AZKEN 10 SARRERAK

2012/12/03

ZER ETA NOLA ERAMAN MOTXILAN?

"Ze sartukoet motxilan?" Hau izan daiteke mendizale askok mendira irten aurretik gure buruari egiten diogun galderarik nagusienetakoa. Hasieran erantzuteko galdera zaila izaten da, motxila "bazparez" betetzen baitugu, bazpaere euritako txamarra, bazpaere kranpoiak, bazpaere neguko txapela, bazpaere, bazpaere, bazpaere, bazpaere... eta azkenean irteeratxo bateko motxilak 5 kilotik gora hartzen ditu.

Nork ez du sekula mendizale honek duen sentsazioa izan?

Honetaz aparte, motxilak dituen zirrikitu guztiak aprobetsatzen al ditugu? Material guztia behar den tokian jartzen dugu? Motxila ondo betetzen jakitea garrantzitsua da, ez tokia aprobetsatzeko bakarrik, pisua ongi banatuz gero arazo gutxi emango digulako baizik.

Artikulu honetan motxilan zer eta nola sartzearen zalantzei erantzun bat ematen saiatuko naiz, normalean guk eramaten duguna kontutan izanda. Azken finean, artikulu askorekin gertatzen den bezela, iritzi pertsonal bat besterik ez da, eta hemen idatzitakoarekin ados egon zaitezkete edo ez.

Egia da, eta bakarren batek jada pentsatuko zuen, ez dela gauza bera egun bateko motxila edo hainbat egunetako motxila egitea, negurako edo udako, Txindokira bide normaletik igo edo mendebaldeko aristatik igotzeko, edo korredore bat egiteko. Honegatik, hasiera batean aktibitate gehienetarako balioko duen motxilan zer eraman eta gero ekintzaz-ekintza zer gehitu daiteken komentatuko dut.

ZER DA BETI ERAMAN BEHARKO GENUENA? EGUN BATEKO IRTEERARAKO MOTXILA

Iker egun bateko irteerarako motxilarekin. Egun honetan bi hirumilako igo genituen eta motxilan egunean zehar sortu ziren eguraldi aldaketarako nahiko traste eraman genituen.


Motxilan zer eraman edo zer ez eraman askotan izan da gure buru hausterik handiena. Aspaldi mendizale zahar batek honelako gomendio hau eman zidan: "mendi irteera edo bidai baten ondoren, motxila ireki eta erabili ez duzuna etorkizuneko irteeretan ez eraman, modu honetan motxilatik "bazpare" guztiak kentzen hasiko zara". Gomendio hau gauza askorekin lagungarri izan zait, batez ere hainbat egunetako irteeretan.

Egun baterako irteeretan minimo bat eramatea gomendagarria da. Argi da ez dela gauza bera bi orduetako edo 8 ordutako irteera, ezta irteera erraz edo trepadatxoak izango ditugun irteera, honegatik hemen azaltzen den zerrenda beharbada gehiago murriztu edo zabaldu daiteke. Nahiz eta zerrenda honetan ez sartu (eskutan joaten dira eta), nire ustez makuluak edozein irteeratan ezinbestekoak dira.

Jarritako zerrendarekin batera, erreferentzi gisa, gure materialaren pisuak jarriko ditut, materialak pisatzen duen ideia bat egin asmoz. Motxilaren pisurik ez dut adierazi, baina motxila txiki bat (20-22 litro ingurukoa) kilo baten inguruan egoten da, erdiko motxila bat (30-40 litro inguru) 1.250 - 1.750 gramuen artean eat motxila handi bat (55 litro inguru) bi kilotik gora joan daiteke. Gaur egun "ultralight" motako motxilak egiten eta saltzen hasi dira, baina motxilen ingurukoak beste artikulu baterako utziko ditut.

Botikina

Nik beti eramaten dut egin behar duguna egin behar dugula, eta elementurik garrantzitsuenetakoa iruditzen zait. Duela urte batzuk Josu eta biok Txindokira neguan igo ginen. Egun hartan zebilen haizetearen indarrez gailurrera eramaten duten azken 100 metroetan ez zegoen elurrik, baina elurraren ordez Txindokin sekula topatu dudan izotzezko plakarik handi eta gogorrenak topatu genituen. Hasiera batean lau hanketan hasi ginen goruntz, zutik jartzen ginen bakoitzean haizeak lurrera ia botatzen gintuen eta. Azkenean, erdi izoztuta eta bata besteari garraxika (haizeagatik ez baikenion bata besteari entzuten) buelta hartzea erabaki genuen. Josuk buelta hartu zuenean  erdi zutik jarri eta nerbio ziatikoak izugarrizko zartakoa eman zion erdi okerra gelditu zelarik. Hala nola Zirigarate bordetara jaistea lortu genuen, eta botikinari eskerrak, bordetako baten barruan ipurdian bi ziztada eman, eta Larraitzera nahiko zuzen jaistea lortu genuen.

Botikinean zer eraman daitekenaren inguruan artikulu honetan aritu nintzenez, ez naiz honen inguruan luzatuko.

Nire kasuan, nik eramaten dudan botikinak 500 gramu inguru pisatzen ditu.

Guk eramaten dugun botikinaren argazkia. Egia esan argazkian azaltzen dena baino beteagoa dugu je,je,je.


Telefono mugikorra edo txiribitu bat

Telefono mugikorra, egun ia leku guztietan dugun kobertura kontutan izanda, ia ezinbestekoa bihurtu da, dena bezela, behar den kasuetan erabiltzen badugu. Telefono mugikorrak 100-150 gramuren artean egoten dira.

Telefonorik edota koberturarik ez badugu, txiribitu bat eramatea ez dator batere gaizki. Gaur egun motxila askok dagoeneko badakarte txiribitu bat (batez ere bularraldeko zintan) eta baso batean edo laino artean galduta bagare ederki etorri daiteke.

Txiribitua motxilaren bularraldeko zintan duen motxilaren argazkia


Dokumentazioa

NAN txartela eta Federatiba edota aseguru etxeko txartela beti gainean eramatea komeni da. Gainera, Goierri aldean, ez da arraroa mendian Guardia Zibilen kontrolak izatea, eta honelakoetan, dokumentazioa gainean badugu hobe.

Orientaziorako tresnak

Nik beti mapa eta brujula bat eramaten dut, nahiz eta Aizkorrira igo. Iker aldiz, GPS zaleagoa da.

Mapa bat 60 gramu inguruan izaten da, nik dudan brujulak 50 gramu pisatzen ditu eta Ikerren GPS-ak 150 gramu.

Momentu honetan Ikerrek duen GPS-aren bezelakoa


Linterna bat edo frontala eta ordezko pilak

Nik frontal txiki bat beti eramaten dut, batez ere Piriniotara joaten garenean. Goiz jaikitzen garenean edo neguan arratsaldean mendira bagoaz, ongi etorri daiteke. Nire frontalak 80 gramu pisatzen ditu eta ordezko pilak (3 guztira), 30 gramu.

Nire frontalaren bezelakoa


Arropa

Gomendagarriena geruza bakoitzerako produktu bat eramatea da, urtaroa eta eguraldia kontutan hartuz, noski. Ez dauka zentzu handirik 300-eko Forro polarra abuztuan Txindokira igotzeko motxilan eramatea, ezta euritarako txamarra udako egun oskarbi batean. Orokorrean, nik urte osoan zehar txirrindurako mangitoak eta buff motako zapi fin bat (negurako lodiago bat daukat) gutxienez eramaten dut.

Guk, orain arte askotan esan dudan bezela, hirugarren geruzarako bi produktu eramaten ditugu: Euritarako den txamarra eta haizeagatik bakarrik babesten gaituena. Egun bateko eta eguraldi oneko irteeratan haizegatik babesten gaituena bakarrik eramaten dut. Honekin lotuta, batzuetan, batez ere ibilbidea luzea bada, motxilan galtzerdi pare lehor bat eraman izan dut.

Arroparen pisuan alde handiak izaten dira, baina orokorrean gu pisu hauetan murgiltzen gara:
  • Lehen geruza.
    • Kamiseta motzak: 150 gramu inguru (nik L talla daukat)
    • Txirrindurako mangitoak: 60 gramu inguru
    • Kamiseta luzeak: 200 gramu inguru.
    • Belaunarteko malla finak: 150 gramu inguru.
    • Neguko malla luzeak: 250-300 gramuen artean. 
    • Galtzerdiak: Udakoak 50 gramu inguruan eta negukoak 100 gramu inguruan egon daitezke.
  • Bigarren geruza.
    • 50eko forro polarrak: 150 - 200 gramuen artean.
    • 100eko forro polarrak: 250 - 300 gramuen artean.
    • Soft shell-ak eta Wind stopper-ak: Pisu ezberdinekoak izan daitezke, baina orokorrean 500 gramu eta kilo baten artean egoten dira.
    • Plumiferoa: 550 gramu inguru. 
    • Primaloft txamarra: 330 gramu.
  • Hirugarren geruza.
    • Euritarako txamarra: 270 gramu.
    • Haizerako txamarra: 120 gramu.
Txapela eta Buff motako zapia

Udan eguzkitik babesten gaituena eta neguan bero mantenduko gaituena.

Txapelen pisua  50 - 100 gramuen artean izaten da. Buff motako zapiak 30 - 50 gramuen artean egoten dira.

Txapela ezberdinak, ezkerrekoak udako (arinenak) eta eskuinekoak negurako (astunenak).


Eskularruak

Udan, Euskal Herriko mendi gehientsuetan ez ditugu erabiliko, hala ere, bazpaere zetazko batzuk beti eramaten ditut (oso arinak eta ia ezer okupatzen ez dutenak). Piriniotan urte osoan eta edozein menditan neguan ezinbestekotzat ditut.

Neguan, kanal edota korridore bat egiten dugunean, eskularru pare bat gorputzatik gertu eramaten dugu bigarren geruzaren azpitik, honela, eskularruak aldatzerakoan, jazten ditugunak bero eta lehorrak jantziko ditugu.

Eskularruen pisuak ere oso aldakorrak dira. Orokorrean zetazko eskularru finak 20 - 30 gramu artean egongo dira, erdi mailako eskularruak 75 - 100 gramu artean, neguko eskularru lodiak 250 - 300 gramu artean eta espedizioko manoplak 400 - 500 gramu inguru.

Eskularru ezberdinak pisu gutxiena duenetik (ezkerrrekoa -zetazko eskularrua-) handiena duenera (eskuinekoa -expedizio manopla-).


Eguzkitako betaurrekoak

Mendirako 4-ko babesa dutenak eramatea da egokiena, batez ere elurra badugu. Nik hiru motatako betaurrekoak ditut: Batzuk 4-ko babes finkoa dutenak, beste batzuk argiaren arabera 2-tik 4-ra egokitzen direnak eta hirugarren batzuk elur-bisutsetarako ("ventisca"). Kontutan izan behar da 4-ko babesa duten betaurrekoekin kotxea gidatzea debekatuta dagoela.

Betaurrekoen pisuak 30 - 50 gramuen artean (eguzkitako normalak) eta 150 - 200 gramuen artean (elur-bisutsetarakoak) egoen daitezke.

Eguzktako betaurreko ezberdinak: ezkerrekoak argiaren arabera egokitzen dira, erdikoak 4-ko babes maila finkoa dute eta eskuinekoak elur-bisutsetarako dira.


Hidratazioa

Ura edo hidratatzeko likidoa eramatea ezinbestekoa da, kantinplora, Camelbag moduko bat, plastikozko botila edota termo batean. Eramango dugun likido kantitatea ibili behar garen lekuaren (ibilbidean iturririk ba al dago?) eta klimaren arabera izango da.

Pisuetan, litro t'erdiko plastikozko botila bat 40 gramu inguruan egoten da, tamaina bereko aluminiozko kantinplora (botila itsurakoak) 175 - 200 gramu inguru. Aluminiozko kantinploraren pisu berean egongo da 2 litrotako Camelbag motako poltsa sistema osoarekin.

Elikadura

Zertxobait eramatea ez dator batere gaizki, fruta moduan, txokolatea, barritak, ogitartekoa edo nahi den bezela.

Hemen ez ditut erreferentziko pisurik jarriko janarien pisua oso aldakorra baita.

Erremintak

Hauen barruan botikineko goraizeak eta destornilladorea duen labana bat eramatea ezinbestekoa iruditzen zait. Honetaz aparte txiskero bat edota pospolo batzuk. Bustita piztu daitezken pospoloak badaude, eta hauek dira gomendagarrienak.

Eramaten dudan labanaren antzekoa, komeni da destorniladorea izatea, adibidez, kranpoiak hestutzeko


Paperezko zapiak edo komuneko papera

Ez dut uste erabilera azaldu beharra dagoenik je,je,je.

Argazki kamara eta ordezko bateriak edo pilak

Argazki kamara beti gainean eramaten dut. Egia da gaur egun telefono mugikorrek kalitate handiko argazkiak ateratzen dituztela, baina oraingoz, argazki kamara bat bezelakorik ez dago.

Gure argazki kamarak 230 gramu pisatzen ditu (bateria eta guzti) eta bateria bakoitzak 20 gramu inguru.

Mendira ia beti eramaten dudan argazki kameraren bezelakoa


Hasieran komentatu bezela, zerrenda hau ideia bat besterik ez da. Argi dago, azken finean bakoitzaren esperientziak zehazten duela motxilan eraman beharrekoa. Honegatik, hemen azaldu dudan zerrenda batzuentzat luzeegia eta besteentzat laburregia izan daiteke. Dena den, zerrenda honekin, egun baterako irteera gehienetan ez gara gaizki ibiliko.

EGUN BAT BAINO GEHIAGORAKO MOTXILA

Hainbat egunetarako motxila prestatzerakoan galdera batzuk egin beharko ditugu:
  • Non eta nola lo egin behar dugu? Ez da gauza bera vivac bat egin, kanping denda eraman edo aterpe batean lo egitea, ezta kotxea eta lo egin behar dugun lekuaren arteko distantzia ere (badaude kotxez bertaraino ailegatuko garen aterpeak edo kotxearen ondoan vivac-ak egindakoak ere bagara).
  • Zenbat egunetako irteera egin behar dugu? 
  • "Oinarrizko kanpamentu"-rik izan behar al dugu? Batzuetan puntu baten inguruan (kotxea adibidez) murgilduko gara nahiz eta gauak leku ezberdinetan egin. Kasu hauetan kotxean material depositu bat edukitzea gomendagarria izaten da material guztia gainean ez eramateko.

Iker Posets inguruko hirumilakoak egin genituenean, lau egunetarako motxila bizkarrean duela. Harrigarria badirudi ere motxilan kaskoa, arnesa eta soka bat ere badarama eraman beharreko beste traste eta arroparen artean. Nik eraman nuen motxila berdintsua izan zen. Kasu honetan, egun guztietan aterpean lo egin genuen.


Egun bat baino gehiagoko irteeratan, goian azaldutako zerrendatik aparte honako hau eraman beharko genuke:

Lo zakua

Lo egin behar dugun lekua eta urtaroaren arabera lo zakua aldatu egingo da zeta izara batetik (aterpe batean ia urte osoan lo egiteko -kontutan izanda maindirak eta kalefakzioa izaten direla-) lumatako lo zaku bateraino (neguan, vivac, kanping denda edota guardarik gabeko aterpeetan primeran etorriko zaiguna). Guk, zeta izara beti eramaten dugu. Beste zakuren bat eramaten badugu azpitik beti zetazkoa jartzen dugu zakua barrutik ez zikintzeko.

Pisutan, gure "neguko" lumatako lo zakuak 1.100 gramu pisatzen ditu, udakoak 500 gramu eta zeta izarak 110 gramu. 

Gure "neguko zakua", guk ematen diogun erabilerarako nahikoa.


Esterilla

Vivac bat edo kanping denda batean lo egin behar badugu.

Gure esterillak kilo erdi eskas ditu.

Gure esterillaren bezelakoa


Vivac estalkia

Batez ere vivac-etarako. Badago estalki hauek zetazko lo zakuaren ordez edo "larrialdietarako" vivac-etarako ere eramaten dutenak.

Vivac estalki bat  orokorreab 400 - 500 gramuen artean egoten da.

Sukaldaritzarako tresnak

Material hau vivac bat egin edo kanping dendan lo egin behar badugu . Hemen hornilloa, hornilloa haizeaz babesteko lamina ("paravientos"), potoa eta gas bonbona sartuko lirateke, baita ere jateko erremintak ere (sardexka eta goilara).

Dena den, material hau ez da derrigorrezkoa, neguan elurra urtzeko ez bada behintzat. Guk Vignemale mendian dagoen Paradiso "zuloan" lo egin genuen lehen aldian, bi egunetarako dozena erdi bat ogitarteko eraman genituen. Baina dena den, zakuan sartu aurretik hartutako salda, makarroi, kafe edota te beroak ez dauka parerik, batez ere epel-epel lo egiteko.

Pisutan ere aldakortasun handiak daude: gure hornilloak 85 gramu pisatzen ditu eta bonbona txiki bat 350 - 400 gramuen artean egoten da. Honi haizeaz babesteko lamina (15 gramu), sardexka-goilara (15 gramu) eta litro bateko potoa (200 gramu) batzen diogu.

Gure 85 gramutako hornilloaren bezelakoa


Garbiketarako trasteak

Hemen belaki (esponja) txiki bat, xaboia, hortzetako pasta eta eskuila ("cepillo") eta toalla bat sartuko genuke. Xaboia eta toalla sukaldaritzako tresnak, edota arropa garbitzeko ere erabiliko ditugu.

Kanping denda

Hemen ere ez da gauza bera izango uda nahiz neguko kanping denda bat eramatea, noski. Guk udako duguna 2 kg eskas pisatzen ditu, negurako duguna aldiz, 3,4 kg.

Gure udako dendan.


Arropa
  • Lehen geruza. Nik normalean lehen geruzarako erabiliko dudan arropa (kamiseta, kantzontzilloak eta galtzerdiak) kalkulatzeko garaian, bi egunean behin goitik behera aldatuko naizela kontutan hartzen dut. Dena den, zuetako bakarren batek pentsatuko du denbora hau luzeegi edo laburregia dela.
  • Bigarren geruza. Bigarren geruzarako ez dut ordezkorik eramaten.
  • Hirugarren geruza. Haizerako txamarra eta euritarako txamarratik aparte, hanketarako euriari iragazkaitza diren galtza batzuk eramaten ditut jantzita ditudan galtzen arabera, neguko galtzak jantzita ditudanean ez baititut galtza hauek eramaten.
Janaria

Janari kantitate eta mota ere egingo dugun ekintzaren arabera egokitzen dut. Sukaldaritzarako materiala eraman ezker janari mota bat eramaten dugu eta aterpeetan lo egiten badugu, beste janari mota bat.

Motxila euritik babesteko zorroa

Zorro hau gainean beti eramaten dugu, zeren eta, modu batean edo bestean, euriaren azpian beti bustitzen da motxila barruan duguna. Lehen beste sistema bat nuen: motxilaren barruan sartzen nuen lehen gauza zabor poltsa handi bat zen (modu honetan motxila barrutik plastikoz babestua gelditzen zelarik) eta neurri eraginkorra da, baina limitazio nagusienak bi dauzka: Motxilaren goiko tapa ez da babestua gelditzen eta motxilatik zerbait behar izan ezkero, motxila kendu eta goitik ireki beharrean gaude.

Zorroen pisua orokorrean 100 -150 gramuen artean egoten da.

Motxila euritik babesteko zorro tipikoa


Plastikozko poltsak

Beti ondo datoz, zaborra gordetzeko, arropa zikina bertan sartzeko etab. Eurite handi batean materiala edo arropa garbia ez bustitzeko ere ondo etorriko zaizkigu, motxilak nahiz eta euritik babesteko zorroa eraman, eurite handi baten ondoren bustitzen dira eta.

Egunkari bat

Zertarako egunkari bat? Pentsatuko duzue. Egun bat baino gehiagotarako ibilbideetan egunkari orriak hoberenak dira mendiko botei barruko hezetasuna kentzeko. Goizetan eskertzen da oinak bota busti batzuetan ez sartzean.

NEGUAN ZER?

Midi d'Ossau mendiaren La Fourche korridorea egin ondoren. Neguko motxilak gehienetan pisu handia hartzen du.


Orain beste pausutxo bat emango dugu eta gure motxilan pisu gehiago sartuko dugu.

Kranpoiak eta pioleta

Ez da gauza bera Euskal Herriko mendietan edota Piriniotan neguan ibiltzea. Euskal Herrian normalean elurrak ez du egun askotan irauten mendi gutxietako ipar aurpegietan (Aizkorrin, adibidez) izan ezik. Hau honela izanda, izotz gogorra egun jakinetan topatuko dugu eta orokorrean ez ditugu kranpoi eta pioletik erabiltzeko beharrik izango.

Piriniotan gauza erabat aldatzen da. Mendi foro askotan urtero mila aldiz irakurriko duzuen galdera hauxe da: "X mendira joateko asmoa daukat, beharrezkoak al dira kranpoi eta pioleta?" Nik erantzungo nizuena zera da: informazio fidagarririk ez baduzu eta zalantzaren aurrean, beti eraman itzazu. Neguan, elurra dagoenean zer esanik ez beti eramaten ditugu. Hirumilakoak igotzera joaten garenean ere, "bazpare" kotxean eramaten dugun materiala da, Piriniotako hirumilako askotan urtean zehar hilabete askotan elurra eta izotza izaten baita.

Duela urte pare bat, Abuztuaren lehen egunetan Gavarnie zirkoaren inguruko hirumilakoak igo genituenean, Sarradets aterpetik irten eta Roland Bretxaruntz doan bidea izotz gogorrarekin topatu genuen, baita "Paso de los Sarrios" pasalekura doan zatia ere. Eskerrak egun horretan kranpoiak eta pioleta eraman genuela. Dena den, egun berean mendizale batek ez zuen gauza bera pentsatu eta ibilbide bera kranpoi eta piolet gabe egiten ari zela irrist egin, erori eta izugarrizko kolpea hartu ondoren (tarteka hainbat hezur hausita) helikopteroak erreskatatu behar izan zuen.

Material honen pisuak ere aldakorrak dira: Gure kranpoi parea kilo baten inguruan daude, piolet erdi-tekniko bakoitza 600 gramu inguru eta piolet klasikoa 500 - 600 gramu inguru.

Erraketak

Euskal Herriko mendietan oso erabilgarriak izan daitezke, lehen esan dugunagatik. Piriniotan ere asko erabiltzen dira, batez ere elurra biguna dagoenean.

Erraketak 750 eta kilo baten artean egoten dira, nahiz eta nik ditudanak astunagoak izan.

ARVA, zunda eta elurretako pala

Aitortu beharra daukat hiru produktu hauetatik guk pala bakarrik dugula, baina erabat gomendagarriak dira, batez ere elur-jausien aurrean. Trabesiako eskia egiten baduzue gomendagarritik beharrezko izatera pasako nituzke. Hiru produktu hauetatik motxilan joan behar ez den bakarra ARVA da, berau gure gorputzetik gertu joan behar delarik, ahal bada lehen eta bigarren geruzen artean.

Elurretan erreskaterako erabiltzen diren hiru mosketeroak: ARVA, zunda eta pala.


Arropa

Ez dut uste arropa egoerara egokitu behar dela esan beharra dagoenik, hanketarako polainak barne. Eskularru lehor batzuk motxilan edota gorputzetik gertu (arroparen azpian) eramatea ere ez dator batere gaizki, batez ere jantzita ditugunak elurretan bustitzen badira.

Hidratazioa

Nik negu osoan termo batean te beroa eramaten dut, eta egia esan, oso hotzak diren egunetan eskertzen da.

ETA ESKALADA NAHIZ KORRIDORE BAT EGITEN BADUGU?

Ba gure motxila pisu gehiagorekin beteko dugu. Ez naiz hemen materialaren kantitateaz arituko, bide eta korridore bakoitzak bere materiala eskatzen baitu, baina kontutan izan material hau guztia eraman beharko dugula:

Harkaitzerako

Kaskoa, arnesa, katu oinak, sokak, friend eta fisureroak, fisureroak ateratzeko erreminta, mosketoiak, baga eta kordinoak, express zintak eta bide batzuetan iltze eta mailuak.

Hemen pisua oso gora doa: 8,5 mm eta 70 metro inguruko soka bat 3,5 kg-tan egon daiteke, kaskoa 400 - 500 gramu inguru, arnesa 400 - 500 gramu inguru (nahiz eta egun 400 gramu baino askoz arinagoak izan), fisurero joku osoa (1etik 10era) 350 gramu inguru, izotz torloju bakoitza tamainaren arabera 125- 175 gramu inguru, mikrofriend-ak 100 gramutik behera eta friend-ak 100 gramutik gora bakoitza, expresak 100 - 150 gramuen artean, bagak, kordinoak, reversoa, shunt-a, etab.

Egun bateko eskaladarako eramaten den motxila astunagoa izaten da eraman behar izaten diren traste guztiak direla eta. Argazkian Izagirre anaiak Achar de Alano mendiko Mengual-Picazo bidera hurbiltzen.


Korridoreetan

Arkaitzerako materialari piolet tekniko edo erdi-teknikoak, elurretarako aingura edota estakak, izotzerako torlojuak, zinta "disipadorak" eta "Abalakov"-ak egiteko alanbre edo erreminta batuko diogu.

Neguan motxilak pisu handiagoa hartzen du, traste gehiago eraman behar dira eta. Argazkia Pico del Águila mendiaren Ipar mendebaldeko korridorean aterata dago.


Orain arte azaldutako guztia kantitatearen ingurukoa izango litzateke. Dena den, taldean joan ezkero, zerrenda luze honetan, taldekideen artean banatu beharreko material asko dago, hala nola, janaria, eskaladarako materiala, kanping denda (tela eta barillak banatuz), gas bonbonak etab.

Material berdinen artean pisu ezberdinak daude, noski, baina artikulu honetan ez naiz motxilatik pisua nola jaitsi daitekenaren inguruan arituko. Honen inguruan emango dizuedan gomendio bakarra hau izango da: mendirako duzuen material guztia pisatu (gauza askorekin harrituko zaretela ziur naiz) eta ezer berririk erosi gabe materiala nola arindu daiteken pentsatu, ziur naiz pixkanaka zuen "truko" propioak lortuko dituzuela.

NOLA SARTUKO DUGU MATERIAL GUZTIA MOTXILAREN BARRUAN?

Motxila ezberdinak daude eta bakoitzak bere xehetasunak ditu. Motxilak duen eta bertan eramango dugun pisuaz aparte, motxila egiteko garaian gomendio batzuk jarraitzea komeni da:
  • Gehien erabiliko ditugun gauzak (eguzkitako krema, betaurrekoak,eskularruak etab.) eskura edukitzea komeni da, honegatik, gauza hauek motxilan sartuko ditugun azkeneko gauzak izango dira, edota motxilaren kanpoko poltsikoetan joango dira.
  • Motxilan ez da ezer zintzilik eraman behar. Zintzilik daramaguna galdu daiteke, edozein adar edo pasabide hestu batean "engantxatu" daiteke pasabidea zailduz, eta gainera, asko mugitzen bada, oreka galdu arazten digu eta mugimenduak gehiago nekatzen gaitu. Gomendio honetatik aparte makuluak, pioleta eta esterilla gelditzen dira, noski.
  • Pisua motxilaren bi aldetan modu uniformean banatu.
  • Bulto handiek leku huts asko uzten dituzte, honegatik komeni da da bulto handiekin batera txikiak sartzea leku huts hauek betetzeko.
  • Materialak dituen hutsuneak aprobetsatzea komeni da. Adibidez, sukaldaritzarako eramango dugun potoaren barrua ere aprobetsatu gauzak bertan sartzeko.
  • Materialik bigunena bizkarretik gertu jartzea komeni da material gogorrak bizkarrean minik ez emateko.
  • Motxila egindakoan eta inguruk tentsoreak ongi hestutu ondoren, motxilaren itsura homogeneoa izan beharra dauka, pakete bat izango balitz bezela.
  • Ahal den neurrian motxila osoaren pisua aldaketan eramango dugu sorbalda eta bizkarra lasaiago utziz. Printzipioz, ahal den guztian, sorbaldetako tirak motxila atzeraka ez erortzeko erabiliko ditugu, hau da, motxila gure gorputzean oreka mantentzeko, eta ez pisua eramateko. Honegatik, motxila erosteko garaian, kontutan izateko punturik garrantzitsuenetakoa (garrantzitsuena ez bada) gerrikoa izango da.
  • Leku errazetan ibiltzen ari garenean (zailtasunik ez dutenak), pisua altu eraman beharko dugu, hau da, material astunena bizkarretik gertu eta omoplato inguruan eta material arina motxilaren behekaldean, beheko marrazkian azaltzen den bezela. Modu honetan, motxilaren pisurik handiena aldaketan eramango dugu.
  • Leku zailetan (trepadak tarteka baditugu), material astunena bizkarretik gertu eta aurrekoan baino beheraxeago joango dira. Modu honetan motxilaren pisurik handiena sorbalda eta bizkarrean eramango dugu, baina pisua modu honetara eramateak oreka hobe mantentzea erraztuko digu gure grabitate zentrua beherago gelditzen baita.
  • Ibilbidean zehar motxila "ajustatzen" joatea komeni da, mugimenduaren ondorioz lasatu egiten baita, batez ere gerrikoa.
Motxilan pisuaren arabera materiala nola banatu behar den adierazten duen marrazkia. Marrazki honetan azaltzen den banaketa ia egoera guztietan erabiliko dugu. Gezi gorria grabitate zentrua eta pisuaren indarraren norantza adierazten du. Kontutan izan beti motxilaren gerrikoa nolakoa den!!!

Beste marrazki honetan motxilak sorbalda, bizkarrezurra, aldaka eta oinekin mantendu behar duen oreka deskribatzen da. Oreka hau mantentzea oso garrantzitsua lesioak ekiditeko.


2 iruzkin: