Aitortu beharra daukat ia urtero Vignemalera hurbiltzen naizela, aitortu beharra daukat Piriniotatik gehien gustuko dudan mendilerroa dela eta aitortu beharra daukat zirrara berezi bat sortzen didala bere maldetan murgiltzen naizen bakoitzean. Baina aitortu beharra daukat lehen aldia izan dela Oullettes de Gaube aterpera hurbildu naizela, aitortu beharra daukat lehen aldiz bere ipar aurpegi ikusgarritia ikusteko zortea izan dudala, aitortu beharra daukat malkoren bat edo beste irten zela nire begietatik parean nuena ikusi eta sentitzearakoan, eta aitortu beharra daukat leku honetara ziur itzuliko naizela.
Aitorpen hauen guztien ondoren, proiektutxo hau nola sortu eta aurrera eraman zen kontatuko dizuet. Bageneraman denbora luze bat Pirinioetara itzultzeko asmoarekin (nire azken aldian helikopteroz atera ninduten Achar de Alano mendiaren ipar aurpegitik -erreporra irakurtzeko hemen klik egin-), baina nire sorbalda eta Ikerren belauna dela eta beldur pixkat ere bageneukan eramango genituen motxilen pisuak direla eta. Nire aldetik, sorbalda frogatu ahal izateko azken bi irteeratan motxilan hamar kilotik gorako pisua sartu nuen eta bi froga hauetan nahiko gustura bukatu nuen, hanka eta oinetan sentsazio honekin eta sorbaldan ia minik izan gabe. Iker aldiz zalantzaz betea zegoen, baina bere kasuan ere, nahiz eta motxilan pisurik ez eraman, azken bi saiotxo hauek nahiko positiboak izan ziren.
Esandako bi frogen ondoren (Ordiziako bira eta Balerdi mendira igoera), gure Pirinio maiteei bisita egiteko momentua zela erabaki genuen. Kontutan izanda maiatzak 11ko asteburuaren ondorengo astelehena jai genuela, asteburu hau izan zen aukeratua zerbait egiteko.
Baina nora?
Aspalditik Astazou mendien artean dagoen Swan korridorea begi artean dugu eta hasiera batean gure atentzio osoa korridore honetara joan zen. Gainera korridore hontako primerako informazioa nuen eskuen artean Berria-ren Ibilkaria kanaleko blogaria den Unai Estalaren eskutik. Bera astebete lehenago izanda zegoen eta txosten zehatz bat pasa zidan korridorearen egoera eta beraiek betetako denboren inguruan. Astean zehar mezu elektronikoen elkartrukean aritu ginen Unai, Ainhoa Lendinez (Ibilkaria-ren beste blogaria eta kanalaren arima) eta hiruok zer eta nola egitearen berri.
Iker eta Lekurekin hitzegin ondoren, eta batez ere Swan-a egiteko eraman beharreko pisua eta bete beharreko ordutegiaren ondoren (beharbada ordu gehiegi Ikerren belaun eta nire sorbaldarako), azkenean Petit Vignemaleren Serac-en bidea egitea erabaki genuen. Zergatik bide hau? Alde batetik bagenekien Oullettes da Gaube aterpea irekita zegoela motxilen pisua arinduz, eta bestaldetik Ikerrek Vignemale mendilerroko hirumilako guztiak modu elegante batean amaitzeko aukera izango zuen. Azkenik, Swan-arekin alderatuz, ibilbide osorako denboraren erdia beharko genuela kalkulatu ondoren, erabakia argi hartu genuen.
Nahiz eta gure helburu nagusiena Petit Vignemaleren Serac-en bidea izan, astelehenean Clot de la Hount mendiko ipar korridorea egiteko aukera ere motxilan eraman genuen, beti ere indarrez eta gogoz ongi sentituko bagina.
Honela, larunbata goizean kotxea hartu eta Frantziako Cauterets eski pistaruntz abiatu ginen, hemendik kilometro batzuetara Pont D'Espagne baitago, kotxea utziko dugun lekua. Esan beharra dago Pont D'Espagne-ra sartzeko 5,50 euro ordaindu beharko ditugula, beti ere hamabost minutu baino gehiago egon behar bagara (gure kasuan kotxea hiru egunez egon zen).
GURE BIDEA
Hasieran komentatu bezela gure helburu nagusiena Petit Vignemaleko Serac-en bidea zen. Honetarako asteburua honela antolatu genuen:
- Larunbatean (lehen egunean) Pont D'Espagnetik Oullettes de Gaube aterpera.
- Igandean (bigarren egunean) Serac-en bidea egin.
- Astelehenean (hirugarren egunean) indar eta gogoen arabera Clot de la Hount mendiaren ipar aurpegiko korridorea edo gozo-gozo Pont D'Espagnera itzuli.
Lehen errepor hontan lehen eguneko deskribapena egingo dut bakarrik, beste bi egunen nondik norakoak hurrengo erreporrerako utziz.
DESKRIBAPENA
Hiru orduetako kotxe ibilbidearen ondoren Pont D'Espagnera ailegatu ginen.Esan beharra daukat Cauterets eski pistatik Pont D'Espagnera doan errepidearen ondoan ikusi daitezken urjauziak ikusgarri eta izugarriak direla benetan eta honegatik bakarrik bada ere, merezi du leku honi bisitatxo bat egitea.
12:00ak aldera ailegatu eta Ikerrek eginiko urdailazpiko tortilla ogitarteko bana bazkaldu ondoren, motxila pazientziz bete genuen.
13:15, Pont D'Espagne, 1496 metro. Motxila lehen altzadan jaso ondoren (12-15 kilo arteko motxilak eraman genituen) Pont D'Espagnetik irteteko prestatu ginen. "Ostia!!! Hau da hotza!!!" Esan zuen Ikerrek. Egia esan tenperatura nahiko baxua eta eguraldi goibela topatu genuen irten baino lehen, neguko arropa jartzeraino.
Pont D'Espagneko aparkalekutik ateratzeko prest.
Bidea jarraitzeko Pont D'Espagnen dagoen eraikinaren erditik edota ezkerretik (guk egin genuen bezela) jarraitu daiteke.
Lehen metroetan bidea errepide batetik doa eta gozo egin genuen turista eta kuriosoen artean.
Pont D'Espagnetik irten eta 5-6 minutura eskuineruntz doan bihurgune itxi bat topatuko dugu. Bihurgune honen ondoren, 25 metro ingurura, ezkerreruntz ateratzen den bide bat hartu beharko dugu errepidea utziz.
Iker eta Leku errepidea utziko dugun lekuan.
Hemendik aurrera pinudi batean sartuk gara propio txukundutako bidea interesgarriagoa bihurtuz.
Bideak GR-10 (pinuan GR markak ikusi daitezke) ibilbidea jarraitzen du Oullettes de Gaube aterperaino.
Altuera irabaztearekin batera, pixkanaka elurtegitxoren bat edo beste zeharkatu genuen.
Eta lehen maldatxoak eta motxilen pisuaren ondorioz, di-da batean manga motzetan jarri behar izan genuen.
"Bizkarra matxakauta zeukeat" komentatu zuen Lekuk kotxetik atera eta gutxira. "Aspaldi ez gaitukela pisukin ibili, normalaek sorbaldak eta bizkarra minberatzea" erantzun nion, "baña oaindik aterperaino denbora dexente diau".
Lekuk igoera geologiari buruzko ikasketak emateko aprobetsatu zuen: "magma gogortzen dekenean, gogortzen deken abiaduraren arabera arkaitz bat edo beste bihurtzek. Azkar gogortzen badek, basaltoa, motel gogortzen badek aldiz, granitoa". "Eta zergatik dauzke granitoak sustrai formako hoiek?" Galdetu nion. "Ba hozte eta gogortze prozesuan glaziarren indarrez arkaitza plegatzen jun huan horrelako zimurrek eginez" erantzun zidan.
Bidean zehar zimurrez beteriko granitoa topatuko dugu.
Malda batzuen ondoren, pixkanaka Gaube lakura hurbilduz joan ginen.
14:25, Gaube Lakua, 1731 metro. Laku hontan argazki bat eskas ateratzera gelditu ginen, mantxo-mantxo aurreruntz jarraitu genuelarik.
Iker eta Leku Gaube Lakuan, eskuineko eraikina jatetxe bat da.
"Egualdi ona zeokenen hemendio Vignemale ikustek" esan zigun Lekuk. "Hoixe faltaiau oain" erantzun zion Ikerrek "bide oson ipar aurpegi famatue ez ikustea".
Bideak Gaube lakuren eskuin ertzetik jarraitzen du, honetarako lehenik errekaren gainean dagoen zubi bat pasa behar delarik.
Zubia pasa ondoren dagoen indikazio postea. Honen arabera hemendik Oullettes de Gaube aterpera ordu t'erdi dago. Guk ordu bete gehiago pasa genuen bertaraino. Igoera pazientziz hartu genuen, batez ere bizkarrean generaman pisuaren eraginez.
Lakua inguratzen, gaur badirudi ez dugula ipar aurpegirik ikusiko.
Argazki hontan lakuan dagoen jatetxea hobe ikusi daiteke.
Momentu batean "Xabi behituzak!!!! Ipar aurpegie ikustek!!!! Oihukatu zidan Lekuk. Begirada altsatu eta hodeien artean lotsati arkaitz batzuk azaltzen hasi ziren. Ikusmirak ez zuen asko iraun, baina kristoneko zoriontasuna eman zigun.
Leku eta biok zoriontsu ipar aurpegiaren lehen arkaitzak ikusi eta gero.
Lakua inguratu ondoren elurra etengabe topatu genuen. Hasieran beldur ginen elurra bigunegi topatu ote genuela pentsatzen, baina kristoneko arrasto garbi eta zapaldua zegoenez, nahiko ongi moldatu ginen.
Iker dagoeneko elurretan murgilduta. Hemendik aurrera aterperaino elurretan joango ginen.
Bidean topatuko dugun beste zubi bat. Zubi hontan izugarrizko urjauzia ikusi daiteke.
15:05, Cabane du Pinet, 1780 metro. Pinet etxola bidean goazela ezkerrean utziko dugu. Etxola hau aterpe aske bezela erabili daiteke.
Leku Cabane du Pinet atzean duela.
Hemendik gora, pixkanaka handituz doan beste malda bat igotzen joan ginen. Argazkian ikusten denez, Vigenmale mendilerroan dauden gailurrak pixkanaka agertzen hasi ziren.
Pique Longue handia.
Gertuago... Mendi honek erabat txundituta nauka duela hamar urte ingurutik.
Esan bezela, malda pixkanaka tentetzen joan zen...
Lac de Gaube lakua dagoeneko behean geldituz.
15:45, Cascade Esplumouse ur jauzia, 1949 metro. Ur jauzi hau markatzen duen postera ailegatzerakoan maldak zertxobait behera egiten du.
Iker Cascade Esplumouse ur jauzia markatzen duen indikazio postearen ondoan.
Eta indikazio poste hau atzean utzi eta 40 metro inguru gorago, 1980 metro ingurura, lepo antzeko batetik, pinudia atzean utzi eta mendiaren bestaldera pasa ginen, gure aurrean lehen aldiz, Vignemale mendilerroaren ipar aurpegia bere osotasunean azalduz.
Leku eta Iker lepoan.
Niretzat oso momentu hunkigarria izan zen, ipar aurpegi hau ikusten nuen lehen aldia zen eta. "Ostia, hau flipantea da" esan nien "ikusgarria, benetan ikusgarria".
Lepoa atzean utzi ondoren, dagoeneko parez-pare Vignemale mendilerroaren ipar aurpegia.
Denborari begiratzen ari ginela aterpetik uste baino gertuago geundela pentsatu genuen, eta hau izan zen egunean egin genuen hanka sartzerik handiena, hurbil geundela pentsatuz, ia urik edan ez genuen eta.
Iker eta ni erreka hirugarrenez pasako dugun zubi batera ailegatzen.
Bi anaiok zubiaren gainean.
Zubia pasa ondoren Petites Oullettes deituriko aran zabalean sartuko gara. Goraxeago azaldu dudan bezela, aterpetik gertuago geundela pentsatuz ia ez genuen urik edan. Ondorioz, aran honetan, eguzkia, motxilen pisua eta deshidratazioaren eraginez, majo sufritu genuen.
Petites Oullettes aranean. Gutxi gora behera aterperaino genuen bidea.
Nahiz eta aran hau nahiko laua izan, ooooooooooso luzea egin zitzaigun eta eguzkia eta elurraren isladaren eraginez ordurarte izeditu ez genuena izerditu genuen.
Biharko helburua, Petit Vignemale (ezkerrean) eta Serac-en bidea (erdian).
Arkaitz baten itzalpean segundu batzuetan izan ondoren berriro martxan jarri ginen. "Potrotaino nau eguzki, elurre eta motxilatik" esan nien "kriston dirue emango nuek garagardo frexko batengatik".
Iker aterpera eramango gaituen azken maldara hurbiltzen.
Aterpera eramango gintuen azken maldara ailegatu ginenean oinu batzuk entzun genituen: "Eeeehhh!!! Aupa Ordiziaaaaa!!!!!!" Goruntz begiratu eta Pedro, Garagartza eta Arkaitz ikusi genituen. Pedro Ordiziako aspaldiko mendizale laguna dugu, baina Arkaitz eta Galarza ez nituen ezagutzen nahiz eta Iker eta Lekuren lankideak izan.
Aterpera eramango gaituen azken maldan. Argazkia Arkaitz Mendiarena da.
Azken esfortzua!!!! Argazkia Arkaitz Mendiarena da.
16:50, Oullettes de Gaube aterpea, 2151 metro. Motxila, eguzki eta elurretik kokoteraino ailegatu ginen hiruok "la madre que le parió"-ka. Aterpera ailegatu, trasteak utzi, arropa aldatu eta Arkaitz, Pedro eta Garagartzakin hizketan aritu ginen. Beraiek ostiralean ailegatu ziren eta gaur egin zuten Serac-en bidea. "Flipau einbehar dezue" esan zigun Pedrok "ikusgarrie dau eta azken arista izugarrie dau". Eraman beharreko materialari galdezka Arkaitzek material gutxiarekin nahiko zela komentatu zigun: "Bazpare bi izotz torloju eta baga batzuk eramaitzek baina arkaitzeak ezerrez" aholkatu zigun.
Iker aterpearen kanpoaldean txuri beltz eta enfokearekin jolastuz.
Ni ere leku berean..
Aterpearen pareko guztiaren panorama.
Oullettes de Gaube aterpea izugarria da. Urte osoan irekita dago baina zaindariarekin gutxi gora behera ekainetik urrira izaten da, nahiz eta telefonoz deitu ezkero beste garai batean irekita egoteko aukera ere izan. Bertan denetatik topatuko duzue: Dutxak, txankletak, motxilak uzteko euskarriak, botak uzteko takilla antzeko batzuk, komunak eta aurpegia garbitzeko lababoa. Irekita dagoenean 85 mendizalentzat lekua dauka, neguan aldiz 30 inguru sartzen dira. Aterpe honetara hurbildu naizen lehen aldia izan da baina berriro ere etorriko naizenaren zalantzarik ez daukat.
Argazki honetan ipar paretan egin daitezken izotz eta elur biderik ezagunenak markatu ditut, Serac-etako bidean egin daitezken bariante ezberdinak barne.
Hainbat eta hainbat argazki atera ondoren nolabait txukundu eta 19:00etan afaltzeko prestatu ginen.
Datozen bi argazkiak garai ezberdinak alderatzea dute helburu.
Argazki zaharra, aterpean zintzilikatua dagoena.
Egunean bertan ateratakoa, ikusten denez aterpea handitu egin dute.
Afaltzen ari ginela (portzierto, primerako afari goxoa), zaindaria hurbildu zitzaigun: "Bihar zein ordutan gosalduko duzue, goizeko 3:30etan edo 5:30etan?" Hiruok bata besteari begiratu ondoren zaindariari begiratu eta ia batera esan genion "5:30etan noski!!".
Afaldu ondoren Pedro, Garagartza eta Arkaitzekin solasalditxoa izan genuen. Beraiek Clot de la Hount-en iparreko korridorea egin behar zutenez, informazio ederra emango ziguten astelehenarik begira.
Pedrorekin parre batzuk bota ondoren, gaueko bederatzietan lo egitera joan ginen. Nahiz eta lo zakuak eraman ez dago zergatik eraman beharrik bakoitzarentzat gutxienez bi maindira daude eta.
"Ze ordutan jarriko diau alarmea?" Lekuk "Goizeko bostetan?" erantzun nion. "OK" erantzun zidan Ikerren erdi zurrungen artean.
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina