AZKEN 10 SARRERAK
urbia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
urbia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/07/05

LENGOKOAITZ EDO AIZLUZE (1.203 m), OHIKO BIDETIK: 20 m, IV+. 2020/06/27

Lengokoaitz edo Artzanegi mendiaren gailurrean. Leku bakarti eta magikoa pagoen artean....


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Ekainaren 21an, Irauleko orratza eskalatzearen zirrara oraindik pasa gabe, eskaladako trasteak jasotzen ari ginela, Jon, Joseba eta Mirenek Urbiatik gertu dagoen orratz baten berri eman ziguten: Lengokoaitz. Basoan erdi ezkutuan dagoen orratz bertikal bat, eskalatzen bakarrik igo daitekeena, paraboltez ekipatua eta V zailtasun mailaren inguruan. Osagai hauekin nolatan ez zen Asier, Leku eta hiruon jakin-mina piztuko?.

Orratz misteriotsu honi buruzko informazioa sarean bilatzen hasi eta Mendikat web orrian jasotakoa besterik ez zegoela ikusi nuen, arrazoi bat gehiago orratz honi bisita egiteko.

Mendikat-en arabera, 1964 urteko abuztuan Hernaniko Lengokoak Elkarteak bertan postontzi distiratsu bat jarri zuen, hortik omen dator Lengokoaitz izena, Aizluze bezala ezaguna izan bada ere. Azalpen honekin batera eskaladaren nondik norakoak ere irakurri daitezke, argazki mordoarekin apaindua.

Baina sareaz aparte ere bada orratz honi buruzko informaziorik: "Euskal Herria Trad" blogeko administratzailea den Auxkin Galarragak aditzera eman zidanez, "Jesús Mari Rodriguez-en "Ascensiones y escaladas en Guipúzcoa" (1979) eskalada gidan orratz honen inguruko informazioa jasota dago. Bi bide aipatzen dira, kronika honetan azaldutakoa eta rappel egiten den hego hormatik gora doan beste bide bat A1-eko pausu batekin. Gidan jasotakoaren arabera badirudi garai batzuetan asko eskalatu zela orratz honetan". Milesker Auxkin pasatako informazioagatik!!! Zuk diozun moduan, "gida zaharretan altxor zenbait jasotzen dira baina liburu zaharretan ageri denak ez du internetek duen indarra jendea erakartzerakoan. Jaso dugun legatua ez dezagun galdu gutxienez...". Liburu honen inguruko datuak "kronika idazteko kontsultatutako bibliografia eta web orriak" atalean daude.

Mota honetako mendi eta orratzak aurkitu eta igotzeak izugarri motibatzen nau. Mendi eta harkaitz bakartiak izaten dira, denboraren eraginez ahaztuak gelditu direnak. Metro eskas batzuk eskalatzeko motxila astunekin ibilaldi luzeak egiteko grina izan daiteke mendizale eta eskalatzailea ezberdindu dezaken gauzetako bat, horregatik, besteen artean, nire burua ez dut eskalatzailetzat ikusten. Mendi eta orratz bakarti hauek eskalatzaileen begiradatik kanpo gelditzen ohi dira.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 20 metro.
- Luze kopurua: 1.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu baina badirudi lehen igoerak 60garren hamarkadan izan omen direla.
- Zailtasuna: IV+. Luzea lau parabolt eta iltze batez ekipatua dago.
- Orientazioa: Iparraldea.
- Ura: Urbiakoturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Sandratitik Urbiara doan GR-121 bidea jarraituta, Perusaroi aterpeta eskuinean utziko dugu. Ollantzuko txaboletara iritsi aurretik, pagadia amaitzen den lekuan, honen ertzetik gertu mantenduz hego-mendebaldeko noranzkoan jarraituko dugu lepo belartsu batera iristeko. Lepoaren bestaldean pagadien artean Lengokoaitz berehala ikusiko dugu.
- Jaitsiera: Gehienez 15 metro izango dituen rappel bat eginez.
- Eramandako materiala: 5 express-zintekin nahikoa izango dugu. Bilgunea muntatzeko zinta luze bat eramatea gomendagarria izan daiteke, bertan jarritako uztaidun iltzea oso fidagarria ez delako.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: 10 minutu eskas.

Lengokoaitz mendira iristeko jarraitu beharreko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Lengokoaitz orratzera igotzeko krokis zehatza. Borobilak parabolten kokalekuak eta "X"-a iltzearen kokalekua adierazten dute. Borobil baten barruan dagoen "X"-a bilgunean dagoen uztaidun iltzea da. Borobil urdina postontziaren azpian rappel egiteko jarrita dagoen uztaidun parabolta da.


DESKRIBAPENA

Miren, Jon eta Josebakin izandako solasaldiak gosea piztu eta orratz honi bisita egiteko ez genuen hitzordua asko luzatu behar izan. Aste bete eskasera, larunbatean bertan, goizean goiz Asier jaso nuen, Otzaurtetik gora igo eta Aldaolaren gainean dagoen aparkalekuan kotxea uzteko. GPS-a zeruan noraezean jirabiraka dabiltzan sateliteetara lotu zenean, goizeko zortziak eta hogeian martxan jarri ginen.

Aparkalekua uzten.


Ibilbidea lasai hartu genuen, presarik gabe, pagadiaren freskotasuna eta lurra estalitako hostoen artetik iristen zitzaigun onddo usainari ahalik eta zukurik handiena ateraz.

Sandratitik Urbiara doan GR-121 bideak galtzeko arriskurik ez dauka. Udan bide gozoa da, ia bere osotasunean pagoen itzalpean ibiltzeko aukera ematen duelako, eguzkiaren errukirik gabeko izpi erretzaileetatik babestuz.

Sandaratitik gora doan galtzada uzten den lekuan.


Gure solasaldia Irauleko orratzaren eskaladak egun eskas batzuetan izan zuen oihartzun mediatikoak eraman zuen. Sare sozial eta whatsapp ezberdinetan orratzaren argazkiak batetik bestera zabaltzeaz gain, Euskadi Irratiak eta Euskal Telebistak, azkeneko honek albistegietan, eskalada honi tarte bat eskeini zioten (bideoa ikusteko hemen klik egin dezakezue). Eskalada honek izan duen oihartzunak lehen egunetan zur eta lur utzi ninduen arren, orain kezkatuta ninduela onartu nion Asierri:

- Eztakit ba oain orratza masifikatzen hasiko ez ote den - esan nion - ta istripuk ez ote dien izango...
- Guk gutxiñez han inbeharrekoa in genun. Ta istripuk eotek eztau gure esku...- erantzun zidan sorbaldak jasoz.

Asierrek arrazoi zuen eta nondik nindoan bazekien, iazko urtearen amaieran Beriaingo hego-horman izandako istripuen ondoren buruhauste handiak izan nituelako. Blogetik Beriaingo hego-hormako kronika guztiak ezabatzeko zorian izan nintzen, istripu hauetan nolabaiteko ardura nuela sentitzera iritsi nintzelako. Asierri arrazoia emanez, solasaldia beste gai batzuk hartu zuten.

Pagarreta II monolitoaren ondotik pasatzen.


Ibilbideak zeharkatzen duen pagadiaren amaierara iristear geundela, eskuinean Peruaitz eta Perusaroi aterpea utzi genituen. 200 metro inguru aurrerago, pagatik atera ginenean, parean Ollantzuko bordak azaldu ziren.

Peruaitz eta honen eskuinean, pagoaren ondoan, Perusaroi aterpea.


Pagadiaren amaiera arte jarraitutako bidea. Argazkiaren erdian Zumarraunditik (Petrolerak) Urbiara doan pistaren zati bat ikusi daiteke. Argazkiaren eskuinean, Peruaitz.


Pagadiaren itzaletik eguzkiaren argitasunera irten ginenean, GR ibilbidea utzi, ezkerrera bota eta, bidetik kanpo, pagadiaren ertzetik gertu mantenduz, goizeko ihintzak hezetutako zelaian gora hasi ginen, eskuinean Zabalaitzeko ipar horma ikusgarria zelatari genuela.

Zabalaitz mendiaren ipar horma ikusgarria. Bertan eskalada debekatua dago.


Pagadiaren ertza erreferentzi bezala hartuz, hego-mendebaldeko noranzkoan jarraitu genuen, gure atzean Ollantzuko txabolak geldituz. Noizik eta behin GPSra begiratzen nion, pantaila txikian pixkanaka hurbiltzen ari zen izenik gabeko mendia zein izango zen jakin nahian.

Ollantzuko txabolak, Urbiatik gertu izaten garenaren seinale.


4 X 4 ibilgailuen gurpilek zelaian utzitako orbain nabarmen bat atzean utzi ondoren, malda malgutzen hastearekin batera, pagadiaren erdian Petrinaitz edo Artzanegi mendiko postontzia osatzen duten perretxiko bereziak azaldu ziren.

Petrinaitzeko postontiza begi bistan. 


- 09:55, Petrinaitz edo Artzanegi, 1.217 metro. Telefonoa poltsikotik atera eta ordua begiratu nuen:

- Orduterdi pasatxo ibiltzen hasi geanetio - esan nion Asierri - denbora gehio pasako genula uste nun.

Artzanegiko postontzi berezia.


Arraroa da egun pagadien erdian mendi-gailurrak topatzea. Postontziari argazki pare bat egin ondoren begirada GPSaren pantailara zuzendu nuen:

- Esango nuke Lengokoaitz hemen goien ikustean hau dela – esan nion Asierri pantailak ipar-ekialdean erakusten zuen gailurra seinalatuz - honen arabera bertan dau, 150 metro ingurua edo...

Denbora luzea pasa gabe, Artzanegi menditik ipar-ekialdeko noranzkoa hartu genuen berriro ere pago artean ezkutatuz.

Petrinaitz mendian behera.


Maldan behera metro batzuk egin ondoren, GR ibilbide batera iristearekin batera, pagadiaren argigune zabal batean hagin itsurako harkaitz-puska azaldu zen.

- Hor dau!!! – esan zidan aurretik zihoan Asierrek.

Pagoen arteko argigunean zehar sakabanatutako harkaitz, garo eta elorrien gainetik, Lengokoaitz nabarmentzen zen. Inguratzen duen paisaiarekin antzekotasunik ez duen harkaitz-puska da, eta badirudi izaki erraldoiren batek jarri duela edo zerutik eroria dela. Ausartuko nintzateke esatera bere itxura bereziagatik euskal mitologiaren pertsonairen batekin erlazioa izan duela edo artzainen istorio edo kondairen gune izan dela.

"... pagadiak sortzen duen argigune batean hagin itsurako harkaitz-puska azaldu zen".


Goizeko hamarrak ziren eta kotxetik atera ginenetik ordu bete eta berrogei minutu besterik ez ziren igaro. Garo eta harkaitzen artetik pasatuz, begi bistan nuen tximinia nabarmenera zuzendu nintzen:

- Hara, hemen dare paraboltak!! - Oihukatu nion Asierri motxila lurrean utzi eta paraboltak seinalatuz. - Bidea hortio dijo.

"Bidea hortio dijo..." esan nion paraboltak seinalatuz.


Asierrek ura edaten zuen bitartean, materialaren bila motxila ireki nuen. Materiala ateratzen ari nintzela, arnesaren azpian, atera nahiko ez balute bezala, katu-oinak ikusi nituen. Katu-oinak eskuetan hartu eta hormari begiratu ondoren, "zapatillekin saiau behar naiz..." esan nion Asierri.

- Probau ea zemuz, ta zaille badau katukin saiauko zea... - erantzun zidan arnesa janzten zuen bitartean.

Katu-oinak berriro ere motxilara itzuli eta sokak arnesera lotu ondoren hormara hurbildu nintzen:

- Ea zemuzkoaen... - bota nion eskalatzen hasi aurretik.

Luzea arrail bat duen diedro/tximini bertikal bat eskalatuz hasten da. Lehen parabolta altu dago, 3-4 metro ingurura. Babesgarri baino izan zitekeen efektu psikologikoagatik, lehen paraboltaren azpian dagoen arrail horizontal batean friend bat trabatu eta bertatik soka pasa nuen:

- Eroitzen banaiz eztit ezer ingo, baña gutxiñez hor eotek lasaitasune emateit...
- Lasai, paraboltera iristezeanen kendukoet.

Behatzak arrail bertikalean sartuz, gorputza altxatu eta ezker oina ezker horman altu dagoen zulo nabarmen batean sartu nuen, lehen paraboltetik express-zinta pasatuz. Tximiniako arrailak helduleku onak dituen arren, ipar-horma izateagatik, harria hezetasunaren eraginez zertxobait labainduta dagoela iruditu zitzaidan. Oinentzat leku onak bilatuz, gorputza metro bat gehiago altxatu eta bigarren paraboltetik bigarren express-zinta pasa nuen:

- Oiangoz ondo dijo... - bota nion Asierri.

Tximiniaren zailtasunik handiena bigarren paraboltetik gora dagoela esango nuke. Eskalatzen jarraitu aurretik ahots ezezagun batek atzera begiratzea behartu ninduen:

- ¿Os puedo sacar una foto? He pasado por aquí varias veces y nunca he visto a nadie intentando subir a esa peña...
- Sin problema - erantzun zion Asierrek.

Eskaladan zehar izango genituen ikusle eta argazkilari ezberdinen artean lehena hau izan zen. GR ibilbide batetik gertu eskalatzearen prezioa dudarik gabe.

Arreta mendizale ezezagunetik tximiniara berriro ere eramanez, ezker oina arrailean ahal izan nuen hobekien trabatu eta eskuin oinarentzat helduleku bat topatu ondoren, ezker oin eta besoarekin gorputza altxatu eta, eskuin oinarekin oreka mantentzen nuen bitartean, besoa ia erabat luzatuz, eskuin eskuarekin goiko erlaitz horizontalak eskeintzen duen helduleku ederrera iritsi nintzen. Bertatik indarra eginez, tximinia eskalatzen hasi aurretik uste nuena baino errazago eskalatu nuen (IV).

Tximinia eskalatu ondoren.


Tximiniaren gaineko erlaitzetik egindako argazkia.


Tximiniaren gainean harri-hobi itxurako erlaitz belartsu eta zabala dago. Erlaitza alderik-alde zeharkatu eta eskaladaren bigarren zatira iritsi nintzen: sabai baten azpian, sabel itxura duen harkaitz-plakaren zeharkaldia. 

Zeharkaldia hasteko prest.


Ezkerretik eskuinera egiten den zeharkaldi hau ere bi paraboltez babestua dago. Eskuentzat heldulekuak dituen arren, oinak jartzeko heldulekuak oso txikiak dira. Bigarren paraboltera iritsitakoan eskuin hanka erabat zabaldu behar da oina begi bistatik kanpo gelditzen den helduleku eder baten gainean jartzeko. Hau egiten bada, zeharkaldia gaindituta dago (IV+). Zeharkaldia gaindituta, metro pare bat eskuinerago dagoen iltzera iritsi nintzen bertatik luzearen azken express-zinta pasatuz.

Zeharkaldia azpitik ikusita.


- Ostia, pasoa fiñe da - esan nion Asierri - zapatillekin enintzen fiatzen ta azkenen expressari helduiot.

Iltzetik aurrera zailtasunak amaitzen dira. Iltzearen eskuinetik jarraitu nuen tximini txiki bat eskalatuz (III), haitzaren gandorrera igo eta uztaidun iltze bat sartua duen harkaitz-bloke batera iritsiz.

Bilgunean.


Uztaidun iltzea ez zitzaidan oso fidagarria iruditu eta, badaezpada, nahiago izan nuen bilgunea harkaitz-bloketik zinta bat pasatuz muntatu.

-Reunión!!!

Muntatutako bilgunea. Argazkian, haitzaren ezker aldean, uztaidun iltzea ikusi daiteke. Niri ez zidan konfidantza handirik eman.


Asier behean zegoela aprobetxatuz, tontorrera igo nintzen bertan argazki batzuk egiteko. Bilgunetik tontorrera arteko zatiak zailtasun handirik ez dauka (II) baina komeni da kontuz ibiltzea.

Lengokoaitzeko postontzia. Duen zuloaren itxuragatik, ehiztariren batek emandako balazoa izan zitekeela pentsatu genuen. Buzoiaren azpian orratza rappelatzeko jarrita dagoen uztaidun parabolta ikusi daiteke.


- Beste orratz bat igotaaaa!!! - Bota nion Asierri argazkiak egiten zizkidan bitartean.

Postontzia jarrita dagoen harkaitzaren gainean, Asierri begira, begiak itxi eta besoak zabaldu nituen. Ez zegoen Irauleko orratzeko tontorrean sentitutako zirrararik, baina oso zoriontsu sentitzen nintzen. Nork esango zuen zoriontasuna lurretik hamabost metrora, harkaitz-puska baten gainean ezkutatuta egon zitekeela.

Lengokoaitz orratzeko tontorrean.


Tontorrean bizitako momentu intimoaren ondoren, bilgunera itzuli eta Asierri aseguratu nion.

Asierrek arin eskalatu zuen, zailtasunak, bata bestearen atzetik, erraztasun osoz gainditzen ari zenaren seinale. Zeharkaldian pentsakor ikusi banuen ere, eskuin oina non jarri ikusi zuenean hau ere erraztasunez eskalatu zuen.

Zeharkaldiaren erditik bilgunera egindako argazkia.


Zeharkaldiaren amaieran. Eskuin oina jarri behar den helduleku ederra ikusi daiteke.


- Errex, ez? - Galdetu nion.
- Bueno, trabesiek berea badaukela iruittu zait, eskerrak katukin neon...
- Txarrenen expressari helduta errex pasatzea.

Bilgunea desmuntatu eta Lengokoaitzeko postontzira igo ginen.

Lengokoaitzeko tontorrean. Argazki honetan postontziak duen zuloa hobe ikusten da.


- Nahibazu rappelaukoet ta tontorren argazki batzuk ingoizkizut. - Proposatu nion Asierri.
- Ondo!!!

Postontziaren azpian uztaidun parabolt bat dago bertatik rappel egin ahal izateko. Sokak behera bota eta, 12-15 metroetako rappelaren ondoren lurrera itzuli nintzen.

Rappelatzen...


Soketatik askatu ondoren, Asierrek jaso eta argazkietan ez azaltzeko harkaitz baten atzean utzi zituen.

Asier, tontorrean bakarrik egotearen momentu intimoa bizitzen.


Batera eta bestera mugituz, Asierri ikusmira eta angelu ezberdinetatik argazkiak egiten hasi nintzen.

Lengokoaitz, pagoen artean ezkutatuko orratza...


Argazki-saioaren ondoren, Asierrek sokak berriro ere bota eta orratza rappelatu zuen.

- Earra, eh? - Bota nion trasteak motxilan jasotzen genituen bitartean.
- Bai, holakok igotzea politte da - erantzun zidan.

Motxilak bizkarrean, orratzari azken argazki batzuk egin eta, atzean utziz, hubilketan jarraitutako bidetik itzuli ginen: betiko moduan, mendian zerbait utzita, betiko moduan, mendiari utzitakoa baino gehiago hartuta.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Rodriguez J.M. Ascensiones y escaladas de Guipuzcoa (Guía), 305-307. Deba. Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, 1979.
- Mendikat web orria. Lengokoaitz (1.203 m). Javier Urrutia. 22/12/2018. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/2199


2015/06/29

ETXEGARATETIK ORDIZIARA: ZIRKULUAREN ITXIERA 2015/06/20

Egunak aurrera doaz eta G2handiak lasterketa geroz eta hurbilago dugu. Pixkanaka entrenamenduak arintzen joan beharra ditugu gorputzari "atseden" ematen hasi eta uztailaren 10ean lasterketaren irteeran ahalik eta indartsuen egoteko.

Ekainaren hirugarren asterako G2handiak lasterketaren aurreko azken entrenamendu luzea programatua genuen. 7 eta 8 ordu bitarteko irteera burutzeko Etxegarateko mendatetik etxeraino joatea bururatu zitzaigun, irteera bakarrean bi helburu betez: batetik 44 km inguruko irteera eta 7 ordu inguruko ibilbidea, eta bestetik Andraitzetik Beasainera doan G2handiak lasterketaren zatia ezagutzea, zati hau ez baikenuen ezagutzen. Modu honetan ere lasterketak egiten duen ibilbide osoa "ezagutzen" bukatuko genuen duela hilabete batzuk hasitako zirkulua itxiz.

Ikerri deitu, GPSan G2handiak lasterketaren ibilbide ofiziala sartzeko eskatu eta larunbatean goizeko 8:30etarako Etxegarateko mendatean ginen irteteko prest.

JARRAITUTAKO BIDEA

Goian azaldu bezala, denbora osoan G2handiak lasterketaren ibilbidea jarraitzen saiatu ginen, aldaketa txiki batzuk eginez: arazorik handiena ura non eta nola topatu genuenez, ibilbidea Urbiaraino luzatu genuen bertako iturrian ura hartzeko. Etxegarateko irteera ere jatetxearen ondotik hasi genuen, lasterketa pasatzen den lekutik metro batzuetara.

Etxegaratetik San Adrian bitarte GR-121 ibilbidea jarraitu genuen. San Adriango tunela zeharkatu ondoren, hemendik gora Aizkorriraino doan ohiko bidea hartu (Mandobide edo "Calvarioa" -guk ezagutzen dugun bezala- igotzen duena) eta Aizkorriko gurutzera igo ginen, Urbiaraino, hemendik datorren ohiko bidetik, jaisteko.

Urbiatik gora, Zegama-Aizkorri maratoiaren arrastoak jarraituz, Mearreko pasoa zeharkatu, Zegama aldera jaitsi eta Oazurtzara iritsi ginen. Hemendik aurrera jarraitzen diren GR, PR eta SLak ezberdinak dira, baina tarte luze batean, Zerain herrira iritsi arte behintzat, Donostia eta Arantzazu lotzen dituen GR-34a jarraitu genuen. Ez dakit guretzat ibilbide ezezaguna zelako edo, baina denbora luzean bideari baino GPSari begira denbora gehiago pasa genuen, bidexkak zenbait lekuetan ez baitira oso argiak eta bidegurutze batean baino gehiagoan behar ez zen bidea hartu genuelako. Ibilbide hau egin nahi baduzue GPSa eramatea gomendarria izan daiteke.

Argazki honetan egindako ibilbidea eta bertan pasatako hainbat leku ikusi daitezke.


Ibilbide ofizial osoa deskargatu nahi baduzue.





IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Irteera: Etxegarateko mendatea, 683 metro.
- Helmuga: Ordizia, 150 metro.
- Luzera: 44 km.
- Desnibel positiboa osora: 1750 metro.
- Punturik baxuena: Beasain, 140 metro.
- Punturik altuena: Aizkorriko gurutzea, 1538 metro.
- Zailtasuna: Bideak zailtasunik ez dauka, baina euririk bota badu, hainbat puntuetan oso lokaztua egon daiteke. Aizkorrirako igoera eta jaitsiera ere bustia badago, dituen harkaitz leunengatik, irristakorra egon daitezke. Zailtasun "tekniko" bakarra Mearreko pasotik behera ongi orientatzean dago, honegatik GPSa eramatea gomendagarria izan daiteke.
- Ura: Guk ura lau lekuetan hartu genuen: Otzaurten (bentaren ondoan dagoen iturrian), Aldaola mendian dagoen iturrian, Urbian (bentaren parean) eta Mutiloan (frontoiko iturrian). Egin zigun beroa kontutan izanda, ez genuen ur gehiagoren beharrik sentitu.
- Egindako denbora: 7 ordu eta 15 minutu. Kontutan izan tarte batean baino gehiagoan korrikan aritu ginela, beraz, ibilbidea oinez egin nahi ezkero, denborak gora jo dezake.

DESKRIBAPENA

08:30, Etxegarateko mendatea, 683 metro. Gasolindegia dagoen jatetxearen ondoan kotxea utzi, gailu elektroniko guztiak (GPS, pultsometro, argazki eta bideo kamera ...) piztu, eta kotxeari "biharrarte" esan eta gero martxan jarri ginen, GR-121 (Gipuzkoari bira) eta Trail estazioko 8garren ibilbidea (Larraitz eta Zegama lotzen dituena) jarraituz.

Ibilbidearen hasiera. Argazkian gasolindegiaren parean egina dago, eskuinean ikusten den eraikina jatetxea da.


Ibilbideak hasieran galtzeko arriskurik ez dauka eta pista zabal bat jarraitzea besterik ez da. Argazkian GR eta Trail estazioko arrastoak ikusi daitezke


Hainbat lekuetan kristoneko lokatzak topatu genituen. "A ze putadea Etxegaraten zapatilla ta galtzerdi berrik jarri ta hotako leku baten hanka barruraño sartzea" esan zidan Ikerrek.


Aldapa gutxiko malda bat igo ondoren korrikan hasi ginen goi-tentsio zutoin handi batera jaitsi arte (Etxegaratetik 1,5 kilometrora gutxi gora behera). Hemen pista desagertu eta ezkerrera doan bihurgunea hartuta, haritz eta elorri artean doan bidexka bat jarraituz, pista zabal bateraino jaitsi ginen.

Iker goi-tentsio zutoinaren ondoan.


Goi-tentsio zutoinetik behera doan jaitsieraren amaieran.


Pistara iristen.


Hemendik aurrera pista jarraitzea besterik ez genuen egin beste kilometro eta erdi inguruan erdi izkutua dagoen bidegurutze bateraino. Bidegurutze honetan GR-121 bideak eta Zegama-Aizkorriko maratoiak bat egiten dute Otzaurteraino. Bide honetan Trail estazioko 8garren ibilbidea utzi egin genuen. Pista utzi eta pagoen itzalpean doan bidexka jarraituz Otzaurtera jaisten hasi ginen.

Iker bidegurutzean, Zegama-Aizkorriko maratoiaren arrastoak ikusi daitezke.


Otzaurtera iristear geundela, gure ezkerrean zeuden belar eta garoak zakar mugitu eta animali ilun batek salto egin zuen. "Ostia basurdek!!!" Oihukatu zuen Ikerrek. Gelditu eta garoen artean basurde bikotea atera zen. Metro batzuk mendian gora egin eta guri begira gelditu ziren, gu bezain harrituta ziurrenik. Pixkanaka argazki kamara ateratzen hasi nintzen momentu istorikoa hilezkortu asmoz, baina eskuetan nuenerako basurdeek argazkian atera nahi ez zutela erabaki eta bere bidea jarraitu zuten.

Basurdeekin izandako topaketa oraindik hizpide genuela, konturatu gabe Otzaurtera iritsi ginen.


09:05, Otzaurte, 671 metro, 4 km. Bertako iturrian hidratatu eta ur botilatxoak betetzen ari ginela Ikerren Idiazabalgo lankide batzuk azaldu ziren. Beraiekin Euskal Herria Mendi Erronkan izan ginen eta oraingoan Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidea egiten ari ziren, hauek ere G2handiak lasterketari begira. Elkarrekin metro batzuk egin ondoren, maratoiaren bidea jarraitu zuten. Guk ordea, Otzaurteik Beundera doan zementuzko pistan gora hasi ginen arin-arin, GR markak jarraituz.

Iker pistaren lehen metroetan.


Igoera honetan ere, orain arteko freskuraren eraginez, konturatzerako Beundera iritsi ginen.

Beundetik aurrera, argazkian ikusten den bezala, pista gure ezkerrean utzi eta GR markak jarraitu genituen, ehiza postuak gure eskuinean utzita.


Malda gogor baten ondoren bideak beheruntz egiten du goxo-goxo berriro ere aldapa bat igo ondoren Añabaso mendiaren gailurreraino iristeko.

Añabaso mendiaren gailurraren maldaren hasieran. Gailurrera igotzeko GR markak utzi eta eskuinean dagoen hesia erreferentzi bezala hartu behar da.


09:40, Añabaso mendia, 964 metro, 7 km. Gailurrean argazkia egin, ezinbestean aitonarekin gogoratu (hemengo ehiza postu batean zendu zen eta), eta aurrera jarraitu genuen, Collado mendira pasatuz.

Añabaso mendiaren gailurrean, atzean San Adriango koba ikusi daiteke.


Collado mendian GR bidearekin berriro bat egin eta bertako mendi-pistara iritsi ginen. Mendi-pista hau hasieran belar gozoaz estalita dago, baina gero, mendian behera hastearekin batera, lokatz pista batean bihurtzen dena. Aldaparen amaieran, bidearen eskuinean dagoen metalezko langa baten ondoan, urte osoan ura izaten duen iturri freskagarria topatu genuen.

09:45, Aldaolako iturria, 870 metro, 8 km. Bertan galtzerdi eta zapatilak bere lekuan jartzeko atseden motz bat egin, ura ederki edan eta ur botilatxoak bete ondoren aurrera jarraitu genuen.

Iturrian, zapatilen lokarriak hestutzen.


Aldaola mendiaren amaieran errekatxo bat zeharkatzen duen zubira iritsi ginen.

Zubia zeharkatu gabe, honen ondoan doan bidexka hartu eta San Adriango aterperaino doan aldapa igotzen hasi ginen frexko-frexko.


Oraingoz itxita dagoen San Adriango aterpera iristen. Ezkerrean koba eta eskuinean Sancti Espiritu baseliza ikusi daitezke.


10:00, San Adriango aterpea, 900 metro, 9 km. San Adrianen denbora kontrola izango dugunez, erlojuari ezinbestean begiratu nion. "Zenbat denbora?" Anaiak. "Ba Etxegaratetik ordu t'erdi", nik. "Joer de puta madre!!!" Bota zidan. "Ba bai", erantzun nion, "baña kontutan izan denbora honi Etxegaraten atseden hartzen eongo gean denbora zenbatu beharko diogula. Halere ondo dau".

Aterpean gelditu gabe aurrea jarraitu genuen, gure oinak kobara zuzenduz.

Aterpetik San Adriango kobaraino egindako bidea.


Kobara iristen.


San Adriango koba zeharkatu, galtzada 200 metro inguruan jarraitu eta ezkerrera doan bihurguneko berezko zabalunean galtzada eta GR-121 ibilbidea utzi eta eskuineruntz hartu genuen "Calvarioa" igotzeko asmotan.

Koba zeharkatu ondoren. Argazkian adierazi dudan postearen inguruan galtzada utzi genuen.


Galtzada uzten den berezko zabalunean.


Urteak ziren hemendik igotzen ez ginela eta "Calvarioa" gogotsu hartu genuen, pagoen artean doan igoera hau arin-arin igoz.

"Calvarioa"ren lehen metroetan.


Ahalik eta erosoen igotzeko asmotan, gorputzak bidaltzen zizkidan mezuei arreta osoa jartzea pentsatu nuen, noizik eta behin pultsometroari zeharka begiratuz. Baina jarritako arreta "gehiegizkoa" izan ez ote zen uste dut, konturatzerako atzera begiratu eta anaia bistatik galduta nuela ikusi bainuen. "Joerrrr!! Hau ezin det lasterketan ein" pentsatu eta abiadura jaitsi nuen. Pagadia amaitu ondoren dagoen igoera berezian gelditu nintzen hain igoera ederra iruditzen zaidan lekuan anaiari argazkia egiteko.

Pagadia utzi ondoren dagoen igoera ederrean. Atzean Aratz ikusi daiteke.


Berriro ere elkarrekin, di-da batean Aizkorriko gurutzera iritsi ginen.

10:50, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro, 12 km. Gailurrean dagoen aterpean zerbait jan eta edateko atsedena hartu eta Urbiarako bidea hartu genuen. "10 urte baño gehio izangoie hemendio ez naizela jetxi" esan nion anaiari. "Fijo", erantzun zidan, "azkenekotan beti kresterioa indeu Arbelaitz arte".

Aterpetik atera ondoren, eskuinean Aizkorriko gurutzearen gailurra ikusi daiteke.


Jaitsiera lasai hartu nuen jaitsieratan trakets xamarra naiz eta.

Jaitsieraren lehen metroetan. Urbia oraindik urruti ikusten da.


Gainera jaitsierari harkaitz leunak batzen bazaizkio, nire trakestasuna hirukoiztu egiten da jejeje.

Aketegi eta Aketegi Erpinerako bidegurutzean dagoen haize-orratzean.


Ikerrek jaitsieratan benetan gozatu eta arin arin jaisten da, honegatik denbora gutxian bion arteko distantzia luzatzen joan zen. Halere Arbelarreko bordetan abiadura moteldu eta harrapatu nuenean elkarrekin azken metroak egin genituen Urbiaraino. Urbiara iristear geundela Itzik telefonoz deitu zidan: "Zemuz? Hemen kriston beroa dau" Berak, "oaingoz ondo ta tenperatura aldetiore primeran, haize frexkoa dabile ta" erantzun nion.

Urbiara iristen.


11:25, Urbia, 1130 metro, 15 km. Bentaren aurrean dagoen iturrian ederki hidratatu, zertxobait jan eta eskertu genuen atsedentxoaren ondoren martxan jarri ginen. Hurrengo helburua? Mearreko pasoa.

Urbiako iturrian.


Urbiatik Mearreko pasora Zegama-Aizkorri maratoiaren ibilbidea jarraitzea besterik ez da eta galtzeko arriskurik ez dauka, bidea primeran markatua dago eta.


Atzera begirada, Urbia eta Zabalaitz mendia ikusi daitezke.


"Benga mitz hau dela eguneko azken aldapa gogorra!!!" Animatu nuen anaia. Behi eta zaldien artean, poliki baino sendo, izerdi artean, Mearreko pasora iritsi ginen.

Mearreko pasora iristen.


11:55, Mearreko pasoa, 1340 metro, 16,5 km. Bertan argazki bat egin eta maldan behera hasi ginen gure eskuinean Burnikurutz mendia utzita.

Mearreko pasoa zeharkatzen.


Jaitsiera hau ederra da eta izei artean egiten den lehen kilometroak beti Pirinio edota Alpeetara narama. Lehen kilometro honen ondoren pagadian sartu eta pagadiaren frexkotasun eta lokatzak "Aupa zuek!!!" Esan zigun lekuren batean baino gehiagoan irrist eginez.

18garren kilometroan gutxi gora behera Zegama-Aizkorri maratoiaren bidea utzi, ezkerrera hartu, pagoen arteko bidexka erdi izkutu bat jarraitu, eta neguan kotxez Aizkorriko kanaletara joateko jarraitzen dugun pistaraino iritsi ginen.

Pista jarraitu beharrean, Zegamako apeaderotik datorren bidea jarraitu eta, Oazurtzan berriro ere pistarekin bat egin genuen. Jaisten ginen heinean, Itzik Urbian esan bezala, beroa handituz joan zen, honegatik, Oazurtzara iritsi aurretik, pago handi baten gerizpean eguzkitarako krema ederki eman genuen.

12:30, Oazurtza, 740 metro, 20 km.. "Oazurtza" izena duen postearen ondoan argazkia egin eta aurrera jarraitu genuen. Zegamako apeaderora doan pista utzi eta parean genuen pista hartu genuen."Zenbat San Adriandik?" Galdetu zidan Ikerrek Oazurtzan denbora kontrola dagoela jakinda, "2 ordu ta 27 minutu" erantzun nion. "Ondo dau?" Berak, "de puta madre" nik.

Oazurtzan. Argazkian ez da ongi ikusten baina eskuinean Zegamako apeaderora doan pistak jarraitzen du.


Guretzat berria zen pista hau kilometro eskas batera utzi eta GR eta PR marka zaharrak dituen bidexka bat jarraitzen hasi ginen. Egia esan ez dakit zein GR den, baina Zerainera iristear topatu genuen posteari kasu egiten badiot esango nuke GR-34a dela, Donostiatik Arantzazura doan ibilbidea.

Oazurtza atzean utzi ondoren pasa genuen leku eder batean.


Hemendik aurrerako bidea kaotiko xamarra iruditu zitzaigun. Denbora osoan zuhaitzetan erdi ezabatuak dauden GR eta PR markak nola hala jarraitzen eta GPSari begira joan ginen, pista bat (ez dakit pista bera edota pista ezberdinak ziren) hainbat alditan zeharkatuz. Tarteka ere, argazkian ikusten den bezala, Trail estazioko 11garren ibilbidea (Arranoaltz) jarraitu genuen.


Hau gutxi ez bada, Zeraindik gertu ginela, bidexka gehiago hestutu eta neguan ubidea izan daitekena jarraituta, osin eta sasien artean gure hankak urratu genituen (esaten da zirkulazioa aktibatzeko ona omen dela jejejeje). Lasterketarako sasi eta osinak moztuko duten esperantza daukat jejeje. Oazurtza eta Zerain arteko zati honetan behin baino gehiagotan bidea galtzear izan ginen eta onartu beharra daukat jaitsiera honek umorea aldatu ninduela, gauza batengatik edo bestearengatik, kilometro erdi bat jarraian korrika egiteko kapaz izan ez ginen eta.

Osin eta sasien erreinura eraman gintuen bidegurutzean.


Bidegurutze berean dagoen indikazio postea.


Osin eta sasiak atzean utzi ondoren errepide batera iritsi ginen.

"Gutxiñez bistak izugarriak dira" pentsatu nuen. Arraroa eta dena egiten zait zuriz jantzita ez ikustea jejeje


Errepidera iritsi ginenean. Argazkian ikusten den bezala, errepidearen lehen bihurgunean ezkerrera hartu genuen.


Errepidean 50 metro eskas egin ondoren, ibilbidearen 24garren kilometroan, ezkerrera hartu genuen, argazkian ikusten den bezala.


Errepide berri hau 500 metro eskas jarraitu ondoren, amaitzen den baserriraino iritsi ginen. Bertako txakurrarekin hitz eta zaunken arteko solasaldiaren ondoren, baserriaren eskuinean hasten den bidexka bat ia 2 kilometrotan jarraitu genuen beste errepide bateraino. Errepide honetan metro batzuk egin eta eraikitzen ari diren etxe baten parean utzi genuen bidexka bat jarraituz.

Eraikitzen ari diren etxetik aurrera jarraitutako bidea.


Ez dakit lasterketagatik edo, Zerain arteko bidexka honetan belarra moztuta topatu genuen eta kilometro eskas batean herrira iritsi ginen.

13:25, Zerain, 340 metro, 27 km. Zeraingo lehen etxeak ikusi nituenean ederki poztu nintzen: "Joerrr azkenen zibilizazio pixkat!!!" Marmarreatu nuen. Herri hau ezagutzen ez baduzue, bisita bat merezi duen herria da, bai kulturalki baita paisai eta naturari dagokionez ere aberatsa den herria da eta.

Zerainen.


Erdigunea zeharkatu eta ikurriña handi bat dagoen biribilgunera iritsi ginen gure oinak Mutiloara zuzenduz. Bibiribilgunea atzean utzi eta errepidetik 200 metro inguru egin ondoren, gure ezkerrean topatu genuen errepide bakarra hartu, baserri baten ondotik pasatu (28garren kilometroa) eta baserria atzean utzita maldan behera doan baso-bidea hartu genuen 400-500 metro ingurura bigarren baserri bateraino.

Bigarren baserria atzean utzi ondoren jarraitu beharreko bidea.


Baserri honetatik aurrera errepide bat jarraitu genuen beste 500 metro inguruan hirugarren baserri bateraino. Hirugarren baserri hau bere ezkerretik inguratu eta bidexka bat jarraituz laugarren baserri bateraino iritsi ginen, honen ondoren, azkenik, errepide bat jarraituta, Mutiloara iritsi arte.

Hirugarren eta laugarren baserrien artean.


13:43, Mutiloa, 250 metro, 29,5 km. Hemen hurrengo denbora kontrola dagoenez, "Nola goaz?" Galdetu zidan anaiak. "Ba Oazurtzatio ordu ta hamairu minutu" erantzun nion. "Ta?" Berak, "azkartxo" erantzun nion, "lasterketa egunen hobe deu lasaiago ibiltzea". Herriko pilotalekura iritsi, bertako iturrian (tratatu gabeko ura da baina edangarria) ederki freskatu, hidratatu eta botilatxoak bete, zerbait jan eta edan, eguzkitarako krema bigarrenez eman, etxera telefonoz deitu, eta 10 minutu eskaseko atsedenaren ondoren berriro martxan jarri ginen.

"Bueno azken etapa" esan zidan Ikerrek. "Ba bai" nik "oain Lierniraino kristoneko malda daula esateue". Josuri entzunda, Mutiloa eta Lierni arteko malda korrikalari batentzat baino gehiagorentzat ezusteko desatsegina izaten dela bagenekien, horregatik badaezpada igoera lasai hartuko genuela adostu genuen.

Mutiloako irteeran.


Mutiloa atzean utzi eta Liernirekin lotzen duen errepidea jarraitzen hasi ginen, lehen bi bihurguneren ondoren eskuinean erdi izkutuan dagoen bidexka bat hartuz. Hemendik gora, badaezpada, igoera pazientziaz hartu genuen, baina konturatzerako, uste baino askoz errazago, Liernira iritsi ginen.

Mutiloa eta Lierni arteko errepidea uzten den lekuan.


14:05, Lierni, 355 metro, 30,5 km. Bertako Mujika jatetxearen atzeko parkean dagoen metalezko langa astuna zeharkatu eta bertan hasten den zementuzko bidexka bat hesi bateraino jarraitu genuen. Ez da bertan gure eztei-bazkaria ospatu genuelako baina Mujika jatetxea leku aparta da bazkaltzeko, eta jangelak, beirazko hormak dituenak, preziorik ez du.

Langa atzean utzi ondoren.


Zementuzko bidexkan. Zuhaitzen azpian hesia dago.


Kontaketarekin jarraituz, hesira iritsi ginenean hesiaren bestaldean dagoen bidea jarraitzeko tentaldia izan genuen baina, Oazurtzatik behera izandako eskarmentuaren ondoren, badaezpada GPSari begiratu eta hesia gurutzatu gabe eskuinera doan bidea jarraitu beharra genuela ikusi genuen.

Hemendik aurrera jarraitutako bidea hitzetan azaltzea zaila da, baina orokorrean ibilbideak ipar ekialdeko norantza hartzen du.

Bidean topatu genuen jauregi itsurako eraikina.


Denbora osoan bidexka, pista eta baso-bideak tartekatuz joan ginen. Liernitik 7 kilometro ingurura Sasieta zabortegira iritsi ginen. Bertan ikusi genuena benetan txunditu gintuen: ehundaka putre eta bele pinuen adarretan, miruak bueltaka eta kaio pila zabor artean oinez. "La ostia!!!" Esan zuen Ikerrek "Ez nun uste putrek piñutan izaten zienik". "Ezta nik ere" erantzun nion. Mendian putreak ikusten ditugun bakoitzean OK korral musika talde zarauztarraren "Azken azal gorria" kanta ezinbestean burura datorkigu eta oraingoan ere "zerua dago eriotzez tintatutaaaa!!!! Putreak ari dira eskuak igurtzeeeeen!!!! Borroka izan da desberdina, bukatu da, bukatu daaaaa..." kantatzen hasi ginen, jejeje.

Putreak adarretan.


Ibilbideak zabortegia pista bat jarraituz inguratzen du eta halabeharrez putreen azpitik pasa behar izan genuen hauen kexa eta garrasien artean. Azkenean, atzera egiten ez genuela ikusita, banan banan denak hegan hasi eta gure inguruan bueltaka hasi ziren gu joateko zain.

Pista amaitzen den lekuan eskuinera baso-bide bat hartu genuen putre eta beleen marmarrak pixkanaka atzean utziz. Pinudiaren erditik doan bide hau gutxi gora behera 1,5 kilometrotan jarraitu eta GI-632 errepidearen azpitik pasa ondoren baserri batera iritsi ginen.

GI-632 errepidea azpitik zeharkatzen den lekura iristen.


Baserria atzean utzi eta 300 metro ingurura trenbidearen azpitik pasa, Estanda ibaiaren gainetik dagoen zubia zeharkatu, eta izen bereko galdategia eskuinean utzita, Beasain eta Ormaiztegi herriak lotzen dituen GI-2632 errepidera iritsi ginen.

"Bueno, Beasaingo helmugararte azken bi kilometrok" esan nion anaiari. GI-2632 errepidea zeharkatu eta Beasaingo udaletxeraino eraman gintuen bide gorria jarraitu genuen. Tontakeri bat irudituko zaizue, baina bi kilometro hauetan izugarri emozionatu nintzen, G2handiak lasterketa benetan amaitzen ari bagina bezala. Mutiloa eta Beasain arteko zati hau, beroagatik edo, luzea egin zitzaigun eta eguzkiak kupidarik gabe ederki astindu gintuen martxa motelduz. "Lasterketan holako beroa itten badu, badaukeu lasai-lasai hartzea" esan nion anaiari.

15:45, Beasaingo udala, 150 metro, 41 kilometro. "Denbora?" Ikerrek, "Mutiloatik honea ordu ta berrogeitazazpi" erantzun nion, "oain arteko martxa kontutan izanda nahi baño motelago baña oso ondo dau" animatu nuen. Beasaingo udaletxean gelditu gabe etxera jarraitu genuen, azken 3 kilometroak korrika txikian eginez.

Etxera iritsi eta ohiko txekeoa egin nuen: "Oinak? Ongi. Babik? Ez. Azkazalak? Ongi. Giharrak? Nekatuta baina ondo. Eguzkigatik erredurak? Ez. Beste erreduraik? Ezta ere". "Beno badirudi dena ondo daula" pentsatu nuen irrifar batekin.