AZKEN 10 SARRERAK

2013/12/14

IRAULE (1511 m), ORRATZEKO KANALAREN EZKER SARRERATIK 2013/12/06

Atzo Aizkorrin topatu genuen elurraren egoeraren ondoren, Iker eta biok Nardasakonera pasatzea pentsatu genuen. Nardasakonetik duen orientazioagatik normalean elurrak hemen gehiago irauten du eta gogorragoa egoten da.

Hala ere, topatuko genuen elurraren kalitatearekin zalantza genuenez, irteera "teknikorik" ez egitea pentsatu genuen, sokak, arnesak eta eskaladako traste guztiak etxean utziz. Irteera honetarako orain arte egin gabeko beste aukera bat bururatu zitzaidan: "Eta orratzaren kanala itten badeu ezkerretio sartuta?" Proposatu nion anaiari. "Zemuzkoa da?" Galdetu zidan. "Eztakit baña nahizta elurre oso ondo ez egon nik ustet itteko modukoa dela" erantzun nion "ta gañea bi pioloak eramaten baditteu errexago ingodeu". "Earra" erantzun zidan "hola a ber lengon Lekuk kanalean galdu zuen eskularrue topatzen deun". "Ordun mision de rescate modun jungo gea,jejeje" bota nion irrifartsu.

Hurrengo egunean, berriro goiz geldituz (Iker arratsaldean lanera zihoan eta) Nardasakonera abiatu ginen.

IBILBIDEA

Goian azaldu bezela, Irauleko orratzaren kanala egin genuen bere ezkerrean (goiko bidean) dagoen zeharkaldia eginez.

Kotxea Itzubiagan dagoen bordaren ondoran utzi genuen. Nardasakonetik igo eta orratzaren ezkerrean dagoen sarreratik sartu ginen orratzaren kanaletik irteteko. Jaitsiera Nardasakonen eskuineko kanaletik egin genuen.

Zeharkaldi hau ez da teknikoa eta orratzaren kanaleko sarrera zuzenean dauden erresalte bertikalak ekiditen dira. Ghienez 50 graduetako maldak topatuko ditugu.

Abenduaren 7an ateratako argazki honetan eginiko bidea margotu dut.


Eginiko bidea Nardasakonetik ikusita (Argazkia abenduaren 7koa da).


Eginiko bidea Aketegitik ikusita (argazkia abenduaren 9koa da)..



ERAMANDAKO MATERIALA

Irteera honetarako ez genuen material berezirik eraman: kranpoiak, bi pioletak eta kaskoa.

DESKRIBAPENA

07:50, Itzubiaga, 900 metro inguru. Goizeko zazpiretan gelditu ondoren, kotxea Itzubiagan dauden borda eta iturriaren ondoan utzi, botak eta polainak jantzi, traste guztiak prestatu eta martxan jarri ginen.

Nardasakonera doan bidea hemen deskribatuta dudanez, honen inguruko azalpen gehiagorik ez dut emango.

Elurra pinudiaren ondoren dagoen pagadian topatu genuen eta harritu egin gintuen bere egoera ona. "Bueno, atzo baino gogorrago dau" esan zidan Ikerrek, "earra" erantzun nion "hemen hola badau, goien gogorrago eongoa".

08:15, Nardasakonen oina, 1000 metro inguru. Nardasakonera iritsi eta atentzioa deitu zigun lehen gauza bertan izandako elur-jausi handia izan zen. Hemen urtero izaten dira elur-jausiak baina normalean Nardasakonen eskuinean (goiko norantzan) dagoen pasabidea elur-jausietatik kanpo gelditzen da. Oraingoan aldiz, elur-jausiak pasabide hontako elur dexente ere eraman zuen.

Iker Nardasakonen oinean. Elur-jausiaren ondorioak ikusi daitezke.


Hemendik gora duguna. Elur jausiaren indarra izugarria da.


Gora gindoazela elurraren egoera hobetzen joan zen. Azkenean, elurra etengabe eta nahiko gogorra zegoela ikusita, kranpoi eta kaskoa jantzi eta pioletak ateratzea erabaki genuen.

Izotzetan igotzeko traste guztiak atera ondoren. Hemen elurra nahiko gogorra zegoen, pioletak nola sartuta dauden ikustea besterik ez dago.


Behin kranpoiak jantzi ondoren maldan gora arinago igotzen hasi ginen.


Nahiz eta gaurko egun hobea iragarrita izan, Nardasakonetik duen zabalunera irten ginenean gainetik genuen guztia laino artean zegoela ikusi genuen. "Joerrr, fundamentuzko argaki bate ezinda atera" bota nion anaiari.

Aurretik genuena. Argazkian Nardasakonen irteera normala eta eskuineko kanala non dauden ikusi daitezke, baita, nahiz eta laino artean izan, orratzaren kokalekua ere.


Zabalunean jada elurra oso gogorra topatu genuen. "Ostia ze ona!!!!" Esan zuen Ikerrek. "Ba bai, atzokin konparauta alde ederren gare" erantzun nion.

Kanalari pixkanaka metroak irabaziz pixkanaka gure eskuinean eskuineko kanala eta orratzaren sarrera zuzena utzi genituen.


Orratzera eramango gintuen sarreraren altuerara iritsi ginenean eskuineruntz zeharkaldi bat egin genuen bertatik igotzeko asmoz.

Iker zeharkaldiaren hasierara hurbiltzen.


Abenduaren 7an ateratako argazki honetan orratzaraino eginiko zeharkaldiaren bidea hobe ikusi daiteke.


09:05, zeharkaldiaren hasiera, 1400 metro inguru. Zeharkaldiak "S" forma bat egiten du. Hasieran, eskuinera 45-50 gradu inguruko diagonal bat igotzen da.

Behin diagonal hau igo ondoren, ezkerreruntz 10 metro inguruko beste diagonal bat egingo dugu. Bigarren zeharkalditxo honetan orratzatik zintzilik dagoen sokaren muturraren ondotik pasako gara.

Beste bideo hontan bigarren zeharkalditxo hau ikusteko aukera duzue.



Amaitzeko, berriro ere eskuinera hartu eta azken diagonal bat eginez orratzaren azpira sartu eta bertan dagoen bilgunera iritsiko gara. Azken zeharkalditxo honetan erresalte motz eta erraz pare bat igo beharko ditugu. Nahiz eta biak erraza izan, altuak bazarete bigarrena ez duzue oso eroso pasako.

Azken diagonala hasten den lekuan. Argazkian Iker bilgunea dagoen lekuan ikusi daiteke.


Ikerrek bilgunetik azken diagonaleruntz egindako argazkia.


Behin bilgunean, orratzaren kanalaren sarrera zuzenarekin bat egin eta hemendik aurrera orratzaren kanala jarraitu genuen. "Lekuren eskularrue hemen dau!!!!" Oihukatu zidan Ikerrek irteeraren azpira iritsi zenean. Bertara iritsi nintzenean, pioletekin gainean zuen izotza kendu eta kartoi itsurako eskularrua berreskuratu genuen. "Joer, hau da gogorra egotea, ez nuke nahi hemen vivac bat egiteik" esan nion Ikerri.

Bideo hontan Irauleko orratzaren kanala eta Lekuren eskularrua berreskuratzen dugun momentua ikusteko aukera izango duzue, baita kanalaren irteera ere.



Behin Lekuren eskularrua motxilan gorde ondoren kanalatik irten ginen.

Iker irteeran.


Kanalaren irteeran dagoen gurutzean egindako argazkia.


"Jaisteko, nundik?" Galdetu zidan Ikerrek. "Eskubiko kanaletik jaisten bagea?" Bota nion, "hola Irauleko puntan argazkie ateratzea daukeu". "OK" bota zidan.

Ur pixkat edan eta Irauleren gailurrera abiatu ginen.

09:30 Iraule, 1511 metro. Argazkia atera eta, ikusmirarik ez zegoenez, eskuineko kanalaren irteerara joan ginen.

Iraule, 1504 metro.


Iaz eskuineko kanaletik igo nintzenean (erreporra ikusteko hemen klik egin dezakezue) ez zegoen horrenbesteko elurrik eta irteera oso erraza topatu nuen. Oraingoan aldiz, irteeran zegoen elurra nahiko tentea eta gogorra aurkitu genuen eta lehen metroetan maldari begira jaistera behartuz. Lehen 25 metroen ondoren buelta hartu eta oinez jaitsi ginen igoeran jarraitutako bidearekin bat egin arte.

Iker jaitsieran buelta hartu ondoren.


Behin pagadira iritsi ginenean kranpoiak eta kaskoa erantzi, pioletak gorde eta beheruntz jarraitu genuen. Jaitsieran goruntz zihoan mendizale bat topatu genuen. Bi hitz egin ondoren "zu ez al zara Smithy?" Galdetu zidan. "Bai" erantzun nion. "Ni Ion naiz" bota zidan. "Hombre, groucho?" Galdetu nion. "Bai" erantzun zidan.

Ionekin astean zehar mezuak elkartrukatuz aritu nintzen kanalen inguruko informazio eman asmoz, baina oraindik ez nuen ezagutzen. Hau da internet-ek dituen gauza majikoetako bat. Guk egindakoa irteera gomendatu ondoren elkar agurtu eta bakoitzak bere bidea jarraitu zuen. Gerora, behe lainoa dela eta, eskuineko kanala egin zuela esan zigun.

Ezusteko atsegin ondoren pinuditik behera jarraitu eta kotxera iritsi ginen. Trasteak jaso, hidratatu eta etxerako bidea hartu genuen.

Gaurko gure erreskatatua, jeje.





 Amaitzeko irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, ea gustuko duzuen.




Bihar leku berera itzuliko ginen baina oraingoan orratzaren sarrera zuzena egitea, Etxebarriako Javi bisitan etorrio zitzaigun eta. Javi "Mi rincón en la red" mendiko blog interesgarriaren egilea da.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina