"Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean..." dio Mikel Laboaren abesti batek. Gizakion izaera izango da, baina izkutatzen zaiguna eta ezezaguna dena erakartzen gaitu. Izpiritu honek Aizkorrira behin eta berriz eramaten gaitu, eta bide ezezagunak ezagun bihurtzeko asmoarekin, bertako ipar aurpegia alde batetik eta bestetik eskalatzen saiatzen gara. Azken finean, mendi batera hurbiltzen garen bakoitzean lehen igoera izango ziteken sentsazioa izatea izugarria da.
Honela jaio zen errepor honetako proiektutxoa. Iraule eta Arbelaitz mendien arteko anfiteatroaren gainean, mendi kategoria izateko merituak dituen orratz handi bat dago. Arbelaitzen ipar aurpegiaren zeharkaldia egin genuenean, orratz honen eskuinetik igo ginen. Aketegira Arbelaitz-Iraule anfiteatroa zeharkatuz igo ginenean, orratzaren ezkerretik ere igotzerik bazegoela konturatu ginen eta igoera honi begia bota genion.
Pirinioetara joateko eskaintza beste baterako utzi ondoren, anaia eta biok otsailaren azken asteburua aprobetsatu eta bide hau egitea pentsatu genuen. Bidearen hasierara iristeko, Nardasakonen eskuinean dagoen kanaletik igotzea pentsatuta genuen, modu honetan Arbelaitz-Iraule ateratzen diren kanal "nagusi" guztien igoerekin amaituz.
IBILBIDEA
Kotxea Itzubiagako bordan utzi genuen betiko moduan. Nardasakonera doan bidea jarraitu, eta bere oinarrira iritsi aurretik bidea utzi eta honen eskuineko kanalera zuzen igo ginen. Kanala igo eta anfiteatrora atera ginenean eskuineruntz desbideratu ginen orratzaren azpiraino. Honen ezkerretik bidea oso argi ikusten da, eta zenbait erresalte eskalatu ondoren, nahiko zuzen, Iraule-Arbelaitz mendien arteko ertz-lerrora atera ginen. Hemen, ia elurrik ez zegoela ikusita, kranpoiak kendu eta ertz-lerroa jarraituz Iraulera igo ginen. Amaitzeko, jaitsiera Nardasakonetik egin genuen.
Argazki honetan gorriz igoera eta orlegiz jaitsiera margotu ditut. Argazkia otsailaren 23koa da.
Ertz-lerroraino jarraitu genuen bidea gertu eta zehatzago. Argazkian, kanalaren hasieran dagoen horma ez da ikusten. Argazki hau ere otsailaren 23koa da.
ERAMANDAKO MATERIALA
Nahiz eta eskaladarako materiala eraman, kranpoiak, pioletak eta kaskoa bakarrik erabili genituen.
DESKRIBAPENA
08:10, Itzubiagako borda, 940 metro inguru. Kotxetik jaitsi, trasteak prestatu eta Itzubiagako zelaira joan ginen kanalen egoera ikusteko. Laino handi eta zabal batek gailur guztiak "izkutatzen" zituen, anfiteatrora doazen kanalak bakarrik erakutsiz: "Maite ditut maite gure bazterrak..." abestia etorri zitzaidan burura.
Eguna lehenago argitzen dela ikusiz, denbora asko galdu gabe martxan jarri ginen.
Hasieran Nardasakonera doan bidea jarraitu genuen, baina bere hasierara iristen ari ginela, pixkanaka eskuineruntz desbideratzen joan ginen, pago artean kanalaren hasiera ikusi genuen arte.
Pagoen artean kanalaren hasiera antzeman daiteke.
Elurra hastearekin batera, pagadia zuzen igotzen hasi ginen gure aurrean horma bertikal bat azaldu zen arte. "Hemen dau kanal honen klabea" bota nion anaiari, "buff, ba bai, hau igotzen badeu kanalaren zallena inda izangoeu" erantzun zidan.
Iker hormara hurbiltzen. Argazkian horma igotzeko jarraitu genuen bidea eta honen ondoren egindako zeharkaldia margotu ditut.
Hormaren azpira elurraz bustita iritsi ginen: "gaurko ez al zeon ba egualdi ona emanda?" Galdetu nion "goretex-a etxen utziet ba". Ikerrek irrifartxo batekin motxila kendu eta barrutik bere goretex-a atera zuen, "goretexa motxilan beti eraman behar da" esan zidan.
Motxilak kendu eta hormaren alde batera eta bestera ibiltzen hasi ginen eskalada posible baten bila.
Erdi Aroan gazteluaren hormak igo nahian aritzen ziren soldaduak bezela, horma leku guztietatik begiratzen hasi ginen ahultasun baten bila. Pare bat bide tentagarri ikusi genituen, baina harkaitzaren gaineko izotz geruza finak atzeraka bota gintuen. Azkenean, hormaren ezkerraldean dagoen 5 metro inguruko eskaladatxo erraz bat (II+) eginez hormaren gainera iritsi ginen. Eskaladatxo hau erraz ekin daiteke oraindik ezkerrago hartzen bada.
Bideo honetan Iker eskaladatxoan ikusi daiteke.
Eskaladatxoaren ondoren, erlaitz hestu baten gainetik horma alderik alde zeharkatu genuen horma atzean utziz. Zeharkaldia amaituta, hemendik gora elurra etengabe hasten dela ikusita, bazpaere kranpoiak jantzi egin genituen. Hemendik gorako zailtasun guztiak gustura egin edo ekidin daitezke.
Hormaren zeharkaldiaren ondoren.
Topatu genuen lehen zailtasun ekidingarria 2-3 metroetako erresaltetxo bat (II) izan zen. "Ze, zuzen emango diogu?" Ikerrek, "klaro baietz" erantzun nion konfidantza osoz.
Pioletak ongi sartzeko leku paregabeak zeudenez, erresaltea erraz igo genuen.
Bideo honetan Iker erresaltea igotzen ikusi daiteke.
Erresaltearen ondoren kanalak 40-45 gradu inguruan mantentzen da.
Igoeraz disfrutatzen.
Bigarren erresaltetik 60-70 metro ingurura hirugarren erresalte batera iritsi ginen. Hirugarren erresalteak 10 metro inguru izango ditu eta II mailako zailtasuna dauka, baina hau ere ekidin daiteke.
Erresaltera hurbiltzen eta igotzeko jarraitu genuen bidea.
Gertuago... Hasieran zalantzan izan ginen erdiko edo eskuineko erresaltea igo. Azkenean, interesgarriagoa iruditu zitzaigulako, eskuinekoa igotzea adostu genuen.
Erresaltera hurbiltzen...
...Amaieran...
... Eta erresaltetik ateratzen.
Hirugarren erresaltetik gora maldak berriro behera egin eta 40 gradu inguruan topatu genuen.
Hirugarren erresaltetik kanalaren irteeraino jarraitutako bidea.
Kanalatik irteteko erresalte txiki eta erraz bat (II) igo genuen.
Iker eta jarraitutako bidea. Azken erresaltetxoa ikusi daiteke.
Anfiteatrora igotzeko azken kanal "nagusia" poltsikoan genuen eta honekin batera, duela urte batzuk proposatutako erronkatxoa.
Anfiteatroan, ahaztuta genuen lanbroa zain genuen. Aitortu beharra daukat behe-lainoak mendiari misterio berezia ematen diola. Gainetik zer duzun ez ikusteak zalantzak sortzen ditu: galtzeko zalantza, ez aurrera ez atzera gelditzeko zalantza, hotza handia pasatzeko zalantza... Baina bestalde, hasieran esan bezela, zalantza hauek ere izugarri erakartzen gaituzte, honegatik, nahiz eta bide errazagoak egiterik genuela jakin, aurrera jarraitzea erabaki genuen.
Behin anfiteatron, argazkian ikusten den bezela, eskuineruntz diagonalean joan ginen.
Pixkanaka, lanbro artetik orratza ikusten hasi ginen, eta honekin batera, eskalada hasiko genuen lekua.
Argazkian orratza eta eskaladaren hasierarte jarraitutako bidea.
Gertuago...
09:55, hormaren hasiera. Zalantzak atzera egin aurretik, bitan pentsatu gabe, goruntz hasi ginen. Lehenengo 10-15 metroetan eskalada erraza egiten da (II) erresalte batera iritsi arte.
Iker hormaren hasieran. Argazkian 4 eta 5. erresalteak ikusi daitezke.
Hormaren lehen erresaltea (II+), eguneko laugarrena, eskuinetik ekidin daiteke, baina, piolet eta kranpoiekin arazo handirik gabe eskalatuko genuela ikusita, goruntz jarraitu genuen.
Bideo honetan laugarren erresaltea ikusi daiteke.
Erresalte hau eskalatu eta bosgarren erresaltearen azpira (II+) iritsi ginen. Erresalte honek, aurrekoak bezela, 3 metro inguru izango ditu eta bertikal xamarra da, baina piolet eta kranpoiekin erraz igotzen da. Laugarren erresaltearekin gertatzen den bezela, erresalte hau ere bere eskuinetik ekidin daiteke.
Bosgarren erresaltean.
Erresaltetik ateratzen.
Erresaltetik atera, metro batzuk igo eta igoerari zailtasuna emango zion (III) erresaltera iritsi ginen. Erresalte hau ere ekidin daiteke, oraingoan bere ezkerretik, baina, igoerari "emozio" pixkat eman nahi genionez, zuzen jo genuen.
Bideo honetan Iker erresaltean ikusteko aukera izango duzue.
Erresaltearen ondoren, azken erresaltetxo bat igo (II) eta zailtasunak amaitu genituen.
Erresaltetxoan.
Erresaltxotik ateratzen.
Azken erresaltetxo hau igo eta gero, eskuinera desbideratu eta orratzera igotzeko tentaldia izan genuen, baina azkenean, goruntz jarraitzea erabaki genuen.
Iker kanalaren irteeran
Kanalatik atera eta, erdi izkutatuta, 50-60 metro ingurura ertz-lerroa ikusi genuen. Irauleko gailurrera igo nahi genuenez, ertz-lerroruntz zuzen joan ginen.
Kanalatik atera ondoren, ertz-lerroraino jarraitu genuen bidea.
Iker eta bere atzean ertz-lerroraino jarraitu genuen elur malda.
Ertz-lerrora ateratzeko azken metroetan.
Behin ertz-lerroan, bestaldean zegoen elur eskasak harritu gintuen. "Kranpoiak kentzen baditteu?" Ikerrek, "joer, ba hobe" erantzun nion "bestela erabat izurrauko ditteu". Kranpoiak kendu eta arnesetik zintzilikatuta, aurrera jarraitu genuen.
Nahiz eta elurrik ez izan, kontu handiz ibili ginen, arkaitzaren gainetik izotz geruza fin bat zegoen eta. Honela, eskuekin askotan lagunduz, Irauleko gailurrera iritsi ginen.
10:30, Iraule, 1511 metro.Gailurrean haize hotz eta fin batek agurtu gintuen. Bertara iritsi, argazki pare bat atera eta iritsi bezain azkar gailurra atzean utzi genuen.
Iraule, 1511 metro.
Jaitsiera Nardasakonetik egin genuen. Irteerara iritsi eta, hemendik behera elurra berriro zegoela ikusita, berriro ere kranpoiak jantzi genituen. Orduan, ordurarte ikusi gabeko zerbaitek atentzioa deitu zigun: "Hoik ez al die errapelatzeko bi parabolt?" Esan nion anaiari. "Ba bai" erantzun zidan "sekula konturau gabe neon, berrik izangodie?".
Iker kranpoiak jazten eta bere ondoan Nardasakonen irteeran dauden bi paraboltak.
Nardasakonerainoko jaitsiera inoiz baino errazago topatu genuen. "Sekula ikusi gabe neon hainbesteko elurre jatsiera hontan" esan zuen Ikerrek.
Nardasakonen jaitsieran. Elur maila noraino zegoen ikusi daiteke.
Nardasakonen amaieran egiten den erlaitzan.
Haizeagatik babestua, atseden pixkat hartu, zerbait jan eta edan eta kotxerako bidea hartu genuen.
SNardasakonetik behera.
Beheruntz gindoazela bi mendizale goruntz zetozela ikusi genuen: "deskuidau ezkeo hoitako bat groucho izangoa" esan nion anaiari. Esan eta izan, mendiak-eko groucho eta bere lagun batek Irauleko orratzaren ezkerreko bidea frogatu nahi zuten. Hitz batzuk elkarbanatu ondoren, bakoitzak bere bidearekin jarraitu zuen.
11:35tan kotxera iritsi, trasteak eta "time lapse"-a egiteko utzi genuen kamara jaso eta etxera itzuli ginen.
Bideo honetan egun honetako time-lapse-a ikusteko aukera duzue. Hasieratik esan bezela, "maite ditut maite gure bazterrak, lanbroak izkutatzen dizkidanean...".
Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.
AZKEN 10 SARRERAK
2014/02/27
IRAULE (1511 m.), IRAULE ETA ARBELAITZ ARTEKO ORRATZAREN IPAR HORMA 2014/02/22
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:09
Etiketak:
Aizkorri,
Arbelaitz,
elurra,
eskalada,
iraule,
nardasakon,
negua
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina