan ulertu genuen bezperan kotxea aparkatzeko zegoen leku eskasa!!!

Beti egiten dugun moduan, ongi geundela abisatzeko etxera deitu, argazki batzuk Itziri bidali eta ibilbidearen amaieran jateko gordeta genuen meloi erdiari kupidarik gabe eraso egin genion, bost minutu eskasean desagertaraziz. Ez zen denbora luzea pasatu furgoneta martxan jarri eta etxerako bidea hartu genuen arte.

Korridorea asko gustatu zitzaigun, logikoa, zuzena eta estetikoa, oso estetikoa. Eraman beharreko materialaren aldetik, guk eskaladako materialaren beharrik ikusi ez genuen arren hau oso subjektiboa da eta norberak erabaki beharko du bere ezagutza, trebezia eta eskarmentuaren arabera. Badaezpada hau argitu nahi dut, kronika honen helburua ez delako korridore hau sokarik gabe igo daitekeela gomendatzea.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Amesto J., Villasur E. Valle de Tena, las 50 mejores ascensiones 131-132. Cuarte (Huesca). Barrabes ediciones, 2007.
- Mendiak.net web orria. 2012/01/18. Corredor Oeste Norte al Serrato (2.888 m). Josu "cuarte"-ren kronika. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?f=66&t=40415


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina