AZKEN 10 SARRERAK

2014/01/17

EGINO, ITURRIMURRI EZPROIA, 200 m, 4c (4c behartua), 2014/01/11





Arkaitzean eskalatzen aspaldi ibili gabe geunden eta, lehenengo elurrak mendietatik ihes egin ondoren, bagenuen gogoa arkaitzeko bideren bat egiteko.Zer egin pentsatzen ari ginela, Asierrek Eginon ireki berria den Iturrimurri espoloia egitea proposatu zuen.

"Bidea erreza emateo, gutzako modukoa" esaldiarekin denok konbentzitu gintuen, larunbaterako plana eginaz. Zerbait egiteko gogoa dagoenean ez da askorik falta izaten konbentzitzeko, eta oraingoan hala gertatu zen.

Ostiral gauean bide honen inguruko informazio bila hasi eta, nola ez, Xabier Larretxearen "eskalatzen" blogean amaitu nuen bidearen inguruko informazio zehatza topatuz. Xabierren krokis eta deskribapenak klasiko bihurtu dira, blog zoragarri honek denboraz hartu beharreko bisita mereziz.
Bertako bidearen krokisa eta deskribapena fotokopiatu, motxilaren ondoan utzi eta ohera joan nintzen.

DATU BATZUK

Erabilitako materiala: 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, eta baga eta friend batzuk luze batzuetan txapen arteko tartea handia denez, harkaitz zubietan jarri eta bilgune batzuk ere indartzeko. Hala ere, harkaitz-zubi gehienak (guztiak ez badira) sokaz babestuak daude. Walkie-talkie pare bat ere eraman genuen bilguneetan oihuka ez aritzeko.
Bidearen ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi eta Gontzal Avila.
Orientazioa: Hegoaldea, komeni da ura eramatea beroa egiten badu bidea luzea egin daiteke eta. Gainera behin Egino herritik ateratzerakoan ura aurkitzeko lekurik ez dago.

BIDEAREN KROKISA

Bide honen inguruko informazio zehatz eta baliagarria topatu nahi baduzue, Xabier Larretxearen "Eskalatzen" blogean topatuko duzue (bidearen deskribapnea irakurri nahi baduzue hemen klik egin dezakezue).

Bere blogean azaltzen den deskribapenarekin alderatuz, guk bidea bost luzeetan egin beharrean lau luzeetan egin genuen.

Xabier Larretxearen blogetik hartutako argazki honetan guk egindako luzeak marraztu ditut.



EZPROIRA NOLA IRITSI

Bide hau Eginoko ohiko bideen (Xabier, Berta, Udaberri, Elmer, Susi...) ekialdean geratzen da bertaraino iristeko bide ezberdin bat jarraituz.

Google Earth-etik egindako argazki honetan Egino herritik Iturrimurri espoloiraino gutxi gora behera jarraitu behar den bidea marraztu dut.


Modu hotz eta maitasun gutxiarekin, goiko argazkia erreferentzi bezela hartuta, espoloiarte jarraitu beharreko bidea azalduko dut.

Egino herrian kotxea utzi ondoren (guk elizaren ondoan uzten dugu), iparralderuntz joango gara Xabier, Berta  edo Udaberri bideetara joango bagina bezela. Herritik irten behar garenean bidegurutze batera iritsiko gara. Bidegurutze honetan, eskalada bide hauetara doan zementuzko bidea utzi eta gure eskuinean hasten den lurrezko pista jarraituko dugu.

Bidegurutzean, oraingoan eskuineruntz doan pista jarraituko dugu.


Lurrezko pista ehun metro inguru jarraitu ondoren abeletxe handi baten parera iritsiko gara. Abeletxera doan bidea utzi ondoren langa edo ataka bat zeharkatuko dugu.


Langa hau pasa eta 50 metro ingurura bigarren langa batera iritsiko gara. Langa honek, argazkian ikusten den bezela, pasabide kanadiar bat dauka eta honen ondoren bidegurutze bat topatuko dugu. Argazkian margotu dudan bezela, ezkerreruntz doan bidea utzi eta zuzen jarraituko dugu.


Pistak haritzen artean jarraitzen du malda bat igoz.


Hariztiaren amaieratik gertu bigarren bidegurutze bat topatuko dugu. Bidegurutze honetan zuzen jarraituko dugu eskuineruntz doan pista (argazkian margotu dudan bezela) hartu gabe.


Bidegurutzea atzean utzi eta ehun metro ingurura zelai zabal batera iritsiko gara.


Eta zelaia atzean utzi ondoren pista bere amaierarte jarraituko dugu. Amaiera honetan zelai txiki bat eta pistaren amaieran, gure parean gendarme bat ikusiko dugu.

Argazkian gendarmea eta zelai txikia ikusi daitezke.


Gendarme erreferentzi bezela hartu eta bertaraino joango gara bere azpian puntu gorri bat topatuz. Argazkian puntu gorria non dagoen adierazi dut.


Argazki honetan puntu gorria gertuago ikusi daiteke.


Hemendik aurrera bidea puntu gorri eta hitoz oso ondo markatua dago, baina komeni da bidea ez galtzeko arreta jartzea.

Hasiera batean, argazkian ikusten den bezela, bideak harrikara bat zeharkatzen du.


Josu, Asier eta atzean gendarmea.


Harriakararen amaierara iritsi behar garenean, puntu eta hitoek zuhaitzetatik gertu, goruntz zuzen eramango gaituzte.


Lehen zuhaitzetara iristerakoan bidea zuhaitzen artera sartu eta eskuineruntz desbideratzen da. Argazkian ikusten denez, denbora osoan hito edota puntu gorriak topatuko ditugu.


Zuhaitzak zeharkatu eta bigarren harrikara txiki batera iritsiko gara. Hemen bideak zuzen jarraitzen du gure parean Iturrimurri espoloia azalduz.

Asier bigarren harrikaran, gainean Iturrimurri espoloia (argazkiaren erdian) duela.


Bideak zuzen jarraitzen du metro batzuetan baina bapatean berriro ere eskuineruntz desbideratzen da bigarren gendarme bateruntz.


Baina ez gara bigarren gendarme honetara iritsiko bideak berriro ere ezkerruntz hartu eta zuzen jarrraitzen baitu Iturrimurri espoloiraino.


Gutxi gora behera kotxetik ordu erdira espoloiaren azpira iritsiko gara. Bertan, argazkian adierazi dudan bezela, plakatxo bat topatuko dugu.



DESKRIBAPENA

Goizeko zazpi t'erdietan mugikorraren alarmak ohetik bota eta sukaldera jaitsi nintzen gosaltzera. Leihotik oraindik erdi ilunpean zegoen kalera begiratu eta eguna dotorea zetorrela ikusita, motxilatik forro polarra atera nuen"gaur eztet honen beharrik izango" pentsatuz.

Gosaldu, trasteak hartu, kalera atera, Josuren kotxera igo eta martxan jarri ginen. Ordizian oskarbi zegoen zerua Etxegarate mendatea jaisten genuen ehinean behe-lainoaren artean izkutatu eta tenperatura jaisten hasi zen. "Eztakit ba erropa gutxiegi ekarri ez ote dudan" bota nien. "Gutxiñez, aproximazioa luzea denez, biden ziur berotuko geala" erantzun zidan Asierrek.

Eginora iritsi eta, normalean egiten dugun moduan, elizaren ondoan kotxea utzi genuen. Kotxearen epeltasunetik atera bezain pronto kaleko hotzak zirrara bat eman zidan gorputz osoan, dutxan nahi gabe ur hotzari ematen zaionean gertatzen den bezela. "Gutxiñez, gorroa eta eskularruk ekarrittut" pentsatu nuen.

Azkar-azkar materiala atera, hiruen artean banatu eta behe-lainoaren artean martxan jarri ginen espoloia topatuko ote genuen zalantzarekin. Xabier Larretxeak eginiko marrazkia eskutan, pixkanaka bertan adierazitako puntuak pasatuz joan ginen bide onetik gindoazela baieztatuz. Gendarmetik gora puntu gorriak eta hitoak bazirela bagenekien baina hauen kopurua eskasa izango ote zen urduritzen gintuen.

Gendarmearen azpira iritsi ginenean, bapatean, antzoki bateko oihala ireki izan balitz bezela, behe-lainoa desagertu egin zen gure azpian geldituz eta gure gainean berriro ere zeruaren urdintasuna agertu zen. "Beno, gutxiñez ezkea laino arten puntuen bila aittuko" pentsatu nuen. Gendarmearen azpian dagoen lehen puntu gorria topatu eta pixkanaka-pixkanaka, onttoak biltzera joan eta lehenengoa hartzen denean gertatzen den bezela, gure aurrean puntu gorri eta hitoak ikusten hasi ginen bidea inongo arazorik gabe jarraituz. Bueno, egia esan, onttoekin ez da hau beti gertatzen baina ez zitzaidan adibide hobeago bat bururatzen jejeje.

Eginotik atera eta ordu erdi pasatxoan espoloiaren azpira iritsi ginen. Gladiadoreak egiten zuten moduan, pixkanaka motxilatik gauzak atera eta eskalatzaile mozorroak jantzi genituen. Ordurako, Asierrek aurrikusi bezela, bertaraino egindako ibilalditxoa zela eta, kotxeko hotz guztiak joan zitzaizkidan eta motxila kentzerakoan bizkarrean izerdi punttu txiki bat ere somatu nuen. Trasteak arnesaren eta lepoaren inguruan zintzilikatu eta Asierrek lehen luzea eskalatzen hasi zen.

Lehenengo luzea, 45 metro, 4c. Lehenengo luze honek "Iturrimurri" izena duen plakatxotik zuzen doa. Paraboltak eta arkaitz zubiak (denak soka batekin babestuak) tartekatuz aseguratzen dira. Beharbada luzearen zailena hasierako plakan topatu genuen, ez dakit plakatxo honen berezko zailtasunagatik edo oraindik hotz geundelako. Bilgunea, zuhaixka batzuen enborren artetik pasatako soka batez osatua dago.

Lehen luze hau harkaitzaren aldetik oso fidagarria ez zela irakurrita genuenez, Asierrek poliki-poliki, eskuak eta oinak non eta nola jarri behar zituen ongi begiratuz, ziurtasun handiz, artista moduan, luzea erraz egin zuen. 


Asier luzearen hasieran...


... Amaieratik gertu...


... azken esfortzua...


... eta luzea amaitu ondoren, lehen bilgunean.


Harkaitza hotza dagoenean katuak hobe eusten omen dute, baina inork ez du eskuetako behatzei erreferentzirik egiten. Luzearen erdian Josu eta biok behatz puntak erabat hoztuta genituen eta ia ez genuen harkaitza sentitzen, behatzak erabat lokartuta egongo balira bezela. Hala ere, luzearen zailtasun "gozoagatik", lehen luze hau nahiko ongi egin genuen. Nahiz eta hala irakurri, harkaitzaren kalitatea ez zitzaigun hain txarra iruditu.

Josu luzearen hasieran dagoen plakan.


Lehen bilgunea.



Bigarren luzea, 35 metro, 4b. "Nik emangoiot" esan nien bi anaiei. Materiala zintzilikatu eta goruntz hasi nintzen. Erabaki hauek igerileku hotz batera bota behar denean bezela hartzea gustatzen zait, erabakia hartu eta bitan pentsatu gabe aurrera egin, bilgunetik atera ondoren atzera bueltarik izango ez balitz bezela.

Ertz-lerrotik metro batzuk egin ondoren, ertz-lerroa utzi eta ezkerreruntz 10 metro inguruko zeharkaldi bat eginez luzearen lehen paraboltera iritsi nintzen.

Bigarren luzearen nondik norakoak eta zeharkaldia.


Zeharkaldia amaitu ondoren.


Aurretik dudana, luzea oso ondo babestua dago.


Izagirre anaiak lehen bilgunea zeharkaldiaren amaieratik.


Zeharkaldiaren ondoren, goruntz begiratu eta horma bertikal jartzen zela ikusi nuen. "Beno Smithy, hemen hastea asuntoa" pentsatu eta begiak itxita, eskuak harkaitza laztanduko banu ikutu, hirutan arnasa sakon eta lasaia egin eta eskalatzen hasi nintzen.

Bideak goraka zuzen eraman ninduen plaka fin eta eder bat eskalatuz. Plaka hontako heldulekuak onak eta ugariak iruditu zitzaizkidan eta oso ongi dago babestua, parabolten arteko tartea motza izanik.

Plakaren amieran bi harkaitz-zubi topatu nituen. Hemen luzeak ezkerreruntz zertxobait desbideratu eta zuzen beste metro batzuk eskalatu ondoren erlaitz zabal batera iritsi nintzen. Zati honen hasieran ezkerregi joan eta ezusteko txiki bat izan nuen eskuin eskuko heldulekua hautsi nuenean. Berriro zertxobait eskuineruntz bota eta harkaitz sendoa eskalatuz erlaitzera iritsi nintzen. Zati honetan komeni da hormaren ezkerretik ez eskalatzea, bertan dauden harriak nahiko ezegonkor daude eta.

Plaka eskalatu ondoren dauden bi harkaitz zubien parean.


Erlaitz zabalaren ondoren beste plakatxo bat eskalatu eta bigarren bilgunera iritsi nintzen. Bigarren bilgunea parabolt bat eta harkaitz zubi batetik pasatako soka batekin osatua dago.

Bigarren bilgunea.


Josu lehen plakan nire begiradapean.



Hirugarren bilgunea, 58 metro, 3c. Eskaladan idatzita ez dagoen legeari jarraituz, hirugarren luzeari Josuk eman zion. Trasteak hartu eta arin-arin goruntz abiatu zen nik argazkiak eta bideoak egiten nizkion bitartean. Bistatik galdu genuenean Asierrek soka eman eta eman ari zela konturatu ginen: "Luze honek zenbat metro ditu?" Galdetu zidan Asierrek. "Krokisen 35 metro dittula esateo", erantzun nion, "Zeba?". "Ba sokan erdie baño gehio emaiot ta goraka segitzeo" erantzun zidan.

Josuk bilguneak ez ikusi eta atzean uzteko duen abilezia kontutan izanda, Asierren Reversotik metroak nola pasatzen ziren ikusi genuen: 30, 35, 40, 45... Azkenean, Josu gelditzen ez zela ikusita eta ia bilgunetik ateratzear geundela, soka gelditu egin zen. Luzeak egin zitzaizkigun minutu batzuen ondoren Josuk eskalatzen hasteko oihukatu zigun.

Josu luzearen hasieran.


Bistatik galdu aurretik.


Asier bilgunetik irteteko prest.


Luzeak lehen metroetan plaka batetik goruntz doa eta honen ondoren helduleku eta fisurero eta friend-ak jartzeko lekuz josita dagoen hormatxo batetik jarraitzen du. Lehen metro hauek zoragarriak iruditu zitzaizkigun eta bideaz gozatuz, gure bizitzetan inongo preokupaziorik izango ez bagenu bezela, hormari metroak irabazten joan ginen.

Asier hormatxoan



Hormatxo honen ondoren, Josu bistatik galdu genuen puntuan, metro batzuk oinez egin eta puntatxo batera eramango gintuen azken plakatxo bat eskalatzeko prestatu ginen. Xabier Larretxeak oinez egiten den leku honetan edota plakatxoaren hasierako zinta gorri baten azpiko harkaitz-zubian bilgunea jartzea gomendatzen du.Gure kasuan, Josuk bilgunea puntatxoan jarri zuen.

Puntatxora eramango gaituen azken horma. Goian Josu ikusi daiteke..



Azken plaka-hormatxo honetan luze osoan ikusi genuen parabolt bakarra topatu genuen.

Ni azken hormatxoan. Nire gainean dagoen expressa paraboltean jarrita dago.


Puntatxoaren gainean, parabolta garbiago ikusten da.



Esan bezela, luze hau izugarri gustatu zitzaigun eta oso disfrutagarria da, friend eta fisureroekin jolasteko aproposa izanez.


Hirugarren bilgunea puntatxoan jarria.



Hirugarren bilgunera iritsi eta honen atzean, 4-5 metroetara, Xabier Larretxearen krokisean azaltzen den laugarren bilgunea ikusi genuen. Bilgune hau zuhaitz baten enborrean pasatako soka batek osatzen du. "Pena 70 metroetako sokak ekarri ez izana" bota nien. "Ba bai" erantzun zidan Asierrek, "baina zuhaitzen bilera jarrizkeo sokak dexente rozatuko zun". Gure hirugarren bilgunetik gauzak jaso eta oinez hirugarren bilgune "bis"-era joan ginen.

Laugarren luzea, 45 metro, 4a. Josuk orain arteko luze errazenak eginak zituela kontutan izanda, azken luze honi berak egitea erabaki genuen. Ertz-lerrotik bertatik metro batzuk egin ondoren (hemen puntu gorriak daude), sasiz jositako kanaltxoa zeharkatu eta ezkerrean dagoen plaka bertikalera iritsi zen. Bazpare, lehen metro hauek alien gorri batekin babestu zituen. Ezkerreko plaka bertikal honetan bidea nondik doan jarraitzea erraza da paraboltez babestua dago eta.

Josu luzearen hasieran. Lehen expressa hirugarren bilgune "bis"-etik pasata dago.


Ertz-lerroa eta Josu plaka bertikalaren azpian.



Plaka bertikal hau oso ongi babestua dago eta, nahiz eta hala ez iruditu, helduleko onak dauzka. Pitzadura zabal batetik metro batzuk egin ondoren, Josu plaka eta luzeari zailtasuna ematen dion irteerara hurbildu zen.

Josu irteeran, pitzaduratik atera ondoren.


Plakatik atera eta bistatik galdu genuenean, hemen ere, sokari metroak irabazi eta irabazi joaten ari zela ikusi genuen, 45 metro inguru pasa ondoren "Runiónnnnnn" oihukatu zuen arte. Berriro ere, harkaitz baten inguruan dagoen bilgunea atzean utzi eta zuhaitz baten inguruan bilgunea jarri zuen.

Ertz-lerrotik egiten diren lehen metroak ikusgarriak dira. Gure eskuinean amildegia eta ezkerrean sasiz betetako kanaltxoa dago, ez dakit erori ezkero, zein aldetara erortzea izango den hobea.

Plaka azpitik ikusita.



Plakaren azpira iritsi nintzenean nire errituala berriro ere egin nuen: begiak itxi, eskuekin harkaitza laztandu eta arnasa sakon hartzen nuen bitartean harkaitza ahalik eta gehien "sentitzen" saiatu nintzen. Ariketa xinple honek izugarri lasaitu eta horma eta beste modu batera ikusten laguntzen nau.


Pitzadura eskalatzen.


Plakaren irteeran. Irteera zenbait eta eskuinagotik (eskaladako norantzan) egin ahalik eta zailagoa da.


Asier berezko bilgunea dagoen lekuan. Josuk bilgunea goian ikusten diren zuhaitzetan egin zuen.


Berezko azken bilgunea.


Azken bilgune "ofizialetik" guk egin genuen bilgunera iristeko, plaka batetik trepadatxo erraz bat besterik ez genuen egin. Behin bidea amaitu ondoren, nik uste dut Josuk hartu zuen aukera ez dela batere txarra bilgunea zuhaitzean jarriz.

Asier bilgunera eramaten duen azken trepadatxoan.


Laugarren bilgunea.


Bilgunera iritsi eta egin lehen gauza kamara atera eta talde argazkia egitea izan zen.

Hiruok azken bilgunean. Atzean jaitsierako biderako jarraitu behar den lehen puntu gorria non dagoen ikusi daiteke.


Honelako eskalada eder eta gozagarriak egiten direnean ezinbestekoa izaten da luzez-luze bizitakoa berriro ere bizitzea, eta horrela aritu ginen materiala jasotzen genuen bitartean, filme luze bat ikusten denean bezela, bakoitzak gehien gustatu zitzaion zatia kontatuz.

JAITSIERA

Ez dakit zer sentitu zuten Hansel eta Gretel-ek ogi papurren atzetik aritu zirenean baina ez dut uste jaitsiera honetan sentituko denarekin oso ezberdin izango denik.

Nahiz eta harrigarria iruditu, bidean topatuko ditugun puntu gorrri eta hitoek Eginotik geroz eta gehiago urruntzen gaituela sentitu genuen, ertz-lerroa ekialderuntz jarraituz.

Bideak ia ertz-lerro osotik eraman gintuen.


Bidean puntu gorri eta hitoak topatu genituen.


Bidean arreta handiz joan behar izan genuen, Hansel eta Gretel bezela, puntu gorrien bila, igoeran bezain ugariak ez baitira. Dena den bidea nahiko ongi adierazita dago eta pazientziaz hartzen bada ez daukagu zergatik galdu behar.

Jaitsieran... Puntu gorria pagoaren enborrean ikusi daiteke.


Eginotik gehiegi urruntzen ez ote ginen pentsatzen hastear geundela, bideak mugarri batera eraman gintuen.

Asier mugarrian.


Eta mugarri hontatik aurrera berriro ere Eginoruntz jaisten hasi ginen.

Mugarria, Asier, eta atzean hito eta puntu gorri bat.



Eginorako jaitsieran puntu gorri eta hitoei gezi gorriak batu zitzaizkien.


Eginoruntz jaisten hasi ginenean arreta biderkatu egin genuen, puntu gorrien kopurua dexente jaitsi, eta punturen batean, hitoak oso ongi kokatuak ez zeuden eta. Badaezpada, bideari kontribuzio txiki bat egin asmoz, guk ere hainbat hito ipini genituen.

Eginoko jaitsieran. Hor nonbait, ez naiz identifikatzeko gai izan, espoloia dago.



Bideak pixkanaka goizean lehen marka gorria topatu genuen gendarmeruntz eraman gintuen, behin hona iristerakoan, goizean igotako bidea jaitsiz.

Guztira, bidearen amaieran oinez hasi ginenetik ordu bete pasatxo pasa genuen.

AMAIERA

Bidea oso gomendagarria iruditu zaigu, zailtasunean eramangarria eta friend, fisurero eta harkaitz-zubien munduarekin jolasean hasteko aproposa, zorionak ekipatzaileei.

Antxon Gorrotxategik ireki dituen beste bideekin gertatzen den bezela, bide hau klasiko bat izatera deitua da, bejondeiola!!!!!

Amaitzeko, bidearen bideo-erreporra uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina