AZKEN 10 SARRERAK

2012/12/24

GANBO TXIKI........... ETA GANBO, LARRAITZETIK (2012/12-22)

Eguraldia iragartzen dutenek Eguberri aurreko asteburua ona zetorrela esan ondoren, eta mendira bakarrik joateko plana nuela ikusita, etxe ondoan dugun irteeratxo bat egitea pentsatu nuen: Larraitzetik atera eta Bi Ganboak (Ganbo Txiki eta Ganbo) igotzea.

Hasiera batean irteera luzexeago bat egitea pentsatuta nuen, baina ia azken hamabost egunetan alperkerian izan ondoren, mila metroetatik gorako desnibela duen irteera honekin nahiko izango nuela pentsatu nuen. Gainera, eguraldi ona emanda zeonez, Txindokira joango zen jendetzatik ihes eta bakardadeaz gozatzeko aukera izango nuen.

NIRE BIDEA

Ibilbide hau duela urte mordo bat da osaba Miguel Angel eta izeba Arantxaren aita zen Estebanen eskutik lehen aldiz egin nuela. Ibilbideak zirkular txiki bat egiten du: Larraitzetik atera, Alotzara joan, behin Alotzako iturrira ailegatzerakoan Ganbo Txikira bide normaletik igo, Ganbo Txikitik Ganbora pasa eta Ganboko bide normaletik, Irazustako lepoa zeharkatu ondoren, berriro ere Alotzako iturrira itzuli igoerako bidearekin bat egiteko. Guztira, lasai joanda, lau ordu inguruko irteeratxoa ateratzen da.

DESKRIBAPENA

08:25, Larraitz, 404 metro. Boten lokarriekin "borrokan" aritu ondoren (duela gutxi aldatu dizkiet eta oraindik ez dute boten forma hartu), kotxetik atera nintzen.

Larraitzeko langa, atzean Txindoki ikusi daiteke.


Esan bezela, denbora luzean Txindokira doan bide "normala" edo gutxienez errepikatuena jarraituko dugu.

Gaintza herria eta bere atzean Murumendi mendia.


Larraitzetik atera, eta gutxi gora behera hamar minuturen ondoren, pistaren erdian topatuko dugun langa bat pasatu eta gero, bidegurutze bat topatuko dugu. Bidegurutze honetan ezkerreko bidea (Txindokira doana) hartuko dugu. Pista jarraitu ezkero ez da ezer pasatzen, gorago bidexkarekin topo egiten baitu. Normalean pista  Ausa Gaztelu mendira joateko jarraitzen da.

Bidegurutzea, guk ezkerretik jarraituko dugu. Eskuinetik jarraitu ezkero Ausa Gaztelura doan bidearekin topo egingo dugu.


Bidegurutzea hartu ondoren, bidexka metro batzuetan jarraitu eta berriro ere pista topatuko dugu, bertan indikazio poste bat dagoelarik. Puntu honetan pistatik behera 30 metro inguru jarraitzen baditugu, gure ezkerrean Ausa Gaztelura doan bidea topatuko dugu bihurgune baten ondoan.

Indikazio postea.


Goiko argazkian azaltzen den moduan, pista zeharkatu eta bidexka jarraituko dugu, bigarren aldiz pista zeharkatuko dugularik.

Postea gertuago, atzean Txindokiren Mendebaldeko arista ikusi daiteke.


Pista hirugarren aldiz zeharkatu ondoren dagoeneko agerikoa eta mila aldiz zapaldutako bidea jarraituko dugu.

Txindoki.


Larraitzetik hasi eta ordu erdi ingurura (lasai joanda), langa batera ailegatuko gara.

Txindokiko Mendebaldeko arista igo nahi bada, langa hau pasa eta berehala ezkerrera hartu behar da bertatik hasten den erdi izkutuko bidexka batetik.


Langa hau pasa eta pinudi baten ondoan metro batzuetan joango gara. Tarte honetan Txindokiko igoerak eskeintzen duen "atsedenaldi" bakarrenetako batez "gozatzeko" aukera izango dugu.

Pinudia atzean utzi ondoren maldak berriro gora jotzen du, ezkerrera (igotzeko norantzan) doan bihurgune baterarte. Bihurgune honi "haizearen bihurgunea" ("Curva del viento") deitzen diogu, zergatik? Ez dakit, je,je,je.

Haizearen bihurgunean, aurretik duguna. Argazkian Oria iturria, "rayo"-ko bidea eta aurretik pasako ditugun bi langak markatu ditut.


09:10, Oria iturria, 860 metro. Iturri hau guretzat "lehenengo iturria" bezela ere ezaguna izan da beti, Txindokiko bide "normalean" Zirigarateko bordetatik gora bigarren iturri bat baitago. Udan, lehortzen ez denean behintzat, bere ur frexkoa ederki eskertzen da.

Oria iturrria.Argazki hau jaisterakoan atera nuen.


Oria iturritik aurrera maldak berriro ere atsedentxo bat ematen du langa batera ailegatu arte. Langa hau erreferentzi bezela hartzea ongi dago "Rayo"-tik igo nahi bada, bide hau, langa baino 30 metro inguru lehenago ezkerreruntz hartuko dugu eta.  "Rayo"-ko bidea malda handikoa da, hauspoa ederki berotuko gaituen horietakoa, eta hemendik gora igotzen dira Txindokiko kilometro bertikala korritzen dutenak. Guk, ohituragatik edo, ia gehienetan hemendik gora igotzen gara.

Oria iturriaren ondoren dagoen langa. Urdinez, "Rayo"-ko bidea nondik doan markatu dut. Nik bide gorria jarraitu nuen.


Esan bezela, langa honetatik gora maldak berriro ere gora jotzen du beste langa baterarte.  Bi langen artean gutxi gora behera 10 minutu eskas izango ditugu.

Gaur pasa dugun hirugarren langa. Hurrengo helburua argazkian markatu dudan indikazio postea da.


Langa honetatik atzera begirada. Txindokiko puntu esanguratsuenak markatu ditut, eskalatzeko dituen lau lekuak barne: Frontoia, Txema-Petrel, Plaka gorriak eta Azken espoloia.


09:25, Alotzara joateko bidegurutzea, 1000 metro inguru. Bidegurutze honetan lehen aipatutako indikazio postea topatuko dugu. Nik hegoaldera ateratzen den bidexka jarraitu nuen marra txuri eta berdeei jarraituz.

Alotzara joateko bidegurutzean dagoen indikazio postea. Nik bide gorria jarraitu nuen. Bide urdina jarraitu ezkero Txindokira joango gara.



Behin bidegurutzea hartu ondoren. Metro batzuetan aurretik bertako gida bat izan nuen je,je.


Behera begirada, nire oinen azpian Goierri osoa. Ikusten den mendirik gertuena Ausa Gaztelu da.


Metro batzuetan eta erdi trepatzen den koxka bat igo ondoren hito batera ailegatuko gara. Hitoaren gainean marka txuri eta berdea duen harri bat dago.


Hito hau pasa ondoren bidea metro batzuetan ez da oso agerikoa, baina pixkanaka ezkerreruntz diagonalean hartu behar da, metro batzuen ondoren ongi zapaldutako bidexka berriro ere agertuko delarik.


09:40, Alotza eta Alotzako Saltarria, 1120 metro. Leku hau izugarria da: alfonbra baten gainean zoazela dirudi eta normalean oso mendizale gutxi hemendik etortzen denez, bertan pakea zer den primeran bizi eta sentitu daiteke. Dena den, leku honek ere bere arriskua badauka: Gutxien espero denean behe laino itxia sartzen den leku horietako bat da, galtzeko arrisku handia duelarik (beraz, orientaziorako tresnak gertu edukitzea ez dator batere gaizki). Duela urte batzuk Iker, Josu eta hiruoi elurtutako egun batean behe lainoa sartu eta GPS-ari eskerrak ez ginen galdu. Ez zen ezer gertatu baina esperientzia "interesgarria" izan zen. Alotzan lehen aldiz Ganbo Txiki ikusiko dugu.

Alotzan. Eskuinean Saltarria non dagoen markatu dut (Dirudienez jentilek Murumenditik bota zuten). Amaieran dagoen indikazio postea non dagoen ere markatu dut, baita Ganbo Txiki ere.


Alotzako indikazio postea, guk Igaratzarako bidea jarraituko dugu. Atzean, Ganbo Txiki, hemendik aurrera ia denbora osoan gure begiradapean izango duguna.


Alotzako zelaiaren amaieran goierritarrontzat diren bi leku ezagun topatuko ditugu: hesiaz babesturiko sima bat eta honen atzean estela bat. Gutxi gora behera hemendik aurrera jarraitutako bidea markatu dut.


Alotzako sima atzean utzi ondoren malda bat igoko dugu. Esan bezela, paraje hauetan pake santuan egoteko puntu asko irabazten dira, eta eguneroko zaratatik aldentzeko primeran datoz. Nik irteera osoan mendizale bakarra ikusi nuen.


Maldaren amaieran inguruko mendiak non dauden markatzen dituen harri bat topatuko dugu. Egun, argazkian ikusten den bezela, oinarriaren azpian lur dexente galdu da. Oraindik gogoan dut hona etorri nintzen lehen aldian lurra oinarrirarte ailegatzen zela.


Harriaren detailea. Kuriosoa da, baina markatzen dituen mendien gehiengoa ez da puntu honetatik ikusten. Harri honetatik minutu batean Alotzako iturrian izango gara.


09:55, Alotzako iturria, 1175 metro inguru. Iturrira ailegatzerakoan ezusteko handia hartu nuen oraindik elurrez estalia dagoela ikusi nuenean. Eskerrak motxilan ur dexente neraman.

Alotzako iturria.


Alotzako iturritik gora Igaratzara doan bidea agerikoa da (ekialde-hegoekialde norantza jarraitzen du). Normalean Ganbora joateko bide honetatik (urdina argazkian) jarraitzen da Irazustako lepoan bidea uzten delarik. Gero ni hemendik jaitsiko nintzen. Nik gorriz markaturiko bidea jarraitu nuen (ez da hain agerikoa). Argazkian bertatik ikusten diren mendiak markatu ditut.


Igaratzara doan bidea alde batera utzi ondoren aurretik dudana. Bideak Arrubi Gañe eta Ganbo Txiki mendien artean dagoen lepo batera eramango gaitu. Erreferentzi bezela, bidean oroitarri bat pasako dugu.


Oroitarrira ailegatzen (gorriz markatua). Argazkian Ganbo Txiki eta Irazustako lepoa (gero hemendik itzuliko nintzen) non dauden markatu ditut.


10:10, Arrubi Gañe eta Ganbo Txikiren arteko lepoa, 1282 metro. Alotzatik atera eta ia konturatu gabe honaino ailegatu nintzen.

Lepoan, gure ezkerrean (ipar mendebaldean) Arrubi Gañe mendia izango dugu). Argazkian laino artean Aizkorri ikusi daiteke.


Lepotik ekialde - hegoekialderunzko norantza hartuko dugu (jarraitutako bidea gorriz markatu dut) sator zuloz jositako zelai batean gora. Malda hau komeni da pazientziz hartzea uste baino gogorragoa baita. Zelaiaren amaieran arkaitz batzuk topatuko ditugu, baina bideak Ganbo Txikiren gailurrera beraien artean inongo zailtasunik gabe eramango gaitu.


10:20, Ganbo Txiki, 1377 metro. Lehen esan dut paraje hauetan kontu handia izan behar dela behe lainoa sartzen denean. Nik Ganbo Txikirako igoera ia denbora osoan lurrera begira egin nuen eta gailurrera ailegatzear nengoela, ia konturatu gabe, behe lainoak estali ninduen.

Ganbo Txiki, 1377 metro.


"Joer, ta oain zer?" Hasiera batean zalantzan egon nintzen Ganbora jarraitu edo berriro ere Alotzara itzuli eta Txindokira igotzea, baina Txindokirako erromeriaren partaide izan nahi ez nuenez, Ganborantz jarraitzea erabaki nuen.

Ganbo Txikiko gailurretik Ganborantz jarraitu behar den bidea.


Egunen batean Ganbo Txikin behe lainoa sartu eta Ganbora joan nahi badezue, zuzen (ekialdeko norantzan) ez jarraitu, bi mendien artean amildegitxo bat dago eta. Biderik egokiena, goian dagoen bezela, Ganbo Txikiren gailurraren ezkerretik jaitsi, 50-100 metro inguruan ipar ekialdeko norantza hartu, eta  "C" bat egingo bagenu bezela jarraitu behar da bi mendien arteko amildegitxoa ekidinez. Hau egin ondoren, lasai joanda, 15 minutu eskasean Ganbora ailegatuko gara. Tamalez, behe lainoa dela eta, ezin izan nituen bi mendien arteko argazkirik atera bidea hobe azaltzeko.

Hamar metro baino gehiagora ia ikusi gabe Ganboko gailurrera ailegatu nintzen.


10:35, Ganbo, 1412 metro. Betan hamar minutuz izan nintzen behe lainoa altsatzeko zai, Ganbo Txiki eta Ganboren arteko argazkiren bat atera nahi nuen eta. Azkenean, hozten hasita nengoela ikusirik, beherunzko bideari ekin nion.

Ganbo, 1412 metro.


Ganbotik behera bidea tarte batzuetan oso agerikoa eta beste batzuetan ia desagertu egiten da. Eguraldi onarekin ez dauka zailtasun handirik baina behe lainoarekin zertxobait konplikatzen da. Hasiera batean 10 minutu inguruan bideak hegoalderunzko norantzan jarraituko dugu. Jaisten ari garen mendiaren mendebaldeko aurpegitik jaitsi, eta aurpegi hau erreferentzi bezela eduki beharra daukagu ez galtzeko.

Ganboko gailurretik 10 minutu ingurura, argazkian ikusten den puntura ailegatuko gara gure eskuinean Irazustako lepoa ikusiko dugularik. Kontu handia eduki behar da puntu honetan, hemendik aurrera segi eta Enirioraino jaitsi den mendizalerik badagoelako. Hemendik aurrera bidea gorriz markatu dut, beste 7-8 minutuetan lepora ailegatuko garelarik.


10:55, Irazustako lepoa, 1264 metro. Irazustako lepoan, gure eskuinera Ganbo Txiki izango dugu (Alotzara begira bagaude) ta gure ezkerrera Uarrain. Hemendik Alotzako iturrira jaisteko zapaldutako bidea jarraitzea besterik ez da, nahiz eta leku batzuetan, belarragatik, bidea oso agerikoa ez izan.

Irazustako lepotik Alotzaruntz ateratako argazkia. Eskuinean Arrubi Gañe ikusi daiteke eta honen ezkerrean, erdi lotsati, Txindokiren punta.


Alotzako bidean, batzuentzat lehen elurteak gogorregiak izan dira.


11:10, Alotzako iturria, 1175 metro inguru. Irazustako lepotik hona 15 minutu eskas izango ditugu. Hemendik aurrera igotako bide bera jarraituko dugu Larraitzarte.

Alotzako iturria.


Kuriosoa da Txindokitik hain gertu izanda, hain mendizale gutxi hemendik ibiltzea, eta pena da, inguru honetako mendiei bisita egitea merezi du eta.

Gure mendia putreek jandako behi baten atzean.


Txindoki bere osotasunean, benetan ederra da.


12:20, Larraitz, 404 metro. Azkenean, eta ia lau orduetako ibilbidetxoaren ondoren, Larraitzera ailegatu nintzen, baina zertxobait penatuta Ganbo Txiki eta Ganbo artean topatu nuen behe lainoa eta argazkirik ez ateratzeagatik. Bueltatu beharko dut, je,je,je.

Berriro ere Larraitzera ailegatzen.


Amaitzeko, eta errepor hau argitaratu behar den eguna kontutan izanda, Eguberrion guztioi bihotz-bihotzez.


4 iruzkin:

  1. Aupa Xabi,

    Elurra!!!??? Elurra joan egin da!!! :P

    Eguberri on zuontzat ere!!!

    Besarkada bat

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa Xabi!! ze politta daukagun alde hori, elurrrik gabe baina politta. Erreportai ederra, aspaldian lur horietatik ibili gabe laster urbiluko naiz.

    Zorionak zuentzat! Ondo segi ta animo!! , zure "komeriak" laister amaituko dira eta!

    Besarkada haundi bat!

    ErantzunEzabatu
  3. Aupa igertu,

    Pena baina tamalez elurra gurean denbora gutxian mantentzen da. Baina oraindik gehiago botako duela ziur nago je,je.

    ErantzunEzabatu
  4. Aupa giroa,

    Milesker artista!! erreporran esaten dudan bezela, paraje "ahaztu" hauek (hori da Txindokiren itzalpean egoteagatik) bisita bat baino gehiago merezi dute.

    Bauket gogoa "komeri" hauek behingoz amaitzeko, bitarten egun bakoitza sendatzeko egun bat gutxiago da.

    ErantzunEzabatu