AZKEN 10 SARRERAK

2016/02/24

AKETEGI ERPINA (1545 m) NARDAGAIZTOTIK, "ESKIROL" IRTEERA. ELURRA IRITSI DA!!!! 2016/02/20

Azkenaldiko kroniketan idatzi dudan moduan, aurtengo negua triste eta elurrik gabe doa. Urtarrilaren erdialdean, lotsati, elurtetxo bat bota eta Aralarren ibilbidetxo bat egiteko aukera izan genuen. Dena den, hego haizeak inguruko mendiei soineko zuria di-da batean erantzi eta berdez biluztu zituen berriro ere.

Otsailaren 13ko astebururako aurtengo bigarren elurtea iragarrita zegoen eta larunbata gauetik astearterarte inguruko mendiak ederki zuritu ziren. Astearen hurrengo egunetan tenperatura hotza mantendu behar zenez, otsailaren 20ko asteburua gorriz markatu genuen aurten lehen aldiz Aizkorriko kanalei bisita egiteko.

Buruan aspaldiko bi proiektu genituen, bat Aizkorrin eta bestea Txindokin. Larunbatean igandean baino hotz handiagoa iragarrita zegoenez, egun hau Aizkorrira hubiltzeko aukeratu genuen iganderako Txindokiko proiektua utziz. Iker ostiralean Aketegi inguruan ibilita zegoen eta bagenekien elurra ez zegoela oso fin, baina hala ere, Aiserrek esaten duen moduan, "ez badeu probatzen ezteu jakingo elurre nolakoa daun".

Aizkorriko proiekturako ezinbestean Nardagaiztotik igo beharra genuen, baina geroago irakurriko duzuen moduan, kanal honen amaierara iritsi ginenean, elurraren egoerak behartuta, proiektua berriro ere (eta badira urte batzuk jada) beste baterako utzi eta "Eskirol" irteera hartu genuen.

"Eskirol" irteeraren inguruko zehaztasunak kronika honetan azalduta ditudanez, honen inguruan ez naiz luzatuko.

"Eskirol" irteeraren krokisa. Oraingoan bigarren irtengunea zuzen (orlegiz marraztua) eskalatu genuen. Argazkian Aketegi izendatutako mendia Aketegi Erpina da eta Aitxuri izendatutakoa Aketegi. Izen hauek guztiak 2017an argitaratutako Zegamako mapa toponimiko eguneratuan eguneratuak izan dira.


DESKRIBAPENA

Ordizia lanbro itxiaren maindirapean esnatu zen: "gaur eztu izotzik bota" esan zidan Ikerrek kotxetik bila etorri zitzaidanean.

Zegamara hurbiltzen ginen heinean lanbroa desagertu eta bazter disdiratsuek eguna alaitu ziguten: "Ostia ze onaaa!!" Animatu ginen kotxe eta inguruko zelaiak izoztuak ikusi genituenean.

Gure alaitasunak ez zuen denbora luzean iraun. Zegamako geralekutik gora hasi eta Itzubiagako borda arteko bidean hartuak ditugun hainbat erreferentzietan (normalean kanalak nola egongo direnaren erreferentzi onak izaten dira) izotzik ez zegoela ikusi genuenean, "joer, inbertsio termikoa zeok" baieztatu zigun Lekuk.

Traste guztiak bizkarrean jarrita (bazen denbora ez nuela motxilan horrenbeste pisurik sartzen, jejeje) Itzubiagako bordatik 08:10etan atera ginen, egunsentiarekin batera, eta Nardagaiztoren azpira iritsi ginenean elurra oraindik bigun zegoela ikusi genuen.

Irteteko prest.


Lehen irtengunearen arteko zatia, gure zoritxarrerako, belaunetatik gora arrastoa irekiz egin genuen, kranpoirik jarri gabe. Honelakoetan igoera gogorra egiten da eta lehen intergunearen azpira iritsi ginenerako arroparen erdia soberan genuen.

Kanalaren hasieran, parean lehen irtengune ikusgarria ikusi daiteke.


Lehen irtengunearen aurretik igo behar den zailtasunik gabeko irtengunetxo bat.


Lehen irtengunearen oinera iristen.


Kranpoi, kaso eta pioletak lehen irtengunea ekiditeko egiten den saihesbidearen azpian atera genituen. Tamalez, elurraren kalitateak ez zuen hobera egin eta, nahigabe, elur plakaren bat baino gehiago bota genuen.

Saihesbidearen lehen metroetan.


Saihesbidean.


Asier eta Iker atzetik.


Zuhaitzetara iristerakoan malda tentetu egiten da eta ezinbestean pioletekin trakzionatuz igo beharko dugu.


Asier goitik erortzen zen elurrarekin borrokan.


Zailtasunak amaituta bigarren irtengunera iristen. Ikusten den moduan elurraren kantitatea handia zen.


Bigarren irtengunea sekula baino elur eta izotz gehiagorekin azaldu zen gure aurrean: "Kriston pinta dauke" esan zidan Asierrek. Bitan pentsatu gabe hurbildu eta izotzaren kalitatea ikusteko pioletarekin kolpeak ematen hasi nintzen. Baina izotza hauskor eta fina egonda azpiko harkaitza agerian gelditu zen. Dena den, irtengunearen goiko zatian elurra gogorragoa egongo zelakoan, irtengunea eskuin aldetik eskalatzen hasi ginen. Metro asko ez genituen eskalatu behar izan elurrak hobetzeko itsurarik ez zuela ikusteko.

Bigarren irtengunearen oinean.


Izotzaren kalitatea begiratzen.


Kalitate eskasa zela ikusita irtengunearen eskuinetik eskalatzen hasi nintzen.


Izerditxo bat edo beste botaz, irtengunetik nola-hala irten ginen: "Pikantea, eh? Uste baino gehio kostazait" esan zuen Asierrek irten zenean. "Neire ez pentsa" erantzun zion Ikerrek atzetik irten zenean.

Irtengunearekin borrokan.


Irtengunetik ateratzen.


Hemendik gora elur dexente baina oso biguna, berriro ere belaunetatik gora arrastoa irekiz. Hirugarren irtengunea elur bigunean gainditu (elur azpiko belar eta lurra ere ez zegoen izoztuta) eta, Ikerrek esaten duen moduan, "trintxera" irekiz laugarren irtengunearen azpira iritsi ginen azken hau sikiera elur gogorrarekin topatuko genuenaren esperantzan.

Bigarren irtengunetik gora.


Hirugarren irtengunera iristen.


Hirugarren irtengunean.


Irtengunetik ateratzen.


Hirugarren eta laugarren irtenguneen artean.


Leku eta Iker atzetik.


Atsedentxo bat laugarren irtengunera iritsi aurretik.


Laugarren irtengunearen oinera iristen.


Aurreko irtenguneak ez bezala, laugarren irtenguneak ez zuen horrenbesteko elurrik. Aurrekoen egoera ikusita, elurrez gainezka egongo zela espero genuen baina ez zen horrela izan.

Gelditu gabe aurrera jarraitu eta irtengunea eskalatzen hasi nintzen. Lehen metroak, nahiz eta elurra oso bigun egon, zailtasun handirik gabe irabazi nituen irtengunea bertikal jartzen den puntura arte. Egoera onean dagoenean pioletak irtenguenaren gaineko elurrean sartu eta trakzionatuz irtengunetik zailtasun handirik gabe irteten da, baina oraingoan pioletaren puntak irtengunearen gaineko harri askeak alde batera eta bestera mugitzen zituen ezer sendorik topatu gabe: "Zemuz dau?" Esan zidan Ikerrek. "Ba oso gaizki ezin baitet pioleta iñun engantxau" erantzun nion. Saiakera ezberdinen ondoren azkenean eskuin pioletarentzat sendoa zirudien helduleku bat topatu nuen: "bueno sikiera eskuin eskue fijo izangoet" pentsatu nuen.

Irtengunearen lehen metroetan.


Zatirik bertikalenera iritsi aurretik.


Zati bertikalean.


Ezker hanka eta eskuin besoarekin indarra eginez irtengunetik goprutza altsatu eta ezker pioletarekin helduleku baten bila ari nintzenean eskuin oinak irrist egin zuen. Segundu-hamarreneko kontuan airean nengoen sentsazioa izan eta bat-batean eskuin pioleta koxka txiki bati heldu zion eskuin besotik zintzilik geldituz. "Ostia Xabiiii!!!! Ondooo?????" Oihukatu zidan Lekuk. "Bai" erantzun nion, "pioleta hasieratik helduta nuen lekutik txintxilik gelditu naiz, lasai". Hala izan zela pentsatu nuen denbora osoan Ikerren etxean berak egindako grabazioa ikusi nuen arte. Grabazioan ikusten denez bi pioletak askatu nituen eta azken unean, mirari baten moduan, eskuin pioleta koxka txiki batean helduta gelditu zen. Gaurkoan zortea alde izan nuela esan beharko dut.

Gorputza altsatzen eskuin oina irrist egin aurretik.


Erorketa. Zorionez eskuin pioletetik zintzilik gelditu nintzen.


Bi eskuak odoleztatuak nituela, berriro ere pioleta helduleku sendo bakarrean jarri eta bigarrengoan irtengunetik atera nintzen. Asier eta Iker atzetik eskalatu zuten eta Lekuk sokaren babesarekin igotzea nahiago zuela eskatu zigun. Irtengunearen gainetik dagoen pitzadura batean bilgune bat egin eta Leku aseguratu genuen.

Bigarren saiakera egin aurretik.


Irtengunea gainditzen "edozein moduan", jejeje.


"A ze eskapadea" esan zidan bilgunera iritsi zenean. "Ba egie esan eztet uste pioleta muittu zaidanik" esan nion. "Resaltea nola zeon ikusita beharbada hasieratik soka atera beharko gendun" esan zuen Asierrek, "bai, arrazoizu, baña resaltea gaur daun modun eztau aseguratzeko lekuik ta antzea eskalatu beharko genun" erantzun nion.

Ezusteko honen ondoren (etxean bideoa ikusitakoan izan nuen zorteaz konturatuko nintzen), gora jarraitu genuen, berriro ere belaunetaraino arrastoa irekiz.

Laugarren irtengunetik gora jarraitu genuen bidea.


Kanalaren irteeran, ezkerrera jo genuen bertan dagoen pinakulura igotzeko.


Kanalaren irteeraren ezkerrean dagoen pinakulura zuzendu ginen atseden bat hartu eta hemendik gora zer egingo genuen erabakitzeko: "Gauzak hola hobe deu gaurkoa beste bateako utzi ta beste zeoze ittea" esan zuen Ikerrek. "Eskirol in zezakeau" proposatu zuen Lekuk. "Nik gañea inbe dauket" erantzun zuen Asierrek. "Nekatik ondo" amaitu nuen. "Hamaiketako" azkarraren ondoren, bitan pentsatu gabe, hasierako projektua motxilan sartu eta "Eskirol" irteerara zuzendu ginen.

Itzalekin jolasean.


Nor da nor?


Pinakulutik gora, eguzkitan kanalaren irteera.


Leku oraingoan bidea irekitzen.


Igo genuen bi harkaitzen arteko irtengunea.


Eskirol irteera eta Nardagaiztoren arteko bi harkaitzetako irtengunean ere elurra bigun topatu genuen, baina hemen sikiera piolet eta kranpoiak lurrean sartzeko aukera izan genuen.

Irtengunera iristen.


Iker irtengunetik ateratzen.


Hemendik gora egoera ez zen batere aldatu "Eskiroletik" irten ginen arte: "Ze pena hainbesteko elurrekin hain txarra egotea" komentatu nien ertz-lerrora irten nintzenean.

"Eskirol" irteeraren (gorriz) bila.


Irteeraren lehen zatian, bietatik bertikalena.


Bigarren zatia, hau ez da hain tentea eta 45 gradu inguruan egongo da.


Irteeraren lehen zatitik ateratzen.


Bigarren zatian.


"Eskiroletik" ateratzen.


Iker zoriontsu.


Nire azken metroak.


Ertz-lerroan elkartuta, Aketegi Erpina (11:55etan) eta Aketegi (12:00etan) mendietara igo eta azken honetatik behera jo genuen Sakonaundi kanalaren bila.

Ertz-lerrotik egindako argazki honetan irteera ia bere osotasunean ikusi daiteke.


Aketegi Erpinera iristen. Gurutze honen paretik ateratzen da "Leze" irteera.


Aketegi Erpinean, 1545 metro.


Aketegin, 1551 metro, Gipuzkoako mendirik altuena.


Irteeraren gauzik positiboena? Elurra horren bigun izanda ia Nardasakon osoa "ipurdi-eskian" jaisteko aukera izan genuela haur txikien moduan gozatuz. Bestela, elurra nolabait gogortu arte itxaron beharko dugu hego haizeak ez badu eramaten. Badirudi datorren astebukaerarako berriro ere ipar haizea eta elurra datorrela, ea egia den!!!!!

Bukatzeko ibilbidea laburtzen duen bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina