AZKEN 10 SARRERAK
mendi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
mendi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/05/21

ELIKADURA IRAUPENEKO JARDUERA FISIKOAN: ZER DA KONTUTAN IZANGO DUGUNA?


Zer da iraupeneko jarduera fisikoa? Artikulua lantzen hasi baino lehen hau argitzea komeni da ezustekorik ez hartzeko. Iraupena, gorputzak ahalik eta denbora luzean jarduera fisiko bat mantentzeko duen ahalmena bezala definitzen da. Iraupen kontzeptuaren definizioak denboran mantenduko den jarduera fisiko motari erreferentziarik ez dio egiten, beraz, pentsatu genezake definizio honek jarduera fisiko aerobio edota anaerobikoak bere gain hartuko dituela.

Artikulu hau idazterakoan hainbat orduetako mendi ibilaldia, bizikletarekin egin daiteken irteera,  mendi martxa bat, mendi lasterketa edo zailtasun maila ezberdineko hainbat luzeetako eskalada bat izan da buruan izan dudana. Artikulu honek, "El Padrino" filman bezala, elikadurari zuzendutako trilogiaren azken kapitulua da, "Elikadurari buruzko kotzeptuak modu errazean" eta "Elikagaietatik mugimendura: jarduera fisiko batean energia nola lortzen da?" artikuluei amaiera emanez. Trilogia honen ezinbesteko osagarria "hidratazioa mendian eta jarduera fisikoa egiterakoan" artikulua ere bada, jarduera fisikoa hidrataziorik gabe ezin baita ulertu.

Mendian lasterkan egiten den ibilaldia, iraupeneko jarduera tipikoa.


ZER GERTATZEN DA MUSKULUETAN IRAUPENEKO JARDUERA BATEAN?

"Elikadurari buruzko kotzeptuak modu errazean" eta "Elikagaietatik mugimendura: jarduera fisiko batean energia nola lortzen da?" artikuluetan azaldutakoa laburtuz, iraupeneko jarduera batean muskuluen jokabidea hau izango litzateke:

Mendi irteera edota korrika saio batean

Martxan jartzen garenean, energia modu azkarrean behar dugunez, bide anaerobikoa eta muskuluetako ZGA (Zuntza Glikolitiko Azkarrak) zuntzak martxan jartzen dira. Lehenengo segunduetan zelulen barnean dagoen kreatina fostatoa erre eta ondoren energia batez ere glukogeno biltegietatik lortuko dugu. Minutu batzuen ondoren, ibilbidean eramango dugun erritmo iraunkorrera iritsitakoan, ZOGA (Zuntza Oxidatibo Glikolitiko Azkarrak) zuntzak lehenik eta ZOM (Zuntza Oxidatibo Motelak) zuntzak ondoren, lanean hasiko dira, bide aerobikoa nagusitzen joango da, eta energia karbohidrato eta lipidoen arteko nahasketatik lortuko dugu, intentsitate baxuan bagoaz, lipidoetatik lortzen dugun energia nagusituz. Momentu honetan glukogenotik lortzen dugun energia baxua izango da eta gorputzak glukogeno eta kreatina fosfato biltegiak ahal den neurrian "berreskuratzeko" aprobetxatuko du. Muskuluetako zuntza ezberdinen inguruko azalpen zabalagoa artikulu honetan irakurtzeko aukera izango duzue.

Zer pasako da maldan gora hasten garenean? Erritmoaren intentsitatea mantendu nahi badugu, energia "plus" bat beharko dugu. Honetarako, arnasketa eta bihotz-taupadak azkartuko dira, muskuluetara ahalik eta oxigenorik gehiena iritsi eta bide aerobikoa ahalik eta gehien mantentzeko asmoz. Bihotz eta birikek muskuluek behar duten oxigenoa eramateko gai ez badira, ZGA eta ZOGA zuntzak lanean hasi eta bide anaerobikoa nagusituko da, energia lortzeko iturria kreatina fosfato hasieran eta glukogeno eta glukosara ondoren pasatuz. Maldaren lehen metroen ondoren, intentsitatea egiten ari garen esfortzura egokitzen dugunean (gehienetan malda baten aurrean erritmoa jaitsi egiten dugu, jejeje) ZOGA zuntzak hasieran eta ZOM zuntzak ondoren lanean hasiko dira berriro ere, bide aerobikoa nagusitzen joango da (arnasketa ere zertxobait lasaituko zaigula somatu eta hitzegiko gaitasuna berreskuratuko dugu, jejeje), eta energia glukosa eta lipido nahasketatik lortuko dugu. Intentsitatea baxua bada, lipidoetatik lortutako energia nagusitzen joango da, gorputzak berriro ere glukogeno eta kreatina fosfato biltegiak ahal den neurrian "berreskuratzeko" aprobetxatuz.

Maldan gora hasten garen momentuan karbohidratoak erreko ditugu batez ere.


Malda baterako jarri dudan adibide hau erritmo aldaketa bat, edo, azken finean, energia beharrak handitzen diren (batez ere denbora motzean energia asko behar badugu) kasuetarako ere aplikagarria izan daiteke.

Eskalada batean

Mendi irteeran azaldutakoa eskaladan ere aplikagarria izan daiteke. Eskaladaren lehen metroetan bide anaerobikoa eta ZGA zuntzak lanean hasiko dira, energia kreatina fostatotik lehenik eta glukogenotik ondoren, lortuz. Lehen metroen ondoren, erritmo iraunkor batean eskalatzen ari garenean, ZOGA zuntzak lehenik eta ZOM zuntzak ondoren lanean hasiko dira. Momentu honetan energia lortzeko bide aerobikoa nagusitu eta energia glukosa eta lipidoen nahasketatik lortuko dugu. Eskaladaren intentsitatea baxua bada, lipidoetatik lortzen dugun energia nagusitzen joango da. Pausu gogor baten aurrean, mendian maldan gora hasten garenean ematen den prozesu bera emango da, pausua eskalatu ahal izateko energia azkarrean beharko dugulako.

Kirol eskaladan estutzera joaten garenean bide anaerobikoa nagusitzen da.


IRAUPENEKO JARDUERA FISIKOAREN ELIKADURAN ERAGINA DUTEN FAKTOREAK

Iraupeneko jarduera fisikoaren elikaduran faktore askok dute eragina, honegatik ez da erraza izaten elikadura zehaztasun handiz kalkulatzea. Faktore hauek honela sailkatu daitezke:

  • Jarduera berarekin erlazionatutakoak. Jarduera mota, iraupena eta intentsitatea. Hiru faktore hauek bakarrik konbinatuz jarduera mota ezberdinak egin daitezke.
  • Norberarekin erlazionatutakoak. Norberaren genetikan sartu gabe, ohiko elikadura, sasoi fisikoa eta aurretik jarraitutako entrenamenduak, osasun egoera (fisikoa eta mentala), adina, sexua, gorputz konstituzioa, aurreko egunetako hidratazio eta elikadura, hartutako atsedena edo loa, elikagaiekiko alergiak, etab. bezalakoak kontutan hartu beharko dira.
  • Jarduera egingo den lekuarekin erlazionatutakoak. Hemen zer esana dauka altitudeak (ez da gauza bera irteera Aralar edo Alpeetan egin), metatutako desnibel positiboa, ibilbidean zehar iturririk izango den hala ez (luze askotako eskalada bideetan zaila izaten da ura eskura izatea, adibidez), eskalada baten kasuan bidearen zailtasuna, etab.
  • Jarduera fisikoa egingo den momentuarekin erlazionatutakoak. Ez da gauza bera jarduera goizean, arratsaldean edo gauean egin.
  • Klimatologiarekin erlazionatutakoak. Elikadura, beroa, hotza, elurra, euria eta, besteak beste, haizearen arabera ere aldatu daiteke.
  • Jardueran eramango den materialarekin erlazionatutakoa. Motxilaren pisua, jantzita eramango dugun arropa, etab.

Ikusten denez ez da gauza erraza irapueneko jardueran jarraituko den elikadura kalkulatzea, jarduera bera pertsona berak egun edo garai ezberdinetan egiten duenean ziurrenik elikadura aldatu beharko duelako. Panorama hau ikusita, artikulua bertan uztea errazena izango litzateke, "busti" gabe, edozein gomendio emanda ere goiko faktoreen arabera erlatiboa izango baita. Hala ere, kritikak jasotzearen arriskua hartu eta jarduera fisikoarekin bakarrik erlazioa duten faktoreak kontutan izanda zenbait gomendio emango ditut.

Elikadurari buruz idatzitako beste artikuluetatik ondorioztatu daitekeena da jarduera fisikoaren aurrean beti erretzen dela karbohidrato eta lipidoen arteko nahasketa bat. Erregaien arteko nahasketa honen aldaketak jarduera fisikoaren intentsitate eta iraupenari bakarrik erreferentzia eginez landuko ditut.

Jardueraren intentsitatea

Intentsitate baxuko ariketetan energia lortzeko biderik nagusiena aerobikoa da eta glukosa, glukogeno eta lipidoen arteko nahasketa bat "erretzen" dugu. Intentsitatea handitu eta muga aerobiko/anaerobikora hurbiltzen garen heinean, karbohidrato gehiago erreko ditugu eta, muga honetatik gora, karbohidratoak batez ere. Intentsitate maximora iristen garenean energia lortzeko biderik nagusiena anaerobikoa da. Intentsitate maximo hau denboran mantendu nahi badugu, energiaren beharra hain altua da ezen gorputzak ezingo duela horrenbesteko energia sortu. Honen ondorioz, erre eta sortzen den arteko energiaren oreka apurtu eta ezin izango dugu intentsitate maila hau denbora luzean mantendu. Honegatik, intentsitate handiko ariketak denboran mugatuak dira.

Lasai eta geldiune asko eginez egindako intentsite baxuko jardueretan energia nagusiki lipidoetatik lortzen da.


Jardueraren iraupena

Jarduera fisikoan, erritmo iraunkor batera iristen garenean, erretzen ari garen energiaren %50-60 glukogeno biltegi eta elikagaien bidez sartutako karbohidratoetik lortzen dugu. Glukogeno biltegiak murrizten hasterakoan lipidoak eta elikagaietatik hartutako glukosa erregai nagusia bihurtzen dira. Erritmoaren intentsitatea baxua bada, lipidoetatik lortzen den energia %60 izatera iritsi daiteke. Amaitzeko, oso iraupen luzeko jarduera fisiko edota jardueretan (ultra-lasterketak edota iraupen luzeko mendi-martxak, adibidez), energia beharrei aurre egiteko proteinak erregai gisa erabiltzen hasten dira, batez ere aminoazido adarkadun proteinak. Hau dela eta (beste batzuen artean), hidratazioari buruzko artikuluan azaldu nuen bezala, komenigarria da 3-4 ordutik aurrera eta jarduera amaitzerakoan mota honetako aminoazidodun proteinak hartzea.

"Elikagaietatik mugimendura: jarduera fisiko batean energia nola lortzen da?" artikuluan azaldu nuen bezala, energia gehien ematen duen erregaia triglizeridoak dira eta bide aerobikotik erretzen den glukosak triglizeridoen energiaren hamarrena ematen du. Proteinek zertxobait gutxiago ematen dute, baina, lehen esan bezala, proteinak oso egoera jakinetan erabiliko dira erregai moduan. Amaitzeko, energia gutxien ematen dutenak bide anaerobikoaren bidez erretzen den glukosa eta kreatina fosfatoa dira.

Orain artekoa ikusita, jarduera fisikoaren errendimenduari begira, lipidoak nagusiki erretzen badira, intentsitatea handitzea beharko den kasuetarako karbohidratoak “erre gabe” eta “gordeta” izango ditugula pentsa genezake. Baina gorputza entrenatu daiteke karbohidratoak baino lipido gehiago erretzeko? Erantzuna baiezkoa izango litzateke. Nola? Baraurik egiten diren entrenamenduak eta karbohidratoetan aberatsak ez diren dietak jarraituz.

Baraurik egiten diren entrenamenduen kasuan ez naiz asko luzatuko baina, baraurik entrenatzearen kontzeptuak bere gain bi kontzeptu hartzen ditu: lehenengoa, denok ulertzen duguna, hau da, urdaila hutsik izatea; bigarrena aldiz, entrenatu aurretik karbohidratorik gabeko dieta jarraitzea. Jarraitzen den kontzeptua jarraitzen dela, baraurik egindako entrenamenduari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko azkeneko entrenamendua intentsitate altukoa izan beharko litzateke, glukogeno biltegiak ahalik eta gehien “hustutzeko" (HIT motako entrenamendua, adibidez). Entrenamendu honen ondoren karbohidratorik gabeko dieta jarraituko dugu. Biharamun goizeko entrenamendua, baraurik egingo duguna alegia, urdaila hutsik edo karbohidratorik gabeko gosariaren ondoren (frantses tortilla bat, adibidez) egingo dugu. Entrenamendua aerobikoa izatea da gomendagarriena eta entrenamenduaren ondoren ohiko dietara itzuliko gara. Mota honetako entrenamenduak maila altuko kirolarietan astean gehienez bitan egitea gomendatzen da.

Karbohidratoetan aberatsak ez diren dietei dagokionez, azkeneko urteotan kirol munduan karbohidratoetan aberatsak diren dieten inguruko eztabaida piztu eta “Low carb” deituriko dietak modan jartzen hasi dira. Nire uste apalean eta, jarduera fisikoaren mailaren arabera noski, %40-45 arteko karbohidratoak duten dietak interesgarriak izan daitezken arren, oraindik ez dago pisuzko ikerketarik “low carb” dietak (karbohidratoetan aberatsa direnekin alderatuta) jarduera fisikoaren errendimendua hobetzen dutela esaten duenik. Mota honetako ikerketa gehienek ondorioztatzen dutena zera da: "low carb" motako dietak jarraitzen dutenek lipidoak "erretzeko" bidea (gantzen oxidazioa, alegia) garatuago izaten dutela karbohidratoetan aberatsak diren dietak jarraitzen dituztenekin alderatuz. Ondorio honek logika handia dauka karbohidrato gutxiko dieta jarraitzen bada ezinbestean gantzen oxidazioa garatzea besterik ez dugulako. Gainera, muskuluek "nahiago" izaten dute karbohidratoak erretzeko bidea erabiltzea, energia lortzeko modu azkarra delako, honegatik karbohidratoetan aberatsak diren dietak jarraitzen dituztenek lipidoak erretzeko bidea ez dute hain garatua izaten. Edozein kasuetan nik ez nuke %40 karbohidratotik beherako dieta gomendatuko, baraurik egin behar den entrenamendua egin behar ez bada behintzat.

ELIKADURA IRAUPENEKO FROGA BATEN AURREAN

1. Oinarrizkoena: bizitzarako ohitura osasungarriak izatea

Iraupeneko frogaren aurretik gomendagarriena oinarri sendo bat izatea da. Oinarri hau zein izan beharko litzateke? Misterio handirik ez dauka, elikadura eta bizitzarako ohitura osasungarriak jarraitzea besterik ez delako.

Elikadurari dagokionez, artikulu honetan elikadura osasungarriari buruzko jarraibideak eman nituenez, ez naiz honen inguruko zehaztasunik emango.


Jarduera fisikoari dagokionez, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) orain arteko gomendioa bikoiztu eta egunero ordu beteko jarduera fisikoa egitearen gomendioa luzatu du, astean sei orduetara luzatuz. Jarduera fisiko motaren arabera nik zera proposatzen dut: astean behin atsedena egin eta beste sei egunak biko hiru taldeetan banatzea: bi egun bide aerobikoan oinarritutako jarduera fisikorako, bi egun bide anaerobikoan oinarritutako jarduera fisikorako eta bi egun indarra irabaztea (pisuak altxatzea, adibidez) oinarri duten jarduera fisikoetarako. Aurretik dugun iraupen luzeko frogaren prestaketari begira, ziurrenik jarduera fisikorako emandako oinarrizko gomendio hauek motz geldituko direla.

Toxikoak (tabakoa, alkohola, drogak, beharrezkoak ez diren botikak, adibidez) ekidin beharko genituzke.

Ohiko gomendioa ez bada ere, gure bihotza, burua eta arima ere zaindu beharko genuke eta honetarako gune eta denbora aurkitzea ezinbestekoa da. Norberak daki bakea zerk edo nork ematen dion.

Orain arte azaldutako gomendioak oinarrizkoak izango lirateke, minimoak alegia, baina jarraituz gero bidearen erdia baino gehiago egina izango dugu.

2. Iraupen frogari begira aholku batzuk

Bizitzarako ohitura osasungarriak beteta, iraupen luzeko frogari begira, elikadurari dagokionez zera komeni da:

Froga egunean eta frogan zehar esperimenturik ez egin. Ez elikaduran, ez hidratazioan ezta materialan ere. Ez da gomendagarria froga egunean entrenamendu egunetan frogatu gabeko elikagai ezta edaririk hartzea, ez baitakigu gorputzak nola erantzungo duen. Honegatik gomendagarria izaten da, mendi lasterketa edota iraupen luzeko martxa baten aurrean adibidez, aurretik anoa postuetan zein elikagai eta edari emango duten jakitea, entrenamenduetan frogatu ahal izateko.

FROGAREN AURRETIK
  • Hiru-lau egun lehenago. Elikadura karbohidratoetan aberatsa egingo dugu, glukogeno biltegiak betetzeko asmoz. Egun hauetan ere ongi hidratatuko gara.
  • Frogaren egun berean. Froga hasi baino bi edo hiru ordu lehenago egingo den otorduan indize gluzemiko altua ez duten karbohidratoak, proteinak eta olio osasungarriak, bitamina eta mineralak hartzea komeni da. Adibidez, froga goizean bada, gosarian zereal integrala duen elikagairen bat (olo integrala, adibidez), proteina bat (frantses tortilla, jogurt edo beste esneki bat) eta fruta hartzea ideia on bat izan daiteke. Honetaz aparte,  hidratazioarekin jarraituko dugu.
  •  Froga hasi baino ordubete lehenago. Indize gluzemiko altuko karbohidratoetan aberatsa den elikagai bat hartzea komeni da (irin finduetan oinarritutako elikagaia, barratxo energetiko bat, etab.).

FROGAK IRAUTEN DUEN BITARTEAN

Hidratazioarekin jarraituko dugu, honen inguruan idatzitako artikuluan emandako aholkuak jarraituz.

Elikadurari dagokionez, goian azaldu bezala, intentsitatearen arabera elikagaiak modu batera edo bestera konbinatuz joango gara: intentsitate baxuko uneetan karbohidratoen ehunekoa jaitsi eta lipidoena igoko dugu, intentsitate altuko uneetan aldiz, karbohidratoen ehunekoa igo eta lipidoena jaitsiko dugu. Karbohidrato mota ere intentsitatearen araberakoa izango da zenbat eta intentsitate handiagoa ahalik eta indize gluzemiko altuko karbohidratoak hartuko ditugu. Lipidoak asegabeak izatea komeni da, fruitu lehorrak hartuz, adibidez. Elikagaiak hartzearen maiztasuna norberaren araberakoa izango da eta honetarako egokiena prestaketa eta entrenamenduetan ikasitakoa aplikatzea izango litzateke. Komeni izango litzateke noizik eta behin frutaren bat jatea, galdutako mineralak nolabait berreskuratu eta bitaminak hartzeko.

Hiru edo laugarren ordutik aurrera karbohidrato eta lipidoez gain proteinak ere hartzen hasiko gara, mendi-lasterketetan adibidez, proteinak erretzen hasten baitira. Proteinen artean aminoazido adarkatuak (Leuzina, Isoleuzina eta Valina dutenak) dituztenak dira gomendagarrienak. Aminoazido hauek BCAA (Branched Cahin Amino Acids) bezala ere ezagunak dira eta batez ere proteinetan aberatsak diren elikagaietan daude. Fruitu lehorrak, arrautza egosiak, esnekiak, haragiren bat (urdaiazpiko edo indioilar egosia, adibidez) elikagai egokiak izan daitezke. BCAA motako aminoazidoak dituzten barratxo energetikoak ere hartu daitezke.

FROGAREN ONDOREN

Nahiz eta ebidentzia sendorik ez izan, ikerketa askok diote iraupeneko froga baten ondorengo lehen orduan “leiho metaboliko” izenez ezaguna den unea zabaltzen dela. Dirudienez, frogaren ondorengo lehen orduan muskuluak errekuperazio leiho bat ireki, proteinen anabolismoarekin (proteinen osatze eta sortzea) hasi eta hartzen diren mantenugaiak (proteina eta karbohidratoak batez ere) oso erraz barneratzen ditu. “Leiho metabolikoaren” izatearen ebidentzia sendorik ez izan arren, ikerketek lehen sei orduetan proteina eta karbohidratoetan (indize gluzemiko altukoak badira, hobe) aberatsa den dieta hartzea gomendagarria dela ondorioztatzen dute: zein proportzioetan? Proteina gramo bakoitzeko 3-4 karbohidrato gramo. Nik normalean etxean eta egindako arroz esnea hartzen dut, besteen artean. Jogurt likido bat eta karbohidratoetan aberatsa den beste elikagai bat hartzea ere gomendagarria izan daiteke.

Ultra lasterketa baten ondoren arroz esnea jaten.


Hidratazioari dagokionez, honen inguruko artikuluan idatzi nuenean azaldu nuen bezala, frogaren zehar galdutako pisuaren %150 hidratatzea gomendatzen da, hau da, galdu den kilo bakoitzeko litro eta erdi. Hidratatzeko gehiegizko “dosia” orduro litro batekoa izan beharko litzateke.

Frogaren ondorengo bi egunetan karbohidratoetan aberatsa den (%50-60) dietarekin eta hidratazioarekin jarraitzea gomendatzen da. Bi egun hauek pasa ondoren ohiko dietara itzuliko ginateke.



Orain arte azaldutako guztia laburtuz, komenigarria da jardueraren aurretik glukogeno biltegiak beteak izatea. Jarduerak irauten duen bitartean hartuko ditugun elikagaiak ongi aukeratu eta konbinatuko ditugu, egoera bakoitzean beharko dugun energia beharretara egokituz. Honetarako, egingo dugun ibilbidea etxetik ongi ikasia eramatea oso garrantzitsua da: maldak non dauden, zenbateko gogortasuna eta luzera duten, ibilbidean zehar eta honen puntu ezberdinetan eramango dugun abiadura eta intentsitatea zenbatekoa izango den, ibilbidearen luzera, etab.

Ibilbidearen plangintza eta prestaketa honetan energia modu azkarrean emateko gaitasuna duten elikagaiak (indize gluzemiko altua dutenak, adibidez) eta gaitasun hau ez dutenak (urdaiazpikoa, arrautza egosiak eta fruitu lehorrak adibidez) ongi konbinatu beharko ditugu. Intentsitate altuetako jardueretan batez ere lehenak hartuko ditugu eta intentsitate baxuetan aldiz bigarrenak. Ibilbide luzeetan bi intentsitateetako uneak izango direnez, elikagai bakoitza noiz hartu ongi pentsatu beharko dugu, elikagai eta gure gaitasunari ahalik eta errendimendu handiena ateratzeko.

Eta ez ahaztu hidratazioa, elikadura bezain garrantzitsua da eta. Honen inguruan irakurri nahi baduzue, hemen klik egin dezakezue.

ETA GOI MENDIAN ZER GERTATZEN DA?

Goi mendian itsas mailan egiten den ariketa berarako energia beharra ia bikoizteraino iritsi daiteke: zergatik? Klima bortitz, hotza eta, batez ere altueraren eraginez, zenbat eta altuago igo ahalik oxigenoaren ehunekoa gutxitzen delako. Itsas mailan dugun oxigenotik %100 aprobetxatzen badugu, Aralarren %88, Aneton %64, Mont Blanc-en %53, Aconcaguan %41 eta Everesten %33 aprobetxatuko dugu.

Oxigeno ehuneko ezberdinak altueraren arabera.


Energi beharrak igotzearekin gutxi ez bada, jateko gogoa ere gutxitzen da, energia iturri garrantzitsuena murriztuz. Panorama honekin zer egin daiteke? Orokorrean gustuko ditugun elikagaiak hartuko ditugu, ahal bada erraz irentsi eta energia kantitate handia ematen digutenak. Hala ere neurri hauek guztiak nahikoak izango ez balira, muturreko egoera moduan hidratazioa elikaduraren gainetik lehenetsiko genuke.



KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA

1. Wootton S. Nutrición y Deporte. Acribia Edizioak;1990.

2. Guyton y Hall. Tratado de Fisiología médica. Elsevier Saunders Edizioak, 2011.

3. Nutrición y Dietoterapia de Krause. 13garren Edizioa, Elsevier Saunders Edizioak, 2012.

4. Rodríguez VM, Urdampilleta A. Nutrición y Dietética para la actividad física y el deporte. Netbiblo edizioak;2013.

5. Barbany JR. Alimentación para el deporte y la salud. Barcelona: Martínez Roca edizioak; 2002.

6. Urdampilleta A, Giménez J, Roche E. Bases biológicas para el asesoramiento nutricional y deportivo personalizado. Limencop SL, 2015.

7. Urdampilleta A, Giménez J, Roche E. Planificación nutricional y deportiva personalizada. Elikaesport edizioak, 2015.

8. Pérez O. La preparación en el corredor de montaña. Formación Alcalá edizioak, 2015.

9. Barceló E. Entrenamiento para ultra trail, cómo sobrevivir a una carrera de larga distancia. Desnivel edizioak, 2015.

10. Urdampilleta A. Alpinismo y expediciones a grandes altitudes. Fisiología del esfuerzo, nutrición y entrenamiento.ElikaEsport, 2015.


2016/10/22

HIRU HAUNDIAK 2016: INFERNUTIK ZERURA EGINDAKO BIDAIA (2016/10/15)

Badira Euskal Herrian mitifikatuta izan ditudan bi mendi ibilaldi: Tolosako XIV orduak eta Hiru Haundiak.

XIV orduak 1.996ean lehen aldiz egin eta 2.000, 2.004 eta 2.008an errepikatu nuen. Azken bi edizioetan ezin izan nuen parte hartu, 2.012koan Osakidetzako oposakengatik (gutxienez behingoz plaza atera nuen, jejeje) eta aurtengoan Euskal Herria mendi erronka lasterketa baino astebete lehenago izan zelako.

XIV orduak lehen aldiz egin nueneko urtea emozionalki gora beheratsua izan zen: udaberrian bi urteetan gaixorik egon ondoren gure ama hil zen, udan Donejakue bidea egin nuen (nolabaiteko barne-bidaitzat hartu nuen) eta udazkenean Itzi eta bion arteko harremana hasi zen. Ibilaldia prestatzeko aitzakiarekin, amaren eriotzagatik barruan nituen amorru eta isuri gabeko malkoak mendian askatzen saiatzen nintzen, mendiak buruan eta bihotzean nituen erantzun gabeko galderei erantzuna emango balio bezala. Ibilbidea oso berezia izan zen eta amaieran ez zeudenak gogoan malkoren bat baino gehiago isuri nuen. Orduz geroztik amaitutako mendi-erronka guztietan ezin izan diet malkoei eutsi, baina ez triste sentitzen naizelako, esker onez hunkituta sentitzen naizelako baizik.

Hiru Haundiaken inguruan lehen aldiz 1.996 urtean entzun nuen, XIV orduetarako izena eman nuenean. XIV orduek 68 kilometro inguru bazuten (orduan distantzia hau betetzea izugarria zen), Hiru Haundiek 100 kilometro, metatutako 5.126 metro positibo eta gainera Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzen zituen. Inguruan ibilaldia egindako banaka batzuk zeuden eta Himalaian egon izan balira begirunez begiratzen genituen: "hauek bai mendizale makinak!!". Herriko mendizale baten inguruan eztabaidatzen hasterakoan ere, bakarren batek "Ehhh!!! Honek Hiru Haundiak inda dittula" esaten bazuen eztabaida amaitu egiten zen, Hiru Haundiak indartsuenek bakarrik egiten zuten eta. Mendizale askoren artean gutiziatuko erronka izan arren oso gutxik lortzen zuten. Kontutan izan behar da orduan ez zegoela orain dagoen mendi-lasterketetarako sukar, afizio eta entrenamenturik eta honelako erronka bat gutxiren esku zegoen.

Historia pixkat eginez, ibilaldi hau "ofizialki" Manuel Iradier Elkarteak 1.987an antolatu zuen. Aurretik ibilaldia betetzeko saiakera ezberdinak izan baziren ere 1.987ko ekainekoa izan zen lehen Hiru Haundiak. Izandako arrakasta dela eta hurrengo hamar urteetan urtero antolatu zuten. 1.996tik aurrera aldiz, bi urtean behin antolatzea erabaki zuten edizioz-edizio ibilaldiaren norabidea aldatuz. Ordura arte ibiladiak mendi ibilaldi neurtuen kontzeptua zuen, hainbat lekuetatik pasatzeko denbora minimo eta maximoak ezarriz. 2.006 urtean aldiz, mendi lasterketen sukarrarekin batera, ibilaldiarekin batera "lasterketa" antolatzen hasi ziren, ordura arteko denbora minimoak kenduz. Hala ere, mendi ibilaldiaren kutsua mantendu nahian, ibilaldia amaitzeko ezarritako denbora maximoa 24 orduetan mantendu zuten. Pixkanaka inguruko korrikalari handienak froga honetan parte hartzen hasi eta 2.012ko edizioan Iker Karrerak ibilaldia 10 ordu eta hogeita hiru minutuetan amaitu zuen, orain arte dirauen errekor izugarria ezarriz. 2.016ko edizioak bi bitxikeri zituen: alde batetik 20garren edizioa zela eta bestaldetik ibilaldia lehen aldiz urrian ospatuko zela. Zergatik? Dirudienez Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek ez zuten ekainean ospatzeko baimenik eman sai zuriak habia egiten duen garaia omen delako.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 100,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Landa, 530 metro.
- Punturik altuena: Aizkorri, 1.538 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 5.126 metro.
- Igotako mendiak: Nagusienak Gorbeia, Anboto eta Aizkorri, baina bidean beste hainbat mendi igotzen dira, horien artean Jarindo, Ikuskitza, Usakoatxa, Urdingain, Mugarriluze, Aumategi eta Artia/Gaboñu.
- Anoa postuak: Ubidea (likidoa, 21,9 km), Otxandio (likido eta solidoa, 27,3 km), Urkiola (likidoa, 35,5 km), Zabalandi (likidoa, 42,3 km), Krutzeta mendatea (likidoa, 49,8 km), Landa (likido eta solidoa, 59,3 km), Elgeamendi pista (likidoa, 65,9 km), Leizargarate (likidoa, 69,7 km), Usabakotxena (likidoa, 76,1 km), Artaso (likidoa, 80,9 km), Arbelar (likidoa, 88.6 km) eta Iparriturri bidegurutzea (likidoa, 96,4 km).
- Zailtasuna: Ibilbidearen zailtasun teknikorik handiena Anbotoko igoera eta jaitsieran dago. Gorbeia, Orixol eta Aizkorriko jaitsieratan ere kontuz ibili behar da, batez ere Aizkorrikoan, harkaitzak irristakorrak eta nekearengatik baldarrago joango gara eta. Bestela ibilbideak pista zati luzeak ditu, sasoian izan ezkero korrikan lasai egitekoak.

Ibilbidearen profila eta anoa postuak.


Mendi erronka hau egiteko asmoa 2.014ko uztailak 11tik 12ko gauean eratzen hasi zen. Gau euritsu, hotz eta haizetsu horretan anaia eta biok (MAT-eko beste kideekin batera) Uarrainen geunden Ehunmilak eta G2H lasterketetan boluntario lanetan eta orduan erabaki genuen 2.015eko G2H-an parte hartuko genuela: "ta hoi ondo ittebadeu urrengo urten Hiru Haundiak ingo ditteu" esan genuen. Gau horretatik aurrera mendian korrikan egiten hasi ginela esan dezaket.

2.015 urtea ez zen batere gaizki joan eta, mendi lasterketeei dagokienez, jarritako helburuak bete genituen, pastelari ginga G2H lasterketarekin (Euskal Herria Mendi Erronkaren ondoren korritzen genuen bigarren mendi lasterketarekin) ezarriz. Guk ez dugu gure burua mendi-korrikalaritzat, mendizaletzat baizik, honegatik honelako mendi-lasterketa luzeak amaitzeko kapaz ginela ikusteak moralki kriston bultzada eman zigun, batez ere korrikan (bai mendian baita errepidean ere, jejeje) urtebete eskas generamatzala ikusita: "Hurrengo urteko helburue Hiru Haundiak" izatea erabaki genuen.

2016 urtearen hasierarekin batera Hiru Haundiak-en izena eman eta bioi dortsala egokitzeko behatzak gurutzatu genituen. Zoria itsua dela esaten dute eta oraingoan ez gintuen modu berean tratatu, dortsala niri bakarrik egokitu eta Iker itxaron zerrendan geldituz: "gañea zortzireundapikogarrena naiz, o sea ke ezinezkoa" esan zidan bere berezko umore positiboarekin, jejeje. Onartu beharra daukat ni ere oso baikorra ez nintzela, eta izugarrizko tristura sentitu nuen, azken urteotan egindako mendi erronka guztiak elkarrekin bete ditugu eta.

Dortsalen zozketarekin gustura gelditu ez eta zoriak urtean zehar ere ezberdin tratatu gaitu: ni hilabete batez bihurritu batekin geldirik izan nintzen arren Iker urte osoan bizkar eta eskuin hankako minez atsekabetuta ibili da. Honek urteko entrenamentu eta mendi lasterketetan eragina izan eta entrenamentu asko eta, Gorbeia Suzien lasterketa ezik, beste lasterketa guztietan bakarrik parte hartu nuen.

Urteko entrenamentuen efektua eta sasoi egoera ikusteko egutegian bi ultra-lasterketa gorriz markatu nituen: Euskal Herria Mendi Erronka eta Nafarroa Xtrem. Lehenegoa oso ongi joan zen eta beharbada ekainerako indartsuegi ez ote nengoen ere pentsatu nuen: "ea bueltaz pasatu behar ez naizen". Udako entrenamentuak ongi joan ziren baina Nafarroa Xtrem lasterketan jasotako belarrondokoak lekuz kanpo utzi ninduen; ekainetik lasterketa luze bat egin gabe eta hilabete eskasean 100 kilometro egiteko kapaz izan beharra nuen. Astebete beranduango "Ordizia trail" bezala izendatu nuen ibilaldia (54 km eta metatutako 3.475 metro positibo) sentsazio onekin amaitu arren, egindako ibilbidearen ia bikoitza egiteari errespetu handia nion eta nahiz eta hurrengo astean ere Gorbeia Suzien zoratzen amaitu, Hiru Haundiak lasterketarako kikilduta nengoen.

Orain arteko lasterketetan egin dudan moduan, lehenengo lana, ibilaldiaren arautegia irakurri ondoren ibilaldian eramango nuen materiala eta ibilaldiaren denborak kalkulatzea izan zen.

FROGA HONETARAKO ERAMANDAKO MATERIALA

Beharrezko materiala: Kopetako linterna eta ordezko pilak, euritarako txamarra, biziraupen maindira, litro bat ur eramateko bi botilatxo, sakeleko telefonoa, nortasun agiria eta zapia.

Beharrezko materialatik aparte eramandakoa: 5 litroetako motxila, babak sendatzeko materiala (partxeak, tiritak, latex eskularruak, goraizeak, zauriak josteko puntuak, betadine eta serun fisiologikoa), benda itsasgarria, makuluak, sakeleko telefonoan musika entzuteko kaskoak, eskularruak, paperezko mukizapiak, 3 barratxo, 2 gel eta 8 gatz pilula eta larrialdietarako janaria: azukredun barratxo bat, kafeinadun gel bat eta kafeinadun gominolak.Honetaz aparte dortsala eramateko gerrikoa eta Ikerrek utzitak GPSdun erloju eta bihotz taupadak neurtzeko bularreko zinta.

Eramandako arropa: Manga motzeko kamiseta termikoa, beso-erdi, belaun arteko malla, zango ("pernera") eta galtzerdi herstaileak, beso eta lepo luzedun forro polar fina (25ekoa).

Landako anoa postuan utzitakoa: Kamiseta termikoa, beso-erdiak, belaun arteko mallak, zangoak, kaltzontzillo pare bat, galtzerdi herstaileak, mendiko zapatilak, 3 barratxo, 3 gel, 6 gatza pirula, eguzkitarako betaurrekoak, toalla txiki bat (izerdia lehortzeko), zink oxidodun krema (erredurentzat) eta Fisiocrem krema (iztar eta bikietan emateko).

Gainean eramango nuen materiala eta ibilbidean jango nuena aukeratzea ez zen konplikatua izan baina anoa-postu ezberdinetatik pasa beharreko denborak kalkulatzeak buruhauste handiak eman zizkidan. 2015eko G2H-ko denborak erreferentzia moduan hartuta, ibilaldia gehienez 19 orduetan amaitzeko kapaz izango nintzela kalkulatu nuen. Ondoren, ia ibilbide osoa ezezaguna nuenez, 2014ko ibilalbidan 18 eta 19 orduen artean amaitu zutenen denborak hartu, anoa postuetatik pasatako denboren mediak kalkulatu eta modu honetan lasterketa 18 ordu eta hogeita hamabost eta 18 ordu eta berrogeita bost artean amaitzeko denborak kalkulatu nituen.

Ibilbidean eraman nuen denbora eta janariaren taula.


Denboren buruhaustea gainetik kenduta azkeneko astera urduri eta beldurrez iritsi nintzen. Hala ere, nahiz eta erabat beldurtuta izan, aste honetan ondo lo egin eta lasai joan zen (gauza anormala nire kasuan, jejeje). Ostegunean, bizitzan ditudan gertaera garrantzitsuen aurrean egiten dudan moduan, ama bisitatu eta burua hotz eta indarrak emateko eskatu ondoren berriro ere lasai lo egin nuen, pakean, lasterketan parte hartuko ez banu bezala. Ostiralean ere, lanetik etorri, bazkaldu eta siesta ona egin nuen eta, nire harridurarako, ia etxetik atera behar nintzenean hasi nintzen urduri jartzen. Gaueko bederatzietan Iker lanetik jaso eta Itzi eta hiruok Araiako bidea hartu genuen: "ze, nerbioso?" Galdetu zidan, "oain hasi naiz jartzen, baña oain arte nahiko lasai".

Araian kotxea ahal izan genuen bezala utzi eta anaia eta biok dortsala jasotzera joan ginen: "ostia, hotza, ez?" Galdetu zidan, "ya te digo, kotxek 8 gradu eskas markatzeittu". Dortsala jasotzen ari ginela Imanol ikusi genuen: "Ze, preparauta?" Galdetu zidan "beharko" erantzun nion. "Gero ikusiko gea" batekin agurtu zen. "1.700 arten ikustea zalle izangoa" pentsatu nuen.

Dortsala jasotzearen tramite guztiak egin, Ondategiko bidea hartu eta bidean afaltzeko prestatuta nuen pasta entsalada jateko aprobetsatu nuen.

Dortsala jaso ondoren.


Kalean zegoen hotzagatik ez genuen kotxearen epeltasuna gaueko hamaikak eta erdi arte utzi. Irteerako kontrol gunera hurbildu, Iker eta Itzi agurtu eta irteera gunean sartu nintzen.

Kontrolgunea pasatu aurretik Itzikin egindako azken argazkia.


Ibilaldia hasi aurretik denbora izan arren, irteera marratik ahal izan nuen gertuen jarri nintzen, Gorbeia Suzienen izan genuen tapoia buruan nuela. "A ze luzeak egin zitzaizkidan azken hamar minutuak!!!!"

Irteeran, non dago Smithy? Jejeje. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Manaslutik etorri berria zen Alberto Zerain arabar mendizale handiaren animo hitzen ondoren, hamabiak jotzear zeudela, G2H-an bezala, Vangelis musikariaren “1492: Paradisuaren konkista” filmerako egin zuen abesti nagusia bozgorailuetan jarri eta hamabietan puntu-puntuan martxan jarri ginen: "goazen Smithy, ostiaaaa!!!" Animatu nintzen.

Irteeraren bideoa: noiz pasatzen naiz? Jejeje



Ikerren animoak entzun nituenean bera eta Itziri kasu egin eta Ondategiko kaleetan metro batzuk egin ondoren Murua arte doan pistan korrikan hasi ginen. Banekien Murua arteko hiru kilometroak korrikan egiteko aproposak zirela, honegatik nire helburua tarte honetan ahalik eta postu gutxien galtzea zen, Gorbeiako igoeran izan zitezkeen ustezko ilara eta geldialdiak ekiditeko. Hala ere, nahiz eta arin joan, korrikalariak aurreratu baino ni izan nintzen aurreratua, eta gainera pisa egiteko gelditu nintzenean are eta atzeago gelditu nintzen.

Muruan. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Murua herria atzean utzi eta Gorbeian gora bizi-bizi hasi ginen: "ondokoei jarraitu hala taupadei kasuin?" Zen nire zalantza nagusia, nahi baino azkarrago igotzen ari ginen eta. Azkenean nire taupadei kasu egitea erabaki eta zertxobait lasaitu nintzen korrikalariek aurreratzen ninduten bitartean.

Halako batean ahots ezagun bat entzun nuen nire atzean. Atzera begiratu eta Imanol ikusi nuen: "Zemuz dijo asuntoa?" Galdetu nion. "Ondo, ondo" erantzun zidan. Lauko taldetxo batean zihoan eta 18 orduetatik jaistea ahaleginduko zirela esan zidanean beraien atzetik ahal izango nuen guztia eustea pentsatu nuen: "gutxiñez egunsentiarte enaiz bakarrik jungo" esan nion nire buruari. Honela, lauko taldearen atzean jarri eta beraien abiaduran joan nintzen.

Gorbeiako igoeran bide estuetatik ibiliko ginela espero arren ia denbora osoan pista itsurako bide zabal batetik igo ginen. Gailurrera iritsi aurretik haizea indarrez jotzen hasi zen. Forro polarra goraino lotu, zapia buru-beroki moduan jarri eta gailurrean zeudenen animoen artean lehen Haunditik pasa ginen: "Bat berrogeita hiru" entzun nion taldeko bati. Erlojua begiratu eta "ostia, nahi baino askoz azkarrago nijo" pentsatu nuen.

Jaitsiera nahiko tente eta irristakorra zegoen eta bertan ikusi nituen ibilaldiko lehen ipurdikoak, batez ere makulurik ez zutenen artean. Barratxo bat janez ahal izan nuen moduan Imanolen taldeari eutsi nion jaitsieran oso arin zihoazen eta.

Gorbeiako jaitsieran. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Ubideara doan zementuzko pistara iritsi ginenean berriro ere pisa egiteko gelditu eta aurrera jarraitu zutela ikustean, alde batetik nolabaiteko "lasaitasun" bat hartu nuen ("alde batetio ondo, hola nere erritmon jungo naiz") eta bestetik hemendik aurrera ibilbidea bakarrik egiteak preokupazio txiki bat sortarazi zidan.

Zementuzko pistan tarteka korrika eta tarteka bizi-bizi oinez aritu nintzen eta ez dakit erreka baten ondotik joateagatik edo hotza sentitu nuen: "bueno, Ubidearte ezta asko falta ta han eskularruk beize jarrikoittut" pentsatu nuen.

Ubideara (3 ordu eta sei minutu) eskuak hoztuta iritsi nintzen. Bertan Imanol eta bere taldea topatu nituen. Anoa postuan gel eta gatz pilula bat hartu eta hidratatzeko aprobetsatu nuen. Eskularruak motxilatik ateratzeko aldiz komeritan izan nintzen ez bainuen asmatzen. Azkenean bertako boluntarioari motxilatik eskularruak ateratzeko eskatu eta, jantzi ondoren, Imanolen taldearen atzetik jarraitu nuen buruan ordu bete barru Otxandiora iritsiko nintzela buruan nuela.

Ubideatik Otxandiora arteko bidean hesteetan zerbait ongi ez zihoala nabaritzen hasi nintzen: tripak nahastuta eta libratzeko izugarrizko gogoa nuen. Sentsazio bera izan nuen 2015eko Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan. Orduan, San Miguelen libratu ondoren kriston lasaitasuna hartu eta gorputzari buelta eman nion. Hau buruan nuela eta baso batean nengoela aprobetsatuz, bidetik atera, zuhaitz baten ondoan makurtu eta kriston hotzikara sentitu nuen libratzen nuen guztia likidoa zela ikusi nuenean.

Berriro ere bidean lasaiago nabaritu arren gorputza hotza sentitzen nuen. Ez nituen bi kilometro egingo tripak berriro ere nahasten zirela sentitu nuenean: "Ostia joderrrrrr!!!!" Haserretu nintzen, "no me jodas oain beherakokin hasi behar naizela!!!!".

Sentsazio honekin Otxandiora (3 ordu eta berrogeita hamaika minutu) iritsi nintzen. Bertan, tripak lasaituko zirelakoan, platano pusketa pare bat, jogurt bat (honen bakteriek hesteetan on egingo zidatela ziur nengoen eta) eta gorputza berotzeko salda eta kafe beroa hartu nituen. Hamar minutuetako atsedentxoaren ondoren gorputza beroa nuela martxan jarri nintzen.

Otxandioko anoa postuan platanoa jaten. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Eta Otxandiotik aurrera hasi zen nire infernua. Bi kilometro egin gabe nituela korrika batean sartu behar izan nintzen basoaren erdian bigarrenez libratzera. Berriro ere libratutako guztia likidoa zela ikusita alarma guztiak piztu zitzaizkidan.

Honelako egoera batean erizain eta dietista izatea oso konbinaketa txarra da: hasieran zerbaitek kalte egingo ez ote zidan hasi nintzen pentsatzen. Egunean zehar jandako guztia errepasatu ondoren ez nuen ezer susmagarririk aurkitu. Orduan bigarren hipotesira jo nuen: "eztet ba azukre eta gatz gehiegi hartzeagatik beherako osmotikoa izango?" Bigarren hipotesi hau egia bazen botilatxoetan nuen isotonikoa hartzea egokiena ez zela pentsatu nuen; "ude behar det hesteetako kontzentrazioa jaisteko". Ideia hau buruan nuenez Urkiola arte jan eta edan gabe joatea erabaki nuen: "handio gora ea zerbait jaten deten". Buruko mamu eta pentsakera txarrak handitzen ziren heinean bakarrik gelditu nintzen. Ez nuen inor ez aurretik ezta atzetik ere eta indarrak gutxituz joan ziren batez ere Urkiola aurretik pasa genuen pista lokaztuan. Lokatza zapatilen azpian lapa moduan eransten zen eta goi mendiko botekin nindoala zirudien. Gainera gainean nuen nekearekin baldar nindoan, nahigabe ere lokatz gehien zegoen lekuan hankak sartuz.

Urkiolan zegoen musika entzun nuenean zerbait lasaitu nintzen: "azkenen zibilizazio pixkat!!!". Anoa postura iritsi, oliba batzuk jan eta ura soilik edan, eta botilatxoetako isotonikoa urarekin disolbatu ondoren aurrera jarraitu nuen, gogortzen ari zen haizearen erdian. Zuhaitz baten ondoan maskuria arintzeko gelditu (itsuraz hidratazioa gaizki ez neraman) eta haizeagatik babesteko euritarako txamarra jartzeko aprobetsatu nuen. Behin txamarra jantzita kremailera igotzen saiatzen ari nintzela (behar denean kremailera ez da goraino kolpe bakarrez igotzen, jejeje) bideari begia kendu eta ikusi ez nuen langa bati eskuin belaunarekin kolpe galanta eman nion: "kaka putzeeee, hoixe behar nun!!!" oihukatu nuen metro batzuetan minez herrenka ibiliz.

Urkiolatik gora doan pistan. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Anbotoko igoera izugarria izan zen. Erabat gogortuta, indar faltan, hoztuta eta gorputzaldi txarrarekin egin nuen. Honetaz aparte haize bortitza eta bideko harriak irristakorrak zeuden, bidea are eta gehiago gogortuz. Bidea estua izanda ilaran eta gurutz bidean bezala igo ginen, bi-hiru pausu egin eta gelditu, bi-hiru pausu egin eta gelditu. Igoera amaigabea zirudien eta goraka begiratzen nuen bakoitzean nire aurretik argi ilara bera ikusten nuela iruditzen zitzaidan. Mentalki etsitzen hasita nengoenean "aupa makinak, bertan zaudete etaaa!!!!" Oihukatzen ari zen boluntarioa ikusi eta metro gutxietara aurretik nuen argi ilara desagertu zen: "erakutsidazu dortsala mesedez" esan zidan bertan zegoen beste boluntario batek.

Anbotoko kontrol gunean. Argazkia facebook-etik jaitsi nuen baina ez dakit nork egina den.


Anbotoko kontrol gunean nengoen!!!!! Dortsala erakutsi, markatu eta beherako bidea hartu nuen. Denbora? 6 ordu eta berrogeita zazpi minutu. Nahiz eta larri joan gutxienez aurrikusita nuen denboraren barruan nindoala ikusi nuen, baina aurretik irabazita nuen denbora kontutan hartuta denbora orokorrean galtzen hasita nengoen.

Igoera gogorra izan bazen, jaitsiera are eta gogorrago izan zen: harkaitzen labainkortasuna dela eta korrikalari batzuk ipurdiz destrepatzen jaisten hasi ziren ilara luzeak sortuz. Hau beste korrikalari batzuk urduritu eta ahal izan zuten lekutik aurreratzen hasi ziren besteok egoera berean geundela kontutan izan gabe. Nire aldetik, gorputzean nuen nekearen eraginez, baldar samar nindoan eta aurrean nuen korrikalaria pare bat aldiz ere zapaldu nuen. Hau gutxi izan ez balitz bat batean ia eskuin bikia igotzeko keinua egin zidan: "Ostia puta, ze gehio pasa behar zait?????" Pentsatu nuen zeru ilunera begira. Bi hiru pausu eman eta berriro ere igotzeko keinua egin zidan. Ez nekien zer pentsatu ere, hidratazioa ondo zihola ziur nengoen eta. Egoera honetan nuen gogo bakarra jaitsera puta hau amaitzea zen.

Ez dakit jaitsierak zenbat denbora eraman zidan baina "lurrera itzuli" nintzenean izugarrizko lasaitasuna hartu nuen: "zerbait jan beharren nau, bestela enaiz Krutzeta iritsiko" pentsatu nuen, bertan Itzi, Iker, Jose Manuel eta Maria Pilar zain nituen eta. Bikiak igotzeko keinua deshidratazio baten hasieran izango nintzenaren beldurrez bi gatz pilula hartu, motxilan nuen barratxo bat atera eta koskada txiki-txikiak jaten hasi nintzen. Nire paranoia beherako osmotikoa nuela zenez, koskada bakoitza mila aldiz murtxikatu eta urarekin irensten nuen hesteetako azukre eta gatz kontzentrazioa ez igotzeko.

Orixoleko bidean azkarrago joan nahi baina ez nuen indar ezta gogorik ere. Izugarrizko negargurea nuen, ez dakit haserreak, tristurak, dezepzioak edo porrot sentsazioak sortutakoa, baina negargurea nuen. Urte osoko entrenamentuak komuneko zulotik behera joan izan balira, nire burua, Itzi eta Ikerri huts egin niela sentitzen nuen. Begiak zeruan (amari indarrak eskatuz) eta erlojuan nituen denbora osoan, nire esperantza osoa egunsentian jarrita: "ea gutxiñez eguzkikin gorputza martxan jartzean".

Eta mirari txikia gertatu zen: norbaitek entzun izan balu bezala Orixoleko kontroletik pasatzear nengoela zerua gorri-gorri jarri eta ekialdean eguzkiaren lehen izpiak ateratzen hasi ziren.

Pentsamentu positibo hauen guztien artean, ahulduta eta triste, Orixoletik (8 ordu eta hogei minutu) aurrikusita nuen denborarik okerrena baino hamar minutu beranduago pasa nintzen. Baina gutxienez hesteak baretuak nituen: "hemendio ordu erdi eskasen Krutzetan nau" pentsatu nuen. Hogeita hamabost minutuetako jaitsieraren ondoren "Aleeeee Mitzzz!!!", "Aleee Smiiii!!!!" animoen artean Krutzetara (8 ordu eta berrogeita hamabost minutu) iritsi nintzen, aurrikusitakoa baino hamabost minutu beranduago.

Krutzera iristen: aurpegian gauzak ongi ez zihoazela nabaria zen.



"Zemuz?" Ikerrek, "Gaizki, tripak kristo inda ta ahulduta, Landaño jungo naiz ea ze ostia gertatzen den" bakarrik esateko kapaz izan nintzen. "Alperrik sufritzeare eztu merezi" esan zidan Maria Pilarrek. Itzi ixilik zegoen, ez nion ezer esan behar larri negoela bazekien eta. Fruta konpota bat eman eta di-da batean jan nuen Ikerrek motxilako botilatxoak aldatzen zizkidan bitartean. Gatz pilula bat hartu, urarekin hidratatu, Itziri muxu eman eta malkoei eutsiz aurrera jarraitu nuen.

Krutzetan hidratatzen eta Jose Manuel, Maria Pilar eta Itziren animoak jasotzen.


Ez dakit eguzkiagatik, "supporter" taldea (jejeje) ikusteagatik edota Itzik eman zidan konpogatik (edo muxuagatik, zeinek daki) baina Landako bidean gorputza pixkanaka bere onera itzultzen hasi eta hanketan indarra berriro ere sentitzen hasi nintzen: "ostia, Landan hola banau aurrea jarraittukoet!!!" Animatu nintzen.

Bitartean "supporter" taldea Landan nuen zain... Argazkia festak.com web orritik jaitsitako beste baten moldaketa da.


Infernutik ateratzen hasten nintzela sentitzen nuen eta abiaduran ere eragina izan zuen: Jarindora doan igoera gogorraren ondoren oraindik aurrikusitako denborarik okerrena baino hamabost minutu motelago nindoan arren (9 ordu eta berrogei minutu), Jarindo eta Landa artean indartsu sentitu eta Landara (10 ordu eta hemezortzi minutu) aspaldiko partez aurrikusitako denboren barruan sartu nintzen.

Iker Landan animatzen, argazkian azaltzen den korrikalaria Ainhoa da, gero bere eta bere lagunaren atzetik hainbat kilometro egingo nituena. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.



Landara iristen: animoak beste batzuk ziren.



"Hobeto ez Smi?" Esan zidan Itzik, "joer, ba oain bai, eztakit konpotagatio edo, baña kriston efektue indit" esan nien. Ikerrek botilatxoak aldatu, bigarren konpota bat eman eta aurrekoa egin zidan efektua ikusita Arbelar arte gordetzea erabaki nuen.

Landako anoa postuan goitik behera arropa eta zapatilaz aldatu, eta makarroi platerkada eta patata tortilla pusketa beroa jaten hasi nintzen: "¿Cómo va?" Galdetu zidan ondoan nuen korrikalari batek "Hasta ahora muy jodido de las tripas y con diarrea". "Esa fue la razón por la que me retiré la última edición" erantzun zidan. "Joe, hoik die animok ematea" pentsatu nuen, jejeje. "¿Qué tal están lo macarrones?" Esan zigun mahaiak jasotzen ari zen emakume batek. "Por ahora lo mejor del día" erantzun nion, "y la tortilla está de escándalo". "Eso, eso comed que os va venir bien para recuperar sales y fuerzas" esan zigun. Landan Imanol eta bere taldea berriro ere ikusi nuen eta Imanolek ere libratu beharrean sentitu zela esan zidan.

20 minutuetako atsedenaren ondoren anoa postutik beste pertsona bat izango banintz bezala atera nintzen, gihar eta mentalki indarrez.

Landatik ateratzen, makarroiak zein goxoak zeuden!!!!



"Supporter" taldea Araia arte agurtu (ez nekien iritsiko nintzen hala ez, baina orain gutxienez indarrez sentitzen nintzen) eta bideari ekin nion: "Ahora se van a cagarrr!!!" Esan nion anaiari maldan gora arin-arin hasten nintzela.

"Supporter" taldea utzi ondoren, musikak ederki laburtzen du nola sentitzen nintzen.



Landako anoa postuan korrikalari batek Landaren ondoren malda gogor bat zegoela esan zidan, honegatik lasai hartu nuen. Hemendik aurrera bidea oso gora-beheratsua zela banekien eta Aizkorrira begira indarrak gordetzen joan nintzen korrikarik egin gabe, denbora osoan oinez, maldan behera eta zelaietan arin eta maldan gora poliki.

Albiturritik (11 ordu eta berrogeita hamaika minutu) aurrikusitako denborarik onena baino lau minutuetako aurrerapenarekin nindoan eta Leizargaraten jada bost minutuetakoa zen: "hola ondo nijo!!!" Pentsatu nuen. Leizargarateko anoa postutik atera eta parean zegoen antenadun mendiari begira ari nintzela, ondoan nuen korrikalariak pentsatzen ari nintzena asmatu zuen: "Ese es el Urdingain. Ahora toca una cuesta dura hasta el repetidor, luego un tramo llano largo y después otra cuesta dura hasta los molinos".

Eta baita arrazoia izan ere!!! Urdingainera doan malda gogorra pazientzia handiz hartu nuen, poliki-poliki hankak indartu gabe. Gailurrera iritsi nintzenean haize zakar batek aurpegian eman eta euritarako txamarra jarri behar izan nuen berriro ere, Urkiolan bezala, kremailerarekin borroka eginez. Maldarik igotzen ez zen tarte luzearen ondoren maldan behera egin eta errotetara doan malda gogorra lasaitasun handiz igo nintzen, 71garren kilometroan dagoen lehen errotara iritsiz. Ordurako makuluekin egindako indarraren eraginez bi eskuak handituta eta eskumuturretako zurdak minberatuta nituen, honegatik, mina ez handitzeko, hemendik aurrera makuluak bakarrik igoeratan erabiltzea erabaki nuen.

Hurrengo hamar kilometroetan 78 errota zeharkatu beharra zeuden. Hasiera batean errotak zenbatzen joatea pentsatu nuen, baina nazkatuta bukatuko nuela banekienez, azkenean erlojuak adierazten zizkidan kilometroei begiratzen joatea hobea izango zela erabaki nuen. Lehen errotak bitxiak iruditu zitzaizkidan beraien burrunba bitxiarengatik, baina bost kilometroren ondoren, Usabakotxenako anoa postura iritsi nintzean , errota eta erroten burrunbatik kokoteraino nengoen, jejeje. Gainera zati honetan zegoen haizeteak tarte askotan bidea ederki gogortzen zuen.

Usabakotxenako anoa postuan erlojua begiratu eta 13 ordu eta hogeita hamazazpi minutu markatzen zituela ikusi nuen: "Ondo, uste baño zortzi minutu leno". Ordura arte bikote baten atzetik nindoan denbora osoan, eramaten zuen abiadurari ongi eusten niolako. Gero Itzik esango zidan Ainhoarekin (bikoteko neskarekin, goiko argazki batean azaltzen dena) lasterketaren batean baino gehiagoan kointziditu nuela, baina niri ez zitzaidan ezaguna egin. Milesker zuen atzetik joaten uzteagatik!!! Anoa postuan aspaldiko partez Imanol ikusi nuen, oraingoan lagun bakarrarekin: "zemuz doa?" Galdetu nion, "nekauta baña ondo, errotetatik nazkauta" esan zidan irrifartsu.

Usabakotxenatik atera eta Ainhoa eta bere lagunaren atzetik jarraitu nuen, maldan gora eta maldan behera. Maldan behera egin genuenetako batean atzean utzi eta Imanol eta bere lagunarekin bat egin nuen beraiekin batera azken errotaren inguruan zegoen Artasoko anoa postura iritsiz. Bertan hidratatu eta txokolatezko donut bat hartu ondoren aurrera jarraitu genuen. Erroten zatia eta haizea amaituta zegoen, eta onartu beharra daukat zati hau mentalki oso gogorra egin zitzaidala.

Esku eta eskumuturretako minarekin gutxi ez banu ezker belaunean mina sentitzen hasi nintzen, hasieran jaitsieratan eta gero denbora osoan. Hau eta, batez ere Imanol eta bere laguna maldan gora ni baino indartsuago zihoazela ikusita, atzean gelditzen hasi nintzen: "nei ez etxoin, zuen martxan jarraittu". Belauneko mina ezaguna nuen, batzuetan keinu arraroren bat egindakoan jartzen zait eta, eta etorri bezala joango zenaren esperantza nuen, beste batzuetan gertatu zaidan moduan. Baina oraingoan bidelagun izateko etorria zegoela zirudien, eta nahiz eta gehiagora ez joan, lasterketaren amaiera arte izango nuenaren beldurra jarri zitzaidan.

Indar aldetik ondo nindoan eta abiadura belaunean mina sentitzen hasten nintzen puntura egokitu nuen. Nahiz eta nahi baino "motelago" joan harritu ninduen pixkanaka beste lasterkari batzuk aurreratzen nituela ikusteak, eta egia esan, honek moralki indar handia eman zidan.

Eta bat-batean, pagadi batetik atera ondoren, Urbiako larrak azaldu eta paraje ezagun hau ikustearekin batera zeruko ateak irekitzen hasten zirela sentitu nuen. Nahigabe martxa arindu eta belauneko mina gutxitzen ari zela ikusi nuen eta gorputzean lehen aldiz izerdia sentitzen hasi nintzen. Hala ere, badaezpada nire burua korrikarik ez egitea behartu eta Arbelar arte oinez azkar-azkar jarraitu nuen. Erlojua begiratu eta 16 ordu eta bost minutu adierazten zuela ikusi nuen: "earra, aurikusitakoa baño bost minutu azkarragooo!!!!": "delante vuestra han pasado unos 300" esan zidan anoa postuan zegoen boluntarioak. "¿Sólo 300?", "Sí, unos pocos más, pero no creas que muchos más" erantzun zidan. Arbelarren ur botilatxoak bete, ongi hidratatu eta Landatik gordeta nuen bigarren fruta konpota hartu ondoren Aizkorrin gora hasi nintzen.

Maldan gora hasi eta gutxira, ez dakit konpotagatik edo, hankak berriro ere indartsu sentitu nituen. Hemendik bukaera arteko bidea ezagutzen nuenez, irrifar maltzur bat bota eta "A tomar por sako!!!" baten ondoren abiadura bizitu eta zuzenean zeruan sartzen hasi nintzen: a zer nolako gozatua egurra ematen igo eta minik gabe hankak indartsu zihoazela ikustea!!! Igoeran hainbat korrikalari aurreratu eta Aizkorriko aterpean zeruan sartu nintzen, aurrikusitako denbora onena baino 12 minutu lehenago (16 ordu eta berrogeita bi minutu). Aterpe parean Imanol eta bere lagunarekin bat egin nuen berriro ere. Aizkorrira hurbildu zitzaien hirugarren lagun batekin zihoazen: "Bai gorde dituzula indarrak honeako, zenbaten igo zea?" Galdetu zidan Imanolek, "ba eztakit baña sentsazio onekin igo naiz, esaizut ba honeako indarrak gordeko nittula, jejeje" erantzun nion.

Zeruan nengoen, ibilbide osoan izan nuen moral eta indarrez gorenean eta Araia arte egurra emateko gogotsu. Bat batean Imanol gelditu, lurrean eseri eta "pixkat mareatzen ai naizela ustet" esan zuen. Beste hiruok gelditu eta bi lagunen laguntza zuela ikusi nuenean behera jarraitu nuen.

Hemendik aurrera hankei egurra ematen hasi eta ongi erantzuten zutela ikusteak oraindik indar gehiago eman zidan. 20 km-etako lasterketa baten amaieran bezala sentitzen nintzen eta aurretik ikusten nituen korrikalariak aurreratzeak geroz eta motibazio gehiago ematen zidan azkarrago joateko. Azkosaroi ziztu bizian zeharkatu ondoren pagadian sartu eta di-da batean Iparriturriko bidegurutzera iritsi nintzen, ibilbideko azken anoa postura.

"Bengaaaa, animooo azken hiru kilometroak eta helmugan zaudete eta!!!" Esan zidan bertako boluntarioak. Baso pare bat ur azkar-azkar edan eta berriro ere korrika bizian hasi nintzen.

Aizkorrin behera jaitsieraz gozatuz. Argazkia 42195.es web orritik jaitsita dago.


Azken hiru kilometro hauek izugarri gozatu nituen, infernuan izan ondoren zeruan nengoen eta, nire buruarekin pakean, eta Krutzetan bezala, negargurea jarri zitzaidan, baina oraingoan zorion eta esker oneko negargurea.

Helmugatik kilometro eta erdira lurrean etzanda iztarretan masajeak jasotzen ari zen korrikalari bat ikusi nuen: "a ze putadea" pentsatu nuen Marimurumendin bikiak igo zitzaizkidan momentua gogoratuz.

Araiara iristen. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Araiako kaleetan sartu nintzenean pozarren nengoen: ezagutu ez nuen batek "korri, familie bertan duzu ta" oihukatu eta metro gutxietara "Benga txapeldunaaaa!!!! Eutsi mutileeee!!!!" Entzun nuen. Koadrilako Ander, Oihana, Manolo, Mikel eta Mª Carmen ziren, larunbat arratsalde batean ezer hobea egiterik eta, famili osoarekin ni animatzera etorrita. Momentu honek oilo-ipurdia jarri eta asko hunkitu ninduen eta metro batzuetan Ander eta hauen seme-alaba koadrila lagun izan nituen. Milesker bihotzez denoi!!!!

Araiako sarreran Anderrek grabatutako bideoa.



Metro batzuk aurrerago "Aupa Xabiiiii!!!" bat entzun eta jendetzaren artean Etxarriko Aitor korrikalari handia ikusi nuen. Keinu bat egin eta gelditu gabe jarraitu nuen.

Azken metroak eztarrian korapiloa egin zitzaidan metroak izan ziren, malkoen metroak, entrenatutako ordu guzti horiek benetan balio izan dutenen metroak, Itzik urte osoan nirekin izan duen pazientziaren metroak, anaia nire ondoan amets hau betetzen ez egotearen metroak, hegan egin nituen metroak, infernuan izan ondoren zeruan egotearen metroak eta amari indarrak emateagatik eskertutako metroak: "Aupa Mitzzzzzz!!!!!" Anaiaren animoa besterik ez nuen entzun. Antolakuntza, boluntario eta bertan zeudenen animoak txalotuz, 18 ordu eta sei minutuetan, malkoen artean helmuga zeharkatu nuen.

Helmuga iritsi aurreko azken metroetan. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Ahal izan nuen moduan eskerrak emanez. Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Malko artean, hau amaituta dago!!! Argazkia festak.com web orritik jaitsita dago.


Iker eta Itzi helmugan animatzen aritu ziren lekuan... Argazkia festak.com web orritik jaitsitako beste baten moldaketa da.


... Eta leku hortatik grabatutako bideoa.



Ez dakit endorfinak jota nengoen baina izugarri ongi sentitzen nintzen, maratoi erdia korrika egin izan banu bezala. Diploma jaso eta Itzirekin besarkada eta muxu batean lotu nintzen: "Ze ona Smiii" esan zidan hunkituta. "Puto makinaaa" esan zidan Ikerrek, "ba egie esan oain kriston ondo nau, ez dakit gora etorrita naun baña beste kilometro batzuk itteko indarrak baittutela ustet" erantzun nien.

Malkoak lehortu ondoren pozaz zoratzen.


Helmugaren atzeko anoa postuan sartu eta etxetik prestatutako arroz esne freskoa jaten ari nintzen bitartean kuadrilako lagunak azaldu ziren.

Arroz esnea jaten, argazkia Anderrek egin zuen.


"Ostia Smithy, ondo ezta?" Esan zidan Anderrek. "Joer, ba oain oso ondo nau baña gauen latzak pasatuittut" esan nien. "Itxura behintzet ona ikustezaizu" esan zican Mikelek. Ibilaldian izandako komeriak eta bisita egiteagatik eskerrak eman ondoren joan egin ziren.

Mikel eta haur kuadrilarekin hizketan. Argazki hau ere Anderrek egin zuen. Milesker familiaaaa!!!!!!


Arroz esnea amaituta patata tortillaren ogitartekoari ere lekua egin nion: "zemuz joan da?" Galdetu zidan Aitorrek "Gaua gaizki baña egune oso ondo" erantzun nion "nik ere sufrituet, hasieran azkarregi jun ta ordainduet, baña azkenekon baño denbora hobea indet". "Zenbat?" Galdetu nion. "16 eta berrogeita bi". "Joer, kriston denbora da hoi, zorionak!!" Erantzun nion.

Indarrak berreskuratu ondoren, hoztu aurretik euritarako txamarra jantzi eta eta dutxetara zuzendu nintzen.

Ikerrekin batera dutxetarako bidean.


Dutxetan Arkaitz Irureta ezagutu nuen, "pirukeriak" blogaren sortzailea: plazer handia izan zen zu ezagutzea, ea neguan Aizkorriko kanaletara bueltatxoa egiten dugun!!!!

Dutxetatik ateratzen eta batzuek laugarren haundia deitu zioten maldan gora. Itsura txarrik ez nuen, ez? Jejeje



Dutxetatik atera eta, ibilaldiari amaiera emanez, etxerako bidea hartu genuen, pozaz zoratzen duela hogei urte entzun eta orduz geroztik amesten nuen mendi erronka izugarria egina nuen eta.

Ohikoa dudan moduan kronika eskerrak emanez bukatu nahi dut: eskerrak ibilaldi osoan bidelagun izan zintuztedan guztioi, kuadrilari, Jose Manuel eta Mariapilarri, modu batean edo bestean indarrak eman eta animatu nauzuen guztioi, anaiari (zu gabe erronka hau ezberdina izan zen baina zu gabe ez nuke egingo), Itziri (1.996tik egunez egun gehiago maite zaitutela esatea ez da nahikoa) eta amari erakutsitako guztiagatik.

Antolaketari dagokionez entzunda nuen ez zela oso antolaketa ona eta anoa postuak eskasak zirela, baina hau esan zidanak ez dakit zein ibilaldi egin zuen niri guztiz kontrakoa iruditu zitzaidan eta: anoa postuak ederrak, Landatik aurrera ia bost kilometroero likidodun anoa postu bat eta Araiakoa izugarria. Bidearen markaketa oso ona, kontutan izanda gauez bakarrik ezezagunak ziren bideetatik egindako kilometroak, ez nintzen inongo momentuan galdu. Boluntarioen lana txalotu eta eskertzekoa, milesker Ubidean eskularruak ateratzen lagundu zidan boluntarioari eta a zer nolako meritua Anboton zeuden boluntarioena, laserkariak animatu eta animatu nekatu gabe. Honelako antolaketarekin egindako ibilbideak errepikatzeak ez du pereza handirik ematen.

Beste edizio batzuetarako iradokizun pare bat egin nahiko nituzke: senitarteko edo laguntzaileren bat anoa postuetan sartzerik izatea eta ibilaldia izan zen denbora osoan sare sozialetan norbait ibilbideko nondik norakoak egueratzen joatea.

Ibilbidea amaitzeagatik jasotako diploma.


IBILBIDEAREN DATUAK ETA BIDEOA

Ibilbidea betetzeko kontrol gune ezberdinetatik pasatako denborak.


Eta Ikerren erlojuak egin zuen ibilbidearen bideoa, kuriosoa benetan!!!




Bukatzeko, ibilbide osoa deskargatu nahi baduzue:




2016/09/25

NAFARROA XTREM 2016: BURUA, GORPUTZA ETA ARIMAK EZEZKOA ESATEN DUENEAN 2016/09/17

Ezer baino lehen aitortu beharra daukat zalantzak izan ditudala kronika hau non jarri, mendi irteeren sailean edo mendi-osasun artikuluen sailean, kontatuko dudana bien arteko nahasketa izan daitekeelako. Ohituta nago ongi bukatzen diren istorio eta ibilbideak kontatzen, nahiz eta batzuetan sufritutako uneak ere izan. Hasiera batean ez nuen honen inguruko ezer kontatzeko asmorik baina Itzik honetara animatu ninduen: “blogen zeoze idatzikozu, ezta? Gauzak ondo ateatzen dienen bakarrik idaztea tranpa ittea da”. Arrazoi handia berea.

Istorio hau urtearen hasieran hasten da, Hiru Haundiak mendi ibilbiderako dortsala egokitu zitzaidanean. Ibilbide honen prestaketari begira urtean zehar mendi lasterketa ezberdinetara izena eman nuen, horien artean Nafarroa Xtrem, lehen aldiz antolatuko zen mendi lasterketa.

Hiru Haundiak-i begira lasterketa hau primeran zetorren: denboraz mendi ibilbidea baino hilabete lehenago, 68 km, metatutako 4.000 metro positibo, eta gainera Kintoaren (gazteleraz “Quinto Real”) paraje ikusgarriak zeharkatuz. Saioa eta Adi mendiak igota izan arren, Kintoako mendi esanguratsuenak ibilbide bakarrean igotzeak izugarri erakartzen ninduen.

2016ko Nafarroa Xtrem-en ibilbidea, luzea eta gogorra.


Prestaketa fisikoari dagokionez uda ongi joan zen eta egindako test batzuen ondoren indartsu sentitzen nintzen lasterketa zorrotz eta gogor honi begira. Hala ere ez nuen helburu jakinik, amaitzea besterik ez, eta gainera egurra eman baino orduak metatu nahi nituen. Hau guztiagatik 12-13 ordu bueltan amaitzea aurreikusi nuen.

Lasterketari begira egin nuen denbora eta elikadura aurrikuspen "lasaia".


Lasterketa baino astebete lehenago tenperaturak 15-20 gradu inguru jaitsi (ordurarte 30-35 gradu artean ibili ginen) eta hotzarekin batera mendietan beharrezkoa zen euria botatzen hasi zuen. Aldaketa honek nire osasunean ere eragina izan eta eztarriko min eta katarroarekin hasi nintzen, gauetan izerdi batean eta goizetan hotz sentsazioarekin jaikiz.

Aste osoan zehar Euskalmet eta Aemet eguraldi web orrialdeetan mila aldiz sartu nintzen eta bietan astebururako hotza eta euria iragarrita zegoela behin eta berriz adierazten zuten: “beno, Aralar ta Aizkorrin hotza ta ebikin ibilita nau, eztet uste hainbesteako izangoenik” pentsatu nuen. Honetaz aparte, astean zehar antolatzaileen mezu elektronikoa jaso nuen: “iragarritako eguraldia dela eta euritarako txamarra eta eskularruak eramatea derrigorrezkoa izango da”. Euripean lasterketa bat egiteak ez ninduen batere motibatzen, baina hala ere, euritan egin izan ditudan ibilbideetako esperientzia buruan, Ostiralean lanetik irten, bazkaldu eta material guztia prestatu ondoren Zubirirako bidea hartu genuen.

Etxetik ordu eta erdiko ibilbidea izanda Itzi eta biok Eugiko “Quinto Real” ostatuan lo egiteko tokia hartu genuen, modu honetan larunbatean irteera puntuan atseden hartuta egoteko. Zubiriko “Gau txori” jatetxean dortsala jaso eta anoa postuetan laguntzaileak arropa lehorra ematerik bazuen galdetu nien: “bai noski, anoa postuetan bai, hortik kanpora ez”. Honek lasaitu ninduen hasiera batean aldatzeko arropa guztia motxilan eramatea pentsatuta nuen eta: “hola ariñago jungo naiz” pentsatu nuen.

Eugiko bidean basoaren egoerarekin txundituta gelditu ginen: pagadiak jasandako beroagatik erreta zeuden eta Eugiko urtegia ere oso baxu zegoen. “Quinto Real” ostatuko nagusia den Fernando Goñi pelotari ohiak ere aurtengo uda oso lehor eta bero joan zela baieztatu zigun eta honekin batera biharko lasterketarako material ona emateko aholkua eman zidan: “mendi horiek oso lainotsuak dira eta galtzeko arriskua handia dago, gainera lokatz handia egongo da”. Trasteak logelan utzi eta Eugi herria bisitatu genuen: “a ze lasaitasun eta pakea!!!!” esan nion Itziri. “Bai, baña negun hemen ezta giroik izango” erantzun zidan arrazoi handiz. Lehenengo euri tantekin batera ostatura itzuli ginen.

Lasterketarako motibazioa ez zegoen gorenean eta gainera logelaren leihotik euria gogoz etengabe ari zela ikusten nuen: “Bihar hola badau enaiz aterako” esan nion Itziri “ta ateatzen banaiz Aritzu (46 km) arte jungo naiz, han erropa aldau ta segun eta nola naun bertan utzi edo jarraitukoet”. “Nahizun bezela Smi” erantzun zidan “bakizu eztula pena merezi alperrik sufritzea”.

Kamiseta eta dortsala prest ohera joan aurretik.


Katarroarentzat hartzen ari nintzen botika etxean ahaztuta, muki artean lotara joan nintzen, baina hala ere, uste baino hobe lo egin ondoren, goizeko seiak eta erdietan jaiki nintzen. Nire zorionerako muki batzuk eta eztarriko min arin batetik besterik ez nuen eta leihotik begiratu nuenean ez zuen euririk ari. Ez dakit sentitu nuena lasaitasun sentsazioa izan zen, lasterketan parte hartuko ez nuela barneratzen hasita nengoen eta. Hala ere: “ya ke hemen naun gutxiñez atea beharko naiz” esan nion Itziri.

Lasterketarako jantzi, gosaldu eta Zubirira iritsi bezain pronto (kotxeak 10 gradu markatzen zituen) euria gogoz hasi zen berriro ere: “atzoko informazio solasaldian gaur goiko mendietan eguraldia benetan txarra izango dugula esan zuten, beharbada Saioa igo ez izatearen aukeraz ere hitz egin zuten” entzun nion korrikalari bati. Itziri muxu bat eman eta "Urkiagako postun ikusiko gea" esan ondoren irteera gunera hurbildu nintzen.

Irteera gunean sartu aurretik.


Irteera gunera sartzeko kontrolean Uxue Fraile korrikalari handia antolatzaile gisa zegoen, korrikalariok generaman materiala egokia zela ikuskatuz: “Antolakuntza engainatu nahi baduzue zuek ikusi, baina haizetarako bakarrik den txamarra eramaten baduzue Urkiagatik gora asko sufritu behar duzue” esaten ari zen behin eta berriz. Parte hartutako beste lasterketekin alderatuz dortsala eta euritarako txamarrari bakarrik erreparatu zioten, motxilan eraman beharreko beste material guztiari kasurik egin gabe. Erreportaitxo hau argitaratu eta egun gutxietara Aitor Salinas korrikalari Etxarriarrak esan zidan Aritzuneko anoa postuan mugikorra, buruko linterna eta pilak bazituzten begiratzen aritu zirela. Milesker Aitor!!!! Gai honekin jarraituz, irailaren 26ean antolakuntzak sailkapena eguneratu zuten beharrezko materiala eraman ez zuten korrikalariak deskalfikatu ondoren. Pentsatzen dut antolatzaileentzat ez dela erabaki erraza izango baina guztiaren gainetik korrikalarien segurtasuna dago, eta hau bermatzeko eskatzen da ezinbesteko material bat.

Goizeko zortzietan, aurresku eta suziri baten ondoren korrikan hasi ginen.

Lasterketaren hasiera.



Lehen metroak Zubiri eta Eugi arteko errepidea jarraituz egin eta mendian sartzen zen pista batetik jarraitu genuen. Ordurako euririk ez zuen egiten eta euritarako txamarraren eraginez berehala izerditzen hasi nintzen. Pista bazterrean gelditu, txamarra motxilan sartu eta bihotz taupadak kontrolatuz korrikan jarraitu nuen ordura arteko abiaduraren eraginez nahi baino altuagoak nituen eta. Txamarra gabe freskoago eta bihotz taupadak kontrolpean lasterketaz gozatzen hasi nintzen nahiz eta katarroaren eraginez arnasa hartzeko zailtasun arin bat izan: “ze ona, hola badijo igual dena bukaukoet” pentsatu nuen. Hala ere nire poza putzura erori eta euria gogoz hasi zen.

Batekin eta bestearekin hizketan aritu ondoren Adiko igoeran bi urretxuar eta Gasteizko batek laukotea osatu genuen. Lauok 12 orduko bueltan amaitzeko ideia generamatzan eta abiadura erosoan joan ginen mendi lasterketa, datorren hileko Hiru Haundiak (lauetatik hiruok dugu ateratzeko asmoa), bidean ikusitako onddo eta asteburu berean ziren Urretxuko festen inguruan hitz egiten: “bakarren batek duela urte batzuk Urretxuko festetan mendi lasterketa bat korritzen arituko nintzela esan izan balit ez nuen sinetsiko” esan zuen urretxuarretako batek. Gauzak nolakoak diren, baina ordiziarra nintzela esan nienean beste urretxuarrak aita ordiziarra zuela eta kuadrillakidea den Ibonen lankidea zela esan zidan (Ibonek Imanol izena zuela esango zidan eta beste urretxuarraren izena Juan zela ikusi nuen dortsalaren zenbakia jarraituz). Basoaren babespean Lizartxipiko anoa postura (11,4 km) oso fresko iritsi ginen. Bertan txalapartan ari ziren boluntaro ausartak animatu eta aurrera jarraitu genuen.

Nahiz eta euria bota, gorputza eta oinak bero eta lehorrak sentitu eta hidratazioa eta elikadura ere ederki neraman, ordura arteko motibazio eta gozamenaren mesederako: “Ze onaaaa” pentsatu nuen.

Baina lasterketak bazuen Xtrem hitzari ohore egiteko asmoa eta, Adiko igoeran, pagadiaren babesa atzean utzi bezain pronto, lasterketak emango zidan lehenengo belarrondokoa jaso nuen. Ez dakit nondik baina bat-batean izugarriko ekaitza eta haizetea altxatu zen. Euritarako txamarraren kremailerak itxi eta txapelari eutsi egin behar izan nuen haizeak ez eramateko. Haizearen eraginez euria txamarrak uzten zituen zirrikitu guztietatik sartu eta aurpegi eta belarrietan min egiten zuen. Hala ere gorputza oraindik beroa nuen eta Adiren gailurrera pixkanaka hurbiltzen joan ginen.

Gailurrean zegoen kontrolgunera iritsi aurretik 32 kilometroetako lasterketaren lehenengoak (asteburuan bi lasterketa antolatuta zeuden, 32 eta 67 kilometroetakoa) ziztu bizian pasa gintuen: “Hoi bai arin ta frexko!!!” Esan nien euritarako txamarra gerrian lotuta, tiratako kamiseta eta galtza motzekin zihoala ikusita.

Kotrolgunea pasa (2 ordu eta hogei minutu) eta maldan behera euri eta haizearekin borrokan jarraitu ginen. Jaitsieran eskuak hozten hasi zitzaizkidan eta gehiagora joan aurretik eskularruak jantzi nituen: “oain bai epel” esan nien taldekideei eskuak bere onera itzuli zirenean. Egoera erabat desatsegina bihurtu aurretik berriro ere basoan sartu eta honen babespean ekaitzak Urkiaga arte (18,5 km) atseden eman zigun.

Urkiagara iristen, animoak oraindik nahiko ongi zeuden.



“Zemuz Smi?” Galdetu zidan Itzik Urkiagara iritsi nintzenean: “Goien kriston ebi ta haizea dabil baña oaingoz nahiko ondo” erantzun nion. Anoa postuan zerbait jan eta edan ondoren, Itzi Aritzu arte agurtu eta martxan jarri ginen: “Ostia cómo pegaba ahí arriba” esan zidan Juanek “ya te digo, como para que te hagas una avería y tengas que esperar a que te bajen”, erantzun nion.

Urkiagatik gora beste urretxuar batzuk elkartu zitzaizkigun taldea handituz eta basoan joan ginen bitartean nahiko eroso joan ginen. Baina Artesiagako mendatearen (27 km kilometroan zegoen hurrengo anoa postua) aurretik igo beharreko gainara iritsi ginenean ekaitzak berriro ere errukirik gabe bazterrak (eta gu ere) astintzen hasi eta lasterketak bigarren belarrondokoa eman zidan.

Euria kazkabarra zirudien eta, haizetearen eraginez, aurpegi, begi eta belarri barruan min egiten zuen, bakarren bat harea aurpegira botatzen arituko balitz bezala. Belarrietan molestiarik ez izateko euritarako txamarraren txapela jantzita neraman txapelaren gainetik jarri eta ahal izan nuen guztia estutu nuen. Ibilbidea izugarrizko lokaztian bihurtu zen eta korrikalari bakoitzak ahal genuen biderik erosoena jarraitzen joan ginen markatutako bidea batzuetan eskuinean eta besteetan ezkerrean utzita. Denbora aurrea zihoan heinean gorputza hozten joan zitzaidan, dagoeneko euritarako txamarraren iragazgaiztasun muga pasa eta barrutik bustita hasita nengoen eta. Gorputza berotzeko asmoz korrikan jarraitu nuen, baita barratxo bat jan ere, baina ez batak ezta besteak ere ez zidan efekturik egin. Horretaz aparte belaunak gogortzen hasi eta oinetako behatzak oso hotzak sentitzen hasi nintzen, ibilkera baldartuz. Makuluekin ere nahiko lana nuen,eskularruak blai eginda nituenez eskuak hoztuta nituen eta. Momentu batean ere zorabiotxo sentsazio bat izan eta azukre faltagatik izango zelakoan bigarren barratxo bat jan nuen. Lehenengo hamabost kilometroetan izandako sentsazio on eta gozamena zeharo desagertu eta gogotik sufritzen hasi nintzen.

Momentu gogor honetan Josuk hotza izaten duenean izaten duen krisia burura etorri zitzaidan: “eztit ba yuyua (Josuk deitzen dion bezala) emango?” Pentsatu nuen. Honelakoetan Josuri tentsioa izugarri jaitsi, lurrean eseri eta minutu batzuetan dar-dar batean eta erdi lo egoten da gorputza pixkanaka berotzen joaten zaion arte.

Josurekin pentsatzen ari nintzela maldan behera hasi eta gogo edo nahi berri bat etorri zitzaidan: Basora iritsi beharra daukat!!! Nengoen leku eta egoeratik alde egin eta basoaren babesera itzuli nahi nuen, bertan gorputza berriro ere berotuko zenaren esperantzan.

Baina metroak jaisten genituen heinean ez zen basorik agertzen eta haizea eta euriak ere ez zigun atsedenik eman. Ibilbidea ere penagarri eta oso irristakor zegoen, leku askoetan ia ibili ezina ere, eta korrikalariren bat edo beste lurrera erortzen ikusi nituen.

Nire osasun eta segurtasuna arriskuan sentitu nituen eta sentsazio honek beldurtu ninduen.

Artesiagako mendatea ikustearekin batera “Aupa Xabiiii!!!” Bat entzun nuen. Ahotsa ezaguna egin zitzaidan baina ez nuen uste nigatik ari zenik oihuka ari zen Maria Pilar eta Itzi ikusi nituen arte: “Zemuz zoaz?” Itzik. “Kristonak pasatzen, eztakit ba erretirauko ote naizen” erantzun nion. “Ba ondo ez bazoaz utzi, ez du merezi alperrik sufritzea” esan zidan. Erabakia hartu baino lehen anoa postura joan eta Saioa nola zegoen galdetu nien: “Buffff!!! Hemen bezala edo okerrago dago” erantzun zidaten.

Artesiagan, lasterketa bertan behera utzi nuen lekuan, aurpegiak dena esaaten du.



Anoa postuan esandakoa eta gero ez nuen bitan pentsatu ere egin. Erretiratzeko zer egin behar nuen galdetu eta Zubiriko helmugan esan beharra nuela erantzun zidaten: “nahi baduzu kotxez eramango zaitugu” esan zidaten, “milesker baña nork eraman bauket” erantzun nien.

Juan eta Imanolena hurbildu eta “utzi inbehar det” esan nien. “Bai?” Erantzun zidan Imanolek. “Gaurkoz nahiko sufrituet ta eznau prest osasune ta segurtasune jokon jartzeko” erantzun nien. “Ba igual ez da txarra, gañea aurretio dauna ikusita…” erantzun zidan Juanek. “Nahizuen bezela, nahibazue Zubirira itzultzeko kotxea baukezue” esan nien. Segundo batzuetako zalantzaren ondoren aurrera jarraitzea erabaki zuten. Zorterik handiena opa eta lasterketa bertan behera utzi nuen.

A zer nolako goxotasuna sentitu nuen blai egindako txamarra erantzi, txaketa lehor bat jantzi eta kotxean sartu nintzenean!!! Kotxeak 8,5 graduko tenperatura markatu arren haize eta euriaren eraginez ziur nago sentsazio termikoa askoz baxuagoa zela.

Zubirira itzuli, antolatzaileei lasterketa utzi nuela esan eta laguntzaileetako batek zapatilei lokatza kentzeko tutu malgu batekin ura bota zidan: “joer, behatzak hain hotzak ditut ura epela sentitzetela” esan nion.

Zubirin zapatilak garbitzen, argazkia antolatzaile batek egina da.


Dutxetan bi lasterketatako korrikalariak elkartu ginen: 32koa bukatzen ari zirenak eta 67tik erretiratutakoak. Bata nahiz bestekoa zein zen jakitea erraza zen: batzuk gorri-gorri izerditan sartzen ziren bitartean besteak zurbil eta dar-dar batean sartzen ziren. Bati dortsala kentzen ere lagundu egin behar izan nion kateorratzak askatzeko gai ez zelako. Momentu batean erretiratutakoak lasterketa amaitutakoak baino gehiago izatea ere iritsi ginen. Antolaketaren aurkako kexak nabariak ziren: ez zutelako ibilbidea aldatu, eguraldia jakinda anoa postuetan ez zutelako likido berorik eman, lekuren batean ibilbidea ez zegoelako ongi markatua... Egoera hau niretzat berria zen eta biziki hunkitu ninduen, batez ere lasterkariak dutxetara iristen ziren egoera tamalgarriagatik. Antolakuntzaren aurkako kexak ulergarriak izan arren (honelako egoera batean zaila izaten da autokritika egitea eta), hotzean, ez dut uste erretiratu ginenon erabakian errua edota ardura dutenik.

Dutxa beroaren ondoren Zubirin bazkaldu eta arratsaldeko zazpi eta erdi pasatxoan etxerako bidea hartu genuen, Unai Santamaria, Nafarroa Xtrem lasterketaren lehen irabazlea, iristearekin batera. Gero etxean emakumezkoen arteko irabazlea Leire Martinez izan zela irakurri nuen. Zorionak bioi!!!

Eta zer gertatu zen Imanol eta Juanekin? Ba biak lasterketa amaitu zuten, aurreikusita zuten moduan 12 orduetako bueltan, zorionak bioi bihotzez, plazer handia izan zen kilometro batzuetan zuen bidelagun izatea.

Izena eman genuen 325 korrikalarietatik 290 inguru irten ginen eta hauetatik 190ek amaitu zuten. 100 korrikalari inguruk lasterketa bertan behera utzi genuen.

Etxean hausnarketarako unea iritsi zen: zer gertatu zitzaidan? Non izan zen “akatsa” ? Zer hobeturik ba al dago? Ateratako ondorioak hauek izan ziren:

Egoera fisikoa: indar aldetik lasterketa ongi zihoan eta indartsu sentitu nintzen denbora osoan. Dena den aurreko egunetako katarroak batetik ez zidan arnasa nahi bezain ondo hartzen utzi eta bestetik gorputzaren berotasunean ere eragina izan zuen, denbora osoan gripea izaten den bezalako “izerdi arraroa” botatzen aritu nintzen eta, nahiz eta lasai joan.

Egoera mentala: mentalki ez nintzen motibatuta atera eta nahiz eta momentu batzuetan lasterketaz gozatu, orokorrean ez nuen disfrutatu. Entrenamendu batzuetan hau gertatu eta buelta eman izan diot, baina ibilbide motzagoak izan dira beti. Oraingoan gutxietan sentitu dudan sentsazioa sentitu nuen, nire osasun eta segurtasuna arriskuan zeudela, eta beldurtu egin nintzen.

Elikadura eta hidratazioa: Elikadura eta hidratazioa ondo eraman nituen eta inongo momentuan ez nuen gose eta egarririk pasatu.

Materiala: Jantzitako arropa egokia zela uste dut, neguan hotz handia egiten duenean ez baitut hotz arazorik izaten, eta makuluak eramatearekin bete-betean asmatu nuen, leku askoetan beharrezkoak ziren eta. Bustita amaitu nuen bezala kontutan izanda zalantzak ditut bigarren geruza fin bat eraman izan banu beroago mantenduko nintzen hala ez. Eramandako euritarako txamarra bota zuen ekaitzerako ez zen nahikoa izan. Lehendik eurite handi batean arazorik gabe frogatuta nuen, baina haize bortitzik sufritu gabe. Haizete eta euri jasaren arteko konbinaketak txamarraren babesa bertan behera bota zuten. Eskularruekin antzeko zerbait gertatu zen, baina hemen argi daukat eramandako eskularruak inondik inora ez zirela egokiak izan, euritarako eskularruak ez direlako. Fundamentuzko mintz iragazgaitzeko eskularru batzuk eraman izan banitu eskuak lehor eta beroak denbora luzeagoan mantenduko nituen.

Lasterketaren antolakuntza eta antolaketa: Antolaketa ona iruditu zitzaidan, orain arte parte hartu dudan lasterketen parekoa, ibilbidea ongi zegoen adierazita eta anoa postuetan edari eta janari nahikoa zegoen. Boluntarioen jarrera ere txalotzekoa izan zen. Iradokizun gisa, eta egun batzuk lehenagotik eguraldia txarra izango zela jakinda, anoa postuetan likido beroren bat edateko aukera izatea eskertzekoa izango zen, guztietan ez bada ere tartekoetan. Saioa mendira ez igotzeko zuten B plana ere jartzea ez zen aukera txarra izango, mendiaren egoera oso txarra baitzen. Dena den, duela urte pare bat ehunmilak lasterketan boluntario izan nintzenean Aralarren antzeko egoera bat bizi izan genuen eta lasterketa ez zen aldatu, beraz, pentsatzen dut B plana martxan ez jartzeko erabakia ongi hausnartu zela. Amaitzeko, datorren urteari begira zer hobetuetan korrikalarien herenak lasterketa bertan behera utzi izanak zer pentsatu eta hausnartua izango duela uste dut eta honekin ez dut esan nahi lasterketa uztearen erantzunkizuna antolakuntzan dagoenik, ezta gutxiagorik ere.


Orain gakoa ateratako zer hobetu hauek praktikan jartzean datza, ea hala egiten dudan, jejejeje.