AZKEN 10 SARRERAK
colera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
colera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/03/12

ACONCAGUA 2016-2017: 8. ACONCAGUATIK IHESI

"Mendia nire indarra da, hobekien sentitzen naizen lekua; baina bizirik sentiarazten nauena maite ditudanak dira, beraiek dira ibili ahal izateko arnastu eta behar dudan airea" Miriam Garcia Pascual.





Bigarren egunez jarraian haizeak gau osoan zehar denda kupidarik gabe astindu zuen, aluminiozko eskeleto eta tenkatzaileak behartuz. Orain arteko aurpegi maitagarria izkutatu eta Aconcagua haserre zegoela zirudien, Coleran muntatutako dendak batera eta bestera okertuz, gainetik kendu nahiko balitu bezala. Hotza egiten zuen, espedizio osoko hotzik handiena dudarik gabe, eta dendatik kanpo haizearen txistua besterik ez zen entzuten. Haize ufadek esnatu arren, denbora luzean lo egin nuen. Burua eta arima bakean nituen, ez zegoen haserrerik ezta buruko minik ere. Zalantzarik gabe orain arteko lorik indarberritzaileena Coleran pasatako azken gauekoa izan zen. Gaurko ibilbidea Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentuan amaituko zenez, kanpamentua uzteko presarik ez zegoen, izan ere, iratzargailurik ere ez genuen jarri. Gelditzen zitzaigun janaria Ibon eta Arkaitzen dendan zegoen eta termoan eramateko Capuccinoa lauontzat prestatuko zutenez, gosaria prestatzeko ere ez genuen denborarik "galdu" behar.

Esnatu bezain laster kanpoan utzitako materialarekin gogoratu nintzen: "haizek etzittun ba motxila ta bastoiak eramango?" Galdetu nion anaiari. "Esperoet ezetz baño ez bate harrittu" erantzun zidan lo zakuaren barrutik. Pixontzia husteko aitzakiarekin dendaren ondoan utzitako materiala bere lekuan zegoela egiaztatu nuen. Zerua itsasoak izaten duen urdin ilunez jantzita zegoen eta haizeak, inguruak gogor astinduz, erdi-makurtuta ibiltzera behartu ninduen. Dendan sartu nintzenerako eskuak hotzagatik minduta nituen: "Rediosss ze hotza itteon!!!" esan nion Ikerri eskuak berotzen nituen bitartean.

Dendaren barruan ahal izan genuen guztia biltzen hasi ginen. Lo zakuak biltzen ari ginela Ibon azaldu eta janariaren banaketatik zegokiguna eman zigun. Gauean dendaren barruan termometroak -14C graduetara iritsi zela esan zuenean, kanpoko sentsazio termikoa -30Cº ingurukoa izan zitekeela kalkulatu genuen. Hobe sentitzen zen baina gau osoa pixa egiten pasa zuen, atzo jarritako botikaren ondorioa dudarik gabe. Hotzagatik ez zen denbora luzean egon eta berehala alde egin zuen dendaren kremailera itxiz.

Denda barruko gauzak bilduta, Ikerri dendan gelditzeko eskatu eta, gailur egunean eraman nuen arropa guztia jantzita, motxila prestatzera atera nintzen. Haize izoztuak aurpegian min egiten zuen, begiak erdi-ixtera behartuz, irekita izanez gero begietan min egiten baitzuen. Motxila erosoago manipulatzeko eskularru fin batzuk bakarrik jantzita nituen, huts barkaezina, denbora gutxian hatz-mamietan mina sentitzen hasi nintzen eta. Mina pixkanaka handituz joan zen, hatzetara odolik iritsiko ez balitz bezala. Denda barrura sartu eta, belauniko, Mekari otoitz egiten arituko banintz bezala, eskuak berotu nahian hasi nintzen: "Ayyyyyyyy!! Ayyyy!!" arnasestuka kexatzen nintzen eskuak gorputzaren kontra igurtziz. Igurtziak indarrez egiten nituen baina eskuak ez ziren berotzen. Burutik pasa zitzaizkidan mugimendu eta neurrien ondoren, eskuak hanka tarte eta, plumiferoaren barrutik, besapeetan sartuz, beroa eta mugimendua oso poliki berreskuratzen nuela sentitzen hasi nintzen, eskuin eskuko behatz batean ezik. Eskuak berotu nahian nebilela Iker motxila prestatzera atera zen, baina bera ere denbora gutxira itzuli zen: "Ostiaaa, hau da hotzaaaa!!!" kexatu zen, "buffffff, hanketako hiru behatzetan kriston miñe dauket". Motxilak denda barruan sartu eta trasteak presaka eta inongo orden edo konturik gabe sartzen hasi ginen. Bata hatzetako minez, bestea behatzetako minez, dendatik atera eta ahalik eta azkarren desmuntatzeko ordua iritsi zen.

Aluminiozko hagaxka eta iltzeak kendu bezain pronto denda haizearen mende gelditu zen, lehortzen jarritako alkondararen moduan. Elkarri oihuka aritu beharra genuen, haizeak gure hitzak urrun eramatetik aparte, dendaren astinduen zalaparten gainetik ez baitzen ezer entzuten. Ikerren laguntzarekin sabaia dendaren zorroan eta denda motxilaren barruan edozein moduan sartzen nituen bitartean, berak hagaxka eta iltzeak jaso zituen. Honetan ari ginela haize ufada batek plumiferoaren txapela kendu zidan. Txapela bere lekuan jarri arteko denbora laburrean belarriak hoztu eta izugarrizko mina sentitzen hasi nintzen: "hoixe behar det, eskutatio aparte belarrik izoztea" pentsatu nuen. Hotzak akabatzen, gosaltzea ere "ahaztu" zitzaigun eta buruan genuen gauza bakarra handik ihes egitea zen. Lurrean gelditzen zen materiala ahal  genuen moduan motxiletan sartu edo alboetan zintzilikatu genuenean, ziztu bizian Coleratik alde egin genuen.

Coleratik beherako lehen metroak izan ziren konplikatuenak. Teknikoki zailak izan gabe kontuz ibili beharrekoak ziren eta jaitsiera errazteko harkaitzean zirga bat lotuta zegoen. Motxilen pisu eta haizearen indarragatik kontu handiz jaisten hasi ginen, pausuak poliki emanez, kamera geldoan mugituko bagina bezala. Beldur pixkat ere pasa nuen, eskuak minberatu eta gogortuak nituenez, irrist eginez gero zirga sendo eusteko kapaz izango nintzenik ere ez nekielako. Pasabidearen amaierara iritsi nintzenean arnasa sakon hartu nuen arrren, denborarik galdu gabe, haize eta hotzarengatik ihesi, ahalik eta azkar eta zuzenen "Nido de Cóndores" kanpamentura jo genuen.

Gure atzetik izurrite bat etorriko balitz bezala jaisten ari ginen, atzera begiratu gabe. Haur nintzela, Felix Rodriguez de la Fuenteren "El hombre y la tierra" saioetako batean "¡¡El lobo!! ¡¡El lobo!!" oihukatuz korrika azaltzen zen artzainaren saioa eta eszena burura etorri zitzaidan.

Zirga atzean utzi ondoren. Nire aurpegia pasatzen ari nintzen hotzaren adierazgarri.


Beherago, Nido de Cóndores kanpamentuaren gainetik.


"Nido de Cóndores" kanpamentura iritsi ez arren, Plaza Argentinaren isurialdean dauden goiko kanpamentuekin alderatuta, handia iruditu zitzaidan, heliportu eta guzti. 100-150 metro inguru eskuinera utzi eta, hotzak jota, ihesaldiarekin jarraitu genuen. Metroak galdu ahala haizearen indarra baretuz joan eta beroaren sentsazio goxoa berreskuratzen hasi nintzen: gorputza izan zen berotu zen lehena, hatzak aldiz, hotzak izan arren, gutxienez mugitzeko gai nintzen: "oain ulertzet Everesten dendak uzten dutenak" esan zidan Ikerrek, "gaur ordaindu ta dena ingo nuke norbaitek denda desmontatzeagatik".

Nido de Cóndores atzean utzita "Cambio de pendiente" deituriko lekura bero-bero iritsi ginen. Kanpin-dendak muntatzeko prestatutako lekuetako batean motxilak utzi eta atseden hartu genuen. Baraurik, urdailak ederki eskertu zuen janarien hondar eta Arkaitz eta Ibonen termotik edandako Capuccino beroa. Hatz bat ezik eskuak beroak nituen, gorputza aldiz, izerditzen hasita zegoen. Nork esango zuen ordu bete lehenago izoztuta izan ginela. Arkaitzek haizearen eraginez dendan tenkatzaile pare bat moztu eta zuloren bat ere bazegoela esan zigun: "gure denda itxuraz ondo zeokela esango nikek" erantzun zion Ikerrek. Gosea nolabait engainatu, soberan genuen arropa erantzi eta, hala nola motxilan lotu ondoren, martxan jarri ginen.

Cambio de Pendiente lekuan gehiegizko arropa gordetzen.


Atsedenaren ondoren, martxan jartzear.


Aconcaguaren haserrea baretzen hasita zegoela zirudien eta, hotzik ez genuenez, Iker eta biok jaitsiera lasai hartu genuen. Ibon eta Arkaitz aldiz, Aconcagua berriro ere haserretuko zelakoan, orain arteko ihesaldiarekin jarraitu zuten, pixkanaka urrunduz. Atzean gelditu arren, oraingoan ez nuen ezer sentitu; ez amorraziorik, ez haserrerik, ez ezer, beharbada dendak muntatzeko lekurik hartu behar ez zelako.

Anaia eta biok maldan behera.


Nahiz eta hasiera batean malda gozo eta erosoa izan, pixkanaka tentetzen joan zen, batez ere Plaza Mulas maldaren amaieran ikusten hasi ginenean. Desnibel antzekoa izanda ere, Plaza Argentinatik doan bidea baina maldatsu eta malkartsuagoa iruditu zitzaigun. Tartean kontu handiz elurtegi edo glaziar hondar batzuk zeharkatzen genituen eta, harritxintxarren gainetik, pausu bakoitzarekin mendia gure oinen azpian nola hausten zen sentitzen genuen. Jaitsierak Eginoko Aztoretik behera doan ohiko jaitsiera gogoratu zidan.

Goi-mendiko botekin ibiltzeko leku ezerosoa izanda, baldar xamar gindoazen, iztarrak eta sorbaldak ederki zigortuz, azkenekoak motxilan pisua edozein moduan banatuta eramatearen ondorioz. Plaza Mulas ikusi nuenetik iritsi ginen arteko denbora oso luzea egin zitzaidan eta, basamortuetako oasien antzera, jaitsi ahala urruntzen zela zirudien, iristeko gogo bizia nuenaren seinale. Coleratik atera eta bi ordu ingurura, sorbaldak txikituta eta egarriz, kanpamentura iritsi ginen.

Plaza Mulas kanpamentua. Zenbat kostatu zitzaigun bertara iristea!!


Plaza Argentina ikusi nuenean herri txikiaren irudia izan banu ere, Plaza Mulas herri handi bat iruditu zitzaidan, herri handietako luxu eta erosotasun guztiekin, helikoptero zerbitzua eta 4G konexioa eta guzti. Egun batzuk beranduago Mendozan Heberrekin izan ginenean, Plaza de Mulasen bere etxean baino konexio hobea zuela esan zigun. Hemen ere espedizioetako agentzia bakoitzak bere kokalekua zuen, honegatik, Inkaren domoak identifikatu bezain pronto, bertara zuzendu ginen.

Kanpamentuaren iparraldera egindako argazkia. Inkaren domo bereziak ikusi daitezke.


Kanpamentuak hiri bateko etorbide nagusia jai egunean zirudien, mendizale eta langileak gora eta behera, itsuraz inongo orden edo zentzurik jarraitu gabe. Kanpamentuko gehienek, gu bezala, gailur saiakera urtarrilaren 7an egina zutenez, goiko kanpamentuetatik bueltan, Plaza Mulas pixkanaka betetzen hasita zegoen langileen lana biderkatuz. Urtarrilaren 8an Inkako gunean bakarrik, 120 mendizale eta 30 langileentzat otorduak prestatuko zituzten. Gure bitartekaria Lorena zen, neska beltzaran, irrifartsu eta atsegina. Sukaldeko atarian egindako ongietorri beroaren ondoren Arkaitz eta Ibon zeuden domora lagundu zigun.

A zer nolako lasaitua motxila gainetik kendu nuenean. Motxilak domoaren bazter batean utzi eta, denborarik galdu gabe, Inkakoek ekarritako zukuekin hidratatzen hasi ginen. Plaza Argentinatik bidalitako petateak bertan zeuden, beraz, lau egunen ondoren, arropa garbia jartzeko aukera izango genuen. Bi ordu pasatxo jantzita izan arren, mendiko botekin kokoteraino nengoen. Petatetik zapatilak atera eta jantzi nituenean deskribatzen zaila den plazerra sentitu nuen: "denbora luzerako botak akabo" pentsatu nuen. Bazkaltzeko kristoneko bi enpanada ekarri zizkiguten, urdaiazpikoduna lehena, begetala bigarrena. Hasieran bakarra jango genuela pentsatu arren, euskaldun petoen moduan, biak di-da batean asetu arte irentsi genituen. Eta enpanadekin batera oinarrizko kanpamentuan egotearen beste plazer bat: garagardo freskoa. Horrela bai bizi!!!

Botak domoaren kanpoan Aconcagua zaindari dutela.


Bazkaltzen eta zintzurra freskatzen.


Bazkaldu ondoren arazo burokratikoak hasi ziren, zibilizaziora hurbiltzen ari ginenaren seinale: kanpamentua beteta, litera guztiak emanda zeuden eta bi kanpin-dendetan lo egiteko aukera eman ziguten: "gutxiñez koltxoi baten gañen lo ingodiau" esan zuen Arkaitzek dendak ikusi aurretik. Normalean hala bada ere, koltxoi guztiak ere banatuta zituzten, beraz, beste behin esteren gainean lo egin beharko genuen. Kanpin-denda ordea, zabal eta ederra zen, OZARK etxekoa, The North Face etxeko VE-25 denda ezagunaren imitazioa. Lo egiteko trasteak eraman eta domora itzuli ginenean, azken lau egunetako arropa zikina erantzi eta arropa garbia jantzi genuen. Eskuoihal eta ur pixkatekin gorputza nolabait garbitu eta arropa garbia janzteak izugarrizko plazerra eman zidan, gorputza ez ezik arima ere garbitu banu bezala. 

Plaza Mulaseko hotela.


Hurrengo pausu burokratikoa parke zaindarien eraikinera joatea izan zen, poltsa zuri eta laranjak entregatzeko. Bertan, gailurrera igo zirenen izenak hartu eta poltsak eraikinetik metro batzuetara zegoen edukiontzira bota genituen. Gorputz eta motxiletako zabor, hondakin eta kaka guztiak kenduta, purifikatu sentsazioarekin domorako bidean gindoazela Ari ikusi genuen. Haizearen eraginez lau bezeroekin Coleratik jaitsi berria, Heber beste bezero batzuekin gailurrerako bidean zela esan zigun. Oraindik gailurrera iristerik izan zuen ez bazekien ere, Heberrengan konfidantza osoa zuela esan zigun.

Plaza Mulas eta Aconcagua.


Arikin hitz egin ondoren, 4G konexioa aprobetxatuz, domotik atera eta Itziri telefonoz deitzera ausartu nintzen. Eta ausartu hitza propio idatzi dut berarekin negarrik egin gabe hitz egitea kapaz izango ez nintzela banekielako, ez harrotasunagatik, literalki hitz egiteko kapaz izango ez nintzelako baizik. Mendozatik irten ginenetik bere ahotsa entzun gabe nengoen eta, solasaldiak iraun zuen denboran, espedizioan bizitako momentu on eta txarrak kontatzen saiatu arren, behin baino gehiagotan negar egin nuen. Eguzkia bitartean Aconcaguaren gailurra gorritzen hasita zuen eta inguratzen ninduen edertasuna ikus eta sentiarazi nahi nion: "triste zare?" Galdetzen zidan behin eta berriz. "Ez, negargurea dauket, besteik ez" erantzuten nion malkotan, ondotik pasatzen zirenen begirada arraroetatik ihesi. Barruan nituen korapiloak askatuta nituen eta emozioen ate eta leiho guztiak parez-pare irekiak nituen. Egun hauetan bakarrik sentitu zela esan eta malkoei eutsi nahian zebilela iruditu zitzaidan. Momentu horretan bitan pentsatu gabe gainean nituen hondasunak ere emango nituen bere ondoan egon eta besarkatzeko, etxeko atarian biluzik azalduko banintz ere.

Itzikin hitzegin nuen lekutik egindako argazkia.


Domora itzuli nintzenean lauotatik aparte italiar bikote bat, hauen mendi gidaria, aleman bat eta honen mendi-gidaria zeuden, domoaren biztanlegoa handituz. Ariren bezeroak ezik, bazirudien 7an gailurrera irtendako guztiek lortu zutela, edo gutxienez gure ingurukoek, denek gailurrera igo zirela esaten ziguten eta. Honek berriro buelta azkarregi hartu ez ote genuen pentsatzera eraman ninduen eta, beste mendizaleak zoriontsu ikusten nituen bitartean, momentu batez tristura eta inbidiaren ziztada sentitu nituen. Orduan, egun bat lehenago mendizale gehienak gailurretik Colerara nola iristen ziren gogoratu eta "momentu hortan hartzeik zeon erabakik onena hartu genun" batekin sentimentu negatiboak buru eta gogotik bota nituen.

Plaza Mulasen igandero haragi errea afaltzeko ohitura zegoen, sistema berezia erabiliz: Inkako gunea osatzen genuenok ilaran jarri eta bakoitzari haragi pusketa txiki bat ematen ziguten, zorte pixkatekin haragai eta txorizo pusketa bana. Haragi pusketatxoa jan ondoren, batzuetan domorako bidean (haragi baino hezur gehiagoko zatia bazen), besteetan domoan bertan, ilarara itzultzen ginen prozesua berriro ere hasiz.

Ilaran txintxo eta formal geunden bitartean, lehenengo haragi eta txorizo pusketak mendi-gidari eta bezeroentzat izan ziren, afari banaketaren sisteman lehentasunak zeudenaren seinale. Eguzkia sartu zenetik tenperaturak behera ziztu bizian egin eta, nahiz eta berokiak jantzita izan, hotza pasa genuen. Afaria lau euskaldun asetzeko eskasa izan zen eta, sukaldarien harridurarako, laugarrenez ilaran jarri ginenean, gelditzen zena bereientzat zela esan ziguten afaririk gabe geldituko zirenaren beldurrez. Afaltzen ari ginela Ari eta Luis "Manzanitarekin" hitz egiteko aukera izan eta domo berean zegoen alemaniarraren mendi-gidaria Lito Sanchez beteranoa zela esan ziguten. Gure igoerari dagokionez, Luisek Ibon hain gaizki ikusi ez zuela esan zigun: "¡¡¡No veis, tampoco iba tan mal!!!" esan zigun Ibonek Arkaitzek gailurrera iristen grabatutako bideoan ikusitakoa sinistu izan ez balu bezala.

Domoan jarrita zegoen taxi hegalariaren zerbitzua, garestia izan arren, dirudienez ekologikoa.


Zilar koloreko ilea eta mila zimurrez zeharkatutako aurpegia izan arren, Lito Sanchezen eskuak sendoak ziren. Aurrera eta atzera, galduta zegoenaren sentsazioa transmititzen zuen. Zortzimilako bat igotako lehen argentinarra zen eta, euskaldunak ginela esan genionean, Juanito Oiarzabalen adiskidea zela esan zigun. Bezero alemaniarrarekin batera,  poloniarren bide zuzena eskalatzetik zetorrela esan zigun, baita glaziarraren egoera paregabea zela ere, igoerari garrantzirik emango ez balio bezala. Litokin hitz egiten ari ginela postrea iritsi eta, honen ondoren, Ibon eta italiarretako batek xanpain botilaren kortxoarekin zuten punteriaren erakustaldia eskeini ziguten. Ohitura zen gailurrera iritsitakoen artean kortxoa domoaren leihotik sartuz gero bigarren xanpain botila bat irabaztea, baita biek lortu ere. Bigarren xanpain botilare ordez haragi edo postre gehiago ekarri izan baligute zoriontsuago izango ginen dudarik gabe. Lorenari Horcones arte zenbat denbora beharko genuen galdetzeko aprobetxatu eta, "lo normal son unas ocho horas pero hay quien lo hace en siete incluso en seis" erantzun zigunean, zortziretan gosalduko genuela esan genion. Aurretik mandazainek garraiatzeko petate eta poltsak prestatu beharra genituenez goizeko zazpiak eta erdietan jeikiko ginela adostu genuen.

Etapa honetako ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


Lo zakuetan egin genuen azkeneko gaua epel, eroso eta sakona izan zen, espedizio osoan iratzargailuak esnatu gintuen lehena, ondo lo egin genuenaren seinale. Dendaren kanpoan aspalditik entzun gabeko hots ezaguna entzun nuen: "ez al du ba ebiik aittuko, ez?" Galdetu nion anaiari. Dendatik burua atera eta kanpamentua lainoak estaltzen zuela ikusi nuen. Hotz egiten zuen eta hotzaren ondorioz, langarrak, izotz malkoetan bihurtua, dendaren sabaia jotzen zuen. Lainoak kanpamentuari nolabaiteko itsura misteriotsua ematen zio eta Aconcagua, agurtu nahiko ez bagintu bezala, lainoaren artean izkutatua zegoen, agur esaterakoan gurasoen hanken artean izkutatzen den haur lotsatiaren moduan.

Zerua gris eta tristea.


Dendako trasteak jaso eta petate eta motxilak prestatzera joan ginen. Mandoetan bakoitzak eraman genitzazkeen 20 kiloetara iritsi arte tartea genuenez, anaia eta biok ahal izan genuen guztia petate eta plastikozko zakuetan sartu genuen, jaitsierarako biontzat motxila arin bat bakarrik utziz. Arkaitzek motxila eramatea erabaki zuen eta Ibonek motxilaren "txapela" gerriko poltsa moduan jarri zuen. Traste guztiak pisatu eta dena ongi zegoela egiaztatuta, gosaldu, Inkakoek honetarako prest zuten karpa batetik ibilbiderako janaria hartu eta, Luis eta Lorena agurtu ondoren, goizeko bederatzietan martxan jarri ginen.

Plaza Mulasi egindako azken argazkia.


Leku beretik behera egindako argazkia.


Plaza Mulas uztean ez zen tristura sentsaziorik izan ezta momentu hunkigarririk ere. Kanpamentura azkeneko aldiz begiratu nuen, Aconcagua bere osotasunean ikusiko nuenaren itxaropenean: "ez diguzu igotzen utzi ta etzea agur esatekore azaldu behar?" aurpegiratu nion. Esandakoari jaramonik egin gabe lainoen artean isilik jarraitzen zuela ikusita, hortzak estutu eta, amorratuta, maldan behera bizi-bizi hasi nintzen. Aconcaguara dagoeneko ezerk lotzen ez ninduela sentitu nuen eta, mendiaz aspertu eta asetuta, buruan nuen gauza bakarra Horcones eta Penitentesera ihes egitea zen, dutxa beroa hartu eta ohe batean lo egiteko.

Plaza Mulas atzean utzi ondoren.


Plaza Mulasera iristeko dagoen "Cuesta brava" malda erdi-korrika jaitsi genuen, ultra mendi lasterketa batean izango bagina bezala. Iraganaren eredu zen Refugio Colombiaren hondakinak eskuinean utzi genituen. Dirudienez hemen kokatu ohi zen Plaza Mulas kanpamentu zaharra, elur-jausi batek aurretik eraman zuen arte.

Cuesta Brava jaitsi ondoren, argazkian ez da ikusten baina eskuinean Refugio Colombiaren hondakinak daude.


Goiza freskoa zen baina ez zen hotzik. Jaitsiera oso azkarra egin genuen, atzera begiratu gabe, Coleran laurok hasitako ihesaldiarekin jarraitu nahiko bagenu bezala. Zerbaitegatik geldituz gero, gelditzearen arrazoiaren arabera noski, korrika saio txiki edo luzea egin beharra zegoen taldera iristeko. Zeruak tanta soilen bat bota arren lehor mantentzen ginen eta pausuen hotsaren gainetik Horcones errekaren kantua besterik ez zen entzuten.

Nahiz eta Horcones erreka ondoan izan bailara oso lehorra da.


Confluenciara iritsi aurretik dagoenarekin batera, jaitsiera osoan topatu genuen aldapa bakarrera iristen.


Arkaitz Playa Chicaren hasieran.


Playa Chica zeharkatzen.


Haizea indartuz joan zen baina alde izanda, txirrindularitzako erloju kontrako taldekako probaren moduan, Arkaitz, Iker eta hiruok tartekatuz abiadura bizia mantenduz joan ginen. Gure artean ez zen solasaldi luzerik eta bazirudien hiruon helburua abiadura bizi hori mantentzea besterik ez zela.

Harrigarria bada ere anaiak aurretik.


Horma konglomeratuak.


Playa Chicaren erdian.


Denbora baten ondoren, Ibon, abiadura erosoagoa hartzea erabaki, eta pixkanaka atzean geldituz joan zen. Besteok azkar jaitsi arren, harrigarria bada ere, inguratzen gintuzten mendi eta haranez gozatu eta argazkiak egiteko aukera izan genuen. Ikusmirak ez zuen Vacas errekaren bailararen antzik. Isurialde hau lehorragoa zen, eta inguruko mendien estrato eta lur gorriak erakarri ninduten. Haizeak lur lehorretik izugarrizko hauts olatuak altxatzen zituen, batez ere Playa Chica eta Plaza Ancha lautadetan, gure ibilbidea baino, goraka zihoazen mendizaleen ibilbidea zailduz. Goitik behera estalita zetozten, hautsarekin borrokan, haizearekin borrokan, mendiarekin borrokan.

Bailara lehorra izan arren, noizik eta behin belarra ikusteko aukera genuen.


Playa Anchan.


Metroak oso azkar galdu genituen eta pixkanaka harri eta harearen artean belar eta zuhaixkak ikusten hasi ginen haran honetan bizitzarik badagoela gogoratuz. Hego hormaren oinean kokatutako Plaza Francia kanpamentura doan sakanaren ikusmiraz gozatu eta, denboraren poderioz erdi erdoildutako zubi zaharra pasa ondoren, hamabiak eta hogeiak jota Confluencia kanpamentura iritsi ginen.

Zubiaren aurretik dagoen kartela.


Confluencia, Aconcaguara Horcones sakanetik igotzen direnen lehen kanpamentua zen. Plaza Francia eta Plaza Mulas kanpamentuetara doazen sakanek bat egiten duten zelaigune zabal eta lauean kokaturik zegoen. Zuen tamainagatik mendizale ugari mugitzen zen kanpamentua zela argi zegoen.

Confluenciara iristen, atzeko mendia ikusgarria iruditu zitzaigun. Cerro Almacenes izena duela uste dut.


Mendia gertuago, Vignemaleko eskisto gorriak gogora ekarri zizkidan.


Sarreran zegoen iturritik ur freskoa edan eta, Ibonekin elkartu ondoren, Inkako sukaldea zegoen domora zuzendu ginen. Bertako langileek jan eta edatekoa eskeini ondoren mahai batean atseden hartu eta Plaza Mulasen hartutako janaria jan genuen. Inkako langileetako batek Horconesera zein orduetan iritsiko ginen galdetu zigun, gure bila norbait jasotzera bidaltzeko: "Pues no sé, ¿Cuánto se tarda?" Galdetu genion. "¿Cuánto han tardado para llegar acá? galdetu zigun berak. hiru ordu eta erdi baino gutxiago pasa genuela esan genionean ordu biak eta laurdenetarako iritsiko ginela aurrikusi eta ordurako gure bila norbait bidaliko zutela esan zigun.

Confluenciatik behera destrepatu eta eskalatu behar den errekatxoa pasa ondoren.
Duela urte batzuk hemen izugarrizko lu-jausia gertatu zen.


Bidean behera atzera egindako argazkia, belarra pixkanaka lurrari lekua hartzen.


Confluenciatik behera ihesaldiarekin jarraitu genuen, Arkaitz, Iker eta hiruok bizi-bizi, Ibon lasaiago, Horcones errekaren burrunba gure eskuinean handituz zihoan heinean. Zerua saretuz zihoan eta lehen orduko lainoa mila pusketatan apurtzen hasia zegoen, lurrera eroritako platerraren moduan. Bailarari zegokionez, belarrak pixkanaka  lurrari tartea irabazten hasita zegoen, bidaiaren amaierara iristen ari ginearen seinale. Zubi eseki bat zeharkatu eta, aspaldiko partez, txoriak ikusi genituen. Turista askoko lekuan geundela argi zegoen, ogi papurren eskean izango balira bezala, txoriak gure inguruan oinez zebiltzan eta, hirietako usoen moduan. Txoriei argazkiak egiten ari ginela zubiaren bestaldera Ibon iritsi eta laurok berriro ere elkartu ginen arte.

Zubia zeharkatzen.


Zubiaren bestaldean zeuden txori txikiei argazkiak egiten.


Ibon zubira iristen.


Zubia zeharkatzen.


Zibilizaziora iristen ari ginen eta espedizio osoan lehen aldiz igandezaleak ikusi genituen. Hauek, guk beraiei moduan, harridura aurpegiarekin begiratzen gintuzten, lekuz kanpo nor zegoen pentsatzen arituko balira bezala. Sandalia eta galtza motz garbiak jantzita zeuden bitartean gu goitik behera hautsez beteta gentozen: ze espero zuten ba Aconcaguatik jaitsitako batzuetatik?

Zubitik aurrera pista zabal bat jarraitu genuen Horcones urmaelara iritsi ginen arte.

Horcones urmaelara iristen.


Horcones urmaela.


Lurralde lehorraz inguratua, Horcones urmaelak basamortuaren erdian dagoen oasia zirudien, belar eta ihiz inguratua. Ahatak ez molestatzekon zihoen kartela izan arren ez genuen ahatik inon ikusi, nonbait iparraldera joanda izango ziren. Argazki batzuk egin eta, Horcones urmaela atzean utzi ondoren, Horconesera ordu biak eta laurden ematear iritsi ginen, Confluenciako langileak aurrikusi bezala, nire ihesaldiari amaiera emanez. Zain genuen autobus itsurako furgonetan sartu eta, Parkearen sarrerako eraikinean parkera baimen orrian irteera zigilatu ondoren, autobusak Penitentesera eraman gintuen espedizioari amaiera emanez.

Urmaela zeharkatzen.


Horcones parkean dagoen heliportu eta helikopteroa.


Ibilbidearen amaieran, argazkiaren ezkerrean helikopteroa ikusi daiteke.


Azken etaparen ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


Begiak itxi eta Penitentesen izan ginen egun bakarrean pentsatzen jartzen naizenean, zalantzarik gabe oroitzapenik ederrenak hartutako dutxa beroa, edandako Quilmes garagardo freskoak eta ohean lo egitetik datoz. Gauza asko egiteko aukerarik ez genuen izan, Plaza Argentina eta Plaza Mulasetik iritsitako materiala petate eta motxiletan berrantolatzea denbora luzea eraman zigun eta. Hoteleko WIFIak Itzikin whatsapp bidezko mezu gutxi batzuk elkarbanatzeko aukera eman eta afalostean Mariano Galvanekin mahai baten inguruan garagardo batzuk edateko aukera izan genuen. Coleran izan nuen inpresioa oso ona ez izan arren, Penitentesen izandakoa bestelakoa izan zen, garagardoak izan dezakeen sozializazio funtzioa batzuetan gutxietsita dago dudarik gabe. Sei hilabete beranduago, ekainaren 24an, Euskal Herrian San Juan suen errautsaren usainarekin esnatzen ginen bitartean, Nanga Parbat mendiko Mazeno gandorra eskalatzen ari zirela Mariano Galvan eta Alberto Zerain mendizale gasteiztar indartsuaren arrastoa galdu zen. Astebetez eguraldi txarraren eraginez beraien bila atera ezinik izan ondoren, ekainaren 30ean helikoptero bat beraien arrastoa galdutako lekura iritsi eta bertan elur jauzi ikaragarria izan zela baieztatu zuen, erreskate lanak bukatutzat eta itxaropenak galdutzat emanez. Goian bego bi mendizale handi hauek.

Penitenteseko hotelean sozializatzen.


Biharamunean presarik gabe jaiki eta bigarren dutxa beroa hartzeko aukera izan nuen. Gelako trasteak motxiletan jaso eta, bila etorri zen furgonetan sartu ondoren, Penitentes betirako utzi genuen. Bidaian isiltasuna eta lo kuluxkak nagusitu ziren, batez ere atzean eserita zetozenen artean, solasaldi guztiak amaituta izango balira bezala. Hirurogei urte ongi betetako autobus gidaria ez zen oso hiztuna eta berarekin izandako solasaldia eskasa izan zen. Isiltasuna hautsi zuten hitz gutxien artean Mendoza arteko bidea motza egin zitzaidan.

Hoteleko logelara sartu ginenean petate eta motxilak gelan zehar justu ibiltzeko utzi eta, nekatuta, ohe gainera bota ginen. Zibilizaziora itzuliak ginen, porlanezko mendira, kotxeen klaxon eta zaratak isiltasuna betirako kanporatutako lekura, aire egokitutako lekura eta, azken finean, normalean ihesaldiak hasten diren lekura. Oraingoan ihesaldia hemen amaitzen zen, Aconcaguatik ihesi netorren, nekatuta, aterpe bila. Mendozan aterperik topatuko al nuen?

Hoteleko logela.



2017/03/05

ACONCAGUA 2016-2017: 7. GAILUR EGUNA

"Gailurra pastelaren ginga da. Jaten dudala? Ondo.  Ez dudala jaten? Pastel osoa jan dut" Iñaki Ochoa de Olza.





"... Milagarrenez estropezu egin nuenean Ikerrek "ondo zare?" galdetu zidan. Nola sentitzen nintzen esan nionean buelta zergatik hartzen ez genuen esan zidan lehen aldiz".

Haizeak gau osoan denda astindu zuen lurretik atera eta aidean eraman nahiko balu bezala. Erlojuak goizeko lauak eman bezain pronto alarmari segundu bat baino gehiago jotzen ez nion utzi. Dendaren sabaia bandera baten moduan mugituzen zuen eta aurrikusitako eguraldi oneko leihoa amaitu ez ote zen pentsatzen hasi ginen. Haizearen astindu bakoitzarekin gailurrera ateratzerik izango genuenaren zalantza handituz joan zen. Ez nuen lo handirik egin baina gorputza atseden hartuta sentitzen nuen. Hala ere, bigarren egunez jarraian, biok buruko minarekin esnatu eta Hemicraneal pastila bana hartu genuen.

Lo zakuen berotasun eta babesa uzteko zalantzak zenbat iraun zuen ez dakit, baina egunaren hasierako minutu haiek hirunaka pasatzen zirela zirudien. Oso motel genbiltzan. Urduritasun edo altueragatik bazen ere orain arte gosari eta material prestaketarako behar genuen ordu bete eskasa ordu eta erdi pasatxora luzatu zen. Dendatik atera ginenerako goizeko bostak eta erdiak jota zeuden. Arkaitz eta Ibonek ordulaurden zeramaten kanpoan gure zain, batera eta bestera, urduritasun eta hotzak jota. Arkaitzi gure atzerapenagatik haserre puntu bat ez ote zuenaren susmoa ere hartu nion. Denbora gehiago galtzearen beldurrez, Oreo batzuk, alfajor parea eta gel bat hartu, Salomon botilatxoak plumiferoaren barruko poltsikoan sartu eta, termo beroa motxilaren barruan gorde ondoren, martxan jarri ginen.

Goiza haizetsua izan arren zerua izarrez estalia zegoen, ikusgarria da 6.000 metroetara zenbat izar ikusi daitezkeen. Dagoeneko talde asko gorako bidean ziren eta, iluntasunean, kopetako linternekin osatzen zuten argizko sugea besterik ez zen ikusten. Bizkor hasi ginen, beharbada bizkorregi, gailurrerako azkeneko trena galtzear izango bagina bezala, eta denbora gutxian sugearen azken mendizaleak harrapatu genituen.

Kanpamentua utzi genuenetik ez nindoan eroso. Beranduegi igotzen ari ginenaren sentsazioak kutsatuta, burua urduri eta larrituta sentitzen nuen. Kopetako linterna ez nuen ondo estututa eta denbora osoan aurpegira erori eta manoplekin linterna bere lekuan jartzea kosta egiten zitzaidan. Hau gutxi ez bada, manoplak makuluen zintetatik sartzen ez zirenez, makuluak ez nituen ondo heltzen, besoekin egiten nuen indar handi bat alperrik galduz. Honegatik, manoplak jarrita nituenean, makuluak laburtzen nituen indarra makuluen gainean egiteko, manoplak erantzita nituenean aldiz, makuluak murrizten nituen heldulekuetatik indarra egiteko. Erritmoari dagokionez, espedizio osoan eramandako erritmotik kanpo arnasestuka nindoan eta, hartzen nuen erritmoa hartzen nuela, ez nuen luzaroan mantentzen, kopetako linterna edo makuluengatik gelditu eta kontzentrazioa galtzen nuelako.

Mendiko ultra-lasterketetan esan ohi da hotz, bero, gose edota egarririk ez dela pasatu behar. Hauetakorik sentitu ez arren, abiadura eroso bat eraman eta mantentzeko ez nintzen kapaz. Sentsazio hau etxe inguruko ibilbide eta mendi lasterketeta batzuetatik ezaguna nuen eta pasakorra zela banekienez "gorputze berotzeanen pasakoa" esanez animatu nintzen.

Coleratik gorako malda gogorrean, azpian kanpamentua ikusi daiteke.


Eguna argitzen hasi zenean kopetako-linterna kendu eta izugarrizko lasaitua hartu nuen. Hala ere gorputza oso nekatuta sentitzen nuen. Orain arte eramandako hidratazio zorrotza hala nola neraman eta Salomon botilatxoetatik edateak lana handia ematen zidan: ez, botilatxo hauek eramatea ez zen ideia on bat izan. Espedizio osoan likido gutxien eraman nuen eguna izan zen, aurrikusitako hamar orduetako ibilbideari aurre egiteko 2 litroetatik behera. Ura aurrezteko egin daitekeen gauzarik onena erritmo motelagoa eramatea denez, aurrera pasatu eta abiadura motelago bat jartzen saiatu nintzen.

Arkaitz eta Iker indartsu zihoazen, Ibon aldiz ez nuen ondo ikusten eta gelditzen hasi zen: "Smithy, aurpegie haundituta eta ezpañak morek ez al dizkik?" Galdetu zidan Arkaitzek. Gelditu eta, Ibonek begien inguruan aurpegia handituta bazuen ere, ezpainak ez nizkion more kolorekoak ikusi. "Nei etzaiak iruitzen" erantzun nion. "Nekatuta baina ondo noa" esan zigun Ibonek. "Ba etzekiat ba, hik esaten baek ondo, baña usteiat ezpañek ondo ez dizkikela" erantzun zuen Arkaitzek.

Coleratik atera ginenetik bi ordu ingurura atseden bat hartzeko gelditu ginen. Gorputzak ez zen martxan jartzera animatzen eta, energia faltaren beldurrez, alfajor bat jan nuen. Ibon oso nekatuta ikusten nuen. 25 minutu inguruko atsedena ongi etorri zitzaigun dudarik gabe.

Independenciara iritsi aurretik, atzean Aconcaguaren itzala ikusi daiteke.


Independencia kanpamentura hiru orduetatik behera iritsi ginen, Galvanek aurrikusitako denboratik behera. Kanpamentua 6.380 metroetara dagoen lepo txiki batean dago. eta kanadiar kanpin-denda itsura duen erdi eroritako egurrezko eraikin batek osatzen du. Kanpamentuan zehar hainbat mendizale lurrean eserita zeuden, batzuk atseden hartzen,  beste batzuk hamaiketakoa egiten edo kranpoiak jartzen. Guk ere, kranpoiak jarri beharko genituela aprobetxatuz, eguneko bigarren atsedenaldia egin genuen.

Harkaitz batzuen kontra lurrean eserita geundela, Penitentesetik ikusten ez genuen Xavi mendi-gidaria eta bi bezero katalanak iritsi ziren. Beraiekin izandako solasaldian gauzak ongi ez zihoazen lehen susmoa izan nuen: solasaldia amesten arituko banintz bezalako sentsazioa nuen, inguruan gertatzen zena nire gorputzetik kanpo gertatuko balitz bezala. Honetaz aparte, mila aldiz jantzitako kranpoiak jartzea izugarri kostatu zitzaidan. Normalean automatikoki eta pentsatu gabe egiten ditudan mugimentuak eman aurretik ongi pentsatu egin beharra nituen, nire begien aurrean lehen aldiz kranpoi batzuk izango banitu bezala: "ez da posible, ezin da gailur eguna nire egun txarra izan" pentsatzen hasi nintzen gorputzak bidaltzen zizkidan mezuak ukatuz.

Kranpoiak jarrita, katalanak agurtu eta martxan jarri ginen, Arkaitz aurretik, Ibon eta gu atzerago. Independenciatik gora dagoen elurrezko aldapa gogor eta motza igotzea izugarri kosta zitzaidan, aho zabalka eta pentsakera motel zihoala sentituz, erdi-mozkorra banengoen bezela. Hala ere, aldapa igo eta parez pare "Portezuelo del viento" zeharkaldia ikusi nuenean zertxobait animatu nintzen.

Independenciatik gorako aldapa igo ondoren.


"Portezuelo del viento" Aconcaguaren mendebaldeko aurpegia zeharkatzen duen zeharkaldia da eta honen amaieran "La Cueva" deitutako leze itxurako horma dago, gailurrera eramaten duen "Canaleta" malda gogorraren oinean. Bere izenari ohore eginez "Portezuelo del Viento"-n haizeak gogorrago jotzen zuen, baina ez zen oztopo metroak irabazteko. Erdi-mozkor sentsazioa azukre faltagatik izango zenaren beldurrez, edozein momentu aprobetxatzen nuen zerbait jateko. Zeharkaldiaren hasieran mendi-gidari argentinar batek behatz itxurako harkaitz batean babesean egongo ginela esan zigun. Honegatik, harkaitz honetara iritsi ginenean, atseden motz bat egin eta gora jarraitu genuen. Ibon batzuetan gure aurretik eta batzuetan atzetik zihoan, 5-6 metro egin ondoren gelditu eta arnasestuka, hala nola atseden hartuz. Bera ere, ni bezela, geroz eta baldarrago, geroz eta motelago ikusten nuen.

Ikerren aurretik nindoan ahal nuen abiadura markatu eta, gazteetan mozkortzen ginenean egiten genuen bezela, ibilkera baldarra nolabait disimulatuz. "Hau normala al da?", "Altueraren gauza da edo altuerako gaitzaren hasiera?". Pentsamentu hauetan murgilduta nindoala Ibonen ibilkerak behera egin zuen zeharo eta ibilitako bost metroen ondoren lurrera bota edo erortzen hasi zen, lurrean segundu batzuetan eserita egon ondoren jaiki eta beste 5-6 metroen ondoren berriro erortzeko. Ez nekien zer gertatzen zen, indarra banuela sentitu arren gorputza oso astun eta baldar sentitzen nuen, erreka batean gerriraino sartuta korrontearen kontra ibiltzen arituko banintz bezala. Gorputza bigarrenez ukatu nuen: "hau ez da gertatzen ari, ez da justua" pentsatu nuen zeruari begira. Nire buruari helburu txikiak jartzen nizkion, hasiera batean hainbat metroetara zegoen harkaitz edo harri berezia, baina gora nindoan heinean helburuak gertuago jartzen nituela konturatzen hasi nintzen. Gora begiratu nuenetako batean Arkaitz "La Cueva"-n zain zegoela ikusita animatu nintzen.

Milagarrenez estropezu egin nuenean Ikerrek "ondo zare?" galdetu zidan. Nola sentitzen nintzen esan nionean buelta zergatik hartzen ez genuen esan zidan lehen aldiz. Indarrez ez nintzen gaizki sentitzen eta inguruan itxuraz ni baino okerrago zihoazen beste batzuk ikustean, Ibon horien artean, ezezkoa esan eta aurrera jarraitu genuen, nire gorputzaren mezuak hirugarrenez ukatuz, San Pedrok Jesusekin egin zuen moduan. Metroak irabazi ahala gorputzak amore ematen hasita izango balitz bezala sentitzen nuen, honegatik, ez dakit nire buruarekin, Jainkoarekin, Ama-lurrarekin, Aconcaguarekin itun txikiak egiten hasi nintzen: "bueno sikiera eta Guanacos ertzara iristen naizen", "edo gutxienez kanaletara", "edo gutxienez la cueva-ra"...

15-20 metro gehiago egin baino lehen Ikerrek "zu etzoaz ondo!!" lehor bota zidan. Atzera begira eta, minutu batzuk lehenago eman nizkion aitzakiekin hasi nintzenean, txundituta utzi ninduenarekin moztu zidan: "balantzaka zoaz, ez altzea konturatu motxilatik pare bat aldiz atzetio heldu dizutela?". Ixilik gelditu nintzen: "zuk ez al dezu esaten gallurrera sobrau iritsi behar dela?" "Bai" erantzun nion, "eta zuk ustezu zaren bezela jaisteko modun eongo zeala?". Azkeneko galderak begiak ireki zizkidan, "indarrez ez naiz gaizki ikusten baña burue nahastuta dauket. Gehiagoa ez badijo gailurrera iristeko banaula ustet baña okerrea badijo eztakit nola jatxiko naizen" onartu nion. Ikerrek nik uste nuena baino okerrago ikusteak beldurtu ninduen. "Zergatik ezteu buelta hartzen?"  Galdetu zidan bigarrenez. Oraingoan ez zen galdera bat, erabaki kutsuko proposamena baizik. Fisikoki amore ematen hasita banengoen ere mentalki amore eman eta, bere harridurarako, baiezkoa esan nion.

6.600 metro inguruan, beste mendizale guztiak goraka jarraitzen zuten bitartean, gure Aconcagua amaitu zen. Iboni buelta hartzen genuela abisatzeko oihu egin genion baina ez genuen erantzunik jaso. Hau ikusita, Arkaitzi keinuk egiten hasi ginen behera gindoazela esateko. Hasieran ulertu zigunaren zalantza izan arren, gure keinuei kaso egin zionean beherako bidea hartu genuen. Momentu horretan ez nuen ezer sentitzen, erabakia hartu eta beheraka hasi ginen, besterik gabe. Ez zegoen ez frustrazio ez porrot ezta tristurarik ere, aldiz, nolabaiteko lasaitasun sentimentu baten menpean nengoen.

Ibonek balantzaka eta lurrera erortzen jarraitzen zuela ikusteak kezkatu ninduen, itsuraz ni baino okerrago zihoan eta: "ea Arkaitzena iristeakon bertan gelditzeko esaten dion" pentsatu nuen. Botikina nik nuela ikusita "Talkie zeñek dauke?" galdetu nion Ikerri. "Atzotio Arkaitzek dauke" erantzun zidan, "gutxiñez Ibon larri badau zekin deitu izangou" esan nion.

Jaisten hasi ginenean anaia oso indartsu jarraitzen zuela ikusi nuen. Bideak zailtasun teknikorik ez eta hirugarren kanpamentura bakarrik iristeko gai nintzela ikusita berak gora zergatik ez zuen jarraitzen galdetu nion: "Zuk ze ingo zenuke?" Galdetu zidan "Zurekin behera jun" erantzun nion. "Ba ordun eztau zer diskutituik" bukatu zuen "hasieratio esan genun bezela edo bik gora iristen gea edo bik behera juten gea". Bapatean espedizioan galdutako talde sentimentua berreskuratu nuen.

Beheraka hasi eta gutxira katalanak topatu genituen: ¿Qué pasa?" Galdetu zigun Xavik "No sé, me encuentro torpe y tengo la cabeza revuelta, como en una nube, y antes de que vaya a más hemos decidido darnos la vuelta" erantzun nion. "En esta montaña la altura es así" erantzun zigun "habéis hecho bien, más vale darse la vuelta a tiempo". Katalanei zorterik onena opa eta beheraka jarraitu genuen. "Portezuelo del viento" zeharkaldian zehar beste bi mendi-gidariekin gurutzatu eta harrituta gelditu ziren itzultzeko erabakia hartzeagatik: "tampoco se le ve tan mal" esan ziguten. Lurrean botata zituzten bezeroak ikusi genituenean "enaiz harritzen" esan nion anaiari "hoikin konparauta ni kriston ondo nau".

Portezuelo del viento zeharkaldiaren amaieran. Argazkian igoeran atseden hartutako behatz itxurako harkaitza ikusi daiteke, baita La cueva eta Canaletaren hasiera ere.


Mendi-gidariak atzean utzi eta nolabaiteko haserre sentsazioa sentitu nuen. Etxean behin eta berriz esana nuen, gailurrera ez iristekotan, material edota prestaketa fisiko ezagatik izango balitz izugarri izorratuko ninduela. Kasu honetan aklimatazio faltagatik izan arren, goizean azkarregi hasi nintzelako nire buruarekin haserretu nintzen: "Tontoa!!!!!" Pentsatu nuen behin eta berriz.

Hala ere haserre honek ez zuen 50 metro baino gehiago iraun eta, bi anaiok batera hasi eta azken muturreraino elkarrekin iritsi ginela ulertu nuenean, gorputz osoa hotzikara batek zeharkatu eta, malkotan urtuta, elkar besarkatu genuen. Honelako azken besarkada 1996ko martxoaren 27an izan zen, ama lurperatu genuen egunean, kanposantuko sarreran. Ez dut sekula jakingo gailurrera iritsi izan bagina zer gertatuko zen baina nire gailurra dudarik gabe momentu hura izan zen. Anaiarekin emandako besarkadak barruan nituen korapiloak askatu eta, ezinbestean, Aconcaguara igotzeko izango genuen saiakera bakarra amaitu zela onartu nuen.

Independencia kanpamentura jaisten. Egurrezko eraikina argazkiaren ezkerrean eta azpian ikusi daiteke.


Zeharkaldiaren amaieran Ospitaletik eramandako Osakidetzako banderatxoa plumiferoko poltsiko batean nuela gogoratu eta, lankideei hitz eman bezala, bidea alde batera utzi genuen Independenciaren gaineko gain batean argazki batzuk egiteko.

Osakidetzako bandera eskutan.


Beste argazki bat Aconcagua atzean dudala.


Independenciara indarrez iritsi eta atsedenik hartu gabe beherako bidea hartu genuen hirugarren kanpamentura ahalik eta azkarren iritsi nahi genuen eta. Ehun metro inguru jaitsita, bide okerrean geundela konturatu nintzen: "ez genun ba falso polakos-eko bidea hartuko ez?" galdetu nion anaiari. GPS-a motxilatik atera eta "joer, egie da" erantzun zidan. Momentu batez Colerara iristeko bide zuzenen bat bilatzen aritu ondoren anaia aurreratu eta, une baten ondoren, egokiena jaitsitako bidea berriro ere igotzea zela erabaki zuen. Igo nituen metro eskasak oso luzeak egin zitzaizkidan. Fisikoki leher eginda sentitu nintzen eta ohiko bidera itzultzea izugarri kostatu zitzaidan: "hasieran zalantzak nitun buelta azkarregi hartu izan genun edo ez, baña malda hoi nola igo zenun ikusi nunen ez nun zalantzaik izan" esango zidan anaiak ordu batzuk beranduago. Independenciatik beherako bidea luzea egin zitzaidan, nekearen ondorioz behin baino gehiagotan estropezu eginez: Hala ere nolabaiteko askatasun eta bake sentsazioa nuen eta espedizioan zehar motxilan eramandako haserre guztiak desagertu zirela sentitu nuen. Ez dakit Colerara zein orduetan iritsi ginen baina iritsi bezain pronto botak kendu eta lo zakuaren gainera bota nintzen.

Hau guztia gertatzen zen bitartean Ibon hala nola "La Cueva"-ra iritsi zen. Arkaitzek ikusi zuenean bera gailurrerako bidea hartzen zuen bitartean Ibon bertan zain gelditzeko esatea burura etorri zitzaion. Azkenean ez zion ezer esan ibilaldiaren hasieran gauza bera esan eta Ibonek ezezkoa esan ziolako.

La cuevatik gora biak batera hasi arren, Ibon berehala atzean gelditu zen. Canaleta igo eta Guanacos ertzara iritsi zenean Arkaitzek txakalaldi bat izan zuen: "momentu baten buelta hartzeare pentsatu nian" esango zigun Colerara iritsi zenean. Motelago zihoan mendizale talde bat ikusi eta, beraien abiadura jarraituz, metro batzuk gehiago igo ondoren txakalaldiari buelta eman zion. Urtarrilaren 7an, Euskal Herrian asko eta asko kalean edo siestan egongo ziren bitartean, Arkaitz mendi handiekin zuen zorte txar eta madarikazioari buelta eman eta Aconcaguaren gailurrean dagoen aluminiozko gurutzera iritsi zen.

Gailurrean Ibonen zain zegoela hainbat argazki egiteko denbora izan zuen.

Ibon Canaletatik atera ondoren, atzean Aconcaguaren Hego horma ikusgarria.


Ibon lurrean eserita mendizale baten animoak jasotzen.


Ibon atzetik indar guztiak emanez edo indar guztiak emanda zetorren. Gorputzari azken energiak lapurtuz 13:30etan gailurrera balantzaka iritsi zen.

Ibon azken metroetan.


Ezin dut imajinatu biek sentituko zuten zoriontasuna zenbatekoa izango zen baina pentsatzen dut ikaragarria izango zela. Ibone etxetik eramandako familiaren argazkia motxilatik atera eta Aconcaguako gurutzearen ondoan Arkaitzen argazki kameraren aurrean harro eta zoriontsu jarri zen. Mendizale bati bioi argazki bat egiteko eskatu ondoren Arkaitz gailurreko argazki gehiago eta bideo bat egin ondoren beheraka jaisteko prestatu ziren. Zoriontasunaren gainetik Arkaitzek kezka bat zuen: "Jaisteko nola hau?" Galdetu zion Iboni."Haber si no la lío" izan zen bere erantzuna.

Gailurrean familiaren argazkiarekin, momentu hunkigarria dudarik gabe.


Ibon eta Arkaitz gailurrean zoriontsu.


Hirugarren kanpamentura iritsi eta Iker berehala lauontzat elurra urtzen hasi zen. Ni kanpin-dendaren sarreran eserita nengoen Ikerrek pasatzen zidan likido guztia edaten, fisikoki oso nekatuta. Baina gehien kezkatzen ninduena buruan hodei edo puxika bat izango nueneko sentsazioa zen, 6.600 metroetara nuen berbera, eta nahiz eta 600 metro galdu, sentsazio hau ez arintzeak kezkatu ninduen. Buruko edema arin baten hasiera izango zenaren beldurrez dendan sartu eta Edemox pastilla bat hartu nuen. Dendan nengoela Elenak (Ospitaleko botikariak) dexametasonari buruz esan zidana gogoratu nuen: "ezer ez badezue ez dizue kalterik egingo, edemaren bat badezue aldiz, arinduko dizue". Botikina berriro ireki, dexametasona anpulu bat atera eta Ikerri ipurdian injekzioa jartzeko eskatu nion. Injekzioa jarri ondoren dendan etzan eta lo gelditu nintzen.

Arkaitz Ibonekin kezkatuta zetorren. "Biden kontzentrau hai, biden kontzentrau hai" esaten zion behin eta berriz balantza egiten zuen bakoitzean lurrera ez joateko. "Portezuelo del Viento" zeharkaldian argentinar mendi-gidari batekin gurutzatu eta soka edo kordinorik ba zuen galdetu zion, Ibon gerrian lotu eta jaitsiera aseguratzeko. Ibonek sokarekin lotu nahi zuela entzun zuenean buelta hartu eta "niri ez didazu soka batekin lotzen" erantzun zion. Arkaitzek hau kontatu zigunean Juanito Oiarzabali ez dakit zein zortzimilakoan gertatu zitzaiona burura etorri zitzaidan. Gailurretik bueltan dena emanda zetorren eta, xerpek oxigenoa eman nahi arren, maskarila aurpegitik kentzen zuen dexametasona injekzioak jartzeko eskatuz. Harrotasunaren mugak misteriotsuak izan daitezke.

Ordu erdi pasatxoan lo egin ondoren, Edemoxegatik edo, berriro ere pisa fundamentuz egiten hasi (igoera osoan behin bakarrik egin nuen) eta hidratazioarekin batera gainean nuen tontoaldiari buelta ematen hasi nintzen.

Arratsaldeko laurak aldera Arkaitz kanpamentura iritsi zen. Oso nekatuta zetorren eta gailurrera iritsi zirela esan zigunean anaia eta biok besarkatu eta zoriondu genuen. Izugarri poztu nintzen gailurra lortzeagatik, merezi zuen eta. 200 metro atzerago Ibon balantzaka zetorren, pausu batzuk eman eta lurrera erortzen, energia guztiak erreta, mozkor baten moduan. Colerara erabat errendituta iritsi zen eta besarkatu genuenean ia lurrera ere bota genuen. Motxila lurrera bota eta arratsalde osoan eserita edo etzanda pasa zuen.

Ibon eta Arkaitz hidratatzen ziren bitartean anaia eta biok aurrean genuen ikuskizuna aho zabalik ikusi genuen. Arratsalde osoan zehar, mendi-gidariak itxuraz jaisten ziren bitartean, bezeroak zonbi taldeak bezala jaisten ziren, batzuk zutik juxtu-juxtu mantenduz. Gure ondoan denda zuen mendizale batek atentzioa bereziki deitu zidan: lurrean belauniko, kamera geldoan mugituko balitz bezala, mendiko botak kentzeko ia hamar minutu behar izan zituen. Botak kendu eta dendaren sarreran bota ondoren, lau hanketan dendaren barruan desagertu zen.

Arratsaldekoa ikuskizun beldurgarria iruditu zitzaidan eta zer pentsatua eman zidan: Gailurra lortzeagatik zer emateko prest gaude? Ez dut uste munduan mendirik dagoenik modu horretan jaistea merezi duenik, nahiz eta pastelaren ginga jan gabe utzi.

Gauzak zeuden bezala ez geunden Plaza de Mulas kanpamentura jaisteko moduan, honegatik Coleran gelditzea onena zela erabaki ondoren, soberan genuen janari guztia estera baten gainera bota eta Arkaitzen dendan elkarrekin afaltzea erabaki genuen. Afarian, Ibonek igoeran pasatako zailtasunak eskuetako hotzak sortzen zion minari egotzi zion. Canaletan medizale batek eskuak berotzeko gailu batzuk eman ondoren hobe sentitu zela esan zigun: "Ibon, no te engañes" izan zen gure erantzuna. "Erizain bezela esateizut, ez Smithy bezela, gaur larri ibili zea ta asko arriskauzu, nere ustez gehiegi" esan nion. Oso konbentzitua ez zegoenez Arkaitzek gailurrera iristerakoan grabatu zion bideoa erakutsi zion: "Joder pues estaba convencido que no estaba tan mal" esan zigun. Afarian zehar oraindik ez nuen ondo ikusten eta, ni bezala, Edemox eta dexametasona hartzeko gomendatu nion. Hasiera batean ezezkoa esan arren, hurrengo orduetan hainbeste tematu ginelako edo azkenean botikak hartu zituen.

Soberan gelditu zen janaria Arkaitzen dendan utzi eta dendara itzuli ginen. Lo egin aurretik Elizabeth Kübler-Ross medikua burura etorri zitzaidan. Kübler-Ross oso ezaguna da urteetan mundu osoan eriotzaren ateetara zeuden gaixoekin egindako lanarengatik. Eriotzaren dolua bost pausuetan ematen dela deskribatu zuen: Ukapena, negoziazioa, haserrea, depresioa eta onarpena. Beti pentsatu dut bost fase hauek eriotzaren aurrean ez ezik bizitzaren edozein galeraren aurrean ere ematen direla eta, modu batean edo bestean, igoeran fase hauek guztiak bizi nituelaz ohartu nintzen. Iñaki Ochoa de Olzak esaten zuen moduan ginga jan ez arren pastel osoa janda nuen bai, baina ginga ez jatearen dolua pasa behar nuen. Pentsamentu hauetan mugilduta lo gelditzen hasi nintzen Aconcagua, Ama-lurra, Jainkoa  eta nire buruarekin bakea berriro ere eginez.


Baina Aconcaguak oraindik ezusteko bat gordeta zuen...



Amaitzeko, nahiz eta gailurreraino ez iritsi, gailur eguneko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc