Zazpigaren monolitoak eta "arista limakos" gandorrak osatzen duten irudi ikusgarri eta ikonikoa.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Otsailaren 21ean Juan Vallejok Eginon ireki duen eskalada-bide berri baten berri eman zuen sare sozialetan: “Arista de los limakos, 160 m, V. Eginoko Doña Eusebia sektorerako sarbidea ematen duen gandorra, sastraka-trakzioaren alternatiba ona. Minutu gutxitan eta eroso, hormaren oinera”.
Albiste hau argitaratzearekin enigma bat argitzen zitzaigun, aspalditik erantzun bat eman nahian genbiltzana. Izan ere, gandor honen azpitik pasatzen ginen bakoitzean, inork eskalatuta ote zuen galdetzen genion geure buruari. Uste genuen litekeena izango zela, hegoaldeko pareta kirol-eskaladako hainbat bidek zeharkatzen baitute. Iaz saiakera bat egiteko zorian ere egon ginen, baina gauza bategatik edo besteagatik beste lehentasun batzuk ezarri genituen. Juanek gandor eskalatu zuela irakurtzeak izugarri poztu gintuen.
Asierrek berehala galdetu zion Juani ainguratze finkoei buruz: “1B eta 3B parabolt batekin. Lehen luzean parabolt bat eta bi harkaitz-zubi, bigarren luzean harkaitz-zubi bat eta hirugarren luzean parabolt bat, beste guztia friend-ekin. Harkaitz ona baina oraindik zertxobait zikina”, izan zen Juanen erantzuna. Informazio honekin guztiarekin gandorra errepikatzeko egun bat adostea zen geratzen zitzaigun gauza bakarra.
Nire aldetik, mezu bat bidali nion Josema Berrocosori, azken urteotan Eginoko gida eguneratu bat egiteko lanean buru-belarri ari denari, gandor honen berri emanez. Egun batzuk beranduago Juanek bidali zion krokis bat bidali zidan.
Juanek Josemari bidalitako krokisa.
"Benetan" eskalatu gabe geunden azarotik, eta "Arrataundiko ninia" lehen aldiz eskalatu aurretik, eskalada-bide erdi-ekipatu bat eskalatu nahi genuen, soka arnesaren azpitik zintzilik eramateak sortzen dituen sentsazioak berriro sentitzeko. “Arista de los limakos” gandorrak helburu hau lortzeko osagai guztiak zituela iruditu zitzaigun, baita osagai gehiago ere: bide ezezagun bat, bidearen egoeraren inguruko informazio gutxi eta Juanek zailtasun-maila nola ezartzen duen ez jakitea. Osagai nahikoak sabelean tximeletak edukitzeko.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 150 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Juan Vallejok 2025eko otsailean.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (30 m), 2ºL: III (50 m), 3ºL: V (25 m) eta 4ºL: III- (45 m).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Irteeraren arabera, La Leze aisialdi guneko edo Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: "Barraskiloen gandorrera" edo Eginoko Zazpigarren monolitora doan hurbilketa bera jarraituko dugu. Gandorra, zazpigarren monolitoaren atzean (iparrean) dago, "Barraskiloen gandorrera" iristeko igotzen den aldaparen hasieran dagoen ezker horman.
- Jaitsiera: Oinez jaitsi nahi badugu, Doña Eusebia hormara doan ohiko bidetik, Eginoko seigarren monolitoaren atzetik doana, alegia.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10 express-zinta, friend sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak sendotzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta erdi.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokis zehatza.
Lehenengo luzearen krokis zehatza. Argazkian adierazita dauden bi harkaitz-zubiak muntatu gabe daude.
Hirugarren luzearen krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Ustekabean harrapatu gintuen Eginon egiten zuen hotzak. Hego haizeak animatutako goiz eguzkitsu bat espero genuen arren, haize hotz batek alde batetik bestera astintzen zituen eliza inguruko zuhaitzen adarrak, zeruan hodei ilunak pilatzen zituen bitartean.
- Azkenen ebie egin behar dula emateu.
- Ba nei atsaldeko seiek arte ez dit ematen – erantzun nion Asierrik telefonoko eguraldiko aplikazioari begira -. Baña gaur goizerako ere ona ematen ziten, jejeje.
Zeruari begirik kendu gabe hubildu ginen gandorraren oinera. Eginok irudi ikonikoak ditu baina nire uste apalean ikusgarrienetakoa zazpigarren monolitoko mendebaldeko hormaren ikusmira da. Eta ez dut uste hori pentsatzen duen bakarra naizenik, Vicente Peralesek irudi hau aukeratu baitzuen bere "Eguino, paseos en vertical" liburu mitikoaren azal nagusirako. Zazpigarren monolitoak, “Arista de los limakos” gandorrarekin batera, irudi bat osatzen du, alderantziz jarritako hagin erraldoi baten sustraia gogorarazten didana. Gaurkoan, gure asmoa hagin horren sustraiaren eskuin adarretik igotzea izango litzateke.
Gandorraren eskalada hasten den tokira arte jarraitu behar den ibilbidea. Argazkian lehen paraboltaren kokalekua adierazita dago.
Berehala identifikatu genuen lehen luzeko parabolta, harkaitz gris ilunean distiratsu, baita bertaraino igotzeko egin den garbiketa ere.
Bidea hasten den lekuan, lehen parabolta seinalatzen.
- Ea Vallejok nola graduatzen dun – esan zidan Asierrek materiala arnesean zintzilikatzen zuen bitartean -, ze normalen gradu haundie dutenek gradu bajuko biak gogor graduatzen dituzte.
Urduritasun puntu bat genuen, ziurgabetasunak sortua. Ohikoa izaten da ziurgabetasuna izatea ezagutzen ez duzun pertsona batek irekitako bide bat lehen aldiz eskalatzen duzunean; zer esanik ez pertsona horren eskalada-maila altua bada, kasu honetan gertatzen zen bezala. Urduritasun hau kudeatzen jakitean datza eskaladaren gakoetako bat, urduritasuna beldur bihurtu ez dadin eta beldurrak burua blokeatu ez dezan. Eta Asier kudeaketa honetan artista bat da.
- Lehenengo luzea, 30 metro, V. Asier hormaren eskuin ertzetik eskalatzen hasi zen paraboltera iritsi zen arte (IV).
- Krokisa ikusita, esango nuke oain ezker aldera bota beharren zarela puenterroka batera arte.
Paraboltaren gaineko harkaitzaren itxurak ez zion konfiantza handirik ematen; horregatik, paraboltaren gainetik zertxobait igo eta friend txiki bat trabatu zuen zeharbidea hasi aurretik. Ezker aldera diagonalean mugituz, sendoak ez diruditen harkaitzek osatzen duten hormatxo bertikala eskalatu eta kanal itxurako baten amaierara iritsi zen (V-):
Zeharbidearen amaieran, kanal itxurakoan sartuta.
- Puenterrokaik ikusi dezu?
- Pason txiki bat badau baño montatu gabe – erantzun zidan -. Ez det besteik ikusi.
Kanaltxoaren amaieratik zerbait zuzen eskalatzen hasi bazen ere, berehala hasi zen berriro ere ezker joerarekin eskalatzen, plaka tente batekin topo egin zuen arte (IV).
- Metro batzuta beste puenterroka bat ikusten det baña hau ere montatu gabe dau – esan zidan plakaren oinetik.
- Ta norbait pasa den arrastoik?
- Ez, baña logikona hemendik dela ematen du.
Eskalada-bide berri bat eskalatzen denean, jolasetako bat bidea zabaldu duenak prestatu dituen problemak ebazten saiatzea da. Horregatik eskalatu ohi da hormari zehatz-mehatz begiratuz, seinale baten bila: adar moztu bat, magnesio-hondarrak, harri bat kentzeagatik utzitako arrasto bat, etab. Une zalantzakor baten ondoren, Asier plakara igo eta harkaitz-zubitik zinta uztai bat pasatuz aseguratu zen (IV+):
- Hemendik da! Hemen harrik kendu dituzte! – oihukatu zidan bila zebilen seinaletako bat aurtiku zuenean.
Plakaren amaieran babariar teknika erabiliz eskalatzea eskatu zion arrail “ezkutu” batera iritsi zen. Arrail hau ez da erosoa aseguratzeko, ez friend-ak sartzen ez direlako, arraila ikusi gabe eskalatzen denez, friend-ak ia itsuan trabatu behar direlako baizik. Arrail hau eskalatuta (V), ipuru biribil eta berezi bat jaiotzen den erlaitz txiki batera igo zen.
Erlaitzean.
- Bidetik nijo seguro – esan zidan ziurtasun handiz erlaitzetik -. Hemen garbituta daula ikustea.
Luzea bukatzeko, bilgunera daraman hormatxo bertikal bat eskalatzea geratzen zitzaion.
Bilgunera iristeko eskalatu behar den hormatxo bertikala azpitik ikusita. Harriek fidatzekoak ez diruditen arren, horma ongi eskalatzen da.
Ipurua ezkerretara utzita, horma eskalatu eta uztaidun parabolt bakar batez osatutako bilgunera iritsi zen, friend batekin sendotu zuena (IV+).
Lehen bilgunean.
- Zemuzko luzea iruditu zaizu?
- Harrie oso abrasiboa dauke ta oaindik harkaitzen bat edo bestekin kontuz ibili behar da - erantzun zidan -, baña oso politte.
- Ba ni eskalatzen ai zinen bitarten "pajarito" geratu naiz.
- Ah bai? Nik ez det ba hotzik pasatu – erantzun zidan harrituta -. Poliki eskalatu al det?
- Ez, baña hemen haize hotzak ederki jotzeu.
Asierrek sokak biltzen zituen bitartean, belarriak estaltzeko neguan erabiltzen dudan buruko zinta jantzi nuen, galdutako beroa berreskuratu nahian. Gorputza hotz sentitzen nuen, baina eskalatzen hastean berotu egingo nintzela espero nuen, beste batzuetan gertatu izan zaidan moduan. Eskalatzen hasi aurretik, argazki batzuk atera nitzkion lehen luzeari hainbat leku eta angelutatik, gorputza mugimenduarekin epeltzen saiatuz.
Lehenengo luzea beste ikuspegi batetik ikusita.
Eskalatzen hasi nintzenean, harkaitza oso hotz zegoela iruditu zizaidan, neguan egoten den moduan; izan ere, luzearen erdia eskalatu nuenerako eskuetako behatzen sentikortasuna galduta nuen, eta eskuin eskuko behatz pare batek bi egur puska zuri eta gogor ziruditen.
Babariar estiloarekin eskalatzen den arrailaren irteeran eskuetako behatzak berotu ezinik. Nire eskuinean (argazkia erreferentzi bezala hartuta) ipuru biribila ikusi daiteke.
- Bua txabal, behatzak parregarrik dauzket – esan nion Asierri, bilgunera iritsi nintzenean -, batez ere eskubiko eskukok.
- Denbora lasai hartu berotzeko – erantzun zidan.
- Badirudi zazpigarren monolitora arrimatzen garen bakoitzen hotza pasa behar deula – esan nion zazpigarren monolitoan iazko urtearen amaieran pasa genuen hotza gogoratuz.
Eskuineko sorbalda dislokatu zitzaidanetik, hotz handia egiten duenean eskuineko eskuko bi behatz hozten zaizkit, zuri, zurrun eta sentikortasunik gabe geratuz. Eta sentsazio horrekin eskalatzea oso desatsegina eta mingarria izaten da, batez ere behatzetan sentikortasuna behar dudanean. Gaurkoan, ia hamar minutu behar izan nituen behatzetako sentikortasuna zertxobait errekuperatzeko.
Eskuin eskuko behatzen sentikortasuna errekuperatu nahian.
- Bigarren luzea, 50 metro, III. Bilgunearen gainetik gandorrera igo eta haren ahotik edo haren ahoaren ondotik jarraitu nuen (II), tarteka ezkerraldetik, tarteka eskuinaldetik, harkaitzik sendoena bilatuz. Eginoko gandorrak, oro har, kontu handiz eskalatu behar izaten dira, harkaitz soltez estalita egoten baitira. Kasu honetan, harkaitz solteren bat topatu nuen arren, ez zitzaidan iruditu gandorreko harkaitza horren txarra zenik. Konturatu gabe, kordel gorri batekin muntatuta dagoen harkaitz-zubi batera iritsi nintzen, bilgunetik 15 metro ingurura dagoena (II+).
- Puenterroka hau bai dau montauta.
- Hori bai eta lehen luzekok ez? – Galdetu zidan Asierrek harriduraz.
- Hala emateu – erantzun nion, bizkarrari eraginez.
Bigarren luzeko harkaitz-zubia.
Gandorra zerutik begiratuko bagenu, “L” erraldoi baten itxura du. Hormatxo erraz bat eskalatu behar izan nuen “L” hau osatzen duten bi makiltxoak elkartzen diren puntura iristeko (III). Hormatxoaren gaineko harkaitz-moko batera iritsi nintzenean, konturatu nintzen bilgunetik irten nintzenean ez nizkiola Asierri zinta-uztaiak hartu: “vaya por Diossss!!”. Lepotik zintzilik neraman zinta-uztai bakarra jarri nuen hakaitz-mokoan, eta express-zinta luze bat jarri nion sokaren marruskadura-indarra ahalik eta gehien ekiditeko.
Gandorra eskuinerantz jarraituz (II) eta haren ahoaren ondoan mantenduz (ezkerretik erdi oinez jarraitu daitekeela iruditu zitzaidan), aurrez aurre dagoen punta nabarmen batera zuzendu nintzen (II+).
Puntaren parean.
Puntara igotzeko tentaldia izan nuen arren, azkenean ezkerretik saihestea erabaki nuen, hirugarren luzeko hormaren oinera iritsiz (III-). Gainean neraman zinta-uztai bakarra gandorra osatzen duen “L”-aren eskinan jarrita utzi nuenez, express-zinta luzetako baten zinta-uztaia erabili nuen arrail batean bi friend eta arteka-trabagailu batekin bilgunea muntatzeko.
Bigarren bilgunetik lehenengora egindako argazkia. Argazkian ikusten den moduan, gandorrak “L” itxura dauka.
Nire zorionerako, eskuetako behatzak berriro bero nituen, sentikorrak, baita gorputza ere, eta pasatako hotza iraganean galdutako amesgaizto bat bezala gogoratzen nuen. Zein ongi bizi garen konfort-zonaren barruan eta nola gustatzen zaigun konfort-muga honi desafio egitea!!
Zailtasun gutxi dituenez, Asierrek ez zuen denbora asko behar izan luzea eskalatzeko.
Bilgunearen goiko aldean dagoen puntaren gainean.
Bilgunearen goiko aldeko puntatik egindako argazki honetan gandorrak duen itxura ikusi daiteke.
- Oraindik harritzen nau zergatik utzi dun luze honetako puenterroka montauta ta lehen luzekok ez – esan zidan bilgunera iritsi zenean.
- Beharbada denak zeuden montauta ta bakarren batek lehen luzekok kendu ditu – erantzun nion.
Bigarren bilgunean.
- Hirugarren luzea, 25 metro, V. Asier bilgunea muntatuta zegoen arrailetik eskalatzen hasi zen, eta zulo batzuen laguntzaz, plakaren erdian dagoen parabolt batera zuzendu zen (IV). Paraboltetik aseguratu ondoren, ezkerretara pasa eta zuzen jarraitu zuen, paraboltaren ezkerretara jarri zen arte (IV+).
"...paraboltaren ezkerretara jarri zen arte".
- Zemuz dijo?
- Oaingoz errexa – erantzun zidan Asierrek, gainean zuen sabaiari begiratuz.
Harkaitz batzuk kendu direla ikusten den leku batetik igotzen jarraitu zuen, goiko aldeko sabai ikusgarriaren azpian kokatu zen arte (IV+). Gero, asko pentsatu gabe, sabaiaren azpitik eskuinerantz zeharbide bat egiten hasi zen, sabaiak duen "ahulgunera" iritsi zen arte, osatzen duten harkaitz blokeen arteko arrail zabal bat (IV+).
Sabaiaren “ahulgunearen” ondoan.
- Nola ikustezu?
- Hemendik dela esango nuke – erantzun zidan.
Alde batetik bestera begiratu ondoren, friend handi bat trabatu zuen harkaitz-blokeek osatzen duten arrail zabalean; ondoren, sabaia eskalatu zuen (V).
- Onaaaaaaa!!!!
Sabaia eskalatu ondoren.
Pasagune hau zaila baino arraroagoa da. Goiko aldean eskuekin ongi eusten zaion arrail nabarmen bat dago, baina ez dauka aseguratzeko aukera handirik, eta igotzeko egin behar den mugimendua ere ez da oso “elegantea”. Sabaiak goiko aldean osatzen duen erlaitzera igo ondoren, eskuinerantz zeharbide horizontal bat egiten jarraitu zuen, arrail bateraino iritsi arte (III).
Zeharbidearen amaieran, bilgunera daraman arraila eskalatu aurretik.
Arraila eskalatu ondoren (IV), parabolt bakar batez osatutako bilgunera iritsi zen, mosketoi bat duena. Paraboltaren ezkerreko harkaitz-zubi bat aprobetxatuz, Asierrek bilgunea sendotu zuen.
Bilgunea muntatu ondoren.
Hirugarren bilgunea.
Haizea hozten hasi zitzaidan berriro, baina oraingoan eskalatzen hasi nintzenean, lehen luzearekin alderatuta, berehala berotu nintzen; zer esanik ez luzearen pasagunerik zailena eskalatu nuenean, jejeje. Harritu egin ninduen Asier bilgunean oinutsik ikusteak, baina nire harridura aurpegia ikusi zuenean berehala argitu zidan ez zela beroa zuelako, katu-oinak eskuin oina estutzen ziolako baizik.
Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita. Nire atzean zazpigarren monolitoaren punta ikusi daiteke.
- Harritu nau mosketoi bat parabolten jarrita uztea - esan zidan Asierrek -. Normalen ez da gomendatzen mosketoi edo mailloirik uztea.
- Ze ba?
- Herdoildu itten dielako, paraboltari kalte egiñez.
- Beharbada mosketoi hau erabiliko zuten hemendik behera rappelatzeko?
- Uhmmm, baliteke - erantzun zidan pentsakor.
Asierri materiala hartzen nion bitartean, aurretik geratzen zitzaiguna kalkulatzen saiatu nintzen.
- Zenbat metro ematen dizkio azken luzeari? - Galdetu zidan Asierrek pentsatzen ari nintzena jakingo balu bezala.
- 40 metro punta batera arte - erantzun nion Josemak bidalitako krokisari begira.
Hirugarren bilgunean. Asier eskuin oinari atsedena ematen.
- Laugarren luzea, 45 metro, III-. Gandorraren amaierak ez du inolako zailtasunik, eta II+ zailtasunaren inguruan egongo diren bi koska igo ondoren, luze honetako zailtasun aipagarri bakarrera iritsi nintzen, gandorraren puntarik altuenera, gainean bi harriz osatutako mugarri txiki bat duena.
Gandorraren puntarik altuenaren ondoan.
Puntan dagoen bi harriz osatutako mugarri txikia.
Puntatik hirugarren bilgunera egindako argazkia, Egino atzean.
Punta honetara igo nintzen (III-), eta krokisak luzea hemen amaitzen dela adierazten duen arren, metro batzuk gehiago jarraitu nuen, aurrez aurre nituen arteen enborretatik gandorraren azken bilgunea muntatzeko.
Gandorraren punturik altuenean. Nire atzean Doña Eusebia horma bere osotasun eta handitasunean.
Asierrek azken luzea ziztu bizian eskalatzen zuen bitartean, ostarte zabalak zabaltzen hasi ziren zeruan, ordura arte ezkutuan egon ziren eguzki izpiak bazterrak argituz eta berotuz.
Asier gandorraren punturik altuenean, zeruan ostarteak irekitzen diren bitartean.
- Nork esango zigun azkenen beroa pasako genula – esan nion Asierri, jantzita neraman polarra eta haizetako txamarra erantziz – azkenen erre egingo gea, jejeje.
- Ba holako egunek izaten die peligrosonak erretzeko – erantzun zidan txapela jarriz.
Ohi bezala, eskalada elkarri bostekoa emanez amaitu genuen. Asko gustatu zitzaigun, nahiz eta harkaitzen bat oraindik kolokan dagoen. Hurrengo egunean eskalada errepikatu zuen eskalatzaile batek esan zidan gandor hau eskalatzen ari zirela harri asko bota zituztela, baina guk ez genuen sentsazio hori izan. Juanek idatzi zuen bezala, “Arista de los limakos” Doña Eusebia hormara iristeko modu original eta ederra dela iruditu zitzaigun, eta horma honetako eskaladetako batekin konbinatuz gero, eskalada egun luze, interesgarri eta indartsu bat gera daiteke.
Materiala jaso eta, sasi-bidexka bat jarraituz, Doña Eusebia hormara hurbildu ginen. Zenbat istorio gordetzen dituen horma honek eta zenbat abentura bizi izan diren bertan urteetan zehar. Horren lekuko isilak, oraindik horman ikus daitezken iltze herdoilduak eta haizeak batera eta bestera kulunkatzen dituen zinta zaharrak; baina baita parabolt distiratsuak ere, horma honetan aire berri batek jotzen hasi duenaren adierazle biziak.
Hormaren oinetik jarraituz, ezkerrera egin genuen, hego ezproiaren oinera iritsi arte. Zein gozoak diren gogora etortzen zaizkidan oroitzapenak leku honetara natorren bakoitzean. Antxon Gorrotxategik eta biok bertan jarri genuen plakatxoak oraindik dirauela ikusi genuen, eta mundu horizontalera itzuli ginen horma honetara iristen den ohiko bidetik, goiz hotz bat haizearekin eta hodeiekin txoriak bezain aske jolasean eman ondoren.
Eskaladak egiten digun oparirik onenetako bat txoriak bezain aske sentitzeko aukera da; baina askatasun sentsazio hori mugatua da, zeruraino igotzen bagara ere ezin baikara askatu lurrera lotuta egotera kondenatzen gaituzten kateetatik.
Txoriak bezain aske une batez.
AZKEN 10 SARRERAK
eguino etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
eguino etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
2025/04/21
EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "ARISTA DE LOS LIMAKOS" GANDORRA, 150 m, V. 2025/04/05
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
18:27
Etiketak:
arista,
arista limakos,
doña eusebia,
egino,
eguino,
eskalada,
eusebia,
limakos,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga
2025/01/26
EGINO, ZAZPIGARREN MONOLITOA: OHIKO BIDEA, 75 m, V. 2024-12-30
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
"Hirugarren luzea eskalatzen hasi nintzenean gorputza dardarka nuen, ez bidearen pasagunerik zailenak eragiten zidan beldurragatik, nuen hotzagatik baizik. Lanbroaren hezetasunak eta haizeak izoztutako esku eta oinen behatz-mamiak ez ziren gai haitzaren zimurretatik jasotako informazioa garunera bidaltzeko, bere lehentasun osoa hotzak eragindako minean baitzegoen. Une labur batez pentsamendua etxean piztuta egongo zen tximiniaren epeltasunera joan zitzaidan: Ze Kristo egiten dut hemen? Oraindik bi luze falta zitzaizkigun bidearen amaierara iristeko".
Spoiler moduan kontatuko dizuet dena ongi amaitu zela azkenean eta uneoro hartu genituen erabakiak egokiak eta ongi pentsatutakoak izan zirela, lehenengoa izan ezik ziurrenik: bidea eskalatzen hastea. Baina bizitako abentura honen osoaren azalpenak beherago emango ditut.
2024ko ekainaren 1an Asier, Antxon eta hiruok Leze aisialdi gunean geratu ginen "Luca" eskalatzeko asmoz. Ez ginen udaberriko egunik onenean geratu, eskalatzeko behintzat ez, hodei astunez estalitako zeru beltz baten mehatxupean hasi baiginen eskalatzen. Gaizto-itxura zuen arren, zeruak eskalada-bidearen lehen hiru luzeak eskalatzen utzi zigun; laugarren luzea hastear ginela aldiz euri-tantak, hegazkin batek botatako bonbak izango balira bezala, nonahi jausten hasi ziren, bosgarren luzeko harkaitz-plaka nabarmenak busti eta kolore gris ilun eta distiratsu bat hartu zuten arte. Eta honekin batera eskalada amaitutzat eman genuen tristura handiz. Baina Lezeko aisialdi gunerako itzuleran Antxonek opari eder bat emango zigun.
Normalean arreta handirik jartzen ez diegun monolito guztietan geldialdi bat eginez, Antxonek monolitoek ezkutatzen dituzten eskalada-bide zahar eta ahaztuen zehaztasunak eman zizkigun, ia guztiak monolitoak lehen aldiz eskalatzeko jarraitu ziren bideak eta gehienak bere bikote Susanakin eskalatutakoak duela urte asko. Antxonen ahotsaren pasioak, inongo erreferentziarik gabe eta duela 70 urte inguruko materialarekin monolito hauek lehen aldiz eskalatu zuten horiengana eraman zuen nire irudimena. Horiena bai meritua eta ausardia!!!
Antxonek kontatu zizkigun igoeren artean, zazpigarren monolitoko ohiko bidea izan zen Asier eta bioi gehien erakarri gintuena. Zazpigarrena, Eginon dagoen monolitorik handienetakoa da eta ohiko bidea izan ezik, bertako puntara iristen diren beste bideak ez dira errazak; izan ere zazpigarrena izan zen monolitoen artean azken-aurrena eskalatzen. Itxura beldurgarri eta zirraragarria dauka ekialde nahiz mendebaldetik ikusten badugu, bere hormak eskalaezinak bait dirudite.
Zazpigarren monolitoaren kokapena.
Zazpigarren monolitoko ohiko bidea ez da monolitoa zuzen-zuzen eskalatzen duen ohiko eskalada-bide bat. Monolitoaren ahuldadeak jarraituz, ohiko bideak espiral bat eginez mendebaldetik ekialdera besarkatzen du monolitoa, enbor batera igotzen ari den suge baten moduan. A zer nolako ezusteko atsegina hartuko zuten Paco Lusarretak eta Jose Luis Vitoriak 1958an bidea lehen aldiz eskalatu zutenean!!!
Etxera itzuli ginenean, berehala bidali nion Asierri Vicente Peralesen "Eguino Paseos en vertical" liburuan bide honen azalpena agertzen den orrialdearen argazki bat. Monolitoa eskalatzeko egun bat adostea falta zen eta egun horrekin 2024ko eskalada-urteari amaiera emango genion.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 75 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Paco Lusarretak eta Jose Luis Vitoriak 1958an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: III- (15 m), 2ºL: III+ (20 m), 3ºL: V (15 m) eta 4ºL: IV+ (25 m). Lehenengo bi luzeak luze bakarrean eskalatu daitezke.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Hurbilketaren arabera, Eginoko edo Lezeko aisialdi guneko iturrian.
- Hurbilketa: Eginotik edo Lezeko aisialdia gunetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena Lezetik egitea da. Hemendik 20-25 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Monolitoa rappelatuz. 60 metroko bi sokekin rappel bakar batean lurrera iritsiko gara kailejoi aldera (ipar hormatik) rappelatzen badugu.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdinetako 6-8 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko eta friend sorta bat aseguru finkoen arteko tartea murrizteko. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi, hotzagatik oso motel ibili ginela kontutan hartuta.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak. Argazkia handituz gero bidean jarritako aseguru finkoen kokapena ikusi daiteke.
Krokis zehatza. Krokis honetan ere, argazkia handituz gero bidean jarritako aseguru finkoak ikusi daitezke.
DESKRIBAPENA
Bazterrak ezkutatzen zituen lanbroaren artean nekez ikusten ziren Eginoko haitzak. Motxilak bizkarreratu, txapelak jantzi, berokiak goraino lotu eta, airean dantzan zebiltzan tanta txikietatik babesten gintuzten tela fin hauen babes epelean uzkurtuta, oinez hasi ginen, eskuak poltsikoetatik atera gabe. Lezeko aisialdi gunea atzean geratzen zen heinean, zuhaitz eta haitzen forma ilunak lanbroaren ezereza zuritik agertuz joan ziren, mihise zuri batean marraztutako zirriborro lausoak balira bezala.
Monolitoak lanbro artean.
Monolitoak banaka-banaka zenbatuz nindoan: lehenengoa, bigarrena, hirugarrena… Zenbaketa honen beharrik ez nuen egia esan, zazpigarrena azken monolitoa baita; baina modu honetan burua zerbaitetan entretenituta neraman, berokitik kanpo zegoen hotzari arreta kenduz. Esaten da zerbaiti arreta jartzen diogunean, gainerakoari arreta jartzeari uzten diogula, mendian gauez ibiltzen garenean bezala: linternak argitzen duena bakarrik ikusten dugu, beste guztia ilunpean geratzen da.
Bosgarren eta seigarren monolitoen artean.
Hostoak galdutako haritzen adar biluzien artetik zazpigarren monolitoa agertu zenean ahozabalik geratu ginen: nola da posible letagin erraldoi eta bertikal horretara igotzeko eskalada-bide “erraz” bat egotea?
Zazpigarren monolito ikusgarria mendebaldetik ikusita.
Mentalki prest gentozen. Aurretik izandako esperientzia batzuengatik bagenekien Vicente Peralesen liburuko eskalada-bideen zailtasunari bi zenbaki igo beharra izaten dugula, bidean aurkituko ditugun zailtasunekin ustekaberik ez izateko. Zazpigarren monolitoaren ohiko bideari dagokionez, V zailtasuneko pasaguneren bat aurkituko genuela uste genuen, 1984an idatzitako liburu honen arabera zailtasunik handiena III+ delako. Bidearen gainerakoa II eta III artean dagoela azaltzen denez, guk III+ eta IV-ko zailtasunak topatuko genituela kalkulatu genuen. Eskalada-bide zaharretako zailtasun maila ez dugu sekula gutxietsi behar.
Monolitoaren oinera iritsi ginenean goizeko bederatziak eta erdi ziren arren, hotz handia egiten zuen. Gainera, neguko eguzki ahulari lanbroa zulatzea kostako zitzaiola zirudien, ez zelako inon ageri.
- Pixkat itxoingo degu? – Proposatu zidan Asierrek.
- Hobe – erantzun nion, motxila lurrean utzita.
Gure kalkuluen arabera eskaladak ez zigun denbora asko eramango. Motxilarik gabe, mugimenduan hasi ginen gorputzak hotzak ez geratzeko. Hasteko, bidea non hasten den ikustera joan ginen eta ondoren zazpigarren eta seigarren monolitoen atzealdean dagoen “kailejoi” horma alderik alde zeharkatu genuen. Atentzioa deitu zigun sektore honi egin zaion aurpegi-garbiketa: pareta tarte batzuetan estaltzen zuten huntza erraldoi batzuk moztu dira, baita eskalada-bide berri batzuk ireki ere. Eskalada-bide hauen berri banuen Josema Berrocosoren eskutik baita, ireki diren bide hauen artean, Mikel Saez de Urabainek aseguru finkorik gabe eta modu garbian ireki zituen bide batzuei paraboltak jarri dizkietela ere, Mikelen atsekaberako. Uste dut parabolt hauek kendu direla dagoeneko.
Zazpigarren monolitoaren ikuspegi beldurgarria kailejoitik ikusita.
Batetik bestera ordu erdiz ibili ondoren (paseo luze bat egitea ere pentsatu genuen), materiala guztia hartu eta bidea hasten den lekura hurbiltzea erabaki genuen, parabolt beltz bat duena. Hurbilketa hau erdi-oinez egiten da, belar eta adaxkek hartutako erlaitz inklinatu bat zeharkatuz.
Bidea hasten den parabolt beltzera hurbiltzen.
Parabolt beltzaren parean. Gainean lehen bilgunearen kokalekua ikusi daiteke.
- Nola ikustezu?
- Lanbroa altxatuko dela emateu – erantzun zidan Asierrek -. Ta eguerditik aurrera eguzkia emanda dau.
Asierren baikortasunak barnean nuen ezkortasun hotza biguntzea lortu zuen, aizto epel batek gurin hotza biguntzen duen moduan.
- Gainera zerua urdintzen hasi dela emten du – amaitu zuen irribarre batekin, zerua seinalatuz.
Asierrek katu-oinak janzten zituen bitartean bilgune ingurua eta sarbidea “txukuntzeko” aprobetxatu nuen, belar eta adaxka batzuk moztuz. Eskalada-bidea belar eta zuhaixken adaxkez estalia egongo zela ohartarazi zigun Antxonek: “eskalatzen baduzue, badaezpada inausteko guraize batzuk eramatea gomendatzen dizuet”.
- Lehenengo luzea, 15 metro, III-. Parabolt beltzaren gainetik dagoen koskara igo ondoren (III-), Asierrek bertan dagoen arrail batean friend bat trabatu zuen.
Friend-a trabatu ondoren. Zerura begira, bazirudien lanbroa berehala altxatuko zela.
- Harria oso ona dela ematen du baina oso hotza dago – ohartarazi zidan.
Luze originala zuzen jarraitzen duela pentsatu genuen, putreen gorotzek zuritu duten erlaitz horizontal bateraino, baina tarte hau landaretzak erabat hartua duenez, eskuin aldera zeharkaldi diagonal bat egiten jarraitu zuen, oinak non jartzen zituen ongi begiratuz (II). Koska txiki bat igota (II+) berehala iritsi zen lehen bilgunera, kimiko bat eta bi spit zaharrez osatutakoa. Bilgunea, putreen gorotzek zuritutako erlaitzaren muturrean dago, hormatxo txiki batean.
Lehen bilgunean.
- Bidea ekipauta dagoela esango nuke – esan zidan bilgunea muntatzen ari zen bitartean.
- Ze ba?
- Hemendik gora nahiko garbie dago eta bi parabolt berri ikusten die.
Asierrek soka jasotzen zuen bitartean katu-oinak janzten hasi nintzen, paraboltetik zintzilik, oin baten gainean oreka mantendu nahian. Nahiko lan izan nuen zapatilen lokarriak askatzeko, hotzagatik eskuetako behatzak baldartzen hasiak zirelako. Sudurra bere aldetik, gaizki itxitako iturri bat zirudien, tantaka denbora osoan.
Bidearen hasiera lehen bilgunetik ikusita. Zeharkatu genituen belar eta adaxkak ikusi daitezke.
Adaxkekin borrokan aritu ondoren, eskuak minberatuta iritsi nintzen bilgunera. Harkaitza izoztua zegoen, baita luzea tapizatzen zuten belar eta adaxkak ere; izan ere hauetatik zintzilik zeuden lanbro-tantak ere izoztuak zeuden, esfera perfektuak osatuz, urezko perlak izango bailira.
Lehen bilgunea.
- Rediosss ze hotz itten duen!!!! – Bota nuen bilgunera lotu nintzenean, eskuak igurzten nituen bitartean.
- Zerua argitzen ari dela ikusita, hemendik bost minutura edo eguzkia ateratzen hasiko dela ematen du – animatu ninduen Asierrek.
"Rediosss ze hotz itten duen!!!!"
Berokien barruan gordeta mantentzen genuen bero apurra ez galtzearren, Asierri zintzilik neraman friend eta express-zinta bakarra eman eta berehala hasi zen bigarren luzea eskalatzen.
- Bigarren luzea, 20 metro, III+. Bilgunearen gainetik dagoen hormatxora igo eta ezker horman dagoen paraboltera aseguratu zen (III). Hemendik gora luzeak misterio handirik ez dauka gordeta, erlaitz inklinatu eta erraz bat eskalatzen jarraitzea besterik ez delako (III). Hala ere, Asierrek eskalada poliki hartu zuen, noizik eta behin eskuak berotzera geldituz.
Erlaitz inklinatuan eskuak berotzen. Argazkian lehenengo parabolta ikusi daiteke.
Erlaitzaren zoruan jarrita dagoen parabolt batera aseguratu (luzeko bigarrena) eta, koska tenteago bat eskalatuz (III+), bigarren bilgunea dagoen erlaitz estura igo zenean brisa fin bat altxatu zen, monolitoa are eta gehiago hozten hasi zena.
Bigarren bilgunera iristen.
- Su puñetera madre!! – Marmar egin nuen hotzak uzkurtuta, alde guztietatik zetorrela zirudien brisatik babestu nahian, eskuak igurzten nituen bitartean.
- Ba hemen haizea fuertego dabil!!! – oihukatu zidan Asierrek bigarren bilgunetik.
Lehen bilgunea bigarrenetik ikusita. Eskuak berokiaren poltsikotan ditut, berotu nahian.
Luzea ahal nuen azkarren eskalatzeko gonbidapen gisa hartu nuen Asierren erantzuna. Lehen paraboltera iritsi nintzenerako eskuetako sentikortasuna galdu nuen. Hemendik gorako metroak tristeak izan ziren oso: eskuetako ukimenik gabe, ahal izan nuen moduan heltzen nituen heldulekuak, edo gutxienez hori uste nuen. Bilgunera iritsi nintzenean (kirol-eskaladako bi bilgune bata bestearen ondoan), eskuetako behatzetan mina izateaz gain oinetako behatzak ere hozten hasten zirela sentitu nuen.
Bigarren bilgunea, kirol-eskaladako bi bilgune bata bestearen ondoan.
- Joder ze hotza itten duen!!! – Esan nion Asierri eskuak besapetan sartuz.
- Bai, nik ere eskuk izoztuta dauzket – erantzun zidan, eskuei putz egiten zien bitartean –, baina ematen du bost minutu barru edo eguzkia aterako dela.
- Horixe esan didazu lehen pajarooo!!! Jejeje – erantzun nion aurpegian irribarre bat marraztu nahian.
Asierrek promestutako bost minutuak pasa zirenean dena berdin jarraitzen zuen. Pixkat gehiago itxarotea erabaki genuen, baina hotzagatik dardarka hasi ginenean erabaki bat hartzera behartu ginen: goraka edo beheraka? Gora begiratu eta lanbro artean zeru urdina ikusten hasten zela iruditu zitzaigun berriro ere.
- Eskuk pixkat berotzen ditudanean goraka jarraituko det, bale?
- Bale.
- Hirugarren luzea, 15 metro, V. Erabakia hartuta zegoen jada, bidea amaitzen saiatuko ginen. Haizeak tregoa motz bat emanez engainatu gintuenean Asier bilgunetik irten eta honen gainetik dagoen diedro tentea eskalatzen hasi zen, harkaitzean dagoen arrail baten laguntzarekin, kimiko batera aseguratu zen arte (IV+).
Amaigabea iruditu zitzaidan une labur batean eskuak zertxobait berotu zituenean, Asierrek eskalatzen jarraitu zuen diedroan dagoen arrailan friend bat trabatuz (V). Diedroaren amaierara iritsi zenean, ezker horman bi kimikoz osatutako bilgune batera luzeko hirugarren express-zinta lotu zuen.
Bi kimikoz osatutako bilgunetik express-zinta pasa ondoren.
- Diedron bukaeratik eskubira horizontalen jarraitu behar da – oihukatu nion bilgunetik, berriro ere altxatuta zegoen haizearen gainetik.
- Baleee.
Kimikoez osatutako bilgunetik gora ipuru batek pasabidea ixten duenez, eskuinera bota eta, metro horizontal batzuetan oinez jarraitu ondoren, bi paraboltez osatutako bilgune batera iritsi zen.
- Hemen haizegatik babesen gare!!! – Oihukatu zidan zoriontsu, sokak jaso zituenean – ez du hainbesteko hotzik egiten.
Asierren hitzek asko poztu ninduten, baina bera zegoen bilgune babestura iritsi beharra nuen oraindik. Kuriosoa da hotzak nola geldotzen dituen gorputzaren mugimenduak eta garunaren funtzionamendua. Asierrek bilgunea utzi aurretik normalean automatikoki egiten ditugun segurtatze-mugimenduak poliki eta ongi pentsatuz egin behar izan genituen, gertatzen zitzaigun guztia kamera geldoan gertatzen ari balitzaigu bezala. Asierren hitzek animatu ninduten arren, eskuetako ukimenik gabe jarraitzen nuen. Hau gutxi ez bada, oinetako behatz potoloetan mina sentitzen hasi nintzen.
Hirugarren luzea eskalatzen hasi nintzenean gorputza dardarka nuen, ez bidearen pasagunerik zailenak eragiten zidan beldurragatik, nuen hotzagatik baizik. Lanbroaren hezetasunak eta haizeak izoztutako esku eta oinen behatz-mamiak ez ziren gai haitzaren zimurretatik jasotako informazioa garunera bidaltzeko, bere lehentasun osoa hotzak eragindako minean baitzegoen. Une labur batez pentsamendua etxean piztuta egongo zen tximiniaren epeltasunera joan zitzaidan: Ze Kristo egiten dut hemen? Oraindik bi luze falta zitzaizkigun bidearen amaierara iristeko.
- Buffff, buffff, bufff – hasi nintzen intzirika, eskuak berotzen saiatzen nintzen bitartean.
Arnasestuka nindoan, ez estutzen ari nintzelako ezta nekatuta nengoelako ere, hotzagatik baizik. Hirugarren bilgunera iritsi nintzenean sentitu nuen lehen gauza haize eza izan zen, eta honek nolabaiteko “epeltasun” sentsazio bat eman zidan.
Lehen aldiz eskalada osoan eroso sentitzen hasi nintzen. Ukimena berreskuratu eta oinetako behatzetako mina desagertzen ziren bitartean, garunak ere arintasuna irabaziz joan zen. Orduan orain arte ahaztuta nuen pentsamendu batek alarma bat piztu zidan:
- 30 metroko bi sokekin monolitoa rappelatuko degu?
- Rappel batekin ez det uste – erantzun zidan Asierrek -. Nundik egiten da?
- Uste det kailejoi aldera egiten dela – erantzun nion -, baina hartzen ari gean altura ikusita ez dakit lurreraino iritsiko garen.
- Txarrenen igo gean lekutik rappelatzea izango genukela esango nuke, gero ikusiko degu.
Haizearen babesean, azken luzea eskalatzen hasi aurretik tarte bat hartu genuen gorputzaren tenperatura berreskuratzeko. Hizketan ari ginela, bilguneko paraboltak jarrita dauden modua atentzioa deitu zigun. Torlojuen haria oso kanpoan zegoen, parabolta barruraino sartu izan ez balitz bezala.
- Hauek ez daude ondo jarrita, ez?
- Ez – erantzun nion -. Ez behintzat teoriak dion modun.
- Bigarren luzen jarrita dauden paraboltak ere ondo jarrita ez daudela iruditu zait – esan zidan Asierrek.
- Ba ni ez naiz fijatu ere egin, nahiko lana nuen hotzarekin, jejeje – erantzun nion –. Dena den, ez det uste parabolt hauek aterako dienik, ez?
Oraindik ez genekien baina ordu erdi inguru barru bilgune berara itzuli beharko genuen parabolt horietatik rappela egingo genuen ala ez erabakitzeko.
Hirugarren bilgunea eta bere paraboltak.
- Laugarren luzea, 25 metro, IV+. Bilgunearen gainetik kimiko batekin babestuta dagoen hormatxo tentea igo (IV) eta arte batzuk ezkerrean utziz plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu zuen (III+), horma bertikal batekin topo egin arte, eskuinean kanal moduko bat duena.
Plaka inklinatuan.
Vicente Peralesen liburuak luzea kanal honetatik doala dioen arren, Asierrek lehen metroak honen ezkerrean dagoen horma bertikaletik eskalatzen jarraitu zen, bertan beste kimiko bat ikusi zuelako (IV+). Kimikoaren gainetik, errazen ikusi zuen lekuan eskuinera zeharkaldi motz bat eginez kanalera pasa zen, bertatik eskalatzen jarraitzeko, luzean jarrita dagoen hirugarren (eta azken) kimikoa topatu zuen arte, kanalaren amaieran dagoen ipuru txiki baten ondoan dagoena (IV).
Kanalera pasa ondoren.
Kanalaren amaieratik egindako argazki honetan ipuru txikia eta hirugarren bilgunea ikusi daitezke.
Hormatxo bat eskalatu (III+) eta, hormaren goiko ertzetik ezker aldera mugituz (III), berehala iritsi zen laugarren, eta azken, bilgunera, monolitoaren puntatik laupabost metro beherago dagoen urkila batean dagoena.
Ipuru txikitik bilgunera egindako argazkia.
- Hemen goien berrirore haizea dau!!! – Oihukatu zidan bilgunetik.
Asier berriro ere hozten hasten zen bitartean, gorputzaren tenperatura zertxobait errekuperatuta, esne-mamitan nengoen ni, goxo-goxo. Nola aldatu daiteken egoera metro apur batzuetako distantzian.
Ukimena eta tenperatura errekuperatuta, laugarrena izan zen eskaladaz gozatu nuen luze bakarra. Bilgunea alderik alde zeharkatzen zuen haize hotzaren eraginez, berehala baztertu genuen monolitoaren puntara igotzea.
Laugarren bilgunean, atzean zazpigarren monolitoaren punta ikusi daiteke.
- Ea orain nola jaisten gean.
Kailejoira zabaltzen den amildegira begiratu genuenean 30 metroko rappel batekin lurreraino iritsiko ez ginela pentsatu genuen, nahiz eta Vicente Peralesen liburuak 30 metroko rappel bat eginez lurreraino iristen dela esan. Kailejoia baztertuta, monolitoa ekialdetik igotzen duen bideetako batetik rappelatzea izan zen bigarren aukera, baina aukera hau ere baztertu genuen, eskalada-bide hauen amaieratik uste genuena baino askoz urrunago geundelako.
- Igo gean lekutik rappelatu beharko degu – proposatu zidan Asierrek orduan.
Lehenengo rappela, luzearen azken kimikotik hirugarren bilgunera arte egin genuen eta bigarrena hirugarren luzeko diedroaren amaieran dagoen bilguneko kimikoetako batetik (hirugarren bilgunetik egitea ez ginen ausartu) bigarren bilgunera. Bigarren bilgunetik lurrera iritsiko ez ginen beldurrez, hirugarren rappela bigarren bilgunera arte egin genuen, aurretik zihoana bidea destrepatuz, luze bat jaitsierako noranzkoan eskalatzen ariko balitz bezala.
Bigarren bilgunean irribarretsu. Abentura oraindik amaitu gabe zegoen.
- Hemendik beheraño iritsiko geala esango nuke – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
Bigarren bilguneko kimikotik rappela muntatu eta Asier hormatik desagertu zenean isil-isilik geratu nintzen zer gertatuko zenaren zain. A zer nolako atsedena hartu nuen Asierrek “iritsi naiz!!!” oihukatu zidanean. 25 metro inguruko rappel bat egin genuela kalkulatu genuen.
Azken rappelaren hasieran, Asier begi-bistatik galdu aurretik
Oinekin lur horizontala berriro ere zapaldu nuenean lasaitu ederra hartu nuen. Basoaren babesean, jada ez genuen hotzik sentitzen.
- Kondizioengatik eta jaitsi garen modun Alpeetako edo Patagoniako eskaladaren bat etorri zait burura – esan zidan Asierrek -. Hotza egiten ez duen egunen batean itzuli beharko gea, ea beste sentsazio batekin bukatzen degun.
- Momentu hontan ez dauket horretako inongo intentziorik, jejeje – erantzun nion irribarretsu.
Haritzen babespean, zazpigarren monolitoa atzean ikusi daiteke.
Harkaitz-eskaladan sekula pasa dugun hotzik handiena pasa genuen zazpigarren monolitoan, erabakiak hartzeko gaitasuna moteltzeraino. Baina eskalada honek asko erakutsi zigun eta, hasieran kontatu dudan moduan, hartutako erabaki guztiak (une batzuetan hotzaren eraginez motelak izan baziren ere), egokiak izan ziren, uneoro gure segurtasuna bermatuz. Sentsazio hobeago batekin amaitzeko berriro eskalatu nahi dugun arren eta oraindik ere bertan sufritu genuena ahaztu ez bazait ere, bidea oso polita dela ez dago zalantzarik, teknikoki "erraza", eta monolitotik dauden bistak pribilejiatuak dira. Hau da, osagai guztiak ditu bide gomendagarri eta errepikatua izateko, pena da bide hau hainbeste urtez ahanzturan egon izana.
Zazpigarren monolitoari azken begirada Bigarren luzeak zeharkatzen duen erlaitz inklinatua nabarmen ikusi daiteke.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Perales V. Eguino paseos en vertical, 92-93. Gasteiz. Vicente Perales, 1984.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)