AZKEN 10 SARRERAK

2014/02/06

AIZTONTOR ALTUA (1454 m) ETA AIZKORRIKO GURUTZEA (1538 m), SAN ADRIANGO KOBATIK KRESTEATZEN 2014/02/02

Mendian iheslari baten moduan sentitzen naiz: eguneroko zaratatik ihesi, jendetzarengandik ihesi, lanagatik ihesi, herritik ihesi eta, batzuetan, beste mendizale batzuetatik ere ihesi. Mendian bakardadearekin jolasean aritzea gustuko dut eta mendizale asko pilatzen den lekuetatik, hanka puntetan, ahalik eta azkarren, ihes egiten saiatzen naiz.

Iheslari sentimentu honetatik jaio zen ibilbide hau. Aizkorriko ertz-lerroaren ohiko deskribapenak Aizkorriko gurutzean hasi eta Arbelaitzen amaitzen dira. Baina nork erabakitzen du ertz-lerro bat non hasi eta non amaitzen den? Erantzun zaileko galdera erraza. Polemikarik sortu nahi ez dudanez, nire kasuan, San Adriango kobatik Aizkorriraino doan ertz-lerroa egiteko gogoz beti izan naizela esango det.

Urtarrileko azken elurrek Aizkorri soineko zuriz jantzi zuten. Elur bigunatik kanaletan gora ibiltzea arriskutsu izango zelakoan bide alternatiboen bila hasi ginen. Aizkorriko ohiko bideak mendizalez beteta egongo zirelakoan, Asier eta Ikerri ibilbide hau egitea proposatu nien. "De paso, kanalak nola dien ikusi ta sekula igotzen ezteun Aiztontor Altua igoko deu" bota nien. Oraingoan ere, mendizaleetatik ihesi.

San Adriango kobatik Aizkorriko gurutzera doan ertz-lerroan jarraitutako bidea. Aizkorri izendatutako bidea Aizkorriko grutzea izena dauka, Aitzabal izendatutako mendia aldiz, Aitxuri da. Izen hauek 2017ko martxoan argitaratutako Zegamako mapa toponimikoan eguneratu dira.



GURE BIDEA

Bide hau jarraitzeak misterio handirik ez dauka. San Adriango koba zeharkatu ondoren, kobaren gainean dagoen ertz-lerrora igo eta Aizkorriko gurutzearen norantzan (iparreruntz) jarraitzea besterik ez da. Gure kasuan, ertzetik ahalik eta gertuen ibiltzea erabaki genuen, igoerari emozio pixkat emanez.

Aiztontor Altua mendia igo nahi ezkero, ertz-lerroa utzi eta honen ezkerrean paralelo doan beste ertz-lerrora igo beharko dugu.

Ibilbideak bakoitzaren gustuko zailtasuna dauka, topatu daitezken eskaladatxo guztiak ekidin daitezke eta.

Argazki honetan gorriz igoerako bidea eta orlegiz jaitsierakoa marraztu ditut. Igoeran topatu genuen hainbat puntu adierazgarrien lekua ere ikusi daitezke.



DESKRIBAPENA

08:30, San Adrian azpiko aparkalekua, 845 metro. Elurrak aparkalekuraino igotzen utziko gintuen zalantzaz etxetik irten ginen. Baina Otzaurtera iritsi bezain laster, bidean horrenbesteko elurrik ez zegoela ikusi eta goruntz abiatu ginen, hori bai, badaezpada kotxeari 4X4-a jarriz jeje.

Aparkalekutik irteteko prest.


Uste baino hotz gutxiagorekin martxan jarri ginen. Zerua, gorri-gorri esnatu zen, elurraren zuritasunari kontraste ederra emanez.

San Adriango aterpera iristen, atzean zerua sutan.


Automatikoki, inguruko edertasunari ia kasurik egin gabe, askotan ibilitako bideetan gertatzen den bezela, San Adriango koba zeharkatu eta honen ondoren dagoen informazio panelera iritsi ginen.

Asier panelaren ondoan eta hemendik aurrera jarraitutako bidea.


Ur tragoxka bat hartu eta ertz-lerroruntz abiatu ginen, elurraren biguntasunaren erruz, oinak arkaitz artean behin baino gehiagotan sartuz. "Elurre gogorragoa eongo balitz hobe" bota zuen Ikerrek hamaikagarren estropezuaren ondoren.

Iker ertz-lerroaren lehen metroetan.


Ertzak haize gogor eta hotz batekin "egunon" esan zigun. Haizearen indarra eta ertzatik bertatik igotzen ari ginela ikusita, makuluak gordetzeko gelditxoa egin genuen, badaezpada ezustekorik ez izateko. Honelakoetan hobe izaten da eskuak aske izatea.

Ertz-lerroa lehen metroetan oso entretenigarria da eta "eskaladatxo" erraz bat bestearen atzetik egitea besterik ez da. Igoera gehiago zaildu nahi dela? Ertzara bertara pasa. Igoera errazago egin nahi dela? Ertzaren ezkerretik oinez joatea besterik ez da.

San Adriango koba atzean utzi eta ordu laurden pasatxo kresteatzen aritu ondoren, bapatean gure aurrean bost bat metroetako pitzadura sakon bat azaldu zen. "Ta oain zer?" Galdetu zuen Ikerrek. "Ba pitzadura jarraitzea besteik ezteu, nunbaitten bukaukoa" bota nion. Pitzadura jarraitzen hasi eta, metro batzuk ibili ondoren, pagoen artean, erdi izkutuan, pitzadura zeharkatzen duen egurrezko zubi bat ikusi genuen.

Iker zubia zeharkatzen.


Behin zubia zeharkatu ondoren, txintxo eta formal, berriro ere ertz-lerrora itzuli ginen.

Bapatean, 5-6 metro inguruko eskaladatxo bat topatu genuen. "Bestaldetik ertzak jarraitukou?" Galdetu zuen Asierrek. "Ba eztakit, baña ez badeu probatzen ezteu jakingo" bota nion ausarti. Eskaladatxoa egiten hasi eta ausardia zalantza bihurtu zen, "eta goien amaitzen bada? Edozein hastea hau destrepatzen" hasi nintzen nire barruan. Besteak zain izan nituen eskaladatxoaren azpian, berri on baten zain izaten direnak bezela, honegatik "Eztau problemaik" bota nienean, ziztu bizian, ahuntzak moduan, nire parera iritsi ziren.

Iker ertz-lerroan egin genuen pasabide teknikoena (II+) igo ondoren. Pasabide hau ere, lehen esan bezela, ertz-lerroaren ezkerretik erraz ekidin daiteke.


Pasabide honen ondoren, orratz txikiak bata bestearen atzetik igoz jarraitu genuen haize eta elur bigunarekin borrokan.

Igotako orratz txiki batera iristen, urrun Beriain mendia ikusi daiteke.


Ordubete inguru ertz-lerroa jarraitzen hasi eta elurretan ia belaunetaraino sartuta geundela ikusita, orduak binaka pasako zirela konturatu ginen. Hau gutxi ez bada, laino batek bildu eta elurra hasi zuen inguruko ikusmira estaliz.

Denbora irabazi asmoz, ertz-lerroaren ertza gure eskuinera utzi eta ahalik eta leku errazenak bilatuz, ahal zen neurrian arinago ibiltzen hasi ginen ertz-lerroak mugatzen duen pagadian sartuz.

Asier pagadian.


Pagadiaren erdian dagoen zabalune batera iritsi eta, Aiztontor Altua igo nahi bagenu, pixkanaka desbideratzen ari ginela ohartu ginen. Modu honetan, ertz-lerroa jarraituk bagenu, Aiztontor Altura igo gabe Sancti Espiritu baselizatik doan bidearekin topo egingo genuela konturatu ginen.

GPS-a atera, Aiztontor Altura joateko gutxi gora beherako norantza begiratu eta ertz-lerroa utzi genuen, pagadian "galduz"

Ertz-lerrroa utzi ondoren.


"Krak, krak, krak, krak". Kriston pakea ematen dit elurra zapaltzeak. Bere biguntasuna oinen azpian eta bere hots lasaigarriak erabat txunditzen nau, arima lasaituz. Baina arima lasaitze honek askotan ez du nahi adinako iraupenik izaten, noizik eta behin hanka zulo batean sartzen delako edota, guri gertatu zitzaigun bezela, parean horma bat azaltzen delako.

"Ta oain zer?" Asierrek. "Horko zuhaiz baten ondon kanal antzeko bat ikustea" bota zuen Ikerrek. "Ba hortio igotzea besteik ezteu" bota nien, "bestela horma osoa inguratu beharko deuta".

Hormara hurbiltzen hasi eta Ikerrek esandako lekutik eskuinerago igoera interesgarriago bat topatu nuen.

Horma eta jarraitutako bidea.



Bertikala izan gabe, eskuekin lagunduz, hormari metro batzuk irabazi eta, ezkerreruntz diagonalean hasten zen elur kanaltxo bat jarraitu genuen hormaren gainera iritsiz. Elurraren egoera zela eta ez genuen ez kranpoi ezta pioletik atera.

Diagonalean zegoen kanaltxoan.


Baina horma igo ondoren bere atzean beste bat agertu zen. Bigarren horma hau igotzen hasi eta gure parean metro pare bateko pitzadura sakon bat agertu zen. "Pasatzeko zemuz ikustezu?" Galdetu zidan Asierrek. "Eztakit ba" erantzun nion, "baina pitzaduran gañetik salto itteko potroik eztauket". Hormaren ezkerrean orratz antzeko bat zegoela ikusi,  eta honen atzetik pitzadura desagertuko zenaren esperantzan, orratzera igotzen hasi nintzen. Elur bigunean igerian aritu ondoren, orratzatik burua atera eta momentuko esperantza osoa parean nuen pitzadurararen iluntasunean galdu zen. "Joer, hemendio ezin da" bota nien. Ingurura begiratu eta, atzera buelta hartu aurretik, ustezko beste irtenbide bat zegoela ikusita, Asier goruntz abiatu zen. 10 metro inguru igo ondoren, "hemen pitzaduraik eztau!!!" Bota zigun. Iker eta biok atzetik igo, eta hagin bat inguratu ondoren, Asierren parera iritsi ginen.

Hemendik gora, bi aldeetara pitzadura genuela ikusita, ia arnasik hartu gabe, elurretan metro batzuk igo eta arkaitz batzuetara iritsi ginen, bigarren horma igo eta zailtasun guztiak amaituz.

Atzera begirada, azpian inguratutako hagina ikusi daiteke. Atzean, Beriain eta Aratz mendiak.


Hemendik aurrera zailtasun guztiak amaitzen zirela ikusi genuen. Gure parean, jarraitzen ari ginen ertz-lerro zabalaren eskuinean, Sancti Espiritutik doan bidea ikusi genuen, eta gure ezkerrean, Kalbario edo Mandobidetik doana.

Gure helburua Aiztontor Altura igotzea zenez, bigarren bideruntz jaitsi ginen.

Ertz lerro zabalean. Gorriz, Kalbarioko bidea (San Adriandik datorren ohiko bidea) eta urdinez guk jarraitu genuena.



San Adriandik datorren ohiko bidearekin bategin eta goruntz hasi ginen. "Gaur ez al genun ertz-lerrotik igo behar?" Galdetu nien "Ba bai" erantzun zidan Ikerrek. "Ba ordun betiko biden ezkerretio doan ertz-lerrora igo beharkodeu" bota nien.

Ohiko bidea utzi eta parean nuen elur pala bat igo, eta eskuineruntz zeharkaldi bat egin ondoren, Aiztontor Altura eramango gintuen ertz-lerrora iritsi ginen.

Aizkorriko gurutzera doan ohiko bidea utzi genuen momentua, elur pala igotzen.



Aiztontor Alturaino eraman gintuen ertz-lerroan.



11:45, Aiztontor Altua, 1454 metro. Hiru orduetatik gorako ibilbidearen ondoren gailur honetara iritsi ginen. "Ona eh?" Esan zuen Ikerrek "Ba bai, bidea nundik dijon billatzen aitzea gozada bat izatea" erantzun nion "gauzak ondo ateatzen dien bittarten, jejeje".

Aiztontor Altua, 1454 metro. Atzean Aizkorriko gurutzeko aterpe eta gailurra ikusi daitezke.


Hiruontzat mendi honetara eginiko lehen igoera izan zen eta asko gustatu zitzaigun.

"Bueno" esan nien "Oain planakin jarraitzeko ertz-lerroa jarraitu beharko deu ezta?". Aurreruntz begiratu eta Aizkorriko gurutzeraino ertz-lerroa jarraituz igo zitekela ikusita aurreruntz jarraitu genuen.

Aiztontor Altutik Aizkorriko gurutzera jarraitutako bidea.


Ertz-lerroaren lehen metroak egin ondoren.


Metro zabal batzuen ondoren, ertz-lerroa hestutu eta zenbait puntuetan ikusgarri zegoen, tarteka elurrezko erlaitz bat edo besteren ondotik pasatuz. Bigarren mailako gailurtxo bat igo ondoren ertz-lerroa zabaldu eta Aizkorriko gurutzeraino ez zihoala konturatu ginen.

Atzera begirada. Bigarren mailako gailurra ikusi daiteke eta atzean Aratz mendia.


Puntu honetan, eta gure ezkerrean Arabatik Aizkorriko gurutzera doan ohiko bidea zegoela ikusita, bertaraino hurbiltzea pentsatu genuen, arrasto irekitzeaz nazkatuta.

Eta behin ohiko bidean, di-da batean gailurrera iritsi ginen.

12:15, Aizkorriko gurutzea, 1538 metro. Iralarrainardeatik atera berria zen mendizale batekin hitzegin, beste batekin gailur argazkiak elkarri atera eta hirugarren bati gurutzea ukitzeko lekua egin ondoren, aterpearen sarreraraino jaitsi ginen gel bat hartu eta ura edateko.

Aizkorriko gurutzea, 1538 metro.


Hogei minutu inguruko atsedenaren ondoren berriro martxan jarri ginen. "Jaisteko maratoiaren bidetio jetsiko gea?" Esan zuen Ikerrek Sancti Espiritutik datorren bideari erreferentzia eginez. "Ondo, hola ipar horman elurre nola daun ikusiko deu" erantzun zion Asierrek.

"Maratoiaren bidea" hartu eta hemen arrastorik ireki gabe zegoela ikusi genuen. "Gaur gure destinoa arrastoa irikitzea da" bota nien aurreruntz pasatuz. Pixkanaka egin behar den zeharkaldi inklinatuan arrastoa ireki eta metroak irekitzen joan ginen.

Bigarren zeharkaldiaren amaieran bidea egina zegoela ikusi genuen. "Sobrare, honaño iritsi eta zuzen jo due trabesie inbe" Asierrek. Hala zen, arrastoak zuzen jarraitzen zuen zeharkaldia ekidinez.

Zeharkaldiaren amaieran atzera begirada. Irekitako arrastoa ikusi daiteke.



Behin zapaldutako bidean, arin-arin jaisten joan ginen, oraingoan mendiarengandik ihesi joango bagina bezela, 13:30ak aldera berriro ere kotxera iritsiz.


Amaitzeko, irteeraren bide-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina