AZKEN 10 SARRERAK

2013/05/09

ORDIZIARI ITZULIA 2013/05/04

Duela aste batzuk herriko taberna batean Xanti Mendizabal mendizale ordiziarra topatu nuen. Hizketan hasi eta Murumendi inguruan dauden mugarriei erreferentzia egin nion: "azkenen zuk esan bezela Murumendira jun ta mugarriei argazkik atea nien blogen jartzeko" esan nion. Orduan ibilbide interesgarri baten berri eman zidan: "Duela urte dexente Ordiziako mendizaleok (Ordiziako mendizale elkartekoak) Ordiziako mugari bira ematea animatu giñen baña ez giñen Murumendiraño aillau horraño ez igotzeko. Zuentzako aukera ona izan daike". Hau esan eta gero egun batzuetan ibilbide hau nola egin genezaken pentsatzen aritu nintzen eta azkenean anaiari deitu nion.  Bera ideiarekin animatu ondoren "ibilbidea ittea errexa da" esan zidan, "muga mapa batera pasa ta GPS-an track bezela jarri". Hamar minutuetan "track"-a nire helbide elektronikoan nuen.

Behin track-a edo muga GPS-an sartuta zegoela biderik egokiena zein izango ote zen bueltaka aritu ginen, muga doan leku askotatik ia ezinezkoa baita oinez pasatzea, motozerra batekin ez bada behintzat. Google Earth eta Ikerrek alde batetik eta nik bestetik eginiko bisitatxo pare baten ondoren gutxi gora behera nondik nora ibiliko ginen adostu genuen.

Behin muga eta ibilbidea erdi lotuta izan ondoren, proiektutxo honetarako etorriko ziren lagunei deitzea falta zitzaigun. Azkenean dei, mezu eta WhatsApp batzuen ondoren zazpi lagun elkartu ginen proiektua aurrera ateratzeko asmoarekin: Izagirre anaiak (Josu eta Axier), Mikel "Maik", Josu "Garcia" eta bere lagun Lader eta Mujika anaiok.

GURE BIDEA

Esan bezela muga jarraituz Ordiziari itzulia ematea izan zen gure helburua. Mugak beraz 16,6 kilometroetako luzera dauka, baina bagenekien ziurrenik kilometro gehiago egingo genituela zati askotan mugatik kanpo ibiliko ginelako. Guk azkenean 22 kilometroetako ibilbidea egin genuen.

Ibilbidea aukeratzeko garaian bi gauza kontutan izan genituen: Biderik ez dagoen baso itxietatik ez sartzea eta baserritarren zelairik ez zapaltzea, garai hontan belarra luzea egoten baita. Zelaietatik joan ezkero ziurrenik zatiren batean baino gehiagotan ibilbidea motzago egin daiteke mugaren gainetik edo gutxienez, gertuagotik joanez.

Ibilbidearekin gailurren bat ere zapaldu nahi genuenez, Ordiziako mugari Murumendi mendiaren igoera batu genion.

Horiz Ordiziako muga (goiko marra Murumendiko igoera da) eta gorriz guk eginiko bidea. Xelebrea da Ordiziako mugaren forma, nik urdaiazpiko edo saxofoi baten itsura hartzen diot.


Ibilbidea wikiloc orritik deskargatu nahi baduuze.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Zenbait lekuetan bidea nondik nora doan deskribatzea oso zaila da bidexka eta bidegurutze asko daudelako, baina hala ere, zailtasunak zailtasun, ahalik eta zehaztasun handiz deskribatzen saiatuko naiz.

08:40, Malkaskoko zubia. Malkasko auzoa Ordizia eta Beasainen artean dagoen auzo ordiziarra da. Usurbe mendiko errepor honetan komentatu nuen bezela, auzo honetan eta batez ere Mariaratz errekan pasa genuen gure haurtzaro eta nerabezaroa.

Malkaskoko zubia.


Zubia pasa ondoren, jarraitutako ibilbidea. Gaurko taldea dagoeneko zai daukat.


Lehenengo minutu eta metroetan, Usurbera hemendik igo nintzeneko ibilbide bera jarraitu genuen (erreporra irakurtzeko hemen klik egin).

Mariaratz kalea, Beasain eta Ordizia udalerrien muga mugatzen duen Mariaratz erreka errepidearen azpitik doa.


Ordiziako mugaren mendebalbea Mariaratz errekak mugatzen du, honegatik erreka honetatik ahalik eta gertuen mantendu ginen ibilbidearen lehen zati honetan.

"Eleknor" etxearen parera ailegatzen.



Argazki honetan ikusten den bezela, Beasaingo Erauskin auzoruntz doan bidea utzi eta errekaren ondotik doan bidea hartu genuen.


"Ostras!!! Eztakit oaindala zenbat ez nintzela hemendio pasatzen" esan nion Josuri "Ufff!!! hogei urte baino gehiago izangoie". "Gogoratze altzeate meter la zanca eta honelakoak itten genittunen?" esan zigun Ikerrek "joe baietz, gero zapatillak lurrekin lehortzen genittun ta belarretatik pasatzen genittun gehio lehortzeko" esan zion Maik-ek.

Bidean zehar topatu genituen leku ezagunen oroitzapena oraindik oso frexkoa daukat nire buruan, baina kuriosoa da urteen poderioz lekuetatik dituzun oroitzapenetatik errealitatera zer nolako saltoa dagoen, eta orokorrean leku gehienak uste baino txikiagoak direla iruditu zitzaidan.

Gure garaian "Piedras blancas" bezela ezaguna zen lekuan.


Mariaratz erreka, argazkian ikusten den bezela, hainbat alditan gurutzatzen da, denetara bost aldiz, oker ez banago..



09:10, ur deposituak. Ordu erdiko ibilbidearen ondoren ur deposituetara ailegatu ginen. Bidean zehar haurtzaroan harrapatutako karramarro eta amuarrainak behin eta berriz gogora ekarri genituen, baita onttolekuak ere.


Ur desposituetan zementuzko eraikin txiki bat besterik ez dago, argazkian ikusten den bezela.


Ur deposituak atzean utzi eta 30 metro eskasera errekatxo bat zeharkatu behar da (argazkian ez da oso ongi ikusten).


Errekatxoa zeharkatu ondoren bi aukera ditugu: Eskuinera doan bidexka jarraitu basoran sartuz eta Mariaratz erreka nola hala jarraituz edo ezkerrera hartu belarraz estalitako pista bat jarraituz. Guk, goiko argazkian azaltzen den bezela, bigarren aukera hartu genuen.

Iker pistan zehar.


Pista hasi eta berrehun metro eskasera desagertu egiten da, hemendik aurrera ongi zapaldutako bidexka hestu bat jarraitzen delarik.



Eta bidexka hontatik atera gabe, ur deposituetatik 20 minutu eskasera basoa utziko dugu, Beasaingo Gantzaraintxiki baserriko zelaietara ateraz..


Gantzaraintxiki baserria eta jarraitutako bidea.



Zelaitik gora zuzen hartu daiteke, baina errespetuagatik baserrira doan errepideraino joan ginen pistatxo bat jarraituz.


Errepidean, baserria ikusi daiteke.


Gantzaraintxiki baserria, ikusten denez guk errepidetik jarraitu genuen.


Orain arte bideak galtzeko arrisku handirik ez dauka eta errepidea jarraitzea besterik ez da. Momentu batean, errepidea zementuzko bidea bihurtzen da.


Eta zementuzko bidea jarraitu eta metro batzuetara bidea pista bihurtuko da, lehenengo bidegurutze garrantzitsua topatuko dugularik. Argazkian ikusten den bezela, bidegurutzean ezkerreruntz hartu genuen, eskuineruntz hartu ezkero, Ordiziako Arantzegi eta Arantzegitxiki baserrietara irteten gara eta.


Lehenengo bidegurutzetik 300-400 metro eskasera bigarren bidegurutze garrantzitsua topatu genuen. Oraingoan eskuineko bidea hartu genuen.


Bigarren bidegurutze honen ondoren, goiko argazkian ikusten den pinudi batera sartuko gara. Pinudia zeharkatzeko bi aukera ditugu: zuzen zeharkatzea (guk aukeratu genuena, beheko argazkian ikusten den bezela) edo pinudiaren ezkerretik, berau inguratzen doan bidexka jarraitzea.


Pinuditik atera ondoren, Usurbe mendia parez-pare.


Pinuditik atera eta gero zelai batera ailegatuko gara. Zelaian bertan bide bat hasten da, eta bide hau izan zen jarraitu genuena.


Zelaiko bide hau hartu eta 400 metro eskasera ezkerreruntz doan bihurgune itxi bat topatuko dugu (argazkian ikusten dena). Bihurgune hontan kontu handia izan behar da bihurgune bertatik pista bat abiatzen baita bidea galtzeko arriskua handituz.


Bihurgunetik 200-250 metro eskasera dagoen bidegurutzean (argazkian azaltzen dena) eskuineko aukera hartu genuen.


Eta bidegurutzearn ondoren abiatzen den erdi-bide erdi-pista hau jarraituz...


... hamar minutu eskasera Murumendi eta Usurbe mendien arteko bidera (bide hau errepor honetan daukat azaldua) atera ginen, argazkian ikusten den tokian.


Dagoeneko Murumendi eta Usurbe mendiek batzen dituen bide lokaztuan. Harrigarria da, baina bide honetan lokatza ia urte osoan mantentzen da.


Bide honek ez dauka galtzeko arriskurik oso zabal eta agerikoa baita.


Murumendi azpian dagoen Arrapaitz iturrian.


Murumendira igotzeko azken maldaren lehen metroetan.


10:45, Murumendi, 864 metro. Ia bide osoan lokatzarekin borrokan aritu ondoren, frexko-frexko mendi honen gailurrera ailegatu ginen.

Murumendi, 864 metro, talde argazkia.


"Ehhhh!!! Oain eguneko gauzik onena dator!!!" Esan zigun Maikek "benetazko mendizalen modun fundamentuzko hamaiketakoa inbeharra daukeu, zatoa ta guzti". Di-da batean motxilatik pare bat patata tortilla, zatoa, ardo botila bat, gazta eta postrea ere atera zuen. Hau ikusita motxilan nituen "Patxientxik" ateratzea lotsa eman zidan.

Hamaiketakoa prestatzen.


Ia ordu erdiz Maikek mahai gainean jarritakoari errepaso ederra eman eta parre batzuk egin ondoren, altsatu zen ipar haizearen hotzagatik edo, berriro ere martxan hasi ginen.

Hamaiketakoa eginiko lekutik ateratako argazkia. Nahiz eta Ordiziaruntz jaisteko hiru aukera izan, muga eta mugarriak jarraitzeko markatutako bidea jarraitzea da egokiena.


Hamaiketakoa eginiko lekutik tarte luze batean mugarrien bideak Itsasondoko ehiza postuen lerroa jarraitzen du.


Ehiza postu baten atzean Ikerren ondoan dagoen mugarri berezia topatuko dugu. Mugarri honek Ordizia ("V"-ez markatua -Villafrankagatik-), Beasain ("B"-z markatua) eta Itsasondo "Y"-ez markatua) udalerrien mugak banatzen ditu.


Mugarri eta ehiza postuen lerroan. Bidean zehar beste hiru-lau bat mugarri topatuko ditugu, baina oraingoa Itsasondo eta Ordizia herriak banatzen dituztenak.


Hamaiketakoa egindako lekutik gutxi gora behera hamar minutura, Ordiziatik Murumendira doan bidearekin topo egingo dugu.


Hemendik aurrera bide hau jarraituko dugu, Ordizia herrirarte jaitsi ezkero, Arantzegi eta Arantzegitxiki baserrietara eramango gintuen errepidearekin topo egin arte. Zehaztasun gehiagorako, bide hau errepor honetan nondik nora doan irakurri dezakezue.


Larrazkanda parean eta hemendik aurrera jarraitutako bidea.


Larrazkandatik pasa ondoren bidea berriro ere baso batean sartzen da.


Basoan sartzen den bidexkaren bidegurutzea.


"Ioia" (Idoiaga) baserrietara ailegatzen, bertan beste mugarri bat ikusi daiteke zelaiaren erdian. Idoiagan bi baserri daude: Ioiagoikoa eta Ioiabehekoa. Mugak direla eta, goiko baserria Ordizian eta behekoa Itsasondon dago. Argazkian, zuhaitz artean, Ioiabeheko baserria ikusi daiteke.


12:10, Ioia baserriak, 610 metro inguru. Puntu honetan, muga nondik jarraitu zalantzan aritu ginen. Biderik motzena, Ikerrek proposatzen zuena, Ioiabeheko baserri atzetik pasa eta beheruntz zuzen jarraitzea da, baina honetarako zelai guztiaren erditik pasa behar denez, eta hasieran esan bezela, baserritarren kalterako belarra zapaltzerik nahi ez genuenez, azkenean Ordiziara doan bidea jarraitzea erabaki genuen, behin errepidera ailegatzerakoan Itsasondoko Oteizabal baserrira joateko.

Ioiabeheko baserrira ailegatzen.


Ioiabehekotik behera basoa amaitzen den lekuan, hemendik aurrera zelai baten erditik doan pista bat jarraituko dugu.


Zelaian doan pistatik behera. Behean Beasain herria ikusi daiteke ia argazki osoa CAF lantegiak hartzen duelarik. Hemendik ordu batzuetara handik itzuliko gara.


Ioiabehekotik 25 minutu eskasera Ordiziatik Oteizabal baserrira doan errepidera ailegatu ginen. Errepide hontan eskuineruntz hartzen badugu Ordiziako Arantzegi eta Arantzegitxiki baserrietara ailegatuko gara eta hauetatik Ordizia herrira. Guk, muga jarraitzeko asmoarekin, ezkerreruntz hartu genuen Itsasondoko Oteizabal baserriruntz.



12:40, Oteizabal baserria. Muga berez, baserrira ailegatu aurretik beheruntz doa zuzen zuzen, Itsasondoko San Juan auzotik doan errekatxoa jarraituz (errekatxoak Itsasondo eta Ordizia mugatzen ditu), baina gure azpian zegoen baso itxia ikusi ondoren, Oteizabal baserria eta  San Juan auzoaren artean dauden zelaietatik jaistea erabaki genuen.

Oteizabal baserria. Argazkian ikusten den bezela, baserriaren ezkerretik hartu genuen hemendik behera dauden zelaien bila.


Maik Oteizabal baserritik behera. Azpian Ordizia ikusi daiteke.


Oteizabal baserritik San Juan auzora doan zatian kontu handiz ibili behar da malda handiko jaitsiera da eta. Kontu handiz jaisten ez bada, behin baino gehiagotan lurrean bukatu daiteke, bakarren bati gertatu zitzaion bezela je,je,je (momentu batean "rapel"-ik jarri beharko ote genuen zalantzan izan ginen je,je,je)

Zelai maldatxua eta irristakorraren ondoren pista gozo batek Lukusain baserrietara eramango gaitu. Argazkian duela urte batzuk erre zen Ordiziako Zabale baserri-dorrea ikusi daiteke.


Lukusain baserrietara ailegatzen.


Guztira, Oteizabal baserritik Lukusain baserrietarra ordu laurden eskasean jatsi ginen.

Lukusain baserriak, eskuinekoa Lukusainberri eta ezkerrekoa Lukusainzarra.


Lukusain baserrietatik behera. Aurretik ditugun etxeak Urtxi-Thor (Josuren parean dagoen horia) eta  Anaiena (Ikerrren buruaren parean dagoena), nire koinatu eta ilobatxoak bizi diren etxea. Etxe honen ondorik Ordizia eta Itsasondo banatzen dituen errekatxoa jaisten da. Eskuinean gelditzen den etxe zuria Zeberioenea da.


13:00, San Juan auzoa. Urtxi-Thor eta Anaiena etxeen artean pasa ondoren gure ezkerrera San Juango baseliza geldituko da. Bidegurutzean eskuineruntz hartu genuen, berriro ere Ordiziarako norantza hartuz.

Eskuineruntz hartuko dugun bidegurutzera ailegatzen.


400 metro ingururen ondoren biribilgune batera ailegatuko gara. Biribilgunean Zaldibia herriruntz hartu genuen, argazkian azaltzen den bezela.


Biribilgunean.


Biribilgunea atzean utzi ondoren trenbidea eta N-1 errepidearen azpitik pasa eta Oria ibaia zeharkatzen duen zubi bat igaro genuen zubiaren ondorengo bidegurutzean Ordizia eta Zaldibiaruntz (eskuineruntz) hartuz.


Bidegurutzea hartu ondoren, 100-150 metro inguru ibili eta berriro ere errepidea utzi genuen (argazkian azaltzen den bezela) Aramara doan oinezkoen bidearen bila.


Eta bide honetara ailegatu ondoren berriro ere Zaldibiaruntz hartu genuen bertatik datorren Amundarain ibaiaren bila. Amundarain ibaia da Ordizia eta Arama udalerrien arteko muga. Argazkian Jauregietxeberri baserriaren ondoan dagoen zubia zeharkatzear.


Ordiziatik Zaldibiako bidean Amundarain ibaia da muga mugatzen duena baina ezin da bere ertzetik joan Orkli lantegiaren erditik pasatzen baita. Zati hau pasatzeko, lehenik Ordiziako "kaldereri" auzora joan ginen (beheko argazkian ikusi daitekena) eta gero Ordiziatik Zaldibiara doan GI-2133 errepidea jarraitu genuen.

Kaldereri auzora ailegatzen.


Kaldereri auzoa atzean utzita. Gure ezkerrean Orkli lantegia eta eskuinean Usunbillaga baserria.


Aizpuruetxeberri baserrira ailegatzen.


GI-2133 errepidea hartu eta 700 metro ingurura, Aizpuruetxeberri baserria utzi ondoren, txatartegi bat topatuko dugu gure ezkerrean. Txatartegi hontatik 100-150 metro eskasera eskuinetik errekatxo bat dator. Errekatxo hau da Ordizia eta Zaldibia udalerrien arteko muga mugatzen duena.

Errekatxoaren eskuinetik (gure ibilbidearen norantzan) belarrez erabat estalitako pista bat doa (argazkian markatu dut pistaren hasiera). Pista hau izan zen jarraitu genuena.


Belarrez estalitako pistaren lehen metroetan.


Mariaratz errekaren inguruan ibili ginenen bezela, hemen ere pista bidexka bat izatera pasatzen da, momentu batean muga egiten duen errekatxoa gurutzatzen delarik (argazkian errekatxoa gurutzatzen lekua ikusi daiteke)..


Eta behin errekatxoa gurutzatu ondoren erdi ageriko bidexka bat jarraitu genuen. Honelako momentuetan konturatzen zara etxetik galtza motzekin ateratzea ez dela ideia on bat izan.


Hala nola baso itxitik atera eta zelai batera ailegatu ginen. Zelai honen gainkaldean dauden sasien artetik doan bidexka hartu genuen nire hanken kalterako.


Sasiak zeharkatu ondoren hesi bat topatu genuen, bertan, hesia gure ezkerrean utziz, eskuineruntz (ibilbidearen norantzan) jarraituz.


Hesiaren ondoran 30-40 metro inguru egin ondoren, ezkerrera genuen zelaira zihoan pista bat ikusi, hesia zeharkatu eta bertara zuzendu ginen.


Zelaitik gora doan pistan. Gure eskuinean gasbide bat utziko dugu.


Guztira, Zaldibiara doan GI-2133 errepidea utzi genuenetik 20 minutu eskasera Ordiziatik Lazkaomendira doan zementuzko errepidera irten ginen. Aurrean Albitxu behekoa baserria ikusi daiteke, gure hurrengo helburua.


13:55, Albitxu behekoa baserria, Lazkaomendi. Muga bere eskuinetik doanez, gu zuzen-zuzen hemendik sartu ginen baserria eta ikuiluaren artean pasatuz.

Baserriaren eskuinetik sartzen.


Baserria atzean utzi ondoren lokaztuta dagoen beste pistatxo bat hasten da, berau zuzen-zuzen jarraitu genuelarik.


Pista baso batean (argazkian ikusten den bezela) amaitzen da. Hasieran zalantzan aritu ginen beheruntz zuzen jo hala ez, baina azkenean baso barrura sartzen den bidexka bat jarraitzea erabaki genuen.


Basoan dagoen bidexkaren lehen metroetan.


Basoko bidexka hau hasi eta metro gutxietara ezkerreruntz (ibilbidearen norantzan) doan bihurgune bat hartu behar da errekatxo batekin topo egin arte..


Errekatxora jaisten. Errekatxo hau da Ordizia eta Lazkaoko udalerrien arteko muga mugatzen duena.


Errekatxoaren eskuinetik erabat lokaztutako bidexka bat doa.


Errekatxoan beheruntz goazen ehinean bidexka bide lokaztuagoa bihurtu zen....


...Eta bide lokaztua, pista lokaztu bat.


Argazkian ez da ongi nabaritzen baina lokatz kantitatea handia topatu genuen benetan.


Bukatzeko, pista lokaztua bide erdi asfaltatu bat bihurtzen da, eta hemendik, argazkian ikusten den bezela, CAF lantegia bistan izango dugu.


Bidearen amaieran bere ezkerretik duen pasabidetik erraz gainditzen den langa handi bat dago. Argazkian pasabidea eta hemendik aurrera jarraitutako bidea ikusi daitezke.


Langa pasa ondoren, mugatik gertuen doan bidea eskuinerantz hartu eta Goierri laneskola eta Unibertsitatera igotzea da, hemendik, Ordiziako Guardia Zibilen kuarteletik pasa ondoren Malkasko auzora jaisteko, baina bide hontan egiten ari diren obrak direla eta itxita zegoenez, CAF lantegia zeharkatzea erabaki genuen.

14:25, CAF lantegia. "Hemendik Malkaskora arin-arin junda hamar minutu eskas dare!!" esan zuen Ikerrek. "Eztet uste hankak arin-arin juteko modun darenik" erantzun zion gutako bakarren batek.

CAF lantegia eskuinean dugula.


CAF lantegira ailegatu eta metro batzuetara biribilgune batera ailegatuko gara. Biribilgune honek Ordizia, Beasain edota Lazkaora joateko aukera ematen du. Guk puntu honetan eskuineruntz (Ordiziaruntz) hartu genuen, argazkian azaltzen den bezela.


CAF lantegiaren zeharkaldiaren momentu batean N-1 errepidearen azpitik pasa beharra dago.


Beasaingo Laskaibar auzoan trenbidearen azpitik egin zuten pasabidea zeharkatzen. Garai batean trenbidea gainetik zeharkatzen zen, baina izandako istripu askoren ondoren kotxe nahi oinezkoen lurrazpiko pasabidea egitea proposatu eta hala egin zen.


14:45, Malkaskoko zubia. Sei ordu pasatxoren ondoren, nekatuta eta lokatzez beteak berriro ere gaurko abiapuntura ailegatu ginen.

Malkaskoko zubian.


Talde argazkia: "Maik", "Garcia", Lader, Iker, Axier, Josu eta Smithy.



PROFILA





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina