AZKEN 10 SARRERAK
monolitoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
monolitoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/09/28

EGINO, BOSGARREN MONOLITOKO EZKER DORREA: "DIRECTA SUR" BIDEA, 85 m, V+/6a. 2026-09-20


Bidearen hasiera adierazten duen kordel horia.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Doña Eusebia hormaren ezaugarririk nagusiena bakardadea da, baina bakardade horretaz gozatzearen truke berrogei bat minutuko igoerari aurre egin beharko diogu, tarteka deseroso, harri soltez estalitako hartxingadi luze batetik. Beharbada horregatik da horma bakarti bat. Aspalditik susmoa daukat eskalatzaile berriek erosotasuna eta hurbilketa laburrak lehenesten dituztela; izan ere, ordu erdi baino gehiagoko hurbilketa duten eskalada-bideetan ia ez da inor ikusten, eta zer esanik ez hurbilketa aldapan gora bada. Beharbada horregatik izan da enigma bat eskalatzaile batzuentzat Doña Eusebiara eskalatzen iristeko modu bat aurkitzea. Eta 2025eko otsailean, Juan Vallejok “arista de los limakos” bidea ireki zuenean, enigma hori ebatzi zuen.

Bitartean, Antxon Gorrotxategi eta Iñaki Zuza Eginon eskalatzen ari zirela, Iñakiri begirada joan zitzaion bosgarren monolitoko “Directa Sur” bidearen eskuinaldean dagoen arrail nabarmen batera. Antxoni proposatu zion arrail hartatik agian eskalada-bide berri bat ireki zitekeela, bi luzetan Doña Eusebiaren azpian dagoen hartxingadiraino iritsiko zena. Bide hori ez litzateke Doña Eusebiaren hormaraino iritsiko, baina, gutxienez, bosgarren monolitoaren iparraldean dagoen kanal harritsu eta deserosoa saihestuko litzateke, soka finko batekin aseguratuta dagoena.

Antxonek aspaldi zuen ideia hori buruan, horregatik berehala egin zion kosk Iñakik botatako amuari, jejeje. Soka finko bat jarri zuen bosgarren monolitoaren hegoaldeko horman eta horma goitik behera aztertzen hasi zen:

- Plaka eder bat aurkitu dut bigarren luzerako, oso ona da, baina ez diot aukerarik ikusten Iñakik proposatu zidan lehenengo luzeari – esan zidan atsekabeturik -. Arraila azpitik dirudiena baino askoz zailagoa da eta nire mailatik ihes egiten du. Egunen batean berarekin banator, esango diot probatzeko.
- Eta Directa Sur jatorrizko bidetik probatu duzu? – Galdetu nion.
- A0 eta A1 pasaguneak ditu, eta ez naiz ausartu handik sartzen; gainera bidea abandonatuta dago, sasi eta landaretzak estalita – erantzun zidan -. Baina goiko plaka hori hain da ona...
- Laguntza behar baduzu, badakizu nirekin kontatu dezakezula.
- Noski baietz.

“Directa Sur” bidea 1958an ireki zuten Begoña Martinez, Antonio Eguia eta Angel Rosenek. Bide hori 50 zenbakiarekin jasota dago Vicente Peralesen “Eguino, paseos en vertical” liburuan, eta bertan dago zehaztuta igoera. Liburu honen arabera, bideak bi pasagune gogor ditu, lehena A0n eta bigarrena A1en eskalatzen direnak. Duela ia hirurogeita hamar urte irekitako bidea izanik, normalena zen bi urrats horiek askean eskalatzea oso zaila izango zela pentsatzea. Gainera, Antxonek esan zidan bezala, bidea abandonaturik zegoela zirudien, sastrakak hartuta, handik aspaldi inor pasatu ez zen seinale. Zoritxarrez, hori ohikoa bihurtzen ari da Eginoko bide zaharretan, eta pena handia da, benetako altxorrak daudelako sastraken azpian ezkutatuta; izan ere, horietako batzuk, duela hilabete batzuk laugarren monolitoan baieztatu genuen bezala, dagoeneko ezin dira berreskuratu.

Abuztuaren 31n Antxonen mezu bat jaso nuen. Bidearen berreskuraketan buru-belarri lanean ari zela eta lehen luzeko pasagune gogorrak askean eskalatu zituela kontatzen zidan, bietatik gogorrena, erdi ustelduta zegoen iltze zahar eta herdoildu bat eskuarekin kendu ondoren utzi zuen zuloa aprobetxatuz. Esan zidan lehennengo eta bigarren luzeetan aldaketak egin behar izan zizkiola jatorrizko bideari, landaretzak hartuta dagoelako.

Antxonek lehenengo luzean eskuarekin kendu zuen iltze zaharra.

Biharamunean, bi eguneko lan amaigabearen ondoren, bidea prest zuela esan zidan. Miresgarria da Antxonek eskalada-bideak irekitzeko edo berreskuratzeko duen motibazioa eta gaitasuna. Bi egun horietan goiz eta arratsalde aritu zen lanean, gorputzak deshidratazioaren ondorioz nahikoa zela esan zion arte. Ez da erraza bide bat prestatzeak dakarren lana hitzetan islatzea, zer esanik ez lan hau bakarka egiten bada, denbora eta diru asko eskatzen duen lana baita. Normalena hormara hainbat bisita egitea da, horrek erregaian eta materialean dakarren gastuarekin. Kontuan izan behar da azkenean eskalada-bidean uzten diren aseguru guztiak bidea ireki duen pertsonaren kontura izaten direla. Ezkutuan geratzen den lana da, nire ustez askotan ez oso baloratua; horregatik, agian, ez dira hainbeste lan hau egitea gustatzen zaien eskalatzaileak.

Irailaren 3an, Antxonen mezu berri baten ondoren, bidearen “lehen eskalada mundiala” egiteko geratu ginen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 85 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Begoña Martínez, Antonio Eguia eta Angel Rosenek 1958an. Antxon Gorrotxategik bigarren luzera arte berrekipatua 2026ko irailaren 1an. Bigarren luzea berria da, bidea ireki zutenek jarraitu zuten lerroaren ezkerretik. Hirugarren luzea, Felipe Pascual, Angel Rosen, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Avelino Isasiak 1959an ireki zutena, Asier Izagirrek eta Xabi “Smithy” Mujikak berrekipatu zuten irailaren 20an.
- Zailtasuna: V+/6a. Luzez-luze: 1ºL: V+/6a (25 m), 2ºL: V+ (30 m) eta 3ºL: V (10 m + 20 m). Bigarren eta bigarren "bis" bilguneen arteko zati motzean kontuz ibili beharko dugu, kolokan dauden harkaitza batzuk daudelako.
- Orientazioa: Hegoaldea. Goizean lehen orduan lehenengo bi luzeak itzalpean egoten dira.
- Ura: Lezeko aisialdi-gunean hartu daiteke.
- Hurbilketa: Lezeko aisialdi gunetik Eginoko monolitoetara doan bideari jarraituko diogu. Bosgarren monolitora iristean, bideak, haren ezkerraldean dagoen kanal nabarmena jarraitzen du. Lezeko aisialdi gunetik ordu erdi inguru beharko dugu.
- Jaitsiera: Azkarrena hirugarren luzea hegoaldetik rappelatu eta iparraldeko horman dagoen kanaletik oinez jaistea izango litzateke. Bide osoa rappelatu daiteken arren, bilguneak ez daude horretarako prestatuta, soka zuhaitzen batean kateatuta geratzeko arrisku handia baitago.
- Eramandako materiala: Luzera desberdineko 12 express-zinta, friend sorta bat (hirugarren luzean 3 edo 4ko Camalotak eskertuko ditugu) eta zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita bost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Argazkian bidean dauden aseguru finkoak ikus daitezke.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

La Lezeko iturritik erortzen zen ur-hariak kantinplorak poliki-poliki betetzen zituen bitartean, hitz labur batzuk gurutzatu genituen mendiari likido garden preziatua lapurtzeko zain zeuden pertsonekin. Uda bero eta lehorra bizitzen ari gara, inoiz ezagutu dudan beroena eta lehorrena, eta ur tanta bakoitzak urrea balio du. Udazkena hilabete aurreratu dela dirudi, eta ur pixkat erregutzen duten zuhaitzek hostoak galtzen dituzte etengabe paisaia hori eta lehor baten erdian. Azken ur tantak kantinplora bete zuenean monolitoetara doan pistari jarraitu genion, goizeko frexkura aprobetxatuz, beste egun bero batek zer oparituko zigun zain.

Hurbilketan, Antxonek bidea berreskuratzeko egin behar izan zuen lanaren berri eman zidan, artistek beren lanei buruz hitz egiteko duten gogo biziarekin. Ezin izan zituen lehen luzearen lehen metroak berreskuratu, sasiz eta landaretzaz estalita dagoelako:

- Eskuinetik aldaera bat egin diot luzean sartu ahal izateko – esan zidan -. Luze osoa berreskuratzeko, sasi-garbitzeko makina bat sartu beharko litzateke beheko aldean.

Bigarren luzean ere aldaketak egin behar izan zituela esan zidan:

- Tximinia bat eskalatzen da hasieran, eta horren ondoren jatorrizko luzeak plaka baten eskuinaldetik jarraitzen du – esan zidan -. Zoritxarrez, zati hori, polita dirudien arren, sasi eta zuhaixkek ere ixten dute. Horregatik, lerro berria hasieran ikusi nuen plakan zehar doa eta luze ederra geratu dela uste dut.

Bidearen hasiera adierazten duen kordel horira iritsi ginenean Antxonek gaurko pentsatuta zuen plana proposatu zidan:

- Bidea eskalatzen dugun bitartean, iltze bat eta parabolt bat jartzeko aprobetxatuko dut, eta zuk, berriz, kolokan dagoen harriren bat kendu dezakezu. Gero, zuk rappelatu bidea eta aprobetxatu haize-makina pasatzeko, eta bitartean ni oinez jaitsiko naiz bigarren bilgunean utzitako materialarekin. Ondo iruditzen zaizu?
- Oso ondo iruditzen zait – erantzun nion.

Antxon 0 bilgunean.

Zaila da Antxonek zabaldutako bide bati buruz hitz egiten duenean transmititzen duen gogo biziaz ez kutsatzea. Lehen aldiz atrakzio bat probatzera zihoan ume bat bezala sentiarazi ninduen, emozionatuta eta eskalatzen hasteko gogo ikaragarriarekin.

- Lehen luzea, 25 metro, V+/6a, 6 aseguru. Antxon lehenengo metroak eskalatzen hasi zen kontu handiz, lehenengo paraboltera iritsi arte (IV), bilgunetik zazpi bat metrora dagoena.

Lehenengo paraboltera iristen.

Lehenengo paraboltetik aseguratu ondoren, zeharkaldi horizontal bat egin zuen ezkerrerantz, luzearen jatorrizko lerroak igotzen duen kanalera iritsiz (IV).

- Orain errezago da kanalaren ezkerretik jarraitzen bada – esan zidan bigarren paraboltetik aseguratzen zen bitartean – nahi baduzu, gero zuzen proba dezakezu.

Kanalera sartzen.

Kanala osatzen duen paretak denbora luzez heze egon izanaren itxura du, kandela baten argizari urtua izango balitz bezala. Baina irristakorra dirudien arren, katu oinek ondo heltzen dute. Bigarren eta hirugarren parabolten arteko tartea oso luzea zela ikusirik, Antxonek iltze bat sartu zuen haien artean dagoen helduleku on batean (IV iltzera arte, IV+ hirugarren paraboltera arte).

Lehenengo luzean sartutako iltze berria.

- Orain kontuz ibili, ados?

Kanalaren amaieran diedro bertikal bat dago, zerbait atzera botatzen duen horietakoa, eskuineko horman pitzadura bat duena. Bidea ireki zutenean, A1ean eskalatu zuten diedro hori, bi iltze sartu ondoren. Bi iltze hauetatik azpikoa izan zen Antxonek eskuarekin kendu zuena bidea garbitu zuenean.

Antxonek dagoeneko eskalatua zuen diedro hau askean soka gainetik zuela, baina soka azpitik zintzilik dagoenean egoera zeharo aldatzen da eta burua mamuak ikusten hasten da lehen ez zeuden lekuan. Eskuineko eskuko behatz pare bat iltzeak utzitako zuloan sartu ondoren, gorputza kontu handiz altxatzea eta goiko iltzetik aseguratzea lortu zuen (V+), baina oraindik diedrotik irtetea falta zitzaion. Oinak helduleku hobeago batzuetan berriro jarri, ezkerreko besoa diedroaren goiko aldeko helduleku bateraino luzatu, eta berriro gorputza kontu handiz altxatuz, diedroa eskalatzea lortu zuen (V+/6a).

Diedro bertikala azpitik ikusita.

Diedro bertikal hori eskalatuta, bigarren diedro etzanago bat eskalatzen da, ezkerraldean arrail on bat duena, babariar teknikarekin eskalatzeko. Teknika hori aplikatuz, Antxonek ez zuen zailtasun handirik izan bilgunera iristeko (V).

- Xabiii, reunioooonnn!!! – Oihukatu zidan bilgunetik.

Lehenengo bilgunean. Argazkian lehenengo luzearen nondik norako zehatza ikus daiteke.

Lehenengo bilgunea.

Argazki honetan bigarren luzea nondik doan ikus daiteke.

Antxonek proposatu zidan bezala, zuzen eskalatu nuen bigarren paraboltaren eta jarri zuen iltzearen arteko tartea, ezkerretara pasa gabe. Helduleku txikiak dituen tartea da, hatz-mamiekin eskalatzen dena, eta V inguruan egon zitekeela iruditu zitzaidan.

Lehenengo bilgunera iristen.

- Zer iruditu zaizu?
- Oso ona – erantzun nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Eta zailtasuna?
- Pasagune motza bada ere, niri 6a izan daitekeela iruditu zait, edo V+ gogor bat bestela.
- Niri ere – erantzun zidan -. Ea Asierrekin eskalatzen duzunean berak zer dioen, jejeje.

- Bigarren luzea, 30 metro, V+, 10 aseguru. Ez genuen denbora asko eman bilgunean hitz egiten, ez baita oso erosoa.

- Orain eskuinean ikusten den tximini hortatik eskalatu behar da – esan zidan Antxonek -. Ederra da, IV+ ingurukoa.

Gainean neraman materiala eman nion, bilgunearen eskuinetik irten zen, eta metro batzuk zuzen eskalatu ondoren (IV), luzearen lehen paraboltetik aseguratu zen, eta gero harkaitz-bloke erraldoi baten gainetik eskuinerantz zeharkatu zuen tximiniaren azpian kokatzeko.

Tximinia osoan bi aseguru jarrita daude eskuinean dauden bi zuhaitzen enborretan. Lehenbizikoa urrun samar dagoenez, Antxonek friend pare bat trabatu zituen tximiniaren lehen metroak aseguratzeko (IV+), beharbada tximinia osoko metrorik zailenak. Lehen pasagune horren ondoren, oinak non jarri begiratuz, tximinia eskalatzen jarraitu zuen pixkanaka, zertxobait bere eskuinetik, bertatik irten zen arte (IV+).

Tximiniaren hasieran.

- Orain parabolta jarriko dut, ados?
- Ados!!!

Tximiniaren gaineko plakan paraboltak jarri zituenean, azkena jartzeko zuloa egin zuenean, konturatu zen behar zuena baino bat gutxiago ekarri zuela. Zuloa berriro egin beharrik ez zuenez, laster jarri zuen falta zen parabolta.

Parabolta jartzen.

Plaka zuhurtzia handiz eskalatzen hasi zen, erabat kontzentratuta. Metroak irabazi ahala, deigarria iruditu zitzaidan denbora osoan plakaren alde batetik bestera mugitzen ibiltzea, lerroak zetak egingo balitu bezala, zuzen joan beharrean. Plakaren goikaldean dagoen zuhaixka baten ondotik pasa zenean, bistatik galdu nuen. Handik gutxira haizeak bere ahotsa ekarri zidan:

- Reunionnnn!!!!!

Eskalada lasai hartu nuen eta mugitzen ziren harkaitzak markatzeko aprobetxatu nuen, ondoren, rappela egiterakoan, hormatik kentzeko helburuarekin. Plaka eskalatzen hasi nintzenean, Antxonek alde batetik bestera egin zituen mugimenduak ulertu nituen. Paraboltek lerro zuzen bat osatzen duten arren, etengabe begiratu behar da non dauden heldulekurik onenak horien artean, batzuetan lerroaren eskuinetik eta beste batzuetan lerroaren ezkerretik. Antxonek aurretik esan zidan bezala, plaka zoragarria iruditu zitzaidan (V+).

Plaka azpitik ikusita.

- A ze luze puska!!! – Bota nion Antxoni bilgunera iritsi nintzenean.
- Benetan?
- Benetan – erantzun nion -. Ez du V+ zailtasuneko pasagunerik, baina duen jarraitutasuna kontuan hartuta, nik V+ emango nioke.
- Nik ere hala uste dut – erantzun zidan.

Bigarren bilgunera iristen.

Inoiz ez nuen Antxon hain pozik ikusi eskalada bat amaitu ondoren, eta dagoeneko badaramatzagu batzuk elkarrekin, jejeje!!!

- Ez dakizu zein zoriontsu sentitzen naizen – esan zidan pentsatzen ari nintzena irakurri izan balu bezala.
- Uste dut ez zaitudala inoiz hain zoriontsu ikusi.
- Hasieran iruditu zitzaidan ezinezkoa izango zela bide hau berreskuratzea, baina bide polita geratu dela ikusteak hunkitu egiten nau.
- Azkeneko luzea berreskuratzea falta da orain – erantzun nion irribarre maltzur batekin.
- Polita izango zen, baina oporretara noa egun batzuetarako.
- Asier konbentzitzen badut saiatuko gara berreskuratzen, ondo iruditzen zaizu?
- Ea lortzen duzuen.

Antxonen planari jarraituz, bera bigarren bilgunean utzita zuen materiala oinez jaisten zuen bitartean, nik bidea rappelatu, markatutako harkaitzak kendu eta haize-makina pasatu nuen, hautsa eta lurra kenduz. Kotxera bidean Antxonek aitortu zidan azkenaldian sentitzen duela bide bat irekitzen edo prestatzen duen bakoitzean azkena izango dela, agian urteak aurrera doazela ikusten ari delako. Baina, gero, hainbeste eskalatu duen eta hainbeste maite duen harkaiztegiari begiratzen dio berriro ere, eta lerro berri bat ikustea lortzen du, beste eskalada-bide bat ireki ahal izateko. Azkena izango da? Uste dut berak ere ez dakiela, jejeje.

Haize-makina pasatzen.

Astebete geroago, leku berean nengoen Asierrekin, bidearen bigarren errepikapena egin ondoren, eta berretsi genuen Antxonek eta biok proposatu genuen zailtasun-maila; V+/6a lehen luzerako eta V+ bigarren luzerako. Monolitoaren puntara iristeko eskalatu behar den horma aztertzen ari ginen, gure helburua baitzen monolitoa eskalatzea eta Vicente Peralesen liburuan deskribatutako luzeetako bat berreskuratu ote zitekeen ikustea. Liburu horretan lau igoera desberdin deskribatzen dira:

1. Jatorrizko igoera, 1958an ireki zutena. Hormaren eskuinaldean dagoen leiho naturala zeharkatu ondoren, hormaren iparraldean dagoen diedro batetik jarraitzen du urkila bateraino, eta handik puntara iristen da. Aukera hori, denetatik errazena bada ere, baztertu egin genuen, iparraldeko harkaitzaren itxurak ez baitzigun inolako konfiantzarik eman.

2. Atxo Apellanizek eta beste batzuek irekitako igoera. Aurreko igoeraren urkila berera iristen da, baina hegoaldetik, leiho naturala zeharkatu gabe. Leihoaren gainean dagoen diedroak, liburuaren arabera, erdipurdiko harkaitza du.

3. Hormaren ezkerraldean dagoen diedro motz bat. Liburuak berak ez du gomendatzen harkaitz txarragatik, horregatik berehala baztertu genuen.

4. Felipe Pascual, Angel Rosen, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Avelino Isasiak 1959an ireki zuten bidea. Liburuaren arabera, hau da igoerarik politena, eta harkaitza bikaina duela ere zehazten du.

Monolitoaren iparraldetik egindako argazki honetan jatorrizko igoera nondik doan ikus daiteke.

Argazki honetan hegoaldetik monolitora igotzeko hiru aukerak ikus daitezke: Urdinez, Atxo Apellanizek eta beste batzuek ireki zutena, gorriz Felipe Pascual, Angel Rosen, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Avelino Isasiak 1959an ireki zutena eta orlegiz diedro motza jarraitzen duena.

Zalantzan egon ginen bigarren eta laugarren aukeren artean. Liburuak IV+ zailtasuna ematen die biei, eta horrek kezkatzen gintuen, liburu honetan deskribatutako zailtasunekin beti gertatzen zaigun bezala. Baina azkenean laugarren aukera aukeratu genuen, zailenak ziruditen pasaguneetan hiru iltze ikusi genituelako.

- Ea iltzeak ze egoeran daren – esan zidan Asierrek eskalatzen hasi aurretik.

- Hirugarren luzea, 20 metro, V, 5 aseguru. Asier hormaren oinean dagoen diedro/tximinia bat eskalatzen hasi zen, eskuinaldean zuhaitz bat utzita, horma erdibitzen duen arrail horizontal batera zuzenduz (IV).

- Hemen beste iltze zahar bat dago!!! – Esan zidan arrailera iritsi zenean.

Iltzetik aseguratu (ez dago beste aukerarik), eta eskuinerantz zeharkaldi horizontal bat egin zuen, horman dagoen arrail handi eta bertikalaren azpian jarriz (IV+). Bertan 3 zenbakiko Camalota trabatu ondoren, gorputza altxatu eta arraila eskalatzen hasi zen pixkanaka:

3 zenbakiko Camalota trabatu ondoren.

- Goiko iltzek ze itxura duten ikusita ahal dezun bakoitzen friend bat sartu – gomendatu nion.

Eroso eskalatu zuen gainean zuen iltzera arte, estutasunik pasatu gabe (IV+). Handik gora, arraila estutu egiten da, desagertu arte, eta, horren amaieran, beste iltze bat dago.

Bigarren iltzetik aseguratu ondoren.

Tarte horretan zuhurtzia gehiagorekin eskalatu zuen, heldulekuak non zeuden ondo begiratuz. Arrailaren amaieran dagoen iltzetik aseguratu zenean (V), eskuinerantz zeharkaldi horizontal bat egin zuen, luze osoan aurkitu genuen azken iltzera aseguratuz eta diedro batean kokatuz (V).

Irteerako diedroan.

- Oain arte zemuz?
- Ondo – erantzun zidan -, uste nuena baino errexago.

Diedroa ez da arraila bezain bertikala, eta harriaren kalitatea ere ez da hain ona. Ahal izan zuen punturik altuenean friend txiki bat trabatu ondoren, Asierrek kontu handiz eskalatzen jarraitu zuen, diedroaren irteeran dagoen zuhaitz batek bidea moztu zion arte.

- Hemen soka lila bat dau jarrita lazo bat eginez.
- Zaharra?
- Ez du zaharra ematen – erantzun zidan.

Sokatik aseguratu eta diedroaren eskuineko horma trinkoan dagoen helduleku sendo bati heldu zionean, handik irten zen (V), zuhaitza eskuinean utzita.

- Ostia, ze onaaaaa!!!!! – Oihukatu nion.

Monolitora igo zenean, Asierri zerbaitek eman zion atentzioa.

- Hemen reunio lila bat montauta dau – esan zidan -, laugarren monoliton ikusi genuen bezelakoa.
- Eta parabolt lilak dare?
- Ez ditut ikusten – erantzun zidan batera eta bestera begiratu ondoren.

Puntan dagoen bilgune lila.

Bagenekien Abel Arroyo eta Felix Bañuelosen nortasun-ikurra parabolt lilekin ekipatzea dela. Horregatik, berehala pentsatu genuen bilgune lila hori beraiek muntatu zutela, baita, ziurrenik, Asierrek bilgunera iritsi aurretik ikusi zuen soka lila ere. Espero ez genuena zen parabolt lilarik ez aurkitzea horma osoan, horregatik pentsatu genuen gure leku beretik eskalatu zutela iltze zaharrak aprobetxatuz.

Asier bosgarren monolitoaren puntan.

Luzea ederra iruditu zitzaigun, eta pentsatu genuen Antxonek bereskuratutako bi luzeekin konbinatuz gero hiru luzeko bide eder bat gera zitekeela. Baina iltzeak egoera txarrean zeudela ikusi genuen. Zahar eta herdoilduak egoteaz gain, bi iltze erdi aterata eta okertuta zeuden.

Hirugarren luzeko iltzeetako bat.

- Iltzeak paraboltekin ordezkatzen baditugu kriston bidea gera daitekeela uste det – proposatu nion Asierri -. Bidea oain daun bezela geratuko litzateke, baina aseguruk paraboltak izango lirateke.
- Ondo iruitzen zait – erantzun zidan Asierrek -. Bideak berrekipatzen direnen paraboltak kimikoekin ordezkatzen direnen bezela.
- Hoi da – erantzun nion -. Ez det uste hori egiteagatik inor haserretuko denik, are gutxigo oain arte eskalatzen ez zen bidea dela kontun hartuta.

Astebete beranduago, irailak 20an, azken luze hau berrekipatu genuen. Bi iltze kendu genituen (beste biak ezin izan genituen kendu) eta sei parabolt jarri genituen, zeuden iltzeak baino bi gehiago: bat bigarren "bis" bilgunea muntatzeko, beste bat hasierako diedro/tximinian eta hirugarrena goiko diedroaren irteeran. Lehen hirugarren eta laugarren iltzeek aseguratzen zuten tartean parabolt bakarra jarri genuen. Bide batez, horman kolokan zeuden harriak kendu genituen, baina ez bigarren bilgunearen eta bigarren "bis" bilgunearen arteko zatian daudenak, hemen kendutako harkaitzak bosgarren monolitoaren azpiraino erortzeko arrisku handia dutelako. Horregatik, zati horretan kontu handiz ibiltzea gomendatzen dugu.

Hirugarren luzea berrekipatzen.

Hirugarren luzeak orain duen itxura. Argazkian kendu ezin izan genituen iltzeen kokalekua zuriz adierazita dago.

Eguzkia goian zegoen Lezeko bideari jarraitu genionean. Motxila astunekin hartxingadia jaisten hasi ginenean, gogora etorri zitzaidan astebete lehenago Antxonekin izandako solasaldia:

- Kriston bidea geratuko da - esan nion -, baina ziur bakarren batek kritikatuko duela.
- Beti egongo dira aldekoak eta kontrakoak, hori ezin da ukatu, baina bide bat prestatzeko lana amaitzen denean sentitzen den poztasunak ez du preziorik -. Erantzun zidan.
- Bai, hori egia da.
- Eta gainera, oraingoan hilda zegoen bide bat biziberrituko dugu.

Orduan "arkeoloeskalada" terminoa asmatu genuen.

- Indiana Jones bezala, lehenengo eskalatzaileek horma zaharretan utzi zituzten altxorren bila hasi gara, jejeje.

Konturatu nintzenerako Lezen nengoen Asierrekin. Izerditan blai iritsi ginen kotxea utzitako lekura, baina badira izerdi gozoak sortarazten dituzten egun beroak. Egun hura, zalantzarik gabe, egun horietako bat izan zen.

Argi daukat Eginoko harkaiztian eskalatzen jarraitzen dugula bertako eskaladaren aitzindariek utzitako ondareari esker. Baina haiek utzi zizkiguten bide asko abandonatuta daude, batzuk, zoritxarrez, betiko. Ondo dago bide berriak irekitzea, baina azken aldian sentitzen ari naiz haiek utzi zizkiguten bideen artean berreskuratu daitezkeenak berreskuratzeko zorra. Oraindik ere sastraka eta landaretzaren azpian altxor handiak ditugu zain "arkeoloeskalada" praktikatzeko.

"Arkeoloeskalada"-ren ondorioz berreskuratutako aseguru zaharrak.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Perales V. Eguino paseos en vertical, 75-77. Gasteiz. Vicente Perales, 1984.


2026/06/28

EGINO, HIRUGARREN MONOLITOA: “CHIMENEA INTERIOR” BIDEA, 50 m, V-. 2026-06-14.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Egunero, oso iluna izan arren, etxetik ateratzen garenean askatasuna dugu nola izan eta nola egon aukeratzeko. Ez dugu ahaztu behar norbaitekin atsegina izateak eta enpatizatzeak, norbaiti irribarre egiteak edo norbaitekin kezkatzeak duen aldatzeko ahalmena, guregandik hasita. Baina oraindik ere maiz aukeratzen ditugu berekoikeria, ankerkeria, haserrea edo antipatia, eta magia positibo hori sortzeko ahalmena dugun arren, bai guri bai besteei aldatzeko, guztiz kontrakoa lortzen dugu, egungo gizartean zabaltzen ari diren eta kritikatzea hainbeste gustatzen zaigun balio horiek betikotuz.

Jarrera horiek justifikatzeko "ni horrelakoa naiz" edo "bera horrelakoa da" bezalako esaldiak erabiltzeko joera dugu, gure jarrerek nor garen adieraziko balute bezala. Egia da jarrera bera behin eta berriz aukeratzen eta errepikatzen dugunean gure erantzun automatikoen parte bihurtzen dugula, eta agian erantzun automatiko horiei erreferentzia egin nahi diegu "ni horrelakoa naiz" esaten dugunean. Esaldi hauek entzuten ditudan bakoitzean gauza bera erantzuten dut: "zu ez zara horrelakoa, zuk jarrera hori aukeratu duzu". Eta aukeratu aditza azpimarratzen saiatzen naiz, aukeratzeko askatasun hori baitugu, nahiz eta jabetzen naizen gure askatasun hori gure aurreko bizipenen, gure talde-sozialaren, gure kulturaren edo gure balioen eraginpean egon daitekeela, besteak beste.

Eta zer zerikusi du gogoeta honek Eginoko monolito bateko eskalada batekin?

Eskaladak, kronikan irakurriko duzuen bezala, "ohitura txarra" du eskalatzen dugunok erosotasun eremutik haratago eramateko. Egoera horietan, batez ere, garunak erantzun automatikoak erabiltzen ditu, erantzun horiek energia-gastu txikiagoa eragiten baitiote. Baina horrek mugatu egiten du egoera horretan agian egokiena izan litekeen erantzuna edo jarrera aukeratzeko askatasuna, eta, eskaladan, istripu bat izatearen edo ez izatearen arteko aldea izan daiteke hori. Egoera horietarako, eskaladak erakusten digun gauzarik garrantzitsuena erantzun automatikoa gelditzea eta erantzun edo jarrera onena aukeratzeko denbora hartzea da, nahiz eta denbora hori segundo hamarren batzuk besterik ez izan. Horrela, eskaladaz eskalada, garuna ohitzen joaten gara ekin aurretik pentsatzera eta erantzunik onena aukeratzeko denbora hartzera, automatikoki iristen zaion lehen erantzuna aukera hoberentzat hartu beharrean.

Irakaskuntza hau eguneroko bizitzara eramango bagenu, ziur nago gai izango garela zoriontsuagoak izateko, inguruko pertsonak zoriontsuago egiteko eta, zergatik ez, hainbeste kritikatzen dugun gizartea eta mundua aldatzeko. Zeren eta, nire ustez, pertsonen arteko arazo gehienak aukeratzen ditugun jarrerek eragiten dituzte, gehienetan automatikoki aukeratzen ditugun jarreren ondorio.


Kronika honetako bidearen aurkikuntza bizitzak eskaini ohi dituen kasualitate horiengatik izan zen. “Los Rebecos” bidea eskalatu genuenean, hirugarren monolitoko ipar-hormara hurbildu ginen begiratu bat egitea. Lehen begiratuan, atentzioa eman zigun monolitoaren goialdea iparretik hegoaldera zeharkatzen zuen zulo edo leiho natural batek, begi handi bat izango balitz bezala. Baina leiho natural hori hurbilagotik ikustera hurbildu ginenean, beste zerbaitek eraman zuen gure arreta osoa:

- Hemen parabolt lila bat dau!!! – Esan nion Asierri – mailoi lila batekin.

Paraboltera hurbildu ginenean, kobazulo baten irteeran zegoela ikusi genuen:

- Kobazulon ere parabolt batzuk ikusten die – esan zidan Asierrek mugikorraren argiarekin zuloa hala nola argituz.

Hemen parabolt lila bat dau!!!

Aurkikuntza berri hori ikusita, hirugarren monolitoaren hegoaldeko hormaren oinera jaitsi ginen kobazuloa non hasten zen ikusteko, eta han ikusi genuen horma inklinatu bat eskalatu beharko genuela bertara iristeko, parabolt lilekin aseguratuta hori ere.

Etxera itzuli nintzenean, Vicente Peralesen “Eguino, paseos en vertical” liburua ireki nuen eta ikusi nuen “aurkitu” genuen bideak “Chimenea interior” izena duela, eta 1959an Angel Rosenek eta Rufino Perezek ireki zutela. Liburu honen arabera, bidearen zailtasunik handiena IV. mailakoa da. Aurretik bizitako esperientziengatik banekien bide zahar horien zailtasun-maila ez zela eguneratuta egongo, beraz, zailtasun maila V gradutik gorakoa izango zela pentsatu nuen. Egun batzuk geroago, Josema Berrocosok esan zidanean Abel Arroyo eta Felix Bañuelosen ekipatzeko nortasun-ikurra parabolt lilak erabiltzea dela, bide honengatik galdetu nion:

- Beraiek berrekipatu dute baina lehenengo bi luzeak bakarrik; lehen txaparik ez zegoen – erantzun zidan –. Ni hirugarren luzea behin eskalatzen saiatu nintzen eta atzera egin nuen erlaitz bat dagoelako eta eroriz gero min hartzeko arriskua dagoelako.

Josemak bidearen krokis pare bat bidali zidan, aseguru finkoen kokalekuarekin. Krokis hauetan bideak gehienez ere IV zailtasun-maila zuela ikusi nuen, Peralesen liburuan bezala, eta horrek harritu ninduen.

- Peralesen liburuan fitxatuta nuen – erantzun nion -. Baina Peralesentzat IV bada, gaur egungo V+/6a izan daiteke, jejeje.

- Qué va!! IV izango da seguru – erantzun zidan Josemak -, baina arraroa... Kriston leku xelebrea da.

Bidearen inguruko informazio osoarekin, frogatzea besterik ez zitzaigun geratzen:

- Txapak jarrita badare, bada zerbait – esan zidan Asierrek.
- Ba bai – erantzun nion – baina IV hori...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 50 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Angel Rosenek eta Rufino Perezek 1959an. Abel Arroyok eta Felix Bañuelosek bigarren luzera arte berrekipatua 2025eko uztailaren 21an. Hirugarren luzea Josema Berrocosok, Asier Izagirrek eta Xabi “Smithy” Mujikak berrekipatu zuten 2026ko ekainaren 13an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV- (20 m), 2ºL: V (15 m) eta 3ºL: IV (15 m). Hirugarren luzea eskalatzeko zeharkatu behar den zuloa oso estua da, eta ezinezkoa da motxila batekin pasatzea; izan ere, zulo horretatik ez da edonor sartzen, jejeje.
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Lezeko aisialdi guneko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Lezeko aisialdi gunetik Eginoko monolitoetara doan bideari jarraituko diogu. Laugarren monolitora iritsitakoan, haren ezkerretik (mendebaldetik) jarraituko dugu maldan gora, hirugarren monolitora iritsi arte. Bidea hirugarren monolitoaren eskuinaldean hasten da eta erraz identifikatuko dugu, bertan jarritako paraboltak lilak direlako. Lezeko aisialdi gunetik hogei minutu inguru beharko dugu.
- Jaitsiera: Iparraldeko horma rappelatuz (13 metro). Rappel puntua (kate eta mosketoi lila batez osatua) monolitoaren punturik altuenean muntatuta dago eta Abel Arroyok eta Felix Bañuelosek 2026ko maiatzaren 30an ekipatu zuten “Fisura directa norte” bidetik jaisten da. Behin iparraldeko hormaren oinean, ekialderantz jaitsiko gara oinez (mendebalderantz ez dago jaitsiera errazik) laugarren monolitoa inguratuz.
- Eramandako materiala: Bigarren luzerako linterna bat, 30 metroko bi soka eta luzera desberdineko 6 express-zinta, zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko eta harkaitz-zubietatik pasatzeko eta friend sorta bat parabolten arteko tartea murrizteko. 3 eta 4 zenbakiko Camalot friend-ak ondo etor daitezke bigarren eta hirugarren luzeetarako.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Argazkian hurbilketa eta jaitsierak bideak ere ikus daitezke.

Krokis zehatzagoa baina ez zehatza, bidearen zati handi bat ezkutuan dagoelako. Argazkia handituz gero luze bakoitzeko parabolt kopurua zein den ikus daiteke.

Bidea hasten den lekura iristeko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Goizeko zortziak eta erdietan Lezeko aisialdi guneko basoa furgoneta eta autokarabanez beteta zegoen, zuhaitzen artean lekurik gabe, kolore anitzeko herrixka bat osatuz.

- Aurki hemengo biztanleen artean alkatea ere izendatuko dute, jejeje – esan nion Asierri kotxetik jaitsi ginenean.

Aisialdi gunean aparkaleku berri bat egiten ari dira, basoaren beste aldean, orain dagoena baino askoz zabalagoa, eta, kontatu digutenez, aparkaleku berri hori egiteko egin den hondeaketan giza-hezurrak izan daitezkeen hezur batzuk ere aurkitu dira, Aranzadi Zientzia Elkartearen esku geratuz. Hala ere, badirudi aurkikuntza horrek ez duela eraginik izan aparkalekua eraikitzeko obretan. Zurrumurru batzuek diote aparkaleku berri hori prest dagoenean kotxea basoan uztea debekatuko dela, basoa berreskuratzeko helburuarekin. Baina zurrumurruek, askotan, alferrikako zalaparta sortzen dute, eta bi aparkaleku egongo diren arren, beste zurrumurru batzuek diote oraindik ez dela erabaki kotxeak basoan uztea debekatzea. Erabakitzen dena erabakitzen dela, ez dago gure esku, eta egoera berrira egokitzea besterik ez dugu izango.

Aisialdi gunearen goiko aparkalekura joan ginen zuzenean, eta furgoneta baten ondoan aparkatu genuen. Kotxearen motorraren orroa isildu zenean, furgoneta barruan norbait lotan zegoela konturatu ginen. Lotia ez esnatzeko, kotxetik atera eta motxilak bizkarrera bota genituen, kontu handiz, nitroglizerinaz beteta baleude bezala. Une hartan inork ikusi izan bagintu, lapurreta bat egiteko prestatzen ari ginela pentsatuko zuen, jejeje.

Eskalada-bide bat non hasten den aurretik jakiteak duen gauzarik onena da zuzenean iristen zarela bertara, haren bila ibili beharrik gabe. Poliki-poliki, kontu kontari, ordu erdi eskas behar izan genuen bidearen oinean motxilak utzi arte.

- Azkenekon etorri ginenetik belarra luzatu da – esan zidan Asierrek -. Lehenengo parabolta ia ez da ikusten.

Peralesen liburuak dioenari kasu egiten badiogu, badirudi bidea luze bakarrean eskalatu zutela, kobazuloaren sarreratik hasita. Bertara iristeko, kanal belartsu bat igo behar dela aipatzen da, zehaztasun gehiagorik gabe. Guk bidea hiru luzetan eskalatzea pentsatu genuen: lehena, kobazuloaren sarreraraino; bigarrena, kobazuloaren irteeraraino; eta hirugarrena, monolitoaren puntaraino.

- Lehen luzea, 20 metro, IV-. Ez ginen eskalatzen hasi hormako punturik baxuenetik. Horregatik metro eskas bateko pausu bat eman behar izan nuen zulo baten gainetik hormara igotzeko. Pausoa ez da zaila, baina horman zegoen belarrak eta harkaitzaren kalitateak (harriren bat kendu behar izan nuen) ez zidan konfiantza handirik eman. Behin hormara igota, ez nuen zailtasun handirik izan lehen paraboltera iristeko (III+).

Lehen metroek triangelu bat dirudien kanal inklinatu baten itxura dute, eta noizean behin hankak kanala osatzen duten hormetan irekitzeko aukera ematen dute, eskalada erraztu eta harriak ez botatzeko. Hala ere, nire kezkarako, nahi gabe bota nuen harriren bat, baina zorionez ez zuen bere erorikoa Asier zegoen lekuan amaitzea erabaki.

Bigarren paraboltetik gora horma zertxobait tentetzen da (IV-).

Bigarren paraboltetik gora.

- Paraboltak bukatu diela ematen du – esan nion Asierri, zuhaitz handi baten parera iritsi nintzenean.

Zuhaitzaren gainetik begiratu nuenean ikusi nuenak ez zidan konfiantzarik eman; apurtuak ziruditen harkaitzek modu susmagarrian estaltzen zuten pasagune tente bat. Parabolt gehiago ikusten ez nuenez, zinta bat jarri nuen zuhaitz handiaren enborrean, bertatik aseguratzeko. Orduan, nire eskuinean nuen plakatxo inklinatu batean, hirugarren parabolta ikusi nuen:

- Hemen dau hirugarrena!!! – Oihukatu nion Asierri.

Belarrez eta lurrez estalitako tarte bat zapalduz, zeharkaldi “delikatu samarra” egin nuen eskuinerantz, parabolta dagoen plakatxora igotzeko (III+). Parabolt honetatik kobazuloaren sarrera begi-bistan nuen dagoeneko, baina bertara iristeko metro batzuk igo beharko nituen.

Plakaren gainean ahalik eta gehien mantenduz, ezkerrerantz zeharkaldi bat egin nuen, eta laugarren paraboltaren ondotik pasatu ondoren (III), lurrez eta harri soltez estalitako kanal inklinatu bat igotzen hasi nintzen, bosgarren, eta azken, paraboltera arte, zuhaitz baten ondoan dagoena. Azken metro hauek ez dira erosoak eta gainera harriak botatzeko arrisku handia dago. Hori gutxi izango ez balitz, bustita badago, uste dut oso deserosoa izango dela bertatik igotzea.

Harri soltez estalitako kanalean.

- Kobazuloraño nijo reunio bat daun ikustea!!! – Oihukatu nion Asierri -. Nahibazu soka askatu dezakezu!!!
- Baleee!!!

Kobazuloaren sarreran.

Kobazuloaren sarreratik behera egindako argazkia. Luzearen azken parabolta ikus daiteke.

Kobazuloaren sarreran ez nuen bilgunerik ikusi, iltze zahar eta herdoildu bat izan ezik. Eta sartu nintzenean are gutxiago ikusi nuen iluntasunagatik, jejeje.

Iltze zaharra, iraganaren testigu isila.

Bilgunetik egindako argazkia.

Baina begiak argi gutxira ohitu zirenean, bigarren luzearen lehen parabolta besterik ez nuen ikusi. Haraino iristeko harkaitz-bloke handi batera igo behar denez, bilgunea bertan muntatzea erabaki nuen, zinta bat bloketik pasatuz. Blokera igo eta lehen paraboltetik express-zinta bat pasatzeko ere aprobetxatu nuen, gorputza asko luzatuz:

Lehen bilgunean.

- Eskerrak linternak ekarri ditugun – esan nion Asierri iluntasunaren beste aldean agertu zenean.
- Neri ahaztu egin zait -, erantzun zidan, bizkarrari eraginez.
- Ba nerea utziko dizut, ze ez dakit linternarik gabe hau eskalatuko deun – erantzun nion -. Ta gañea, edo helduleku oso onak ditu edo luze hau ez da kuartokoa.

Asier laugarren paraboltaren parean.

Linternaz kobazuloa argitu nuenean, aho zabalik geratu ginen biok, goitik ikusi genuenean baino askoz handiagoa iruditu zitzaigulako. Beti sentitu izan dut magia berezi bat kobazuloetan, milaka urte atzera egin izan banu bezala mundu ezkutu eta mitologiko batean sartu naizela iruditzen baitzait. Kobazuloan isiltasun sakona zegoen, eta begiak iluntasunera ohitu zirenean, harkaitzaren forma eta erliebeak agertzen hasi ziren. Nork esango zigun hamar bat metro beherago, harkaitzezko plaka bat igotzen ari ginela, sentsazio hau biziko genuela. Ez dakit zer sentitu zuten Angelek eta Rufinok hona lehen aldiz iritsi zirenean, baina ez dut uste gu sentitzen ari ginenetik oso urrun zegoenik. Zirrara berezi batek zeharkatu gintuen goitik behera.

Bigarren parabolterainoko tarteak atzeraka botatzen zaituen horma makurtu horietako bat zirudien, eta hortik aurrerakoa bertikal-bertikala zirudien.

- Hiru parabolt ikusi ditut – esan zidan Asierrek.
- Hiru besterik ez? Jejeje
- Bai, igual besteren bat egongo da, baiña etzait iruditu.

- Bigarren luzea, 15 metro, V. Asierrek linterna kaskoan lotu zuen, bilgunea muntatu genuen harkaitz-bloke handira igo eta soka nik jarritako express-zintatik pasatzea lortu zuen. Eskuak eta oinak non jarriko zituen aztertu zuenean, pausu bat eman zuen bloketik, eta horma makurtutik zintzilik geratu zen.

Lehenengo paraboltan aseguratu ondoren grabitatearekin borrokan.

Grabitatearen aurka indar egitea eskaladan ohikoa den jokoa da, eta askotan kosta egiten da gainera, zer esanik ez horma makurtu batetik zintzilik zaudenean. Zailtasun horri iluntasuna gehitzen badiogu, koktel perfektua prest daukagu gure pentsamendurik ezkorrenak askatu eta gorputzean zehar zabal daitezen, inguratzen gaituen errealitatea linternak argitutako zatira bakarrik mugatzen baita, gainerako guztia iluntasunean geratuz. Eta iluntasunak ezkutatzen duenak ziurgabetasuna sortzen du; eta gizakioi, oro har, ez zaigu gustatzen ziurgabetasunean bizitzea. Egoerak eraman ninduen Vignemaleko "ipar klasikoa" eskalatu genuen egunera, non bidea hasten den lekuan ilunpetan egon ginen egunsentira arte, eskalatzen hasi gabe, zeren, lehen luzeko aseguruak ikusten ez genituenez, okerreko lekutik eskalatzen hasteak kezkatzen gintuen.

Arnasa hartzeko moduagatik, berehala konturatu nintzen Asier estutzen ari zela. Itsasargia balitz bezala, linternaren argia alde batetik bestera mugitzen zuen, ikusten ez zuen helduleku baten bila. Bigarren paraboltaren parera iritsi zenerako (V), giharrak erabat gogortuta zituen:

Bigarren paraboltaren parera iristen.

- Blokeauta nau – esan zidan, sokatik zintzilikatzen zen bitartean.

Bigarren aseguruaren gainetik, horma bertikala da, eta bertan arrail nabarmen bat dago, 3 edo 4 zenbakiko Camalotak ondo trabatzeko modukoa. Tximiniak eskalatzeko erabiltzen den “X” teknika erabiliz, Asierrek pixkanaka zentimetroak irabazi zituen (V), burua behin eta berriz kolpekatzen zioten deabru eta mamuekin borrokatzen zuen bitartean. Mugitzeko moduagatik, argi zegoen kobazuloari irabazten zion metro bakoitzeko bere erosotasun-eremutik gero eta gehiago urruntzen ari zela. Egoera hartan, burmuinak bidaltzen zion erantzun automatikoa zinta espres batetik zintzilikatu eta lurreraino jaistea zen, baina Asierrek erantzun automatiko hori isiltzeko eta une bakoitzean erabakirik onena hartzeko denbora hartzeko gai izan zen.

Metroak pisu handiz irabazten. Kobazuloa argazkietan dirudiena dena baino askoz ilunagoa da.

Kobazularen irteera harkaitz-bloke erraldoi batek blokeatzen du, bi zulo utziz:

- Goitik edo behetik ateratzen da?
- Goitik, behekoa oso txikie da – erantzun zidan.

Blokearen eta hormaren arteko zirrikitu batetik zinta bat pasatu zuen irteera aseguratzeko. Zalantza une baten ondoren, blokearen gainera igo eta, erdi arrastaka, kobazulotik irteten hasi zen.

Uste dut lasaitasun izpi sakon bat arnastu zuela kobazuloko irteeratik sartzen zen argitasunak aurpegia argitzen hasi zionean.

- Kanpon nau!!!! – Oihukatu zidan bilgunetik aseguratu zenean, gainetik pisu handi bat kendu izan balu bezala.
- Onaaaaaaa!!!!!!

Bilgunea friend handi batekin indartu ondoren eta bi soka ekarri genituela aprobetxatuz, Asierrek linterna soka batetik pasatzea lortu zuen. Orduan konturatu nintzen kobazuloaren bertikaltasunaz, sokatik zintzilik zegoen linternak ez baitzuen paretarik ukitu niregana iritsi arte. Kobazuloko eskalada ikusgarria iruditu zitzaidan eta uste baino gehiago gozatu nuela aitortu behar dut. Hori bai, kobazulotik irtetea oso deserosoa egin zitzaidan, agian ez nintzelako ondo jarri, agian altua naizelako edo agian bi gauza horiengatik, jejeje.

Biok ados egon ginen luze hori ez zela IV. mailakoa. V. graduaren inguruan egongo zela adostu genuen.

- Hirugarren luzen zulo hortatik pasatzen da? – Esan zidan Asierrek.
- Bai – erantzun nion -, ze ba?
- Oso estue ematen dulako.
- Bueno, Rosen pasa bazen gu ere pasako gea, jejeje.

Bigarren bilgunean leiho naturalarik begira.

- Hirugarren luzea, 15 metro, IV. Josema Berrocosok esan zigun bezala, bagenekien hirugarren luzean ez genuela aseguru finkorik aurkituko, iltze zaharren bat ez bazen behintzat. Baina berak esan zigun guztitik gehien kezkatzen ninduena zera zen, bera ez zela gai izan azken luzea eskalatzeko: “es un bordillo que te puedes pegar una hostia como un pan” izan ziren erabili zituen hitz zehatzak, jejeje. Egia esan, bera bakarka eskalatzen saiatu zen, eta horrek “plus mental” bat gehitzen dio beti eskaladari.

Express-zinta motzena jarri nuen bilgunean eta soka pasa ondoren eskalatzen hasi nintzen zuloaren ertzera iritsi nintzen arte (III-).

- Joer, ba bai dela estue – esan nion Asierri.

Lehen begiratuan iruditu zitzaidan ez nintzela zulotik sartuko, eskerrak motxila bigarren bilgunearen oinean utzi nuen. Nire malgutasun eskasa probatu zuten mugimendu pare baten ondoren, burua zuloan sartzea lortu nuen eta arrastaka hasi nintzen handik irteteko.

- Eta zuloa ezin baduzu zeharkatu?

Eta zuloa ezin baduzu zeharkatu?

Galdera ez zidan Asierrek egin, baina garbi entzun nuen. Une batez gelditu egin nintzen, ez bainuen aukera horretan pentsatu. Orduan, zuloaren barruan “leku gehiago izateko”, kaskoa kendu eta arrastaka jarraitu nuen zuloaren beste aldera irten nintzen arte: “onaaaaa!!!!”.

Zuloaren beste aldean erlaitz inklinatu bat aurkitu nuen, eta zuhaitz bat, hil-itxurakoa. Luzeak jarraitzen duen hormari begiratu nion, iltze baten bila, baina ez nuen ezer ikusi. Sabela duen pasagune bat igo beharko nuen hasieran, gero kanal/tximinia itxurako batetik jarraitzeko. Nondik igo behar nuen ikusi nuenean pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen urteak zirela handik inor igotzen ez zela. Eta pentsatu nuen bigarren gauza izan zen ez nuela atzera bueltarik, ez bainintzen gai ikusten zulotik atzera egiteko.

Lauzpabost aldiz begiratu ondoren, sabelaren eskuinaldean arrail estu bat aurkitu nuen, nire pisuari eusteko nahikoa izango zen friend txiki bat trabatzeko modukoa. Gorago arrail zabalago bat zegoen, zabalegia neraman friend handienarentzat, eta horrek esan nahi zuen bizpahiru metro eskalatu beharko nituela inongo asegururik jarri gabe. Hemen ere faltan bota genituen 3 edo 4 zenbakiko Camalotak.

- Espero det harririk ez askatzea, edo zuhaitza ez puskazea, ostia majoa hartuko det eta – esan nion Asierri -. Kontuz orain, bale?
- Bale.

Eskuineko hanka zuhaitzaren enborrean jarri nuen eta haren laguntzarekin gorputza ahal izan nuen guztia altxatu nuen. Soka friend txikitik pasatu, arrail zabalari heldu eta, bi hormetan oinak zabalduz, asegururik gabeko bizpahiru metroak sasi-babariar teknikarekin igo nituen, friend handi bat sendo trabatzea lortu nuen arte (IV).

Kanal/tximiniatik irtetean kontu handiz ibili behar izan nuen, harri solte asko dagoelako (III+). Atera nintzenean, orratzaren puntara igo nintzen:

- Onaaa!! – Esan zidan Asierrek azpitik.

Onaaa!!

- Ea reunio on bat montatzeik deten – erantzun nion -, ze hemen dena puskauta daula ematen du.

Orratzaren mendebaldean ipuru zahar bat aurkitu nuen, enborrean zinta zahar bat zuena, baina ez zidan konfiantzarik eman ez ipuruak ez zintak.

- Deskuidau ezkeo Rosenek ta Perezek hemendik rappelatu zuten – esan nion Asierri.

Zinta zaharra duen ipuru zaharra.

Alde batetik bestera ibili ondoren, azkenean zinta pare bat pasa nituen igo nintzen puntatik, eta bertan muntatu nuen bilgunea, kanal/tximiniaren irteeratik gertu.

Nire aldean, Asierrek di-da batean zeharkatu zuen zuloa, eta konturatu nintzenerako, kanal/tximiniaren oinean zegoen. Orratzaren azpitik inor ez zebilela baieztatu ondoren, solte zeuden harri batzuk kentzeko aprobetxatu zuen.

Kanal/tximiniaren oinean.

- Ze pena azkeneko luze hori ekipatu ez izana – esan nion -. Parabolt pare batekin kriston ondo geratuko zen.
- Azpikoa nola daun ikusita pena da bai – erantzun zidan -. Gañea azpiko luzeei kontinuidadea emango zion.

Bidearen amaieran.

- Beste baten etorri gaitezke ta georrek parabolt hoiek jarri ditzazkegu.
- Ondo – erantzun zidan -, gañea bide hau errepikatu beharko degu, ze gaur ez det bidea eskalatu, igo egin det.
- Nola igo? – Galdetu nion -. Ez dezulako enkadenatu?
- Ez – erantzun zidan -, ez detelako eskalatu, erdi arrastaka ibili naizelako blokeatuta nengoelako.
- Joer, baña gutxiñez igo zea.
- Hori da, igo, eta ez eskalatu.

Hirugarren monolitotik jaistea zen orain gure kezka nagusia, bilgunea muntatutako puntak, ipuru zaharrak bezala, ez baitzigun konfiantzarik ematen. Asier ekialdean dagoen puntara hurbildu zenean aurkikuntza zoragarria egin zuen:

- Hemen deskuelge lila bat dau.
- Benetan?
- Bai.

Hemen deskuelge lila bat dau.

"Fisura directa norte" bidearen bilgunea.

Abel eta Felixen sinadurarekin bilgune bat aurkitzeak nahastu egin gintuen hasieran, ez baikenuen parabolt lilarik aurkitu hirugarren luzean. Baina monolitoaren iparraldeko hormari begiratu genionean, parabolt lilaz osatutako lerro bat aurkitu genuen, bilera honetan amaitzen zena:

- Hemen beste luze bat ekipatu dute.

"Fisura directa norte" bidea rappelatzen.

Bilgunetik rappelatu eta, sokak gainetik genituela aprobetxatuz, luzeari pare bat saiakera eman genizkion. Luze ederra iruditu zitzaigun, eta hasiera batean 6a zailtasunaren inguruan ibiliko zela iruditu zitzaigun. Gainera, friend-ekin ongi babestu daitekeen luze bat da, arrail eder batetik baitoa. Luze hau 2026ko maiatzean ireki zuten eta “Fisura directa norte” izena eman diote. Abel eta Felixek IV/A1 edo 6c zailtasuna proposatzen dute. Handik astebetera, orratz honetara itzuli ginen, oraingoan Josema Berrocosorekin batera, eta oraingoan luzeak 6a+ zailtasuna izan dezakeela iruditu zitzaigun. Beti gertatzen den bezala, luze hori errepikatu ahala, zailtasuna finkatzen joango dela uste dugu.

"Fisura directa norte" bidea eskalatzen.

Josema Berrocoso astebete beranduago luze honen hasieran.

Joseman luzearen zatirik gogorrena atzean utzi ondoren.

Asier luzearen zatirik gogorrenean.

Josema Berrocosorekin egin genuen irteera hau hirugarren luzean parabolt pare bat jartzeko aprobetxatu genuen, baita Azken luzea amaitzen den puntaren inguruan soka-uztai bat uzteko ere, bilgune moduan erabiltzeko. Iparraldeko horman ere bilgune bat muntatu genuen, zuloaren gainetik, handik gertu dauden luzeen bilera izan dadin. Luze hauek errepikatzea besterik ez zaigu falta, ikusteko ea parabolten baten babesa beharko duten.

Iparraldeko horman utzi dugun bilgunea prestatzen.

Goiz ederra pasa genuen elkarrekin gure bizitzako azken gertaerez eta Eginon eskalatzeko ditugun bideez hitz egiten. Izan ere, une honetan, Josema izango da ziurrenik Eginoko eskalada-bideez gehien dakien pertsona. Eginorekiko duen pasioak Antxon Gorrotxategirena gogorarazten dit. Zein zorionekoak garen Josema edo Antxon bezalako pertsonen adiskidetasuna edukitzeagatik eta haien ezagutzaz blaitzeagatik.

Hirugarren monolitoaren iparraldeko horman dauden bideetako batzuk.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Perales V. Eguino paseos en vertical, 66. Gasteiz. Vicente Perales, 1984.