AZKEN 10 SARRERAK

2014/02/17

ARBELAITZ: IPAR AURPEGI BEHEKO FAXAREN ZEHARKALDIA, 2014/02/09

Mendian ikasi eta bizitakoa bizitzaren arlo guztietan aplikatzen saiatzen naiz. Modu batera edo bestera, mendian bizitzen diren egoera ezberdinak eguneroko bizitzan ematen dira, azken finean, bizitza, edozein mendi irteera bezela, ibilbide bat besterik ez baita. Ezagutzen nautenek badakite bizitzaren gertaerak kontatzeko mendian bizitako adibideak jartzea gustuko dudala.

Otsailaren 9an Arbelaitzen eginiko saiakera hau ere bizitzan aplikatzeko adibide bat izan daiteke. Helburu bat jarri genuen, helburua betetzerik ez genuela ikusi genuenean helburu txikiago batzuk jarri genituen, eta azkenean, helburu txiki hauek beteta, etxera itzuli ginen. Behin etxean, hasierako helburua ez betetzearen arrazoiak aztertu, gure esku zeuden gauzen inguruan ausnarketa egin, gaizki egindako gauzetatik ikasi eta ondo egindakoak sendotu genituen, etorkizunerako saiakera bati begira. Honelako gauzak ez al dira eguneroko bizitzan gertatzen?


IBILBIDEA

Irteera honetara bi helburuekin joan ginen, alde batetik, Arbelaitzen ipar aurpegiaren ezkerrean bide berri bat egitea, eta bestetik, gailurra zapaltzea, edo gutxienez, goitik ateratzea. Baina erreporraren izenburuak dioen bezela, ez genuen helbururik bete.

Kotxea Itzubiagako bordan utzi genuen. Hemendik zuzen igoz, basoa zeharkatu eta Arbelaitzeko anfiteatrora daraman kanaletako bat jarraitu genuen (Ipar aurpegiko zeharkaldia eta anfitetroa zeharkatuz Aketegira igo ginen kanalen artean dagoena).

Ipar aurpegiko igoera erlaitz inklinatu ezberdinak bata bestearen atzetik eskalatuz egiten denez, lehen erlaitzera iristeko, hormatxoa aurpegiaren ezkerretik hartu genuen, gailurrerainoko eskalada ahalik eta zuzenena egin ahal izateko. Baina, lehen luzea egin ondoren, bigarren hormatxoaren harkaitz eta elurraren egoera kaxkarra ikusita, hormatxoa nondik eskalatu ziteken aztertuz, pixkanaka eskuineruntz desbideratzen joan ginen. Soka amaitu eta bigarren bilgune bat egin genuen, hasieran jarraitu nahi genuen bidetik urrunduz.

Hemendik aurrera, eta gaur behintzat bigarren hormatxoa igotzea ezinezkoa genuela ikusita, luzeak bata bestearen atzetik eginez, zeharkaldiarekin jarraitu genuen ipar aurpegiari ahultasun bat aurkitu nahian. Azkenean, ustezko ahultasun bat aurkitu genuenerako, berandu egiten ari zitzaigula ikusi eta buelta hartzea erabaki genuen, igoera beste baterako utziz.

Kotxera itzultzeko, Arbelaitz-Iraule anfiteatroa jarraituz Aketegira igo ginenean jarraitutako kanala jaitsi egin genuen.

Argazki honetan Arbelaitzen ipar aurpegia eta igoeran (gorriz) nahiz jaitsieran (urdinez) jarraitutako bideak margotu ditut.


Argazki honetan gertuago eginiko luzeak eta iritsi ginen puntua.



ERAMANDAKO MATERIALA

Bide honetarako eskaladako materiala eraman genuen: bi piolet, kaskoa, arnesa eta kranpoiak, 30 metroetako bi soka, Alien semaforoa, LinCam hori eta gorria, iltze batzuk, bagak eta zintak, eta luzera ezberdinetako zortzi express zinta.


DESKRIBAPENA

08:30, Itzubiagako borda, 940 metro inguru. Kotxea uzten dugun txokora oraindik erdi-ilunetan iritsi ginen. Atea ireki eta haize bolada batek kotxetik nekarren beroa gorputzetik lapurtu zidan. "Ostia!! Hau dek haizea!!" Bota nien, kotxera berriro sartuz. Zerua egunsentiaren lehen izpiekin gorritzen hasi zenean, lanera joango bagina bezelako alperkeriarekin, kotxetik atera eta erdi dardarrean botak jantzi eta trasteak banatu genituen.

Arbelaitz eta Irauleko ipar aurpegiak gorri-gorri.


"Gaur nundio igoko gaittuk?" Galdetu zuen Lekuk. "Eztakit ba" erantzun nion "leku berri batetio igotzen bagaittuk? ". Hiruok parean genuen hormara begiratu eta oraindik igo gabeko kanaltxo bat lokalizatu genuen. "Hoi Arbelaitzeko trabesie ta Asierrekin igotakoen arten dau" esan zuen Lekuk, "ea topatzen deun".

Argazkiaren erdian, pinu altuaren ezkerrean, igo genuen kanala ikusi daiteke.


Azkenekotan hona etortzen garen bakoitzean egiten dugun moduan, Itzubiagako borda erreferentzi bezela hartuz, nolabaiteko lerro zuzen bat egin genuen kanaleraino.

Pagadian, elurra hemen, nahiz eta haizearengatik hotza egon, bigun topatu genuen.


Lehenengo maldak igo ondoren, hauspoa berotzearekin batera, astean zehar izandako eztarriko min eta sukarrak nire gorputzean eragina izango zutela konturatu nintzen. Honelakoetan ohiko erritmoa jarraitzea zaila izaten da, birikek erre egiten dute eta izerdi "arraro" eta usaindun batek gorputza bustitzen hasten da. Gorputzeko berotasunari irteera bat emateko asmoarekin txaleko eta forro polarraren kremailerak erabat ireki eta ur frexkoa edateari eman nion, erritmoa jaitsiz.

Iker eta Leku aurrera pasatu, eta atzetik, irekitako arrastoa zapalduz, berotasunari nolabait buelta eman nion. Ez dakit baina zerbaitek esaten zidan gaur ez zela nire egunik onena izango, gorputzean sentsazio arraroa eta burua laneko asuntuetan.

Iker eta Leku kanalaren hasierara iristen.


09:20, kanalaren hasiera. Kranpoiak eta kaskoa jantzi, pioletak atera eta, trago bat ur edan ondoren, kanala igotzen hasi ginen. Nahiz eta pasatako momentu txarrari buelta eman, badaezpada atzean jarri nintzen Iker eta Lekuk irekitako arrastoa jarraituz.

Kanalaren lehen metroetan.


Kanalaren lehen zatian maldak 45 gradu izango ditu eta zuzen jarraitu ezkero bloke enpotratu bateraino iritsiko gara.

Kanalaren hasieran.


Bloke enpotratura iritsi baino lehen, pausu hau ekidin nahian, kanalaren ezkerrera (igoerako norantzan) pasa ginen errazenetik igotzeko. Zeharkalditxo honetan maldaren inklinazioa 50 gradu ingurura igotzen denez, pioletarekin trakzionatzen hasi ginen.

Iker ezkerrera pasa ondoren. Goien blokea dagoen lekua ikusi daiteke.


Blokearen pausua ekidin ondoren.


Blokdea ekidin ondoren, maldak 50 gradu inguruan jarraitzen du, noizik eta behin inklinazio handiagoko erresaltetxo bat igoz.


Iker erresaltetxo bat igo ondoren.


Krak-krak, pioletak eta kranpoiak elur nahiz lur gogorrean sartuz, kanalari metroak janez joan ginen, eta goruntz nindoan ehinean behean laneko preokupazioak ere gelditzen zirela konturatu nintzen, mendian izaten dudan pakeaz aldatuz.

Pixkanaka kanalaren irteera ikusten da. Elurra egoera onean topatu genuen.


Kanala Itzubiagatik ikusten dena baino politagoa iruditu zitzaigun, baina, honelako kanaltxoetan gertatzen den bezela, kanala motza egin zen.

Kanalaren irteeran.


Kanalatik atera eta gure parean Arbelaitzen ipar aurpegi ikusgarria azaldu zen.


"Hemendio izugarrie ikustek" esan nien. "Joe baietz, hortio igotzen bagaittuk haundie izangoek" Lekuk.

Gutxi gora behera nondik igo eta jarraituko genuen bidea identifikatu ondoren, goruntz jarraitu genuen, hormari begiradarik kendu gabe.


Iker jarraitu nahi genuen bideari begira.


Hormaren azpira iritsi ginenean (10:10ak aldera gutxi gora behera), lehen erlaitzera igotzeko punturik errazanaren bila hasi ginen. Alde batera eta bestera ibili ondoren, hormaren ezkerrean, zuhaixka baten azpian, igoera posible bat aurkitu genuen. Motxiletatik sokak eta eskaladarako trasteak atera, zerbait jan eta edan eta hormari mila aldiz begiratu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

Lehen luzea, 25 metro, III+. Bilgunea harkaitz zubi batean egin genuen. Luzea bilgunearen ondoan dagoen erlaitz hestu batetik gora jarraitu nuen. Lehen asegurura bilgunearen gainean dagoen zuhaitzean jarri ondoren, zuhaitzera igo eta horma eskalatu nuen. Link Cam hori bat parean nuen horman jarri (kontuz hemen harri solte asko dago eta) eta eskuineruntz zeharkaldi bat egin nuen bilgunea egiteko leku baten bila. Bilgunea harkaitz batetik pasatako zinta bat eta Link Cam gorri batekin egin nuen.

Iker 0 bilgunean.


Zuhaixkan igota.


Link Cam horia jarri ondoren bilgunera eramango ninduen zeharkaldian.


Lehen bilgunea.


Bigarren luzea, 25 metro, II. Bigarren luze hau Ikerrek egin zuen. Hasieran zalantzan izan ginen erlaitz honetatik zeharkaldia jarraitu edota gure gainean zegoen bigarren erlaitzera igo. Baina bigarren erlaitz honen gainetik dagoen horma eskalatu nahi genuenez, bigarren aukera hartu genuen. 4-5 metro erlaitzetik jarraitu ondoren, erresaltetxo bat eskalatu (II) eta bigarren erlaitzera igo zen. Hemendik aurrera, Iker horma aztertzen joan zen hirugarren erlaitzera igotzeko leku baten bila, pixkanaka eskuineruntz desbideratuz. Soka amaitzear zegoela, bigarren bilgunea zuhaixka baten sustrai eta adar batzuk aprobetsatuz egin zuen.

Erresaltetxoa eskalatzen.


Hormari nondik heldu begiratzen. Orain dagoen lekuan Alien gorri bat jarri zuen.


Leku erresaltexoan eta Iker bilgunean ikusi daitezke.


Erresaltetxoa eskalatu ondoren bilguneraino doan erlaitz inklinatuan. Argazkian luze osoan jarri genuen aseguru bakarraren kokalekua ikusi daiteke.


Bigarren bilgunean.


Hirugarren luzea, 20 metro, II+. Elur eta harkaitzaren egoera eta bilgunearen gainetik genuen horma eskalatzerik izango genuela ikusita, helburu nagusia aldatzea adostu genuen: "Beste egun baten hemendio igotzen saiauko gea" esan zuen Ikerrek. "Ta oain?" Galdetu edota pentsatu genuen hiruok. "Trabesin jarraitu zezakeau gora igotzeko leku baten bila" proposatu zuen Lekuk. Hiruok elkarri begiratu, pena handiz hormari bizkarra eman eta Ikerrek hirugarren luzeari eman zion.

Bilgunetik atera eta, 10 metroetako zeharkalditxoaren ondoren erlaitza amaitzen zela ikusi zuen. "Ta oain?" Galdetu zigun "Paretan friend bat jarri eta hala nola jaitsiko zaitugu" erantzun nion. Ikerrek friend-a jarri eta bere azpian zegoen zuhaixka bateruntz destrepatzen hasi zen (10 metro, II+). Destrepearen ondoren, zuhaixkara iritsi eta bere adarren artean zinta batzuk pasa ondoren bilgunea egin zuen.

Destrepatzen hasteko prest.


Hirugarren bilgunera iristen.


Leku destrepean eta Iker bilgunean.


Destrepea hasten den lekura iristen.


Iker hirugarren bilgunean.


Laugarren luzea, 30 metro, II. Hemendik aurrera, erlaitz inklinatu bat jarraituz, zeharkaldi horizontal bat hasi genuen. Orain ere Iker aurretik atera zen. Metro batzuk horizontalean egin ondoren, destrepetxo bat egin (II) eta erlaitz inklinatu bat jarraitu zuen sokaren amaierarte. Bilgunera iritsi aurretik pausu "arraro" bat egin behar izan genuen, oso agerikoa, baina pioletak trakzionatuz "erraz" pasatu genuena. Bilgunea zuhaixka batean egin zuen.

Luzearen lehen metro horizontaletan.


Leku pausu arraroa igaro ondoren.


Pausu "arrarora" iristen.


Laugarren bilgunean.


Bosgarren luzea, 25 metro, II. Bilgunetin aurrera zer zetorren ikusten ez genuenez, badaezpada luzea aseguratzea pentsatu genuen. Erlaitzean metro batzuk egin ondoren, erlaitza zabaldu eta Ikerrek bosgarren bilgunea harkaitz bloke handi baten inguruan egin zuen. Luze hau sokarik gabe erraz egin daiteke.

Iker bosgarren bilgunean eta bere atzean ensanblean jarraitu genuen erlaitz inklinatua.


Hemendik aurrera erlaitza ensanblean jarraitu genuen, noizik eta behin, arkaitz-zubi edo zuhaixkaren bat aprobetsatuz, aseguru bat edo beste jarriz.

Iker bosgarren bilgunean.


Iker eta Leku erlaitzaren amaierara iristen.


Erlaitzaren amaieran, orain arteko horma bertikala desagertu eta belardun kanal bat ikusi genuen. "Nola ikustek?" Galdetu zidan Lekuk, "ustet azkenen aurkittu diaula gora igotzeko lekue" erantzun nion. Diagonalean eskuineruntz zeharkalditxo bat egin ondoren, ustez Arbelaitzen ipar aurpegiko giltza emango zigun lekura iritsi ginen.

"Eztik zalle ematen" bota nien "baña saiatube eztiau jakingo". "Ni saiauko naiz" esan zuen Ikerrek. Trasteak hartu eta eskalatzen hasi zen.

Kanalaren lehen metroetan.


"Ze ordutan bizi gaittuk?" Galdetu nion Lekuri, "ordubatak pasatxo" erantzun zidan. "Joer, erritmo hontan gora allatzeako kriston berandu ingo zaiguk" esan nion. "Bai, ta gañea nik bazkarie zeukeat" Lekuk. Gaurkoz borroka nahikoa egina genuela erabaki ondoren, Ikerri oihukatu eta erabakiaren berri eman nion. Ez oso zoriontsu bilgunera itzuli, trasteak jaso eta beherunzko bidea hartu genuen.

Mendian buelta noiz hartu behar den jakin behar dela esaten da. Baina batzuetan, gaur bezela, buelta hartzeak mina egiten du. Virginia Henderson erizain teorikoak esaten zuen pertsonak bere autonomia eta independentzia borondate falta, indar falta edota ezagutza faltagatik galtzen duela. Bizitzan gertatzen diren egoera asko teoria honetan oinarrituta azaldu daitezkela uste dut. Gure kasuan, borondate faltarik ez genuenez, ez genuen oso argi indar, ezagutza edota bien arteko konbinazioaren faltagatik buelta hartu genuen. Edo beharbada, teoria guztiak alde batera utzita, denbora falta besterik ez zen izan, jejeje.

Iker destrepea hasten.


Destrepe delikatu baten ondoren Arbelaitzen anfiteatrora jaitsi ginen.

Trasteak jaso ondoren, anfiteatrora destrepatzen (II+).


Destrepearen ondoren buru makur.


Anfiteatrora iritsi ginenean, ipar hormari bigarrenez bizkarra emanez, atzera begiratu gabe eta burumakur, duela egun batzuk anfitetroa zeharkatuz Aketegira igo ginen kanala jarraitu genuen kotxera berriro ere itzultzeko.

Kotxera iritsi, ipar aurpegiari argazki pila atera eta, apenas hitzik esan gabe, etxerako bidea hartu genuen.

Aizkorriri azken argazkia, itzuliko gara!!!!!





Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina