Egun batzuetan gauzak okertzen joaten dira natura edota jainkoen konjuru arraroren baten eraginpean izango bagina bezala. Egun hauetan hobe izaten da etxe nahiz ohean gelditzea, baina hala ere ezin zaio etxeko sabaiari begirik kendu badaezpada gainera erortzen bada, jejeje. Egun hauek eguzkitsu esnatu eta lainotuta amaitzen dute. Honelako zerbait gertatu zitzaigun "Batean kale bestean bale" bidea eskalatu genuen egunean. Etxera iritsitakoan Asierrek esan zuen moduan: "gaur ez zen egune". Eta arrazoi osoa zuen.
Duela bi hilabete pasatxo Ikerren (bide hau ireki zuenetako bat) mezu bat jaso nuen bide honen berri emanez. "Mendia eta eskalada" web orrian honen inguruko krokis eta deskribapena argitaratu behar zutela esan zidan. Bide batez, edozein zalantzarik bagenu inongo arazorik gabe berarekin harremanetan jartzeko eskatu zidan. Benetan eskertzekoa da "analogikoki" ("birtualki" ez ordea, jejeje) ezagutzen ez duzun mendizale bat zurekin harremanetan jarri eta ireki berri duen bidearen berri ematea. Hasiera batean bide hau 2015 urtea amaitu baino lehen eskalatzeko asmoa genuen baina azkenean gauza batengatik edo bestengatik 2016ko udaberrirako uztea pentsatu genuen.
Aurtengo neguko fundamentuzko lehen elurteak ez zuen asko iraun. Ez dakit nongo antizikloiaren eraginez beroa egin eta astebete eskasean inguruko mendi guztiak (Aizkorri barne) berriro ere berde-berdeak gelditu ziren. Hau ikusita MAT-eko whatsapp-ean Asierren mezua jaso genuen: "asteburun batean kale bestean bale eskalatzen badeu?". Bitan pentsatu gabe baiezkoa esan, neguko materiala armairuan gorde eta harkaitzean eskalatzeko materiala (udaberrira arte goxo-goxo gordeta nuena, jejeje) berriro ere atera nuen.
Iker eta Koldok mendia eta eskalada web orrian argitaratutako deskribapena irakurri eta bertako azalpenekin nahikoa izango genuela ikusita, inprimatu eta Eginora joateko gelditu ginen, Ikerri aparteko informazio gehiagorik eskatu gabe.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 230 metro.
Luzeak: 6.
Nork irekia: Koldo eta Iker 2015eko urriaren 31an.
Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV (40 m), 2ºL: III (50 m), 3ºL: IV (45-50 m), 4ºL: IV- (15 m), 5ºL: V (50 m) eta 6ºL: IV (40 m). Bidea ekipatu gabea dago eta, Ikerrek eta Koldok dioten moduan, bide "basatia" da, oraindik harri eta harkaitz aske eta hautsiak dituena. Nahiz eta zailtasuna handia ez izan ez dut uste mota hontako eskaladan hasiberria den batentzat egokia denik.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
Jaitsiera: Aztorea eta Usoatik jaisten den ohiko bidetik. Bidearen amaieratik Eginora 40 minutu inguru.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta batzuk (batzuk luzeak) bilgune eta harkaitz-zubietarako. Aseguruei dagokionez Alien semaforoa (grisa ere bai), Camalot jokoa eta Lincam hori eta gorria. Ez genituen fisurerorik eraman baina hauek jartzeko leku paregabeak daude. Walkie-talkie pare bat ere eramatea komeni da bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Izandako komeri guztiak barne 5 ordu.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen kokalekua. Ondoan dituen Udaberri, Berta eta Elmer bideak adierazi ditut kokalekuaren ideia zehatzago bat egiteko.
Krokisa zehatzago.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Bidearen oinera iristeko Iturrimurri ezproiaren oinera iristeko jarraitu behar den bide bera jarraitu genuen. Hurbilketa honetan zeharkatzen den zelai zabalera iritsitakoan bidea parez-pare izango dugu. Hemendik aurrera bidearen oinera iristeko erreferentziarik garbiena bidearen azpiko harrobia hartzea da.
Zelai zabalera iristen, parean dagoeneko harrobia eta bidea ikusi daitezke.
Zelaiatik egindako argazkia. Argazkiaren erdian harrobia ikusi daiteke. Harrobia identifikatuta, bidea hemendik gora zuzen doa.
Harrobira iritsitakoan bere gainera igo beharko dugu. Honetarako bere eskuinetik zuhaitz artean igo eta ezkerrera 20-25 metro inguru oinez egingo ditugu harrobiaren gainera iritsiz. Puntu honetan zuhaitz batzuk daude eta ertza batek bidea moztuko digu. Lehen luzea ez da ertzetik hasten, honen eskuinetik baizik. Eginotik bidearen oinera gutxi gora behera 25 minutu pasako ditugu.
Harrobia eskuinetik saihesteko jarraitutako bidea.
DESKRIBAPENA
Ordizia behe-laino itxi batean bilduta utzi ondoren, Altsasun zerua oskarbi topatu genuen. "Earra, ea harkaitze lehorra daun" esan nion Asierri.
Eginora iritsi, kotxea elizaren ondoan utzi, trasteak atera eta tirri-ttarra martxan jarri ginen.
Goian azaldu bezala, bidearen oinean dagoen harrobia identifikatzen badugu bidearen hasiera kokatzeko arazorik ez dugu izango, honegatik, hurbilketan zeharkatzen den zelai zabalean denbora hartu genuen lehenengo luzeak nondik doazen identifikatzeko.
Lehenengo lau luzeen nondik norakoak.
Harrobia eskuinetik saihestu eta haritz batzuen artean goitik behera datorren ezproiaren ertzak bidea ixten gintuela ikusi genuen: "Bidea hemendio hasteala esango nuke" esan nion Asierri. Deskribapena atera eta lehen luzea ezproiaren gandorrera eskuinetik eskalatu beharreko pausu bertikal bat eskalatuz hasten dela irakurri genuen.
Hasieran zalantzan izan ginen gandorraren azpitik (ezproiaren oinetik) eskalatzen hasteko, baina azkenean, bidea ireki zutenek aukera hau zerbaiteagatik baztertuko zutela pentsatuz, luzea deskribapenean azaltzen den moduan eskalatzen hastea erabaki genuen.
Lehen luzea, 40 metro, IV. Asierri traste guztiak eman, talkie-ak piztu eta katu oinak ez bustitzeko malabarismoak eginez eskalatzen hasi zen. Goian esan bezala, luzea ezproiaren (parez-pare begiratu ezkero) eskuinetik hasi genuen. Honetarako 6-8 metro inguruko horma bertikal bat eskalatu genuen ezproiaren gandorrera igotzeko. Horman helduleku onak eta harkaitza nahiko fidagarria topatu genuen. Zailtasunari dagokionez IV inguruan ibiliko da.
Asier horma bertikalaren lehen metroetan.
Lehen luzeko harkaitza oso fidagarria ez zela irakurrita genuenez, Asierrek luzea kontu handiz hartu zuen esku eta oinetako lekuak fidagarriak zirela ongi ziurtatuz.
Horma bertikala eskalatu ondoren.
Gandorrean bertikaltasuna jaitsi eta eskalada errazagoa da (III+), baina harkaitz aske eta hautsi asko topatu zituen, ezinbestean harriren bat baino gehiago (bakarren bat nahiko majoa) botaz.
Ezproiaren gandorrean.
Metro hauek nahiz eta teknikoki errazagoak izan Asierrek pazientzia handiaz hartzen zituela ikusi nuen, harkaitzaren kalitateak behartuta. Ezproiaren amaieran dagoen arte batean bilgunea muntatu zuen. Bilgunea muntatzen zuen bitartean, lehen luzea hasten den lekua garbitzeko aprobetsatu nuen, adar, sasi eta sastrakak moztuz.
Lehen bilgunea.
Talkietik igotzen hasteko eskatu zidanean konfidantza osoz eskalatzen hasi eta lehen hormatxoa ez zitzaidan oso gogorra iruditu, baina harkaitzaren bat edo beste kolokan zegoela ikusi nuen. Hormatxoa ahal izan nuen guztia "garbitu" (hau da, kolokan zeuden harkaitzak bota, jejeje) eta ezproiaren gandorrera igo nintzen.
Horma bertikala eskalatu ondoren.
Aurreko argazkiko puntu beretik bilgunera egindako argazkia. Ikusten den moduan horma ez da zaila baina harkaitz eta harri hautsi asko topatu genituen.
Asierrek egin zuen moduan metro hauek lasai hartu eta, bide batez, behetik inor ez zebilela ongi ziurtatuta, bidea ahal izan nuen guztia harri eta harkaitz askeez garbitu nuen. Gainera, eguzkiak jotzen zuela aprobetsatuta epel-epel eskalatzeko aukera izan nuen.
"Garbiketa" lanetan jejeje.
Inongo ezbehar eta eragozpenik gabe bilgunera iritsi nintzen: "harri ta harkaitz batzuk kenduittut, baña halare eztakit ba..." esan nion Asierri. "Bai, uste baño harri suelto gehio zerela iruittu zait" esan zidan.
Lehen bilgunean.
Asierri trasteak hartu eta bigarren luzea nondik hasi begiratzen hasi nintzen.
Bigarren luzea, 50 metro, III. Hasiera batean zalantzan aritu ginen bilgunea muntatuta zegoen artearen eskuin edota ezkerretik jarraitu. Azkenean, harkaitz hobea topatuko genuenaren esperantzan, bilgunearen eskuinetik gora hasi nintzen, gandorraren ertzatik ahalik eta gertuen mantenduz. Luzea oso luzea zela bagenekienez, ahalik eta aseguru gutxien jartzeko asmoarekin eskalatuz hasi nintzen, soken marruskadura ahalik eta gehien gutxitzeko.
Arteen artean pasatu eta, harkaitz onetik, gandorraren ertzan ahalik eta gehien mantenduz eskalatzen hasi nintzen (II). Zati honek zailtasunik ez dauka baina harkaitza bustia zegoenez kontu handiz ibili nintzen. Harkaitz zati honen ondoren, ezinbestean, arte, zuhaixka eta sastraken artean metro batzuk egin behar izan nituen hankak urratuz.
"Basoa" atzean utzita (jejejeje) bigarren eta hirugarren luzeek eskalatzen duten monolitoaren azpira iritsi nintzen. Bilgunea muntatu behar nuen artea idenfikatu eta metroak konfidantzaz irabazten hasi nintzen. Baina lehen metro batzuen ondoren, eta batez ere esku batekin helduta nuen ustezko helduleku ona askatu zenean, gelditu, arnasa ongi hartu, eta bilgunera arteko azken metroak fundamentuz nola aseguratu begiratzen hasi nintzen, eskalada abiadura ere motelduz. Bilgunera arteko eskalada hau berez ez da zaila (III) baina, lehen luzean gertatu bezala, harkaitzarekin kontu handiz ibili beharra dago, hemen ere tarteka askea eat hautsia dago eta.
Fundamentuz jarritako bi friend-en ondoren bilgunera inongo eragozpenik gabe iritsi nintzen. Bilgunea monolitoaren puntaren azpiko ezker ertzan dagoen bi enbordun arte batean muntatu nuen.
Bilgunea muntatzen.
Asier lehen bilgunean eta ni bigarrenean. Argazkia Juan Fernandez de Gamarrak egin eta postaz bidali zidan. Milesker Juan!!!
Bigarren bilgunea.
Asierri igotzen hasteko eskatu eta bera ere poliki-poliki igotzen hasi zen. Ordurako zerua lainoez estaltzen hasi eta haize "frexko" bat inguruak harrotzen hasi zituen.
"Basotik" ateratzen.
Monolitoaren azpitik bilgunera egindako argazkia. Ikusten denez horma ez da oso "garbia".
"Buff, bilgunen hozten hasita neon" esan zidan iritsi zenean. "Bai, egualdie aldau ta hozten hasita dau" erantzun nion. "Luzea ze iruittu zaizu?" Galdetu nion. "Buenooo, errexa baña pare bat lekutan irrist indet" erantzun zidan. "Ea urrengoa zemuzkoa den".
Bigarren bilgunean.
Deskribapena atera, hurrengo luzearen nondik-norakoak irakurri, eta Asierri materiala pasa nion.
Hirugarren luzea, 45-50 metro inguru, IV. Bilgunetik 2-3 metro eskuinera horizontalean egin eta bertan dagoen harkaitz plaka trinkoan gora eskalatzen hasi zen sabai txiki baten azpira iritsi arte (III).
Sabaitxoaren azpian.
Sabaitxoa bere eskuinetik (eskaladako norabidean) saihestu eta honen gainera igo zen (III). Sabaitxoa gaindituta zalantzan izan ginen monolitoa nola eta nondik eskalatu, deskribapenaren arabera eskuinetik eskalatzen zela ulertu genuen eta. "Buff, hemen kriston pareta bertikala dau" esan zidan Asierrek eskuinera metro batzuk egin eta bertako horma bertikala ikusi zuenean.
Berriro ere sabaitxoaren gainera itzuli eta gutxi gora behera gainean dagoen tximinia-diedro itsurakoa eskalatzen hasi zen (IV).
Diedrotxoan.
Asier diedrotxoan hain motel eskalatzen ikusteak harritu ninduen: "Bea hortio hola badijo zerbait txarra daunen señale" pentsatu nuen. Haizeagatik nolabait babestuz Asierren mugimenduak harreta handiz jarraitu nituen. Ez dakit zergatik baina monolitoaren puntara iritsi zenean hartu nuen lasaitasuna kristona izan zen.
Diedrotik kanpo, monolitoaren puntan.
Argazki honetan lehen metro hauen nondik norakoak marraztu ditut.
Asier monolitoaren bestaldera pasa eta bistatik galdu nuen. Monolitoaren ondoren gandor zorrotz bat zeharkatu eta hurrengo monolitoaren puntatik gertu bilgunea muntatu behar zela banekien, honegatik talkietik noizik eta behin gelditzen zitzaizkion soka-metroen berri ematen hasi nintzen: "hogei metro", "hamabost metro"...
"Zenbat falta zait?" Galdetu zidan, "10-15 metro inguru eo" erantzun nion. "Baleee". Hemendik aurrera Asierrekin komunikazioa galdu nuen. Soka batzuetan jaso eta besteetan askatzen zuela nabaritzen nuen baina berarekin ezin nintzen komunikatu. Talkie-a nahigabe itzalita izango zuenaren beldurrez, sakeleko telefonoa poltsikotik atera nuen telefonoz deitzeko asmoz. Baina ez dakit zergatik nire sakeleko telefonoa lo ederki zegoela erabaki eta ezin izan nuen piztu: "Joerrrrr!!!!!"
Urduritzen hasita nengoenean soka pixkanaka jasotzen hasi zuen. Soka amaitu zenean talkie-a hartu eta berriro ere berarekin komunikatzen saiatu nintzen. Baina alperrik, ez nuen erantzunik jaso. Sokatik tiraka hasi nintzen Asierri nolabait zeinuak egiteko asmoz, baina sokaren marruskadurak nire ahaleginak bertan behera utzi zituen. Azkenean, soka tentea nuela ikusita, bilgunea desmuntatu eta eskalatzen hasi nintzen.
A zer nolako lasaitasuna hartu nuen eskalatzen nuen ehinean Asierrek soka jasotzen zuela ikustean. Sabaitxoa eskuinetik saihestu eta monolitoaren eskuin ertzara hurbildu nintzenean Asier bilgunean ikusi nuen.
Monolitoaren eskuin ertzan Asierri zeinuak egiten.
Gertuago...
"Talkie izorrau daaa!!!!!!" Oihukatu zidan. Eskuko behatz potoloa goraka jarriz dena ongi zihoanaren zeinua egin eta diedroa eskalatzen hasi nintzen.
Diedroa eskalatzen hasi nintzenean Asier "motel" eskalatzearen arrazoia ulertu nuen. Lehen metroak oso bertikalak dira (zertxobait atzeraka egiten dutela ere esango nuke) eta nahiz eta helduleku onak izan harkaitz hautsi eta askeak daude. Poliki-poliki, esku eta oinak non jarri oso ongi begiratuz, metroak irabazi eta monolitoaren gailurrera iritsi nintzen.
Monolitoaren gailurrean.
Hurrengo monolitoa eta hirugarren bilgunera arteko bidea.
"Oain kontuz ibili ertzeko harkaitze txarra data!!!" Oihukatu zidan. Monolitotik jaitsi eta labana bat bezain zorrotza den gandorrera iritsi nintzen. Ordurako haizeak gogorrago jotzen zuen eta ni eta Asierren artean aseguru bakarra zegoela ikusteak "akojonatu" ninduen (barkatu hitza, baina hala izan zen, jejeje). Zalantzazko une baten ondoren arnasa sakon hartu eta gandorra zorrotzena den 2-3 metroak konfidantza osoz eta arnasik hartu gabe pasa nituen.
Lehen metro hauek ezinbestean gandorraren ertzatik pasa beharra dira, baina hemendik aurrera, nahiz eta zorrotz mantendu, ertzaren eskuin aldetik (eskaladako norabidean) errazago pasatzen da.
Gandorra zeharkatu nuenean ordurarteko tentsio guztia askatu eta bilgunera arteko metroak (III+) lasai eta erraz eskalatu nituen.
Gandorraren amaieratik bilgunera egindako argazkia. Hirugarren bilgunea ere arte baten enborraren inguruan muntatzen dela ikusi daiteke.
"La ostia kuartoko diedroa, joer harkaitzekin!!" Esan nion Asierri. "Ba bai. Oain arteko luzeik zallena iruittu zait, ta paso hoi, eztakit ba, hasiberri batentzat..." erantzun zidan. Luzeak zenbat metro izango dituenaren inguruan komunikazio faltagatik ezin izan genuen ongi zehaztu, baina Asierrek bilgunea muntatu zuenean jasotako sokaren arabera 45-50 metro baino gehiago ez dituela izango esan zidan.
Talkia begiratu eta, nahiz eta piztu, hitzegiten hasterakoan itzaldu egiten zela ikusi genuen: "bueno, sikiera mobilekin hitzeingodeu" esan zidan. Sakeleko telefonoarekin izandako komeriak kontatu, telefonoa atera, eta oraingoan piztu nahi zuela erabaki zuen: "pizten den bittarten telefono bidez hitzeingodeu".
Laugarren luzea, 15 metro, IV. Hurrengo luzea motza zela irakurri ondoren, hirugarren luzean jasotako materiala nahikoa izango nuela pentsatu eta eskalatzen hasi nintzen. Bilgunetik zuzen atera eta, artearen enborraren laguntzarekin, monolitoa eskalatu nuen. Eskalada hau ez da oso zaila (IV-) eta nahiz eta bertikala izan, helduleku eta harkaitz onekoa da.
Monolitoa eskalatzen bilgunera egindako argazkia.
Bilgunetik dagoen ikuspegia.
Monolitoa eskalatu, bestaldetik destrepatu (II+) eta bilgunea monolitoaren atzeko lepotxoan dagoen arte baten enbor estuan muntatu nuen.
Asier di-da batean iritsi eta bosgarren luzeak jarraitzen duen horma eta laugarren "bis" bilgunearen kokalekua kokatu ondoren, soka bertan ez jasotzeagatik, soka jaso gabe martxan jarri nintzen. Bilgunera zuzen joan beharrean, katu oinak belarrarekin ez bustitzeko, harkaitzen gainetik inguraketa bat eginez joan nintzen.
Laugarren bilgunetik laugarren "bis" bilgunera dagoen tartea eta bertara iristeko egindako inguraketa.
Bi bilgune hauen artean 80 metro inguru zeudela irakurrita genuenez, momentu batean edo bestean Asier nire atzetik aterako zela uste nuen, baina laugarren "bis" bilgunera iritsi nintzenean bion artean oraindik soka dexente zegoen.
Laugarren "bis" bilgunetik laugarren bilgunera egindako argazkia, atzean laugarren luzean igotako monolitoa.
Gertuago...
"Eztet uste 40 metro baño gehio eongoienik" esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean. "Ezta nik ere". Bilgunea dagoen lekuaren lurra harrotuta zegoela ikusi genuen: "hemendio basurdek ibiliko zien" esan zidan, "lurrek dun itsuragatio dudaik ez izan" erantzun nion.
Bosgarren luzea, 50 metro, V. Gora begiratu eta deskribapenean irakurritakoa gainean genuen horman identifikatzen hasi ginen. Asier bilgunetik ateratzear zegoela bapatean oina lurrean jarri eta inguru osoan izango zen basurde kaka bakarra zapaldu zuen. "Joerrr, oain arte katuk lehorrak mantentzen saiatzen ta oain hau" bota zuen etsipenez. Nola hala katu oina harkaitzaren kontra garbitu eta eskalatzen hasi zen.
Bosgarren luzea zehaztasunez. Gorriz guk jarraitu genuen bidea eta orlegiz gure ustez deskribapenean azaltzen dena (luzea eskalatu ondoren honekin konturatu ginen).
Bilgunea askeak daudela diruditen harkaitz bloke batzuk eskalatuz hasten da (III+). Bloke hauek eskalatuta, harkaitz plakatxo bat eskalatzen hasi zen (III+ eta helduleku onak) eskuin-ezker diagonalean doan arrail baten azpira iritsi arte.
Harkaitz plakan.
Arraila eskalatzen den heinean horma tentetuz doa (IV). Heldulekuak orokorrean ez dira txarrak, baina arrailaren ezkerrean badago egoera kaxkarra duen arlauz alderantzikatu bat. Nahiz eta heltzeko tentazio handia izan, badaezpada ez Asierrek, ezta gero nik ere, ez genuen ukitu ere egin.
Arrailak ezkerrean dagoen zuhaixka baten ingurura eramaten gaitu eta ia honen parean gaudela, zuzen eskalatu beharko dugu. Nahiz eta orain arteko zailtasuna ez handitu (IV) kontuz ibili behar da bertako harkaitz eta helduleku pare bat kolokan daude eta.
Arrailaren azken metroetan, delikatuena den zatian.
Asierrek zati delikatu hau kontu handiz eskalatu eta zuhaixkaren gainetik dagoen erlaitz estura igo zen.
Erlaitz estuan.
"Hemendio gora krokisek ze esateo?" Galdetu zidan. "Ba zuzen junda diedrotxo bat bezelakoa daula ta gero goiko artea azpitio eta eskubitio pasa behar dela. Zeba?" erantzun nion. "Hemendio eskubi ta ezkerretio juteik daula emateo, ezkerretio igual errexago baña eztakit ba". "Nik entenditzen deten bezela igual ezkerretio izangoa, baña zu zaren lekutio hobe ikusikozu" erantzun nion. Gero ikusiko nuen bezala, erlaitz txikiaren ezkerretik igitai itsura hartzen duen arrail bat hasten da, eta arrail hau jarraituz goiko artearen azpi eta eskuinetik pasatzeko aukera ematen du. Pentsatzen dut deskribapeneko azalpenek hemendik joateko esaten dutela.
Zalantzak izan ondoren Asierrek azkenean eskuinera 3-4 metroetako zeharkaldi horizontal bat egiten hasi zen arrail bertikal eta estu batera iritsi arte.
Zeharkaldiaren amaieran.
Pausu fin bat baino gehiago eginez arrail bertikala eskalatu, arrailaren amaieran Alien grisa jarri, eta hormaren eskuin ertzara hurbildu egin zen, bertan fundamentuzko bigarren friend bat jartzeko (V). Plaka bertikal honetako harkaitza ona da baina heldulekuak txikiak ditu.
Eskuin ertzan bigarren aseguru fidagarria jartzen.
Ertzatik gora zuzen eskalatzerik ez zuela ikusita, eskuin-ezkerreko 2-3 metroetako zeharkalditxo horizontala egin (IV+) eta hormaren gaineko artearen eskuinean jarri zen. Zeharkalditxo honetako harkaitza ere ona da eta horman dagoen zulo antzeko bat eskuin-ezker pasako dugu.
Ezker-eskuineko zeharkaldia egin ondoren.
Hemendik aurrera, zailtasun handienak amaituta, zuzen eskalatu zuen eskuinetik inguratu zuen artearen atzean dagoen bigarren batean bilgunea muntatuz (III+).
Bosgarren bilgunean.
Lasai eta konfidantza osoz eskalatzen hasi eta lehen zeharkalditxoaren ondorengo arrail estu eta bertikalera arazorik gabe iritsi nintzen. Arraila eskalatzen hasi eta Asierrek jarritako Alien grisaren parera iritsi nintzenean ateratzen hasi eta katiatuta zegoela ikusi nuen. Ahal izan nuen moduan batera eta bestera mugitzen saiatu eta zerbait mugitzea lortzen nuen, baina ezin nuen atera, gainera, negoen lekua ere ez zen oso erosoa eta besoak nekatzen hasi zitzaizkidan.
"Asierrrr!!!! Soka tentsauuuuu!!!" Oihukatu nion erabat nekatu baino lehen. Soka tentetuta zegoela sentitu nuenean bi besoak askatu, sokatik zintzilik gelditu eta Alien-a ateratzen saiatu nuen.
Ez dakit zenbat denbora pasa nuen ditxosozko Alien-a atera nahian baina atera nuenerako hamar minutu erraz pasa zirela esango nuke.
"Joer kostazait Alien grise atatzea" esan nion bilgunera iritsi nintzenean. "Pentsauet holako zeozer izango zela" erantzun zidan. "Dena den, meritu handiko luzea ateazu!!!" Esan nion. "Dudatan izan naiz ezkerretio egin hala ez baña tira" erantzun zidan. "Halere esango nuke igitai formako pitzaduratio dijola" erantzun nion.
Asierri traste guztiak hartu eta azken luzea eskalatzen hasi nintzen.
Seigarren luzea, 40 metro, IV. "Pentsatzet monolito hau eskalatzea besteik eztela izango" esan zidan Asierrek.
Hau izan zen deskribapena irakurri gabe eskalatu genuen luze bakarra, eta noski, ez genuen irakurri monolitoa ez zela eskalatu behar. Trasteak hartu eta eskuinera horizontalki 2 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren monolitoa eskalatzen hasi nintzen. Lehen metroak helduleku gutxiko plaka bat eskalatuz egin nituen. Badaezpada plakaren aurretik lincam gorria eta plakaren ondoren (horizontala den pitzadura batean) lincam horia jarri nituen. Plaka atzean utzita (IV) helduleku oneko horma bertikal bat eskalatu (III+) eta monolitoaren puntara iritsi nintzen.
Bigarren lincam-a jartzeak eman zidan lasaitasunaz. Komeriak gero hasiko ziren.
Monolitoaren bestaldera pasa eta bestaldeko horma bertikala ikusi nuenean egindako hanka-sartzeaz konturatu nintzen: "ostia, hau ezin da destrepau" esan nion Asierri. "No jodas, eztau ezer?". "Ba ez". Poltsikotik deskribapena atera eta "Bilgunetik ez igo monolitoaren tontorrera destrepe oso bertikala baitu. Honen ordez, jarraitu aurrera..." irakurri nuen. "Hanka sartu deu" esan nion.
Egoera honetatik nola irten pentsatzen hasi ginen, alde batera nahiz bestera destrepatzea arriskutsua izan zitekeela ikusita. Hasiera batean orratzaren puntatik zinta luze eta mailon bat pasatu eta Asierrek ni erdi zintzilikatua jaistea pentsatu genuen baina orratzaren puntako harkaitz blokeak ezegonkorrak zirela ikusitakoan aukera hau berehala baztertu genuen. Bigarren aukera zintzilikatutako jaitsiera bestaldera egitea besterik ez genuen. Inguruko harkaitzak begiratu eta ertzak oso zorrotzak dituztela ikusi nuen. Sokak moztuko zituztenaren beldurrez motxila kendu, harkaitzen gainean jarri, eta sokak motxilaren gainetik pasatzea burutatu zitzaidan modu honetan sokek harkaitzik ez ukitzeko. Hala egin eta Asierrek orratzaren bestaldera metro bat jaitsi ninduenean hankak erlaitz txiki batean jartzeko aukera izan nuen. Eskuentzako beste helduleku bat topatu ondoren, sokei pisua kendu, motxila askatu, soka pixkat bildu, eta azken metro eta erdia destrepatu ondoren orratza jaistea lortu nuen.
Lehenengo helburua lortuta zegoen, hau da, ni orratzatik jeistea, baina orain bigarren helburua lortu beharra genuen, bi friend-ak errekuperatzea. Honetarako ni nonbaitean bilgune bat muntatu eta Asierri aseguratzea pentsatu genuen, gero Asier berriro ere bosgarren bilgunera sokarekin jaitsiz. "Oain zenbat eta gorago igo soka hobe jasokozu" esan zidan Asierrek sokak orratzeko bi harkaitzen artean erdi-katiatuta zeudela ikusi genuenean. Bitan pentsatu gabe aurretik nuen plaka eskalatzen hasi (II+) eta 5-7 metroetara topatu nuen harkaitz-zubi batean bilgune bat muntatu nuen.
Bilgunea muntatu ondoren.
Orratza baina altuago nengoenez soka marruskadura gutxiagorekin jasotzeko aukera izan nuen. Soka guztia jaso beharrean Asierrek sokei korapilo bat egin eta mosketoi batekin arnesera lotu zituen. Bigarren friend-era kentzera iritsi zenean igotako metroak ni aseguratuta destrepatu (gero destrepea nahiko delikatua egin zuela esan zidan) eta bosgarren bilgunera onik iritsi zen. Orduan nik sokak askatu eta Asierrek inongo ezustekorik gabe jaso zituen.
"Joer, segundu baten gauzak nola okertu leizken" esan zidan. "Bai, baña gutxiñez arazoa konpontzeko kapaz izan gea". "Hala ere, manda huevos deskribapena irakurri ezteun luze bakarren hanka sartzea".
Bilgunea muntatuta nuen harkaitz zubi parera iritsi eta, hestuasunak "ahaztuta", azken luzea eskalatzeko prestatu nintzen.
Bide hau errepikatzen baduzue, bosgarren bilgunetik gora oinez jarraitu, orratza ezkerretik inguratuz, eta honen atzeko lepotxoan bilgunea egin guri gertatu zitzaiguna ez gertatzeko. Orratzaren atzeko lepotik zuzen 5-7 metro eskalatuta (II+) bilgunea muntatu genuen harkaitz-zubira iritsiko gara.
Harkaitz-zubitik gora zuzen eskalatzen hasi nintzen nire eskuinean tximinia bat utziz (III). Metro batzuen ondoren horma zertxobait tentetu egiten da (III+) beste tximinia baten hasiera arte. Puntu honetan 5-6 metroetako ezker-eskuineko zeharkaldi horizontala egin beharko dugu, hasieran eskuinean utzi dugun tximiniaren gainera iritsiz (IV).
Nahiz eta pausua bi Alien-ekin aseguratu ez zidan konfidantza handirik eman eta eskaladaren historian gogoratuko ez den pausurik eleganteena eginez (jejeje) tximiniaren gainera arnas hestuan igo nintzen.
Pausua gainditu ondoren eta gorriz gutxi gora behera jarraitu behar den bidea.
Hemendik gora horma zertxobait etzan eta harkaitz oneko harkaitz-plaka eskalatuz azken monolitoaren tontorrera iritsi nintzen (III). Bilgunea bertako harkaitz baten inguruan pasatako zinta batekin muntatu nuen.
Seigarren bilgunea.
"Paso fiñe, eh?" Esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean. "Ez al dezu ikusi zein estilo garbin atera deten?" Erantzun nion irrifartsu.
Seigarren eta azken bilgunean.
Erlojua begiratu eta ordubi eta erdiak pasatxo zirela ikusi nuen: "ostia denbora nola jun den". Etxekoei uste baino beranduago iritsiko ginela esateko deitu eta trasteak pazientziaz jasotzen hasi ginen.
Bidearen amaieran egindako argazkia.
Jaisteko ipar aldera jo eta, garbien ikusten genuen lekuetatik pasatuz Eginoko hormen gainkaldera iritsi ginen, hemendik, mendebaldeko norabidea jarraituz, Aztore eta Usoatik behera doan bidearekin bat egiteko.
Jaitsieran eskaladan izandako ezuste eta hanka sartzeaz hizketan joan ginen: talkia eta sakeleko mugikorra itzalduta, alien-a ezin atera ibili, azken aurreko orratzean pasatako komeriak, eguraldi aldaketa, basurdearen kaka mokordoa...
Baina eguna oraindik azken ezusteko bat gordeta zuen. Galtzetako poltsikoan eskuak sartu eta kotxeko giltzarik ez zegoela ikusi nuen: "Ostia, kotxeko giltza galdu detela ustet" esan nion Asierri. "Ez esan!!!". Poltsikoak ongi arakatu, motxila kendu, harkaitz batean ustu eta giltzarik inon azaltzen ez zela ikusi genuen. "Behintzat bidea hasi deun lekura jungo gea ea suertez han daun" esan nion Asierri. Ezusteko honen berri etxera abisua eman eta bidearen oinera iritsi ginen, baina ez genuen giltzarik topatu. Hemendik Eginora igoeran jarraitutako bide bera jarraitu genuen baina hemen ere ez genuen zorterik izan. Bitartean, Itzik etxean ez zuen ordezko giltzarik topatzen eta bera ere nahiko larrituta zegoen.
Gure azken itxaropena giltza kotxearen ondoan erorita egon zitekelakoan jarri genuen, baina kotxera iritsi ginenean ez genuen inon ikusi. "Ba nere dokumentazio ta kotxeko giltza bakarrare kotxe barrun dare" esan zidan Asierrek. Itzik bere aldetik ez zuen ordezko giltza topatu eta azkenean Eginora gure bila etorri zen. Bitartean kotxe aseguru eta Eginoko herritar batzuekin hitzegin nuen kotxea herrian hurrengo egunera arte geldituko zela abisatuz.
Etxera itzuli ginenean aramairu bateko tiradera batean kotxeko ordezko giltza topatu genuen. Buelta Eginora kotxea jasotzera eta buelta etxera, tartean Asierri bere dokumentazio eta kotxeko giltza itzuliz. Erreporra hasi dudan moduan, egun batzuetan hobe izaten da etxean txintxo-txintxo gelditzea eta Asierrek esan zuen moduan "Gaur ez zen egune".
Bideari dagokionez, ez dugu uste hainbat luzeetako eskalada klasikoan hasiberriak direnei zuzendutako bidea denik, gainera oraindik garbiketa lan garrantzitsua egin beharra dago, baina lan hau egin ezkero bere xarma basatia ere galduko luke. Bidea ez da txarra, baina ez zigun kristoneko gustu eta sentsazio ona utzi, ziurrenik pasatako ezusteen eraginez. Hala ere bosgarren luzea eta hirugarrenean zeharkatzen den gandor zorrotza ikusgarriak dira benetan, nahiz eta bigarren kasuan harkaitz onik ez izan. Dena den, Iker eta Koldo bezalako eskalatzaileei eskertu behar zaie Egino bezalako leku batean honelako bide bat irudikatu eta eskalatzeagatik, Eginon hainbat luzeetako bide berriak irekitzeko oso leku gutxi gelditzen dira eta. Bejondeizuela parejaaa!!!!!
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina