AZKEN 10 SARRERAK
2023/08/21
PANTICOSAKO BAINUETXEA: "LADY LISTER" BIDEA, 280 metro, V+. 2023-07-23
Bidearen hasieran idatzita dagoen izena.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Pertsonen joan etorriak eragindako zaratak urrunean entzuten nituen, amesten ari nintzen ametsaren soinu bandari lotuta egongo balira bezala. Baina pausuen hotsa eta koordinatu gabeko ahots ezberdinen bolumena pixkanaka igotzen joan zenean, begiak irekitzera behartu ninduten. Espero ez nuen argitasun itsugarri batek begiak itxi arazi zizkidan berriro ere, orduz kanpo dagoen banpiro bat izango banintz bezala. Begiak berriro ere ireki, oraingoan oso poliki, eta furgoneta erabat iluminatuta zegoela ikusi nuen: “Lo geratu gara!!!”
- Ze ordu da? – Galdetu nion Asierri.
- Goizeko zazpi terdik – erantzun zidan ahoa zabalduz.
Bezperako jipoiaren ondoren, esnatzeko alarma ez jartzea erabaki genuela gogoratu nuen orduan.
- Zemuz zure urdaile? – Galdetu zidan Asierrek.
- Hobe ematen du.
- Ta bizkarra?
- Molestikin, atzo bezela. Gutxiñez ez da okerrera jun – erantzun nion bizkarra okertuz -. Hanketako behatzeko puntak dittut minberatuta.
- Baita nik ere – erantzun zidan -. Atzoko jaitsiera luzea izan zen.
Balaitusen bizitako abenturaren ondoren Panticosako Bainuetxera gauean iritsi ginenean, aurrikusita genuen eskalada eskalada erraz eta motzago batengatik aldatzea erabaki genuen, gorputz nekatu eta minberatuei atseden aktiboa emateko asmoz. Plan aldaketa honek Sendero Limite taldekoek "Molondroaren bidea” bidearen eskuinean 2021 urtean ireki zuten “Lady Lister” eskalada bidera eramango gintuen, 250 metrotik gorako eskalada-bidea, hamar luzetakoa, itsasgarritasunezko eskalada nagusi dituena eta V+ zailtasuna gehienez duena: “goiz baterako nahikoa izango degu”.
Eskalada-bide honetan bizitakoak kontatzen hasi aurretik, komeni da emakume honen inguruko aipamen batzuk jakitea: nor izan zen Lady Anne Lister?
Anne Lister (1791 – 1840) aristokrata ingelesa bat izan zen, umezurtz geratu eta osaba-izebek hazi ondoren, haiengandik dirutza heredatu zuena. Negozioetan oso trebea, bere bikotea izan zen Anne Walker-ek Fred deitzen zion eta Ingalaterrako gizartean “Jack jauna” (“Gentleman Jack”) bezala zen ezaguna. Garai hartan, beste pertsona batzuekin gertatu zen bezala, lesbiana izateagatik jazarpena jasan zuen. Izan ere, 15 urtetik ia bere heriotzera arte idatzi zuen egunerokoan, bere harreman sexualei buruzkoak algebra eta aintzinako grekeran oinarritutako kode batez zifratu zituen. Idatzi zuen eguneroko honegatik ere dakigu bera izan zela Monte Perdidora igo zen lehen emakumea, baita, eta hau izan daiteke bere igoerarik ezagunena, Vignemaleko Pique Longue-ra igo zenekoaren nondik norakoak ere. Eta bigarren igoera honek badu bere istorio kuriosoa, garai hartan oso eztabaidatsua izan zena.
Anne Listerren erretratua. Argazkia wikipediatik hartua dago.
Pique Longueko lehen igoera dokumentatua 1838ko abuztuaren 7an Jean Pierre Charles, Jean Pierre Sanjou eta Henri Cazoux gidekin burutu ondoren, Espainian zehar bidaiatu zuen. Abuztuaren 14an, bidaiatik Luz Saint-Sauveur herrira itzuli zenean, Pique Longueren lehen igoera Napoleón-Joseph Ney-k, Moskowako printzeak, aldarrikatzen zuela iritsi zitzaion, abuztuak 11an burutu zuena. Honek eztabaida handia sortu zuen, biek aldarrikatzen baitzuten lehen igoera. Azkenean deskubritu zen Cazoux gidak (Anne Lister gidatu zuen berberak) Moskowa printzea engainatu eta, bere igoera lehenengoa izango zela esanez, diru extra bat kobratu ziola “lehen igoera” horrengatik. Gida frantsesak printzeari esan zion Lister glaziarrean geratu zela, ondoezik, gailurrera iritsi gabe, gailurra gidek bakarrik zapalduz.
Anne Lister iruzur honetaz jabetu zenean Cazoux-i ez ordaintzea erabaki zuen, printzeari esandakoa gezurra zela aitortzen ez bazuen. Cazoux-ek berak eztabaida honi abuztuaren 17an Gèdreko ostatuan idatzitako adierazpenarekin amaiera emango zion, non lehen igoera Anne Listerrekin eta beste bi gidekin abuztuaren 7an egin zuela aitortu zuen. Aitorpen hau Alambon, Jean Pierre Charles eta Jean Pierre Sanjou lekuko zirela idatzia izan zen, eta denek sinatu zuten.
Baina Moskowako printzea ez zen etsi eta abuztuaren 21ean "Messenger" egunkarian eta iraiaren 15ean "Revue des Deux Mondes" aldizkarian artikulu bana idatzi zituen Vignemaleko gailurrera lehena igotzen bera izan zela iradokiz. Printzeak bere helburu mediatikoa lortu zuen eta 1969 urtera arte ez zen argitu zein izan zen Pique Longuera igo zen lehen pertsona.
Hala ere, beharbada (liburu batzuetan hala azaltzen dute) Pique Longueko lehen igoera Henri Cazaoux eta Bernard Guillembert gidek burutu zuten urtebete lehenago, 1837 urtean, Ossue glaziarretik igo eta Cerbillonako kanal harritsuetatik jaitsiz. Hortik beharbada, Cazoux-ek igoerari buruz zuen ezagutza zehatza. Hau horrela bada, zergatik ez zuten honen berri eman? Ez dakigu.
Anne Lister 1840 hilko zen, Georgian, bere bizitzako maitasuna izan zen Anne Walkerrekin bidai bat egiten ari zela.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 280 metro.
- Luze kopurua: 10.
- Nork irekia: Enrique Recio, Isabel Armendariz eta Julio Benedé, 2021eko irailean.
- Zailtasuna: V+. Luzez luze: 1º: III+ (25m), 2º luzea: IV (25 m), 3L: II (40 m), 4ºL: V (20 m), 5ºL: V+ (25 m), 6ºL: IV+ (25 m), 7ºL: V+ (edo III+, 30 m), 8ºL: V (28 m), L9º: IV+ (25 m) eta L10º: V- (25 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bidearen lehen luzeak itzalpean daude ia eguerdira arte.
- Ura: Panticosako Bainuetxeko Casa de Piedra aterpearen atzealdean iturri bat dago.
- Hurbilketa: Casa De Piedratik gora doan GR-11 bidea jarraitzen hasiko gara. “Mirador de la reina” begiratokia atzean utzi eta 20-25 metro goragoa dagoen bidegurutzean GR-11 bidea utzi eta eskuineko bidea hartuko dugu. Caldarés errekaren gaineko zubia zeharkatu, bidetik atera gabe jarraitu eta bidegurutze batera iritsitakoan ezkerrera doan bidexka hartuko dugu, “Camino de los Machos” bidea hartuz (Hodiaren hormara zuzentzen dena). Bi bihurgune ezker-eskuin atzean utzi ondoren bidearen oinera iritsiko gara, mugarri txiki batekin adierazita dagoena. Horman, “Lady Lister” izena irakurri daiteke, lehen paraboltaren ondoan.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ezker aldera pinuen artean doan bidexka jarraituko dugu (mugarriren bat topatu daiteke), igoeran jarraitu dugun “Camino de los Machos” bidearekin bat egin arte. Hemendik aurrera bide jarraitzea besterik ez da eskalada-bidearen oinera itzultzeko.
- Eramandako materiala: Bidea ekipatuak dagoenez, luzera ezberdinetako 8 express-zinta eta bilguneak muntatzeko zinta-uztaiekin nahikoa izango dugu. Guk erditik tolestutako 60 metroko soka bakarra eraman genuen. Walkie-talkie batzuk eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko, batez ere ondoan dagoen “Molondro” bidea tarteka oso gertu dagoelako.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta hamar minutu.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen nondik norakoak, azkeneko bi luzeak ezkutuan geratzen dira.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Furgonetaren kanpoaldean jende piloa batera eta bestera zebilen, ordenik gabe, Bainuetxeko aparkalekuari inurritegi erraldoi baten itxura emanez. Motxila bat bizkarrean zuten izakien joan etorriei begirik kendu gabe, motxilak prestatzen hasi ginen, bezperan sobratutako ogi pusketa batzuk gogo gutxiarekin murtxikatzen genituen bitartean:
- Bi sokak eramango ditugu? – Galdetu zidan Asierrek, 60 metroko sokei begiratuz.
- Luzek 30 metro ingurukok direla ikusita igual hobe bi soketako bat erditik eramatea, ez? – Proposatu nion -. Ta luzen baten iristen ez bada ensanblen aterako gea.
- Primeran!!!
Ez zen lehen aldia izango soka bikoitz bat erditik tolestuz eskalatuko genuela. Honelakoetan, batek sokaren bi muturrak arnesari lotuta eramaten ditu eta besteak, sokaren erdian zortziko korapilo bat eginez, soka segurtasun mosketoi batekin arnesera lotzen du.
Furgoneta itxi ondoren inurritegian murgildu ginen, beste inurri bat bezala, aparkalekuan zegoen desordenari lagunduz.
Gure sorbalda minberatuek biziki eskertu zuten motxilei kendutako pisua. Baina “arinago” egon arren igoera lasai hartu genuen, bezperatik nekatutako izter eta oinei herdoila kendu eta berriro ere pixkanaka berotzeko aukera emanez.
Hurbilketa “Molondroaren bidea" eskalatzeagatik ezagutzen genuen. Oraingoan aldiz, Caldarés errekaren zurrunbilo biziaren gaineko zubia zeharkatu genuenean, basoan sartu beharrean bidetik beste 30 metro inguru jarraitu genuen, indikazio poste bat duen bidegurutze batera arte. Bidegurutzean ezkerrera doan bidexka hartu (“Camino de los Machos”) eta, “S” bat eginez, 15-20 metro eskas ibili ondoren bidearen hasierara iritsi ginen, kanal ilun baten oinean dagoena:
"Camino de los Machos" bidea hartzeko hartu behar den bidegurutzea. Bi eskalatzaile bidean gora doaz.
Bidea hasten den lekuan.
- Hara, hor “Lady Lister” jartzen du – esan zidan Asierrek kanalaren ezker horman tinta beltzez idatzitako izena seinalatuz -, kordinotxo bat duen parabolt baten ondon.
Goizeko zortzirak eta hogei inguru izango ziren bidearen oinera iritsi ginenean. Bainuetxean zebilen jendetza ikusita, batzuk sokak motxiletatik zintzilik, bidea eskalatzen lehenak gu izatea harritu gintuen.
Bidearen hasiera. Kanal iluna eta goiko diedroa ikusi daitezke.
- Gaur ni hasiko naiz, bale? – Proposatu nion Asierri -, Atzo zu hasi ziñen eta, jejeje.
- Arazoik gabe.
- Lehenengo luzea, 25 metro, III+. Eskalada-bideari hasiera ematen dion kanal inklinatuari baserriko tximinia zahar baten antza hartu nion, kedarrak belztua dagoela dirudielako. Lehenengo metroak ez zitzaizkidan zailak iruditu (III) eta arazo handirik gabe eskalatu nituen.
Kanala argitzen hasten den lekuan, pinu txiki baten altueran, tentetu, estutu eta diedro itxura hartzen du, luzeari III+ zailtasuna emanez. Baina helduleku onak daudenez ez nuen arazo handirik izan pasagune hau eskalatu eta kanaletik irteteko. Gustura eta erlaxatuta eskalatzen ari nintzen, oinetako behatz puntak minberatuta sentitzen banituen ere.
Kanala diedro bihurtzen den lekuan.
- Alde ederren eskalatzen da paraboltak daudenean – esan nion Asierri.
- Bai, burue lasaiago doa – erantzun zidan -. Zemuzkoa?
- Oaingoz errexa – erantzun nion –, oinetako behatz puntak oraindik sensible ditut ordea.
Kanalaren irteeratik behera egindako argazkia. Argazkian, gutxi gora behera "Camino de los Machos" bidea hartzen den lekutik bidea hasten den lekura arte bete behar den ibilbidea marraztu dut.
Kanalaren irteeran.
Kanalaren irteeratik zertxobait ezkerrera bota eta, metro batzuetan erdi-oinez ibili ondoren (II/II+), pinu batean pasatako soka bat eta parabolt batez osatutako bilgunera iritsi nintzen.
Kanalaren diedrotik ateratzen.
Lehenengo bilgunea.
- Bigarren luzea, 25 m, IV. Luze honen pasagunerik zailena bilgunetik irtetea da, honetarako 3 metro inguru eta IV zailtasuneko horma bertikal bat eskalatu behar delarik. Zertxobait kanpora botatzen badu ere, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan hormatxo hau eskalatzeko, helduleku onak dituena.
Luzearen hasierako horma bertikala eskalatzen.
Hormatxoa eskalatuta, pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka bat eskuin aldera zeharkatu zuen, parabolt lerroari jarraituz, begi-bistatik galdu zen arte (III+ hasierako metroetan, III erdiko tartean eta II azken metroetan).
Harkaitz-plaka etzan honetan, bidea zipriztintzen dituen itsasgarritasunezko pasaguneetako batzuk eskalatu genituen lehen aldiz. Kasu honetan ez dira zailak, baina eskalada modu honetara ohitzen hasteko ondo etorri zitzaizkigun, bilgunera iritsi aurretik dauden irtengune txikietan batez ere.
Harkaitz-plaka inklinatu/etzanaren amaierara iristen.
- Nik ere behatz puntak sensiblek ditut – aitortu zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Nere kasun katuk dagoeneko bigundu die eta hobe nijo.
Bigarren bilgunea.
Eskaladan ikasi dudan gauzik baligarri bat izan da katu-oinen neurria normalean erabiltzen diren oinetakoen berbera izan beharra dela, zailtasun maila handiko eskaladak egiteko asmorik ez badago behintzat. Eta hau bereziki eskertzen da eskalada-bide luzeak eskalatzen direnean edo luzeen artean tarte motzaren bat oinez egin behar bada.
- Hirugarren luzea, 40 metro, II. Telefonoan irudi moduan gordetako krokisa atera eta hurrengo luzearen nondik norakoak aztertzen hasi ginen:
- Krokisaren arabera orain segundoko 40 metro datoz ta gero 25 metro oinez – esan nion Asierri -. Okurritzen ari zaitena da 65 metrok ensanblen egitea, hola azkarrago ibiliko gea.
- Ideia ona – erantzun zidan.
Bilgunetik oinez atera nintzen eta, gutxi gora behera dozena bat metro oinez ibiliak nituenean, bi pinuren artean pasatu eta parabolt pare bat dituen horma etzan batera igo nintzen (II).
Horma etzana igo ondoren.
- Hemendik aurrera dena oinez dala emateu – oihukatu nion Asierri horma etzanaren gainetik – nahi badezu soka askatu dezakezu.
Horma etzanaren gainetik bigarren bilgunera egindako argazkia. Panticosako Bainuetxea bere osotasunean ikusi daiteke.
Soka aske izateak ematen duen arintasunarekin, hormatxoaren gaineko gandor zabaletik oinez jarraitu eta mugarri nabarmen baten azpian dagoen hirugarren bilgune “ofizialera” iritsi nintzen. Asier dagoeneko oinez zetorren nire atzetik.
Hirugarren bilgunea, mugarri nabarmenaren azpian.
Bilgunean geratu gabe, metro batzuetan igotzen jarraitu eta pinuen artean ezker aldera doan bidexka batetik hasi nintzen, bidea adierazteko pinuen arteko enborretan soka finko bat jarrita duena. Mugarri nabarmenetik 25 metro ingurura "hirugarren bis” bilgunera iritsi nintzen, horma bertikal baten azpian dagoena.
Hirugarren "bis" bilgunera eramaten duen bidean. Argazkiaren eskuinean mugarri nabarmena ikusi daiteke baita pinuen artean lotu duten soka ere.
- Laugarren luzea, 20 metro, V. Krokisaren arabera, luzearen zailtasunik handienak parean genuen horma bertikalean topatuko genituen. Lurretik lehenengo parabolta “txapatu” ondoren Asier eskalatzen hasi zen.
Krokisak ez zigun gezurrik adierazi eta, irakurri genuena baieztatuz, horma honetan topatu genituen luzearen zailtasunik handienak. Asierrek lehen paraboltaren ezkerretik eskalatzen zuen bitartean, helduleku hobegoak honen eskuinean zeudela iruditu zitzaidan, eskuentzat batipat.
Horma bertikalaren pasagunerik zailena eskalatu ondoren.
Zertxobait estutzera eraman zuen lehen pasagunearen ondoren, hirugarren parabolta arte oinetan jarri behar izan zuen fede osoa, eskuentzat heldulekuak dauden arren hauek gehienetan kamutsak direlako. Gorputza kontu handiz mugituz, dantza geldo bat egiten ariko balitz bezala, horma zailtasun handirik gabe eskalatzea lortu zuen (V).
Horma eskalatu ondoren.
- Hemendik gora plaka errexa dela ematen du – esan zidan hormaren gainetik.
Hormaren gainetik bilgunera egindako argazkia.
Itsasgarritasunezko pasaguneak dituen harkaitz-plaka etzan bat arin eskalatuz (IV hasieran, III gero), laugarren bilgunea muntatuta dagoen erlaitz zabal eta erosora iritsi zen, Bainuetxearen inguruko ikusmira pribilejiatu bat duena.
Laugarren bilgunean.
- Azkenen hasierako pasoa lehenengo paraboltaren eskubitik eskalatu det – esan nion bilgunera iritsi nintzenean -. Estutu badet ere errexagoa dela irudittu zait.
- Neri ezkerretik ez zait hain zaile iruditu – erantzun zidan soberan zituen express-zintak ematen zizkidan bitartean.
- Oain largo klabea dator, ez? – Galdetu nion.
- Hor goien paraboltak nahiko gertu daudela ikusita baietz esango nuke – erantzun zidan telefonoa galtzetako poltsikotik ateratzen zuen bitartean.
- Bosgarren luzea, 25 m, V+. Asierrek begiratu ondoren, krokisak zalantza guztiak argitu zizkigun: bidearen gakoa duen luzearen oinean geunden, itsasgarritasunezko harkaitz-plaka handi bat.
Luzearen lehenengo metroak etzanak dira eta, hirugarren paraboltera arte gutxi gora behera, erraz eskalatu nituen (III+/IV). Hirugarren paraboltetik gora ordea, harkaitz-plaka tentetzen da sabai itxura duen irtengune motz batera zuzenduz. Batera eta bestera begiratu eta horma magnesio arrastoz beteta zegoela ikusi nuen, zailtasunak hemen hasten direnaren seinale.
- Asuntoa hemen hasten dela esango nuke – aitortu nion Asierri eskuak magnesio-poltsan sartuz.
- Lasai hartu orduan – erantzun zidan.
Oinetako puntak harkaitz-plakaren zimur txikietan jarriz, metroak pixkanaka irabazten hasi nintzen, esku-ahurrak paretan jarrita oreka mantenduz. Berehalako helburua laugarren paraboltera iristea zen, ez gehiago ezta gutxiago ere. Bertatik aseguratu nintzenean, berehalako helburua bosgarren paraboltera iristera pasa zen.
Flash baten moduan, Aiztondoko “Aldapan gora” bidearen lehen luzea gogora etorri zitzaidan, maiz eskalatu duguna eta lehen erdian itsasgarritasunezko harkaitz-plaka tente bat duena. Luze hau eskalatzeko erabiltzen dudan teknika errepikatu nahian, orpoak jaitsi eta, gorputzaren pisua orpoetara eramanez, oinen puntekin oreka mantentzen hasi nintzen, harkaitzak uste nuena baino hobe eusten zuela konturatuz. Honek eman zidan konfiantza izugarria izan zen eta konturatu nintzenerako bosgarren paraboltaren gainean dagoen erlaitz txikira igota nengoen.
Luzearen pasagune zailena eskalatu ondoren dagoen erlaitz txikian.
- Uste nuena baño errexagoa iruittu zait – esan nion Asierri -. Ez dakit V+ ere izango duen.
- Nahiko fluido ikusi zaitut bai - erantzun zidan -. Gero kontatuko dizut ea zemuzkoa iruditzen zaidan.
Bosgarren paraboltak babesten duen sabai itxurako irtengune motzaren gainetik hormak inklinazioa galtzen du eta honek metroak errazago irabaztea ahalbideratu zidan (IV hasieran, III gero), pinu baten enborrean muntatuta dagoen bilgunera iritsiz.
Bosgarren bilgunean.
Laugarren bilgunea dagoen erlaitzaren ikusmira itzela da.
- Neri kinto mas iruittu zait ba – esan zidan Asierrek bilgunera iristear zegoela.
- Ba zuk hori esaten badezu hala izango da – erantzun nion.
- Dena den adherentzin eskalatzea ez da nere fuertea, jejeje.
Bosgarren luzearen azken metroetan.
Bosgarren bilgunea.
- Seigarren luzea, 25 metro, IV+. Luze honen lehen zatiaren nondik norakoa deskubritzea denbora piskat eraman zigun hasieran. Parabolten lerroak krokisean marraztutako lerro bera jarraitzen duen arren, hasieran eskalatzen den plaka tentearen eskuin aldean "parabolt misteriotsu" bat dago: “luze honen bariante bat izango da?” Galdera honi ez diogu oraindik erantzunik aurkitu baina luzearen bigarren zatian beste parabolt misteriotsu bat topatu genuen parabolt lerroaren eskuinean.
Eskuineko paraboltarik jaramonik egin gabe, Asier bileratik irten zen eta, pinu txiki bat ezkerrean utzita, harlauza bat inguratu zuen "C" alderantzizko baten formako ibilbidea eginez (IV/IV+).
Harlauza eskalatu ondoren, kordel bat duen pinura iritsi aurretik. Argazkiaren eskuinean "parabolt misteriotsua" ikusi daiteke.
Harlauza inguratu ondoren horma tentetu egiten da eta, eskuinerako joerarekin eskalatuz, itsasgarritasunezko mugimendu batzuen ondoren pinu batera iritsi zen, enborrean soka bat duena (IV+).
Kordela duen pinutik behera egindako argazkia. Argazki honetan ere, oraingoan ezkerrean, "parabolt misteriotsua" ikusi daiteke.
Sokatik express-zinta batekin aseguratu ondoren, pinua eskuinean utzita etzanez doan harkaitz plaka bat eskalatzen jarraitu zuen bilgunea topatu zuen arte (III+), harkaitz-plaka etzan batek osatzen duen hormatxoaren oinean dagoena. Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka honen eskuinean bigarren "parabolt misteriotsua” topatu genuen. Luze hau eskalatzen ari ginen bitartean eguzkiak ematen lehen aldiz ematen hasi zigun, eskalada-bide hau udako goizetan eskalatzeko aproposa izan daitekela baieztatuz.
Seigarren bilgunean. Eguzkia dagoeneko bete-betean.
- Oaingo luzek kintomas daukela jartzen du – esan zidan Asierrek krokisari begira, bilgunera iritsi nitzenean.
- Baño kintomaseko luze bakarra ez al zen bosgarrena?
- Kintomas honek segundoko bariante bat daukela ematen du.
- Gaurkon neri tokatu behar zaizkit luzeik onenak, jejeje – erantzun nion.
- Zazpigarren luzea, 30 metro, V+ (edo III+). Helduleku onak dituen hormatxoa eskalatu eta horma bertikal bateraino luzatzen den harkaitz-plaka etzanera igo nintzen (III/III+).
Hasieran eskalatzen den hormatxoaren gainetik bilgunera egindako argazkia.
Harkaitz-plaka etzan hau ez zitzaidan zaila iruditu (III/III-) eta berehala iritsi nintzen luzea nondik amaitu nahi nuen erabaki beharko nuen lekura: horma bertikaletik (V+) edo pinu txiki batek babesten duen pasagunetik (III+, nahiz eta Sendero Limitekoen krokisean II duela iruditu)?
- Kintomaseko pasoa probatzea nijo – esan nion Asierri, erabakia ia pentsatu gabe hartuz.
Sokaren marruskadura ekidin nahian, harkaitz-plakaren azken parabolta aseguratu gabe utzi eta han jarriko nuen express-zinta horma bertikalaren lehen paraboltetik pasa nuen. Horma bertikalak, 2-3 metro artean izango dituen arren, bosgarren luzean sentitu ez nuen urduritasun puntu bat sentiarazten hasi zidan, zertxobait kanpora botatzen duelako ziurrenik. Urduritasuna gorputz osora zabaldu aurretik, hormaren gainean dagoen helduleku on bat eskuin eskuarekin heldu eta gorputza altxatzen hasi nintzen.
V+ pasagunearen azpian.
Horma bertikala uste baino errazago eskalatu nuen, nahiz eta zertxobait estutu behar izan. Gorputza altxatu nuenean, eskuin oina helduleku txiki batean jarri, gorputza zertxobait gehiago altxatu eta ezker eskuarekin hormaren gainean dagoen helduleku on batera iritsi nintzen, modu honetan zailtasun guztiekin amaituz. Bilgunea, hormaren gaineko erlaitz erosoan muntatuta dago.
V+ pasagunea azpitik ikusita. Nire atzean ikusten den pinu txikian dago pasagune honen saihesbidea (III+).
- Hemen beheko kintomasen baño gehio estutu behar izan det – aitortu nion Asierri hormatik burua atera zuenean.
- Ba neri hau errexagoa iruittu zait ba, jejeje – erantzun zidan, eskaladaren zailtasuna gehienetan norberaren araberakoa izaten dela agerian geratuz.
Asier V+ pasagunearen azpira iristen.
- Zortzigarren luzea, 28 metro, V. Arnesetik zintzilik nuen materiala berreskuratu zuenean, Asier irtengune ezberdinez osatutako horma bat eskalatzen hasi zen, luzeari zailtasuna ematen diona. Horma hau, teknikoki zaila baino (V), tarteka ezerosoa dela iruditu zitzaigun, altuak direnentzat batez ere.
- Hemendik gora plaka etzan egiten da – esan zidan hormaren gainetik.
Hasierako horma eskalatu ondoren.
Harkaitz-plaka etzana zeharkatu (III) eta, 25 eta 30 metro artean eskalatuak zituenean, erlaitz batean dagoen bi paraboltez osatutako bilgune batera iritsi zen, Sendero Limitekoen krokisean tarteko bilgune bat bezala azaltzen dena. Soka gehiago ez genuenez, Asierrek gure zortzigarren bilgunea bertan muntatzea erabaki zuen, nahiz eta krokiseko zortzigarren luze “ofizialak” 40 metro izan eta zortzigarren bilgune “ofiziala” pinu baten enborrean jarritako zinta batean muntatzen den.
Gure zortzigarren bilgunean, bilgune erosoa.
Bederatzigarren luzea hasten den lekura arteko tartea I zailtasunetik igotzen ez zela ikusita, sokak libre genituela eskalatzen jarraitzea erabaki genuen, hirugarren luzean egin genuen moduan. Gandor etzan eta zabal bat igo ondoren (I), zortzigarren bilgune “ofiziala” muntatzen den pinura iritsi eta, ezkerrean utziz, pinuen artean eskuin aldera zabaltzen den bidexka batetik bederatzigarren luzean eskalatzen den diedroaren oinera iritsi nintzen. Pinuetako batean enbor batean zinta hori bat jarrita dagoela ikusi nuen, bidea adierazteko ziurrenik.
Bilgunetik gorako gandor etzan eta zabala igo ondoren.
Zortzigarren bilgune ofiziala muntatzen den pinua (zinta gorria duena) eta bederatzigarren bilgunera iristeko jarraitu behar den bidea. Argazkian "Molondroren bideak" jarraitzen duen beta marroia ere ikusi daiteke.
- 30 metro juxtu !!! – oihukatu zidan Asierrek guk muntatutako zortzigarren bilgunetik.
"30 metro juxtu!!!"
- Bederatzigarren luzea, 25 metro, IV+. Luzea, pinu batek koroatzen duen diedro etzan batekin hasten da, itsasgarritasunezko pasagune politak dituena (IV+). Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan eskalatzeko; izan ere, parabolt pare batean express-zintarik ez jartzea erabaki zuen, oso seguru eta eroso zihoan seinale.
- Hemendik aurrera oinez da – esan zidan diedroaren gainetik -. Nahi badezu soka askatu dezakezu.
Diedroa eskalatu ondoren.
Soka aske zuela, diedroaren amaieran hasten den beta marroi, zabal eta motz batetik oinez jarraituz ez zuen arazorik izan pinu baten enborrean jarrita dagoen zinta batean bilgunea muntatzeko.
Bederatzigarren bilgunean. Argazkian, paraboltaren ondoan, beta marroia ikusi daiteke.
Diedroaren amaieran, beta marroia ikusi daiteke.
- Azkeneko luzeko diedroari ze ematen diote? – Galdetu nion bilgunera iritsi nintzenean -. Hemendik kañeroa ematen du.
- Kinto menos – erantzun zidan krokisa begiratuz.
- Ba tentea ematen du.
- Oain ikusiko dezu, jejeje.
Pinutik metro batzuk ibili ondoren, diedroaren azpian kokatu nintzen.
- Hamargarren luzea, 25 metro, V-. Diedroari azpitik begiratu nionean bilgunetik zirudiena baino etzanagoa zela iruditu zitzaidan eta atril batean jarritako liburu baten itxura duela iruditu zitzaidan: “ea liburu honen irakurketa nola amaitzen den".
Eta liburuaren irakurketa zoragarria iruditu zitzaidan, modu ezinhobea eskalada-bideari amaiera emateko. Lehen metroak erraz eskalatu nituen, diedroaren erdiko arrailan eskuak sartu eta oinak bi hormetan kolokatuz (IV+).
Diedroaren arraila aprobetxatuz eskalatzen den zatiaren amaieran, eskuineko hormara pasa aurretik.
Diedroaren azken metroak kontu gehiagoz igotzekoak direla iruditu zitzaidan, eskuin hormara pasatuz itsasgarritasunezko pasagune interesgarriak eskalatu behar direlako (V-). Irakurketaren amaierara iritsi nintzenean liburuak kapitulu gehiago ez izatea faltan bota nuen.
Diedroa eskalatu ondoren.
- Oso politte – esan nion Asierri diedroaren gainetik -, kristona gozatuko dezu.
- Ea ba!!!
Diedroaren gainetik egindako argazkia. Bederatzigarren luzean eskalatzen den diedroaren amaieratik bilgunera arte jarraitu behar den bidea marraztuta dago.
Diedroa eskalatuta, horma erabat etzaten da eta ez nuen zailtasunik izan pinua izatera jolasten ari den zuhaixka baten enborrean muntatutako bilgunera iristeko.
Hamargarren, eta azken, bilgunean.
- Ederra bai – esan zidan Asierrek bilgunera irtsi zenean -. Asko gustatu zait.
Hamargarren bilgunea, oso sendoa ez dirudiena. Atzean "Hodiaren horma" ("Pared del tubo") ikusi daiteke.
Ez ginen denbora luzean azken bilgunean egon eta berehala mugitu ginen pinu batzuen itzalpera, eguzkiaren argi eta berotasunetik ihes. Materiala motxiletara itzultzen genuen bitartean eskalada-bidea errepsatzeko aprobetxatu genuen. Eskalada espero bezala joan zitzaigun, arazorik gabe, urdaileko minik gabe eta bizkarreko min gehiagorik gabe: “ongiiii!!!”.
Zerbait jan eta edan eta, eguzkitako krema eman ondoren, jaitsierako bidea hartu genuen, bilgunearen eskuinetik pinuen artean doan bidexka bat jarraituz. Bidexka hau hainbat metroetan jarraitu ondoren “Camino de los Machos” bidera iritsi ginen, eskalada hasi genuen puntura pixkanaka itzuliz.
Bi sokada Molondron eskalatzen. Ezkerrekoa "Molondroaren bidean" eta eskuinekoa "Lady Lister" bidearen seigarren bilgunean.
Furgonetara eguerdirako iritsi ginen. Ordurako Bainuetxeko biztanleak itzalpera erretiratuak zeuden jada, eguzkiak gogoz jotzen zituen bazterrak bizitzarik gabe geratuz. Inurritegia lasai zegoen, bare, eguzkiak indarra galtzeko zain. Guk ez genuen hainbeste itxaroteko asmorik eta, izerdia kendu eta arropa lehorra jantzi genuenean, berehala zuzendu ginen etxera, furgonetaren atzerako ispiluan bi egunetako bizipen mamitsua geratuz.
Etxerako bidean zoriontsu!!!!
Lady Lister eskalada-bidea asko gustatu zitzaigun. “Molondroren bidea” eskalada-bidearen antzekoa dela iruditu zitzaigun baina itsasgarritasunezko plaka gehiagorekin. Bide ederra izan daiteke hainbat luzeetako eskaladan hasi nahi dutenentzat edo goiz edo arratsalde pasa baterako. “Hodiaren horman” (“Pared del tubo”) dauden eskalada-bideetara iristeko modu ezberdin bat ere izan daiteke, bide hauetarako hurbilketa osoa “Camino del Macho” bidetik igo gabe.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Martínez Embid A. Vignemale, el señor del Pirineo, 75-82. Madrid. Ediciones Desnivel, 2004.
- Dendaletche G. Cumbres pirenaicas, primeras ascensiones, documentos históricos, 133-157. Bilbo. SUA edizioak, 2002.
- Feliu M. La conquista del Pirineo, 57-66. Bilbo. SUA edizioak, 2000.
- Parant J-V. Vignemale, el más alto del norte. El mundo de los Pirineos, 2000; 17: 32-34.
- Hernandez A. Vignemale, el Pirineo más alpino. Desnivel revista de montaña, 2005; 231: 31.
- Wikipedia. Anne Lister. 2023/08/10. Eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Anne_Lister
- Sendero Límite bloga. 2022/06/22. Vía Lady Lister al Molondro de Panticosa. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2022/06/via-lady-lister-al-molondro-del.html
- Eskalatzen bloga. Balneario de Panticosa - Lady Lister (5c, 280 m, derrigorrez 4c). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2022/07/balneario-de-panticosa-lady-lister-5c.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
18:08
Etiketak:
eskalada,
lady,
lady lister,
lister,
molondro,
panticosa,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina