AZKEN 10 SARRERAK

2023/08/15

BALAITUS: "AUGEROT - OLLIVIER BIDEA", 315 metro, IV+. 2023-07-22


Balaituseko gailurrean, Augerot - Ollivier bidea eskalatu ondoren.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Urak eragiten zidan minari eutsi nahian, begiak erdi itxita, behatz minberatuen artean erreka nola zihoan begiratzen nuen. Uda gehiegi ikusi dituen enbor zahar batean eserita, oinak Aguas Limpias errekaren ur garbi eta izoztuan sartuta nituen, Asier eta eskaut batzuk zatika freskatzen ziren bitartean. Begirada, kolore zuriko behatzetan nuen galduta, oroimena aldiz, azken hamabost orduetan zegoen: pasatako nekeak, hotza, zalantzak, hesteetako nahasketa eta urdaileko mina. Bizkarreko minarekin jarraitzen nuen oraindik, nahiz eta min hau ur hotzak oinetan eragiten zidana baino leunagoa izan. Modurik tontoenean lesionatu nintzen astebete lehenago, oporraldiko lehen egunean, behar zuen izan, pisu bat altxatzerakoan uzkurdura bat sentitu nuenean.

- Fisio batena jun behar izan zenuen - esan zidan Asierrek beste behin.

"Bizkarrean mina dauket bai, baina hartutako palizaren ondoren normalena gorputz osoan mina edukitzea da!!!" Esaten nion nire buruari egia ezkutatu nahiko banio bezala. Baina Asierrek arrazoi zuen.

- Bai - erantzun nion atsekabetuta -. Ea bihar nola esnatzen naizen.

Atzean geratutako hamabost orduetan bizitako guztia ez zen txarra izan, noski. Augerot - Ollivier bidearen eskalada ere hor zegoen, buruan bueltaka aspaldi generamana eta Ollivier gidaliburu frantses ospetsuak modu honetan laburtzen duena: "zailtasun ertaineko eskalada atsegina, airekoa eta ikusgarria da, oso gomendagarria". Baina oso gomendagarria bada ere, bide honi buruzko informazio "zehatza" topatzea kosta egin zitzaigun, Balaituseko hego-hormako bideetatik errazena dela kontutan hartzen badugu. Honegatik eskerrak eman nahi dizkiet Jesus Mari Linaza eta Felix Escobar-i, beraien blogetan (kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak atalean topatuko dituzue) idatzitako artikuluak oso baliagarriak izan zirelako gure eskalada ongi bukatu ahal izateko.

Augerot - Ollivier bideak utzi zigun zaporea gozoa izan zen, udaberriko eztia bezalakoa, nahiz eta, artikuluan irakurriko duzuen bezala, lehen luzean nahastu eta "galduta" ibili. Balaituseko gailurrera eskalatzen iristeko bide gomendagarri, eder eta ikusgarria iruditu zitzaigun, domino bateko fitxa erraldoien moduan, hormaren ahuldade guztiak bata bestearen atzetik aurkitu eta itsasten dituena, lerro logiko bat osatuz. Bizi genuen abentura ezagutu nahi duzue?

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 315 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: Augerot eta Ollivier gidek Anouil eta Favre bezeroekin 1946ko irailaren 15ean.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL (ofiziala): IV (50 m), 2ºL: III+/IV (58 m), 3ºL: III (60 m), 4ºL: IV (40 m), 5ºL: IV (40 m) eta 6ºL: IV+ (58 m).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: La Sarra urtegian edo Respomusoko aterpean hartu daiteke.
- Hurbilketa: GR-11 ibilbidea jarraituz Respomuso aterpera (2.220 m) iritsiko gara. Respomuson, Balaitusera doan ohiko bidea hartu behar da (marka gorriak hasieran, gero mugarriak), Latour arrakalatik gertu morrenak osatzen duen muino batera arte. Bertan bidea utzi eta muinoaren gainetik eskuinera zeharkaldi bat egin ondoren hego-hormaren oinera iritsiko gara.
- Jaitsiera: Elurrik ez badu, jaitsierarik eroso eta azkarrena Balaituseko Diagonal Handitik da.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Totem sorta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke, bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Bidea zapatilekin eskalatu genuen.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Lau ordu eta laurden.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: 15 ordu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu zuriz, gure lehen bilgunetik bidearen lehen bilgunera iristeko egin genuen zeharkaldia. Urdinez, bidearen lehen bilgunera iristeko gutxi gora behera jarraitu beharko zen bidea.

Krokis zehatza. Krokis honetan, puntu zuriz, "galduta" ibili ginenean jarraitu genuen bidea ere ikusi daiteke, nahiz eta guk muntatuko genuen lehen bigunearen azpian dagoen diedroa ez genuen eskalatu. galduta ibili ginen bide honetan tartean dagoen bilgunearen kokalekua ere adierazita dago, iltzez eta zintez osatuta dagoena. Puntu urdinez, lehen bilgune "ofizialera" iristeko jarraitu behar den bidea.

Eskalada-bidea hasten den lekura arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc

Jaitsierako bidea (Diagonal Handitik behera doana) deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Nahi baino gehiago luzatu zitzaigun gaueko tertulia interesgarria; ondorioz, goizeko lauak goizegi iritsi ziren, loaldi motz eta arin baten ondoren.

- Zemuz daukezu bizkarra?
- Jaikitzen naizenen gogortuta eta minberatuta nau - erantzun nion Asierri -, baña, orain arte behintzat, orduk aurrera doazen heinen hobeto sentitzen naiz.

"Elikagai" ultraprozesatuetan oinarritutako gosari goxo eta azkar baten ondoren, goizeko lauak eta erdietan kopetako argiak ibilbidea argitzen hasi zitzaizkigun, iluntasuna kolore artifizialetan apurtuz.

Irteteko prest.

Mendian hotz egingo zuela iragarrita bazegoen ere (ISO 0ªC 3.000 metro inguruan kokatzen zuten) igoeran beroa sentitu genuen, gehiegi beharbada. Gauean zehar ziztu bizian pasa zen ekaitzaren arrastorik ez zen geratzen eta, bidearen lehortasuna ikusita, bakarren batek euria bota zuela esan izan baligu ez genion sinetsiko. Respomusoko aterpeko iturrira zerua kolore urdinez eta hodeiez aspaldi piztu zela iritsi ginen, kalkulatuta genuen denbora baino ordu erdi beranduago.

- Horko neska hori ez al da Ainhoa Lendinez? - Esan zidan Asierrek aterpera seinalatuz.
- Kasu egin digula iruditu zait baña urrutira ez det kristorik ikusten - erantzun nion aterpera hurbilduz.
- Xabiii!!! - agurtu zidan Ainhoak berriro ere orduan.

Lagun batzuekin Balaitus Diagonal Handitik igotzeko asmoa zuela kontatu zigun, baita guk trukean gure asmoen berri eman ere. "Ea goien ikusten garen" batekin agurtu ginen.

- Ez det uste - esan zidan Asierrek irribarre maltzur batekin -. Gu askoz polikigo ibiliko gea, jejeje.

Respomusotik gorako bidea Lekurekin igo nuen azkeneko aldian baina maldatsuagoa zela iruditu zitzaidan. Orduan pasatako denbora neraman erreferentzi bezala; gaurkoan ordea, denbora honek ihes egiten zigula ikusten nindoan, eskuetako behatzen artean hareak ihes egiten duen moduan. Orduan urdailean mina eta tope baten modukoa sentitzen hasi nintzen, estresatuta nagoenean sentitzen dudanaren modukoa. Mina goraka lasaitzen zenean korrokada egiten nuen; beheraka lasaitzen zenean aldiz hesteak nahasten zitzaizkidan, sabelean min ezeroso bat eraginez. Biok gauza bera afaldu genuen, gosari bera gosaldu baita ur beretik edan ere. Ez nuen Asier arduratu nahi, eta horregatik isilik nindoan. Baina hesteak gogoz nahastu zireneko batean ezin izan nion gehiago nire ondoeza ezkutatu:

Deabruaren gandorra parez pare, bete gabeko amets horietako bat.

- Zemuz zoaz? - Galdetu nion -. Dena ondo?
- Ondo - erantzun zidan -, ze ba?
- Urdailen tope bat bezela sentitzen det ta tripak rebuelto daramazkit - aitortu nion.
- Mareatuta zare?
- Mareatuta ez baña tripak rebuelto bai. Dena den, okerrera ez badijo ez det uste arazorik izango detenik segitzeko - esan nion Asier lasaitu nahian.

Bihurgune baten ondoren lehen aldiz Balaituseko hego-horma ikusgarria bere osotasunean ikusteak ez zuen ni animatzea lortu. Motel nindoan, uste eta nahi baino motelago, baina hauspoa gutxienez behartu gabe neraman.

Balaituseko hego-horma ikusgarria.

Latour arrakalatik doan bidea uzten den morrenara iritsi ginenean, hesteek eragin zidaten enegarren burrunba azkenekoa izan zen.

- Bufffff!!! Kaka egitea nijoooo - ohikutatu nion Asierri, deabruak hartutako baten modura harrien artean korrikan hasi eta harkaitz handi baten atzean ezkutatzen nintzen une berean.
- Itxoitea nahizu?
- Ez, ez, segi lasai - erantzun nion galtzak jaisten nituen bitartean.

Asier harrien artean urrundu eta paisaian nahasten zen bitartean harkaitz-bloke batzuen artean makurtu nintzen. Hesteak libratzeak lasaitu ninduen arren, urdaileko tope sentsazioa ez zitzaidan erabat desagertu: "oain gutxiñez tripak lasai dittut" pentsatu nuen, geroz eta urrunago ikusten nuen Asierren pausuak jarraitzen hasiz.

Balaituseko hego-hormaren handitasuna. Ia nabaritzen ez bada ere, argazkiaren ezkerrean eta behekaldean ikusten den puntu beltza Asier da.

Jesus Mari Linazaren artikuluko argazki batean marraztutako krokisa erreferentzia bezala hartuz, berak bidea hasi zuen lekura zuzendu ginen, bi arrail/tximinien artean dagoen behatz itxurako harkaitz-plaka erraldoi batera.

Asier aurretik. Horman erraz identifikatu daiteke behatz itxura duen harkaitz-plaka erraldoia, eskuin-ezker diagonalean doan tximinia/arrail baten ezkerrean.

Ni atzean, morrena atzean utzi ondoren.

Goizeko bederatziak eta erdi ziren hormaren oinera iritsi ginenean, kalkulatuta nuena baino ordubete beranduago. Hormaren oinetik hirugarren bilgunea muntatzen den orratz nabarmena lehen aldiz ikusi genuen hormatik bereiziz, erreferentzia baliagarri bat hego-hormaren harkaitzezko itsasoaren erdian.

Asier eskalatzen hasiko ginen lekuan. Bere eskuinean, eskuin-ezker okertuta egongo balitz bezala, behatz itxurako harkaitz-plaka erraldoia ikusi daiteke, baita honen eskuineko tximini-arraila eta hirugarren bilgunea muntatzen den orratza ere.

- Zemuz geratu zea?
- Hestek gutxiñez lasaitu zaizkit - erantzun nion -, baña oraindik urdailen tope sentsazio hori dauket.

Gogoa behartuz, eskalatzeko prestatzen ginen bitartean barratxo bat eta gel bat pasa nituen eztarritik, "botaka egiten ez badet seiñale ona izango da", pentsatuz.

Eskalatzen hasteko prestatzen, Asierren atzean Cadier orratza ikusi daiteke.

- Luzea nundik dijo?
- Jartzen dunaren arabera errexenetik hasten da, grada antzeko batzuk eskalatzen. Luichyn liburuko krokisaren arabera luzea eskubira dijo diagonalen, gero ezkerrera ta gero berriz eskubira reuniora iristeko. Gradue ez da terzerotik pasatzen. Lehenengo reunioa repisa nabarmen baten dago, bi iltze ta zinta batzukin.

Hormaren oina batetik eta bestetik begiratu ondoren, errazena behatz itxurako harkaitz-plakaren ezkerretik eskalatzen hastea zela iruditu zitzaigun, III zailtasunetik pasatu nahi ez bagenu behintzat. Haizearen eragintz hotz sentsazioa handia zen, ipar-haizea iragarrita bazegoen ere. Izan ere, motxilan generaman arropa guztia jantzi behar izan genuen, baita eskularru batzuk ere, behatzetako sentikortasuna ez galtzeko. Asierrek eskularrurik ez zuenez, aurretik hastea eskatu zidan:

- Ahhh pajarooo!!! Eskularruk ahaztu zaizkizunaren truko zaharra!!! Segi lasai, jejeje.

- Lehenengo luzea, 55 metro, V. Asier harmaila itxurako koxka batzuk eskalatzen hasi zen arin, pittin bat eskuinera bota eta arrail inklinatu batera zuzenduz (III-). Arraila eskalatu zuenean (III), lurretik 10-12 metro ingurura, erlaitz batera igo eta batera eta bestera begira hasi zen:

- Hemendik nora dijon jartzen du? - Galdetu zidan.
- Ez dakit baina luzek bi diagonal bezala egiten ditu: lehenengoa eskubira ta bigarrena ezkerrera - erantzun nion -. Dena den, III baño gehiagoko zatiren bat topatzen badezu ondo ez zoazenaren señale izango da.

Erlaitzetik ezker aldera zeharkaldi bat egin, horma inklinatu bat eskalatu (III) eta beste erlaitz inklinatu batera igo zen, eskuinean diedro bertikal bat duena.

- Hemen reunio bat dago - esan zidan -, iltze pare bat eta kordino berri batekin.
- Bufff!!! Ez dakit hortik den - erantzun nion -, luzea 50 metro ingurukoa delako ta esango nuke ez zeala soken erdira iritsi.

Asier topatu zuen bilgunean, krokis zehatzan "tarteko bilgune" bezala izendatu dudana.

Asier zalantzaz betea ikusten nuen, neronek nituen zalantzaz betea ziurrenik. Diedrora hurbildu eta IV zailtasunetik gorakoa iruditzen zitzaiola esan zidan:

- Orduan hortik ez dijola fijo - erantzun nion.

Nondik jarraitu ez zekien une baten ondoren, Asierrek eskalatutakoa jaitsi eta hasieran eskalatu zuen arrail inklinatuaren gaineko erlaitzera itzuli zen.

- Ea hemendik eskubira junda errexagoa den.
- Kontutan izan terzero baino gehiagoko pasorik ez dezula topatu behar.

Pazientzia handiz, Asier eskuin aldera diagonalean zeharkaldi bat egin zuen, behatz itxurako harkaitz-plaka alderik alde zeharkatu (III/III+) eta bere eskuin ertzean kokatuz.

Asier, behatzaren eskuin ertzera iritsi zenean.

- Hemen eskubin tximini bat dago - esan zidan.
- Krokisaren arabera luzea tximinitik ez dijo - erantzun nion.
- Bale!!!

"Behatzaren" eskuin ertzetik O bilgunera egindako argazkia.

"Behatzaren" eskuin ertzetik metro batzuk zuzen eskalatzen hasi zenean eskuinean zerbaitek atentzioa deitu zion:

- Eskubin reunio bat ikusten det, puenterroka baten montauta.
- Puenterroka baten?
- Bai.
- Ordun ez da gurea - erantzun nion -. Gurea bi iltzekin montauta dago.

Asierrek eskuin aldean ikusi zuen bilgunea. Efektu optiko batengatik badirudi harkaitz-zubi batean muntatuta dagoela baina ez da horrela. Bilgune hau da Augerot - Ollivier bidearen lehen bilgune "ofiziala".

Eskalatzen jarraituz, behatzaren gainera iristear zegoela beste bilgune bat ikusi zuen, oraingoan ezkerrean, iltze bat eta kordel berri batez osatutakoa. Bila genbiltzan bilgunea izango zelakoan, eskuinetik ezkerrera zeharkaldi bat eginez (IV/IV+) behatzaren ezker aldera pasatu zen, bilgune honetara iritsiz.

Gure lehen bilgunera iristen, bilgunea lehenengo saiakeran ez eskalatzea erabaki genuen diedroaren bertikalean dago gutxi gora behera.

- Iltze bat dauke eta beran zegoen reunion bezelako kordino urdiñe.
- Iltze bakarra?
- Bai - erantzun zidan.
- Ta repisa haundi baten dago?
- Repisa baten dago baña ez da oso haundie.
- Montau hortxe reunioa ta igotzen naizenen ikusiko deu zer egin, "pajarito" geratzen ai naiz eta.

Gure lehenengo bilgunea.

Haize hotzaren eraginez dar-dar batean nengoen, Asierrek bilgunea non muntatzen ari zen axola ez izateraino. Gorputza aktibatzeko beharra zen sentitzen nuen gauza bakarra, berotzen hasteko. Honegatik, sokak nigandik tiraka hasi zirenean bitan pentsatu gabe eskalatzen hasi nintzen. Metroak poliki eskalatu arren, behatz itxurako harkaitz-plakaren eskuin ertzera iritsi nintzenerako gorputza epela nuen. Orduan, izan genuen nahasketaz ohartu nintzen:

- Ostras!!! Hor eskubin ikusi dezun reunioa bideko lehen reunioa da - esan nion, itxuraz harkaitz-zubi batean muntatuta zegoen bilgunea seinalatuz -. Jesus Marin artikuloko argazkiengatik dakit.
- Ea hemendik horreaiño iristea daukeun - erantzun zidan.
- Hori espero det.

Nengoen lekutik, behatz itxurako plakaren eskuinean dagoen tximinia zeharkatu eta bilgunera iristea IV zailtasuneko pasagune bat "besterik" ez zela izango iruditu zitzaidan: "beraz, luzea hemendik dijola ematen du", pentsatu nuen.

Sokaren ibilbideak behartuta, ederki estutu behar izan nuen Asierren ondora iristeko. Oin eta eskuentzat helduleku txiki eta eskasak dituen plaka bat eskuinetik ezkerrera zeharkatuz, une motz batean erortzear ere izan nintzen. Mendiko zapatilekin geundela kontutan hartuta, pasagune hau V zailtasunaren inguruan egon zitekeela iruditu zitzaigun.

Augerot - Ollivier bidearen lehen bilgune "ofizialera" iristea ez zen zaila izan. Gure lehen bilgunetik gora eskalatzen hasi (II), behatz itxurako plaka goitik inguratu eta, soka goitik nuela aprobetxatuz, hormatxo bat jaitsi nuen (III+) bilgunera iritsiz. Guztira, 20-25 metroko zeharkaldi bat besterik ez nuen egin.

Lehen bilgune ofiziala.

- Igual hobe zuk hortio jarraitzen badezu honaño iritsi gabe - esan nion Asierri III+ zailtasuneko hormatxoaren gainera iritsi zenean.

Asier III+ zailtasuneko hormatxoaren gainean.

Soketako batean lotuz, gainean nuen material eskasa Asierri pasatu eta bigarren luzea eskalatzen hasi zen, hau bai, Augerot - Ollivier bidekoa.

- Bigarren luzea, 55 metro, IV. Luzea, bilgunearen ezkerrean dagoen hormatxoa eskalatuz hasten da (III+), bilgunera iristeko nik jaitsi behar izan nuen hormatxo berbera. Ez dauka zailtasun handirik eta helduleku onak ditu.

Hormatxoaren gainetik lehen bilgunera egindako argazkia.

Hormatxoa eskalatu ondoren, eskuin aldera doan tximini inklinatu baten oinera iritsiko gara, luzeari zailtasuna emten diona eta bilgunetik ikusten ez dena. Hau dela eta, Asier berehala galdu nuen ikusmiratik.

Tximini hau bi zatitan banatu daiteke: lehen zatian harkaitz solteak dira protagonistak baina zailtasunaren aldetik ez da zaila (III inguru, amaieran III+); gainera, harkaitzetako bat botaz gero arriskurik ez dago, lehen bilgunea babesean geratzen delako. Asierrek tarte hau kontu handiz eskalatzen zuen bitartean, eskertu nuen une goxo batez hodeitzaren artetik ihes egindako eguzki-izpiek eragindako berotasuna sentitzea.

Tximiniaren lehen zatia.

Bigarren zatian, tximiniak diedro itxura hartu eta zertxobait tentetzen da, zailtasun maila IV ingurura igoz. Harkaitzaren kalitatea asko hobetzen denez, eskalada asko erraztu zigun.

Tximiniaren bigarren zatia, luzeari zailtasuna ematen diona (IV).

- Reunioa nun montatzen den badakizu? - Galdetu zidan Asierrek talkie-tik, tximinia eskalatu zuenean.
- Soka bukatu arte igotzen jarraitu behar dela esango nuke - erantzun nion -. Metro gutxi batzuk falta dienen abisatuko dizut.
- Bale!!!

Tximinia goitik ikusita. Bertikala ez den arren azken metroetan tentea jartzen da.

Tximiniaren amaieratik, erdi-oinez jarraitu daiteke harri askez estalita dagoen erlaitz belartsu eta zabal batetik. Berehala somatu nuen Asier tarte "erraz" honetan zegoela, sokak arin-arin pasatzen hasi zirelako segurtagailutik. Sokak amaitzeko bost metro inguru falta zirenean Asierri abisatu eta, metro pare bat eskas falta zirenean, bilgunea harkaitz-bloke handi baten ingurutik zinta-uztai bat pasatuz muntatu zuen.

Zirrara berezi bat sentitu nuen tximinia eskalatu eta hirugarren bilgunea muntatzen den orratza parez-pare ikusi nuenean. Esku batetik ihes egin nahi duen erpuruaren moduan, orratza Balaituseko hego hormatik banatu nahi zuela zirudien, nortasun propio bat aldarrikatu nahiko balu bezala.

Asier bigarren bilgunean. Argazkian bidean ikusten den lehen orratza ikusi daiteke.

- Hirugarren reunioa orratza eta hormaren arteko lepon montatzen da.
- Hemendik hauntzaño zenbat metro dare?
- Krokisetan 80 ematen diote - erantzun nion Asierri -. Uste det ensanblen bukatu beharko degula.
- Soka bukatu behar denen abisatuko dizut.

- Hirugarren luzea, 60 metro, III. Hirugarren bilgunera arte luzatzen den erlaitz inklinatua erdi-oinez jarraitzen hasi nintzen, orratzera zuzenduz. Urdaileko minarekin jarraitzen nuen arren, hesteek lasai zeuden eta bazirudien eskalatzen hasi aurretik jan nituen barratxo eta gela ez nituela botako: "horrela jarraitzen badet, oso ondo", animatu nintzen. Batzuetan zein gutxi behar dugun bizitzaren alde positiboari eusteko. Bizkarreko mina? Oraingoz ongi zegoen, kontrolpean.

Luzearen lehen metroetan.

40-45 metro ingururen ondoren erlaitza estutzen hasten da orratzak eta hormak osatzen duten pasilloan sartuz.

Pasilloan sartzear.

Pasilloaren sarreratik bigarren bilgunera egindako argazkia.

Luzearen pasagunerik zailena bilgunea osatzen duen iltzera (uztaidun iltze herdoildu bat) iritsi aurretik eskalatu behar den hormatxo motzean dago. Zailtasunaren aldetik zaila ez bada ere (III), pasagunea badaezpda Totem batekin aseguratu nuen, ordura arte asegururik jarri gabe nuelako. Orratza eta hormaren arteko mendilepora iritsi nintzenean, eskuin horman berehala topatu nuen aspaldi iltzatutako uztaidun iltze zahar eta herdoildua. Mendilepoa oso estua denez, bilgunea muntatu eta igo nintzen aldera zintzilikatu nintzen, Asier nire ondotik pasatu eta mendilepoan lekua uzteko.

- 60 metro justu - esan zidan Asierrek talkie-tik.
- Bai?
- Bai - erantzun zidan -, oraintxe nengoen ensanblen ateratzeko prest.

Hirugarren bilgunean. Leku estua da bi pertsonentzat, horregatik erosoagoa da bilgunea muntatzen duena igotzen den aldera zintzilikatzea.

- Laugarren luzea, 40 metro, IV. "Hasierako destrepea amildegi izugarri baten gainean egiten da", "erraza baina ezin da erori", "aseguratzeko zaila baina eskalada errazekoa"... Aitortu beharra daukat luze honek ziurgabetasuna eta ikusmina sortzen zizkidala neurri berean, lehenengo metroetan batik bat.

- Ea zemuzkoa den... - esan zidan Asierrek bilgunearen bestaldetik desagertu aurretik.

Asier bilgunearen bestaldetik desagertu aurretik.

Bilgunearen bestaldetik 2-3 metro destrepatu (III) ondoren erlaitz txiki batera iritsi zen, bertan tximinia bat amaitzen dena. Destrepatzen den zati honetako heldulekuak oso onak dira eta segurtasun handia ematen dute, nahiz eta, pasagune honi buruz irakurritakoa berretsiz, oinen azpian irekitzen den amildegia handia izan. Erlaitzetik gora hormatxo bertikal bat beste 3 metro inguru eskalatu ondoren erlaitz belartsu batera igo zen, nire parean berriro ere agertuz (III+). Bertikala bada ere, hormatxo honetan dauden heldulekuak ere oso onak dira eta Asierrek ez zuen asegururik jartzeko beharrik sentitu.

Nire parean berriro ere.

- Nola dijo?
- Oaingoz errexa - erantzun zidan - III+ edo.
- Oain laja haundi horren eskubin dagoen plakara igo eta goien ikusten den harkaitz-moko horren ezkerretik pasa beharren zare.
- Bale!!!!

Ni hirugarren bilgunean.

Hormatik bereizita dagoen harlauza handiaren eskuineko harkaitz-plakara igotzea izan zen Asierri lan handiena eman ziona. Batera eta bestera begiratu ondoren, azkenean arrail nabarmen batean Totem gorria trabatu eta harlauzaren ertzetik tira eginez harkaitz-plakara igotzea lortu zuen (IV).

Harkaitz-plakara igo ondoren.

Lehen metro tente batzuen ondoren, harkaitz-plaka etzaten doa harkaitz-mokora arte. Asierrek ez zuen arazorik izan harkaitz-mokoaren ezkerretik pasatu eta luzearen zailtasun guztiekin amaitzeko.

Harkaitz-mokoa atzean utzi ondoren, bilgunera egindako argazkia. Orratza bere osotasunean ikusi daiteke. Leku ikusgarria dela ezin da ezkutatu.

Harkaitz-mokoa atzean utzita, erlaitz belartsu bat erdi-oinez alderik alde zeharkatu zuen, uztaidun iltze zahar eta herdoildu berri batez osatutako bilgunera iritsi zen arte.

Laugarren bilgunetik hirugarrena horrela ikusten da...

...Eta hirugarren bilgunetik laugarrena horrela, jejeje.

Hainbeste "kezkatzen" ninduten lehen metroak uste baino errazagoak iruditu zitzaizkidan, destrepea batez ere, eta hori destrepatzen baldar profesionala den batek hau esatea asko esatea da, jejeje. Asierri gertatu zitzaion bezala, luzean harkaitz-plakara igotzea izan zen (IV) gehien kostatu zitzaidana.

Harkaitz-mokoaren ondoren zeharkatu behar den erlaitz belartsua. Laugarren bilgunea erlaitzaren amaieran ikusi daiteke.

- Polite, ez?
- Bai - erantzun zidan Asierrek soberan zuen materiala pasatzen zidan bitartean.

Laugarren bigunean.

- Bosgarren luzea, 40 metro, IV+. Luze honen gakoa, bertan eskalatzen den tximinia amaiera arte ez eskalatzean zegoela irakurrita genuen, honetarako iltze baten parean ezkerrera atera behar zelarik. Iltze hori erraz topatuko nuen itxaropenarekin eskalatzen jarraitu nintzen.

Baina tximiniatik garaiz ateratzeko lehenik tximiniara iritsi beharra nuen. Honetarako, bilgunearen bestaldetik metro batzuk jaitsi (II+) eta azpitik datorren tximinia ilunean sartu nintzen. Metro erraz batzuen ondoren Asierren parera iritsi nintzen.

Asierren parera iritsi nintzenean. Argazkian tximiniara iristeko jaitsi behar den zatia ikusi daiteke.

- Esango nuke asuntoa hemen hasten dela - esan nion Asierri gora begiratuz.
- Lasai hartu orduan.

Aurretik hormatxo tente bat nuen, sendoak ez diruditen harkaitzez jositakoa. Helduleku bakoitza ongi aukeratuz, hormatxo honi metroak pixkanaka irabazi nizkion, nire azpian geratu zen arte (III+). Tartean, kolokan zegoen harkaitzen bat "lekuz aldatu" eta Totem bat trabatuta utzi nuen hormatxoa aseguratzeko.

- Zemuzkoa?
- Errexa iruditu zait - erantzun nion Asierri - , baina harkaitzekin kontu handiz ibili behar da.

Hormatxoa eskalatu ondoren, nondik jarraitu begira.

Hormatxotik gora tximinia zertxobait etzaten da, harkaitzaren kalitatea hobetuz eta eskalada erraztuz (III). Metroak eskalatzen nituen heinean adi-adi nindoan luzearen giltza duen iltzearen bila.

Tximinia, hirugarren luzean bezala, horman ezkutatuta geratzen den orratz handi batek eta hego-hormak osatzen dute. Bertikal jarri behar den lekuan, tximiniaren ezker horman bila nenbilen iltzea topatu nuen. Bertatik aseguratu, tximiniaren ezkerretik atera eta helduleku sakoneko horma bertikal eta motza eskalatu nuen, erlaitz eroso batean dagoen bilgunera iritsiz (IV), harkaitz-bloke baten inguruan pasatako zinta batzuk, bi iltze eta mailloi batez osatuta dagoena. Bilgunea muntatzen ari nintzenean eskuinera begiratu eta tximinia osatzen duen orratz handiaren punta parez-pare ikusi nuen: "orratzaren punta erreferentzi bezala hartzea ere ez da txarra tximiniatik non atera behar den jakiteko", pentsatu nuen.

Tximinia bere osotasunean, eskalatzen hasten den lekutik ikusita. Bilgunea ere ikusi daiteke. Lehenengo metroetan hormatxoa ikusi daiteke baita amildutako harkaitzek utzitako arrasto zuria ere.

Asier tximiniaren oinean.

Asier tximinia eskalatzen ari zela, tximiniak sortzen duen pasilloa goitik behera zeharkatuz haize hotz bat sartzen hasi zen lotsagabe. Haizeak ez ninduen kezkatu, luzea eskalatu berria nengoenez, gorputza epel-epela nuelako.

- Bidea ondo topatu dezu - esan zidan Asierrek argazki bat egiten zidan bitartean.
- Behin iltzea ikusita ez zait zaile iruditu, baina hor goien tximinian kordino bat ikusten da, ez dakit gehiegi igo zuen bakarren batek utzita izango den - erantzun nion tximiniaren zati bertikaleko leku bat seinalatuz.

Bilgunera iritsi aurretik eskalatu behar den hormatxoa. Argazkian iltzea ere ikusi daiteke. Gorriz, jarraitu behar ez den bidea, nahiz eta tximinia ongi ikusten ez den.

- Seigarren luzea, 55 metro, IV+. Asierri materiala pasatu eta azkeneko luzearen nondik norakoak irakurri genituen:

- Badirudi bilgunetik ezkerrera doan bira bat zeharkatu behar dela ondoren tximini deskonpuesto bat eskalatzeko. Guztira III+ baino gehiago ez omen da.
- Bai, hala jartzen du - erantzun zidan Asierrek -. Luychin krokisen ze azaltzen da?
- Ba hemen ere marra horizontal bat ezkerrera eta gero tximinia deskonpuesto bat - erantzun nion krokisa erakutsiz.
- Orduan lehen gauza bira topatzea da.

Bilgunearen ezkerrera eta behera begiratuz bira nabarmen bat ikusi genuen, bidezidor itxurako batek zeharkatzen duena. Asierrek bilgunetik metro pare bat jaitsi eta bidezidorra jarraitzen hasi eta ikusmiratik galdu nuen:

- Hemendik ez dela esango nuke - esan zidan harkaitz baten atzetik agertuz.
- Ez dezu tximiniarik ikusten? - Galdetu nion.
- Ez. Ezkerrean tximini antzeko bat ikusten da diagonalean doana baina III+ baino gehiago daukela esango nuke - erantzun zidan bilgunera itzuliz.

Krokisa goitik behera begiratu eta artikuluetako azalpenak eskuinetik eta ezkerretik irakurri arren ez ginen kapaz azken luzeari hasiera emateko. Azkenean, Asier bilgunearen ezkerrean dagoen harlauza handi batek osatutako arrail horizontala babariar moduan alderik alde zeharkatu eta erlaitz batera igo zen inbestigatzen jarraitzeko:

- Hor goien iltze bat ikusten det!!! - esan zidan erlaitzetik -, baña ez der tximinirik ikusten.

Asier erlaitzean, iltzeari begira. Argazkian babariar moduan zeharkatuko genuen arrail horizontala ikusi daiteke.

Erlaitzetik bilgunera egindako argazkia.

Haizeak aspaldi eramandako zalantzak berriro ere nagusitzen hasi ziren: hortik izango da? Eta bira famatua nun dago? Eta tximinia?

- Hortik gora nola ikusten dezu?
- Ez dakit, kuarto inguruko paso bat edo... - erantzun zidan.
- Ba nahizuna, ea asmatzen dezun.

Asier horma eskalatzen hasi eta iltzearen parera iritsi zen (IV), bertatik aseguratuz.

Iltzearen parean.

- Hemendik gora tenteago ikusten da baña ez zait zailagoa iruitzen - esan zidan iltzetik aseguratu zenean.
- Hola dijon bitarten primeran!!! - Animatu nuen.

Iltzetik gorako lehen metro hauek dira luze honetako zailenak iruditu zitzaizkigunak. Tarte honetan horma bertikala da eta bion ustez zailasuna IV+ inguruan egon daiteke. Harkaitza sendoa denez, Asierrek ez zuen arazo handirik izan Totem more bat trabatzeko. Metro batzuk gehiago eskalatu zituenean (IV) talkie-tik mezu itxaropentsu bat iritsi zitzaidan:

- Hemen bigarren iltze bat dago, zaharra eta argoila batekin, reuniotan zeuden bezelakoa.

Beraz, eskalatu behar zen lekutik eskalatzen ari ginen!!!!

Lehen iltzetik gorako zatia, Totem morea ikusi daiteke. Bigarren express-zinta uztaidun iltze zaharrean jarrita dago. Goian, zeruan, Asier ikusi daiteke azken bilgunean.

Uztaidun iltze zaharra gertuago.

Uztaidun iltzetik gora horma zertxobait etzaten da eskalada erraztuz (III+ hasieran, III gero). Bigarren luzean egin genuen moduan, sokak amaitzeko bost metro falta zirenean Asierri talkie-tik abisatu nion bilgune bat muntatzen hasteko eta, bigarren luzean gertatu zen moduan, soka amaitzeko bi metro eskas falta zirenean bilgunea muntatu zuen. Bilgunea muntatu zuen lekuan horma asko etzaten da, harri eta harkaitz askeen kopurua ugarituz. Ez dakit zati hau den Luychik "chimenea descompuesta" bezala izendatzen duena bere krokisean, baina guk ez genion tximinia baten antzik hartu.

Horma eskalatzen. Bilgunearen azpiko harri askeak ikusi daitezke.

Asierrek azken luzeaz gozatzen zuen bitartean, haizearen eraginez hotzak akabatzen egon nintzen berriro ere, bidea eskalatzen hasi ginenean gertatu zitzaidan bezala. Ur-jauzi baten moduan tximiniatik sartzen zen haizea gorputzeko zirrikitu guztietaraino sartzen zitzaidan, gorputza dar-dar egitera behartuz. Hotz sentsazioa lehen iltzetik gorako pasagunera arte iraun zuen, IV+ pasagunean nahi baino gehiago estutu ondoren, jejeje.

- Ostia, ze hotza pasa deten!!!
- Bai? Nik ez det ba hotzik pasatu - erantzun zidan Asierrek -, ta normalen zuk nik baino hobe aguantatzen dezu.
- Ez dakit, igual urdaileko molestiakin zerikusie izango du - esan nion -, beharbada zeozer kultibatzen ariko naiz...

Seigarren, eta azken, bilgunea.

Geratzen zena erraza zela ikusita, Asierri soka askatzeko eskatu eta goraka jarraitu nuen. II/II+ zailtasuneko 15-20 metro inguru igo ondoren hormaren amaierara iritsi nintzen, eskaladari amaiera emanez.

Seigarren bilgunea atzean utzi ondoren.

Hormaren ertzean ipar-haizeak bazterrak ederki astintzen zituen, sentsazio termiko baxua areagotuz. Berokiak eta kaskoa kendu gabe, ahal izan genuen azkarren material guztia motxiletan jaso eta Balaituseko gailurrera oinez zuzendu ginen, haizetik ihes egin nahian.

- Bosgarren aldie Balaitusen ta laugarren bide ezberdin batetik igota!!! - esan nion Asierri gailurrera iritsi nintzenean -. Latourretik ez naiz sekula igo ta jaitsi naizen guztietan Diagonal Handitik jaitsi naiz, beti udan igo dudanaren seinale.

Bosgarren aldia Balaitusen, zoriontsu egoteko mila arrazoi baina zoriontasuna ez zen erabatekoa, urdailak nahastuta jarraitzen zuelako. Hau gutxi ez bazen, bizkarrean min arin bat sentitzen hasia nintzen. Hala ere, gogoak atera nituen gailurrean zegoen mendizale batek egin zigun argazkian irribarre bat marrazteko, irribarre behartua izan bazen ere.

Gailurreko argazkia.

Ez genuen denbora luzean egon gailurrean; izan ere, Balaituseko gailurrean pasatako denbora motzena izan zen. Gogoa berriro ere behartuz, barratxo eta gel berri bat urdail minberatura sartu eta berehala hasi ginen aldapan behera.

Diagonal Handiko jaitsiera ohikoa izan zen: zoru ezegonkorra, nekeak eragindako irristaldiak, harri hegalariak, mendizaleak kontrako noranzkoan eta kaskorik gabe zihoan axolagabea. Diagonal Handia, kontuz igo eta, batez ere, kontuz jaitsi beharreko bidea da nire ustez. Ez da teknikoki bide zaila baina ez da arraroa askatutako harri bat zapaldu eta irrist ez egitea. Hori bai, bertako ikusmira itzela da.

Diagonal Handik jaitsierako ikusmira itzela da. Ezkerretik eskuinera: Arriel, Midi D'Ossau, Lurien eta Palas ikusi daitezke.

Palas gertuago. Parez-pare Lekukin duela urte batzuk eskalatu nuen hego-ekialdeko gandor ederra.

Diagonal Handia Michaud babeslekuan amaitzen dela esan daiteke, baina bertara iritsitakoan ezin gara erlaxatu, La Sarra arteko bidea oraindik ere luzea eta ezegonkorra delako. Beharbada honen jakitun ginelako, Michaud babeslekuan gelditu gabe jaisten jarraitu genuen, begirada paisaiara baino oinetara gehiago zuzenduz.

Michaud babeslekua.

Ibilbide luzeak egiten direnean komeni izaten da helburu txikiak jartzea. Michaud babeslekua atzean utzita, hurrengo helburu txikia iboi izoztura iristea zen. Baina metroak jaitsi ahala, gorputzak proiektatzen duen itzalaren moduan, distantzia berean jarraitzen zuela iruditzen zitzaigun.

Michaud babeslekutik behera, iboi izoztua urrun ikusten da.

Iboi izoztutik Arriel lakuetara; Arriel lakuetatik GR-11 ibilbideko bidegurutzera eta bidegurutzetik La Sarrara; hauek izan ziren jarri genituen hurrengo helburu txikiak. Jaitsiera luzea eta gogorra egin zitzaigun: mina oin batetik joaten zenean belaun batera pasatzen zen; belaunetik joaten zenean aldaka batera eta aldaka batetik bestera zirkulua berriro ere hasiz.

- Eskerrak zerue lainotuta dagoen.
- Joe baietz - erantzun nion Asierri -, bestela kristo eginda bukatuko genun.

La Sarrara oso nekatuta iritsi ginen, minberatuta, motxilak sorbaldetatik kentzeko gogo biziz. La Sarrako iturrietan hidratatu ondoren, Aguas Limpias errekan oinak eta gorputzak freskatu eta arropa garbia jantzi genuen. Ba al da ibilaldi luze baten ondoren galtzontzillo lehor eta garbi batzuk jartzeak eragiten duen plazerra bezalakorik? Jejeje.

Bazkaldu-meriendatu-afaldu eta gero, jendez betetako Panticosako bainuetxeko aparkalekuan gelditu zen Asierren furgoneta. Urdaila hobe sentitzen nuen; bizkarra aldiz, ez. Biharamunerako aukera ezberdinak mahai gainean jarri eta denetatik motzena izan zitekeena aukeratu genuen: "honetarako ez daukegu despertadoreik jarri behar ta horrela gehiago deskantsatuko degu, jejeje".

- Ea bihar zure urdaile eta bizkarra nola dituzun - esan zidan Asierrek lo geratu aurretik.
- Bihar ikusiko degu, jejeje.

Eskalada egunean arazo fisikoek zoriontasun sentsazioa ilundu bazidaten ere, denborak ematen duen distantziarekin eta argazkiek berpizten dituzten oroitzapenekin esan beharra daukat Augerot - Ollivier bideari buruz Ollivier gidaliburuak esaten duenarekin bat natorrela, hau da, "zailtasun ertaineko eskalada atsegina, airekoa eta ikusgarria da, oso gomendagarria". Ez dakit zergatik ez den asko errepikatzen den bide bat, baina zinez merezi du. Hori bai, eskalatzeko asmorik baduzue ojo kuidau lehenengo luzearekin!!! Jejejeje.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Fayet L., Cazaurang-Butel R., Baup M., Brives L. Ollivier J., Cazanave H., Vaillant P. Guide Ollivier, Pyrénées Occidentales IV. Du Ger au Balaïtous. Le massif du Balaïtous, 264-265. Pau. Editions Cairn, 2008.
- Alfonso L. Valle de Tena, 239. Edición: La noche del loro, 2021. - Hernandez A. Balaitus (3.144 m). Caña a la araña. Desnivel revista de montaña, 2005; 226: 38-47.
- Martinez Embid A. Balaitus 3.144 m, el Cervino pirenaico. Desnivel revista de montaña, 2005; 226: 28-36.
- Mendietatik bloga. Balaitous vía Augerot - Ollivier (AD/IV). Ascensión realizada por dos personas, Josu(hijo), y Jesús (padre) en el día 24/07/2007. Eskuragarri: http://mendietatik.blogspot.com/2007/08/balaitous-via-augerottollivier.html
- Empujatrenes bloga. 2011/10/29. Balaitous 3.144 m «Augerot-Ollivier». Eskuragarri: https://empujatrenes.wordpress.com/2011/10/29/balaitous-3-144m-augerot-ollivier/


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina