Zer da negu giroan mendi bat eskalatzea? Himalayismoan esaten den moduan abenduaren 21 eta martxoaren 20 bitartean eskalatzea, edota negu, elur, eta hotz egoeran eskalatzea? 2009 urtean "Larrunarriko arista" (Goierrin esaten diogun bezala) urtarrilaren 2an eskalatu genuen. Orduan ez genuen batere elurrik topatu eta hasieratik amaiera arte katu oinik kendu gabe eskalatu genuen (kronika hemen irakurri dezakezue).
Baina hau al da negu giroan eskalatzea? Edo neguan (urtaroari begiratzen badiogu) eskalatzea besterik ez da?.
Himalayismoaren definizioa alde batera utzita, gure ustez, inguruko mendietan behintzat, negu giroan igo eta eskalatzeak goian aipaturiko bigarren egoera betetzea dakar, hau da, elur, izotz eta negu giro batean, neguan izan hala ez. Negu giroa den eta ez denaren arteko muga non ezarri beste kontu bat da eta eztabaida sakona izan dezake, honegatik kronikaren izenburuko galdera.
Aurtengo bigarren elurtea aprobetsatuz, ostiralean Ausa Gaztelu mendira igo nintzen Larrunarriri argazkiak egiteko asmoz. Helburua? Elur-mailaren egoera ikusi mendebaldeko gandorrren eskalada baloratzeko. Egun berean eta helburu berarekin Asier mendi-eskiekin Larrunarrira igo eta bidean Mikel Saez de Urabainekin ("non-stop eskalada bloga" eta "Aralarren eskalak" blogen kudeatzailea) topo egin zuen. Gandorraren egoeraz hizketan, Ordiziako alpinista handiak "interesantea" zegoela komentatu zion, elur askorekin, baina berak lagun batekin dexente garbitu zuela.
Larrunarri Ausa Gazteluren gailurretik, 2016ko otsailak 19.
Egindako argazki eta Mikelek esandakoarekin asteburuan zer eta nola egin antolatzen hasi ginen. Larunbaterako iganderako baina hotz handiagoa iragarrita zegoenez, larunbatean Aketegira joan ginen (kronika hemen irakurri dezakezue) iganderako Larrunarriko ertzaren eskalada utziz. Mikelek emandako aholkuei jarraituz, gandorra eskalatzeko normalean eramaten dugun materialatik aparte, pioletak, kranpoiak eta friend sorta bat eraman genuen.
Gandorraren inguruko zehaztasunak eta normalean eramaten den materiala kronika honetan (eta kronika honen azpiko beste kroniketan ere) azalduta ditudanez, honen inguruan ez naiz luzatuko.
Dena den, elurrik gabe egiten dugun eskaladarekin aldaketa batzuk egin genituen materiala eta luzeak eskalatzeko garaian: Materialari dagokionez Alien semaforoa (grisa ere), lincam hori eta gorria, 3ko Camalot-a eta pare bat mikrofriend eraman genituen, kranpoi eta pioletekin batera. Luzeen antolaketari dagokionez aldiz, udan gandor lau luzeetan eskalatzen dugun arren, oraingoan sei luzeetan eskalatzea pentsatu genuen, tarte zailenak azpitik aseguratuz. Honetarako, udan egiten dugun bigarren eta hirugarren luzeak bitan banatu genituen lehen eta azken luzeak berdin mantenduz.
Larrunarri otsailaren 19an, ikusgarria benetan. Karratuan mendebaldeko ertza adierazi dut.
Gandorraren "neguko krokisa". Ikusten denez, lau luzeetan eskalatu beharrean sei luzeetan eskalatu genuen.
DESKRIBAPENA
Larunbatean Aketegin topatu genuen elurraren kalitatea ikusita Larrunarriko gandorraren egoera nolakoa izango zen ez genuen batere argi. Mikelek esan bezala elur askorekin bazegoen, ezin izango genuen pioletekin trakziorik egin (oso biguna egongo zelako) eta honek beldurtzen gintuen. Badaezpada, elurra gogorragoa topatuko genuenaren esperantzan, herrian goizeko zazpiretan gelditu ondoren, erdi ilunpetan, Asier, Iker eta hiruok Larraitzetik 07:30tan atera ginen.
Ateratzeko prest.
Zerua oskarbi izan arren ez zegoen hotz handirik eta gandorraren oina bitarteko elurra oso bigun topatu genuen.
Txindokira doan ohiko bidean.
Aizkorri egunsentian, elur asko baina oso bigun.
Gure azpian Orendain irla bat dirudi.
Amezti mendiaren bidean.
Ausa Gaztelu eta Aizkorri urrutian.
Gandorra gertuago, ikusmira honek izugarri erakartzen nau.
Larrunarriren itzala Goierri estaltzen.
0 Bilgunearen bitarteko eskaladatxoetan (I-II).
"Kranpoi ta pioletekin eskalatuko deu?" Galdetu nien gandorraren oinera iritsi ginenean, "interneteko deskribapen batzutan nahiz ta diedron elur gutxi izan fisuretan izotza topatze zutela esate zuen ta denek kranpoiak jantzita eramatea gomendatze zituen". Diedroa azpitik ongi begiratu eta nahiko lehorra zegoela iruditu zitzaigun. Hala ere, lehen bilgunea muntatzen den lepotxoan izotza topatuko genuenaren beldurrez kranpoiekin eskalatzen hastea pentsatu genuen, pioletak motxilan utzita.
Material guztia hartu eta konfidantza handiaz eskalatzen hasi nintzen. Lehen aldia zen mota honetako horma bat kranpoiekin eskalatzen nuela eta udan erraz eskalatzen dudan diedroak nahi baino izerdi gehiago botarazi zizkidan. Tartean, bi friend sartu eta hauetatik tiraka ere aritu nintzen zatirik gogorrena gainditzeko. Kranpoiek kirrinka eta harkaitzaren erre usainen artean diedroaren gainera iritsi nintzen: "eztakit ba kranpoirik gabe hobe ez ote den eskalatuko!!!!" esan nien.
Lehen diedroa kranpoiekin eskalatzen.
Zatirik zailena eskalatu ondoren.
Amaieran.
Hemendik aurrera metroak errazago irabazi baina kranpoiek normalean baino baldarrago ibiltzea behartu ninduten. Bilgunera iritsitakoan izugarrizko poza hartu nuen: "Bilguneaaaa!!!! Yeahhhhhh!!!" Oihukatu nien talkietik. Ez nuen erantzun argirik jaso, ordurako haize fin eta indartsu batek bazterrak astintzen hasita zegoen eta.
Iker izan zen lepotxoaren gainetik azaldu zen lehena: "Zemuz?" Galdetu nion. "Buffff, kristoneko tentsiokin, ahal izan deten guztiri helduiot". "Normala" erantzun nion "ez gare kranpoiekin harkaitzen eskalatzen ohituta ta". Asier "lasaiago" azaldu zen, baina berak ere hestuasun bat baino gehiago pasa zuela aitortu zigun: "diedro hoi deskuidau ezkeo pioletekin errexegao eskalatuko genun" esan zigun, "ba deskuidau ezkeo bai, zati zallenen pioletekin goiko heldulekuta iritsiko ginen eta" erantzun nion.
Lehenengo luzea hain lehorra zegoela ikusita, bigarrena hasi aurretik bertako diedrotxoa bertikala aztertu genuen. Diedrotxoa itsuraz lehorra zegoela ikusita kranpoirik gabe jarraitzea erabaki genuen: "Hortio gora kranpoiak jarri behar badie jarrikoittut" esan zidan Asierrek. Asierri materiala pasa eta bigarren luzearen lehen metroak erraztasun handiz eskalatu zituen: "Zemuz?", galdetu zion anaiak. "Hola bai errexa" erantzun zion.
Bigarren diedrotik behera egindako argazkia.
Bigarren bilgunetik behera egindako argazkia.
Bigarren bilgunea lehenengotik 35-40 metro ingurura muntatuta dagoen bilgunean muntatu zuen, "plaka politaren" oinean dagoen bilgunera iritsi aurreko arrail-tximinia azpitik eta gertuago aseguratzeko.
Bigarren bilgunea.
Iker eta biok kranpoiak kendu, motxilan gordetzeko denbora hartu eta Iker eskalatzen hasi zen. Lehenengo luzeko tentsioa oraindik askatu gabe anaia sekula baino urduri eta baldarrago ikusi nuen, gandorra lehen aldiz eskalatzen arituko balitz bezala. Diedrotxoa eskalatu zuenean eskalatzen hasi nintzen.
Bigarren diedroarekin borrokan.
Bigarren diedroaren amaieratik bilgunera egindako argazkia.
Katu-oin edota zapatilekin eskalatzetik neguko botekin eskalatzera badago aldea. Oinentzako heldulekuak apenas sentitze horrek arriskuaren alarma guztiak pizten ditu eta ezinbestean eskaladan arreta osoa jarri beharra dugu. Hala ere bere gauza onak ere baditu: edozein arrailean bota sartzen badugu oina ez da batere mugitzen eta zorua zurruna izateak oinak zuzen mantentzen ditu hainbat mugimendu erraztuz. Dena den, nahiago dut katu-oinekin eskalatzea jejejeje.
Bilgunerako bidean elurra topatu eta lekuren batean irrist egin genuen, baina ezustekorik gabe, elurra biguna zegoelako: "Bueno, bigarrena indeu, ea hemendio gora gauzak mejoratzen dien" komentatu nien. Ikerrek gaurkoan luzerik ez zuela irekiko esan zigun, ez baitzuen bere burua seguru ikusten. Honela ba, Asierri materiala hartu eta gora jarraitu nuen.
Hirugarren luzea "plaka politaren" azpiko bilgunera arte egin genuen, 20-25 metro inguru. Bilgunetik atera eta metro erraz batzuen ondoren (kontuz ibili behar izan nuen tarteka elurra zegoen eta) hirugarren bilgunearen azpiko arrail-tximinira iritsi nintzen. Gandorra eskalatu nuen azkenekoan arrail-tximinia azpian duen parabolt bakarrez aseguratzen zen eta ez zegoen beste asegururik bilgunera arte. Oraingoan aldiz, aluminio koloreko iltze berri bat ikusi nuen arrail-tximinia hobe aseguratzeko aukera eskeiniz.
Oin eta eskuentzat helduleku onak topatuz, pazientziaz, arrail-tximinia eskalatu eta badaezpada honen amaieran dagoen arrailtxo batean lincam horia sartu nuen bilgunera arte aseguru bat gutxienez izateko, haizeak eta elurrak noizik eta behin oreka mantentzeko arazoak sortzen zizkidan eta. Bilgunera iritsi nintzenean eguzkiak jotzea ere eskertu nuen, orain arte itzalpean (eta hotz pixkat pasatuz) eskalatzen ari ginen eta.
Arrail-tximiniaren irteeran.
Hirugarren bilgunean.
Iker eta Asier di-da batean iritsi ziren. "Hau errexego, ezta?" Galdetu nion Ikerri. "Bai, baña oaindio tenso nijo" erantzun zidan. Asierri materiala pasatu eta konturatzerako "plaka polita" eskalatu zuen. Laugarren bilgunea "plaka politak" igotzen duen pinakuluaren azpiko lepoan muntatu zuen, gandorrari zailtasuna ematen dion tartearen oinean. 25-30 metro inguruko luzea izango da.
"Plaka polita" eskalatu ondoren.
Bi anaiak hirugarren bilgunean.
Asier aseguratzen, atzean Ausa Gaztelu eta Aizkorri.
"Plaka polita" eskalatu eta Ikerren zain gelditu nintzen. Ez dakit eguzkiaren berotasunagatik edo baina plaka oso erraz eskalatu zuen: "Oain bai lasai!!!" esan zidan, "derrepenten tentsio guztik jun zaizkit". Bi anaiak orratzera igo eta, oreka haizeagatik nola-hala mantenduz (noizbehinka haize ufadak gogorrak ziren benetan), Asierrek eskalatzaile askok gandorrean egiten duten argazki tipikoa egin zigun. Egia esan lehen aldia zen argazki hau egiten genuela, normalean luze hau ertzaren zatirik gogorrena amaitu arte luzatzen dugu eta.
Laugarren bilgunera iritsi aurretik eskalatzen den orratzean.
Ni orratzean, lekua ikusgarria da.
Bilgunera iritsi eta Asierri azken luzeari berak ere emateko eskatu genion: "zu zea hirutatik indartsuna". Asierrek materiala hartu eta luzerik zailena eskalatzen hasi zen.
Zailtasunak hasten diren lekuan, horma osoa blai zegoen.
Metroak kontu handiz irabazita zatirik bertikalenera iritsi zen: "hau dena bustita dau" esan zigun urduri. Igotzen hasi eta oinak jartzen zituen leku guztietan irrist egiten zutela ikusi zuen. Bitan pentsatu gabe (honelakoetan segurtasuna lehentasuna da) friend pare bat atera eta zati hau babesten duten bi parabolten artean sartu zituen luzea artifizialean eskalatuz. "Kabroia dau, eh!!" Esan zigun bilgunetik.
Hala-nola artifizialean zailtasunei aurregiten.
Zatirik zailenean.
Bilgunean.
"Honek eztauke erremediorik, bai hala bai goitio ateako gea" esan nion anaiari Asierrek bilgunea muntatu zuenean.
Bilgunetik bilgunera egindako argazkia.
Hau ere bilgunetik bilgunera egindakoa da, baina alderantziz, jejeje.
Iker bilgunetik irteten.
Ikerrek tentsio gutxiagorekin eskalatzeak zuen lasaitasuna nabaria izan zen eta luzea itsuraz oso erraz eskalatu zuen.
Luzearen lehen metroetan.
Bitartean, zalantzaz betea nengoen luzea eskalatzen nuen heinean express, friend eta zintak kendu beharko nituela banekienez, artifizialean eskalatzeko aukerak murriztuko zirelako. Iker bilgunera iritsi zenean arnasa sakon hartu eta eskalatzeari ekin nion.
Horma bertikala arteko zatia nahiko erraz eskalatu nuen, komeriak hemendik gora hasten zirela jakinda. Asier eta Iker, nire zalantzak nabaritu izan bazituzten bezala, bilgunetik zinta luze bat lotu eta zintzilik jarri zuten azken metroak artifizialean igo ahal izateko. Hau ikusita nire zalantza eta kezkak uxatu eta luzea uste baino errazago eskalatu nuen, nik ere artifizialean: "Hau egiña dau, azken luzea ta listo!!", esan nien bilgunera iritsi nintzenean.
Bilgunean geunden moduan kolokatuta kontutan izanda Ikerrek azken luzea berak irekiko zuela esan zigun. Materiala pasatu eta pixkanaka eskalatzen hasi zen.
Azken luze hau denetatik errazena da eta udan ez du aparteko zailtasunik, baina oraingoan erabat bustia eta tarte batzuetan elurra topatu genuen. Gainera lehen metroetan egiten den zeharkaldian ezin da erorketarik izan, egin daitekeen pendulua kuriosoa izan liteke eta. Ikerrek badaezpada zeharkaldian dagoen iltzera iritsi aurretik friend bat jarri zuen, pendulua ahalik eta txikiena izateko.
Bosgarren bilgunetik ateratzen.
Harkaitz busti eta irristakor honetan egindako metro hauek pasata, luzearen hurrengo metroak erraz eskalatu zituen: "Oain ulertzet udan zeatio dauden hainbeste iltze ertz hontan" esan zuen Asierrek, "negun gauzak erabat aldatzeie".
Zeharkaldiaren amaieran.
Ni zeharkaldian.
Zeharkaldian dagoen seguru bakarrean. Sekula baino irristakorrago topatu genuen.
Azken bilgunera iristen.
Hiruok bilgunera iritsi ginenean materiala jaso eta martxan jarri ginen haize boladetatik ahalik eta azkarren ihes egiteko. Arnesa eta kaskoa badaezpada jantzita utzi genituen goiko zatian soka atera ezkero denborarik ez galtzeko.
Eskaladaren amaieratik Larrunarriko gailurrera arteko bidea ez zen batere eroso eta atsegina izan eta elur bigun eta haizearen eraginez behin baino gehiagotan lurrera erortzear izan ginen. Ahal izan genuen guztia gandorretik urrun ibili ginen, ezustekorik ez izateko.
Gailurreko bidean eskaladatxoak egin behar diren lekuetako batean.
Normalean ertzetik joaten garen arren, oraingoan ertzetik urrun joan ginen.
Haizearekin borrokan.
Erlabeltzeko puntara iristen eta haizearen indarragatik oreka hala nola mantentzen.
Erlabeltzeko punta erdi-balantzaka utzi eta Larrunarriko gailurrera 12:45tan iritsi ginen, gandorra eskalatzen hasi eta ia bost ordu beranduago.
Erlabeltzeko puntara iristen.
Erlabeltzeko puntan, atzean Larrunarriko gailurra.
Erlabeltzeko punta eta Larrunarriko gailurraren artean. Hemen ere ertzetik urrun ibili ginen.
Gailurrera iritsi aurretik zeharkatu genuen elurtegian.
Gailurrera iristen. Beti izaten da momentu magiko bat ertza eskalatu ondoren gailurrera iristea.
Larrunarriko gailurrean zarata eta jendetzak orain arteko isiltasunetik esnatu gintuen. Gailurrean zeuden mendizaleek estralurtarrak izango bagina begiratzen gintuzten: "nundik ateratzen die flipatu hauek piolet, arnes eta kaskokin?" Pentsatuko luke bakarren batek baino gehiagok, jejejeje.
Gailurrean zegoen mendizale bati argazki bat egiteko eskatu eta martxan jarri ginen haizeagatik babestutako lehen tartea topatu arte.
Hiruok gailurrean.
Orain bai, haizearengatik babestuta merezitako atsedena hartu eta barratxo batzuen laguntzarekin galdutako energia nolabait errekuperatzeko aprobetsatu genuen. Minutu batzuetako atsedenaren ondoren, material guztia jaso eta, ongi zapaldutako elurretik, Larraitzera itzuli ginen tarteka lekuren batean baino gehiagoan lokatz eta elurragatik irrist eginez.
Kotxean eskalada hau negu giroan egindakoa bezala kontsideratu zitekeen hala ez hizketan aritu ginen. Kranpoiekin egin genuen lehen luzea eta azkeneko biak ezik beste guztia ia udan topatu daitekeen egoera berean zegoen (tarteka topatu genuen elurra eta haize hotz zakarra kentzen badugu). Ez genituen pioletak atera ere egin eta nahiz eta elurra izan ez genuen izotzik topatu ertz osoan. Eguraldiari dagokionez oso haizetsua topatu genuen eta ipar aurpegian egiten diren luzeetan hotza ere pasa genuen,
Egia esan ez genuen adostasun batera iritsi baina negu giro gogorrean egindako eskalada ez genuela egin argi utzi genuen. Zalantza guztiak uxatzeko egoera gogorrago batean itzuli beharko dugu, jejejeje.
Kronika hau idazten ari nintzen bitartean, Euskal Herrian negu giroarekin zerikusia duen berriaren berri izan dugu. Alex Txikon, Ali Sadpara eta Simone Morok Nanga Parbat mendia negu giroan eskalatu dute lehen aldiz, "ezina ekinez egina" esaera praktikan jarriz. Tamalez, beraiekin zihoan Tamara Lunger alpinista ez da gailurrera iritsi. Zorionak hiruoi!!!!
Bukatzeko, eskalada egun eder honen bideoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.
AZKEN 10 SARRERAK
2016/03/06
LARRUNARRI (TXINDOKI): MENDEBALDEKO GANDORRA NEGUAN, ALA NEGU GIROAN? (2016/02/21)
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
10:33
Etiketak:
aralar,
arista,
ertza,
escalada,
eskalada,
invernal,
mendebaldeko,
negua,
oeste,
smithy,
smithyrenbloga,
txindoki
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina