AZKEN 10 SARRERAK

2026/09/28

EGINO, BOSGARREN MONOLITOKO EZKER DORREA: "DIRECTA SUR" BIDEA, 85 m, V+/6a. 2026-09-20


Bidearen hasiera adierazten duen kordel horia.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Doña Eusebia hormaren ezaugarririk nagusiena bakardadea da, baina bakardade horretaz gozatzearen truke berrogei bat minutuko igoerari aurre egin beharko diogu, tarteka deseroso, harri soltez estalitako hartxingadi luze batetik. Beharbada horregatik da horma bakarti bat. Aspalditik susmoa daukat eskalatzaile berriek erosotasuna eta hurbilketa laburrak lehenesten dituztela; izan ere, ordu erdi baino gehiagoko hurbilketa duten eskalada-bideetan ia ez da inor ikusten, eta zer esanik ez hurbilketa aldapan gora bada. Beharbada horregatik izan da enigma bat eskalatzaile batzuentzat Doña Eusebiara eskalatzen iristeko modu bat aurkitzea. Eta 2025eko otsailean, Juan Vallejok “arista de los limakos” bidea ireki zuenean, enigma hori ebatzi zuen.

Bitartean, Antxon Gorrotxategi eta Iñaki Zuza Eginon eskalatzen ari zirela, Iñakiri begirada joan zitzaion bosgarren monolitoko “Directa Sur” bidearen eskuinaldean dagoen arrail nabarmen batera. Antxoni proposatu zion arrail hartatik agian eskalada-bide berri bat ireki zitekeela, bi luzetan Doña Eusebiaren azpian dagoen hartxingadiraino iritsiko zena. Bide hori ez litzateke Doña Eusebiaren hormaraino iritsiko, baina, gutxienez, bosgarren monolitoaren iparraldean dagoen kanal harritsu eta deserosoa saihestuko litzateke, soka finko batekin aseguratuta dagoena.

Antxonek aspaldi zuen ideia hori buruan, horregatik berehala egin zion kosk Iñakik botatako amuari, jejeje. Soka finko bat jarri zuen bosgarren monolitoaren hegoaldeko horman eta horma goitik behera aztertzen hasi zen:

- Plaka eder bat aurkitu dut bigarren luzerako, oso ona da, baina ez diot aukerarik ikusten Iñakik proposatu zidan lehenengo luzeari – esan zidan atsekabeturik -. Arraila azpitik dirudiena baino askoz zailagoa da eta nire mailatik ihes egiten du. Egunen batean berarekin banator, esango diot probatzeko.
- Eta Directa Sur jatorrizko bidetik probatu duzu? – Galdetu nion.
- A0 eta A1 pasaguneak ditu, eta ez naiz ausartu handik sartzen; gainera bidea abandonatuta dago, sasi eta landaretzak estalita – erantzun zidan -. Baina goiko plaka hori hain da ona...
- Laguntza behar baduzu, badakizu nirekin kontatu dezakezula.
- Noski baietz.

“Directa Sur” bidea 1958an ireki zuten Begoña Martinez, Antonio Eguia eta Angel Rosenek. Bide hori 50 zenbakiarekin jasota dago Vicente Peralesen “Eguino, paseos en vertical” liburuan, eta bertan dago zehaztuta igoera. Liburu honen arabera, bideak bi pasagune gogor ditu, lehena A0n eta bigarrena A1en eskalatzen direnak. Duela ia hirurogeita hamar urte irekitako bidea izanik, normalena zen bi urrats horiek askean eskalatzea oso zaila izango zela pentsatzea. Gainera, Antxonek esan zidan bezala, bidea abandonaturik zegoela zirudien, sastrakak hartuta, handik aspaldi inor pasatu ez zen seinale. Zoritxarrez, hori ohikoa bihurtzen ari da Eginoko bide zaharretan, eta pena handia da, benetako altxorrak daudelako sastraken azpian ezkutatuta; izan ere, horietako batzuk, duela hilabete batzuk laugarren monolitoan baieztatu genuen bezala, dagoeneko ezin dira berreskuratu.

Abuztuaren 31n Antxonen mezu bat jaso nuen. Bidearen berreskuraketan buru-belarri lanean ari zela eta lehen luzeko pasagune gogorrak askean eskalatu zituela kontatzen zidan, bietatik gogorrena, erdi ustelduta zegoen iltze zahar eta herdoildu bat eskuarekin kendu ondoren utzi zuen zuloa aprobetxatuz. Esan zidan lehennengo eta bigarren luzeetan aldaketak egin behar izan zizkiola jatorrizko bideari, landaretzak hartuta dagoelako.

Antxonek lehenengo luzean eskuarekin kendu zuen iltze zaharra.

Biharamunean, bi eguneko lan amaigabearen ondoren, bidea prest zuela esan zidan. Miresgarria da Antxonek eskalada-bideak irekitzeko edo berreskuratzeko duen motibazioa eta gaitasuna. Bi egun horietan goiz eta arratsalde aritu zen lanean, gorputzak deshidratazioaren ondorioz nahikoa zela esan zion arte. Ez da erraza bide bat prestatzeak dakarren lana hitzetan islatzea, zer esanik ez lan hau bakarka egiten bada, denbora eta diru asko eskatzen duen lana baita. Normalena hormara hainbat bisita egitea da, horrek erregaian eta materialean dakarren gastuarekin. Kontuan izan behar da azkenean eskalada-bidean uzten diren aseguru guztiak bidea ireki duen pertsonaren kontura izaten direla. Ezkutuan geratzen den lana da, nire ustez askotan ez oso baloratua; horregatik, agian, ez dira hainbeste lan hau egitea gustatzen zaien eskalatzaileak.

Irailaren 3an, Antxonen mezu berri baten ondoren, bidearen “lehen eskalada mundiala” egiteko geratu ginen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 85 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Begoña Martínez, Antonio Eguia eta Angel Rosenek 1958an. Antxon Gorrotxategik bigarren luzera arte berrekipatua 2026ko irailaren 1an. Bigarren luzea berria da, bidea ireki zutenek jarraitu zuten lerroaren ezkerretik. Hirugarren luzea, Felipe Pascual, Angel Rosen, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Avelino Isasiak 1959an ireki zutena, Asier Izagirrek eta Xabi “Smithy” Mujikak berrekipatu zuten irailaren 20an.
- Zailtasuna: V+/6a. Luzez-luze: 1ºL: V+/6a (25 m), 2ºL: V+ (30 m) eta 3ºL: V (10 m + 20 m). Bigarren eta bigarren "bis" bilguneen arteko zati motzean kontuz ibili beharko dugu, kolokan dauden harkaitza batzuk daudelako.
- Orientazioa: Hegoaldea. Goizean lehen orduan lehenengo bi luzeak itzalpean egoten dira.
- Ura: Lezeko aisialdi-gunean hartu daiteke.
- Hurbilketa: Lezeko aisialdi gunetik Eginoko monolitoetara doan bideari jarraituko diogu. Bosgarren monolitora iristean, bideak, haren ezkerraldean dagoen kanal nabarmena jarraitzen du. Lezeko aisialdi gunetik ordu erdi inguru beharko dugu.
- Jaitsiera: Azkarrena hirugarren luzea hegoaldetik rappelatu eta iparraldeko horman dagoen kanaletik oinez jaistea izango litzateke. Bide osoa rappelatu daiteken arren, bilguneak ez daude horretarako prestatuta, soka zuhaitzen batean kateatuta geratzeko arrisku handia baitago.
- Eramandako materiala: Luzera desberdineko 12 express-zinta, friend sorta bat (hirugarren luzean 3 edo 4ko Camalotak eskertuko ditugu) eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Argazkian bidean dauden aseguru finkoak ikus daitezke.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

La Lezeko iturritik erortzen zen ur-hariak kantinplorak poliki-poliki betetzen zituen bitartean, hitz labur batzuk gurutzatu genituen mendiari likido garden preziatua lapurtzeko zain zeuden pertsonekin. Uda bero eta lehorra bizitzen ari gara, inoiz ezagutu dudan beroena eta lehorrena, eta ur tanta bakoitzak urrea balio du. Udazkena hilabete aurreratu dela dirudi, eta ur pixkat erregutzen duten zuhaitzek hostoak galtzen dituzte etengabe paisaia hori eta lehor baten erdian. Azken ur tantak kantinplora bete zuenean monolitoetara doan pistari jarraitu genion, goizeko frexkura aprobetxatuz, beste egun bero batek zer oparituko zigun zain.

Hurbilketan, Antxonek bidea berreskuratzeko egin behar izan zuen lanaren berri eman zidan, artistek beren lanei buruz hitz egiteko duten gogo biziarekin. Ezin izan zituen lehen luzearen lehen metroak berreskuratu, sasiz eta landaretzaz estalita dagoelako:

- Eskuinetik aldaera bat egin diot luzean sartu ahal izateko – esan zidan -. Luze osoa berreskuratzeko, sasi-garbitzeko makina bat sartu beharko litzateke beheko aldean.

Bigarren luzean ere aldaketak egin behar izan zituela esan zidan:

- Tximinia bat eskalatzen da hasieran, eta horren ondoren jatorrizko luzeak plaka baten eskuinaldetik jarraitzen du – esan zidan -. Zoritxarrez, zati hori, polita dirudien arren, sasi eta zuhaixkek ere ixten dute. Horregatik, lerro berria hasieran ikusi nuen plakan zehar doa eta luze ederra geratu dela uste dut.

Bidearen hasiera adierazten duen kordel horira iritsi ginenean Antxonek gaurko pentsatuta zuen plana proposatu zidan:

- Bidea eskalatzen dugun bitartean, iltze bat eta parabolt bat jartzeko aprobetxatuko dut, eta zuk, berriz, kolokan dagoen harriren bat kendu dezakezu. Gero, zuk rappelatu bidea eta aprobetxatu haize-makina pasatzeko, eta bitartean ni oinez jaitsiko naiz bigarren bilgunean utzitako materialarekin. Ondo iruditzen zaizu?
- Oso ondo iruditzen zait – erantzun nion.

Antxon 0 bilgunean.

Zaila da Antxonek zabaldutako bide bati buruz hitz egiten duenean transmititzen duen gogo biziaz ez kutsatzea. Lehen aldiz atrakzio bat probatzera zihoan ume bat bezala sentiarazi ninduen, emozionatuta eta eskalatzen hasteko gogo ikaragarriarekin.

- Lehen luzea, 25 metro, V+/6a, 6 aseguru. Antxon lehenengo metroak eskalatzen hasi zen kontu handiz, lehenengo paraboltera iritsi arte (IV), bilgunetik zazpi bat metrora dagoena.

Lehenengo paraboltera iristen.

Lehenengo paraboltetik aseguratu ondoren, zeharkaldi horizontal bat egin zuen ezkerrerantz, luzearen jatorrizko lerroak igotzen duen kanalera iritsiz (IV).

- Orain errezago da kanalaren ezkerretik jarraitzen bada – esan zidan bigarren paraboltetik aseguratzen zen bitartean – nahi baduzu, gero zuzen proba dezakezu.

Kanalera sartzen.

Kanala osatzen duen paretak denbora luzez heze egon izanaren itxura du, kandela baten argizari urtua izango balitz bezala. Baina irristakorra dirudien arren, katu oinek ondo heltzen dute. Bigarren eta hirugarren parabolten arteko tartea oso luzea zela ikusirik, Antxonek iltze bat sartu zuen haien artean dagoen helduleku on batean (IV iltzera arte, IV+ hirugarren paraboltera arte).

Lehenengo luzean sartutako iltze berria.

- Orain kontuz ibili, ados?

Kanalaren amaieran diedro bertikal bat dago, zerbait atzera botatzen duen horietakoa, eskuineko horman pitzadura bat duena. Bidea ireki zutenean, A1ean eskalatu zuten diedro hori, bi iltze sartu ondoren. Bi iltze hauetatik azpikoa izan zen Antxonek eskuarekin kendu zuena bidea garbitu zuenean.

Antxonek dagoeneko eskalatua zuen diedro hau askean soka gainetik zuela, baina soka azpitik zintzilik dagoenean egoera zeharo aldatzen da eta burua mamuak ikusten hasten da lehen ez zeuden lekuan. Eskuineko eskuko behatz pare bat iltzeak utzitako zuloan sartu ondoren, gorputza kontu handiz altxatzea eta goiko iltzetik aseguratzea lortu zuen (V+), baina oraindik diedrotik irtetea falta zitzaion. Oinak helduleku hobeago batzuetan berriro jarri, ezkerreko besoa diedroaren goiko aldeko helduleku bateraino luzatu, eta berriro gorputza kontu handiz altxatuz, diedroa eskalatzea lortu zuen (V+/6a).

Diedro bertikala azpitik ikusita.

Diedro bertikal hori eskalatuta, bigarren diedro etzanago bat eskalatzen da, ezkerraldean arrail on bat duena, babariar teknikarekin eskalatzeko. Teknika hori aplikatuz, Antxonek ez zuen zailtasun handirik izan bilgunera iristeko (V).

- Xabiii, reunioooonnn!!! – Oihukatu zidan bilgunetik.

Lehenengo bilgunean. Argazkian lehenengo luzearen nondik norako zehatza ikus daiteke.

Lehenengo bilgunea.

Argazki honetan bigarren luzea nondik doan ikus daiteke.

Antxonek proposatu zidan bezala, zuzen eskalatu nuen bigarren paraboltaren eta jarri zuen iltzearen arteko tartea, ezkerretara pasa gabe. Helduleku txikiak dituen tartea da, hatz-mamiekin eskalatzen dena, eta V inguruan egon zitekeela iruditu zitzaidan.

Lehenengo bilgunera iristen.

- Zer iruditu zaizu?
- Oso ona – erantzun nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Eta zailtasuna?
- Pasagune motza bada ere, niri 6a izan daitekeela iruditu zait, edo V+ gogor bat bestela.
- Niri ere – erantzun zidan -. Ea Asierrekin eskalatzen duzunean berak zer dioen, jejeje.

- Bigarren luzea, 30 metro, V+, 10 aseguru. Ez genuen denbora asko eman bilgunean hitz egiten, ez baita oso erosoa.

- Orain eskuinean ikusten den tximini hortatik eskalatu behar da – esan zidan Antxonek -. Ederra da, IV+ ingurukoa.

Gainean neraman materiala eman nion, bilgunearen eskuinetik irten zen, eta metro batzuk zuzen eskalatu ondoren (IV), luzearen lehen paraboltetik aseguratu zen, eta gero harkaitz-bloke erraldoi baten gainetik eskuinerantz zeharkatu zuen tximiniaren azpian kokatzeko.

Tximinia osoan bi aseguru jarrita daude eskuinean dauden bi zuhaitzen enborretan. Lehenbizikoa urrun samar dagoenez, Antxonek friend pare bat trabatu zituen tximiniaren lehen metroak aseguratzeko (IV+), beharbada tximinia osoko metrorik zailenak. Lehen pasagune horren ondoren, oinak non jarri begiratuz, tximinia eskalatzen jarraitu zuen pixkanaka, zertxobait bere eskuinetik, bertatik irten zen arte (IV+).

Tximiniaren hasieran.

- Orain parabolta jarriko dut, ados?
- Ados!!!

Tximiniaren gaineko plakan paraboltak jarri zituenean, azkena jartzeko zuloa egin zuenean, konturatu zen behar zuena baino bat gutxiago ekarri zuela. Zuloa berriro egin beharrik ez zuenez, laster jarri zuen falta zen parabolta.

Parabolta jartzen.

Plaka zuhurtzia handiz eskalatzen hasi zen, erabat kontzentratuta. Metroak irabazi ahala, deigarria iruditu zitzaidan denbora osoan plakaren alde batetik bestera mugitzen ibiltzea, lerroak zetak egingo balitu bezala, zuzen joan beharrean. Plakaren goikaldean dagoen zuhaixka baten ondotik pasa zenean, bistatik galdu nuen. Handik gutxira haizeak bere ahotsa ekarri zidan:

- Reunionnnn!!!!!

Eskalada lasai hartu nuen eta mugitzen ziren harkaitzak markatzeko aprobetxatu nuen, ondoren, rappela egiterakoan, hormatik kentzeko helburuarekin. Plaka eskalatzen hasi nintzenean, Antxonek alde batetik bestera egin zituen mugimenduak ulertu nituen. Paraboltek lerro zuzen bat osatzen duten arren, etengabe begiratu behar da non dauden heldulekurik onenak horien artean, batzuetan lerroaren eskuinetik eta beste batzuetan lerroaren ezkerretik. Antxonek aurretik esan zidan bezala, plaka zoragarria iruditu zitzaidan (V+).

Plaka azpitik ikusita.

- A ze luze puska!!! – Bota nion Antxoni bilgunera iritsi nintzenean.
- Benetan?
- Benetan – erantzun nion -. Ez du V+ zailtasuneko pasagunerik, baina duen jarraitutasuna kontuan hartuta, nik V+ emango nioke.
- Nik ere hala uste dut – erantzun zidan.

Bigarren bilgunera iristen.

Inoiz ez nuen Antxon hain pozik ikusi eskalada bat amaitu ondoren, eta dagoeneko badaramatzagu batzuk elkarrekin, jejeje!!!

- Ez dakizu zein zoriontsu sentitzen naizen – esan zidan pentsatzen ari nintzena irakurri izan balu bezala.
- Uste dut ez zaitudala inoiz hain zoriontsu ikusi.
- Hasieran iruditu zitzaidan ezinezkoa izango zela bide hau berreskuratzea, baina bide polita geratu dela ikusteak hunkitu egiten nau.
- Azkeneko luzea berreskuratzea falta da orain – erantzun nion irribarre maltzur batekin.
- Polita izango zen, baina oporretara noa egun batzuetarako.
- Asier konbentzitzen badut saiatuko gara berreskuratzen, ondo iruditzen zaizu?
- Ea lortzen duzuen.

Antxonen planari jarraituz, bera bigarren bilgunean utzita zuen materiala oinez jaisten zuen bitartean, nik bidea rappelatu, markatutako harkaitzak kendu eta haize-makina pasatu nuen, hautsa eta lurra kenduz. Kotxera bidean Antxonek aitortu zidan azkenaldian sentitzen duela bide bat irekitzen edo prestatzen duen bakoitzean azkena izango dela, agian urteak aurrera doazela ikusten ari delako. Baina, gero, hainbeste eskalatu duen eta hainbeste maite duen harkaiztegiari begiratzen dio berriro ere, eta lerro berri bat ikustea lortzen du, beste eskalada-bide bat ireki ahal izateko. Azkena izango da? Uste dut berak ere ez dakiela, jejeje.

Haize-makina pasatzen.

Astebete geroago, leku berean nengoen Asierrekin, bidearen bigarren errepikapena egin ondoren, eta berretsi genuen Antxonek eta biok proposatu genuen zailtasun-maila; V+/6a lehen luzerako eta V+ bigarren luzerako. Monolitoaren puntara iristeko eskalatu behar den horma aztertzen ari ginen, gure helburua baitzen monolitoa eskalatzea eta Vicente Peralesen liburuan deskribatutako luzeetako bat berreskuratu ote zitekeen ikustea. Liburu horretan lau igoera desberdin deskribatzen dira:

1. Jatorrizko igoera, 1958an ireki zutena. Hormaren eskuinaldean dagoen leiho naturala zeharkatu ondoren, hormaren iparraldean dagoen diedro batetik jarraitzen du urkila bateraino, eta handik puntara iristen da. Aukera hori, denetatik errazena bada ere, baztertu egin genuen, iparraldeko harkaitzaren itxurak ez baitzigun inolako konfiantzarik eman.

2. Atxo Apellanizek eta beste batzuek irekitako igoera. Aurreko igoeraren urkila berera iristen da, baina hegoaldetik, leiho naturala zeharkatu gabe. Leihoaren gainean dagoen diedroak, liburuaren arabera, erdipurdiko harkaitza du.

3. Hormaren ezkerraldean dagoen diedro motz bat. Liburuak berak ez du gomendatzen harkaitz txarragatik, horregatik berehala baztertu genuen.

4. Felipe Pascual, Angel Rosen, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Avelino Isasiak 1959an ireki zuten bidea. Liburuaren arabera, hau da igoerarik politena, eta harkaitza bikaina duela ere zehazten du.

Monolitoaren iparraldetik egindako argazki honetan jatorrizko igoera nondik doan ikus daiteke.

Argazki honetan hegoaldetik monolitora igotzeko hiru aukerak ikus daitezke: Urdinez, Atxo Apellanizek eta beste batzuek ireki zutena, gorriz Felipe Pascual, Angel Rosen, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Avelino Isasiak 1959an ireki zutena eta orlegiz diedro motza jarraitzen duena.

Zalantzan egon ginen bigarren eta laugarren aukeren artean. Liburuak IV+ zailtasuna ematen die biei, eta horrek kezkatzen gintuen, liburu honetan deskribatutako zailtasunekin beti gertatzen zaigun bezala. Baina azkenean laugarren aukera aukeratu genuen, zailenak ziruditen pasaguneetan hiru iltze ikusi genituelako.

- Ea iltzeak ze egoeran daren – esan zidan Asierrek eskalatzen hasi aurretik.

- Hirugarren luzea, 20 metro, V, 5 aseguru. Asier hormaren oinean dagoen diedro/tximinia bat eskalatzen hasi zen, eskuinaldean zuhaitz bat utzita, horma erdibitzen duen arrail horizontal batera zuzenduz (IV).

- Hemen beste iltze zahar bat dago!!! – Esan zidan arrailera iritsi zenean.

Iltzetik aseguratu (ez dago beste aukerarik), eta eskuinerantz zeharkaldi horizontal bat egin zuen, horman dagoen arrail handi eta bertikalaren azpian jarriz (IV+). Bertan 3 zenbakiko Camalota trabatu ondoren, gorputza altxatu eta arraila eskalatzen hasi zen pixkanaka:

3 zenbakiko Camalota trabatu ondoren.

- Goiko iltzek ze itxura duten ikusita ahal dezun bakoitzen friend bat sartu – gomendatu nion.

Eroso eskalatu zuen gainean zuen iltzera arte, estutasunik pasatu gabe (IV+). Handik gora, arraila estutu egiten da, desagertu arte, eta, horren amaieran, beste iltze bat dago.

Bigarren iltzetik aseguratu ondoren.

Tarte horretan zuhurtzia gehiagorekin eskalatu zuen, heldulekuak non zeuden ondo begiratuz. Arrailaren amaieran dagoen iltzetik aseguratu zenean (V), eskuinerantz zeharkaldi horizontal bat egin zuen, luze osoan aurkitu genuen azken iltzera aseguratuz eta diedro batean kokatuz (V).

Irteerako diedroan.

- Oain arte zemuz?
- Ondo – erantzun zidan -, uste nuena baino errexago.

Diedroa ez da arraila bezain bertikala, eta harriaren kalitatea ere ez da hain ona. Ahal izan zuen punturik altuenean friend txiki bat trabatu ondoren, Asierrek kontu handiz eskalatzen jarraitu zuen, diedroaren irteeran dagoen zuhaitz batek bidea moztu zion arte.

- Hemen soka lila bat dau jarrita lazo bat eginez.
- Zaharra?
- Ez du zaharra ematen – erantzun zidan.

Sokatik aseguratu eta diedroaren eskuineko horma trinkoan dagoen helduleku sendo bati heldu zionean, handik irten zen (V), zuhaitza eskuinean utzita.

- Ostia, ze onaaaaa!!!!! – Oihukatu nion.

Monolitora igo zenean, Asierri zerbaitek eman zion atentzioa.

- Hemen reunio lila bat montauta dau – esan zidan -, laugarren monoliton ikusi genuen bezelakoa.
- Eta parabolt lilak dare?
- Ez ditut ikusten – erantzun zidan batera eta bestera begiratu ondoren.

Puntan dagoen bilgune lila.

Bagenekien Abel Arroyo eta Felix Bañuelosen nortasun-ikurra parabolt lilekin ekipatzea dela. Horregatik, berehala pentsatu genuen bilgune lila hori beraiek muntatu zutela, baita, ziurrenik, Asierrek bilgunera iritsi aurretik ikusi zuen soka lila ere. Espero ez genuena zen parabolt lilarik ez aurkitzea horma osoan, horregatik pentsatu genuen gure leku beretik eskalatu zutela iltze zaharrak aprobetxatuz.

Asier bosgarren monolitoaren puntan.

Luzea ederra iruditu zitzaigun, eta pentsatu genuen Antxonek bereskuratutako bi luzeekin konbinatuz gero hiru luzeko bide eder bat gera zitekeela. Baina iltzeak egoera txarrean zeudela ikusi genuen. Zahar eta herdoilduak egoteaz gain, bi iltze erdi aterata eta okertuta zeuden.

Hirugarren luzeko iltzeetako bat.

- Iltzeak paraboltekin ordezkatzen baditugu kriston bidea gera daitekeela uste det – proposatu nion Asierri -. Bidea oain daun bezela geratuko litzateke, baina aseguruk paraboltak izango lirateke.
- Ondo iruitzen zait – erantzun zidan Asierrek -. Bideak berrekipatzen direnen paraboltak kimikoekin ordezkatzen direnen bezela.
- Hoi da – erantzun nion -. Ez det uste hori egiteagatik inor haserretuko denik, are gutxigo oain arte eskalatzen ez zen bidea dela kontun hartuta.

Astebete beranduago, irailak 20an, azken luze hau berrekipatu genuen. Bi iltze kendu genituen (beste biak ezin izan genituen kendu) eta sei parabolt jarri genituen, zeuden iltzeak baino bi gehiago: bat bigarren "bis" bilgunea muntatzeko, beste bat hasierako diedro/tximinian eta hirugarrena goiko diedroaren irteeran. Lehen hirugarren eta laugarren iltzeek aseguratzen zuten tartean parabolt bakarra jarri genuen. Bide batez, horman kolokan zeuden harriak kendu genituen, baina ez bigarren bilgunearen eta bigarren "bis" bilgunearen arteko zatian daudenak, hemen kendutako harkaitzak bosgarren monolitoaren azpiraino erortzeko arrisku handia dutelako. Horregatik, zati horretan kontu handiz ibiltzea gomendatzen dugu.

Hirugarren luzea berrekipatzen.

Hirugarren luzeak orain duen itxura. Argazkian kendu ezin izan genituen iltzeen kokalekua zuriz adierazita dago.

Eguzkia goian zegoen Lezeko bideari jarraitu genionean. Motxila astunekin hartxingadia jaisten hasi ginenean, gogora etorri zitzaidan astebete lehenago Antxonekin izandako solasaldia:

- Kriston bidea geratuko da - esan nion -, baina ziur bakarren batek kritikatuko duela.
- Beti egongo dira aldekoak eta kontrakoak, hori ezin da ukatu, baina bide bat prestatzeko lana amaitzen denean sentitzen den poztasunak ez du preziorik -. Erantzun zidan.
- Bai, hori egia da.
- Eta gainera, oraingoan hilda zegoen bide bat biziberrituko dugu.

Orduan "arkeoloeskalada" terminoa asmatu genuen.

- Indiana Jones bezala, lehenengo eskalatzaileek horma zaharretan utzi zituzten altxorren bila hasi gara, jejeje.

Konturatu nintzenerako Lezen nengoen Asierrekin. Izerditan blai iritsi ginen kotxea utzitako lekura, baina badira izerdi gozoak sortarazten dituzten egun beroak. Egun hura, zalantzarik gabe, egun horietako bat izan zen.

Argi daukat Eginoko harkaiztian eskalatzen jarraitzen dugula bertako eskaladaren aitzindariek utzitako ondareari esker. Baina haiek utzi zizkiguten bide asko abandonatuta daude, batzuk, zoritxarrez, betiko. Ondo dago bide berriak irekitzea, baina azken aldian sentitzen ari naiz haiek utzi zizkiguten bideen artean berreskuratu daitezkeenak berreskuratzeko zorra. Oraindik ere sastraka eta landaretzaren azpian altxor handiak ditugu zain "arkeoloeskalada" praktikatzeko.

"Arkeoloeskalada"-ren ondorioz berreskuratutako aseguru zaharrak.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Perales V. Eguino paseos en vertical, 75-77. Gasteiz. Vicente Perales, 1984.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina