AZKEN 10 SARRERAK

2013/12/13

AIZKORRIKO GURUTZEA (1538 m.) IRALARRAINARDEAREN EZKER ADARRETIK, IRTEERA ZUZENA (2013/12/05)

Azaroaren azken egunetan lehen elurte garrantzitsua bota zuen Aizkorrin. Euskeraren egunean Leku eta Iker Aizkorriko kanalen egoera ikustera joan ziren. Irauleko orratzaren kanala egin ondoren, telefonoz deitu eta elurra gogortzen ari zela esan zidatenean, abenduaren 5rako Aizkorri aldean egingo genuen irteera prestatzen hasi nintzen.

Egun honetarako eguraldi kaxkar xamarra iragarrita zegoenez, gure begiak itsuraz pausu bertikalik ez duen Iralarrainardean jarri genituen orain arte egin gabeko ezker adarreko irteera egin asmoz. Lau urte ziren ez nintzela Iralarrainardeatik igotzen eta egia esan banuen itzultzeko gogoa. Gainera irteera hau Aizkorriko gurutzearen horma honetan izan daitezken beste aukera batzuk ikusteko aprobetsatuko genuen.

IBILBIDEA

Goian azaldu bezela, aurtengo Aizkorriko kanalen lehen irteerarako Iralarrainardearen ezker adarreko irteera zuzena aukeratu genuen, kotxea Iruetxetan utziz. Aurrerago ikusiko duzuen bezela, eguraldia dela eta ez genuen berezko irteera topatu eta berez ohikoa den irteeratik ezkerrago (aurpegiari begira bagaude) dagoen irteera bertikal batetik irten ginen. Azken irteeratxo honek bere zailtasuna badu eta eskaladan III+ inguruan ibili daiteke.

Jaisteko Iralarraianardea jarraitu genuen lehen metroak Aizkorriko gurutzearen azpitik hartuz.


Argazki honetan gorriz jarraitutako bidea eta urdinez jaitsierakoa ikusi daitezke. Argazkia abenduaren 9an egin genuen.



ERAMANDAKO MATERIALA

Kranpoiak, kaskoa eta bi piolet. Guk egin genuen irteerarako gomendagarria izango litzateke soka eta aseguru batzuk eramatea (friend, fisureroak edota iltze batzuk), batez ere leku bertikaletan aritzeko ohiturarik ez badago.

DESKRIBAPENA

7:40, Iruetxeta, 600 metro inguru. Kotxea aparkatu ondoren, ilunpetan eta behe-lainoaren artean, traste guztiak hartu eta bideari ekin genion. "Joder, hau da egualdie, sikiera ebiik itten ez badu" esan nion anaiari "Ba bai" erantzun zidan "gutxiñez ea elurre gogorra daun". Kotxea berez ez da Iruetxetan uzten, Iruetxeta eta Altzukaran baserrien artean dagoen beste baserri baten ondoan baizik.

Iralarrainardera iristeko bidea 2005ean eginiko igoera honetan azalduta dudanez, honen ingurukorik ez dut hemen azalduko.

08:40, Iralarrainardea, 900 metro inguru. Basoan, laino artean eta ilunpean erdi galduak ibili ondoren GPS-aren laguntzarekin kanalaren hasieran dagoen Iralarrain gurutzera iritsi ginen. Bertan kaskoa eta kranpoiak jantzi, pioletak atera, makuluak gorde eta ur tragoxka baten ondoren goruntz abiatu ginen.

Iker kanalaren hasierako Iralarrain gurutzearen ondoan.


Azken urteotan gertatzen ari den bezela, aurten ere elur-jausi handi batek kanalaren sarreran zeuden pago asko eraman zituen.

Kanalaren hasieran, elur-jausiak utzitako pago puskatuen artean.


Iker lehen metroetan.


Aurretik duguna, nahiz eta elur asko ikusi uste baino bigunagoa topatu genuen leku askotan horkatiletatik gora sartuz.


"Hau da hau, elurre uste baño biguñagoa dau" esan zidan Ikerrek. "Joer, ba bai" erantzun nion "espero det gutxiñez goien gogorra eotea".

Kanalaren hasieratik berrehun metro ingurura bi adarren banaketa topatuko dugu: eskuinetik jarraitu ezkero Aizkorriko gurutzera doan Iralarrainardea jarraituko dugu. Hau da mendizale gehienek jarraitzen duten bidea. Oraingoan guk ezkerreko adarra hartu genuen.


Bideo honetan honen inguruko azalpenak ematen ditut.



Iker Iralarrainardea bitan banatzen den lekura iristen.



Hemendik gora malda gogortu egiten da 40 gradu inguruan mantenduz, nahiz eta 45-50 gradu inguruko zatitxorik ere topatu genuen. Bidea berez nahiko zuzen doa, baina guk zeharkalditxoren bat edo beste egin behar izan genuen elur gogorraren bila, zatiren batean edo beste ia belaunetaraino sartu ginen eta, nahiz eta orokorrean horkatiletatik gora ez sartu.

Kuriosoa da honelakoetan behe-lainoak mendia nola aldatzen duen. Egun garbi batean garbi ikusten den kanala bada, oraingoan nondik nora zihoan asmatzea ez zen batere erraza izan, eta behin baino gehiagotan bidea buruan genuen imajinari esker topatu genuen. Kanalean gora hasi ginenetik 50 minutu ingurura kanalak zeharkatzen duen pagadiaren amaierara iritsi ginen.

Gora begiratu eta behe-lainoa eta elurra besterik ez genuen ikusten gure ikusmira aurretik genuen 25 metroetara mugatuz. "Ta oain zer?" Galdetu zidan Ikerrek. "Ezkerreruntz diagonalean pixkanaka hartu beharren gaude errezenetik juteko" erantzun nion "ertz-lerro antzeko batera allatzen geanen beize eskubira diagonalen hartu beharko deu irteeraren bila". Hau esan eta diagonalean egin beharreko zeharkaldiarekin hasi ginen.

Gure zeharkalditxo honetarako argazkian ikusten den behatz formako harkaitza erreferentzi gisa hartu genuen.


Iker harkaitz honen parera iristen.



Bideo honetan bigarren zeharkaldia gutxi gora behera nondik egin genuen adierazten dut.



3-4 minutu inguruan eginiko bigarren zeharkaldiaren ondoren Aizkorriko gurutzea babesten duen harkaitz hormaren azpira iritsi ginen. Inongo erreferentzirik ez genuenez, hasiera batean hormaren azpia ipar mendebaldeko norantzan (ezker eskuin norantzan horma paretik ikusiko bagenu) elur bigunez estalitako erlaitz hestu batetik irteera posibleen bila jarraitu genuen. Gutxi gora behera ermitaren azpira iritsi (GPS-ari eskerrak non geunden asmatu genuen) eta aurrera jarraitzerik ez zegoela ikusi ondoren, atzeruntz bueltatu eta ezkerreko irteera izan zitekenaren bila hasi ginen.

Gure gainean arkaitz horma besterik ez genuen ikusten, eta ia etsitzear geundela gure aurrean elurrez estalitako diagonal bat azaldu zen: "Ta hemendio igotzen bagea?" Proposatu nion anaiari "Probau dezakegu ea noa ateatzen gean" erantzun zidan "gañea oso argi ez badau hortio errex jatsiko gea".

Elurrez estalitako diagonala.


Bitan pentsatu gabe diagonala igotzen hasi nintzen.


Diagonala amaitzen zen lekura iristerakoan hemendik aurrera biderik ez zegoela ikusi nuen. "Joer ezin deu aurrera jarraittu" esan nion Ikerri. Gu geunden lekutik gora beste erlaitz bat zegoela ikusi genuen. Erlaitz honetara iristeko igo beharreko 10 metro inguruko erresalte edo hormatxoa oso zaila ez zela pentsatuz bertara igoko ginela adostu genuen. Ni hasi nintzen erresaltea igotzen eta lehen metroen ondoren uste genuena baina zail eta ageri handiagokoa zela konturatu nintzen, bertan zegoen elurraren egoera oso kaxkarra baitzen. Hau gutxi ez balitz pioletak sartzeko leku askorik ez nituen topatu, belarraren azpian arkaitza zegoen eta. Burua pixkat lasaitu, arnasa hartu eta azkenean uste eta nahi baino izerdi eta tentsio gehiagoren ondoren erlaitzera iritsi nintzen.

Ni hormatxoaren hasieran..


Erlaitz honetatik gora Aizkorriren ertz-lerroraino 15 metro inguruko irteera hestu eta bertikal bat zihola ikusi eta hasiera batean ohiko irteera hau izango zela ere pentsatu nuen. Nire atzetik, di-da batean Iker iritsi zen. "Zemuz?" Galdetu nion, "uste baño errexago ateraet" erantzun zidan, "joer, ba nik uste baño tentsio gehio" erantzun nion.

Iker bigarren erlaitzera iristen.



Bideo honetan Iker bigarren erlaitzera zer ondo iritsi zen ikusiko duzue, baita irteera ere.




Irteeran oinak, pioletak eta eskuak non jarriko genituen aztertu ondoren gora abiatu nintzen.

Irteeraren hasieran. Irteera zein hestua den ikusi daiteke.



Irteera nahiz eta bertikal eta luzeagoa izan aurreko hormatxoa baino errazagoa iruditu zitzaidan bi hormen artean gorputza sartzeko aukera ematen zuen eta. Hala ere, ertz-lerrora irten nintzenean, gainetik pisu bat kendu izan banu bezela sentitu nuen, nahiz eta errazagoa izan, hemen ere tentsio "pixkat" pasa nuen eta. Iker irten zenean jarraitutako irteera berezko irteera ez zela konturatu ginen. "Bueno ein deunare eztau bate gaizki" esan zidan. Irteera honen zailtasuna III+ inguruan egon daiteke.

Bideo honetan irteera nolakoa den eta hemendik aterpera eginiko bidea ikusteko aukera izango duzue.




10:25, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Gailurrera iritsi, bertan zegoen mendizale bati argazki bat ateratzeko eskatu eta beherunzko bidea hartu genuen ia atsedenik hartu gabe.

Aizkorriko gurutzea, 1538 metro.


Jaisteko Iralarrainardea jarraitu genuen, baina gailur bertatik hartu beharrean, ertz-lerroa jarraituz 40-50 metro inguru behera egin eta gure eskuinean elur pala handi bat ikusten dugunean bi arkaitzen artetik beheruntz hartu genuen. Behin maldan behera, pixkanaka eskunineruntz (beheko norantzan) hartuz, Iralarrainardeakin bat egin genuen.

Iker Iralarrainardeatik behera.


10:55, Iralarrain gurutzea, 900 metro inguru. Hemen burdin guztiak motxilan jaso eta makuluak motxilatik atera, atseden motz bat egin eta beheruntz jarraitu genuen.

Iralarrain gurutzea.



Gurutzetik behera, goizean baino argi gehiago genuela aprobetsatuz, bide zuzenago bat egin genuen ordu eskaean Iruetxetara iritsiz.

11:25, Iruetxeta, 600 metro inguru. Kotxera iritsi, traste guztiak jaso eta etxerako bidea hartu genuen, Ikerrek arratsaldean lana zuen eta.

Iker kotxea utzitako lekura iristen.


"Eta bihar zer?" Galdetu nion anaiari. "Ez dakit, Iraulera juten bagea? Hemen badakigu zer daun, han igual elurre gogorrago dau" esan zidan. "Ondo da, ordun bihar Iraulera".

Amaitzeko irteera hau laburbiltzen duen bideoa uzten dizuet ikusgai.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina