AZKEN 10 SARRERAK

2012/12/10

AIZKORRIKO KRESTERIOA NEGU GIROAN 2012-12-09

Aurreko astean Aizkorrin makuluekin eginiko lehen irteeraren ondoren (erreporra irakurtzeko hemen klik egin), oraingoan anaia eta biok zerbait luzexeagoa egitea pentsatu genuen. Hasiera batean zalantza genuen Aratz - Aizkorriko gurutzea egin edota Aizkorriko gurutzea eta Aketegi mendien artean ibili kanalak nola dauden ikusteko, baina azkenean, gazteleraz esaten den bezela, Aketegin "nos venimos arriba" eta "sobre la marcha" Aizkorriko kresterioa egitea erabaki genuen.

Aizkorriko kresterioa Aizkorriko gurutzetik Arbelaitz mendira doan kresterioari deitzen zaio eta Euskal Autonomi Erkidegoko mendirik altuenak zeharkatzen ditu. Gainera isurialdeen banalerroa da, Zegama aldera doazen urak Kantauri itsasoan eta Altsasu aldera doazen urak Mediterraneo itsasoan isurtzen direlarik. Kresterio hau udan askotan egina dugu eta gozatzeko modukoa da, batez ere nahi den guztia konplikatu edota zatirik zailenak errez ekidin daitezkelako. Udan, "indartsu" gaudenean Aratz mendiarekin lotu izan dugu modu honetan irteera potente batean bihurtuz.

IBILBIDEA

Kresterio hau egiteko San Adrianera joateko egin den aparkaleku berritik irten, Zegama - Aizkorri maratoia-ren bidetik Aizkorriko gurutzera igo eta hemendik gutxi gora behera kresteatzen hasi ginen Arbelaitz mendirarte, tartean Aitxuri, Aketegi Erpina, Aketegi eta Iraule mendiak igoz. Arbelaitz menditik Urbiara jaitsi eta hemendik San Adrian kobara doan bidea jarraituz berriro ere Parking-era itzuli ginen.

Guztira, gelditutako denbora ere batuz, bost ordu eta berrogei minutu pasa genituen, eta nahiz eta nekatuta ailegatu (batez ere sorbalda) oso sentsazio onekin itzuli ginen.

DESKRIBAPENA

08.20, San Adrianera igotzeko egin duten Parking berria, 800 metro. Goizeko zazpi t'erdietan anaiaren bila pasa ondoren, kotxea utzi, trasteak prestatu eta martxan jarri ginen.

Aizkorri mendikatea Otzaurtetik egunsentiaren aurretik.


Kotxetik irten eta hamar minutu eskasera San Adriango aterpera ailegatu ginen. Aterpetik gora jarraitu genuen bidea markatu dut.


08:40, San Adriango aterpea, 900 metro. Bertan gelditu gabe, San Adriango kobara doan bidea (galtzada) gure ezkerrera utzi eta goruntz jarraitu genuen (Sancti Espiritu baselizaruntz).

Atzrea begirada, San Adriango aterpea eta honen atzean Aratz.


Egunsentia gori-gori Aratz aldean.


Aterpetik bost minutu ingurura eta malda bat igo ondoren Sancti Espiritura ailegatuko gara. Gorriz, hemendik gora jarraitutako bidea.


Lehen maldatxo baten ondoren Sancti Espiritu baseliza atzean utzi eta goruntz jarraitzen da bigarren malda gogorrago batetik lepo batean dagoen hesi bat zeharkatzeko pasalekura ailegatu arte.

Aratz eguzkiaren lehen izpiekin izugarria ikusi genuen.


Iker hesia zeharkatzeko pasalekuan, aterpetik honaino lasai hartuta ordulaurden bat inguru pasa genuen.


Behin pasalekua igaro ondoren bideak zertxobait behera egiten du metro batzuetan eta ondoren pixkanaka gorunzko joera hartzen du malda gogorra izan gabe.

"Gaur ez du hainbeste hotzik itten" esan nion anaiari. "Ba ez, gañea haizeik ez dau" esan zidan.

Goierri eta ia probintzi osoa oraindik laino artean ilun-ilun daude.


Guk denbora osoan marka gorriak (borobil gorrian) eta maratoiaren puntu horiak (borobil urdinean) jarraituko ditugu.


Bidea oraingoz gozo-gozoa eta malda handirik gabe. Pixkanaka, Aizkorri gurutzeko harkaitzak ikusten hasten dira.


Atzera begirada, Gazteluberri mendi bikia laino eta hodei artean. Gero zeru osoa garbitu zen.


Pasalekutetik 20-25 minutu ingurura zabalune batera ailegatuko gara. Hemendik aurrera maldak gora joko du eta pixkanaka pagadi batean sartuko gara.

Iker lehen maldetan pagadira sartu aurretik.


Pagadian zehar ederki joan ginen, arrasto oso nabaria zegoen eta, baina arrastotik kanpora errez 15 zentimetro inguru sartzen ginen. Bapatean, pagadiaren amaieran atseden hartzen ari ziren bi mendizalekin topo egin genuen: "Egunon" baten ondoren, pagaditik atera eta.. "Joer, arrastoa bukatzen da" Ikerrek, "ez esan" nik, "bai, bakit zegatik ai zien hoiek deskantsatzen" esan zuen Ikerrek irrifar maltzur batekin. Honela ba, hemendik aurrera arrastoa irekitzea toka zitzaigun.

Iker arrastoa irekitzeko lehen tiradan.


Lehen metro batzuen ondoren, nire txanda ailegatu zen. Gutxi gora behera jarraitutako ibilbidea markatu dut.


Nire erreleboaren lehen metroetako bideoxka.


Lehen metroetan konfidantza gehiegiarekin hasi eta iztarrak ederki berotu ondoren, erritmoa lasaitu, arrasto on bat irekitzeko ahaleginean kontzentrazioa jarri eta xuabe jarraitzea erabaki nuen.

Lehen maldatxoaren ondoren, izterrak ederki eskertu zidaten zatian.


Zegama beheran gelditzen da. Polita da elur eta berdearen arteko kontrastea.


Ehun metro inguruko trabesia horizontal baten ondoren Aizkorriko gurutzera eramango gaituen azken elur palara ailegatu ginen.

Zeharkaldi horizontala amaitzen. Hemendik gora jarraitu genuen bidea markatu dut.


Iker zeharkaldi horizontalaren azken metroetan. Puntu hau izan daiteke trabesia honetan dagoen punturik arriskutsuena.


"Zemuz zoaz?" Ikerrek, "disfrutatzen" nik. "Nahi dezunen esan eta pasako naiz" esan zidan. "Sekula iriki al dezu bide normalik?" galdetu nion, "behin Txindokikoa, asten zehar jun nintzen ta inor pasa gabe zeon" erantzun zidan "Ba ordun utziazu nei jarraitzen, ez baitut sekula bide normal bat ireki" erantzun nion."Bale, zuk bidea iriki ta nik grabauko det" esan zidan, "hola, eroiezkero beharbada youtuben famatue ingo zea je,je,je"."Hoixe bakarrik behar det, berriz erreskatatua izatea" erantzun nion.

Zeharkaldi horizontaletik gora doan bideak ez dauka zailtasun handirik baina 40-45 gradu inguruko pala bat zeharkatzen du eta tarteka elurra gogor xamarra zegoenez (eta guk piolet eta kranpoirik gabe, arrastoa gailurreraino izango genuela uste baikenuen), arrastoa kontu handiz irekitzen hasi nintzen.

Itzalekin jolasean azken trabesiaren aurretik.


Trabesiaren lehen metroetako grabaketa.


Behin zatirik agerikoena kontuz pasa ondoren tentsio pixkat jaitsi eta Kalbario eta Arabatik datozen bideekin bat egiteko azken metroak bete nituen.

Zeharkaldiaren azken metroetan eta bertatik irteten...


Behin esandako bi bideekin bat egin genuenean di-da batean Aizkorri gurutzera iritsi ginen.

Iker zeharkalditik atera ondoren.


Benga-benga gailurra gure da eta!!!


10:00, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Bertan argazkia atera ondoren, Sancti Espiritu baselizara sartu ginen txokolate pixkat jan eta te beroa edatera, hau da, hamaiketakotxoa egitera.

Aizkorriko gurutzea, 1538 metro.


Sancti Espirituko baselizaren argazkitxoa, lainoaren gainean doan itsasontzia dirudi.


Hogei minutu inguru lasai-lasai egon ondoren, 10:20etan martxan jarri ginen. Gure hurrengo helburua? Aitxuri mendia.

Aitxurira igotzeko biderik errezena bere ipar-mendebaldeko aurpegian (Aketegi aldera ematen diona) topatuko dugu. kresterioa udan egiten dugunean, hego-ekialdeko aurpegitik (Aizkorriko gurutzera ematen duen aurpegira) trepadatxo errez batzuen ondoren egiten dugu, baina oraingoz nire sorbaldak agintzen duenez, hego-mendebaldetik igotzea pentsatu genuen, Urbiara doan bidea utzi eta goruntz zuzen igoz.

Argazki honetan Aitzabal mendira igotzeko jarraitu genuen bidea markatu dut gutxi gora behera.


Hasiera batean elurra nahiko ongi topatu genuen, baina goruntz gindoazela gogortzen hasi zen, pixkanaka arkaitzetara pasa eta nolabait bi eskuekin (ezkerrekoa batez ere) indarra eginez goruntz jarraitu eta gailurrera ailegatu ginelarik.

10:35, Aitxuri, 1519 metro. "Gaur honaino ez det uste jende asko igoko denik" esan zidan Ikerrek. "Ziur ezetz, nahiko mendi ahaztua da hau" erantzun nion.

Aitxuri, 1519metro, eguneko bigarren punta.


Gure mendia gurutzearen zulotik zehar.


Aitxuriko gurutzea eta aurretik duguna. Urbiara doan bidea nondik doan argi ikusi daiteke.


Bost minutu inguru argazkiak ateratzen egon ondoren aurreruntz segi genuen. Esan bezela, jaitsierako bidea ez da zaila baina kontu handiz jaitsi behar da, minik ez hartzeko. Behin gailurretik jaitsi ondoren, Urbiara doan bidearekin bat egin genuen eta ehun metro inguru ibili ondoren bidea utzi eta "kresteatzeari" ekin genion.

Aitxuritik jaitsi ondoren Aketegi Erpina eta Aketegira jarraitu genuen bidea.


Udan bide zati hau belar gozo bat izaten da arkaitzetara ailegatu aurretik. Guk elurretan asko sartu gabe lehen arkaitzetaraino arrastoa irekitzen joan ginen eta arkaitz hauetara igo ondoren erlaitz batetik aurrera jarraitu genuen.

Iker erlaitza zeharkatzen. Aurretik, Aketegi Erpinera emango gaituen aristara iristeko igo behar den hormatxoa.


Aketegi Erpinera eramaten duen ertzara igotzeko aukera ezberdinak daude eta udan eskaladatxo interesgarri bat egiten da (III-koa edo). Kranpoi eta pioletik ez genuenez eta nire sorbalda gauza askotarako ez dagoenez nik eskaladatxo oso errez bat nuen. Iker ordea, gehixeago konplikatu zen, mixtoan igo zuen trepada bat igoz. Behin "zailtasun" hauen ondoren, gozo-gozo kresteatuko dugu Aketegi Erpineraino.

Iker Aketegi Erpinaren aurretik dagoen gurutzean. Hona Nardagaiztoren leze irteera ateratzen da.


Azken metroetan, dagoeneko Aketegi Erpinaren gailurra garbi ikusi daiteke.


Atzera begirada, ni ere hortik banebilen je,je,je..


Aitxuritik Aketegi Erpinera 25 minutuetan iritsi ginen.

11:05, Aketegi Erpina, 1545 metro. Uste baino frexkoago ailegatu ginenez, hemen erabaki genuen kresterio osoa bukatzea.

Aketegi Erpina, 1545 metro.


Aketegi Erpinera eramaten duen ertza eta Aketegi gailurren artean dauden Aizkorriko kanalen irteerarik ikusgarri eta zailenetakoak ere eta irteera berriak "fitxatzeari" ekin genion etorkizuneko planak eginez.

"Hala, Aketegiren bila" esan zuen Ikerrek. Aketegi Erpina eta Aketegiren arteko tarteak ez dauka misterio handirik baina kontuz ibili behar da arkaitzen artean zuloak izaten dira eta.

Aketegira iritsi baino lehen atzera begirada. Aketegi Erpinaren gailurra eta ihaz igotzen saiatu genuen kanala (itzalean ikusten dena -erreporra irakurtzeko hemen klik egin-) ere ikusi daitezke.


11:10, Aketegi, 1551 metro. "Momentu hontan Euskadiko altunak gu gea" esan nion anaiari, "Ostia, egie da" erantzun zidan.

Aketegi, 1551 metro, EAE-ko mendirik altuena.


Aketegitik aurretik falta direnak. Argazkian Irauleko orratza non dagoen ere markatu dut.


Aketegitik Iraulera doan bide zatia ere ez da zaila eta gozatuz ederki egiten da. Nardasakonen irteerara hurbiltzen ari ginela anaiek galdetu zidan: "hara, ez al die batzuk orratzeko kanala itten?", "Joño, ba bai, elurre daun bezela ausartan bat sartu da" erantzun nion. Kanalari argazkia atera eta aurrera jarraitu genuen.

Iraule, bere orratza eta orratzaren kanala, bertan bi mendizale ikusi daitezke (borobil gorriaren barruan). Beste batzuk lanak amaituta kresterioan zain dituzte.


Aketegitik Iraulera ordu laurden eskas batean ailegatu ginen.

11:25, Iraule, 1511 metro. Bertan argazki pare bat atera eta kanalatik gora igotzen ari ziren mendizaleei begira egon ondoren, gure bideari ekin genion.

Iraule, 1511 metro, eguneko azken aurreko gailurra.


Irauletik aurrera kresterioaren hertzetik arrastoa topatu eta bertatik jarraitzea erabaki genuen. Lehen metro errez batzuen ondoren, bidea tentetu eta destrepe delikatu bat egin beharrean izan ginen. Ikerrek oso errez jaitsi zuen eta nik, hala nola eta kontu handiz. Honelakoetan konturatzen naiz oraindik oso berde nagoela.

Irauleren gailurra atzean utzi ondoren.


Adrenalina momentu hauen ondoren bidea dexente errezten da. Argazkian Arbelaitzen gailurreraino jarraitutako bidea markatu dut.


Atzera begirada, azken gailurrera eramango gaituen aristara igotzen. Aitxuri (ezkerrean) dagoeneko urruti gelditzen da.


Arbelaitz mendiaren gailurrera eramango gaituen azken arista zatian.


Irauletik Arbelaitzera 20 minutu inguruan ailegatu ginen.

11:45, Arbelaitz, 1513 metro. "Azkena!!!!!" Ikerrek. "Zemuz?" galdetu nion, "eztakit asten hontan kirola itten aittu naizelako edo baino oso ondo" erantzun zidan.

Arbelaitz, 1513 metro, gaurko azken gailurra.


Gailurrean eguzkiaz gozatuz bost-hamar minutu egon ondoren, Urbiaruntz jaitsi ginen. Udan bideak kresteriotik aurrera jarraitzen du eta pixkanaka ezkerreruntz (beheko bidean) desbideratzen da pago batzuetaraino, bertatik Urbiaruntz pasatzen delarik.

Gure kasuan, udan jarraitzen den bidea metro batzuetan jarraitu ondoren...


... Erdi zuzen beheruntz doan elur pala bat jarraitu eta bidea dexente moztu genuen pagoen artetik pasatuz.


Pagadia atzean utzi ondoren. Ikerren atzean gaur eginiko kresterioa ikusi daiteke.


Urbiaraino aurretik duguna, dagoeneko mendizale kopurua handitu da. Goziean Aizkorrik tontorrean izan garenean, Urbiatik oraindik inor igo gabe zegoen.


12:20, Urbia, 1130 metro. Bertara iritsi gabe, Zalduondo gainean dauden Petrolerataraino (Zumarraundi) doan pista jarraitu genuen.

Iker Urbia atzean duela.


Eta hemendik aurrera pista jarraitzea tokatzen da.


Aizkorriren hego aurpegia, zuri-zuria.


Aizkorriren gailurrean orain mendizale gehiago ikusten da.


Hemendik aurrera bi aukera ditugu: pista ia etengabe jarraitzea edo San Adrian eta Petroleretatik Urbiara doan bide "originala" jarraitzera. Guk bigarren aukera hau hartu genuen.

Iker bide "originala" hartzen den lekuan. Pista jarraitu ezkero Petroleretara ailegatuko gara.


Bide hau udan egiten denean gozada bat da pagadi baten erdian frexko-frexko joaten da eta.

Bidea hemendik aurrera oso zapaldua topatu genuen.


Urteak dira bide hau txukundu zutenetik. Gaur egun mendiko bizikletarekin egiteko bide ederra da, baita haurrekin joateko ere.


Pagadian 20-25 minutu ibili ondoren berriro ere pistarekin bat egingo egingo dugu, baina ez dugu pista jarraituko, ezkerreruntz (argazkian ikusten den bezela) jarraituko dugularik (begiratu GR markak -borobil gorrian sartuta-).


Pista zeharkatu ondoren berriro ere pagadian sartuko gara eta 10 minuturen ondoren berriro ere pistarekin bat egingo dugu. Pistaren ondoan 5 minutu inguru ibili ondoren ezkerreruntz doan bidegurutze bat hartuko dugu (bertan hito bat dago, baita GR markak ere). Hau izango da pista utziko dugun azken tokia, hemendik aurrera pista gehiago zapalduko ez dugularik.

Iker bigarren bidegurutzean eta jarraitutako bidea. GR markak borobil gorriaren barruan ikusi daitezke.


Pista utzi eta gutxira gaur eginiko kresterioaren ikusmiraz gozatzeko parada izango dugu.


Pista utzi eta 7-10 minutu ingurura bidegurutze batera ailegatuko gara. bidegurutzean ezkerrera dagoen lehen bidexka zuzen hartzen badugu berriro ere Urbiaruntz joango gara, Oltzara hain zuzen ere. Ezkerrera topatuko dugun bigarren bidegurutzea (hau diagonalean doa ez doa aurrekoa bezein zuzen) Aizkorriko gailurrera joango gara (hau da arabarrrek jarraitzen duten bidea). Guk inongo bidegurutzerik hartu gabe zuzen jarraituko dugu malda motz baino tente batetik behera.

Iker malda motza jaisteko prest, parean, pago artean, Aratz. Bi bidexken bidegurutzeak atzean ditu.


Behin malda hau jaitsi eta 30 metroetara argazkian azaltzen den bidegurutze honetara ailegatuk gara. San Adrianera joateko bide gorria jarraituko dugu, bide urdina (GR markak dituena) jarraitzen badugu aldiz, lehenik galtzadara eta gero Petroleretara jaitsiko gara (hegoaldeko norantza jarraitzen badugu).


Goiko argazkian markatutako bide gorritik jarraitu ezkero dagoeneko ez ditugu GR markak topatuko, beraien ordez gezi gorriak topatuko ditugularik. Bide hau hartu eta 5 minutu eskasera San Adrianetik datorren galtzadarekin bat egingo dugu.


Dagoeneko galtzadan Eskaratza iturriaren parean. Puntu honetan Aratz mendira joateko bidegurutzea ere topatuko dugu.


Behin galtzadan gaudela, bideak ez dauka inongo galerarik eta di-da batean San Adriango kobara ailegatuko gara.

Pixkanaka San Adriango kobara hurbiltzen. Aizkorrira Kalbariotik igotzeko bidea non hartzen den markatu dut. Oraingoan guk galtzada jarraituko dugu.


Dagoeneko kobaren sarrera bistan.


Urbiatik San Adriango kobara ordu eta hogei minutuetan ailegatu ginen gutxi gora behera.

Koban sartzen.



13:40, San Adriango Koba, 1005 metro. Bertan gelditu gabe baina zeharkatzeak sentiarazten duen zirrarekin aurrera jarraitu genuen.

Iker kobatik irteteko prest.


Eta kobatik behera, inongo arazorik gabe kotxera ordu laurden eskas batera ailegatu ginen.

Kobatik aurrera duguna.


San Adriango aterpera ailegatzen.


"Zemuz?" nik, "De puta madre" Ikerrek. "Zenbat denboran ein deu buelta?" galdetu nion. "bost ordu ta berrogei" Ikerrek. "Ostras, azkenen buelta majoa atera zaigu ia Hiru Erregen Mahaiara igo eta jetxi ittea bezela" esan nion. "Hori, hori, zuk ni animatu motibazioa behar det eta, je,je,je" erantzun zidan Ikerrek irrifar batekin.

ERTZA HAU EGINIKO BESTE ERREPOR BATZUK

- 2013ko abuztuan erdi-korrikan bakarrik egindakoa.


7 iruzkin:

  1. Ederra Errepotaia Pareja, zuek bai jakin! egun ederra aukeratu zenuten eta. Ia neuk edurra zapaltzeko astirik dudan...

    Segi gogor! ta animo.

    ErantzunEzabatu
  2. Argazkiak benetan ederrak...

    Animo eta jarraitu errekuperazioarekin...;)

    ErantzunEzabatu
  3. Milesker pareja!!!

    Giroa, oraingoz elurra zapaltzeko ez da oso urruti joan behar, ea zapaltzeko eguna ez zaizun berantdutzen zure errepor ikaragarrietako bat dastatu ahal izateko.

    Zieft, milesker animoengatik!!! Ez nuen sekula pentsatuko sorbalda bateko "aberiak" hainbeste denbora eta ordu beharko zituenik. Ea pixkanaka kanal errezaren bat egiten hasten naizen.

    ErantzunEzabatu
  4. ZOragarria
    Igandean aizkorrira joateko asmoa nuen, baina gaixoreik nengoen
    Banekien eguraldi ona izango zela eta argazki dexenteren bat aterako nuela

    Animo! Geroz eta gutxio erabat osatzeko

    ErantzunEzabatu
  5. Milesker Kxk!!!

    Faena bat da mendira joan nahi eta gaixorik egotea baina lasai, oraindik elurte gehiago izango da eta joateko aukera izango dezu.

    Ondo izan.

    ErantzunEzabatu
  6. Aupa bikote,

    Betikolez erreportai ezin hobea, paraje ederrak dituzue etxe parean!!!

    Pozten nahiz sorbalda hoberantza joatea. Animo, laister ahaztuta iznago duzu eta.

    Geroarte,

    ErantzunEzabatu
  7. Milesker Joseba,

    Sorbaldaren lesioa hain luzea izango zenik ez nuen sekula petsatuko, baina tira, hau ere pasako da.

    Pozten naiz erreporra gustuko izatea, bakizu, maixu ezinobea izan zinen mundu honetan hasi nintzenean.

    ErantzunEzabatu