Haritzekin abenduaren 12an izandako esperientzia gazi-gozoaren ondoren (irteera ikusteko hemen klik egin), bi aste beranduago,abenduaren 30ean, Leku eta biok Nardasakonera itzuli ginen. Dena alde izango genuela uste genuen: elur bota berriak, azken egunetan zero azpitiko graduak, zeru garbia izarrez betea... Zegamako apeaderotik gora, kotxearen gurpilek pistan zegoen izotza krak-krak hozka egiten zutenean gure gure gogo eta zoriontasuna handituz joan zen.
Elurte baten ondoren, elurra ongi eraldatu ahal izateko bero eta hotza egin beharra dauka. Beroak elurra urtzen du eta gauean, hotzaren eraginez, egunean zehar bigundutako elurra gogortu egiten da. Hurrengo egunetan gauza bera gertatzen bada, egun batzuetan elurra gogor-gogorra gelditzen da, kranpoi eta pioletekin ibiltzeko aproposa.
Kotxea Itzubiagako bordaren ondoan utzi eta pixkanaka goruntz hasi ginen. Nahiz eta ur putzu guztiak izoztuak egon elurra ordu erdi lehenago erori izan balitz bezela topatu genuen, hautsa eta lehorra, bota zuenetik berorik egin ez zuenez, ez baitzen gogortu. Ideia bat egiteko, ezin ziren elur bolak egin ere.
Igoera astuna egin zitzaigun eta aurten bigarrenez kotxera triste xamar itzuli ginen, kranpoiak motxilatik atera gabe.
Segidan eguneko argazki batzuk ikusteko aukera izango duzue.
Nardasakoneko irteera eta orratza, nahiz eta horma izoztua egon elurra hautsa zegoen.
Leku Nardasakonen irteerara hurbiltzen.
Nardasakoneko irteera, hemen ere elurra hautsa topatu genuen.
Leku atzean Aketegi duela. Azpian orratzaren irteeran dagoen gurutzea ikusi daiteke.
Leku eta biok Irauleko gailurrean.
"Hemen eztik eguzkik hainbeste jotzen, ta elurre transformatzea zallagoa izateik" esan zidan Lekuk jaitsieran. "Hoi hola bada, igual Iralarrainardea alden elurre hobea eongoa eguzkik gehio emateo ta" erantzun nion.
Jaitsieran Zegaman gelditu eta Iralarrainardeari argazki batzuk egin genizkion: "Han bazeok linea elegante bat goiko orratz horta igotzeko" esan zidan Lekuk Aitxuriren eskuinean ikusten den orratza seinalatuz. Ateratako argazkietako bat argazki kamaran handitu, argazkian ikusten ziren lau diagonal erakutsi eta hortik igotzea posible zela sinistarazi zidan. "Hurrengon handik igotzen saiauko gaittuk" esan zidan etxean utzi nuenean.
2014 urtea joan zen eta 2015 urtearen sartzearekin batera Lekuren proposamenak itsura hartu zuen. Honela ba, urtarrilaren 2rako plana egin genuen elurraren kalitatea hobea topaatuko genuenaren esperantzan.
Aketegiko hego punta Aketegi Erpina eta Aitxuri mendien artean dagoen puntarik altuena da. Izena Mikel Saez de Urabain ordiziar eskalatzaileak bertan egindako bide bati esker jarri genion, punta hau inongo mapan izendatuta ez baitago.
Aketegiko hego puntara ahalik eta zuzenen igotzeko bi horma eskalatu beharko ditugu. Lehenengo horma hiru diagonal eskalatuz igo daiteke:
- 1. diagonala: Hiruetatik motz eta errazena. Oraindik igo gabe dugu baina azpitik ikusita ez dirudi IIIko zailtasunera iritsiko denik.
- 2. diagonala: Hiruetatik zailena. Mikelek orratz honetara egindako igoeran diagonal hau jarraitu zuen eta 75ºko malda ematen dio puntu batzuetan. Diagonalaren amaieran bloke enpotratu handi bat ikusi daiteke (70º).
- 3. diagonala: Hau da guk jarraitu genuena eta errepor honetan deskribatuko dudana.
Nahiz eta hiru diagonal egon, eskalatu nahi ez bada, lehen horma hau bere eskuin nahiz ezkerretik ere erraz gainditu daiteke elur malda errazak igoz.
1. eta 2. diagonalak eskalatuta bigarren hormaren azpian dagoen erlaitz edo kanal zabal batera iritsiko gara. 3. diagonalaren eskalatu ondoren ordea, irteeran dagoen hertzatik behera jaitsi beharko dugu kanal/erlaitz zabal honetara iristeko.
Bigarren horma bertikala da oso, baina bere ezkerrean laugarren diagonal bat ikusi daiteke. Laugarren diagonal hau izan zen Mikelek eskalatu zuena orratzera igotzeko.
Dena den, lehen hormarekin gertatzen den bezela, bigarren horma hau ere, bai ezkerretik baita eskuinetik ere, leku errazenak aurkituz, erraz igo daiteke. Guk aukera hau jarraitu genuen.
IBILBIDEA
Aketegiko hego puntara igotzeko kotxea uzteko lekurik aproposena Zegamako Hiruetxeta auzoan dagoen Buenabista baserriaren ondoan dagoen zabalunetxo bat da. Iralarrainardea igota duzuenok ondo ezagutuko duzue leku hau.
Kotxea bertan utzi ondoren, Iralarrainardea eta Sakonaundiren azpiko zabaluneraino igo ginen. Sakonaunditik 40 metro inguru igo ondoren eskuineruntz (igoearen norantzan) desbideratu eta lehenengo hiru diagonalen azpian dagoen erlaitzak egiten duen zeharkaldiruntz hurbildu ginen.
Hirugarren diagonalera iritsi eta lehenengo 25 metro inguruak soka luze bat eskalatuz irabazi genituen (III+). Honen ondoren, soka jaso eta diagonalaren amaieran dagoen hertzaraino igo ginen. Elurraren kalitate eta kantitate eskasa ikusi ondoren, bigarren hormaren eskuinean dagoen orratz berezia (Aketegi Erpineko ezkerreko kanala igotzen denean eskuinetik igotzen dena), ezkerretik igo eta puntaren gailurreraino ahalik eta zuzenen igo ginen.
Aizkorrin egiten ditugun beste bide batzuekin esaten dudan bezela, "Norbegiar" bidearen izena guk asmatu dugula esan beharra daukat. Irteera honek ziurrenik bere izen propioa izango du, honegatik, gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren bideen izenak gure modura batailatzea. Izena hau "guretzat" sortu dugu, egiten ditugun irteera eta bide ezberdinak ezberdindu asmoz.
Zegamatik egindako argazki honetan gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa margotu ditut. Bertan lau diagonalen kokalekua ere ikusi daiteke.
Igoera eta jaitsieran jarraitutako bidea, oraingoan Buenabista baserritik egindako argazkian. Hemen ere lau diagonalak ikusi daitezke.
ERAMANDAKO MATERIALA
Bide honetarako 30 metroetako bi soka, iltze batzuk, Alien semaforoa, Lincam hori eta gorria, zinta batzuk eta 8 express eraman genituen bilgunea egiteko materialarekin batera. Honetaz aparte arnesa, kaskoa, bi piolet eta kranpoiak.
DESKRIBAPENA
08:20, Buenabista baserria, 625 metro inguru. Gaurko eguna goiz hasi genuen, goizeko lau t'erdietan. Herrietako kaleak oraindik jarri gabe egoten diren ordu horietan Leku, Iñaki eta Iker jaso, eta Bilboko aireporturaino eraman nituen azkeneko biak Norbegiara egin behar zuten bidaiari hasiera emateko (hortik "Norbegiar" bidearen izena). Aireportutik bueltan, zuzenean Buenabista baserriraino igo ginen egunsentiarekin batera ibiltzen hasteko.
Buenabista baserriaren ondoan irteteko prest. Atzean Lepoetako nardea ikusi daiteke.
Buenabistatik egindako argazkia. Argazkiaren erdian gaurko helburua ikusi daiteke.
Gure helburua gertuago, gorriz hirugarren diagonalaren amaieraraino jarraitutako bidea. Argazkian nahiz eta 25 metro jarri, diagonala luzeagoa da, 25 metro guk egindako soka luzearen luzera da.
Altzukaran baserriraino errepidea jarraitu eta baserriaren parean ezkerreruntz doan pista hartu genuen metro batzuetara dagoen langa zeharkatuz.
"Bidea ederki izoztua zeok" bota zidan Lekuk, pista hartu eta izoztutako putzu bat gogor zapalduz apurtzen saiatu zenean. Lehen aldapetan kontu handiz igo ginen, hainbat lekuetan izotzaren gogortasuna handia baitzen.
Pistaren lehen metroetan, bidearen ertzetan izotza ikusi daiteke.
Bideari metroak pixkanaka irabazten joan ginen eta konturatzerako bideak borda baten ondoan duen lehen bidegurutzera iritsi ginen, betiko moduan eskuineruntz hartuz.
Lehen bidegurutze hau atzean utzi eta 8-10 minutu eskasera bidearen bigarren bidegurutzea topatu genuen, hemen ere, argazkian ikusten den bezela, eskuineko aukera hartuz.
Ordurako eguzkia ateratzen hasia zegoen eta lehen izpiek bazterrak berotzen hasi ziren. Ez dakit motxilaren pisuagatik (motxilaren barruan kiloak aspaldi sartu gabe nindoan) edo, baina "beroa" sentitzen hasi nintzen. "Ez altzaik iruitzen bero itteikela?" Galdetu zidan Lekuk. "Bai, beran hotz gehio itteo" erantzun nion, beroa nik bakarrik sentitzen ez nuela ikusiz. Arropa pixkat kentzeko geldiunetxo bat egin eta bideari ekin genion, konturatu gabe bidearen hirugarren bidegurutzera iritsiz.
Leku hirugarren bidegurutzean. Oraingoan ezkerreko bidea hartu genuen.
Iralarrainardea eta Sakonaundiren azpian dagoen zabalunera igo naizen guztietan bide ezberdinak jarraitu ditut, elur kantitatearen arabera. Oraingoan, hirugarren bidegurutzea atzean utzi ondoren goruntz zuzen jo genuen, elurrak zapaldutako garoen gainetik lehenik, eta pagadi maldatsu bat zeharkatuz ondoren, tartean azaltzen ziren elorri eta sasiak ekidinez.
Leku garoetatik igotzen hasi aurretik.
Motxilan pisua sartzen den lehenengo aldia gorputzak ederki sentitzen du eta pausua dexente moteltzen da, Aste Santuko prozesio baten moduan. Honi etengabe irrist egiten den malda lokaztsu bat batzen bazaio, ez da gauza onik ateratzen eta esfortzua hirukoiztu egiten da. Begirada lurrera doa eta mundu guztia aurretik dituzun 3-5 metroetara mugatzen da. Ohikoa den bezela, hemendik sartzearen "errua" beti lagunari botatzen zaio jejeje, honegatik, Leku hainbat alditan hilko nuela "mehatxatu" ondoren (berak hemendik sartzea behartu izan banu bezela), pagaditik irten eta Iralarrainardeara iritsi ginenean gainetik kriston pisua kendu izan banu bezela sentitu nuen.
Pagaditik ateratzear.
09:20, Iralarrainardearen azpiko zabalunea, 800 metro. "Aldapa honekin ahaztuta neon baina tonto-tonto debora gutxian metro asko irazten die" esan nion Lekuri. "Bai, beittuzak Buenabista nun geitzeken", erantzun zidan pioletarekin seinalatuz.
"Beittuzak Buenabista nun geitzeken"
Zabalunera Iralarrainardeara zihoazen bi mendizaleekin batera iritsi ginen. Beraiek gelditu gabe goruntz jarraitzen zuten bitartean, guk atsedentxo bat egin eta argazki batzuk egiteko aprobetsatu genuen. "Egunen baten honea dendakin etorri ta asteburu bat kanalak itten lepo aittu beharren gare" bota nion irrifar batekin.
Leku Iralarrain gurutzea dagoen zabalunean.
Atsedenalditxoaren ondoren, diagonalak batzen dituen zeharkaldira nondik igoko ginen begiratu eta martxan jarri ginen.
Zabalunetik hirugarren diagonalaren sarreraino gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.
Iralarrainardea zeharkatu, Sakonaundiren oinara iritsi aurreko pagadian erdi izkutuan dagoen kanal hestuaren sarreratik pasa eta Sakonaundiren oinera iritsi ginen.
Sakonaundiren oinean.
"Ea elurre hemen zemuzkoa zeoken" bota zuen Lekuk konfidantzaz goruntz eginez. Baina konfidantzaz emandako lehen pausek ez zuten metro askotan iraun eta elur bigunean gure ilusioa itotzen hasi zen. "Joer gaurre ez al deu ezer inbehar?" Galdetu nion ez dakit nori. "Sikiera diagonalak zemuzkok dittuken inbestigaukoiau ta gaizki bazeok zeharkaldiaren amaieratik gora igoko gattuk" erantzun zidan. Elurra dagoeneko zapalduta zegoen lekuetatik igotzen hasi ginen, bertan baitzegoen elurrik "onena", baina hala ere oso bigun topatu genuen.
Sakonaundiren lehen metroetan.
Leku goitik, ahalik eta denbora gehienean zapaldutako lekuetatik igotzen.
Kanalean gora 40 metro inguru egin genuenean eskuinera desbideratzea erabaki genuen, hemendik, diagonal bat eginez, zeharkaldira erraz iritsiko ginelakoan.
Sakonaundi utzi ondoren gutxi gora behera egin genuen diagonala.
Berrogeitamar metroetako zeharkaldiaren ondoren hormatxo baten azpira iritsi ginen. "Zeharkaldiaren azpian gare" esan nion Lekuri. "Ba bai" erantzun zidan, "ea lekuren bat topatzeiaun gora igotzeko". Esan eta izan, metro batzuetako zeharkalditxo baten ondoren gure parean azpitik erraza zirudien belar eta arkaitzezko erresalte bat azaldu zen.
Motxilak lurrean utzi, kaskoa eta pioletak atera, eta elurrak oso bigun jarraitzen zuela ikusita kranpoirik ez jartzea erabaki genuen. Leku aurretik joan eta konturatzerako erresaltea igo zuen. Besteak erraztasunez igo duela ikusteak ematen duen konfidantzarekin atzetik atera eta nik ere erresaltea zailtasunik gabe igo nuen. Pioletak belarretan nahiko ongi sartzen ziren eta erresaltearen amaieran dagoen zuhaixkaren adarrek ere ederki lagundu ninduten goruntz egiteko. Zailtasunari dagokionez, elurraren egoera ikusita II mailaren inguruan egongo dela adostu genuen. "Hau elur onakin elur malda bat besteik ezta izango" esan nion.
Leku erresaltearen amaieran.
Erresaltea igo ondoren diagonalen arteko zeharkaldira iritsi ginen.
Zeharkaldian ere elurra biguna topatu genuen, "bazpare kontuz hartu beharko deu" esan nion Lekuri. Zeharkaldia hasi eta metro gutxietara lehenengo diagonalaren azpia topatu genuen.
Lehenengo diagonala azpitik ikusita.
"Eztik zalle ematen" esan zidan Lekuk. Egia esan ez dirudi zailtasun handirik duenik, baina azpitik gauzak beti errazago ikusten dira. Hala ere, beste bi diagonalak ikusi ondoren, azpian dauden hiruetatik errezana hau dela argi daukat.
Lehenengo diagonalaren ondoren zeharkaldiarekin jarraitu genuen 30-40 metro inguruan, bigarren diagonalaren azpira iritsi ginen arte.
Lehenengo bi diagonalen arteko zeharkaldian. Atzean, urruti, Beriain mendia ikusi daiteke.
"Hau zemuz ikustek?" Galdetu zidan Lekuk. "Joer itsura txarrik eztauke baña goien ikusten den bloke enpotratue eztakit zemuzkoa izangoen, baña eztu erreza ematen" erantzun nion. Egia esan diagonal hau izugarri polita iruditu zitzaidan. Diagonal hau izan zen Mikel Saez de Urabain ordiziarrak igo zuena Aketegiko hego puntaren kanal zuzena egin zuenean.
Bigarren diagonalaren argazkia, ederra benetan.
Hirugarren diagonala "inbestigatzera" etorri ginenez, zeharkaldiarekin jarraitu genuen. Hormak egiten duen sabai baten azpitik gure buruen gainean oraindik zintzilik zeuden izotz-burruntziei begirik kendu gabe pasa (lurrean izugarrizko izotz-burruntzien pusketak topatu genituen), eta sabaia atzean utzi ondoren hirugarren diagonalaren azpira iritsi ginen.
Ni sabai azpian.
Sabai azpitik ateratzen. Leku dagoen puntutik 5 metro ingurura hirugarren diagonalaren hasiera topatuko dugu.
"Joer ba eztakit bat diagonal hau aurrekoa baño zallagoa ez ote den" esan nion Lekuri iritsi nintzenean. "Lehenengo bloke hoi igo ta handik aurrea erraza emateik" erantzun zidan. "Ikustea nijo ea zemuzkoa den" bota nion goruntz abiatuz. Goizeko 10:25ak ziren.
Hirugarren diagonala.
Bloke enpotratura hurbiltzen.
Bloke enpotratura iritsi nintzenean bi gauzekin konturatu nintzen: diagonalaren lehen metroak gainditzeko soka luze bat egin beharko genuela eta blokea dagoen lekua ez zela bilgune bat egiteko lekurik erosoena.
"Leku, soka ta trastek hemen atera ta soka botakoizut zuk betio aseguratzeko", bota nion. Bloke enpotratuaren azpian, eskuinean "Lincam" gorria sartzeko pitzadura bat topatu eta, soka atera ondoren, soka bertatik pasa eta Lekuren eskuetan gelditu nintzen. Badaezpada pioletak lurrean eta blokearen atzean sartu nituen babestuago sentitzeko.
Lincam gorria jartzen.
Zegoen elur gutxiarengatik bloke enpotratua zuzenean gaindituko ez nuela baieztatu ondoren, bere ezkerretik (igoeraren norantzan) igotzea pentsatu nuen.
"Zemuz ikustek?" Galdetu zidan Lekuk. "Bueeeeeeno" erantzun nion "azpitio errazago emateo". Oso sendoak ez ziruditen arkaitz batzuetan nola hala igo ondoren, aurrean nituen zuhaixken enborrak lotuz zinta bat pasa nuen luzeko bigarren asegurua jartzeko.
Bigarren asegurua jarri ondoren.
"Luzearen lehen zailtasuna pasata" pentsatu nuen. Bigarren pausua berriro ere eskuinaldera joan eta blokearen gainean jartzea zen. Honetarako, ahal izan nuen guztia luzatu, ondoan nuen arkaitzaren gainean zaldi baten gainean eserita egongo banintz bezela jarri eta, kolokan zegoen harkaitz baten gainean pisua kontu handiz jarri ondoren, bestaldera pasa nintzen. Behin diagonalean sartuta, metro batzuen ondoren, nire ezkerrean pitzadura majo bat topatu nuen "Lincam" horia jartzeko.
"Lincam" horiaren bila.
"Lincam"-a sartu eta soka pasa nuenean lasaitasun handia sentitu nuen. "Bueno Smithy, hemendio aurrea datorrena errexagoa emateo" esan nion nire buruari.
"Lincam" horia jarri ondoren zoriontsu.
Errazak iruditu zitzaizkidan metro batzuen ondoren zuhaixka baten azpira iritsi nintzen. Hemendik gora elurrik ez zegoela, eta ezkerreruntz nahiko leuna zirudien arkaitz eta lokatz horma batean zeharkaldi bat egin beharko nuela ikusita, zuhaixkaren enborrean bigarren zinta bat pasa nuen.
Goiko zuhaixkan zinta jartzen.
Zuhaixkaren adarrekin borrokan aritu ondoren (motxila alde guztietatik katiatzen zen) zuhaixka atzean utzi eta zeharkaldirako prestatu nintzen.
Zeharkaldiarekin hasi aurretik behera egindako argazkia. Azpian Leku ikusi daiteke.
Bilgunea jartzeko bi aukera nituen: enborra zabaladun zuhaitz bat eta gorago zeuden bi zuhaixken enborrak. Lehenengo aukera nahiz eta sendoagoa izan berehala baztertu nuen, oso leku ezerosoa iruditu zitzaidan eta. Bigarren aukerarako diagonalean zeharkalditxo bat egin beharko nuen aurrean nuen horma zeharkatuz.
Distantzia batzuk zein motzak eta aldi berean zein urrun ikusten diren. Ni nengoen lekutik bilgunera 3 metro inguru egongo ziren eta azken asegurua nire azpitik metro t'erdira nuen. Horma mila aldiz aztertu ondoren, pioletak lokatz zati batean nahiko sendo sartu eta zeharkaldia egiteko prestatu nintzen. "Leku kontuz banijo eta, baleeee?" Bota nuen. "Eman lasai!!!" Erantzun zidan.
Ezker botaren punta parean nuen arkaitz leunaren koxka txiki batean jarri eta pausua egiten hasi nintzen. Besoekin pioletetan indarra egin nuenean ezker oinak irrist egin eta pioletetatik zintzilik gelditu nintzen. Amaigabeak iruditu zitzaizkidan segundo gutxi batzuetan, atzera egin eta hasierako puntura itzuli nintzen.
Arnasa pare bat aldiz sakon hartu ondoren bihotzak zuen danborrada nolabait lasaitu eta berriro ere pausua egiteko prestatu nintzen.
Pioletak lokatzetan berriro ere sendo sartu eta "Bo, baaaaa!!!" Oihukatu nuen. Ezker oina berriro ere lehen jarritako koxka berean jarri eta gorputzaren ia pisu osoa beso eta pioletetan jarriz, arnasa apenas hartu gabe, pioletetatik erdi zintzilik bestaldera pasa nintzen, zuhaixken segurtasunera iritsiz.
Pausua gainditu ondoren.
Bi zuhaixken enborretatik zinta bat pasa ondoren, "Daisy"-an dudan mosketoia pasa, bertatik zintzilikatu, eta arnas eta bihotz taupadak bere onera itzuli zirenean "reuniónnnnn!!!!!" Oihukatu nuen. Badaezpada gainean nuen bigarren zinta bat enborretatik pasa eta bertatik "Reverso"-a zintzilikatu nuen Leku segurtasun handiagoz babesteko.25 metroetako luzea egiteko ordu erdi egin nuen.
Bilgunea jarri ondoren.
Bilgunearen argazkia.
Berak propio duen umoreaz aparte, gozada handia da Lekurekin eskalatzea, batez ere sokan "bigarren" doanean eskalatzeko duen azkartasun eta segurtasunarengatik. Konturatu nintzenerako nire ondoan nuen.
Leku bloke enpotratua gainditu ondoren.
"Ona Xabi" esan zidan, "luze honek III+ izangoik". "Eztakit" erantzun nion, "baña oain naun bezela 8c bat ere izan leike, jejeje" bota nion irrifarrez. Luzeak zuen zailtasun eta harriaren egoeragatik III+ zailtasuna izan dezakela adostu genuen, Lekuk esan bezela. Ziurrenik elur asko eta onarekin zailtasunak behera egingo du, honetarako itzuli beharko dugu jejeje.
Bilgunean biok zoriontsu.
Bilgunean biok eroso ez geundenez, Lekuri materiala eta soka jaso gabe goruntz jarraitzeko eskatu nion. Bilgunetik gorako zatiak 35-40 gradu inguruko belar malda bat besterik ez zenez, metroak erraz irabazi genituen soka amaitu arte.
Leku bilgunetik ateratzen.
Ni bilgunean zuhaixketatik zintzilik.
Lekurengana iristen, pena elurraren egoera eskasa, bestela diagonal hau gozatzeko modukoa izango da.
Leku zegoen puntura iritsi eta soka jaso genuen.
Soka jaso genuen lekuan.
Soka jaso eta diagonalaren amaierara zuzen jarraitu genuen gainean genituen zuhaitz batzuk erreferentzi bezela hartuz, argazkian ikusten den bezela.
Zuhaitzetara iritsi aurretik atzera egindako argazkia. Azpian bilgunea jarri genuen zuhaixkak ikusi daitezke.
Zuhaitzak atzean utzi eta, goizeko 11:40tan orratz batetik abiatzen den ertza batera iritsi ginen.
ertzan, atzean orratza ikusi daiteke.
Gure aurrean Aizkorri mendia eta Aketegiko hego puntara doan laugarren diagonala azaldu ziren: "Zemuzkoa ikustek?" Galdetu zidan Lekuk. "Buuuffffff!!! Elurre daun bezela oso zalle" erantzun nion. Lekuk diagonal hau nondik gainditu daiteken azaldu zidan, diagonala ia amaierarte igo eta honen eskuinean diagonalean doan erlaitz hestu bat zeharkatuz. "Erlaitz hoi ez al da hestuegi?" Galdetu nion, "Egunen baten ikuisi inbeharkoiau ea zemuzkoa deken" erantzun zidan irrifar maltzur batekin.
Oraindik ez nekien, baina etxera itzuli nintzenean Lekuk planteatutako bidea Mikel Saez de Urabain eskalatzaileak jarraitutako bera izan zela ikusi nuen. Bere deskribapenean esaten duen bezela, erlaitz hestua hiru spit eta soka finko batekin babestua dago, baina nork jarri dituen informaziorik ez dugu inon topatu, ez Mikelek ezta guk ere.
Laugarren diagonala eta bertatik ateratzeko jarraitu behar den erlaitz hestua. Atzean Aizkorriko gurutzea.
Laugarren diagonaletik igotzea baztertu ondoren, geunden hertza amaierarte jarraitzea adostu genuen, argazkian ikusten den bezela.
Ertzak ez dauka inongo zailtasunik eta amaitzen den orratzaraino erraz iritsi ginen.
Ertza amaitzen den lekuan, orratza ikusi daiteke.
Hemendik gora genuena aztertu ondoren, eta batez ere zegoen elur kantitatea eta eskasiak behartuta, biderik errezana jarraitzea pentsatu genuen: honetarako, Aketegi Erpinaren Ezker Kanalaren ohiko irteera egiteko ezkerrean uzten den Aitxorrotx orratz itsurako mendia identifikatu eta bere eskuinetik dagoen erresaltetxotik igotzea erabaki genuen.
Ertza amaitzen den lekutik gora egindako argazkia. Argazkiaren eskuinean Aitxorrotx ikusi daiteke.
Aitxorrotx igotzen, azpian diagonalaren amaierako hertzaren amaieran dagoen orratza ikusi daiteke.
Nahiz eta malda gogorra izan, metroak irabazteko zailena elur biguna zapaltzen aritzea egin zitzaigun. Argazkian, Aitxorrotxen ezkerreko erresaltetxora hurbiltzen.
Erresaltetxora sartzear, azpian Aketegi Erpinaren Ezker Kanalaren irteera ikusi daiteke..
Erresaltetxoak 5-6 metro izango ditu gehienez eta nahiz eta elurra biguna egon, erraz igo genuen.
Erresaltetxoa igo ondoren, atzean Aitxorrotx ikusi daiteke.
Erresaltetxotik gora, argazkian ikusten den bezela, ahalik eta zuzenen igotzea pentsatu genuen.
Atzera begirada, Aitxorrotxen erresaltetxoaren irteeratik gora jarraitutako bidea ikusi daiteke. Nahiz eta elur gehiago ikusi, tamalez hemen ere bigun-biguna topatu genuen.
Elur bigunarekin borrokan, ttirri-ttarra orratzaren gailurrera eramango gintuen hertzara irten ginen, gure aurrean Aitxuri eta Aizkorri mendien ikusmira izugarria azalduz.
Aitxuri eta Aizkorriko gurutzea (nahiz eta Aizkorri bezala izendatuta egon) mendien ipar aurpegiak, Argazkian ere Aratz ikusi daiteke.
Behin hertzan, metro erraz batzuen ondoren, puntaren gailurrera iritsi ginen.
12:05, Aketegiko Hego Punta, 1500 metro. Puntara igo, argazki batzuk atera eta Sakonaundi amaitzen den Artxabalera (Aitxuri eta Aketegi arteko lepo zabalera) jaitsi ginen, gailurrean zegoen haizearengatik ihesi eta dagoeneko dexente galduta genuen denbora nolabait berreskuratu asmoz.
Aketegiko hego puntan.
Artxabalera iritsi, motxilak lurrera bota eta oraingo atsedena pazientzia eta kontu handiz hartu genuen, igoeraz gozatzeko. Erlojua begiratu, berandutzen hasita zela ikusi, eta material guztia motxilan jaso ondoren beherunzko bidea hartu genuen.
Jaitsiera Sakonaunditik egin genuen. Elur gogorrarekin ederki gozatzen den Kanal hau penagarri topatu genuen, denbora osoan irrist egin eta behin baino gehiagotan lurrera eroriz, "Makoki festa" Lekuk esaten duen bezela.
Sakonaundin behera, atzean Aizkorriko gurutzea ikusi daiteke.
Goiko bidearekin bat egin eta Iralarrainardearen azpiko zabalunera itzuli ginen, atzera begiratu eta pena puntu batekin agur esanez. Pena da honelako leku zoragarri batera etorri eta elurraz ez gozatzea, baina mendian guk ez ditugu arauak jartzen, mendian bere arauen menpean gaude, eta gustatu hala ez, onartzea besterik ez dugu.
Iralarrainardea eta Sakonaundiri azken agurra.
Jaitsieran igoeran ikusi eta argazkiak egindako zirrikitu eta kanaltxoen inguruan hizketan aritu ginen, datozen irteeretarako projektu berriak antolatuz. Hauxe da mendizaletasunak duen gauzetako bat, plan baten ondoren beste dozena erdi bat gutxienez sortzen dira.
Azkenean abiapuntura 13:40ak aldera iritsi ginen, bazkaltzera garaiz iristeko ongi.
Amaitzeko, irteera laburtzen duen bide-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea. Bideoaren Itoizen abestiak esaten duen bezela, hurrengo elurterarte itxaron beharko dugu.
AZKEN 10 SARRERAK
2015/01/09
AKETEGIKO HEGO PUNTA (1500 m.), "NORBEGIAR" BIDEA 2015/01/02
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
22:20
Etiketak:
Aizkorri,
aketegi,
aketegi erpina,
elurra,
erpina,
hiruetxeta,
negua,
orratza,
zegama
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina