AZKEN 10 SARRERAK

2016/06/10

ERLAITZ AIAKO HARRIAK MENDI MARATOI ERDIA 2016 (2016/05/08)

2015eko abuztuaren 31an azken mendi lasterketan parte hartu nuen, Nafarroa Oinezen harira Elizondon antolatu zen “Nafarroa Oinez eta Lasterka” mendi lasterketan hain zuzen ere.

Geroztik mendian korrika gutxiago egin eta “mendi orekaren balantza” eskaladara eraman nuen ia udazkena osoan azken urteotan ez bezala eskalatuz. Beti esaten dudan moduan, nire burua ez daukat mendi korrikalari, eskalatzaile edota mendi txirrindularitzat, mendian korrika, eskalatu eta txirrinduan ibiltzea gustuko duen mendizaletzat baizik. Mendiarekin zerikusia duen ia guztiari "jotzen" diot ezertan maisu izan gabe, jejejeje.

Negua iritsi, harkaitz eskaladako trasteak gorde eta armairutik piolet eta kranpoiak atera nituen negu denboraldiari hasiera emanez. Honekin batera, Gasteizko Manuel Iradier Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen Hiru Haundiak mendi ibilbidean parte hartzeko dortsala egokitu zitzaidan. Ezusteko gazi-gozoa izan zen Ikerri dortsalik ez zitzaion egokitu eta.

Hau ikusita, urtean zehar beste hainbat mendi lasterketetan izena eman nuen, lasterketa hauetan parte hartzearen aitzakiarekin sasoi fisikoa nolabait mantendu eta urriaren 15ean ospatuko den Hiru Haundiak-era sasoian iristeko.

Negu denboraldia ederki zihoan, elur irteerak, eskaladak eta mendi korrika saioak tartekatuz. Baina martxoaren 1ean, Usurbetik behera korrika nindoala, harkaitz batean irrist egin eta “tontamentean” eskuin horkatila bihurritu nuen: “A ze malaletxea!!!! Justu mendi lasterketetan parte hartzen hasi behar nintzenen!!!”

Hiru egunetan eskuin oina lurrean jarri gabe izan ondoren (hirugarren graduko bihurritua nuela esan zidaten) ahalik eta azkarren Josuren (Ospitaleko fisioa) eskuetan jarri eta lau saioen ondoren makulurik gabe nola hala ibiltzeko kapaz izan nintzen.

Bihurritua egin eta laugarren egunera horkatilak zuen itsura.


Josuren alta jaso eta herriko Gorka Erasoren eskuetan jarri nintzen. Bere zainketa eta EPI tratamentuaren minak "sufritu" ondoren, Martxoaren 28an lehen aldiz 6 km zinta batean poliki-poliki korrika egiteko gai izan nintzen.

Hilabete batean “kietoparau” egoteak mentalki asko izorratu ninduen, baina okerrago izan zen negu denboraldia bertan behera utzi eta piolet eta kranpoiak berriro ere armairuan sartzea. Dena den, aitortu beharra daukat erabat geldirik ez nintzela egon, Gorkaren aholkuei jarraituz, bizikleta estatikoari izugarrizko errepasoa eman nion eta. Pena etxeko argindarra bizikletara konektatu ez izana, bestela.... jejejejeje.

Pixkanaka kilometro gehiago egiten hasi (mendiko bizikletarekin tartekatuz) eta mendian lehen aldiz apirilaren 13an korrika egin nuen, bihurritua egin nuen ibilbide bera errepikatuz, buruan nituen beldurrak uxatuko balitu bezala, jejejeje.

Mendiko bizikletarekin egindak irteera batean, Uribarriko urtegiari egin genion itzulian hain zuzen ere.


Izena emandako mendi lasterketa pare bat pena handiz bertan behera utzi eta Maiatzaren 8rako Erlaitz-Aiako Arriak mendi maratoi erdia amaitzeko gai izatea jarri nuen helburu. Ihaz Jokinek emandako aholku eta plangintza oinarri bezala hartuz buru-belarri hasi nintzen berriro entrenatzen bihurrituaren ondorioz ahulduta nuen hankari egur handirik eman gabe. Eta hiru aste eta erdietako prestaketaren ondoren irteera den Ola Sagardotegian Ikerrekin nengoen, oraingoan iztarrean zuen lesio bat medio laguntzaile moduan.

Lasterketaren ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


Lasterketarako nuen plangintza ohikoa zen, poliki hasi eta lasterketaren erditik atzera, indarrik banu behintzat, erritmoa bizitzen joatea. Denboraren aldetik hiru ordu eta hiru ordu eta erdiren artean amaitzea zen helburua, baina denboraren gainetik, sentsazio onekin eta osorik bukatzea zen helbururik nagusiena. Orain arteko lasterketetan bezala, taulatxo bat egin nuen denbora osoan aurretik nuena zer zen eta non eta nola jan eta edan behar nuen jakiteko. Taula berean janaria eta edaria zuten anoa postuak gorriz eta edaria bakarrik zutenak urdinez adierazi nituen.

Lasterketan eraman nuen taula orientatiboa, honelako bat egiten dut lasterketa guztietan.


“Kaka eginda” nengoen, oso urduri eta horkatilak nola erantzungo zuen beldurrez. Komunera bisita pare batean egin ondoren, goizeko bederatzietan lasterketa martxan jarri zen.

Irtetzeko prest.


Irteeraren bideoa.



Gero arte!!!!!


“A ze nolako abiadura lehen kilometroetan!!!!!”. Korrikalariak alde batetik eta bestetik ziztu bizian eta arnasestuka pasatzen ninduten munduaren amaiera baletor bezala. Nire aldetik, beroaldirik ez izateko, pultsometroaren esanetara nindoan “bazpare”. Bosgarren kilometroan gutxi gora behera, garbitutako baso bateko pista bat igarotzen ari ginela, Maite Maiora korrikalari handia lasterketa uzten ikusi nuen: “joer honek utzi badu a ze ostian ai dien aurrekok” pentsatu nuen. Ordura arte erritmo lasaian nindoan, taupadak kontrolpean, ibilbideaz gozatuz eta tarteka jan eta edanez. 8garren kilometroan gutxi gora behera, anoa postu baten ondoren lehen malda serioa hasten zela ikusi nuen: "hemendio gora aldapa gorrak hasten die?" Galdetu nien ano postuko boluntarioei, "bai, hala da, hobe duzu poliki joatea" erantzun zidaten. Aurretik 15 kilometro “eskas” nituela ikusi eta ordura arteko sentsazioak oso onak zirela aprobetxatuz, anoa postuan lasai-lasai zerbait jan eta edan, maskuria hustu (pisa egiten den bitartean hidratazioa ongi doanaren seinaletzat daukat) eta hemendik gora erritmoa puntu bat gehiago igotzea erabaki nuen.

Abiadura berrian hankak eta hauspoa ongi zihoazela ikusita abiadura mantentzea erabaki nuen, badaezpada amaierarako indarrak gordez. Kilometroak aurrera zihoazen heinean lasterketaren hasieran aurreratu ninduten hainbat korrikalari identifikatu eta aurreratzen joan nintzen, bakarren bat itsura txarrarekin gainera.

Lasterketaz disfrutatuz eta ia ibilbide osoan zeuden boluntario eta ikusleen animoen artean Irumugarrietara doan maldaren azpira iritsi nintzen: “Hemen egur gehio eman ta gero ia dena maldan behera dijo” pentsatu nuen. Esan eta egin, abiadura beste puntutxo bat igo eta Irumugarrietara di-da batean iritsi nintzen korrikalari gehiago aurreratuz. Irumugarrietatik aurrera maldan behera lasai eta maldan gora egurra ematen joatea erabaki nuen, horkatila nolabait zaindu eta Ola sagardotegitik helmugara doan azken malda gogorrerako indarrak gorde eta “itxuraz” igotzeko.

Ola sagardotegira indartsu iritsi nintzen eta harriduraz kilometroa lau minutu eta erdietako abiaduran (eta gainera sufritu gabe, jejeje) nindoala ikusi nuen: “Goazennnnn!!!!! Oain azkeneko maldan a sakooo!!!!” animatu nintzen. Azkeneko maldari gogor ekin eta Iker eta bertan zeuden ikusleen animoen artean korrika batean helmuga ia 2 ordu eta 38 minutuetan zeharkatu nuen, espero nuena baino askoz lehenago.

Azkeneko maldan, helmugara hortzak estututa iristen.


“Ostia, sobrau iritsi zea!!” Esan zidan Ikerrek “oso gutxik igo due korrika azkeneko malda hoi, eh!!”. “Joer, ba uste baño askoz hobe” erantzun nion “pena hasieran egur gehixeo eman ez izana”. “Txorkatille ondo?”, galdetu zidan, “de puta madre, eztet sentitu ere egin”.

Lasterketa amaitu ondoren, oso zoriontsu.


Lasterkariaren poltsa Leire Martinez korrikalari handiaren eskutik jaso, dutxa "frexko" bat hartu eta Itziri dena ongi atera zela esateko telefonoz deitu nion. Oso emozionatuta nengoen, hiru aste eta erdi lehenago ez bainuen uste horren indartsu amaituko nuenik. Helmugako anoa postuan zerbait jan, ongi hidratatu, korrikalariek sariak nola jasotzen zituzten ikusi eta etxerako bidea hartu genuen oso zoriontsu.

Pertsonalki sentsazio oso onak izan nituen denbora osoan eta indartsu amaitu nuen. Dena den, indarrak modu ezberdin batean kudeatzen ikasi beharra daukat, hasieratik azkarrago joanez. “Segurola” izate hori nire izatearen ondorioa da, eta mendiko edozein aktibitatetan aplikatzen dut. Sikologo eta filosofoek (batez ere ekialdeko kutsua dutenek) pertsona bezala hazteko erosotasun edo segurtasun gunetik irten behar dela esaten dute, horregatik noizik eta behin lasterketetan erosotasun edo “konfort” gunetik ateratzea ere ez legoke gaizki, baina hori bai, asko sufritu gabe ehhh!! Jejeje.

Lasterketaren aldetik izugarri gustatu zitzaidan, gainera menditik itsasoa horren gertu ikusteak xarma berezi bat ematen dio, batez ere horretara ohituak ez gaudenoi. Antolaketaren aldetik ere lehen mailako lasterketa iruditu zitzaidan, ibilbidea primeran adierazita eta non nahi boluntarioak lasterkariei animoak eman eta laguntzen. Anoa postuetan jasotako arreta ere izugarria izan zen. Honelako lasterketetan boluntario bezala ibilita garenok badakigu lasterketa baten atzean zer nolako lana dagoen eta bihotzez eskertzekoa da. Dena ongi badoa espero dut datorren urtean ere bertako irteeran egotea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina