AZKEN 10 SARRERAK

2012/09/17

AGUJETAK: ZER DIRA? NOLA EKIDIN ETA TRATATU DAITEZKE?

Agujetak edo giharretako mina eduki eta sufritzea ohikoa izaten da. Askori pasa izan zaigu (eta pasako zaigu) aspaldian mendian ibili edo eskalatzen aritu gabe izan eta lehen irteeraren biharamunean minak jota ia ezin mugitu egotea.

Baina, zer dira agujetak? Nola sortzen dira? Nola ekidin daitezke? Eta batez ere, behin ditugunean, zer egin dezakegu?

Artikulutxo honetan pixkanaka galdera hauei erantzuten joango naiz ahalik eta modu errezenean.

ZER DIRA AGUJETAK?

Agujetak normalean egiten dugun ariketa fisikoaren intentsitatetik gora egiten den ariketa baten ondorioz sortzen den giharretako mina dira. Ariketa fisikoa amaitu eta ordu batzuetara hasten da minaren punturik altuena 24-48 orduetara ematen delarik. Prozesu normal bat jarraitzen badute, mina lau-bost egunetan desagertzen da.

Mina orratzen ziztaden antzekoa da (hortik agujeta izena) eta minarekin batera giharretako hantura (hantura = "inflamazioa"), malgutasun falta eta gogortasuna ematen da.

Agujetak izatearen sentsazioa irudi honetan argi ikusi daiteke.
NOLA SORTZEN DIRA?

Agujeten jatorria azaltzen duten teoria ezberdinak daude, baina nagusienak bi dira:
  • Azido laktikoaren pilaketa. Hau da kirolarien artean gehien zabalduta dagoen teoria. "Energia: nola erabiltzen dugu mendian ari garenean?" artikuluan energia erretzeko bi bide daudela azaldu nuen: aerobikoa eta anaerobikoa. Bide anaerobikoa intentsitate handiko ariketetan erabiltzen da, ariketa hauetan energiaren beharra oso altuak da eta. Giharrek energia lortzeko bide hau erabiltzen dutenean prozesu honen ondorioz azido laktikoa deitzen den substantzi bat sortzen da. Teoria honen arabera, bide anaerobikoa zenbat eta gehiago erabiliz gero ahalik eta azido laktiko gehiago sortu eta pilatuko da giharretako zeluetan. Behin ariketa fisikoa amaitzen denean giharretan pilatutako azido laktiko hau kristalizatu egiten da laktato deitzen den kristala sortuz. Modu honetan, teoria honen arabera, mina bi modutan sortuko litzateke: alde batetik azido laktikoak azido bezela nerbioetan duen eraginagatik (nerbioak mintzen ditu) eta bestetik laktato kristalek frikzioarengatik sortzen duten minagatik. Gaur egun teoria hau faltsutzat hartzen da, gorputzaren egoera eta tenperatura normalean laktato kristalak sortzen direla ez baita demostratu (kristal hauek sortzeko zero azpiko tenperaturak behar dira).
  • Giharretako zuntzen mikroetendurak. Teoria hau da gaur egun mediku eta zientzilarien artean onartua dagoena. Esfortzu handiak egiten direnean giharren zuntzetan mikroetendurak ematen dira, batez ere uzkurtze azkarreko zuntzetan (ZGA eta ZOGA zuntzak). Mikroetendura hauen ondorioz giharretan hantura prozesu bat ematen da eta prozesu honen ondorioz mina (azken finean, mina sortzen duena hantura da, ez mikroetendura). Mikroetendura hauek zuntzek esfortzua jasan ezin dutelako ematen dira eta batez ere entrenatu gabeko eta zuntz ahuletan ematen dira. Zuntz ahul hauek artikulazioetatik gertu zurdeei (zurda = "tendón") lotuta dauden giharretan daude batez ere. Agujetek zuntz ahulekin bukatzen dute eta esfortzua jasaten duten zurdak indartsuago bihurtzen dituzte.
Giharrak eta giharretako zuntz ezberdinak.

NOLA EKIDIN DAITEZKE?

Egia esan ezin da gauza handirik egin agujetak ekiditeko. Agujetak giharrek ariketa fisikora egiten duten egokitzapenaren prozesu bat dira. Dena den, gauzatx batzuk egin daitezke agujeten eragina gutxitzeko:
  • Ariketa fisikoa eta entrenamentua progresiboki egin, intentsitate baxuko ariketekin hasi eta pixkanaka, fisikoki hobetzen garen ehinean, intentsitatea igotzen joanez. Hau da agujetak ekiditeko biderik eraginkorrena.
  • Ariketaren aurretik beroketa ariketak egitea gomendatzen da. 
  • Ariketaren aurretik eta ondoren luzapenak egitea.
  • Ariketaren ondoren dutxa hotz bat hartu edota giharretan konpresa hotzak jartzea.
  • Ariketaren ondoren analgesikoak (gure botikineko Paracetamol-a adibidez) edo antiinflamatorioak (botikineko ibuprofenoa, adibidez) hartzea.
  • Ariketaren ondoren masajeak hartzea.
Masajeak hartzea ona da agujetak ekidin eta tratatzeko.


NOLA TRATATU DAITEZKE?

Behin agujetak sortzen direnean tratamentuak mina eta hantura gutxitzea du helburu. Honetarako neurri hauek hartu daitezke:
  • Agujetak dauden bitartean entrenamentua uztea gomendatzen da, edo bestela entrenamentua luzaketa eta ariketa arinetara mugatzea.
  • Konpresa hotza eta beroak jarri.
  • Masajeak hartzea.
  • Mina handia bada analgesikoak nahiz antiinflamatorioak hartzea.
Oso hedatua dago agujetak kentzeko ura azukrearekin edota bikarbonatoarekin hartzea, batez ere, azido laktikoaren teoria kirolarien artean oso finkatua baitago. Honen inguruan esan beharra da prozedura honek ez duela inongo efekturik hidrataziotik kanpo.

Konpresa hotzak on egingo digu mina eta hantura gutxitzeko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina