AZKEN 10 SARRERAK
uarrain etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
uarrain etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016/09/28

ORDIZIA "TRAIL", ARALAR, USURBE ETA MURUMENDI BATERATUZ (2016/09-24)

Nafarroa Xtrem mendi lasterketan mendiaren aurpegi iluna ezagutu nuen. Ekaitz, lokatz eta hotzak nire ilusio, motibazio eta jarraitzeko gogoarekin amaitu eta 27garren kilometroan lasterketa bertan behera utzi nuen. Pasa den asteburuan osaba Peiok "askotan lasterketa bat uzteko erabakia hartzea jarraitzekoa baino zailagoa izaten da" esan zidan. Lasterketa egunean ez nuen bitan pentsatu eta momentuan hartu nezakeen erabikirik egokiena izan zela badakit.

Lasterketa hau Hiru Haundiak mendi ibilbideari begira test ezin hobea zen eta ez nuen Urriaren 14ean Araian entrenamentu luze bat egin gabe azaldu nahi. Honegatik aurretik nituen asteburuak begiratu eta, eguraldi eguzkitsua zetorrela ikusita, irailak 24a egun aproposatzat jo nuen entrenamentu luzea egiteko.

Ibilbide bat osatzeko orduan aukera ezberdinak begiratzen aritu nintzen eta azkenean ezagunak nituen ibilbide ezberdinak bateratzea pentsatu nuen: batetik "Ordiziako mendi-maratoi eskasa" deitu niona eta bestetik Beasaindik Usurbe eta Murumendi mendietara igo eta Ordiziara jaitsi. Ez nekien zenbateko luzera eta zenbat denbora beharko nuen ibilbide osoa egiteko baina 50-55 km inguru eta 10 orduren bueltan ibiliko nintzela pentsatu nuen. Ibilbideari "Ordizia Trail" deitu nion, ez inongo garrantzia emateagatik, guretzat identifikatzeko modu bat baizik, Aizkorriko kanalen irteerekin egiten dugun moduan.

Ikerrekin hitzegin eta "maratoiaren" zatia elkarrekin egingo genuela esan zidan: "40 kilometrokin nahiko izangoet".

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Goien esan bezala, ibilbide hau dagoeneko blogean deskribatutako beste bideen nahasketa bat da orain adieraziko ditudan salbuespen txiki batzuekin.

Ordiziatik Lazkaomendira ibilbide hau jarraitu egin nuen. Lazkaomenditik Lazkaora doan errepidea jarraitu eta Iztueta baserria ezkerrean utzi ondoren, ur depositu batera iritsi aurretik eskuinera doan pista hartu nuen CAF lantegira iritsiz. Agauntza errekaren gainetik doan zubia pasatu, Beasaingo tren geltokira joan eta bertara iritsi gabe Erauskin kalean gora hasi nintzen Marimurumendi maratoiaren ibilbidea jarraituz Usurbera iristeko.

Usurbe eta Murumendi arteko bidea  hemen eta hemen azalduta ditut eta amaitzeko, Murumenditik Ordiziara bide hau jarraitu nuen baina igoeran jarraitu genuen ibilbidetik.

Oraingoan ibilbidearen inguruko deskribapen zehatzik ez dut egingo goian aipatutako ibilbideetan zehaztuta daukat eta.

Txindoki eta igotako beste mendi batzuk Idoiaga baserrietara iristen. Ibilbidea ia amaituta zegoen.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 54 kilometro.
- Punturik baxuena: Ordizia, 145 metro.
- Punturik altuena: Ganbo, 1.412 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 3.475 metro.
- Igotako mendiak: 9. Ausa Gaztelu, Txindoki, Arrubigañe, Ganbo Txiki, Ganbo, Uarrain, Malkorri, Usurbe eta Murumendi.
- Ura: Ibilbidean iturri asko daude eta urik gabeko tarte bakarra Txindokiko Oria iturritik Intxustiko iturrira doa, beraz, hau kontutan izan batez ere ibilbidea udan egiten bada. Bi iturri hauetatik aparte Oiangun, Zaldibian, Oakosain, Ausa Gaztelun, Txindokiko bidearekin egin baino lehen, Amundarain eta Abalintxiki baserrietan, Lakaomendiko elkartean, CAF lantegiaren ondoan, Beasainen eta Murumendiko Arrapaitzen ura hartzeko aukera izango duzue.
- Zailtasuna: Bideak duen luzeratik aparte ez dauka zailtasun teknikorik.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Zortzi ordu eta erdi atsedenaldiak sartuta. Tarte asko korrika txikian egin genituenez, ibilbidea oinez egin nahi bada, denborari dagokionez komeni da kontutan izatea.

Bidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

Buruko linternak piztuta genituela goizeko zazpiretan martxan jarri ginen. A ze aldea dagoen egunaren argiarekin edota linternaren argiarekin korrikan egitea!!!! Ez dakit iluntasunagatik edo baina badirudi enbor, koxka eta sustraiak ugaritu egiten direla eta torpe xamar garenok ez gara oso eroso ibiltzen, jejeje.

Eguna beroa iragarrita zegoen arren egunsentiaren aurreko freskuran murgilduta konturatzerako Zaldibira (5,5 km, 38 minutu) iritsi ginen, tartean topatu genituen iturri guztietan ura edanez, gure asmoa gainean generaman likido isotonikoa ahalik eta gehien gordetzea zen eta.

Zaldibiatik Oakosaira doan errepidean hauspoa berotzen hasi eta arropa kentzen joan ginen eguneko lehen izerditua hartuz. Oakosaira iritsi, bertako iturrian ura edateko gelditu ginela aprobetsatuz buruko linternak motxilan gorde eta makuluak atera genituen, hemendik aurrera beharko genituen eta.

Ausa Gaztelura ez ginen G2H mendi-lasterketak jarraitzen duen ibilbide beragatik igo, nire "obsesioa" ibilbide zirkular bat egitea baitzen, eta bi alditan leku beretik ahalik eta gutxien pasatzez saiatu ginen. Hau lortzeko Oakosaiko iturritik gora doan pista jarraitu eta Ausa Gaztelura (12,4 km, 1h50') iparraldetik igo eta hegoaldetik (Larraitzetik datorren bidetik) jaitsi ginen. Mendiaren hego ekialdeko iturrian ura berriro edan eta hemendik Larraitzera doan bidea hartu genuen Txindokiko bidearekin topo egin genuen arte (15,5 km, 2h19'). Dena den, Txindokira igotzeko dagoen bidegurutzera iritsi aurreko iturrian barratxo batzuk jan eta ongi hidratatzeko aprobetsatu genuen.

"Bueno, hemendio aurrea pazientzikin hartu beharko deu" esan nion anaiari. Txindokiko igoera lasai hartu genuen, taupadak kontrolatuz. Ez gaude ohituak goizeko bederatzietan Txindokin gora hastea eta normalean igoeran izaten dugun lasaitasun eta bakardea bidean topatu genuen mendizale pilak "hautsi" zuen. Gainera zaila izaten da denbora osoan mendizaleak aurretik dituzunean abiadura "lasai" bat hartzea eta nahi gabe, mendizaleak pasatzen joaten zaren heinean abiadura ere handitzen joaten zara. Honelako zerbait gertatu zitzaigun Tximista bidetik gora hasi ginenean: "zenbat pultsaziota zoaz?" Galdetu nion anaiari, "Ba beharko nuna baño gorago" erantzun zidan. "Joe, ta zeatio eztezu abiadura jaizten? Hemendio etxea oaindio 30 kilometro darela gogorau" erantzun nion. Definitiboki, zaila da abiadura lasaia eramatea aurretik mendizale ilara bat baduzu, jejeje.

Aspaldian ez nuen Txindokiko gailurrean (18,6 km, 3h18') horrenbeste mendizale ikusten. Gailurraren inguruko harkaitzak mendizalez beteta zegoela ikusi nituenean burura hilda dagoen behorraren inguruan harkaitzetan egoten diren putreen irudia etorri zitzaidan (ez dezala inork gaizki hartu intentzio txarrakin ez doa eta, jejeje). "Ikaratuta" (jejeje), gailurreko gurutzetxoa juxtu-juxtu ukitu eta gelditu gabe beherako bidea hartu genuen jendetzagatik ihesi.

"Deskuidauezkeo asten hontan ETBn eon den programak zerikusie izan do" esan zidan Ikerrek duela gutxi Euskal Herriko mendiei buruz hasi den programa bati erreferentzia eginez.

Txindokiko gailurrean.


Txindokitik jaitsi, bidea utzi eta Arrubigañera doan bidea hartu genuenean lasaitasun eta bakardadea itzuli eta haizea eta behorren zintzarriak besterik ez genuen entzun denbora luzean. Arrubigañe (20,9 km, 3h48') eta Ganbo Txiki (21,5 km, 3h57') igo ondoren Ganbora (22,1 km, 4h06') iritsi ginen, gaurko "Cima coppi".

Ganbo Txikin, atzean Ganbo.


"Cima coppi", Ganbo. Atzean Txindoki urrun gelditzen da.


Ganbon azkar-azkar zerbait jan eta Irazustako leporaino lasai jarraitu genuen, hemendik Uarrainera doan malda motz baina gogorra lasaitasun eta indarrez hartzeko. Malda honetan iztarrak azukre eta oxigeno eskean kexatzen hasi zitzaizkidan: "polikigo Smithy, oaindio erdie baño gehio falta data", pentsatu nuen.

Uarrain (22,7 km, 4h15') eta Malkorri (23,9 km, 4h29') atzean utzi eta Oiduiko bordetara (25,85 km, 4h44') hankak behartu gabe arin-arin jaitsi ginen: "Azkenekon Malkorritio etxea ordu t'erdi pasa nun" esan nion anaiari, "gaur polikigo junda bi ordu ingurun ibiliko geala ustet". Oiduira iritsi aurretik gure atzean oihu bat entzun genuen: "Ehhhhh!!!!" Atzera begiratu eta Josu eta Asierren aita Antonio ikusi genuen. A zer nolako sasoia Antoniok duena 86 urtekin Enirion oraindik behorren atzetik ibiltzeko. Josuk eta Asierrek dutena nondik etorri den jakitea ez da zaila, jejeje.

Oiduitik behera orain arte beroagatik babestu gintuen haizea gelditu eta beroa pasatzen hasi ginen. Intxusti arte doan pista zurixkak ere ez zuen asko lagundu eguzkiaren argia bertan islatzen zen eta: "Intxustiko itturrira iristeako eguzkitako krema emangoet" esan nion anaiari.

Intxustiko iturriko (29,75 km, 5h10') ur freskoa eta itzala aprobetsatuz, bertako egurrezko mahai batean atseden luzeago bat egin genuen, bertan barratxo eta gel bat hartu, uda gogotik edan, eguzkitarako krema eman eta botilatxoak ur freskoaz betetzeko aprobetsatuz: "Zemuz?" Galetu nion Ikerri. "Oaingoz ondo baña daoneko etxea iristeko gogokin". "Ordu t'erdi ta etxen zare" esan nion.

Intxustitik behera erritmoa lasaitu genuen eta Lazkaomendiko Elkartera iristerako (37 km, 6h05') beroa eta kilometroak oinetan somatzen hasi ginen. Hemendik behera, hanketako indarrak gordetzeko, abiadura lasaiarekin jarraitu genuen eta konturatzerako CAF lantegira (39,5 km, 6h21') iritsi ginen: "etxea zoaz?" Galdetu nion. "Honbre, gaurkoz nahiko" erantzun zidan. "Beno, ordun gañen dezun ude edangoizut, hola eztauket Beasainen gelditu beharrik". Ikerrek gainean zuen ur guztia edan, irekita zituen "gominolak" jan eta banatu ginen. Ikerrek Ordiziara bidea hartzen zuen bitartean nik Beasainera jo nuen. Azken urtean iztarrean izaten ari den molestia dela eta ez zuen oso argi ibilbide hau molestiarik gabe amaituko zuen hala ez, honegatik pentsatzen dut bere moralerako gauza handia izan zela nekatuta baina minik gabe amaitzea.

Nire aldetik Agauntza ibaiaren zubia zeharkatu, N-1 errepidearen azpitik pasa eta tren-makina dagoen biribilgunean Beasaingo tren geltokira hartu nuen Joan Iturralde kalea jarraituz. Nafarroa Etorbidea iritsi nintzenean maldan gora jo eta Erauskin kalean gora arin-arin hasi nintzen Usurbera doan errepidea utzi nuen arte (41,3 km, 6h36'). Bitartean Itziri deitu nion Beasaindik gora nindoala abisatzeko.

Ordurako eguzkiak ederki jotzen hasita zegoen eta Usurberako igoera lasai hartze behartu nintzen oraindik Murumendiko igoera eta Arrapaitz iturrian ur gutxi izango nuela jakinda. Iztar eta bikietan nekeak sortzen duen molestiarik sentitzen ez nuen abiadura hartu nuen, orain arte jarraitutakoa dexente jaitsiz, baina ongi etorri zitzaidan Usurbera (43,9 km, 7h15') uste baino hobe iritsi nintzen eta: "Benga Smithy azkenekoa ta etxea" animatu nintzen. Itziri berriro deitu eta Usurbetik Murumendira nindoala abisatu nion.

Usurbe.


Murumendira igotzeko estrategia bera jarraitzea erabaki nuen eta, nekeak sortzen duen molestia ekidinez, leku lauak korrika txikian eta maldak oinez lasai-lasai hartu nituen. Arrapaitz iturrira iritsi nintzenean bertatik ur gutxi erortzen zela ikusi nuen. Iturria isten duen egur zatia kendu, bertako plastikozko edalontzia jarri eta Murumendi igo eta jaisten nuen bitartean edalontzia beteko zela pentsatu nuen. Baina Murumendira doan azkeneko maldan hiru mendizaleekin gurutzatu nintzenean urik izango ez nuenaren beldurra nagusitu zen: "gutxiñez botiletan ude bauket" pentsatu nuen. Molestiak eta bihotz taupadak kontrolatuz, Murumendira iritsi nintzen, eguneko azken gailurrera (47,25 km, 7h49'). Itziri hirugarrenez deitu nion: "Murumendin nau ta hemendio ordu bete eskaxea etxen egongo naiz".

Murumendiko gailurra.Goizean pareko mendietan ibili nintzela pentsatzea bakarrik,,,,, Buffff!!!


"Goazennnnn, azken ordua ta etxen nau" animatu nintzen. Jaitsiera lasai hartu nuen, hankak indartu gabe, ahal zen neurrian gozatuz. Arrapaitz iturrira iritsi eta edalontzia normalean egoten den lekuan ikusi nuenean "se jodió, udik eztet" pentsatu nuen. Pentsamendua errealitate zela baieztatu eta aurretik pasa ziren mendizaleen familiarekin gogoratu ondoren (jejejeje) beherako bidea hartu nuen Arantzegi baserriko iturria buruan nuela.

Arantzegi baserrira (52,7 km, 8h27') iritsitakoan, nahiz eta ia herri bertan izan zintzurra freskatzeko gelditzea erabaki eta iturriko ur freskoa ederki etorri zitzaidan: "¡¡¡lo mejor del día de hoy!!!" esan nion begira gelditu zitzaidan emakume bati.

Arantzegitik Ordiziako gunera errepide maldatsua jaistea besterik ez zen gelditzen eta hau ere lasai hartu nuen oinak ez zigortzeko. Modu honetan, 54 km eta 8h33 minutuetako ibilbidearen ondoren aibapuntura iritsi nintzen. Erlojuaren GPS-a itzaldu eta Itziri azkenekoz deitu nion: "listo herrin nau, hemendio bost minutun etxen".

Etxera oinez eta zoriotsu iritsi nintzen, nekatuta noski, baina indarrez ongi eta moralki ere oso ondo: "zemuz Smi?" Galdetu zidan Itzik, "Ba oso ondo, gustoa baña oaindio beste 45 kilometro aurretio ditutela pentsatzek eztakit ba" esan nion. Erlojuaren datuak begiratu nituenean lasaitu egin nintzen: kilometroa 9 minuto eta hogeita hamar segundoetako median bete nuen, G2H lasterketa egin nuenean baino bi minutu azkarrago. "Bueno, bi minutu motelago junda kilometro gehio ingoittut" jejeje.

Nire aldetik, Hiru Haundiak ibilbideari begira azken azterketa serioa amaitutzat ematen dut, ea mendi ibilbidea nola ateratzen den, gogo faltagatik gutxienez ez da izango, jejeje.

Ibilbidearen amaieran zoriontsu.



2015/04/15

ORDIZIAKO MENDI-MARATOI "ESKASA", 2015/04/12

Egunak eta hilabeteak pixkanaka aurrera doaz eta aurtengo helburuetako lehenengoa, EH mendi erronka, ia bertan dugu. Negua ez da aproposa izan mendian ibiltzeko eta korrika saio asko etxe barruan egin behar izan ditugu zintaren gainean. Gure lehengusu Haritzek esaten duen moduan, "gu ez gara mendian aritzen diren korrikalariak, gu korrika egiten duten mendizaleak gara" eta ihaz, anaia eta biok projektu honekin hasi ginenean, urte askotan korrikan egin ez izana  ederki somatu genuen. Oraindik ere ez gara batere trebeak, baina gutxienez mendian korrika edo sasi-korrikan aritzeari gustua hartu diogu. Mendira irteten garen bakoitzean momentu batean edo bestean bata besteari esaten diogu: "Oain dela urte batzuk nork esango zigun mendin korrikan disfrutau ingo genula" jejeje.

Txindoki etxetik oinez hasita igotzea aspalditik buruan nenbilen. Gurasoen etxetik beti izan dugu Txindoki parez-pare eta beti amesten nuen egunen batean etxean hasi eta bukatuko nuela Txindokiko igoera.

Txindoki gurasoen etxetik (egun Iker bizi den etxetik).



Bestalde, 40 km eta 1500-2000 metro desnibel inguruko ibilaldi bat ere egiteko gogoz nengoen, prestaketa fisikoa nola doan ikusi eta gorputza "frogatu" ahal izateko. Orain arte kilometro "gutxi" desnibela sartuz edo kilometro gehiago desnibel gutxiarekin eginak nituen, 30-35 kilometroetatik pasa gabe. Honegatik bien arteko nahasketa bat egin nahi nuen.

Etxean dudan Aralarko mapa zaharra atera eta bi helburuak beteko zituen ibilbide baten bila hasi nintzen. Maparen gainean ibilbide ezberdinak irudikatu ondoren, helburu bikoitza betetzeko aproposa iruditu zitzaidan ibilaldia topatu nuen. Ikerrekin hitzegin eta ibilbidearen zati handi batean bidelagun izango nuela baieztatu zidanean (hamar egunetako oporren ondoren oraindik ez zegoen 40 kilometro egiteko moduan), iganderako plana egin genuen.

Txindoki egun bizi naizen etxetik.



EGINDAKO IBILBIDEA

Ordiziatik irten eta Zaldibia herriraino GI-2133 errepidetik joan nintzen. Zaldibiatik Ausa Gaztelu mendiraino g2handiak frogak jarraitzen duen ibilbide bera jarraitu eta Olakosai atseden-lekua pasa ondoren Ausa Gaztelu mendia igo nuen (g2handiak  ez du igotzen). Ausa Gaztelutik behera, Larraitzera doan ohiko bidea jarraitu nuen Txindokira doan ohiko bidearekin topo egin arte. Txindokira Tximista bidetik igo eta Txindokitik Ganbora zuzen joan nintzen bidean Arrubigañe eta Ganbo-Txiki mendiak igoz.

Ganbotik Irazustako lepora jaitsi eta hemendik Uarrain eta Malkorri mendiak igo nituen, azken hontatik Oiduira jaitsiz. Oiduira iristen den pista jarraituz Aralegiko leporaino iritsi nintzen, tartean Intxustiko iturria pasatuz, eta hemendik Lazkaomendiraino doan ohiko bidea jarraitu nuen.

Lazkaomenditik Ordiziako Oiangu parkera jaitsi eta, ibilbidea borobiltzeko, Oiangutik etxera itzuli nintzen.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue. Ohar garrantzitsua: deskargatzeko jarri dudan ibilbidea ez da zehazki hemen azaldutakoa, baina nire ustez askoz politagoa da eta kilometro eta erdi gehiago besterik ez du.


Powered by Wikiloc


IBILBIDEAREN DATUAK

- Luzera: 40 km.
- Altuera minimoa: Ordizia, 140 metro.
- Altuera maximoa: Ganbo, 1412 metro.
- Desnibel positiboa osora: 2200 metro.
- Ura: ibilbidean puntu ezberdinetan iturriak daude: Ordizia eta Zaldibian, Olakosai atseden-lekuan (Akapulko elkartearen ondoan), Ausa Gaztelu mendiaren azpian, Ausa Gaztelutik behera, Larraitzetik irteten den pistara iritsi aurretik langa baten ondoan, Oria iturria (Txindokiko igoeran) eta Intxustiko iturria. Intxustiko iturria eta Ordizia artean hainbat iturri topatuko ditugu eta ez dugu ur faltarik izango.
- Zailtasuna: Teknikoki zailtasunik ez duen ibilbidea da, baina luzea eta gogorra egin daiteke, batez ere beroa egiten badu.
- Igotako mendiak: 7.
- Egindako denbora: 7 ordu. Kontutan izan behar da tarte askotan sasi-korrikan aritu nintzela, beraz, ibilbide hau oinez egin nahi bada denbora luzeagoa izango da.

DESKRIBAPENA

07:00, Ordizia, 140 metro. Goizeko freskuran etxetik irten eta martxan jarri nintzen. Hasiera batean zalantzan izan nintzen Zaldibiara nondik iritsi baina azkenean biderik zuzenena hartu nuen: bi herrien arteko GI-2133 errepidea jarraitzea.

Gaurko helburua buruan ongi sartuta neraman: 7-8 ordu inguruko ibilbidea egin, ahal zela gorputzari %100a eskatu gabe. Honegatik, badaezpada pultsometroa eraman nuen ahal zen neurrian nire pultsazio maximoen %70-%80etik ez pasatzeko. Bada pultsometrorik gabe ibiltzen dena baina niri oso lagungarria zait, korrikan aritzen naizenean nire gorputzaren portaera nolakoa den oraindik ez baitut menperatzen.

07:30, Zaldibia, 170 metro, 4 kilometro. Tarteka sasi-korrikan eta tarteka oinez azkar-azkar Zaldibiara iritsi nintzen. Zaldibia eta Olakosai artean beste 4 kilometro daude, baina bien artean 300 metro inguruko desnibela igo behar nuela jakinik, igoera lasai-lasai hartu nuen.


Olakosai bidean.


Errepidea izugarrizko antena bateraino jarraitu eta puntu honetan utzi egin nuen eskuinean hasten den pista antzeko bat jarraituz. Pistak zelai batzuetaraino eramaten gaitu eta hemendik biderik argiena jarraitzea besterik ez da berriro ere errepidera itzultzeko. Mendi-zeharkalditxo honetan Txindokiren atzean eguzkia irteten hasi zen. Behin errepidean, berriro ere sasi-korrikan, Olakosai atseden-lekura iritsi nintzen.

Olakosaira iristen, argazkian Txindoki eta Ausa Gaztelu ikusi daitezke.



08:05, Olakosai, 455 metro, 8 kilometro. Ikerrekin hemen geldituta nengoen. Akapulko elkartearen ondoko iturrian motxilan neramatzan botilatxoak bete eta minutu eskas batera Iker azaldu zen kotxearekin: “zemuz?” Galdetu zidan. “Oaingoz ondo” erantzun nion. Trasteak hartu eta batera martxan jarri ginen.

Etxean izan nuen beste zalantza Ausa Gaztelu nondik igo izan zen, Olakosaitik doan ohiko bidetik edota g2handiak ibilbideak jarraitzen duen bidetik. Azkenean, bigarren aukera hartu nuen, bietatik zuzenena baita.

Lasai-lasai, motorra berotu gabe, Ausa Gaztelu mendiaren gailurrera iritsi ginen.

09:00, Ausa Gaztelu, 904 metro, 11 kilometro. “Ostras, gaur koadrilako Ibonen urtemuga da eta” esan nion anaiari. Gazteluko buzoiari argazkia egin eta zorion-mezuarekin batera Iboni Whatsapp-a bidali nion.

Ausa Gazteluko buzoia, atzean Txindoki handia.



Ausa Gaztelutik Larraitzera doan bideak ez dauka misterio handirik eta ordu erdi eskasean, Txindokiko bidearekin bat egin aurretik dagoen iturrian botilatxoak berriro ere bete ondoren, Txindokiko ohiko bidera (14,1 kilometro) iritsi ginen.

“Bueno ta oain kategori bereziko portue” esan nion anaiari, “bueno” erantzun zidan, “Ganbo Txiki ta Ganbo eta Irazustako lepoa eta Uarrain artekok ere berea dute”.

Aurretik genuena kontutan izanda, igoera lasai hartu genuen, badaezpada pultsometroari behin baino gehiagoetan begiratuz. Igoeran 5-hour Energy bat edan nuen “bazpare”.

Igoeran topatu genituen mendizale pilaren artean gurekin hainbat irteeratan soka-lagun izan den Truji topatu genuen. Solasalditxo motz baten ondoren, "ziurrenik berriro ere Ganbon elkar ikusiko gea" batekin agurtu ginen.

Orain arteko zuhurtziarekin jarraituz, Tximista bidea ere lasai-lasai hartu genuen.

10:35, Txindoki, 1341 metro, 17 kilometro. Gailurrera iritsi, bertan dagoen gurutzeari argazkia egin eta behera jo genuen gailurrean biltzen ari zen jendetzatik “ihesi”.

Txindokiko gailurreko gurutzea, atzean urruti, Aizkorri.



Txindokiko lepora iritsi eta hemendik aurrera aski ezaguna dugun bidea jarraitu genuen. Belar alfonbra gozo bat jarraitu eta hertz motz eta polit bat igo ondoren, Arrubigañera iritsi ginen, tartean energiadun barratxo bat hartuz.

11:05, Arrubigañe, 1320 metro, 19 kilometro. Buzoiari argazkia egin eta Ganbo Txikira zuzendu ginen. Arrubigañeko jaitsieran norbait korrika zetorrela ikusi genuen. Gure parera iritsi eta Iker Karrera mendi-lasterkaria zela konturatu ginen. “Egunon” batekin bakoitzak bere bideari ekin zion. “Konturau altzea arnasik ez zitzaiola aittu ere itten?” Esan zidan anaiak. “Ba bai” erantzun nion “gu malda hontan korrika hasiko bagiñe...jejejeje".

Arrubigañeko buzoia, atzean Ganbo Txiki.



Kontu kontari eta egunaren zehar izaten ari ginen haize freskoaren laguntzarekin Ganbo Txikira iritsi ginen.

11:15, Ganbo Txiki, 1377 metro, 20 kilometro. Buzoiari argazkia egin eta aurrera jarraitu genuen. Oraingoan, ez joan den astean bezala, Ganbo Txiki eta Ganboren arteko elurtegi aldapatsuan arrastoa egina zegoenez, bi mendien arteko zeharkaldia erosoago egin genuen, di-da batean Ganbora iritsiz.

Ganbo Txikiko buzoia, atzean Ganbo. Ganbora iristeko zeharkatu behar den elurtegia ere ikusi daiteke.



11:25, Ganbo, 1412 metro, 20,5 kilometro. Hemen ere buzoari argazkia egin eta beherako bidea hartu genuen, Irazustako lepoa helburu hartuta.

Ganboko buzoia, atzean Txindoki.



Jaitsieran Truji eta bere lagunarekin berriro ere topo egin eta bigarren solasalditxo motzaren ondoren bakoitzak bere bidea jarraitu zuen.

Haman minutuetan Irazustako lepora iritsi (21,5 kilometro) eta hemendik gora gaurko azken aldapa gogorrari aurre egin genion, erritmoa berriro ere jaitsiz eta, bihotzaren taupadak kontrolatuz Uarrain mendiaren gailurrera ahalik eta hobekien iristeko asmoarekin.

11:40, Uarrain, 1343 metro, 21,7 kilometro. Denbora luzerik galdu gabe buzoiari argazkia egin eta Malkorrira zuzendu ginen, oraingoan bi mendien arteko hertzaren ezkerretik.

Uarraingo buzoia, atzean Malkorri.



11:46, Malkorri, 1369 metro, 22,2 kilometro. Hemen ere, gailurrean argazkia egin ondoren, behera jo genuen.


Iker Malkorriko buzoiaren ondoan.


Oiduira doan jaitsiera lasai hartu genuen tartean energiadun gel bat hartuz. 20 minuturen ondoren Oiduira iritsi ginen (24,3 kilometro), Iker eta nire bideak banatzen ziren lekua.

Berriro ere bakarrik, Oiduitik Intxustiko iturrira doan pista jarraitu egin nuen, ordu erdi eskasean iturrira iritsiz (28,4 kilometro). Intxustiko iturrian ongi freskatu, hidratatu eta botilatxoak berriro ere bete ondoren, pista jarraitu nuen.

Aralegiko lepoan (28,8 kilometro) pista utzi eta eskuinean (ibilbidearen norabidean) hasten den erdi-bidexka erdi-pista hartu nuen. Ordurako eguzkiak ederki jotzen hasita zegoen eta, azala erre aurretik, minutu batean gelditu, eguzkitako krema agerian nituen leku guztietan eman eta aurrera jarraitu nuen kremaren usain goxoen artean.

Zenbat eta beherago jaitsi ahalik eta bero handiagoa egiten zuen eta Lazkaomendi (13:30, 35,5 kilometro) atzean utzi ondoren, benetan eskertu nuen Oiangu parkean dauden zuhaitzen itzala (13:40, 37,3 kilometro).

Lazkaomendira iristen, udaberria bizi-bizian dago.



Oiangutik Ordiziako Altamira auzora jaitsi nintzen, eta herriaren inguruan bueltatxo bat egin ondoren, ordu biak jotzeko zeudela etxera itzuli nintzen mendi-maratoi "eskas" honi amaiera emanez (13:58, 40 kilometro). Mendi-maratoi "eskasa" diot ez delako 42 kilometroetara iristen jejeje.


2015/04/07

GOIERRIKO ARALAR EZAGUTU NAHI? HONA HEMEN AUKERA EDER BAT

2014ko ekainaren amaieran Ikerrekin batera Aralarren aspalditik nuen prjektu bat bete nuen: Arritzaga erreka (guretzat "minas" beti izan dena) eta Enirio artean dauden 34 mendiak egun berean igotzea. Igotako mendi kopurua gure lagun Blokek orduan beteko zituen urte kopuru bera zenez ibilbidea Blokeri eskeintzea adostu genuen. Kristoneko paliza hartu, izugarrizko beroa jasan eta hamaika ordu pasatxoren ondoren Larraitzera itzuli ginen erdi-deshidrataturik baina egindako ibilbidearengatik pozez gainezka. Egun horren kronika irakurri nahi baduzue hemen klik egin dezakezue.

Orduz geroztik ibilbide hau errepikatzekotan nenbilen, ibilbidean igo genituen mendi "nagusi" edota ezagunenak bakarrik igoz. Ordenadorearen atzean jarri eta zein mendi igo eta zein ez pentsatzen hasi nintzen. Azkenean, ongi hala gaizki, ibilbide originala murriztu eta kronika honetan azaldutako mendiak bakarrik igotzea erabaki nuen. Nahiz eta motzagoa izan, ibilbide borobila gelditzen dela uste dut, ez oso luzea baina bai gogorra, ea gustuko duzuen.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 25 km.
- Altuera minimoa: Larraitz, 404 metro.
- Altuera maximoa: Ganbo, 1412 metro.
- Desnibel positiboa osora: 2100 metro.
- Ura: ibilbidean puntu ezberdinetan iturriak topatuko ditugu: Larraitzen, Oria iturria (Txindokiko igoeran), Salingain eta Arrubi Gañe mendien artean aska baten ondoan dagoena (nik elurrez estalita topatu nuen), Ausa Gaztelu mendiaren azpian, eta Ausa Gaztelutik behera, Larraitzetik irteten den pistara iritsi aurretik langa baten ondoan dagoena. Udan hauetako iturri batzuk lehortzen direnez, ibilbidea Igaratza edo Errenagaraino luzatu daiteke bertan dagoen iturrian ura hartzeko.
- Zailtasuna: Elur gogorra behin baino gehiagotan ekidin nahian trepadatxo bat edo beste egin behar izan nuen, baina elurrik gabe teknikoki zailtasunik ez duen ibilbidea da. Dena den, ia ibilbide osoan gora eta behera arituko gara gure hanken "mesederako" jejeje.
- Igotako mendiak: 18.
- Egindako denbora: 5 ordu eta 30 minutu. Argitu beharra daukat tarte batean baino gehiagotan korrikan aritu nintzela.

Bideo honetan ibilbidearen nondik norakoak ikusteko aukera izango duzue.



Ibilbidea deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA


07:50, Larraitz 404 metro. Larraitzera iritsi nintzenean kotxeak 1,5º markatzen zuen. Eguerdirako eguzkia eta tenperaturen igoera iragarrita zegoenez, ahalik eta arropa gutxiarekin martxan jartzea erabaki nuen Txindokiko igoeran hotz guztiak gainetik kenduko nituela jakinda. Gerritik gora kamiseta motz bat, txirrinduan ibiltzeko mahuka edo mangitoak, eskularru finak, Buff bat eta haizearentzat txamarra bat eta gerritik behera malla eta galtzerdi motzak "besterik" ez nituen jantzita. Hala ere, motxilan badaezpada kamiseta termiko bat eraman nuen baina ez nuen ibilbide osoan jantzi. Termiko honetaz aparte, bi litro ur, eguzkitako krema eta betaurrekoak, manta termikoa, telefono mugikorra eta jateko barrita eta gel batzuk ere eraman nituen.

Irteteko prest, apirilean hemen oraindik hotza egiten duela argi dago.


Nire lehen helburua Txindoki izatea erabaki nuen Amezti eta Erlabeltzeko punta mendiak alde batera utzita. Honetarako, Txindokira doan ohiko bidea hartu eta ia urik gabe topatu nuen Oria iturria atzean utzi ondoren, Tximista bidea hartu nuen. Ez dakit zer gertatu den baina azken urteotan Oria iturria urarekin topo egitea geroz eta zailagoa da.

Denbora osoan ibilbidea gogorra izan zitekeela buruan nenbilenez, Tximista bidearen igoeran behintzat, bihotz taupadak kontrolpean eramatea erabaki nuen, 155 taupadetatik pasa gabe. Ez dakit hotzagatik edo, baina uste baino erraz eta frexkoago sentitu ondoren, ordu eta hamar minutu eskasean gailurrera iritsi nintzen.

Txindokiko gailurra, argazki hau apirilaren 3koa da.



09:00, Txindoki, 1341 metro. Urteak ziren ez nintzela hain denbora gutxian hain sentsazio onekin gailur honetara iristen, eta honek nire motibazio eta gogoak bikoiztu zituen. Gailurrera iritsi, argazki pare bat egin eta beherako bidea hartu nuen. Bilingaratz, Zumalerdi eta Auntzizegi mendiak igo gabe utzi eta zuzenean Txindokira doan Muitzeko bidean behera hasi nintzen Aitzegi eta Larraone mendietara igotzeko asmoarekin.

Txindokiko puntan.



Ihaz Aitzegi mendira egindako igoeran pasatako zailtasunak oraindik buruan nituen eta orduan Ikerrek iradoki zuen igoera alternatiboa gogoratuz, oraingoan anaiaren aholkuei kasu egin (jejeje) eta igoera Larraone azpian dagoen harkaitz-hertzaren eskuinetik (igoerako norantzan) egin nuen. Igoera honek bestearekin alderik ez dauka, belar motza eta igoera gozoa, nahiz eta maldatsua izan. Igoeraren amaieran alanbre-hesi bat topatu nuen baina hertzak egiten duen lepoan pasabide bat dago.

Ihazko ibilbidean Txindokitik ateratako argazki honetan gorriz orduan jarraitu genuen bidea eta urdinez oraingoan jarraitutakoa margotu ditut. Ibilbide hau egiteko asmotan bazaudete urdinez margotutako bidea jarraitzea gomendatzen dizuet inongo zalantzarik gabe.


Pasabidearen ondoren, zeharkaldi horizontal bat eginez, Aitzegi eta Larraone mendien arteko lepora iristen da. Nik ordea, Aitzegira igotzea baztertuta, Larraonera zuzen igo asmoz, goraka zuzen hasi nintzen belar eta harkaitzei tiraka, hankak, bihotza eta hauspoa alperrik berotuz. Gainera, ustez Larraoneko gailurrera iritsi nintzenean, gailurra, hertza jarraituz 40 metro ezkerrago zegoela ikusi nuen. Hurrengoan argi daukat Aitzegi eta Larraone mendien arteko leporaino joango naizela zuzen-zuzen alperrikako esfortzurik egin gabe.

Hertza jarraitu eta Larraoneko gailurrera iritsi nintzen.

09:35, Larraone, 1198 metro. Gailurreko buzoiari argazkia egin eta, atzera itzuliz, hertza berriro ere jarraitu nuen baina oraingoan amaierarte, 10 minutu eskasean Etitzegi mendira iritsiz.

Larraoneko buzoia.



09:45, Etitzegi, 1196 metro. Hemen ere ez nintzen denbora luzean izan. Motxilatik telefono mugikorra atera, buzoiari argazki bat egin eta aurreruntz jarraitu nuen.

Etitzegiko buzoia.



Eitzegiren jaitsieran, eguzkiaren eraginez beroa sentitzen hasi nintzen. Harkaitz baten ondoan gelditu, haizerako txamarra, buff-a, eskularruak eta mahukak kendu, motxilan jaso eta, eguzkitako krema eman eta betaurrekoak jarri ondoren, aurreruntz jarritu nuen, tarteka oinez eta tarteka korrika txikian. Konturatzerako Uzkuiti mendira iritsi nintzen.


10:07, Uzkuiti, 1332 metro. Hemen ere argazki bat egin eta aurreruntz jarraitzea erabaki nuen, bertan zegoen haize frexkotik ihesi. Etxean ibilbidea antolatu nuenetik zalantzan izan nintzen Salingain mendira igo hala ez, baina Uzkuititik hain gertu eta indarrez ongi nindoala ikusita, bertaraino joatea erabaki nuen.

Uzkuitiko buzoia.



Uzkuitiren jaitsieran ibilbidean topatu nuen lehen elurtegia zeharkatu behar izan nuen. Kontu handiz (elurra oraindik gogorra zegoen eta) zeharkatu eta Salingainen gailurreraino eramango ninduen belar malda gozoa igo nuen.


10:14, Salingain, 1322 metro. Buzoiari argazkia egin eta nire oinak Arrubigañera zuzendu nituen. Hasieran ahalik eta zuzenen joatea pentsatu nuen baina bi mendi hauen arteko bailaratxoan zegoen elurrak atzera egin eta Aoki mendira zuzendu beharrean izan nintzen.

Salingaineko buzoia.



Aokiko gailurrera iritsi gabe, Arrubigañera zuzen hartu nuen. Zati honetan nire eskuinetik 40 metro ingurura, aska batean dagoen iturria utzi nuen, oraingoan elurrez erabat estalia.

Azken metroetan topatu nuen elurtegia eskuinetik ekidinez, Arrubigañe mendiaren gailurrera iritsi nintzen.

10:30, Arrubigañe, 1320 metro. Buzoiari argazkia egin eta Ganbo Txikirako bidea hartu nuen.

Arrubigañeko buzoia, atzean Ganbo Txiki mendia eta honen azpian zegoen elurtegia ikusi daitezke.


Ganbo Txikirako igoeran ere elurtegi bat topatu nuen, baina ez zidan igoera oztopatu, eta ezkerretik inguratuz gailurrera erraz iritsi nintzen.


10:39, Ganbo Txiki, 1377 metro. Hemen ere buzoiari argazkia egin eta Ganborako bidea hartu nuen.

Ganbo Txikiko buzoia, atzean Txindoki ikusi daiteke.


Duela gutxi Ikerrekin hemendik pasata nengoenez, banekien Ganbo Txiki eta Ganboren artean aldapa handiko elurtegi bat zeharkatu beharko nuela, baina banekien ere zeharkaldi honetan ongi zapaldutako arrasto bat zegoela. Konfidantza handiaz zeharkaldiaren hasierara iritsi eta kriston belarrondokoa jaso nuen: elurtegia bertan zegoen, baina arrastoaren arrastorik ez. Elurtegira hurbildu eta elurra oso gogorra zegoela ikusita, zapatilekin bakarrik 45 gradu inguruko aldapadun zeharkaldi horizontala egitea erabat baztertu nuen.

Ganbora nondik pasa begiratzen ari nintzela, nengoen lekutik gertu harkaitz hertzatxo bat Ganboren azpiraino jaisten zela ikusi nuen. Bertara hurbildu eta beheraino elurrik ez zegoela ikusi ondoren, bitan pentsatu gabe, harkaitz ezegonkorretan pisua kontu handiz jarrita, beheraino jaitsi eta hemendik aurrera belarretan gozo-gozo eta poliki-poliki, Ganboren gailurrera iritsi nintzen.


10:50, Ganbo, 1412 metro. Ganboko puntara iristearekin batera haize hotz batek "egunon" esan zidan.

Ganboko buzoia, atzean Txindoki ikusi daiteke.


Haizerako txamarra motxilatik atera, motxilaren gainetin jantzi eta aurrera jarraitu nuen. Ganbo eta Pardarri mendien azpian dauden Menditxiki, Muñotxikieta, Ortzanburu eta Olamuño mendiak igotzea baztertuta, Pardarrirako bide zuzena hartu nuen.

Ganboko buzoiaren beste argazki bat, argazki hau apirilaren 3koa da.



Ganbo eta Pardarriren arteko bideak udan ez dauka inongo zailtasunik eta tarteka erdi izkutuan dagoen bidexka bat jarraitzea besterik ez da. Oraingoan aldiz, bidexka elurtegi handi, gogor eta aldapatsu batek mozten zuen eta, honelakoetan garrantzitsuena arriskurik ez hartzea denez, elurtegia nondik zeharkatu begiratzen hasi nintzen alde batetik eta bestetik.

Elurtegia nondik zeharkatu ikusten ez nuenez, Ganbotik behera jaitsi nintzen zuzen-zuzen (Irazustako lepora joango banintz bezala) eta elurtegia hestutu eta malda galtzen zuen leku batean zeharkatu egin nuen, galdutako metroak errekuperatu eta Pardarriraino doan bidexkarekin berriro ere topo eginez.

Behin bidexkan, inongo zailtasun eta ezustekorik gabe Pardarrira iritsi nintzen.


11:10, Pardarri, 1396 metro. Bertara iritsi, buzoiari argazkia egin eta aurreruntz jarraitu nuen, di-da batean Putreaizko puntara iritsiz.


Pardarriko buzoia.



11:12, Putreaizko punta, 1382 metro. Ganbo eta Pardarriren artean gertatu bezala, hemendik Igaratzara doan ohiko bidea elurtegi batekin oztopatuta topatu nuen.

Putreaizko punta.



Hasieran elurtegiaren ezkerretik jarraitu nuen, baina hainbat metro jaitsi ondoren, inora ez neraman leku batera iritsi eta bidetik erabat desbideratzen ari nintzela ikusi nuen. Harkaitzean egindako trepadatxo batzuen ondoren, harkaitz batzuen gainetik elurtegia zeharkatu eta Igaratzatik datorren igoerako bidearekin bat egin nuen berriro ere.

Putreaizko puntatik behera nindoala Igaratzaino (Errenaga) jarraitzea pentsatu nuen (aukera ona ur gutxi badugu), baina motxilan oraindik litro bat ur nuela ikusita, aukera hau baztertu eta Larraitzetik Igaratzara doan ohiko bideraino jaitsi nintzen. Maldako punta eta Ondartxuri mendiak igotzea baztertuta, Irazustako lepora zuzendu nintzen.

Elurtegi erraz eta ongi zapaldutako batzuk zeharkatu ondoren, Irazustako lepora iritsi, eta hemendik gora doan aldapa gogorra jarraituz, Uarraineko gailurrera igo nintzen.


12:00, Uarrain, 1343 metro. Ikerrekin etorri nintzenean baino askoz frexkoago iritsi nintzen gailurrera, baina onartu beharra daukat oinetan hamar kilometro eskas eta ia 900 metro desnibel gutxiago ere banituela, jejeje. Buzoiari argazkia egin eta Malkorrirako bidea hartu nuen ahalik eta bide zuzenena jarraituz. Honetarako, Uarrain eta Malkorri mendien arteko hertzaren eskuinetik hartu nuen nire ezkerrean Ekialdeko Malkorri bigarren mailako mendia igo gabe utziz.

Uarraingo buzoia.



12:06, Malkorri, 1329 metro. Buzoiari argazkia egin eta Gañetara jarraitu nuen.

Malkorriko buzoia.



Bidean ezinbestean igotzen den Hegoaldeko Urrusti mendia igo (ez nion argazkirik egin) eta azkar-azkar gailurrera iritsi nintzen, ingurune honetako belar gozoaz gozatuz.


12:12, Gañeta, 1324 metro. Buzoiari argazkia egin eta hurrengo mendira zuzendu nintzen, Belekura hain zuzen ere.

Gañetako buzoia.



Belekura iristeko, eta bidetik asko desbideratu behar ez zenez, lehenik Bustia mendia igo (ez nuen argazkirik egin) eta hemendik behera korrika batean bertaraino iritsi nintzen.


12:21, Beleku, 1253 metro. Alde ederrean iritsi nintzen pasa den neguan hemen jasandako hotzarekin alderatuz. Buzoiari argazkia egin eta Kilixketako gailurra miran jarri ondoren, korrika txikian bertararaino "jaitsi" nintzen.


Belekuko buzoia.



12:25, Kilixketa, 1141 metro. Gailurrean dagoen plakari argazkia egin eta gaurko azken medirako bidea hartu nuen: Ausa Gaztelu. Gailurra utzi aurretik ezin izan nuen irrifar bat ekidin neguan hona igo ginenean haizeak Leku lurrera bota zuenekoa gogoratzerakoan.

Kilixketako plaka.



Jaitsieran, hanketan somatzen hasten nintzen nekearen ondorioz puntu pare batean estropuz egin ondoren (horietako batean horkatila okertu nuen baina ez nuen minik hartu), gaurko azken maldaren azpira iritsi nintzen.

Ausa Gazteluko igoera lasai hartzea erabaki nuen, hurrengo egunetarako buruan nituen mendi ibilbideetarako indarrak gordetzeko. Igoeran Karlos lagunari aspaldi jarritako plakari bisitatxoa egin eta "gero arte" baten ondoren gailurrera iritsi nintzen.


12:55, Ausa Gaztelu, 904 metro. Txindokiren ikusmira paregabea duen atalaia honen buzoiari argazkia egin eta Larraitzera zuzendu nintzen, ibilbidearen azken jaitsiera osatzeko.

Ausa Gazteluko buzoia, hemendik dagoen Txindokiren ikusmira ikusgarria da.



Jaitsiera indar guztiak eman gabe egitea erabaki nuen eta indar puntu hori gordeta izateak ematen duen konfidantzarekin, Larraitzera arin-arin eta eroso iritsi nintzen.


13:20, Larraitz, 404 metro. Kotxera iritsi, oraindik soberan nuen ur apurra edan, eta Larraitzeko langaren ondoan Trail estazioa dela eta jarri duten informazio panelari argazkia egin ondoren, kotxean sartu eta bazkaltzeko etxera iritsi nintzen.


Trail estazioa dela eta jarri den informazio panela.



2015/01/28

MALKORRI (1369 m) ETA UARRAIN (1343 m) LIZARRUSTITIK NEGU GIROAN, 2015/01/24

2015eko Urtarrilaren hirugarren astean, gripearekin batera aurtengo neguko hirugarren elurteak bisitatu gintuen, edo hobeki esateko, elurtearekin batera gripea iritsi zen. Ospital eta anbulategiak gaixoz betetzen ziren bitartean, inguruko mendiak egunez-egun zurituz joan ziren.

Honelakoetan gertatzen den bezela, telefonoa astean zehar gori-gori egon zen, plan bat zehazteko asmotan Whatsapp-ak jaso eta bidaliz. Aizkorriko kanalak egoera onean egongo ez zirelakoan (hala ere asteburuan kanaletan gora eta behera jendea aritu zen), gure begiak neguan alde batera utzita izaten dugun Aralarrera zuzendu ziren, mahai gainean aukera ezberdinak bota eta aukera ezberdinen artean elur-erraketekin ibilbidetxo bat egingo genuela adostuz. Baina nora? Berriro ere aukera ezberdinak mahai gainera bota eta, aukera batzuk beste baterako utzi ondoren, Lizarrustiko mendatetik abiatuta, Oidui-ko bordetatik pasatuz Malkorri eta Uarrain mendiak igoko genituela adostu genuen.

Aitortu beharra daukat elur-erraketekin ez garela asko ibiltzen, baina ibiltzen garen bakoitzean ederki gozatzen dugu, egun honetan ere gertatu zen bezela. Ikerrek ibilaldia elurretarako erosi zituen zapatilla berriak frogatu eta nik aspaldi jarri gabeko bota zahar eta zorurik gabekoekin ibiltzeko aprobetsatu genuen. Ibilaldiaren amaieran, kotxera iritsi eta biok oinak blai eginda genituela ikusita, zerbaitetaz konturatu ginen: Ikerren zapatilak elur bustiarekin barrutik busti egiten direla eta azken urteotan igotako ia hirumilako guztietan bidelagun izan ditudan bota zaharrek erretiratzeko ordua iristear dutela.

JARRAITUTAKO BIDEA

Kotxea Lizarrusti mendatean dagoen aparkalekuan utzi eta, GR-283 (Gaztaren ibilbidea) ibilbidea jarraituz, Lareoko urtegiraino iritsi ginen. Hemendik, Eniriora Errekabeltzetik pasa ginen bertako Oidui bordetaraino iritsiz. Oiduiko bordak atzean utzi eta hemendik gora Malkorriraino doan maldan gora hasi ginen Malkorri eta Uarrain mendiak igoz. Azken finean, Beasainen urtero ehunmilak eta g2h ultratrail frogek jarraitzen duten ibilbide bera jarraitu genuen baina kontrako norantzarekin.

Mapa honetan urdinez igoerako bidea eta gorriz jaitsierakoa ikusi daitezke.


Irteera honetarako hartu genuen aukera ahalik eta arinen joatea izan zen, motxilen barruan ustez beharko genuen minimoa eramanez. Nire kasuan, haizerako xira fin bat, gore-tex arin bat, ordezko eskularru batzuk, botikina, artilezko gorroa, buru-beroki arin bat eta barratxo eta gel batzuk, litro t’erdi urarekin batera. Erraketak ere gainean eraman genituen tarte batean.

DESKRIBAPENA

08:50, Lizarrustiko mendatea, 621 metro. Mendatearen gipuzkoar aldean dagoen aparkalekuan kotxea utzi, motxila arinak gainean jarri (alde ederra sokak eta eskaladarako trasteak eramaten ditugun motxilekin), eta aparkalekuan zegoen hotzarengatik ihesi edo, arin-arin martxan jarri ginen.

Irteteko prest.


Aparkalekutik gora jarraitutako bidea.


Lizarrustitik Lareo urtegira doan bideak zailtasunik ez dauka eta denbora osoan “bide nagusia” jarraitzea besterik ez da, GR arrastoak jarraituz.

Bide nagusian, atzean Lizarrusti ikusi daiteke.


Lareoko urtegiraino doan bide hau ezagutzen ez baduzue, bisitatxo bat egiteak merezi du, ederra baita. Eta gainera ibilbidearen ondoren Lizarrustiko interpretazio gunean hamaiketakoa egin ezkero, eguna ederki borobilduko duzue.

Bideak galtzeko arriskurik ez dauka.



Bideari metroak “jan” ahala, elurraren kantitatea ere handituz joan zen, hala ere, gauean ederki gogortutako arrastotik erraz ibiltzen ginela ikusita, erraketak jartzea ez genuen pentsatu ere egin.

Bideak duen pasabide interesgarri eta ederretako bat.


Elur-erraketak oraingoz jartzea baztertuta, ohituak gauden baino erritmo biziago eta ustez baino erosoago batekin, Lareoko urtegira iritsi ginen.

09:30, Lareoko urtegia, 740 metro inguru. Herriko hiru mendizalek elur-erraketak jartzen ari zirela ikusita, gu ere jartzeko zalantzan izan ginen: “Errekalbetz eta gero jartzen baditteu igual hobe izangoa ez?” Galdetu nion anaiari. “Ba igual bai”, erantzun zidan, “gañea oaingoz arrastotik ondo jutea”.

Lareoko urtegian.


Lareo urtegiko ura sekula baino lasai eta leunagoa topatu genuen, eta inguruko mendi eta basoak ispilu baten moduan islatzen zituen.


Urtegiaren urak jasan eta mantentzen dituen horma jarraitu eta, nire ustez, matxinsalto baten itsura duen egurrezko zubi berezi bat zeharkatu ondoren, Errekabeltzaraino eramango gintuen pistarekin topo egin genuen. Pistan bertan, ez galtzeko, indikazio-poste bat dago. Guk zuzen aurreruntz jarraitu genuen.

Iker indikazio postea ezkerrean duela.


Pistan oinen arrastoak desagertu eta, trenbide baten moduan, aurretik eski arrasto bat besterik ez genuela ikusita, berriro ere zalantzan izan ginen elur-erraketak jarri hala ez. Azkenean Errekabeltzan elur gutxi egongo zelakoan, berriro ere elur-erraketak ez jartzea erabaki genuen, izoztutako eski arrastoen gainetik ibiliz.

Pistak maldan behera jarraituz lehen bihurgunean (bertan bigarren indikazio poste bat dago) ezkerreruntz hartu genuen Errekabeltzan sartuz. Errekabeltz izena nondik datorren ez dakit, gainera bertatik doazen urak pasabidean zapaltzen diren harrien azpitik doaz.

Indikazio postea eta guk jarraitu genuen bidea.


Guk pentsatu bezela, pasabide honetan elur gutxiago topatu genuen, baina hala ere elur-erraketekin joan izan bagina ez genien kalterik egingo. Errekabeltzan berriro ere oin arrastoak topatu genituen eta arin-arin joan ginen pasabidearen amaieran dagoen presa txikiraino. Guk pasabide honi beti Errekabeltz deitu izan diogu, baina Imanol Goikoetxearen Aralar mapan pasabide bera Baiarrate izenarekin azaltzen da. Mapa honetan Errekabeltz Eniriotik behera doan errekatxoari deitzen zaio.

Presa txikia atzean utzi eta lehen pagadian sartzearekin batera arrasto guztiak desagertu egin ziren: “oain, bai hala bai erraketak jantzi beharkoitteu” esan zidan anaiak motxila kentzen zuen bitartean.

Motxiletatik elur-erraketak askatu, elurretara bota, oinak sartu eta motxilak berriro ere jarri genituenean, ia atsedenik hartu gabe, goruntz jarraitu genuen. Hasiera batean Eniriotik datorren ohiko bidea jarraitzea pentsatu genuen, baina azkenean, eta batez ere elur geruza handiak “errazten” zuelako, bide zuzenago bat jarraitzea adostu genuen.

Poliki-poliki, arrastoa irekitzerakoan arin-arin joatea zaila izaten baita, aurretik genuen maldari metroak jaten hasi ginen. Gogorra izanda ere, gustuko dut arrastoa irekitzea, inongo eta inoren biderik jarraitu gabe, norberak bidea nondik nora joango den erabaki eta jarraitzeagatik ematen duen sentsazioagatik. Ayyy, zenbat gauza egiten ditugun bizitzan besteek irekitako bide eta arrastoen atzetik. Filosofiakeriak alde batera utzita eta berriro ere lurrera itzuliz, aitortu beharra dago arrastoa irekitzea lan gogor, astun eta askotan esker txarrekoa izaten dela, eta kasu honetan, tonto-tonto, aurretik genuen maldak hauspoa ederki berotu zigula jejeje.

Maldaren amaieran, argazki bat egiteko aitzakiarekin, ura edateko atsedentxo bat egin eta aurreruntz jarraitu genuen, oraingoan arinago, Oiduiko bordetaraino.

Oidui-ra iristen.


10:20, Oidui, 850 metro inguru. Ihazko ehunmilak frogan bolondres bezela lanean aritu ginenean Ikerrek Gurutze Gorriko bolondresekin izandakoak gogoratu eta bordeei errezeloz begiratu ondoren (bertan egoten direnek duten jarreraren errua izango balute bezela), goruntz jarraitu genuen denborarik galdu gabe.

Oiduitik gora doan maldaren lehen metroetan.


Atzera begirada, Oidui eta bertaraino iristeko jarraitutako bidea ikusi daitezke. Atzean Aizkorri eta Aratz.


Hemendik Malkorriraino doan igoera lasaitasunez hartu genuen, oso gogorra izan gabe, malda leku gutxietan lasaitzen baita.


Haize eta eguzkiaren indarrarengatik gogortutako elur zatiak aprobetsatuz, eta ipar ekialdeko norantza jarraituz, uste baino errazago igotzen joan ginen.

Igoerak atsedentxo bat ematen duen lekuetako batean.


Goruntz begiratu eta haizearen eraginez hodeiak mendietatik ziztu bizian ihez egiten zutela ikusi genuen. “Ostia, hor goien kriston haizea dau” baieztatu zuen Ikerrek. Haizeak Gañeta, Malkorri eta Uarrain mendien arteko ertzatik elurra biolentzia handiz altsatu eta gu igotzen ari ginen aurpegiruntz botatzen zuen olatu erraldoi bat izango balitz bezela.

Igoeratan goruntz baino beheruntz gehiago begiratzeko joera izaten da, baina oraingoan, goian zain genuenari begirik kendu gabe igotzen jarraitu genuen.

Haizea indartzen hasi zenean martxa gelditu, motxilatik haizerako xira eta buru-berokia atera eta bideari ekin genion haizeak elurra eramandako lekuak aprobetsatuz. Ertzara iristear geundela, haizerako xiraren gorroa buru-berokiaren gainetik jarri, hestutu, eta ertzara irten ginen.

Haizerako xira eta buru-berokia jarri ondoren. Haizeak elurra nola eraman zuen ikusi daiteke.


“Ongietorriak infernu zuriraaaa!!!” Oihukatu nion anaiari. Haizeak xiraren kontra egiten zuen “pla-pla-pla-pla-pla-pla-pla” zarata eta haizearen orroen artean, bata besteari apenas entzun gabe, eta pausuak baldar xamar emanez, Malkorriko gailurrera iritsi ginen.

11:25, Malkorri, 1329 metro. “Holako haizekin Uarrainaño jarraittu behardeu?” Oihukatuz galdetu zidan anaiak. “Nekatik bai” erantzun nion nik ere oihukatuz, “ertzen ezkerretik junda igual haize gutxigo izangoeu”.

Malkorrin, 1329 metro.


Denborarik galdu gabe, geldirik gelditzerakoan gorputzak tenperatura azkar-azkar galtzen zuen eta, aurreruntz jarraitu genuen, gure eskuinean Malkorri eta Uarrain mendien arteko ertza utziz. Nahiz eta haize ufadak noizik eta behin handiak izan, metroak uste baino errazago irabazten joan ginen.

Bat-batean, Uarrain mendiaren gailurrera iristeko ehun metro inguru falta zirenean, gugana zetorren mendizale bat ikusi nuen. Nengoen lekuan itxaron eta nigana iritsi zenean “Eunon, han atzen ikusteiken mendiye Txindoki al dik?” Galdetu zidan Azpeitia aldeko euskerarekin, hodeiengatik erdi ikusten zen Txindoki seinalatuz. “Bai, halaek” erantzun nion. “Mekabendiooooooo!!!” Erantzun zidan nik emandako erantzunak bere susmoa egiaztatu izan balu bezela. “Galdute niok, uste nian Txindokirare hemendio juteuala. Ganbon izan niok ta animali baten hanka markik jarraittute ona azalduniok. Brujulie bazeukiat baña erabat galduniok”. Irazustako lepotik Alotzara doan bidean arrastorik ez zegoela ikusita, “onena daukek Txindoki erreferentzi bezela hartuta zuzen jarraitzea” esan nion, honetarako brujula lagungarri izango zitzaiolakoan. “Milesker” batekin agurtu eta bere bidea jarraitu zuen. Anaia harrapatu eta gertatutakoa esan ondoren, Alotzako larrak zeharkatuz elur-erraketarik gabe arrastoa irekitzen ari zela ikusita, “Ufffff, gaur horrek paliza earra hartukou” esan zidan.

Azpeitiarra bere borrokarekin utzi eta guk gureari eman genion, eta minutu gutxietan, haizearekin borrokan aritu ondoren, Uarrain mendiaren gailurrera iritsi ginen.

Uarrain mendira iristen.


11:40, Uarrain, 1343 metro. Argazki azkar bat egin eta, haizeagatik berriro ere ihesi, beherunzko bidea hartu genuen.

Uarrainen, 1343 metro.


Malkorrirako itzuleran, haizeak behin baino gehiagotan lurrera botako gintuenaren mehatxupean, pausuak non ematen genituen ongi neurtuz joan ginen. Behin Malkorritik behera, mendiaren babesean, arropa erantzi eta bat-batean tenperaturak hamar gradu gora egin izan balu bezelako sentsazioa izan genuen. “Joer, goien geundenean aurpegie izoztuintzait” esan zidan Ikerrek. “Nik ere eskuetako behatz punta batzuk mindutaittut” erantzun nion.

Oiduitik jaitsi beharrean Errekabeltzara ahalik eta zuzenen jaisten saiatu ginen bideari metro eta minutu batzuk irabazteko asmotan, baina gero etxean ikusiko genuen bezela, igoeran baino metro gehiago egin genituen jejeje. Elur-erraketen erabilera ere ahalik eta errentagarrien egiteko asmoarekin, ia elurrik ez zegoen lekuraino jantzita eraman genituen. Elur-erraketak lurraren kontra "krak-krak" kexatzen hasi zirenean, berriro ere motxilara lotu eta arin-arin, tarteka korrika txikian ere, bost orduren ondoren, 13:50ak aldera, Lizarrustira iritsi ginen, gaurko ibilbideari amaiera emanez.



Amaitzeko, irteeraren bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.