AZKEN 10 SARRERAK

2014/03/02

AKETEGI ERPINA (1545 m) EZKERREKO KANALATIK, "BATIDA" IRTEERA 2014/02/23

Aurtengo neguan Aketegira behin bakarrik igota geunden eta bagenuen bere ipar aurpegian galtzeko gogoa, kanal edota irteera berri bat egiteko.

Bizitzan gauzak "prespektibarekin" eta distantziaz begiratu behar direla esaten da, gertatzen ari zaiguna osotasunez ikusteko. Modu honetan erabakiak eta arazoak beste lasaitasun batekin ikusi, hartu eta konpontzen omen dira. Esaldi hau erraz idatzi zuenak ez zuen azaldu hau praktikan jartzea zein zaila den, honegatik, askotan laguntza eskatu beharrean izaten gara beste norbaitek ikuspuntu hau emateko.

Antzeko zerbait gertatzen da mendian ere. Zegamatik Aizkorri distantziaz eta prespektibarekin ikusten dugunean argi eta garbi ikusten dira bertako kanal nagusiak, argiegi beharbada. Zegamatik planak egitea erraza da: "hemendik igoko gara, gero beste kanal hortatik jarraitu eta azkenean bi harkaitz horien arteko irteeratik aterako gea...". Baina bertara hurbildu eta pagadi baten erdian zarenean, kanalak desagertu egin izan balira bezela sentitzen zara, batzuetan non zauden jakitea zaila eginez. Honen aurrean, guk ere laguntza izaten dugu. Argazki makina edota mugikorrean beti eramaten dugu Aizkorriren argazki bat, eta denbora luzean argazki pantailari begira egoten gara, argazkian ikusten diren leku bereziak inguruan identifikatu eta gu non gauden kokatu nahian.

Duela urte batzuetatik Aketegi Erpinaren ezker kanaletik eskuineruntz diagonalean doan kanal nagusia egiteko gogokin geunden. Honegatik, larunbatean Iraulen topatu genuen elurraren egoerak animatuta, anaia eta biok iganderako plana egin genuen.


IBILBIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "batida" irteeraren izena guk asmatu dugula, gure erreferentziarako. Irteera honek ziurrenik bere izen propioa izango du, honegatik. argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Kotxea Itzubiagako bordan utzi genuen. Oraingoan Zegama-Aizkorri maratoiak jarraitzen duen bidea jarraitu genuen 25-30 minutuz, ehiza postuekin topo egin arte. Hemendik aurrera, ehiza postuek osatzen duten lerroa jarraitu genuen harkaitz horma altu baten oinarrirarte. Horma gainditzeak misterio handirik ez dauka (II) bere eskuinetik egiten badugu, baina kontuz ibili beharreko lekua da, tentea baita. Igoerak orratz hestu berezi baten eskuinetik doa.

Behin orratzaren parera igotzerakoan, bigarren horma bat topatuko dugu. Horma hau gainditzeko, ezkerrera 50 metro inguru egin eta belar-harkaitz-zuhaixkaz osatutako tximinia itsurako hormatxo erraz bat aurkituko dugu. Hormatxo hau igo ondoren (15-20 metro, II+), zelai zabal batera atera, eta zelaia zeharkatu ondoren, Aketegi Erpineko ezkerreko kanalaren hasierara iritsiko gara. Bide honen deskribapen zehatzago bat hemen aurkituko duzue.

Aizkorri Zegamatik. Argazkian igoeran jarraitutako bidea margotu dut. Igo gabe utzi genuen diagonala argi ikusi daiteke, Zegamatik, noski jejeje. Argazkian Aitxuri izendatutako mendia Aketegi da, Aketegi izendatutakoa Aketegi Erpina eta Aitzabal izendatutakoa Aitxuri. Izen hauek guztiak 2017ko martxoan argitaratutako Zegamako mapa toponimikoan eguneratu dira.


Oraingoan kanala zuzen jarraitu ordez eskuinean dagoen pagadian sartu ginen diagonalaren bila, hasten den lekura iritsi arte. Diagonalaren hasierara Aketegi Erpinaren ezkerreko kanala igota ere iritsi daiteke, bidea politagoa eginez. Diagonala elur malda bat igotzea besterik ez zela ikusita, 60 metro inguru eskuinago dagoen kanal hestu eta tenteago bat igo genuen (bertan II+ zailtasuneko erresaltetxo bakarra topatuz) Aketegi Erpinaren anfiteatrora ateraz. Hemendik zuzen-zuzen jarraitu genuen gure ezkerrean Txarantsa eta Eskirol irteerak utziz.

Irteeran ez genuen aparteko zailtasun berezirik topatu (II+), baina elur gutxiarekin irteera gogorra izan daiteke. Ertz-lerrora atera ondoren Aketegiraino igo ginen. Jaisteko, lehenik Aketegira igo, eta bere ipar aurpegira pasa ondoren, beheranzko zeharkaldi bat eginez, Nardasakoneraino jaitsi ginen.

Material aldetik, nahiz eta eskaladarako materiala eraman, kranpoiak, pioletak eta kaskoak bakarrik erabili genituen.

Igoera gertuago. Argazkia duela urte pare batekoa da. Orlegiz, Aketegi Erpinera eginiko bidea eta urdinez, jaisteko jarraitu genuena. Argazkian Aitxuri izendatutako mendia Aketegi da eta Aketegi izendatutakoa Aketegi Erpina. Izen hauek guztiak 2017ko martxoan argitaratutako Zegamako mapa toponimikoan eguneratu dira.



DESKRIBAPENA

Zegamatik kotxez pasa ginenean, herriko plazaren ondoan kriston koadrila ikusi genuen. "Ze, oaindio jendea kaldederotatik juergan?" Galdetu nion anaiari. Denak orlegiz jantzita zeudela ikusita, "gaur batidan bat izangoa" erantzun zidan. Ehiztarien artetik pasa, Zegama atzean utzi eta goruntz jarraitu genuen.

08:20, Itzubiagako borda, 940 metro. Askotan errepikatzen diren mugimenduak automatizatu eta azkenean zer egiten ari garen pentsatu gabe egiten ditugu. Honela, azken asteburuetako errutinari jarraituz, kotxetik erdi-lo atera, eskaladako materiala banatu, trasteak prestatu eta martxan jarri ginen. Ez dakit nola eta zergatik hasi ginen honetaz hizketan, baina "Padre de Familia" marrazki bizidunen saioko kapitulu baten inguruan hasi ginen. Kapitulu honetan, Peter Griffinek (saioko protagonista) denbora osoan "el pájaro es la clave" esaten pasatzen du, The Trashmen taldearen "Surfin' bird" abestia abestuz. Kapitulu honen hasiera ikusteko hemen klik egin dezakezue.

Aketegi Erpineko ezker kanalera nola iritsi errepor honetan idatzita dudanez, bidearen nondik norakoak ez ditut komentatuko.

Eguzkiaren lehen izpiak.



25 minutu eskasean ehiza postuetara iritsi eta maldan gora hasi ginen, lurrera begira eta poliki-poliki, Aste Santuko prozesioetan bezela.

Lehen horman dagoen orratza gainditu ondoren, txistu bat entzun eta anaiari besotik heldu nion: "entzun al dezu?", "Ez" erantzun zidan. Ingurura begiratu eta zuhaixka batzuen artean peto laranja fluoreszente bat zuen gazte bat ikusi nuen: "Ikuste aldezu?" Esan nion, "ostia, bai" erantzun zidan "batidako bat izangoa". Ehiztariak plater hegalari batetik jaitsitako bi extralurtar bezela begiratu gintuen, goizean nork esango zion basurdeen zain egongo zen leku kalpartsuan bi mendizale azalduko zirenik, jejeje.

Ehiztariarengana hurbildu eta berarekin hizketan aritu ginen. Sobra ere urteko azken batida zuten, hurrengo egunean ehiza denboraldia itxi egiten zen eta. Elkarri zortea opa ondoren, gure bidearekin jarraitu genuen. Jakin nahiko nuke batida amaitutakoan nola kontatuko zuen topaketa hau jejeje.

09:10, lehenengo erresaltea. Lehen erresaltearen azpian kaskoa atera, ura edan eta zerbait jateko aprobetsatu, eta goruntz hasi nintzen.

Tximinia itsurako lehen erresaltean.


Lehenengo erresalte hau zailagoa gogoratzen nuen, beharbada azkenekoz igo genuenean harkaitza ez zegoen hain lehorra. Okerrena, hasieran dagoen zuhaixka, motxila adar batekin ez bada, beste batekin katigatzen zen eta. Biok di-da batean igo genuen.

Bideo honetan Iker erresaltea igotzen ikusteko aukera izango duzue.


Erresaltea igo ondoren, atzean Txindoki. Eguerdian jakingo genuen bertako ipar aurpegian Gotzon ari zela bere irteera originaleetako bat egiten (erreporra irakurtzeko hemen klik egin dezakezue)


Erresaltearen ondorengo zelaian. Oraingoan zuzen jarraitu ordez, eskuinera desbideratu ginen diagonalaren bila.



Zelaiatik eskuineko pagadira sartu ginen diagonalean doan kanala azpitik hartzeko asmoarekin. Pagadian sartu bezain pronto konturatu ginen aurpegi honetan eguzkiak ordu gehiagoetan jotzen duela, elurra, atzokoarekin alderatuta ez baitzegoen hain gogorra.

Pagadian GPS-ari begira.


09:40, diagonalean doan kanala. Pagadian nahiko zuzen igo ginen eta, erresaltetxo erraz baten ondoren, Aketegiko ezker kanala eta diagonalean doan kanalen arteko erlaitz zabalera igo ginen.

Oraindik non geunden oso argi ez genuenez, badaezpada erlaitza ezkerreruntz jarraitu nuen, ezkerreko kanalarekin topo eginez.

Aketegi Erpineko ezkerreko kanala.


Ezkerreko kanalaraino egindako zeharkalditxoa.


Mendian non geunden kokatu ondoren, diagonalean doan kanala nolakoa den ikustera joan ginen.

Iker diagonalaren azpian.


"Zemuz ikustezu?" Galdetu nion Ikerri, "ba eztakit, baña paseo bat emateo" erantzun zidan "aurrea jarraitzen badeu? Igual beste kanal polittego bat topauko deu". Anaiak arrazoi faltarik ez zuen, Zegamatik ikusita kanala bertikalagoa zirudien eta aitortu beharra daukat "desilusio" txiki bat hartu genuela, kanal tenteago bat espero genuen eta.

Zeharkaldian 20 metro inguru egin ondoren, gure ezkerrean kanal motz, hestu eta enkajonatu bat agertu zen.



"Hau bai politte" esan nion "gutxiñez aurrekokin konparauta bere xarma dauke". "Bai" erantzun zidan, "baña haure diagonalen bukatzea. Goazen jarraitzea ea aurreago zer daun ikustea, bestela bueltauko gea". Zeharkaldiarekin jarraitu eta beste 30-40 metro egin ondoren, gure ezkerrean beste bi kanaltxo azaldu ziren: "Ostia, hauek bai itsura ona" esan zidan anaiak irrifartxo batekin, "joer, ba bai" erantzun nion. Ez zidan gehiago esan behar, irrifar horrekin banekien gaur nondik igoko ginen.

Iker bi kanaltxoen azpian.


10:05, kanalaren hasiera. Nondik igo pentsatzen ari ginela gure atzean hots bat entzun genuen. Buelta hartu eta azpitik datorren kanaletik ahuntz talde bat lasai asko zetorren. "Hoik bai meritue" esan nion "kranpoi eta ostik gabe elurretan lasai asko dijoz". Gu udaletxeak jarrita izango bagina bezela ondotik pasa eta beraien bidea jarraitu zuten. Ahuntzak bezela ibiltzen garela esaten dutenek arrazoia izango dute, jejeje.

Ahuntz momentu honen ondoren eskuineko adarretik jarraitzea erabaki genuen.

Kanalaren lehen metroetan.


Iker atzetik. Zuhaitzen artean ikusten den kanaletik igo ziren ahuntzak.


Kanala 45 gradu inguruan mantentzen da denbora osoan, tarteka inklinazioa zertxobait igoz. 50-60 metro inguru igo ondoren malda zertxobait malgutu zen, gure parean erresalte bat azalduz.

Iker maldaren gogortasuna jaisten den lekuan.


10:15, erresaltea. Hasieran zalantzan aritu ginen erresaltea zuzen igo hala ez. Badaezpada erresaltearen eskuineruntz desbideratu eta bide errazago bat topatu nuen. Buelta hartu eta "hemendio errexago dau" esan nion anaiari. Baina anaia dagoeneko pioletak eta kranpoiak non jarriko zituen kalkulatzen aritu zen, ez baitzidan kasu handirik egin. Azkenean erresaltea zuzen igotzea erabaki genuen.

Erresalteak 6-8 metro inguru izango ditu eta ez dauka zailtasun handirik (II+), baina bertan erortzea ez da aukera bat, jeje. Zailena hasieran dauka, harkaitz enpotratu baten gainera igo behar da eta. Guk topatu genuen bezela, elurra nahiko altu zegoela, ez genuen aparteko zailtasunik izan. Elur gutxiarekin beste kontu bat izango da.

Bideo hontan Iker erresaltea igotzen ikusteko aukera duzue


Erresaltea igo ondoren.



10:25, kanalaren amaiera. Erresaltetik gora, trepadatxo erraz batzuen ondoren, Aketegiren azpiko anfiteatrora atera ginen.

Kanalaren amaieran. Argazkian irteera non dagoen ikusi daiteke.


Atzera begirada...


...Eta aurretik duguna.


70 metro inguru belarra zapalduz egin genituen. Metro hauetan, gure kranpoien osasunerako, arraultzak zapaltzen ibiliko bagina bezela joan ginen, noizik eta behin harri "traizionero" bat edo beste azaltzen baitzen.

Berriro ere elurraren "krak-krak" berezia gure oinen azpian sentitu genuenean izugarrizko lasaitasuna hartu genuen.

Elurretan berriro ere.


Eta hemendik gora zuzen-zuzen jarraitu genuen. Gainera, metroak egin ahala elurraren egoera hobetzen joan zen.

Igoeran. Atzean eguzkitan ertz-lerroraino doan elur palak txarantsa irteerara eramten du.


Esan bezela, zuzen goruntz. Ezkerrean Txarantsa irteerara doan kanala.


Noizik eta behin atsedenalditxo bat edo beste ere hartu genuen, gure bikien osasunerako.


Gertuago...


Nahiz eta azpitik ez iruditu, malda honek uste baino inklinazio handiagoa dauka, 45-50 gradu inguruan sendo mantenduz. Hanketako biki, iztar eta hauspoa ederki berotu zitzaizkigun.


Irteeratik 25 metro ingurura geundela, gure ezkerrean Eskirol irteerara doan bidea utzi genuen.



Argazki batzuk atera, honen aitzakiarekin atsedentxo bat hartu eta "oaingon nik emangoiot" esan nion anaiari. Elurraren gogortasuna eta kantitatea ikusita sokarik ez ateratzea erabaki genuen. Hala ere, "bazpare irteera nola daun begiratu ta esangoizut" esan nion.


10:40, irteera. Irteerara hurbildu eta harkaitzetaraino doan elur mihia kontu handiz igotzen hasi nintzen. Elurraren amaierara iritsi nintzenean, honen azpian zegoen zuloa ikusi eta hotzikaratxo batek nire gorputza zeharkatu zuen. "Ea elurrak eutsi eta ez den hausten, bestela..." pentsatu nuen. Pioletak ertz-lerrora atera, eta besoekin hormaren kontra indarra egin eta gorputzari ahalik eta pisurik gehiena kenduz, ertz-lerrora igo nintzen.

Bideo honetan nire igoera ikusteko aukera izango duzue.



Behin ertz-lerroan Urbiatik indartsu zetorren haizeak agurtu ninduen. Pioletak toki seguruan utzi, estropuzik ez egiteko kranpoiak kendu, eta postura eroso eta seguru batean jarri ondoren, anaiaren igoera grabatu nuen.

Iker irteerara hurbiltzen.



Iker atera zenean, elkar besarkatu eta, haizeagatik ihesi, Aketegi Erpinera igo ginen, "de paso" bidean beste irteera batzuk "fitxatuz" jeje.

10:55, Aketegi Erpina, 1545 metro. Gailurrean ez ginen denbora luzean izan. Argazki pare bat atera eta denbora asko galdu gabe, berriro ere haizeagatik ihesi, arin-arin Aketegira igo ginen.

Aketegi Erpina, 1545 metro.



11:00, Aketegi, 1551 metro. Hemen ere gailurreko argazkia atera eta ipar aurpegira pasa ginen, berriro ere, haizeagatik ihesi. Atsedentxo bat hartu, indarrak berreskuratu eta berriro ere kranpoiak jarri genituen.

Aketegi, 1551 metro.



Eta Aketegitik behera, askotan jarraitutako bidea jarraitu genuen. Metro batzuk ipar aurpegiruntz jaitsi eta, ertz-lerroa gure ezkerrean utziz, zeharkaldi luze bat egin genuen Sakonaundiraino jaitsi arte. Eta hemendik, inongo zailtasunik gabe, kotxea utzitako lekura. Kotxera 12:00etan iritsi ginen.

"Ta honi nola deittuko diou?" Esan nion anaiari. "Argi dau" erantzun zidan "Batida irteera" irrifartxo batekin.



Amaitzeko, igoeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko edota baliagarri izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina