AZKEN 10 SARRERAK

2013/05/13

BALERDI (1206 m.) ETA ARTUBI (1263 m.) AMEZKETATIK, 2013/05/05

Larunbatean Ordiziako mugari itzulia egin ondoren (erreporra irakurtzeko hemen klik egin) igandean zer egin pentsatzen aritu ginen. "Zeozer azkarra ittenbadeu hobe, hola Ordizia errugbi taldeak jokatzen duen Errege kopako finala ikusteko aillauko gea" esan zigun Ikerrek.

Aspaldian genbiltzan Balerdira igotzeko asmoarekin. Azkeneko aldiz Josu eta biok hegoaldeko ertz-lerrotik igo ginen (erreporra irakurtzeko hemen klik egin), baina  Amezketako bide normaletik igo eta blogean deskribapena jartzeko gogoa ere bagenuen, bidea benetan ederra baita. Joan eta etorria egin eta errugbi partida ikusteko denbora emango zigula ikusita, kotxea hartu eta Izagirre eta Mujika anaiok Amezketaruntz abiatu ginen.

GURE BIDEA

Goian esan bezela, Balerdira igotzeko aukeratu genuen bidea Amezketatik doan bide normala izan zen. Bide honek Arritzaga errekaren ezkerretik doa denbora osoan eta nire ustez Aralarren topatu daiteken ibilbide ederrenetako bat da.

Arritzaga errekaren ondoan dauden meatzetatik kuprea atera zen mende askotan 1965 urte inguruan betirako itxi ziren arte. Meatze hauek inguruko herrietarako diru-iturri handia izan ziren eta ikerketek diotenez, inguru honetan kuprearen ustiaketa duela 3.500 urte inguru hasi zen. Egun meatze hauetatik erdoildutako kable edota erdi eroritako eraikinen moduan besterik ez da gelditzen. Dena den, duela urte batzuk, amezketar talde batek Buruntzuzi inguruan gelditzen diren erdi eroritako eraikinen artetik meatzariek bizi zirenekoa berrreskuratu eta elkarte-aterpe bihurtu dute.

Ibilbidea honen irteerara ailegatzeko, Amezketa herritik gora doan bide bat jarraitu behar da aparkaleku batera ailegatzeko. Honetarako Amezketa herria zeharkatu eta elizaren ezkerretik gora doan errepidea jarraitu behar da ezkerreruntz doan bihurgune baterarte. Bihurgune honetan "Aralar" dago idatzia poste batean (bihurgunearen erdian eskuinean dagoen bidegurutzean), eta hemendik gora jarraitu beharko dugu. Hemendik aurrera errepidea hainbat metroetan zementuzko pista bat bihurtzen da eta pixkanaka zementuzko pista hau harri pista batean amaituko da. Kotxez hamar minutu inguruko ibileraren ondoren aparkalekuarekin topo egingo dugu.

Argazki honetan Amezketatik aparkalekura-era jarraitu behar den bidea markatu dut.



DESKRIBAPENA

08:40, Aparkalekua. Mendiko botak eta motxilak jantzi ondoren, ibilbideari ekin genion.

Aparkalekutik irteteko prest.


Beheko argazkian aparkalekuan jarri duten panela ikusi daiteke, eta ibilbidean zehar beste bat topatuko dugu. Duela hiru urte Anduitzeko Aitzorrotza eskalatu genuenean horrelako oharrik ez zegoen. Leku batean eskalatzerik ez badago, eskertzen da honelako panel argiak jartzea.


Aparkalekutik atera eta bost minutu eskasera, eskuineruntz egiten duen bihurgune batean pista utzi eta Arritzaga errekaren gainean dagoen zubi bat zeharkatuko dugu.


Bihurugunean dagoen panela. Aparkalekua egin aurretik kotxea puntu hontan uzten zen.


Arritzaga errekeran gainean dagoen zubia.


Behin zubia zeharkatu ondoren bideak ez dauka galtzeko inongo arriskurik, erreka denbora osoan gure eskuinean geldituz.


Arritzaga erreka. Bidea errekaren maila berean hasten da, baina metroak ibiltzearekin batera erreka geroz eta beherago utziko dugu.


Josu atzean Anduitzeko Aitzorrotza duela..


Kotxetik atera eta hogei minutu eskasera borda honetara ailegatuko gara. Bordaren izenik ez dakit baina atearen ondoan margoz idatzitako Anduitz izena irakurri daiteke.


Bidea gozo-gozo egiten da, erreka pixkanaka beheran geldituz.


Hala ere, noizik eta behin maldatxoren bat edo beste igoko dugu, pixkanaka "gehiegizko" erropa kenduz.


Gutxi gora behera jarraitu behar den bidea. Erreka putzu eta ur jauziez josita dago paisaiari ikutu basati bat emanez. Garai batean hemendik behera arroil-jeitsiera egiten zen (gainera ur jauzietan errapelak egiteko torlojuak sartuta daude), baina egun, aparkalekuan irakurri dugun bezela, debekatuta dago.


Goiko argazkian ikusten den lepora iristerakoan bidea mendiaren bestaldera pasatzen da. Puntu honetan, nahiz eta eskuineruntz errekara doan bidexka bat hasi, bide nabarmenena jarraituko dugu 200 metro inguran bi mendien artean jaisten den errekatxo erdi izkutu batekin topo egin arte. Puntu honetan bide nagusia utzi eta errekatxoaren ondotik doan bidexka jarraituko dugu.

Lepoa pasa ondoren ateratako argazkia eta jarraitutako bidea.


Bide nagusia utziko dugun puntuan.


Bidexkan sartu bezain laster hankak zertxobait berotuko dizkigun maldatxo bat igoko dugu, ia konturatu gabe Buruntzuzi Elkarte-aterpera ailegatuz.



9:45, Buruntzuzi elkarte-aterpea. Leku benetan lasaia da hemengo hau eta larretan dauden animalien hotsa soilik entzun daiteke menditik datorren haize leunarekin batera.


Buruntzutzi elkarte-aterpea (behean dagoen eraikina da elkarte moduan berreskuratu dena). Argazkiaren ezkerrean ikusten den eraikina larrialdiko aterpe bezela eraiki zen eta bertan iturri bat dago.


Hurrengo helburua? Astunaldeko lepoa. Buruntzuzitik bertaraino igotzeko hauspoa eta hankak ederki berotuko dizkigun malda bat igo beharko dugu.

Iturritik Astunaldeko leporaino dagoen bidea.


Iker maldaren hasieran. Metro gutxitan altuera handia hartzen da. Eskuinean, Larraone mediaren atzean, Txindokiren gailurra lotsati agertzen da.


Maldaren erdialdean.


Astunaldeko lepora ailegatzen.



10:05, Astunaldeko lepoa, 1216 metro. Ibilbide hau kuriosoa da lepotik Balerdi mendira "jaitsi" egin behar dugu eta. Lepo honetatik behera ere Azkarate herrira doan bidea hartzen da. Gu, Amezketatik gatozenez, lepoan dagoen langa (goiko argazkian ikusten dena eta Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan dagoena) pasa beharko dugu bidearekin jarraitzeko.

Langa pasa ondoren gutxi gora behera jarraitutako bidea. Balerdiko gailurretik itzultzerakoan goitik behera dagoen hesiaren ondotik jaitsi ginen (hesiak Gipuzkoa eta Nafarroaren mugaren gainean dago), Artubi menditik behera.


Esan bezela, Balerdira ailegatzeko igo baino gehiagotan jaitsi egin beharko dugu.


Nafarroan, nahiz eta argazkian ez oso ondo nabaritu, izugarrizko hodei itsasoa topatu genuen.


Jaitsieratxo baten ondoren, bidea leundu egiten da.


Eta metro gutxiren ondoren (Astunaldeko langatik ordu laurden eskasera) bideak duen puntu arriskutsuenera ailegatuko gara: Balerdiren gailurraren aurretik pasa beharreko ertz-lerroa.


Egia esan, ertz-lerro honek zailtasun handirik ez dauka, dituen 100-150 metroetan oinak eta eskuak jartzeko helduleko ederrak dauzka eta. Dena den, kontu handiz ibili beharreko lekua da, batez ere arkaitza bustia badago edo bertigorik izan ezkero. Azken urteotan puntu honetan heriotz istripu bat baino gehiago eman da eta datu hau nahikoa da kontuz ibili beharreko lekua dela ohartzeko.

Dena den, irudi bat mila hitz baino hobea dela esaten denez, hemen duzue ertz-lerro osoko zeharkaldiaren bideotxo bat.


Behin ertz-lerroaren zati "teknikoa" igaro ondoren, ertz-lerroa zabaldu eta inongo eragozpenik gabe Balerdi mendiaren gailurrera ailegatuko gara.



10:25, Balerdi, 1206 metro. Gailurrean, ohikoa dugun bezela, erropa jantzi eta hamaiketakoari ekin genion.

Iker, Josu eta Asier Balerdiren gailurrean.


Balerdi, 1206 metro.


Balerdiko buzoian kuaderno eta arkaitz bat topatu genuen. Mendizale batzuk bertan utzi dituzte nahi duenak nahi duena idatzi dezan. Gailurrean ordu laurdenez egon ondoren, kuadernotxoan igoera eguna, eguraldia eta lauon izenak idatzi eta beheko bideari ekin genion.

Asier, Josu eta Iker ertz-lerrora eramango dituen aldapatxoa igotzen..


Ertz-lerroan berriro ere. Ezkerrean Artubi mendia ikusi daiteke.



11:00, Artubi, 1263 metro. Bertako gailurrean gelditu gabe pasatu eta talde argazkia ere atera gabe beherunzko bidea jarraitu genuen.

Artubiko gainan dauden mugarriak.


Artubitik Astunaldeko lepora duguna, parean Uakorri mendia ikusi daiteke.


Jaitsieran gure eskuinean gure mendi kuttuna ikusiko dugu.


Berriro ere Anduitzeko Aitzorrotza bistan.



12:00, aparkalekua. Ia hiru ordut'erdiko ibilbidetxoaren ondoren, berriro ere abiapuntura ailegatu ginen. "Earra!!! Partida ikusteko aillatzen gea" esan zuen Ikerrek.

Aparkalekura ailegatzen.


Trasteak jaso, kotxera igo eta ziztu bizian etxera itzuli ginen errugbi partida ikusteko.

Eta zer gertatu zen errugbi partidan? Ondorengo bideoxkan duzue erantzuna.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina