AZKEN 10 SARRERAK
kanalaundi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kanalaundi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/02/17

AIZKORRIKO GURUTZEA (1538 m), IRALARRAINARDEA ETA SAKONAUNDIREN ARTEKO KANALETIK, "COULOIR" IRTEERA 2015/02/14

Asteburu osorako eguraldi txarra iragarrita zegoen. Baina ostiraleko azken orduan euskalmet web orrian larunbatean eguardirarte euririk botako ez zuela argitaratu zuenean gure begietan "aprobetsatu beharren gare" esten duen dizdira hori azaldu zen. "Ura pasa eta gero presa egin" esaera zaharra aintzat hartu eta asteburu osoan mendira joateko aukera bakarra hura izango zela kontutan izanda plan azkar bat prestatzen hasi ginen.

Helburua Aizkorrin azkar eta arin egin genezaken kanal berri bat egitea zen. Egiteke ditugun kanal eta irteeren karpeta mahai gainean jarri eta zer egin pentsatzen hasi ginen.

Aizkorriko gurutzeko Iralarrainardea eta Sakonaundi kanalen artean badago hirugarren kanal bat. Kanal hau pagoek ongi izkutatzen dute eta ohikoa izaten da ikusi eta konturatu gabe paretik pasatzea. Pagadia izkutatzen duen altxor txiki hau goraino zuzen jarraitzen badugu, ertza batera iritsiko gara. Zailtasunik ez duen hertza hau amaierarte jarraituta Iralarrainardearen azken zatira eramango gaitu zuzen-zuen. Osagai hauekin guztiekin erraz aukeratu genuen larunbatean igoko genuen kanal nagusia. Baina Aizkorriko gailurrera nondik iritsiko ginen? Hortxe zegoen koxka.

"Couloir" irteera, lehen aldiz aspaldian "Likken" aldizkarian, "Aizkorri Peak" izenpean Aizkorriko kanalen inguruan argitaratu zen erreportai batean ikusi genuen, baina irteera bera oraindik ikusi gabe geunden, begiratzen den lekutik begiratzen dela izkutuan gelditzen da eta. Lekurekin batera Aketegiko hego puntara doan "Norbegiar bidea" eskalatu genuenean, puntaren gailurretik Aitxuri eta Aizkorriko gurutzearen arteko "couloir" irteeraren azken metroak ikusi eta bere edertasunak txunditu gintuen. "Hurrengon hoi inbeharra zeok" esan zidan Lekuk orduan.

Iralarrainardea eta Sakonaundiren arteko kanala ez da kanalik zuzenena "couloir" irteerara iristeko, honetarako hobe da Sakonaundi igotzea, baina hala ere izkutuko kanal hau eta "Couloir" irteera egun berean lotzea adostu genuen.

IBILBIDEA

Ibilbidearen lehen zatiak misterio handirik ez dauka eta Iralarrainardeara joango bagina bezela jarraituko dugu. Kotxea Zegamako Hiruetxeta auzoako Buenavista baserriaren ondoan utziko dugu. Hemendik gora Iralarrainardeara doan ohiko bidea jarraituko dugu Iralarrainardea hasten den zabaluneraino. Iralarrainardearen sarrera gure ezkerrean utzi (igoerako norantzan) eta Sakonaundira iritsi aurreko pagadiaren erdian gutxi gora behera bien arteko kanalaren hasiera topatuko dugu, eroritako pago baten ondoan.

Hemendik gora kanala zuzen jarraitzea besterik ez da, tartean bi erresalte eskalatuz, lehenengoa erraza (2-3 metroetakoa eta II mailako zailtasuna izango duena) eta bigarrena kontu gehiagoarekin eskalatu beharrekoa (II-III zailtasunen artean egongo da). Dena den, bi erresalte hauek eskuinetik (igoerako norantzan) zailtasunik gabe ekidin daitezke.

Kanalaren amaieran zuhaitz berezi eta polit bat topatuko dugu. Zuhaitz honetatik gora doan ertza jarraitzen badugu, Iralarrainardearen azken metroekin bat egingo dugu. "Couloir" irteerara iristeko, Aitxuri mendiruntz (ipar-ekialderuntz) 200 metro inguruko zeharkaldi horizontal bat egin beharko duzue. Behin irteeran sartuta, amaierarte jarraitu besterik ez da egin behar. Irteerak 50 gradu inguruko pasarteren bat dauka, baina orokorrean erraz egiten da.

Irteeratik Aizkorriko gurutzera iristeko ertza jarraitzea da biderik errazena baina guk hertzaren ezkerrera, iparrera, pasa ginen goian zegoen haize gogorretik ihesi.

Jaisteko Aizkorriko gurutzea eta Aitxuri mendien arteko ertzaren iparretik zeharkaldia egin eta Sakonaundira zuzen jaistea da seguruena, hemendik behera jaitsi ondoren, igoerako bidearekin bat egiteko. Beste aukera bat Iralarrainardeatik jaistea izango litzateke, baina igotzen ari diren mendizaleei traba egiteko puntu asko ditugu.

Jarraitutako bidea, gorriz igoerakoa eta urdinez jaitsierakoa. Orlegiz, bigarren erresaltea ekiditeko egin daiteken zeharkalditxoa. Argazkia 2014ko abendukoa da.



Bideo honetan jarraitutako bide "animatua" ikusteko aukera izango duzue.




ERAMANDAKO MATERIALA

Irteera "azkar" eta arin honetarako, zailtasun handirik izango ez genuela jakinik, kranpoiak eta bi piolet bakarrik eraman genituen. Azkenean, elurraren egoera zela eta, nahiz eta pioletak erabili, ez genituen kranpoiak jantzi, nahiz eta bigarren erresaltean mesedegarri izan.

DESKRIBAPENA

07:55, Hiruetxeta (Buenavista baserria), 625 metro inguru. Oraindik erdi-ilunpean, edota egunsentiaren lehen argitasunarekin batera, trasteak prestatu, eta dagoeneko aparkaleku baten bila zebiltzan kotxeetatik "ihesi" oinez hasi ginen.

Ateratzeko prest.



Aizkorriko gurutzea eta Aitxuri mendiak Hiruetxetatik. Zein polita den dena zuri-zuri ikustea.


Beste batzuetan egin dugun moduan, Iralarraindardeara doan ohiko bidea jarraitu genuen. Jarraitutako bide honen deskribapen bat hemen irakurri dezakezue.

Pistan gora. Lehen metroetan elu gutxi topatu genuen arren...


...Metroak irabazi ahala elur kantitatea ere handitzen joan zen.



Oraingoan ere, ohiturari jarraituz, Iralarrainardearen hasieran dagoen zabalunera bide "berri" batetik igo ginen. Gaurkoan, pista jarraitu eta, izenik gabeko indikazio poste baten ondoan, pista utzi eta bide eroso eta ez hain aldapatsu batetik erraz eta azkarrago igo ginen, nahiz eta bide luzeagoa izan. Bide hau Aketegiko hego punta igo genuenean jaitsieran jarraitu genuen bide berbera izan zen.

Pista utzi genuen lekuan, izenik gabeko indikazio postea ikusi daiteke.



08:50, Iralarrainardearen azpiko zabalunea, 800 metro. Zerutik goxo-goxo eta poliki-poliki erortzen hasitako lehen elur malutekin batera zabalunera iritsi ginen. Ur pixkat juxtu-juxtuan edan, argazki pare bat egin eta aurrera jarraitu genuen.

Asier zabalunean. Argazkian hainbeste igo eta jaisten diren Iralarrainardea eta Sakonaundi ikusi daitezke.


Ni zabalunera iristen, atzean gure Txindoki maitea.


Iralarrainardearen sarrera gure ezkerrean (ibilbidearen norantzan) utzi eta Sakonaundira joango bagina bezela jarraitu genuen.

Zabalunetik aurrera egindako bidea.


Pagadian sartzear.


Pagadian sartu, eta gaurkoan ere elurra bere puntuan ez zegoela konturatu ginen. Pagadiaren barruko zeharkalditxoa lekuren batean edo bestean hanka belauneraino sartzen egin genuen. Pagadiaren erdia gutxi gora behera zeharkatu ondoren, gure ezkerrean kanalaren hasiera azaldu zen.

09:00, Kanalaren hasiera, 850 metro inguru. Kanal honen bila etorri ezkero erraza da topatzea, bestela, aurrera jarraitzea ohikoa da pagadiaren erdian kanal bat dagoela konturatu gabe.

Kanalaren hasiera.


Orain bai, motxilak kendu, maskuriak arindu, aurretik genuen aldapa ikusita erropa erantzi eta, ura ederki edan ondoren, txiste eta irrifar artean goruntz hasi ginen.

Lehen metroetan topatu genuen elurra nahiko bigun zegoen, eta tarteka, hanka zuloren batean ere sartu genuen elurretan belaunetik gora sartuz. Dena den, nahiz eta elurra biguna izan, elur-hautsa ez zenez, metroak, zailtasunak-zailtasun, uste baino azkarrago irabazi genituen.

Kanalaren lehen metroetan.


Lehenengo 50 metroen ondoren, geunden lekutik metro batzuetara irtengune bat ikusi genuen. Leku berean gure ezkerretik zetorren arrasto bat ere topatu genuen: "ze ondo orain behintzat hemendio gora arrastotik eroso igoko gea" esan nien atzeko biei.

Argazki honetan, amaieran irtengunea  ikusi daiteke.


Arrasto zaharrak jarraitzea ematen duen erosotasunean metroak azkarrago egin genituen. Baina irtengunetik 15 metro ingurura, arrastoak zuzen jarraitu beharrean, irtengunea eskuinetik ekiditen zuela ikusi genuen. Irtengunea ustez zailtasunik ez zuela ikusita "Ze kristo!! Zuzen emangodiou!!" esan eta zuzen-zuzen irtengunearen azpira iritsi nintzen.

Argazki honetan irtengunea ikusi daiteke, gorriz Lekuk eta nik jarraitu genuen bidea eta urdinez Asierrek jarraitutakoa. Honaino jarraitu genuen arrastoa ezkerrera jotzen dugun lekuan eskuineruntz jo zuen zuzen-zuzen.


"Hemendik gora bazpare pioloetak ateatzen baditteu hobe" esan nien. Lekuk azpitik pioletak eskutan zituenez, irtenguneari berak emango ziola esan, erresaltearen azpian jarri eta di-da batean igo egin zuen.

Irtengunearen hasieran...


...Eta irtengunetik ateratzen.


Asier irtengunetik ateratzen.


Irtenguneak 2-3 metro izango ditu eta, guk topatu genuen egoeran behintzat, zailtasun handirik ez zuen. Irtengunearen gaineko belarra oso gogorra zegoenez, pioletak bertan sendo sartu eta besoekin indar pixkat egin ondoren erraz igo genuen.

Lehen irtengune honen ondoren honen jarraipenean beste irtengunetxo bat (zerbait esateagatik) topatu genuen, baina zailtasunik gabekoa. Tarte honetan elurraren azpian harria dago, beraz, suposatzen dut elur gutxiarekin guk topatu genuena baino "zailagoa" izango dela.

Asier eta Leku lehen irtengunea atzean utzi ondoren.


Hemendik gora kanalak 35-40 gradu inguruko maldarekin jarraitzen du. Tarte honetan, nahiz eta elurra biguna egon, behean baino "gogorragoa" topatu genuen igoera erosoago bihurtuz.

Lehen irtengunetik gora doan zatian.


Atzera begirada.


75-100 metro ingururen ondoren, harkaitz horma baten azpira iritsi ginen. "Pena soka ta eskaladako trastek ekarri ez izana, bestela zuzen emateik izango genuke" esan nion Asierri. "Ba bai" erantzun zidan "eztauke pinta txarrik".

Harkaitz-horma beste baterako utzita, honen eskuinean (igoeraren norantzan) dagoen pasabide hestu batetik jarraitu genuen.

Asier pasabide hestura iristen, ezkerrean harkaitz-horma ikusi daiteke.


Pasabide hestuan malda gogortu egin zen, gutxi gora behera 40-45 gradutaraino, baina erraz igo genuen.

Asier pasabidearen erdian.


Leku pasabidean sartu aurretik.


Pasabide hestuaren ondoren kanala zabaldu egiten da. Aukera ezberdinen aurrean, zuzen jarraitzea erabaki genuen bi aldeetan dauden hertzei kasu handirik eman gabe.

Pasabidetik atera ondoren kanala zabaltzen den lekuan. Gorriz, Asier eta biok jarraituko genuen bidea eta urdinez, Lekuk jarraitutakoa.


Parean genuen hormari begirik kendu gabe, punturik ahulena zein izango zen balioztatzen joan nintzen. Azkenean, horma zuzenean igotzeko biderik "errazena" zuzen jarraitzea zela pentsatu nuen, baina halere Asierri galdetu nion: "Zemuz ikustezu?", "Ba paretik igota eztu ematen hain zaile izangoenik" erantzun zidan.

Bitan pentsatu gabe horman gora hasi nintzen. "Joerr, hemen elurre bigunago dau" kexatu nintzen belaunetaraino sartu nintzenean. "Errexena zuhaitzen adarrei tiraka igotzea izangoa" erantzun zidan Asierrek. Esan eta izan, parean nuen zuhaitzaren adarrei tiraka eta pioletak enborretan katiatuz, metroak irabazten joan nintzen.

Hormaren eskaladaren hasieran.


Azkeneko zuhaitzaren enborran hankak jarri nituenean "ta oain zer?" pentsatu nuen. Pioleten laguntzarekin elur pixkat garbitu eta azpiko lur gogorrean sendo sartu nituen. Pioletetatik tira egin eta ongi heusten zutela ikusita konfidantzarekin goruntz jarraitu nuen.

Azken zuhaitzaren altueran.


Pioletek heusten zutela ikusi ondoren, goruntz konfidantzaz.


Hormaren azpitik beheruntz egindako argazkia.


Pioletek ongi heusten zutela ikusteak izugarrizko konfidantza eman zigun eta azken metroak elurra pixkat garbitu eta pioletak gogor sartuz egin genituen. Egia esan, irtengune hau kranpoirekin errazago igoko genuen, baina ez genituen faltan bota.

Irtenguneak osora 15-20 metro inguru izango ditu eta bertikal jartzen da, baina ez dut uste III mailako zailtasunera iritsiko denik. Gainera, eta hau izan zen gehien animatu gintuena, erorketa bat izan ezkero ez dugu uste min handirik hartzeko arriskua dagoenik. Dena den, honelako lekuetan konfidantza handirik ez badago, hormaren azpian dagoen zuhaitzan bilgunea egin daiteke  eta irtengunea soka-luze batekin babestu.

Lekuk irtengunea eskuinetik (igoerako norantzan) ekidin zuen elur pala bat igoz. Dena den, elur pala honetan topatu zuen elurra oso biguna izan zen eta makina bat izerdi bota zuen igotzeko.

Asier eta biok irtenguneik ateratzen.


Irtengunetik atera eta 15 metro igo ondoren kanalaren amaierara iritsi ginen. Amaieran itsura bereziko zuhaitz bat topatu genuen.

Kanalaren amaieran dagoen zuhaitz berezia.


"Zemuzkoa erresaltea?" Galdetu zigun Lekuk. "Bueno, pena elurre baina orokorren ondo" erantzun zion Asierrek. "Ba nik kristonak pasa ditut zati hortan elurretan igeri" bukatu zuen Lekuk.

Zuhaitzaren ondoan atsedentxoa egin eta elurrra fundamentu gehiagoz hasten zela ikusita, motxiletatik euritarako txamarrak atera eta jantzi egin genituen.

Puntu honetan zuhaitzatik gora doan hertza jarraitu izan bagenu Iralarrainardearen azken zatira iritsiko ginen, baina gaurko helburua bestelakoa zenez, Aitxuri mendira joango bagina bezela zeharkaldi horizontal bat egiten hasi ginen.

Argazki honetan Aizkorriko gurutzea eta Iralarrainardearen azken zatia ikusi daiteke (borobil gorrian bi mendizale daude), baita Aitxuri mendia ere.


Leku eta Asier kanalaren amaieran dagoen zuhaitzaren ondoan zeharkaldiaren hasieran.


Argazki honetan "Couloir" irteeraino egin genuen zeharkaldia ikusi daiteke.


Zeharkaldiak zailtasun handirik ez du eta 40-45 gradu inguruko malda zeharkatuz egin genuen. Zati honetan elurra gogorra ez egotea eskertu genuen eta arrastoa ondo egiteko aukera eman zigun. Zeharkaldiak osora 200 metro inguru izango ditu.

Konturatzerako "Couloir" irteeraren sarrerara iritsi ginen.


"Buenooooo, pinta ona daukeeee" esan nien. "Ba bai" erantzun zidan Lekuk "ea goiko partea zemuz zeoken".

Bitan pentsatu gabe goruntz hasi ginen, 45 gradu inguruko malda igoz.

Lehen 40 metro inguruen ondoren "couloir"-ek ezkerrera jotzen du.

Asier eta Leku "couloir"-ek ezkerrera jotzen duen lekuan, azpian igotako kanalaren irteeran dagoen zuhaitza ikusi daiteke (borobilaren barruan).


Kanalaren irteeran dagoen zuhaitzetik (borobilduta) "Couloir" irteerara egindako bidea.



Ezkerreruntz igotzen hasi eta parean azaldu zena erabat txunditu gintuen. "Irteera elegantea benetan" esan genuen ia hiruok aho batez. Irteera tentetu eta pixkanaka hestutzen joaten zela ikusita ederki disfrutatuko genuela argi izan genuen.

Asier eta Leku "Couloir" irteeran.


Irteeraren hestuasuna hasten den lekuan malda gehiago tentetu zen, 50 gradu ingurura gutxi gora behera, baina elurra gogorra ez egoteak, gure hanketako bikien mesedetan, igoera erraztu zigun.

Hestuasunera iristen.


Gertuago...


Lehen pasabide hestu honen ondoren malda metro batzuetan jaitsi egiten da. Baina metro hauen ondoren irteera berriro hestutu, tentetu eta malda berriro 50 gradu ingurura igo zen.

Asier lehen pasabide hestuaren ondoren.


Lehenengo pasabide hestuaren sarreran.


Ni bigarren pasabidearen hasieran.


Leku paregabea eta igoera hau zer esanik ez.


"Couloir"-en irteeran.


"Couloir"-etik ateratzear nengoela goien izango genuen haizeaz konturatu nintzen eta irten eta berehala haizeak elurra leku guztietatik sartzen hasi zen. Kanalaren irteeratik metro batzuk egin eta Aizkorri eta Aitxuri mendien arteko hertzara atera ginen.

Leku eta Asier ertzara iristen.


Ertzan.


Ertzan metro batzuk egin ondoren, hertzaren ipar aurpegira pasatzeko aukera eman zigun lehen lekutik sartu ginen haizetik babesteko. "Ze ingoiau?" Galdetu zigun Lekuk "puntara igo edo hemendio behera jatsi?". "Ya ke hemen gare igual puntaño bagoatz hobe ez?" Galdetu zuen Asierrek "hola balkoiko irteera ikusiko deu". "Ni ere hemen eonda goraño jarraittuko nuke" esan nien. Haizeagatik babesteko eguzkitako betaurrekoak jarri eta Aizkorriko gailurretik banatzen gintuzten azken metroak egin genituen.

Argazki honetan, Aizkorriko gurutzearen gailurreraino jarraitutako bidea gorriz eta urdinez gailurrera iristeko biderik egokiena zeintzuk diren margotu ditut. Gaurkoan, haizearen indarragatik, bigarren aukera ezin izan genuen jarraitu.


10:45, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Argazki pare bat egin eta beherunzko bidea hartu genuen.

Leku eta Asier Aizkorriko gurutzean.


Hiruok gailurrean.


Jaisteko igotako bidetik atzera egin eta igoeran hertzaren iparraldera pasa ginen lekura beheruntz zuzen egin genuen Sakonaundiren bila. Behin kanalean, osorik jaitsi eta berriro ere igoerako bidearekin bat egin ondoren 12:05tan kotxera itzuli ginen lau orduetako irteeraren ondoren.

Bukatzeko irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.




2013/12/13

AIZKORRIKO GURUTZEA (1538 m.) IRALARRAINARDEAREN EZKER ADARRETIK, IRTEERA ZUZENA (2013/12/05)

Azaroaren azken egunetan lehen elurte garrantzitsua bota zuen Aizkorrin. Euskeraren egunean Leku eta Iker Aizkorriko kanalen egoera ikustera joan ziren. Irauleko orratzaren kanala egin ondoren, telefonoz deitu eta elurra gogortzen ari zela esan zidatenean, abenduaren 5rako Aizkorri aldean egingo genuen irteera prestatzen hasi nintzen.

Egun honetarako eguraldi kaxkar xamarra iragarrita zegoenez, gure begiak itsuraz pausu bertikalik ez duen Iralarrainardean jarri genituen orain arte egin gabeko ezker adarreko irteera egin asmoz. Lau urte ziren ez nintzela Iralarrainardeatik igotzen eta egia esan banuen itzultzeko gogoa. Gainera irteera hau Aizkorriko gurutzearen horma honetan izan daitezken beste aukera batzuk ikusteko aprobetsatuko genuen.

IBILBIDEA

Goian azaldu bezela, aurtengo Aizkorriko kanalen lehen irteerarako Iralarrainardearen ezker adarreko irteera zuzena aukeratu genuen, kotxea Iruetxetan utziz. Aurrerago ikusiko duzuen bezela, eguraldia dela eta ez genuen berezko irteera topatu eta berez ohikoa den irteeratik ezkerrago (aurpegiari begira bagaude) dagoen irteera bertikal batetik irten ginen. Azken irteeratxo honek bere zailtasuna badu eta eskaladan III+ inguruan ibili daiteke.

Jaisteko Iralarraianardea jarraitu genuen lehen metroak Aizkorriko gurutzearen azpitik hartuz.


Argazki honetan gorriz jarraitutako bidea eta urdinez jaitsierakoa ikusi daitezke. Argazkia abenduaren 9an egin genuen.



ERAMANDAKO MATERIALA

Kranpoiak, kaskoa eta bi piolet. Guk egin genuen irteerarako gomendagarria izango litzateke soka eta aseguru batzuk eramatea (friend, fisureroak edota iltze batzuk), batez ere leku bertikaletan aritzeko ohiturarik ez badago.

DESKRIBAPENA

7:40, Iruetxeta, 600 metro inguru. Kotxea aparkatu ondoren, ilunpetan eta behe-lainoaren artean, traste guztiak hartu eta bideari ekin genion. "Joder, hau da egualdie, sikiera ebiik itten ez badu" esan nion anaiari "Ba bai" erantzun zidan "gutxiñez ea elurre gogorra daun". Kotxea berez ez da Iruetxetan uzten, Iruetxeta eta Altzukaran baserrien artean dagoen beste baserri baten ondoan baizik.

Iralarrainardera iristeko bidea 2005ean eginiko igoera honetan azalduta dudanez, honen ingurukorik ez dut hemen azalduko.

08:40, Iralarrainardea, 900 metro inguru. Basoan, laino artean eta ilunpean erdi galduak ibili ondoren GPS-aren laguntzarekin kanalaren hasieran dagoen Iralarrain gurutzera iritsi ginen. Bertan kaskoa eta kranpoiak jantzi, pioletak atera, makuluak gorde eta ur tragoxka baten ondoren goruntz abiatu ginen.

Iker kanalaren hasierako Iralarrain gurutzearen ondoan.


Azken urteotan gertatzen ari den bezela, aurten ere elur-jausi handi batek kanalaren sarreran zeuden pago asko eraman zituen.

Kanalaren hasieran, elur-jausiak utzitako pago puskatuen artean.


Iker lehen metroetan.


Aurretik duguna, nahiz eta elur asko ikusi uste baino bigunagoa topatu genuen leku askotan horkatiletatik gora sartuz.


"Hau da hau, elurre uste baño biguñagoa dau" esan zidan Ikerrek. "Joer, ba bai" erantzun nion "espero det gutxiñez goien gogorra eotea".

Kanalaren hasieratik berrehun metro ingurura bi adarren banaketa topatuko dugu: eskuinetik jarraitu ezkero Aizkorriko gurutzera doan Iralarrainardea jarraituko dugu. Hau da mendizale gehienek jarraitzen duten bidea. Oraingoan guk ezkerreko adarra hartu genuen.


Bideo honetan honen inguruko azalpenak ematen ditut.



Iker Iralarrainardea bitan banatzen den lekura iristen.



Hemendik gora malda gogortu egiten da 40 gradu inguruan mantenduz, nahiz eta 45-50 gradu inguruko zatitxorik ere topatu genuen. Bidea berez nahiko zuzen doa, baina guk zeharkalditxoren bat edo beste egin behar izan genuen elur gogorraren bila, zatiren batean edo beste ia belaunetaraino sartu ginen eta, nahiz eta orokorrean horkatiletatik gora ez sartu.

Kuriosoa da honelakoetan behe-lainoak mendia nola aldatzen duen. Egun garbi batean garbi ikusten den kanala bada, oraingoan nondik nora zihoan asmatzea ez zen batere erraza izan, eta behin baino gehiagotan bidea buruan genuen imajinari esker topatu genuen. Kanalean gora hasi ginenetik 50 minutu ingurura kanalak zeharkatzen duen pagadiaren amaierara iritsi ginen.

Gora begiratu eta behe-lainoa eta elurra besterik ez genuen ikusten gure ikusmira aurretik genuen 25 metroetara mugatuz. "Ta oain zer?" Galdetu zidan Ikerrek. "Ezkerreruntz diagonalean pixkanaka hartu beharren gaude errezenetik juteko" erantzun nion "ertz-lerro antzeko batera allatzen geanen beize eskubira diagonalen hartu beharko deu irteeraren bila". Hau esan eta diagonalean egin beharreko zeharkaldiarekin hasi ginen.

Gure zeharkalditxo honetarako argazkian ikusten den behatz formako harkaitza erreferentzi gisa hartu genuen.


Iker harkaitz honen parera iristen.



Bideo honetan bigarren zeharkaldia gutxi gora behera nondik egin genuen adierazten dut.



3-4 minutu inguruan eginiko bigarren zeharkaldiaren ondoren Aizkorriko gurutzea babesten duen harkaitz hormaren azpira iritsi ginen. Inongo erreferentzirik ez genuenez, hasiera batean hormaren azpia ipar mendebaldeko norantzan (ezker eskuin norantzan horma paretik ikusiko bagenu) elur bigunez estalitako erlaitz hestu batetik irteera posibleen bila jarraitu genuen. Gutxi gora behera ermitaren azpira iritsi (GPS-ari eskerrak non geunden asmatu genuen) eta aurrera jarraitzerik ez zegoela ikusi ondoren, atzeruntz bueltatu eta ezkerreko irteera izan zitekenaren bila hasi ginen.

Gure gainean arkaitz horma besterik ez genuen ikusten, eta ia etsitzear geundela gure aurrean elurrez estalitako diagonal bat azaldu zen: "Ta hemendio igotzen bagea?" Proposatu nion anaiari "Probau dezakegu ea noa ateatzen gean" erantzun zidan "gañea oso argi ez badau hortio errex jatsiko gea".

Elurrez estalitako diagonala.


Bitan pentsatu gabe diagonala igotzen hasi nintzen.


Diagonala amaitzen zen lekura iristerakoan hemendik aurrera biderik ez zegoela ikusi nuen. "Joer ezin deu aurrera jarraittu" esan nion Ikerri. Gu geunden lekutik gora beste erlaitz bat zegoela ikusi genuen. Erlaitz honetara iristeko igo beharreko 10 metro inguruko erresalte edo hormatxoa oso zaila ez zela pentsatuz bertara igoko ginela adostu genuen. Ni hasi nintzen erresaltea igotzen eta lehen metroen ondoren uste genuena baina zail eta ageri handiagokoa zela konturatu nintzen, bertan zegoen elurraren egoera oso kaxkarra baitzen. Hau gutxi ez balitz pioletak sartzeko leku askorik ez nituen topatu, belarraren azpian arkaitza zegoen eta. Burua pixkat lasaitu, arnasa hartu eta azkenean uste eta nahi baino izerdi eta tentsio gehiagoren ondoren erlaitzera iritsi nintzen.

Ni hormatxoaren hasieran..


Erlaitz honetatik gora Aizkorriren ertz-lerroraino 15 metro inguruko irteera hestu eta bertikal bat zihola ikusi eta hasiera batean ohiko irteera hau izango zela ere pentsatu nuen. Nire atzetik, di-da batean Iker iritsi zen. "Zemuz?" Galdetu nion, "uste baño errexago ateraet" erantzun zidan, "joer, ba nik uste baño tentsio gehio" erantzun nion.

Iker bigarren erlaitzera iristen.



Bideo honetan Iker bigarren erlaitzera zer ondo iritsi zen ikusiko duzue, baita irteera ere.




Irteeran oinak, pioletak eta eskuak non jarriko genituen aztertu ondoren gora abiatu nintzen.

Irteeraren hasieran. Irteera zein hestua den ikusi daiteke.



Irteera nahiz eta bertikal eta luzeagoa izan aurreko hormatxoa baino errazagoa iruditu zitzaidan bi hormen artean gorputza sartzeko aukera ematen zuen eta. Hala ere, ertz-lerrora irten nintzenean, gainetik pisu bat kendu izan banu bezela sentitu nuen, nahiz eta errazagoa izan, hemen ere tentsio "pixkat" pasa nuen eta. Iker irten zenean jarraitutako irteera berezko irteera ez zela konturatu ginen. "Bueno ein deunare eztau bate gaizki" esan zidan. Irteera honen zailtasuna III+ inguruan egon daiteke.

Bideo honetan irteera nolakoa den eta hemendik aterpera eginiko bidea ikusteko aukera izango duzue.




10:25, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Gailurrera iritsi, bertan zegoen mendizale bati argazki bat ateratzeko eskatu eta beherunzko bidea hartu genuen ia atsedenik hartu gabe.

Aizkorriko gurutzea, 1538 metro.


Jaisteko Iralarrainardea jarraitu genuen, baina gailur bertatik hartu beharrean, ertz-lerroa jarraituz 40-50 metro inguru behera egin eta gure eskuinean elur pala handi bat ikusten dugunean bi arkaitzen artetik beheruntz hartu genuen. Behin maldan behera, pixkanaka eskunineruntz (beheko norantzan) hartuz, Iralarrainardeakin bat egin genuen.

Iker Iralarrainardeatik behera.


10:55, Iralarrain gurutzea, 900 metro inguru. Hemen burdin guztiak motxilan jaso eta makuluak motxilatik atera, atseden motz bat egin eta beheruntz jarraitu genuen.

Iralarrain gurutzea.



Gurutzetik behera, goizean baino argi gehiago genuela aprobetsatuz, bide zuzenago bat egin genuen ordu eskaean Iruetxetara iritsiz.

11:25, Iruetxeta, 600 metro inguru. Kotxera iritsi, traste guztiak jaso eta etxerako bidea hartu genuen, Ikerrek arratsaldean lana zuen eta.

Iker kotxea utzitako lekura iristen.


"Eta bihar zer?" Galdetu nion anaiari. "Ez dakit, Iraulera juten bagea? Hemen badakigu zer daun, han igual elurre gogorrago dau" esan zidan. "Ondo da, ordun bihar Iraulera".

Amaitzeko irteera hau laburbiltzen duen bideoa uzten dizuet ikusgai.