AZKEN 10 SARRERAK

2013/02/24

ARATZ (1443 M.), EKIALDEKO ORRATZETATIK 2013/02/16 ETA 17

Azken urteotan Aizkorrira kanalen bat egitera hurbiltzen ginen bakoitzean Aratz mendiari zeharka begiratzen genion: "Hortik iotzea eongo dek", "beste hortik ere badirudi kanalen bat bazeokela", "handik erresalte bat ikustek"... Honelako esaldiak behin eta berriz esaten genituen baina Aratz mendiari ez genion bisitarik egiten.

Otsailaren lehen bi asteetan botatako elur eta euriak aprobetsatuz, Aratz mendiari bisitatxo bat egiteko eguna ailegatu zela erabaki genuen.

Aratzen alderik malkarrena bere ekialdean dago. Alde honetan Aratzen gailurra orratz ezberdinez osatutako bi lerro edo hormez babestuta dago igoera zailduz. Orratzen zehar bide errazak topatu daitezke, baina guk aukera guztien artean, aspalditik orratz baten ondoan dagoen kanal antzeko bat genuen begi artean.

Aratz mendiaren ekialdean dauden orratzen panoramika.


Abenturatxo honetarako Leku, Iker eta hiruok elkartu ginen. Etxetik oso motibaturik atera ginen asteburu osorako eguraldi garbia eta eguzkia iragarrita zegoen eta. Okerrena? Hegoekialdeko haizea ere iragarrita zegoela, eta honelakoetan pasatzen den bezela, bailaratan hotz eta goian bero egiten du. Dena den, kanal honek saiakera bat egitea merezi zuela pentsatu genuen.

GURE BIDEA

Sarreran esan bezela, gure asmoa Aratzen ekialdean dauden orratzetatik igotzea zen. Orratzetara joateko, kotxea Beundeko atseden lekutik San Adriango bidea jarraituz ia kilometro batera dagoen bidegurutzean utzi genuen. Bidegurutze honetan ezkerreruntz (San Adriango norantzan) hartzen badugu, Urdalur urtegira joango gara.

Kotxea utzitako lekutik ateratako argazkia. Bertan igo nahi genuen kanala non dagoen markatu dut.


Kanala gertuago. Gorriz, ailegatu ginen puntua. Urdinez, hasiera batean jarraitu nahi genuen bidea markatu dut.


LEHEN EGUNEKO DESKRIBAPENA

7:55, Urdalur urtegira doan bidegurutzea, 700 metro inguru. "Elurre zemuzkoa zeok?" Lekuk, "Gogorra, halare gogorra zeoken geruzak etzeuzkik 3 zentimetro baño gehio" erantzun nion. "Guk behar deuna da goien gogorra egotea, ea hemen baño gogorrago daun" Ikerrek.

Motxilak hartu eta bideari ekin genion. Pista lehen metroetan maldan behera doa. "Bueltatzekon kostako zaigu igotzea" pentsatu nuen.

Lehen metroetan, bukaeran Aizkorri ikusi daiteke eguzkiaren lehen koloreak dituela.


Ikusten denez, oso mendizale eta kotxe pasata zeuden gure aurretik.


Kotxea utzi eta 500 metro ingurura, bost minutu eskas ibili ondoren, San Adrianera doan pista utzi egingo dugu, argazkian ikusten den bezela. Argazki hau hurrengo egunean (otsailaren 17an) atera genuen. 


Pista utzi eta berehala zubi bat zeharkatuko dugu (argazkian bihurgunean ikusi daiteke). Oraingoz elurra nahiko gogorra topatu genuen gure zoriontasunerako.


Hemendik Aratz mendira sekula igo gabe geundenez, Aratzeko ehiza postuek jarraitzen duten lerroa jarraitzea erabaki genuen. Behin zubia gurutzatu ondoren, 150-200 metroetan bidea jarraitu eta eskuineruntz zuzen jarraitu genuen (iparreruntz) pagadian sartuz.

Pagadian murgilduta.


"Hemen elurre biguñago zeok" esan zuen Lekuk. Pagadi honetan elurretan horkatiletaraino sartu ginen gutxi gora behera. Tenperatura aldetik oraingoz nahiko frexko murgildu ginen.

Lehen malda baten ondoren pagaditik atera ginen ekialdeko orratzak berriro ere gure parean azaldu zirelarik. Hemen berriro ere, argazkian ikusten den bezela, elurra gogorra topatu genuen.


Eta haizearen menpe dagoen zelai honetan lehen ehiza postuak topatuko ditugu. Honaino, kotxetik 40 minutu inguru pasa genuen.


"Elurre elegantea zeokkkk!!!" esan zuen Lekuk. "Goien hola badau, gaurko egune earra izangoa" erantzun zion Ikerrek.

Lehen ehiza postu hauetan lehen atsedentxoa hartu genuen Ikerrek bere "Camelbag"-arekin arazoak izan zituen eta. Bide batez, Aizkorri aldera argazki batzuk ateratzeko ere aprobetsatu genuen.

Aizkorri alderako bistak.


Leku atsedentxoa hartu ondoren irteteko prest atzean orratzak dituela...


... Eta horien artean gure gaurko helburua.


Ikusten denez, ehiza postauk dauden zelaiune honetan elurra nahiko gogorra topatu genuen.


Bidean zehar bi pista zeharkatuko ditugu. Argazkian lehenengo pistararte jarraitu genuen bidea markatu dut. 


Atzera begirada, ehiza postuak ikusi daitezke.


Bapatean, lehenengo pistara ailegatzear geundela elurraren kalitateak nabarmen behera egin zuen. Argazkian ikusten denez, beste "teknika" batzuk hartu behar izan genituen belaunetaraino ez sartzeko.


"Uffffff elurre nola daun" Ikerrek. "Bueno, sikiera kanalaren hasierara jun eta bertan ikusiko deu nola daun" erantzun nion.

11:15, lehen pista. Lehen pista honetan elurretan horkatiletaraino sartu ginen. Pistara atera, eskuineruntz (igoerako norantzan) 15-20 metro inguru egin eta pista berriro utzi genuen berriro ere pagadian sartuz, argazkian ikusten den bezela.


Leku pista utzi ondoren. Hemendik aurrera elurretan ia belaunetaraino sartzen aritu ginen metro askotan gure giharren kaltetarako.


Elurra hain biguna izanda, arrastoa irekitzen tartekatuz joan ginen.

Hasieran Leku...


... Eta gero ni...



09:50, bigarren pista. Lehen metro gogor eta izerditsu batzuen ondoren, bigarren pistara ailegatu ginen. Honelakoetan, elurra hain biguna dagoenean, arrastoa lau hanketan hobe irekitzen da.


Bigarren pista honetatik gora elurraren kalitateak ez zuen hobera egin eta maldan gora joatea zaila egin zitzaigun. Gainera, kanalaren hasierarino eramango gaituen pagadi honetan tarteka arkaitzak eta tarteka erresalte txikian azaltzen hasi ziren, leku hauetan, jakina den bezela, elurretan sakonago sartzen ginelarik.

Elur kalitaterik hoberena elurjausien ondarretatik gora joaterakoan topatu genuen, honegatik, elur jausi baten ondarrak ikusten genuen bakoitzean ero moduan bertaraino joaten ginen.



Bideo honetan Lekuk egoeraren berri ederki ematen du. Ikusiko duzuenez, erresaltetxo guztiak ekiditen saiatu ginen.


Iker hala nola elurjausi baten ondarretatik ateratzen.


Nekez, pixkanaka kanalaren sarreraruntz hurbilduz joan ginen. Momentu batean kanalatik behera elurjausi batek utzitako arrastora ailegatu eta bertako elurra nahiko gogorra zegoela ikusi ondoren: "Ehhh!!! Hemen elurre nahiko gogorra dau!! Ia kranpoiak jartzeko mun!!!" Oihukatu nien, "gañea hobe da denok arrasto berdiñetik jutea, hola ezkea hiruok tontomun nekauko"

Honela, bideoan azaltzen den bezela, denok berriro ere elkartu eta arrasto honetatik gora kanalaren sarreraino abiatu ginen.



Azkenean, kanalaren sarrera parez-pare topatu genuen. Honelakoetan, zure helmuga ikusten duzunean, zoriontasun berezi batek hartzen zaitu eta hanketako indarrak minutu batzuetan berreskuratu egiten dira.



Iker kanalaren sarrerara hurbiltzen.



Bideo honetan kanalaren sarrera eta kanalak duen hasierako erresaltea argi ikusten dira.


10:30, kanalaren sarrera, 1150 metro inguru. Hasiera batean bilgunea sarreraren ezkerrean dauden pagoetan jartzea erabaki genuen, baina 30 metroetako soka bat besterik ez genuela ikusita, badaezpada sarreraren eskuinean dagoen bira/errepisa batera joan nintzen "ikertzera".


"Hemen bilera jartzeko pago bat dau" esan nion Ikerri, "ta gañea trastek uzteko kriston errepisa ere". Iker bere motxila jaso eta nigana hurbildu zen nik nolabait errepisa "txukuntzen" nuen bitartean.

Erresaltea eta ni bilgunea jarri genuen pagoaren ondoan.


Iker eta Leku errepisara hurbiltzen. Ikusten denez, malda ez da nolanahikoa, baina hemen elurra gogorragoa topatu genuen.


Bi anaiak bira/errepisan eta aurrean bilgunea jarriko dugun zuhaitza.


Atseden txiki baten ondoren, eskaladako trasteak atera, zuhaitzean baga bat pasatu bilgunea jartzeko eta Iker errepisari saiakera bat emateko prestatu zen.


Hau da aurretik zuena.



Lehen metroetan, bideoan ikusten den bezela, aske eraman nuen errepisara ailegatu zen arte. Beti gertatzen den bezela, eskalatzen dugunean ormaren azpitik gauzak oso erraz ikusten ditugu. Hasiera batean erresaltearen ezker aldea errazagoa zirudienez, Iker zuzenean alde horretara joan zen.



Erresaltea babesteko badaezpada iltze bat sartu zuen (bideoan hasieran ikusten den bezela), baina elurra nola zegoen ikusi ondoren ezkerraldea baztertu eta eskuineruntz jo zuen.


Oraingoan, serio ematen hasi aurretik, arkaitzaren pitzadura batean friend bat jarri zuen pausua babesteko.



Bideo honetan Ikerrek erresaltearekin izandako borroka ikusiko duzue, hasieran motxilarekin eta gero motxilarik gabe. Azkenean, eta batez ere elurraren egoera dela eta, atzera egin eta beste baterako uztea erabaki genuen.


"kaguen la puta!!!!" Ikerrek. "Behintzat borrokau dezu. Ezin denen ezin da" erantzun nion. "Ta guain?" Lekuk. "Eztakit, baña beharbada errepisan bestaldetio pasatzeik zeok" erantzun nion. "Saiauko gaittuk?" Berak, "sikiera ikustea jungo gaittuk eta zemuzkoa den" erantzun nion.

Honela trasteak jaso eta bilgunea jarri genuen errepisa/biraren bestaldera pasa ginen.

Iker eta Leku errepisaren bestaldean erresaltea gainditzeko puntu baten bila.



"Hemen bazeok kanal antzeko bat" esan zuen Lekuk. "Ta zemuz ikustek?" galdetu nion. "Etzekiat, baña bere ezkerretio igual igotzea posible dek" esan zidan. "Uff, baña elurre zeoken bezela ta kresterio antzeko hortan eongo dittuken harri sueltokin nik eztiak bate argi ikusten" erantzun nion. "Ni ez neok saiaure inbehar" esan zuen Ikerrek. Honela ba, eta batez ere ia hamaika t'erdiak zirela ikusi ondoren, buelta hartzea erabaki genuen.

Errepisaren bestaldean dagoen irteera. Elur gogor eta hotzarekin beharbada...


Igoera gogorra izan bazen, jaitsieran majo sufritu genuen belaunetatik gora sartuz eta, argazkian ikusten den bezela, noizik eta behin elurretara eroriz.


Atzera azken begirada, oraindik ez genekien baina igandean leku berera itzuliko ginen.



BIGARREN EGUNEKO DESKRIBAPENA

"Bihar ze ingo deu?" galdetu nion Ikerri larunbata arratsaldean. "Eztakit, gañea Lekuk ez datorrela esan dit" erantzun zidan. "Ta atzoko lekura bueltatzen bagea? Gutxiñez elurre biguñe badau kanalarte arrastoa irikita izango deu" proposatu nion. "Ez da txarra..." Ikerrek "... Bale, gañea gaur gauen esan due hotz handiagoa ingo dula, a ver zemuz daun erresaltea". "Ta biguñe badau ezkerretio igoko gea, ta hola gaurko kanal noa ateatzen den ikusiko deu" esan nion.

Argazki honetan bigarren egunean gutxi gora behera jarraitutako bidea markatu dut.


Kotxetik larunbatean baino zertxobait lehenxeago atera ginen, 07:50 aldera, baina ehiza postuak zeuden lekura ailegatu ginenean elurra larunbatean bezelakoa ez zegoela ikusi genuen, nahiz eta argazkian ez iruditu.


08:50, lehen pista. Larunbatean irekitako arrastoari eskerrak, arrastoaren gainetik oso erraz joan ginen eta di-da batean lehen pistara ailegatu ginen.


"Gauza haundie da arrastoa irikita eukitzea eh?" esan nion anaiari. "Dudaik ez" erantzun zidan "hau zortzimilako baten la ostia notaukoa" erantzun zidan. Kuriosoa da baina arrastoaren gainetik ederki joan ginen denbora osoan, baina arrastotik ateratzen ginen bakoitzean belaunetaraino sartzen ginen. Inbertsio termiko galantarekin topo egin genuen goruntz joan ahala elurra geroz eta bigunagoa zegoen eta. "Gaur erresaltean ez gea sarture ingo" esan zidan Ikerrek.

09:50ak aldera kanalaren hasierara ailegatu ginen. Gure asmoa, elurraren egoerako bultzatuta, larunbateko kanalaren ezkerrean dagoen orratza inguratu eta kanal honen irteera topatzera moldatu genuen, gero, ahalik eta lekurik errezenetatik, Aratzeko gailurrera ailegatzeko.

Hasteko, orratzaren azpitik ezkerreruntz 100-150 metro inguruko ezkerrerunzko trabesia erdi horizontal erdi diagonala egin genuen.

Ikerrek esan bezela, larunbateko kanalaren sarrerara ailegatu ginenean gure arrastoa utzi eta arrasto berria irekitzeari ekin genion. Hemendik aurrera eguneko izerdi guztiak bota genituen. Argazkian, Iker goian esandako trabesian ikusi daiteke.


Ni trabesiaren amaieran orratza atzetik inguratzen hasteko prest.


Orratza atzetik inguratzen. Naiz eta zoriontsu egon ez da batere atsegina izaten belaunarteko arrastoa irekitzea.


Orratzaren atzetik diagonalean beste 40 metro inguru egin ondoren, azkenik, larunbateko kanalaren irteera topatu genuen.

Ni kanalaren irteerari argazkiak ateratzen.


Argazki honetan kanalaren irteera non dagoen markatu dut. Argazkia aurreko argazkian nagoen leku beretik aterata dago.


"Ta oain ze ingo deu?" Galdetu zidan Ikerrek. "Behin honea aillauta goruntz joko nuke, hola, de paso, irteera posiblek fitxatuko ditteu" erantzun nion.

Elurraren biguntasuna ikusita ez genituen ez piolet ezta kranpoirik ere motxilatik atera. Argazkian, gutxi gora behera jarraitu genuen bidea markatu dut, hasiera batean goruntz, baina azkenean ezkerreruntz hartu genuelarik.


30 metro inguru goruntz egin ondoren, irteerarako kanal posible bat topatu genuen baina elurra nola zegoen ikusita ez ginen ausartu bertan sartzea. "Ta oain?" Galdetu nion anaiari. "Onena deu ezkerreruntz trabesia bat ittea leku errez bat topau arte" erantzun zidan.

Argazki hau 150-200 metro inguruan egin genuen trabesian aterata dago.


Metro batzuetan arrastoa irekitzen joan ondoren, anaiak erreleboa eman eta lanari ekin zion. Momentu batean, orratz bat zeharkatu ondoren, atzera begiratu, irrifartxo bat bota eta "hau da pasabide guapoaa!!!!" esan zidan.Argazkian momentu hau ikusi daiteke.


10:30, orratzen arteko pasabidea edo kanal hestua. Bere parera ailegatu eta bi orratzen arteko pasabide hestu bat agertu zen gure aurrean. "Joer Irauleko orratzaren pasabide emateo" esan nion.

Iker bi orratzen arteko pasabidera hurbiltzen.


Ni pasabidearen hasieran.


Iker ederki disfrutatzen...


... Eta ni pasabidearen irteeran.


Pasabidetik atera baino lehen Ikerrek oihu egin zidan: "Honea allatzen zeanean flipau ein behar dezu, leku hau akojonantea da".

10:35, orratzen lerroen arteko bailara, 1300 metro inguru. Nire parean bailara bat zabaldu zen, orduan konturatu nintzen Aratzen bi orratz lerro daudela bata bestearengatik bailara hau dagoelarik. Argazkian ni bailaran nago eta atera ginen pasabidea ikusi daiteke.



Ikerrek grabatutako bideo honetan bailara eder hau bere osotasunean ikusteko aukera izango duzue. Bideoraen amaieran ere, igo genuen orratza ere ikusi daiteke.


Behin bailaratxo honetara ailegatu ginenean, nonbaitera igo beharra genuela pentsatu genuen, honela inguruan topatu genuen orratzik altuenera igotzea pentsatu genuen. Igoerak ez dauka misterio handirik I-II pausuak izango ditu gehienez eta erraz egiten da.

10:45, orratzaren gailurra. Motxilak arkaitz batzuen gainean utzi eta di-da batean igo ginen.

Iker orratzaren gainean dagoela eginiko panoramika.


Orratzaren gailurrean ateratako beste argazki bat. Atzean Txindoki eta Aralar ikusi daitezke.


Orratz honen gailurretik Aratz mendiaren gailurra garbi ikusi genuen lehen aldiz. Orratzen bigarren lerrora pasatzeko bertara igotzen zen elur pala bat aukeratu genuen, argazkian markatu dudan bezela.


Ni elur palaren hasierara ailegatzen.


Palaren erdialdean. Hemen ere, eguneko egoerari jarraituz, elurra nahiko bigun topatu genuen.


Eta palaren amaieran. 


10:55, orratzen bigarren lerroaren gaina, 1350 metro inguru. Iker igotzen hasi baino lehen bestaldetik jaisterik zegoen hala ez ikustera joan nintzen. Destrepe erraz bat topatu ondoren, buelta hartu eta Ikerri igotzeko oihukatu nion.

Bideo honetan Iker elur pala igotzen ikusi daiteke. Hasieran igo genuen orratza ikusi daiteke.


Esan bezela, orratzen bigarren lerro hontatik jaisteko nik trapada erraz bat jarraitu nuen. Ikerrek ordea, nik aukeratutako destrepearen ondoan dagoen kanal bat jarraitu zuen.

Argazki honetan nik destrepatutako bidea ikusi daiteke.



Beste argazki honetan aldiz, Ikerrek jarraitutako kanala ikusi daiteke.


Ateratako beste argazki honetan nik (gorriz) eta Ikerrek (urdinez) jarraitutako bidea ikusi daitezke.


Aratz mendiaren gailurrera eramango gaituen lautadara ailegatzeko azken trepadatxo bat egin behar izan genuen.


Trepadatxoak zailtasun handirik ez dauka, 8 metro inguru izango ditu, baina harri askeak dituenez, belarrari tiraka igo behar izan genuen. Argazkian Iker trepadaren azpian ikusi daiteke.


Nik trepada amaitzen.


11:10, Aratz zelai lautada, 1375 metro inguru. Behin trepada hau gainditu ondoren, zailtasun guztiak amaitu eta Aratz zelai izena duen lautadara ailegatu eta hemendik 10-15 minutuetan Aratz mendiaren gailurrera ailegatu ginen.

Trepada amaitu ondoren, Aratz zelai lautadan, gutxi gora behera jarraitutako bidea markatu dut.


Atzera begirada, Txindoki benetan ederra zegoen.


11:25, Aratz, 1443 metro. Elurretan paliza majoa egin ondoren uste baino frexkoago gailurrera ailegatu ginen. Bertan, gailurrean zegoen mendizale bati gailurreko argazkia ateratzeko eskatu eta bertan zegoen haizetetik ihesi beherunzko bidea hartu genuen.

Aratz, 1443 metro.


Jaisteko, San Adriandik datorren bide normala jarraitzea pentsatu genuen, tartean Elurzuloak gainetik pasa ginelarik.

11:30, Elurzuloak, 1431 metro.


Aratzetik jaisten, parean Aizkorri ikusi daiteke.


Azkenean, bost orduetatik gora ibili ondoren, 13:00ak aldera berriro ere kotxera ailegatu ginen.

Egia esan elurraren egoerak gure moralean eragin handia izan zuen, baina "deskubritu" genituen lekuak, orratzen arteko pasabidea, orratz lerroen arteko bailaratxoa eta beste irteera posible batzuk ederki asetu zuten gure mendi gogoa.


2 iruzkin:

  1. Erreportai ederra!! orain dagoen edurrarekin badaukagu etxe ondoan disfrutatzeko eh!!

    Ondo segi!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Milesker artista!!!

      Arrazoi duzu, oraingoan badirudi elurrak denbora pixkatean iraungo duela. Gure ekonomiak eskertuko du, Piriniotaraino joan gabe hemen gauzak egiteko aukera izango dugu eta.

      Ezabatu