AZKEN 10 SARRERAK

2023/03/14

AKETEGIBEKOA: "KAXERO ZERRAU" BIDEA, 300 m, D/M4+/IV+. 2033/02/


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Ze esan nahi dek “kaxero zerrau” esaten dekenen?
- Ba oraindik sinismen zaharretan sinisten jarraitzen duten pentsamolde itxiko baserritarrak - erantzun zion Asierrek Lekuri -. Adibidez, segan ondo aritzeko ardoa edan behar dela sinisten dutenak, indarra ematen omen duelako.

Solasaldi ederra eskeini zigun "kaxero zerrau" esamoldeak, bere esanahiak eta esamoldea sortarazi zuen gaiak. Horregatik, ez zen harritzekoa izan Lekuri bururatzea “Kaxero zerrau“ deitzea bide honi. Dena den, lehendik igotako bidea izango da ziurrenik, honen testigu, bidearen azken zatian eskalatu genuen tximini estu eta bertikalean topatu genituen iltzeak (horietako bat berria) eta zinta zaharra. Aizkorriko kanalei buruzko kronika bakoitzean idazten dudan moduan, "Kaxero Zerrau" guk asmatutako izena da, gure erreferentzia pertsonalerako; lehendik beste modu batera izendatua izan bada izena gustu handiz aldatuko diot.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 300 metro inguru.
- Luze kopurua: 2, lehenengoa bigarren irtengunean eta bigarrena tximinia estuan.
- Nork irekia: Honen inguruko daturik ez dugu topatu.
- Zailtasuna: D/M4+/IV+. Luzez-luze: 1ºL: M3 (20 m) eta 2ºL: M4+ (30 m).
- Orientazioa: Iparraldea.
- Ura: Zegaman eta Itzubiagako iturrian (Zegamako tren geralekutik igotzen bada) hartu daiteke.
- Hurbilketa: Aketegi sektoreko kanaletara iristeko bidetik (Zegama - Aizkorri maratoiaren kilometro bertikaletik doana) edo Iraule - Arbelaitz sektorera iristeko bidetik. Hemen duzue hurbilketarako bi bide hauek ikusi eta deskargatzeko aukera.
- Jaitsiera: Aukera ezberdinak daude, baina erraz, azkar eta erosoena Nardasakon kanalera hurbiltzea da bertatik jaitsi eta igoerako bidearekin bat egiteko.
- Eramandako materiala: 30 metroko bi soka, luzera ezberdineko 8 express zinta, Totem sorta bat, artaka-trabagailu sorta, lau iltze ezberdin eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu inguru.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Zazpi ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

"Kaxero zerrau" bidearen krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Goizeko zazpietan, Zegamako geralekura iristear geundela, kotxearen argi horiak errepidearen ertzetik jaisten ziren bi argirekin gurutzatu ziren. A zer nolako poza eman zidan argietako bat Julen Hernandorena zela ikusi nuenean!! Bezperan bere mezu bat jaso nuen; Irauleko orratzeko kanala eskalatzeko ametsa zuen begi artean eta goiz ibili nahi zuen etxera berandu ez iristeko. Berarekin hitz batzuk partekatu eta elkar besarkatu ondoren, materiala prestatzen genuen bitartean bere eta bere lagunaren argiak pixkanaka urrundu ziren, geralekua ilunpean geratuz.

Gure gogoa Aketegibekoko ipar-horman zegoen, udaren amaieran inbestigatzen aritu ginen lerro posible batean. Orduan hormaren oinera Nardasakonetik iritsi baginen ere, oraingoan leku berera azpitik iristea zen gure helburua, lerro hau luzeagoa eta zuzenagoa utziz. Denboraren aldetik ongi ibiliz gero, lerroa Aketegiko gailurreraino luzatzen saiatuko ginen, beti ere iragarritako 40-50 km/o ipar-haize bortitzaren baimena izango bagenu.

Itzubiagako iturriaren ur hotzak ordu eta laurdeneko igoeraren egarria hase zigun. Ez dakit zein ordu zen, baina berriro ere ibiltzen hasi ginenean eguzkiaren lehen izpiak pagoen artetik irristatzen hasiak zeuden, elurra urrez tindatuz eta pagadian argizko besoak sortuz.

Eguzkiaren lehen izpiak pagoen adarren artean.

Zegama-Aizkorri Maratoiko kilometro bertikalaren puntu gorriei jarraituz, pagoek eta laritzen arteko mugatik pinudiaren goiko erpinean dagoen ehiztarien txabolara iritsi ginen.

Pagoen eta laritzen arteko mugan.

- Hemendik gora materiala aterako diau? – Proposatu zigun Lekuk motxila atearen ondoan utziz.
- Igual hobe – erantzun zion Asierrek, txabolatik gora elurrak jarraitutasuna zuela ikusita.

Haizearen beldur ginen arren oraingoz baretsu zebilen, eta oraingoz pagoetako adarrak goxo-goxo kulunkatzen zituen, dantza lasai bat osatuz. Goien zer topatuko genuen? Ez genekien, baina iragarpenek kale egin ez zutenaren susmoarekin goraka hasi ginen, ehiza-postu baten ezkerretik pasatuz.

Igoeraren lehen metroetan, ehiza-postua ikusi daiteke.

Txabolatik gora zuzen hasi ginen, gure eskuinean Nardasakonera zuzentzen ziren kilometro bertikaleko puntu gorriak utzita.

Txabolatik irteteko prest.

Lekuk elur zuri eta distiratsuan irekitako arrastoa aprobetxatuz, 50º inguru izango dituen horma etzan batera zuzendu ginen, bere eskuinetik jarraituz igotzeko arazorik izan ez genuena.

Horma inklinatuan. Eskuinetik igo beharrean zuzen ere igo daiteke, zailtasuna zertxobait igoz.

Horma inklinatuaren azken metroetan.

Horma igo ondoren, pagoen artean altxatzen den monolito handi batera zuzendu ginen, Zegamatik argi ikusten dena. Monolito honek, Asier eta biok ikusi genuen moduan, ipar horman eskalada interesgarriak eskaintzen ditu baina, azkartasunaren mesedean, oraingoan monolitoaren eskuinetik jarraitu genuen, 40-45º inguruko aldapa bat igoz.

Monolitora hurbiltzen. Leku gorago nondik doan ikusi daiteke.

Monolitoa atzean utzi genuenean pixkanaka eskuin aldera desbideratuz jarraitu genuen, Aketegibekoko ipar-horma eskalatzen hasteko punturik errazenaren bila.

Monolitoa atzean utzi ondoren.

Hormaren eskuin aldera desbideratzen, eskalatzen hasteko leku erraz baten bila.

- Jojojojo – oihukatu zuen aurretik zihoan Lekuk.
- Ondo?
- Ondo? Hemengo resalte hontan elurre izoztuta zeok!!!!

Leku lehen irtengunea eskalatzen.

Asier eta biok gerturatu ginenerako Leku 5-6 metro eta 60º inguruko irtengune bat eskalatzen hasita zegoen. Irtengunea, elur-jausiren baten eraginez, “erraztatuta” zegoen, agerian zuen elur eta lurra gogor-gogorra mantenduz. Ez genuen zailtasun handirik izan irtengunea eskalatzeko.

Lehen irtengunean.

Irtengune honen ondoren, bidea oztopatzen zigun bigarren irtengune bat ikusi genuen, baina bertatik 45º inguruko malda batek aldentzen gintuen, hau ere, elur-jausien eraginez, elur gogorra agerian zuena. Elur-jausiak utzitako arrastoaren gainetik jarraituz berehala kokatu ginen irtengunearen azpian.

Lehen eta bigarren (argazkian ikusi daiteke) irtenguneen arteko tartean.

Lehen irtengunea atzean utzi ondoren.

- Soka ateratzen badeu, hobe. Ez zaizue iruditzen? – proposatu nien, irtengunea sokarik gabe igotzeko egin nuen saialdi antzu baten ondoren.

Erabakia zuzena hartu genuen. Irtengunearen lehen metroak, 60º ingurukoak, elur gogorreko geruza huts batez estalita zeuden, kranpoiekin ostiko bat ematerakoan dar-dar egiten duten horietakoa. Elurra amaitzen zen lekutik gora bi aukera nituen: zertxobait eskuinera doan diedro batetik edo ezker aldera metro pare bateko zeharkaldi batetik, zuhaitz estu batzuetera iristeko. Diedroaren harkaitz hauskorrak eta aseguratzeko aukera eskasak (nahiz eta bere azpian Totem gorria ongi trabatzeko zortea izan nuen) bigarren aukera hobea izan zitekeela pentsatzera eraman ninduen.

Elurrezko geruza amaitzen zen lekuan.

A zer nolako lasaitasuna hartu nuen topatu nuen lehen zuhaitzaren enbor estuari eutsi eta bere ingurutik zinta-uztai bat pasatu nuenean. Zeharkaldia uste nuena baino arriskutsuagoa iruditu zitzaidan, horma tapizatzen zuen belar eta elur geruza finaren azpian harkaitza besterik ez nuelako topatu (M3).

Zeharkaldian (M3).

Zeharkaldiaren ondoren, zuhaitzen enborretatik tira eginez eta pioletak beraien sustraien artean trabatuz ez nuen estutasun gehiagorik pasatu irtengunea eskalatzeko. 20 metro inguruko luze baten ondoren, pago baten enborrean bilgunea muntatu nuen.

Azken metroetan.

Leku lehenik eta Asier ondoren, biek ala biek ez zuten arazo handirik izan irtengunea eskalatzeko.

Leku bilgunera iristen.

Asier irtengunearen zeharkaldian.

- Azpitik errexa ematen zuen baña bazeuken berea – esan zigun Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Betikoa Asier – erantzun nion –, azpitik gauzak beti errexago ikusten die.
- Oaingon behintzet ondo egin diau ta soka garaiz atera diau.
- Bai – eranzun nion Lekuri – eta ez beste batzutan egin izan diaun bezela, seriok bihurtzen ari gaituken señale izango dek, jejeje.

"seriok bihurtzen ari gaituken señale izango dek...".

Bilgunea jasotzen nuen bitartean Lekuk eta Asierrek goraka jarraitu zuten, koloretako zilbor-hesteak arrastaka eramanez.

"... koloretako zilbor-hesteak arrastaka eramanez".

Aketegibekoak defendatzen duen horma bertikal eta ikusgarriak oinean osatzen duen zokalo edo erlaitz inklinatura iristear geunden, baina horretarako oraindik beste irtengune bat eskalatu beharko genuen, gaurko hirugarrena.

Hirugarren irtengunean.

Hirugarren irtengunea pixkanaka tentetuz doan irtengune bat da, azken metroetan 60º ingurura iritsiz.

Irtengunearen oinera iristen, Lekuk eskalatzen amaitzen duen bitartean.

Tentea jartzen den arren, ez genuen aparteko zailtasunik izan irtengunea eskalatzeko, bertan topatu genuen belar eta lurra oraindik izoztuta zegoelako.

Irtengunearen azken metroetan, atzean Aralar eta Larrunarri.

- Hau da udan ibili nintzen lekue, baña ni Nardasakonenn azpiko pagaditik sartu nintzen zuzenen – esan nien zokalora iritsi ginenean -. Eskubiko alden belarra dauken kanal estu bat hasten da resalte batera arte, baina nik ez nuen resaltea igo.

Eskuin aldera desbideratuz, udan inbestigatzen aritu nintzen kanalera zuzendu ginen.

Zokaloan egin genuen zeharkaldian. Hormaren eskuinean eskalatzen jarraitu genuen lekua atzeman daiteke.

Kanal estu honetan sartzeko 55º inguruko belarrezko irtengune bat igo behar da, tarte motz batean zertxobait tenteago jartzen dena. Irtengune honetan belarraren azpian harkaitzik ez dagoenez, erraz igo genuen. Gure parean hodi itxurako kanal estua agertu zen, 45º-50º ingurukoa, irtengune tente batek ixten duena.

"Kanal estu honetan sartzeko 55º inguruko belarrezko irtengune bat igo behar da...".

Kanal estuan.

Txirrista batetik igotzen ariko bagina bezala, kanal estua zuzen igotzen hasi ginen irtengunera zuzenduz. Irtengunera hurbiltzen ginen heinean ezkerretik saihestu daitekeela iruditu zitzaigun baina bertatik igotzen saiatu ez ginenez, ez dakit informazio hau oso fidagarria izango den.

Kanal estua igotzen.

Kanal estuan.

- Hemengo elurren azpin zulok daude – esan zigun aurretik zihoan Asierrek irtengunearen oineko elurrak estalitako zulo batean belaunetaraino sartu zenean -, ta gañea elurre ez dau gogorra.
- Babesleku hauetan hori normala dek – erantzun zion Lekuk -. Elurra haizegatik pilatu egiten dek ta ez dek konpaktatzen.

Asier zulo batetik ateratzen.

Irtenguneak 2-3 metro “eskas” ditu baina tentea da (65º inguru). Elur gogorrarekin estutasunik pasatzea behartuko ez gintuen irtengunea bada ere, aitortu beharra daukat uste izan genuen baino lan handiagoak izan genituela eskalatzeko, Lekuk batez ere, bera igotzen hasi zenerako Asierrek eta nik irtenguneari elur gehiena kendu geniolako. Batzuetan elurra kentzea ongi etortzen da, beste batzuetan aldiz, honek ez du inongo mesederik egiten.

Irtengunea eskalatzen.

Leku irtengunetik irteten.

Irtengune hau eskalatuta, alde guztietatik horma bertikalez itxita dagoen 50º inguruko malda duen zabalgune batera irten ginen, inbutu erraldoi baten itxura duena.

- Hemendio gora zer topatuko diagun etzekiat – esan zigun Lekuk.
- Ezta nik ere – erantzun nien sorbaldak jasoz -, udan beheko resalte horren azpin geratu nintzen.

"Inbutua" eskalaezinak diruditen hormez inguratuta dago, duten bertikaltasunagatik elurrik ez zutenak. Bat-batean Patagoniako mendi urrun batera eramanak izan ginela zirudien. Maldari metroak irensten genizkion heinean, batera eta bestera begiratuz, goitik ateratzeko aukera ezberdinak begiratzen hasi ginen; baita malda ezkerretik ixten duen ezproiaren beste aldetik igotzen jarraitzeko izan genitzaken aukerak ere.

"Inbutua" igotzen. Puntu zuriz, eskalatzen bukatuko genuen tximiniara arteko bidea.

Leku "inbutuan".

- Hemendik ikusten den pareta belarrez tapauta dau baña tentea jartzea – ohartarazi zigun Asierrek ezproiaren beste aldera begiratu zuenean.
- Ta goiko tximinia hau? Hemendik ez dik hain zaile ematen, ez? – Esan zigun Lekuk gainean genuen tximinia bat seinalatuz.
- Ba egie esan ez – erantzun nion -, baño azpitik asuntoa beti errexago ikusten dek.

Hormaren gainera atera ahal izateko bi aukera genituen: parean genuen tximiniatik, bertikala ez zirudiena, eta honen eskuinean zegoen beste tximinia batetik, hau estu eta bertikala. Logikoki lehenengo aukera hartu genuen, jejeje.

Luze bat eskalatzeko prestatzen ari ginen bitartean, iragarritako ipar-haize gogorra tximiniatik behera sartzen hasi zen. Goitik beherako bide honetan hormaren gainean zegoen elurra gure gainera arrastratzen zuen, tximinia izotz partikulez osatutako dutxa inprobisatu batean bihurtuz eta tenperatura dezente jaitsiz.

- Ez dakit zuek baña izoztu aurretik arropa guztie jantzi behar det.
- Nik ez det uste beharko detenik, jejeje – erantzun zigun Asierrek eskalatzen hastearekin batera.

Tximinian sartu aurretik igo behar den 2-3 metroko irtengunea haizeak pilatutako eta eraldatu gabeko elur bigunez estalita zegoen. Asier harezko horma hauskor bat eskalatzen saiatzen ari zela zirudien, pioletak non finkatu aurkitu nahian. Lanak izan zituen irtengune hau erosotasunez eskalatu ahal izateko.

Irtengunea eskalatu ondoren.

Behin tximinian, eskalatzen jarraitzeko zituen aukera ezberdinak aztertzen hasi zen. Errazena, azpitik ikusita behintzat, zuzen jarraitzea izango zela zirudien, baina elur geruza finaren azpian harkaitz-plaka gogor batek ez zuen pioletekin eusteko aukerarik ematen. Hau ikusita, Asier tximiniaren eskuin aldera zuzendu zen, asko estutzen den lekura, gorputza bertan sartuz errazago eskalatuko zuenaren itxaropenez.

"Asier tximiniaren eskuin aldera zuzendu zen, asko estutzen den lekura...".

Asierrek indar guztiz eskalatu behar izan zuen tximiniatik irteteko (M4+). Batzuetan bizkarra alde batean jarrita, beste batzuetan beste aldean, hankak tximiniatik kanpora zabalduz, gorputza tximinia barruan sartuz, Totem pare bat ahal izan zuen lekuan eta ahal izan zuen moduan trabatuz eta, aspaldiko partez, iltze bat sartuz ere. Meritu handiko luzea eskalatu zuen.

"... batzuetan bizkarra alde batean jarrita...".

"... beste batzuetan oinak ahal izan zuen lekuan jarrita...".

- Hemen iltze zahar bat dago!!!
- Señale ona!!! – erantzun nion – gutxiñez hemendik norbait pasa dela esan nahi du.

Asierren eskalada kontu handiz jarraitzen.

Tximinian bi iltze zahar, beste bat berria eta harkaitz-zubi batetik pasatako zinta-uztai zahar bat topatu genituen, azkeneko hau tximiniaren irteeran.

Tximiniatik irteten.

Asierrek tximinian metroak irabazten zituen bitartean, botatzen zuen elur guztia Leku eta bion gainera erortzen zen, haizeak sortutako dutxa izoztua areagotuz. Kuriosoa da, eta mendiko arropa egiten duten markek ikertu beharko lukete, elurra arroparen zein zirrikituetatik sartu eta noraino iritsi daiteken honelako egoeratan, jejeje. Soken luzeraren 30 metroak bukatzear zeudenean bilgune sendo bat muntatu zuela oihukatu zigun.

Bilgunean.

Aurretik doana eskalatzen estutzen doanean ez zara konturatzen eskalatzen ari dena zein gogorra den atzetik hasten zaren arte. Egunerokoan ere antzerako zerbait gertatzen zaigu besteen arazoekin, ez zaizkigulako hain larriak iruditzen guk izaten ditugun arte. Horixe bera gertatu zitzaigun Lekuri eta niri tximinia eskalatzen hasi ginenean. Soka gainetik izanda ere eskalada ezerosoa iruditu zitzaigun eta, Asierren moduan, gorputzari beroaldi polita eman genion.

Leku tximiniara sartzen.

Tximinian gorputza erabat sartuta. Azpian, pinudiak osatzen duen eskuineko erpinean, goizean utzitako txabola dago.

Estutzen...

- Uhhhhhh!!!! – oihukatu zuen Lekuk tximiniatik irten zenean -. Hau dek estualdieeeeee.

"Uhhhhhh!!!!!!"

Lekuk itsatsia zuen elurra astintzen zuen bitartean bilgunera iritsi nintzen. Argazkiak egiteagatik eskuak izoztuak nituen, minberatuak, gogortuak. Mugitzen jarraitzeko irrikan nengoen eskuak berotzen hasteko.

- Ostia Asier, a ze meritue zurea!!!
- Estutu behar izan det – erantzun zidan -. Eskerrak irteeran zinta zegoen, bestela ez det uste “puenterroka” hori ikusiko nuenik.

Elurra gainetik astindu ondoren.

Asier Lekuren zain geratzen zen bitartean bilgunearen gainetik zegoen irtengune motz eta erraz bat eskalatu eta metro batzuetan igotzen jarraitu nuen eskuak berotzen hasita zeudela adierazten zuen mina sentitzen hasi nintzen arte. Min hau jasaten, argazki batzuk egin eta soka bildu nuen.

Eskaladan estutzen aritu zaren ondorengo unea lasaigarria da benetan eta izpirituraino sartzen da normalean. Ekaitzaren ostean barealdia datorrela dioen esaera bezalakoxea da. Haize-zurrunbiloen artean Leku hurbiltzen zela ikusten nuen bitartean, geunden mundu zuri eta izoztuaren azpian ageri zen mundu koloretsu eta epelean gauzak nola izango ziren imajinatzen hasi nintzen. Oraindik hotza sentitzen nuen arren, ez nuen eguzkiaren epeltasunean egongo zirenen enbidiarik sentitzen. Aitzitik, zorioneko sentitzen nintzen, bizirik, eskertua, nengoen lekuan egoteagatik, nengoen moduan egoteagatik, nengoen pertsonekin egoteagatik. Une honi ezin nion gehiago eskatu.

Bilgunearen gaineko irtengunea eskalatu ondoren. Kontraste izugarria gu eta bailararen artean.

- Nundik jarraituko diagu? – Galdetu zidan Lekuk nire ondora iritsi zenean.
- Ez zekiat, baña eskubitio jarraituz gero malda bat igotzea besterik ez dekela ematen dik – erantzun nion.

Gure gainean, zerra zahar baten hortz okertuen moduan, punta ezberdinek zerua modu irregular batean mozten zuten. Hortzen eskuinean mingain zuri bat luzatzen zen eguzkiaren argitasunarekin bateratu arte.

- Ikusi dezue bloke horren azpiko zuloa? – Esan zigun Asierrek hormara behatzarekin seinalatuz – Igual hortik probatu dezakegu.

Blokearen azpiko zulora arteko bidea.

Ez genuen gehiago behar izan. Bata bestearen atzetik blokearen azpira zuzendu ginen bidearen amaierari ukitu berezi eta original bat emateko asmoz.

Blokearen azpiko zulora iristen.

Zulotik pasatzen lehena ni izan nintzen eta uste baino gehiago kosta zitzaidan bertatik irtetea; batetik, zirudiena baino estuagoa zelako; bestetik, blokearen azpitik pasa eta berehala 2 metro pasatxoko zulo bertikal eta estu bat igo behar zelako.

Zulotik irten nahian.

Zulotik irteteko kosta egiten ari zitzaidala ikusi zutenean, Asierrek eta Lekuk txantxetan ari nintzela pentsatu zuten:

- Joer zulokin!!!! – esan nien goitik – Ematen duna baño bertikal ta estuagoa da.

Zulora hurbiltzen.

Asier izan zen zulotik irteten bigarrena eta, niri bezala, kosta egin zitzaion. Ez zailtasunagatik, noski, behin zuloaren barruan besoak mugitzera ere kosta egiten delako baizik. Leku izan zen hiruetatik errazen igo zuena, beharbada hiruetatik berak duelako gorputzik txikiena.

Blokearen azpitik pasa ondoren.

Zulotik irteten.

Eta zulotik irten, hormaren ertzera hurbildu eta parez pare Aketegiko gailurretik banatzen gintuen horma bertikala agertu zenean, mendia bat-batean haserretu zen.

Aketegitik banatzen gintuen horma bertikala.

Eta bere haserrean, mendiak, haizearen bitartez, izotz aleak begietara bota zizkigun ikusmira murriztuz.

Eta bere haserrean, mendiak, haizearen bitartez, lurrera bota nahi izan gintuen behin baino gehiagotan.

Eta bere haserrean, mendiak, haizearen bitartez, eskalatzen jarraitzeko genituen asmo eta gogo guztiak airean eraman zituen.

Egoera hau ikusita eta, Aketegiko gailurrera igotzen saiatu ginen arren, mendiak bidalitako mezu garbiari kasu egin genion. Haizeteari bizkarra emanez, pausu bakoitza ongi neurtuz, bata besteari entzun gabe, Aarilepoeta mendi-lepotik Nardasakonera jaisten hasi ginen mendiaren barrenetik irteten ziren oihu beldurgarrien artean.

Nardasakonera iristen. Argazkian hiru taldetxo bat ikusi daiteke Nardasakonetik jaisten hasten, baita biko sokada bat Irauleko orratzeko kanalara hurbiltzen ere.

Irauleko orratzeko kanala eskalatzen hasita zegoen sokada gertuago. Non dago Wally?.

Goizean goiz utzi genuen txabolara itzuli ginenerako haize ufadak goian geratu ziren ahaztuta, pagadia bake hauskor batean geratuz.

Jaitsieran mendiaren haserrea ahaztu egin zitzaigun, baita haizea ere. Zoriontsu sentitzen ginen, hunkituta ere, aspaldiko partez, guretzat ezezagun zen bide batean sartu eta sekulako abentura bizi izateko zortea izan genuelako. Bizirik sentitzen ginen. Mendiari ezin genion gehiago eskatu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina