AZKEN 10 SARRERAK

2014/02/22

ARBELAITZ IPAR AURPEGITIK, 2014/02/16

Lurrera erotzen garenean berriro ere zutik jartzen ikasi behar dugula esaten da, baina hau bezain garrantzitsua iruditzen zait zergatik erori garen aztertu eta etorkizunean berriro ez erortzeko neurriak hartzea.

Antzeko zerbait gertatu zitzaigun Arbelaitzen ipar aurpegiarekin. Joan den asteburuan eginiko saiakeraren ondoren, lurrera erori izan bagina bezela sentitzen ginen. Kotxera burumakur itzuli ginen zerbait garrantzitsua galdu izan bagenu bezela. Baina etxera iritsi eta hotzean, saiakera honek etorkizuneko saiakera baterako hainbat gauza irakatsi zizkigula konturatu ginen: hurrengorako soka luzeagoak, arnes erosoagoak eta ipar hormara sartzeko bide zuzenago bat jarraitzea, beste gauza batzuen artean.

Aizkorrin oraindik elurra zegoela ikusita, hurrengo elurterarte ez genuen itxaron nahi eta, behin erorita, ahalik eta azkarren zutitu nahi ginen.

Iganderako eguraldi ona eta hotza iragarrita aprobetsatuz, joan den asteburuan bezela, Leku, Iker eta hiruok, bigarrenez, Arbelaitzen ipar aurpegia eskalatu asmoz Itzubiagako bordara igo ginen.

IBILBIDEA

Itzubiagako bordan kotxea utzi ondoren, saiakeran buelta hartu genuen punturaino igo ginen, oraingoan joan den asteburuan jaisteko jarraitutako kanalaren eskuinean dagoen kanala eskalatuz.

Behin ipar hormaren azpian, horman elurrik ez zegoela ikusita, soka motxilan utzi eta zuzen eskalatzen hasi ginen (III) horman egin genuen lehen zeharkaldiaren hasierarte. Zeharkaldiko elurraren egoerarekin zalantzak genituenez, zeharkaldia (II) babestea erabaki genuen. Zeharkaldiaren ondoren, beste bi luze (III eta III+) egin genituen bigarren zeharkaldi bateraino. Sokak jaso eta zeharkaldiaren erdia egin ondoren kanaltxo batetik (II) gailurretik metro batzuetara atera ginen. Baina gailurrera bertara iristen den kanaletik irten nahi genuenez, berriro ere bigarren zeharkaldiraino destrepatu, zeharkaldia amaitu eta Arbelaitzen gailurrera zuzenean ateratzen den kanala igo genuen (II).

Jaisteko, Arbelaitz eta Burnikurutz mendien arteko ertz-lerroa jarraituz, Arbelaitzen pinakulura jaitsi eta hemendik behera doan kanala jarraitu genuen.

Argazki honetan gorriz gailurrera bertaraino doan bidea, orlegiz hasieran jarraitu genuena eta urdinez jaitsierako margotu ditut.


Ipar aurpegia gertuago. Eginiko luzeak argiago ikusi daitezke, baita hasieran gailurrera iristeko jarraitu genuen bidea ere (urdinez).



ERAMANDAKO MATERIALA

Bide honetarako eskaladako materiala eraman genuen: bi piolet, kaskoa, arnesa eta kranpoiak, 60 metroetako bi soka (bat bakarrik erabili genuen), Alien semaforoa, LinCam hori eta gorria, iltze batzuk, bagak eta zintak, eta luzera ezberdinetako zortzi express zinta.


DESKRIBAPENA


08:20, Itzubiagako borda, 940 metro inguru. Kuriosoa da asteburu batetik bestera gauzak nola aldatu daitezken. "Gaur gutxiñez haizeik etzebilek" esan zigun Lekuk kotxetik jaitsi ginenean. Haizerik ez egotetik aparte, egunsentia lehenago izan zela ere iruditu zitzaigun, udaberria ate joka dugunaren seinale.

Trasteak hartu eta denborarik galdu gabe goruntz abiatu ginen: "hobe denbora paretan galtzen badeu" bota nien. Pinudia atzean utzi eta lehen elur arrastoak pagadian topatu genituen. Hemendik gora, lurra zapaltzeak munduaren hondamendia ekarriko balu bezela, elur arrastotik elur arrastora mugitzen igo ginen. Pagadi maldatsuetan hobe izaten da elurretik igotzea lurra oso irristakorra izaten baita.

Pagadian.


Elur arrastoak pixkanaka elkartzen joan eta etengabeko elur bihurtu ziren. Elurra oso gogorra ez zegoenez, erritmoa zertxobait jaitsi genuen, gure helburua ipar hormara ahalik eta frexkoen iristea zen eta.

Pixkanaka, pagadien artean igoko genuen kanala agertzen hasi zen, goruntz gindoazen ehinean pagoak alde batera alderatuko baziren bezela.

Kanalaren hasiera bistan.



09:15, kanalaren hasiera. Motxilak kendu, ur tragoxka ederra hartu eta motxiletatik trasteak ateratzen hasi ginen. Hasieran zalantzan izan ginen kranpoiak jantzi hala ez, elurra erabat gogorra ez zegoen eta, baina azkenean "badaezpada" jaztea erabaki genuen. Mendian beti esan ohi da hobe dela kranpoiak goiz jaztea berandu baino.

Asier, Leku eta hiruok hemendik igo ginenean, ezkerreko kanalatik igo ginen. "Eskubitio igotzen bagaituk?" Galdetu zigun Lekuk, "nigatik ondo" erantzun nion "ea goiko erresaltea zemuzkoaek".

Argazki honetan bi kanalak ikusi daitezke. Gorriz, jarraitu genuen bidea margotu dut.



Iker eta Lekuri itxaron gabe goruntz hasi nintzen.


Kanalean 30-40 metro igo ondoren (45 gradu inguru), nire parean 2-3 metroetako erresalte bat agertu zen. Nahiz eta erresaltea bertikala izan (Desplomatu xamarra dela ere esango nuke), pioletekin trakzionatu ahal izateko lekuak topatu eta oinentzat leku onak aurkitu ondoren erraz igo nuen.


Leku erresaltearen azpian.


Erresaltetik atera ondoren, 40 gradu inguruko inklinazioa jarraituz, kanalari metroak janez jarraitu genuen.


Atzerako ikusmira, Aizkorriko kanaletan gertatzen den moduan, izugarria denbora osoan.



Arbelaitz azpian dauden kanalekin gertatzen den moduan, kanal hau motza egin zitzaigun, baina ipar horma gure parean azaldu zenean, gaurko ibilbidea ia hastear zegoela somatu genuen.

Kanalatik atera eta gero, ipar horma gure parean.


Bata bestearen atzetik Arbelaitzen anfiteatrora ateratzen joan ginen, ipar aurpegiaren handitasunean txikiak sentituz. Ur pixkat edateko tartea hartu eta goruntz jarraitu genuen.

Anfiteatrotik 0 bilgunea egin genuen lekuraino jarraitutako bidea.


Lehenik, anfiteatroa zeharkatu genuen, 45 gradu inguruko malda igoz.



Anfiteatroa zeharkatu eta eskaladatxo erraz (II) batzuen ondoren joan den astean egin genuen seigarren bilgunera iritsi ginen. Hemendik gora elurrik ez zegoela ikusita, eta batez ere denbora irabazi asmoz, sokarik gabe igotzea proposatu nien: "Jun den asten baño errezago daula emateo" bota nien, "nahibazue ni aurretio jungo naiz ta zalle badau soka atera eta luze bat ingodeu". Iker eta Lekuren baietzarekin goruntz jo nuen nik sokarik ez nuela konturatu gabe. Eskerrak uste baino errazago igo ginen, jeje.

Bitan pentsatu gabe goruntz eskalatzen hasi nintzen.


Erresaltetxoak bata bestearen atzetik eskalatzen joan nintzen, belar eta lurrean kranpoi eta pioletak ongi sartuz. Zuhaixka batera iritsi nintzenean bere ezkerrera pasatu eta berriro ere goruntz jo nuen azken erresalte bertikal bateraino. Erresalte hau (III) kontu handiz eskalatu nuen zertxobait desplomatzen zuen eta. Behin erresaltea eskalatu ondoren, lehen elur zeharkaldiaren hasiera iritsi nintzen.

Iker azken erresaltetik ateratzen.


Iker eta Leku iristen ziren bitartean elurrean hiruok sartzeko moduko erlaitz bat egiten aritu nintzen. Hiruok elkartzerakoan zeharkaldia nola egingo genuen aztertzen hasi ginen. "Gutxiñez, jun den asten baño gorago igo gea" bota nien. Goizeko hamarrak pasatxo ziren, denboraz ongi ari ginen.

Lehenengo luzea, 25 metro, II. Zeharkaldiaren inklinazioa (40 gradu inguru) eta elurra oso gogorra ez zegoela ikusita, badaezpada, elur plakarik ez hausteko, zeharkaldia babestea pentsatu genuen, horman topatu genuen harkaitz-zubi batean 0 bilgunea eginez.

0 Bilgunea.


Zeharkaldia oso luzea ez zenez (25 metro inguru) 60 metroetako soka atera eta erdian zortziko korapiloa egin genion. Ikerrek korapiloa mosketoi batekin arnesera lotu eta zeharkaldia egiten hasi zen.

Iker zeharkaldiaren hasieran.


"Zemuzkoaek?" Galdetu zion Lekuk, "oaingoz errexa" erantzun zion. "Halare, bazpare zeharkaldie aseguratu" esan nion.

Metro batzuk gehiago egin eta horman topatu zuen pitzadura batean Alien gorri bat jarri zuen.


Behin zeharkaldia Alienarekin babestu ondoren, honek askotan ematen duen babes sikologikoz babestuta, zeharkaldia amaitu, eta bertan topatu zuen zuhaixka batean bilgunea egin zuen, badaezpada, bilgunea bi friend-ekin indartuz.

Zeharkaldiaren amaieran...


Lehenengo bilgunera iristen.


Lehenengo bilgunetik 0 bilgunera ateratako argazkia.


Leku eta biok aurretik genuen zilbor-hestea babes bezela genuela, di-da batean iritsi ginen bilgunera.

Lehenengo bilgunean.



Bigarren luzea, 20 metro, III. Soka jarrita genuen bezela, onena Ikerrek aurretik jarraitzea zela erabaki genuen. Bilgunearen ezkerretik atera ondoren goruntz jo zuen. Luzea belarretan egin genuenez,15 metro ingurura zegoen zuhaixka baterarte ez zuen inongo asegururik jarri. Behin zuhaixkaren enborrean zinta bat pasa ondoren, 5 metro ingurura dagoen hormaraino iritsi eta bertako pitzaduretan hiru friend-ekin bilgunea egin zuen. Zailtasuna luzean zehar ez da asko aldatzen eta III mailan egongo da.

Zuhaixkan zinta pasatzen.


Leku bilgunetik irteteko prest.



Hirugarren luzea, 25 metro, III+. Bidearen gakoa emango zigun luzera iritsi ginen. Luze hau egiten bagenuen, ziur nengoen goitik aterako ginela. Gure gainean zegoen horma begiratu eta nondik igoko ginen aztertzen hasi ginen. Alde batera eta bestera begiratzen aritu ondoren, horma eskuinetik "errazago" eskalatuko genuela pentsatu genuen. Traste guztiak ordenatu, Ikerri pasa, zortea opa eta luzea irekitzeari eman zion.

Iker bilgunetik atera aurretik.


Metro batzuetako zeharkaldiaren ondoren 3-4 metro destrepatu egin zituen igoera errazago egiteko. Hurrengo baterako beharbada hobe da asegurua jarritako zuhaixkan bilgunea egitea zeharkaldi hau ekiditeko, edota 60 metroetako sokarekin gure bigarren eta hirugarren luzeak batean egin.

Iker zeharkaldian.


Zeharkaldiaren ondoren luzearen pausurik zailenarekin topo egin genuen. Pausua 3-4 metro inguruko erresalte bertikala da (III+), beharbada extraplomatu xamarra ere, eta oso agerikoa da. Hemen ere belarra dagoenez, ezin izan genuen nahi bezela aseguratu eta erresaltea igo arte Ikerrek ezin izan zuen inongo asegururik jarri. Pausua erresaltearen ondoren dagoen harkaitz enpotratu handi batetik zinta bat pasatuz babestu zuen.

Hortzak hestutuz erresaltetik ateratzen.


Erresaltea eskalatu ondoren.


Harkaitz enpotratuaren ondoren zailtasuna III inguruan mantentzen da eta belarretik jarraituz bigarren zeharkaldira iritsi ginen. Bilgunea zeharkaldiaren eskuinean dagoen bloke handi batzuetatik zinta batzuk pasatuz egin zuen.

Iker bilgunera iritsi ondoren.


Bilgunetik irteteko prest.


Erresaltetik ateratzen.


Harkaitz bloketik gora igotzen.


Hirugarren bilgunean.



Bilgunean hiruok elkartu eta atsedentxo bat hartzeko aprobetsatu genuen. Zerbait jan eta edan, motxilak kendu eta orain arte eginiko eskalada komentatzen aritu ginen.

"Ta hemendio gora?" Ikerrek, "ba eztakit, baña zailtasun guztik bukau diela esango nuke" esan nion. "Ordun trastek gordekoizkiau?" Lekuk, "ba igual bai, gorago beharrezkeo beize ateakoizkiau".

Minutu batzuetako atsedenaren ondoren, sokak eta trasteak jaso eta bigarren zeharkaldia egiten hasi ginen.

Zeharkaldiaren erdialdean gutxi gora behera gure eskuinean kanaltxo antzeko bat agertu zen.

Iker nondik joan gintezken begira. Urdinez hasieran gailurreraino jarraitu genuen bidea eta gorriz bigarrenez jarraitu genuena.


Zeharkaldiaren hasieran, atzean hirugarren bilgunea egindako lekua.


Bi gazteak zeharkaldian.


Oraindik gailurretik urrun geundela pentsatuz, kanaltxo hau igotzen hasi ginen.

Leku kanaltxoaren hasieran eta Iker irteeran. Gorriz, gero jarraituko genuen bidea. Iker dagoen lekuan ezkerreruntz hartu genuen.


Kanaltxoan...


"Ostia!! Gailurre hordau" bota zuen Ikerrek "No jodas!!" Erantzun nion "joer, ba hemendio ezkea gailurrera zuzen dijon kanaletik ateako".

Hizketan ari ginela, Arbelaitzen gailurrera iritsi ginen.


"Zeharkaldia luzegoa inbeharra zeon" esan zigun Lekuk. "Ba ordun, zerta ai gea itxoiten?" erantzun nion. Anaiari begiratu, keinu bat egin, eta biok beheruntz jo genuen. "Ni hemen geldittuko nauk" esan zigun Lekuk "hola, nola ateatzen zeaten grabaukoiat".

Iker eta biok berriro ere bigarren zeharkaldira jaisten.


Kanaltxoa destrepatu eta zeharkaldiaren amaieraino joan ginen. Bertan gora begiratu eta Leku ikusi genuen. "Oain bai" esan nion Ikerri "oain gallurrera zuzen ateakogea".

Iker eta biok Arbelaitzen gailurrera zuzen daraman kanalean.


Azken pausuak.


12:00, Arbelaitz, 1513 metro. Gailurrean, gure artean somatzen zen zoriontasuna izugarria zen. Honelakoetan sentitzen dena hitzetan jartzean zaila izaten da, baina asko kostatakoa lortzen denean sentitzen denarekin alderatu daiteke.

Arbelaitz, 1513 metro.


Gailurrean gauzak lasai hartu, argazkiak egin, indarrak berreskuratu eta atseden hartu ondoren, beherunzko bidea hartu genuen.

Jaisteko Arbelaitz eta Burnikurutzen arteko ertz-lerroa jarraitu genuen Arbelaitzeko pinakuluruntz.

Ertz-lerroaren hasieran, azpian Arbelaitzeko pinakulua ikusi daiteke.


Behin pinakuluan, hemendik behera doan kanala jaitsi genuen kotxera ordu bete eskasean iritsiz.

Bi anaiak kanalaren irteeran, atzean pinakulua ikusi daiteke.


Pinakuluko kanaletik behera.


Azkenean, nahiz eta hasieran ireki nahi genuen bidea ez izan, Arbelaitzeko ipar aurpegian bide bat irekitzea lortu genuen. Etxeak ematen duen lasaitasunetik esango nuke bide ederra dela, beharbada elur askorekin zailagoa izan daitekena. Bigarren eta hirugarren luzeak batean egitea badaude, modu honetan denbora gutxiago galduz.


Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina