AZKEN 10 SARRERAK

2015/10/18

EGINO, "AMONA" BIDEA, 235 metro, 4c. (2015/10/11)




"Enterau zea Eginon bia berrik iriki dituztela?" Galdetu zidan Asierrek. "No jodas" erantzun nion, "Antxon Gorrotxategik irikitakok?" (Antxon Gorrotxategi Eginon azken urteotan bide gehien ireki dituen eskalatzailea da: bereak dira Susi, Elmer, Udaberri, Berta eta Iturrimurri espoloia besteak-beste). "Oaingon ez" erantzun zidan, "Mendia esta eskalada blogekok iriki dittue, edo behintzat beraien orrin dau". "Ta zemuzkok die?" Galdetu nion: "ba badau bat "Amona" izena duna ta 4c ematen diotena ta beste bat "Asezinak" izenekoa kintokoa" Asierrek, "gañea bik desekipauta dare, ta bitan dena sartu beharko deu".

Mendia esta eskalada blogean sartu eta bi bideen deskribapena irakurtzen hasi ginen bietatik zein eskalatuko genuen erabakitzeko. Azkenean, eta batez ere ezagutzen ez dituzun eskalatzaileek irekitako bideei emandako zailtasunarekin gertatzen den bezala, bietatik errazena aukeratu genuen, "Amona" bidea, honela eskalatzaile hauen graduazioa jartzeko neurria ere ikusiko genuen.Beste bidea, "Asezinak" deiturikoa, beste baterako utziko genuen.

Amona bideak Iturrimurri espoloiaren eskuinean dagoen espoloi nabaria jarraitzen du eta bi espoloien artean "V" itsurako bat sortzen dute. Hain espoloi nabaria izanda harritu gintuen 2013an irekia izatea, 2013ko urriaren 20ean hain zuzen ere, Unai, Iker eta Koldoren eskutik (hala ez bada, argitzea eskertuko nuke hankarik ez sartzeko).

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 235 metro.
Luzeak: 6.
Zailtasuna: 4c. Luzez-luze: 1ºL: III-IV (25 m), 2ºL: 4c (25 m), 3ºL: III-IV (55 m), 4ªL: III+ (55 m), 5ºL: 4b (55 m) eta 6ºL: III+ (20 m). Bidea erabat desekipatua dago eta inongo erreferentzirik ez izateak bidea ongi jarraitzen ari gareneko zalantzak sortarazi ditzazke behin baino gehiagotan.
Nork irekia: Koldo, Unai eta Iker, 2013ko urriaren 20ean.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: Egino herritik, 25-30 minutu, tarte luzean Iturrimurri espoloira doan bide bera jarraituz.
Jaitsiera: Iturrimurri espoloitik jaisteko jarraitzen den bide bera.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta (ez genituen 6-8 baino gehiago erabili), zinta luze batzuk bilguneetarako (Lehen eta hirugarren bilguneetarako zinta oso luzeak beharko ditugu), hainbat zinta bidean dauden harkaitz zubietatik pasatzeko, alien semaforoa (eta grisa ere), Camalotak 0,5-2 artean eta Limcam gorri eta horia (egia esan ez genuen horrenbesteko friend-ik erabili, batez ere zintak erabili genituen harkaitz zubi nahiz blokeetatik pasatuz). Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta berrogeitamar minutu.

Bidea oraindik tarte batzuetan zikina dago, begetazioz betea eta leku batean baino gehiagoan oraindik harri eta harkaitz solteak topatu daitezke. Guk ahal izan genuen neurrian bidea zertxobait garbitzen joan ginen, batez ere lehen eta bigarren luzeetan solteak zeuden harkaitz eta harri handiak bidetik kenduz. Hirugarren luzetik aurrera plakak eskalatuz joaten bagara harkaitz oso ona eta konpaktua topatuko dugu.

Iturrimurri espoloia eta Amona bidea A-1 errepidetik ikusita, gorriz hormaren oinara iristeko bidea eta urdinez jaitsieran jarraituko duguna.Ikusten denez, bi espoloiek "V" itsurakoa sotzen dute.



BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoa guk eskalatu genuen bezala.


Krokisa zehatzago, bigarren luzeko bariantea urdinez margotu dut.



BIDEAREN OINARA IRISTEKO

Bidearen oinara iristeko Iturrimurri espoloira doan bide bera jarraitu behar da denbora luzean.

Hasieran jarraitzen den pistan, dagoeneko parean bideak jarraitzen duen espoloia ikusi daiteke.


Pista utzita, Iturrimurri espoloira joateko hartu behar den bidegurutzean.


Bidegurutzean espoloiaren izenarekin plakatxo bat jarri dute.


Basotik harrikarara ateratzen garenean Iturrimurrira doan bideak ezkerrera jotzen du (puntu gorriz markatutako bidea), guk aldiz, aurrera jarraitu beharko dugu, argazkian ikusten den bezala.


Bidean hitoren bat edo beste topatu genuen.


Iturrimurrira doan bidea utzi eta 50 metro ingurura gure ezkerrean lehen bilguneko artea ikusten da. Argazkian borobil gorrian ikusi daiteke.


Lehen bilguneko artea gertuago.


Arte hau erreferentzi bezala hartuz bidetik kanpo aldapan gora nahiko zuzen hasi ginen. Gure kasuan harkaitz plakak aprobetsatuz igotzen joan ginen igoera erosoagoa eginez.

Kotxetik atera eta 25-30 minutu ingurura bidearen oinara iritsi ginen. Bertan, margotutako harri gorrian bidearen izena topatu genuen (kronikaren hasieran dagoen argazkia).

DESKRIBAPENA

Atzoko hotzarekin konparatuz gaurko eguna epelagoa esnatu zen. Eginoko elizaren ondoan kotxea utzi eta patxadaz bidearen oinara iritsi ginen, oinara iritsi aurreko aldapan hauspoa zertxobait berotu ondoren.

"Hau da beroa" bota nion Asierri forro polar fina kentzen nuen bitartean. "Ba bai" erantzun zidan, "ea egualdikok eztuen asmatzen ta eztigun ebirik itten". Asierrek esan bezala, gaurko tenperatura baino euria zen gehien kezkatzen gintuena, eguerdirako ekaitza etorriko zela iragarrita zegoen eta.

Lehen luzea, 25 metro, III-IV. Asier ni baino askoz indartsuago izanda eta bidearen zailtasunik handiena bigarren luzean topatuko genuela jakinda, lehenengo luzea nik eskalatzea proposatu nuen.

Bidearen oinean trasteak prestatzen.


Trasteak zintzilikatu (gaur bai traste eta pisu pila jejeje) eta eskalatzen hasi nintzen.

Metro batzuk zuzen eskalatu ondoren (harkaitz zubi bat dago babesteko), belarren arteko pasabideko plaka etzana jarraituz ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu beharra dago espoloiaren ertzara iritsi arte (III inguruko zailtasuna). Zeharkaldia ez da zaila, harkaitza oso ona da eta hainbat harkaitz zubi topatuko ditugu.

Zeharkaldiaren amaierara iristen.


Zeharkaldiaren amaieran.


Bertatik egindako argazkia.


Zeharkaldiarean amaieratik gora plaka tentetu egiten da eta aseguruak jartzeko leku gutxiago daude baina helduleku paregabeak ditu (IV inguruko zailtasuna). Zati hau eskalatzear nengoela euri tanta batzuk erortzen hasi ziren: "joerrrr" pentsatu nuen "hoixe behar nun, zallena hasi behar denen ebie hastea". Harkaitza erabat bustitzen ez zela ikusita eskaladarekin jarraitu nuen.

Plakaren amaieran dagoen sabai azpira iristear gaudela gure eskuinean arte eder bat dago. 5-6 metroetako zeharkaldi horizontala egin eta gero (kontuz harri solteak daude eta) otearen itsurako arantzadun landareen artean dagoen artera iritsi nintzen. Zeharkaldi honetan luzeko izerdirik handienak bota nituen, ez zailtasunagatik, heltzen nituen harri gehienak kolokan zeudelako baizik. Bilgunea enborraren ingurutik pasatako zinta batekin egiten da.

Nire kasuan bi zinta lotu behar izan nituen enborratik pasa ahal izateko enborra lodia da eta, honegatik merezi du oso luzea den zinta edota kordino bat eramatea.

Lehenengo bilgunean.


Soka jaso eta talkietik Asierri eskalatzen hastea zuela esan nion. Bilgunera iritsi zenean materiala lasai pasatu eta bertan dauden landareak mozten aritu ginen bilgunea nolabait "garbituz". Gure ingurua "erdi-txukunduta" genuenean Asier bigarren luzea eskalatzen hasi zen.

Bigarren luzea, 25 metro, 4c. Bigarren luzeko bilgunera iristeko bi aukera ditugu: Lehenengo aukera lehen bilgunera iritsi aurreko zeharkaldia berriro egin (oraingoan eskuin-ezkerreko norabidean) eta sabaia zuzen eskalatzea da (4c-ko pausua). Guk aukera hau ez genuen garbi ikusi, honegatik bigarren aukera hartu genuen.

Bigarren aukerarako bilgunea egindako eta ondoan hilda dagoen arteen artean pasa eta eskuinera 10 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin genuen (oinez) arte txiki batera iritsi arte. Honen enborran zinta bat pasa eta hemendik gora zuzen doan diedro bertikala eskalatu genuen (4c-ko zailtasuna). Diedro hau nahiz eta bertikala izan helduleku onekoa da eta aseguruak jartzeko aukera handiak ematen ditu. Dena den, kolokan dagoen harriren bat edo beste badu eta bai Asierrek baita nik ere ahal izan genuen guztia garbitu genuen. Diedroa eskalatu ondoren, harri soltez jositako zati erraz bat eskalatu eta bigarren bilgunea egiten den arte batera iritsiko gara.

Asier bilgunetik ateratzen. Bigarren bilgunera iritsi zenean ikusten diren landare gehienak moztu nituen.


Lehenengo zeharkalda egin ondoren, orain dagoen artean lehen asegurua jarri genuen. Hemendik gora zuzen diedroa hasten da.


Diedroaren lehen metroetan.


Asier hasieran luzea luzeago egin hala ez zalantzan izan zen, baina generaman deskribapena irakurri ondoren, azkenean bilgunea deskribapenean azaltzen den leku berean egitea pentsatu genuen "bazpareee!!!".

Asierrek eskalatzen hastea nuela esateko desiatzen nengoen, bi hankak arantzaz beteak nituen eta, honegatik, talkietik abisua jaso nuen bezain pronto, bitan pentsatu gabe eskalatzen hasi nintzen. Diedroaren azpira iritsi nintzenean duen bertikaltasunak aho-zabalik utzi ninduen.

Diedroa azpitik.


Bigarren joateak ematen duen lasaitasuna aprobetsatuz diedroko leku askotan gelditu nintzen landarak moztu edota kolokan zeuden harri edota harkaitzak kentzeko, eta nahiz eta kolokan dauden harkaitzak topatzea ez den gustuko izaten, luze honekin ederki disfrutatu nuen.

Diedrotik ateratzen, gainean Asier ikusi daiteke.


Diedroaren irteeran. Hemendik bilgunera zapaltzen den ia guztia harri soltez josia dago.


"Ostia Asier ze onaaa!!!" Bota nion. "Buenooo" erantzun zidan umiltasunez. "Joer bueno" erantzun nion "de primero itteko ezta luze erosoa batez ere harringatik". "Bai" berak, "behintzat garbittu earra eman diogu".

Bigarren bilgunean.



Hirugarren luzea, 55 metro, III-IV. Hirugarren luzeak lehen metroetan bilgunetik gora zuzen doan plaka (III inguru) jarraitzen du.  Plakaren eskuinean dagoen lizar batean zinta bat pasatu genuen pausua aseguratzeko.

Plaka bilgunetik ikusita. Eskuinean lizarra ikusi daiteke.


Asier bigarren bilgunean.


Plakaren amaieran.


Bigarren bilgunea plakaren amaieratik.


Plakaren amaieratik gora luzea nahi dugun guztia erraztu edo zaildu dezakegu. Gure kasuan, deskribapenari jarraituz, ahalik eta plaka bertikaleenak eskalatu genituen. Honetarako, lehenik gainean ikusten diren bi arteen artetik pasa nintzen (III-IV). Hauen ezkerretik ere joan daiteke (errazagoa).

Bi arteak.


Bi arteen artetik malabarismoak eginaz pasa ondoren (altua izatearen gauza txarra jejejeje) eskuinera eskalatzen jarraitu nuen bertan baitaude plakarik bertikaleenak. Plaka hauetan topatuko ditugu luzearen zailtasunik handienak (IV), baina denbora osoan zailtasunak ekidin daitezke. Hasieran esan bezala plaka hauetako harkaitza trinkoa eta ona da eta helduleku nahiz aseguruak jartzeko aukera handiak dituzte. Plaka hauek eskalatzen ari nintzela berriro euri tanta batzuk erortzen hasi ziren: "Joer" pentsatu  nuen, "de primeroko luzeetan ebie bota behar do o ze?".

Arteen artetik pasa ondoren.


Plaka bertikal hauek eskalatu ondoren plakak etzaten joaten dira (III inguru) azken plaka bat igo arte.

Bilgunearen aurretik dagoen azken plaka.


Asier azken plaka eskalatu ondoren.


Azken plakatik oinez hurrengo plaka baten azpian dagoen izugarrizko harkaitz zubi batean bilgunea egin nuen ia sokarik ez nuen eta. Harkaitz zubi honetatik ere bi zinta (bata besteari lotua) pasa behar izan nituen handia baita. Bilgunea egitearekin batea euria gelditu egin zen: "buenoooo, behintzat ez da harkaitza busti" pentsatu nuen.

Luze honetan eta hemendik aurrera plaketako harkaitza eskalatzeko ikaragarria da, helduleku onak, pausuak babesteko aukera handiak eta oso itsasgarria. Plaketatik kanpo aldiz, harri eta harkaitz solte asko topatuko ditugu. Hasieran esan bezala luzea nahi adina zaildu daiteke, baina merezi du plakak eskalatzen joatea.

Hirugarren bilgunean. Laugarren luzea parean dudan plaka eskalatuz hasiko dugu.


Laugarren luzea, 55 metro, III+. Laugarren luzea bilgunearen gainean dagoen plaka eskalatuz hasi genuen (III+). Plaka ez da zaila baina aseguruak jartzeko leku bakarra dauka. 

Plaka eskalatu ondoren.


Plaka eskalatu eta gero Asier espoloiaren ertzara hurbildu zen. Ertzak eskuinean (eskaladako norabidean) utziko dugun arte baten ondotik doa.

Plakaren gainetik egindako argazkia. Eskuinean artea ikusi daiteke.


Ertzatik gertu eskalatzen. Kasu honetan artea ezkerrean ikusi daiteke.


Artea atzean utzi ondoren Asier ertzatik ahalik eta gertuen mantentzen joan zen ertzak egiten duen lepotxo bateraino. Lepotxoaren gainean dagoen harkaitzetik zinta bat pasatuz bilgunea egin zuen. Bilgunera iritsi aurretik ertza asko estutzen da.

Bilgunera iristen garenean, ezerezetik irtenda bezala  gure parean izugarrizko monolito bertikala ikusiko dugu. Ederra benetan!!!!!

Artea atzean utzi ondoren.


Luzea ertzatik jarraitu genuen. Argazkian Asier bilgunean ikusi daiteke. Hasieran luzea eskuinean ikusten den gandortxoa eskalatuz jarraitu behar ote zen pentsatzen aritu ginen.


Laugarren bilgunean.


Bilgunetik ikusten den monolito bertikala.


Bosgarren luzea, 55 metro, 4b. Lepotxoaren bestaldean 3-4 metroetako horma bertikala dago. Hasiera batean baloratzen aritu ginen horma nondik eskalatu: hormaren "jaiotzen" den lekuraino joan eta osatzen duen gandorratik (aukerarik errazena), hormaren erditik (zailtasun ertaineko aukera) edota ertzatik gertu dagoen arrail bertikaletik (aukerarik zailena). Azkenean hirugarren aukera hartu genuen, zaila ikusi ezkero beste aukerak baztertu gabe.

Lepotxora jaitsi eta arrail bertikala eskalatzeko prestatu nintzen. Arrailak hamar zentimetro inguruko zabalera izango du eta bertikala da oso (4b zailtasun inguruan egongo da). Hasiera batean eskalada ez nuen batere argi ikusi, baina azkenean ezker oina pitzaduran sartu eta pitzadura barruan dauden heldulekuetatik tira egin ondoren metro bat inguru altsatu nintzen, nahikoa "Alien" gris bat sartzen den kokalekura iristeko. "Alien"-a jarri eta soka pasatu ondoren kriston lasaitasuna hartu nuen: zein ezberdin ikusten diren gauzak soka gainetik duzunean!!!! Jejeje.

Oinak pitzadura barruan ongi kolokatu eta gora egin nuen eskuentzat dauden helduleku paregabeetara iritsiz. Helduleku hauetatik tira egin ondoren arraila uste baino errazago eskalatu nuen.

"Alien"-a jarri ondoren, eskuentzat dauden heldulekuei eusten.


Arrailaren zatirik delikatuena eskalatu ondoren.


Arrailaren gainetik egindako argazkia.


Arraila eskalatu eta gero beste 3 metro inguruko hormatxo bat topatuko dugu. Hasiera batean ertzaren ezkerretik eskalatzen hasi nintzen baina ez nuen oso garbi ikusi. Azkenean hormatxoaren eskuinetik eskalatu nuen (III-IV).

Hormatxoa eskalatu ondoren.


Monolito bertikala hormatxoaren gainetik ikusita.


Hormatxotik gora ertzatik ahalik eta gertuen mantentzen saiatu nintzen, IIIko zailtasunaren bueltan.


Behera egindako argazkia, Asier ooooooso behean ikusi daiteke.


Ertzak bertikalitatea galdu aurretik arte batera igotzen diren bi plaka ikusi nituen: ezkerreko plaka (ertzatik gertuena dagoena) artean amaitzen zela ikusita eskuinekoa eskalatu nuen, artetik oraindik eta gorago zihoan eta. Plaka hau eskalatu ondoren ertzak bertikalitatea galdu eta trepada erraz batzuen ondoren, eta batez ere Asierrek soka asko gelditzen ez zela esan zidalako (jejeje), arte baten enborra eta harkaitz zubi fin bat aprobetsatuz bilgunea egin nuen.

Ertzak bertikalitatea galtzen duen lekuan.


Argazkia gertuago. Nire ezkerrean ikusten den puntan azken luzea amaitzen da.


Argazki honetan bilgunera iritsi aurretik (argazkian ni bilgunean azaltzen naiz) dauden bi plakak ikusi daitezke. Bietatik eskuinekoa eskalatu behar da.


Asier azken plaka eskalatu aurretik.


Bosgarren bilgunean.
<

Seigarren luzea, 20 metro, III+. "Eztaba asko faltako ezta?" Galdetu zidan Asierrek. "Ba ezetz ustet" erantzun nion "Hormaren gañen dauden pagok bertan ikusten die ta". "Bazpare material guztie hartukoet" esan zidan Asierrek irrifartsu.

Seigarren eta azken luzea bilgunearen gainetik dagoen plaka eskalatuz hasten da. Guk ezkerreko plaka jarraitu genuen (gure ustetan zailena) baina eskuineko plaka edota bi plaken arteko belar arraila ere eskalatu daitezke. Dena den, eta deskribapenean irakurri genuenarekin ados gaude, azken zailtasun hau plaka zailenetik (III+) eskalatzea merezi du, harkaitza eta heldulekuak oso onak ditu eta.

Asier bilgunetik atera ondoren,


Bosgarren bilgunea.


Luzeari zailtasuna ematen dion plaka eskalatzen, eskuineko plaka edota bien arteko belar-arraila eskalatzea errazagoa da.


Plaka hau eskaltu eta gero inongo zailtasunik gabe espoloi eta bidearen amaierara iritsi ginen (hito bat dago bertan). Bilgunea puntan bertan dagoen harkaitz batetik zinta bat pasatuz egin genuen.

Asier bilgunea prestatzen.


Zailtasun guztiak amaituta: hau da gozadaaaaa!!!!!


Seigarren bilgunean, argazkian hitoa ikusi daiteke.


Seigarren bilgunearen beste argazki bat, azpian Egino.


Bidea bukatu, elkar besarkatu eta, oraingoan euria benetan hasiko zenaren beldurrez, lehen tanten azpian, materiala azkar-azkar jaso eta ahalik eta azkarren aldegin genuen.

Bidearen amaieran egindako argazkia.


Eginora itzultzeko gailurraren bestaldean dagoen pagadira sartu behar da eta bertan Iturrimurri espoloiatik datorren bidearekin bat egingo dugu (puntu gorriz adierazita). Bidea eskuinera hartu beharko dugu. Bideak Eginoko isuria hartzen duen lekuan,  harkaitz batean karteltxo bat jarrita dago biderik ez galtzeko.

Eginora joateko norabidea adierazten duen karteltxoa.


Bidearen amaieratik Eginora gutxi gora behera 45 minutuko denbora pasa genuen eta Eginora izugarrizko zoriontasunarekin iritsi ginen bata besteari "hurrengoa Asezinak ezta?" esaten. Ea negu giroa eta eguraldi txarra iritsi aurretik egiten dugun.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina