AZKEN 10 SARRERAK

2016/09/19

ORDIZIATIK ZARAUTZERA, USURBE, MURUMENDI, ERNIO ETA PAGOETAKO KURUTZERA IGOZ (2016/08/25)

Goierriko mendizaleen artean ohitura handia da Goierritik kostara oinez joatea. Izan ere, “Ordiziako Mendizaleak” Elkartekoek urtero egiten dute Ordizia eta Orio arteko bidea. "Itsas-lur" konbinaketa honek betidanik erakarri gaitu eta Ordizian "klasikoa" bihurtu den irteeraren atzetik aspalditik genbiltzan. Hala ere, plan askorekin gertatzen den moduan, ez genuen egunik zehazten.

Haritz ehunmilak lasterketan mediku lanetan aritu zela aprobetsatuz, berarekin hitz egin eta Oriora joan beharrean Zarautzera joateko aukera proposatu zigun, modu honetan eguna familian pasatzeko. Ikerrekin hitz egin eta eguna abuztuaren 25erako adostu genuen. Plana ez zen konplikatua: Itzi Zarautzera kotxez zihoan bitartean Iker eta biok etxetik atera eta Haritzekin Zelatunen topo egingo genuen (bera Zarautzetik Zelatunera oinez etorriko zen), hemendik aurrera bidea elkarrekin egiteko. Ibibidea Zarauzko hondartzan bainu bat hartuz amaituko genuen.

Ibilbideari grazia, desnibel eta bizitasun pixka bat emateko, nahiz eta luzeagoa egin, Usurbe, Murumendi eta Ernio mendiak igotzea planteatu genuen. Planteamentu honek Ikerri ilusio berezia egiten zion modu honetan Ernio lehen aldiz igoko zuen eta. Nire kasuan bigarren aldia izango zen.

Bigarren aldia diot, baina ia lehen alditzat hartu zitekeen, lehen igoera 1986ko irailaren 21ean egin nuen eta. Orduan, Osaba Miguel Angel, Esteban (izeba Arantxaren aita), Lagun (gure Cocker txakurra) eta lauok, irailean igandero egiten diren erromeriak aprobetsatuz, Bidaniatik igo ginen. Buffff!!!! Duela ia hogeita hamar urte, konturatzerako nola zahartzen garen!!! Jejeje.

1986ko irailak 21, Ernio mendiaN (atzean gurutzea ikusi daiteke) igo ondoren hamaiketakoa egiten. Eneeee, nola aldatu diren gauzak, eta nola aldatu den elikadura eta jazteko modua ere, jejeje.


JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Ordiziatik atera eta, Beasaingo hilerria lehenik eta Untsarain baserriaren ondotik pasatuta ondoren, Usurbera igo ginen.

Usurbetik Agortara jaitsi eta PR-GI 55 eta PR-54 eta GR-34 bideetatik Murumendira igo ginen.

Murumenditik jaitsi, GR-34 ibilbidea hartu eta Zelatun arte jarraitu genuen, tartean Santa Ageda eta Bidaniako mendateak zeharkatuz.

Erniora igoera egin ondoren Zelatuneko bentan atsedentxoa hartu eta GR-34 et PR-GI 84 bideetatik Iturriotz arte joan ginen, hemendik, PR-GI 84 bidetik, Pagoetako gurutzera iristeko.

Pagoetako gurutzetik Urruzume aterpera eta aterpetik, Urruztumeko punta gure ezkerrean utzita, PR-GI 31 bidetik Lizarrako lepora jaitsi ginen, hemendik SL-4001 bidea lehenik eta SL-4002 bidetik ondoren Olaa errekara jaisteko.

Egurrezko zubi bat zeharkatu, SL-4002 bidea utzi eta errekaren ertzatik gertu mantenduz, eskuin nahiz ezkerretik, Olaa baserrira iritsi ginen, hemendik Zarautz herrigunera iristeko.

Ibilbidea Zarauzko hondartzan amaitu genuen, helburua itsasora iristea baitzen, jejeje.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 43,4 kilometro.
- Punturik baxuena: Zarauzko hondartza, -6 metro (marea bajua zegoen eta, jejeje).
- Punturik altuena: Ernio, 1.075 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 1.800 metro.
- Igotako mendiak: 4.
- Ura: Ibilbidean zehar iturri eta ura lortzeko leku gutxi topatu genituen, beharbada ibilbidea ez ezagutzeagatik: Arrapaitz Murumendin, Zelatun nahiz Iturriozko bentak, Amezketalardi baserriaren ondoko iturria eta, Basobeltz baserriaren kanpoan dagoen iturria (azkeneko honetan bertako baserritarrari esker).
- Zailtasuna: Ibilbideak duen luzeratik aparte ez dauka zailtasun teknikorik.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 6 ordu eta berrogeita hamar minutu "lasai" joanda. Tarte asko korrika txikian egin genituenez, ibilbidea oinez egin nahi bada, denborari dagokionez komeni da kontutan izatea.

Bidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

07:05. Ordizia, 150 metro, 0 km. Goizean-goiz jaiki, gosaldu, ibilaldirako janari, edari eta material guztia milagarrenez prest zegoela berrikusi, Itziri belarrira "gero arte" esan eta etxetik erdi-presaka atera nintzen. Zerua urdin zegoen eta ez zuen bero handirik egiten: "ea eguzkik jotzeako nahiko urruti garen" pentsatu nuen, aurreko egunetako beroak buruan nituela. Txindokiri argazkia egin, honi ere belarrira "gero arte" esan eta bizi-bizi Ikerren bila jaitsi nintzen, gelditu baino bost minutu beranduago nindoan eta: "eguzkitako kremik eman dezu?" Galdetu nion elkartu ginenean, "honbreee baietz, gaurko gañea kristona emanda dau" erantzun zidan.

Etxeko atetik Txindokiri egindako argazkia: "gero arteeeee"


Ordiziako mugari itzulia egin genuenean bezala Urdaneta kalearen amaiera arte joan eta Ordizia eta Beasainen arteko muga den Mariaratz errekaren ondotik gora doan errepidea hartu genuen.

Urdaneta kalearen amaieran, Mariaratz errekara bihurgunea hartzen.


Dena den, oraingoan errekaren ezker ertzetik doan pistatxoa jarraitu beharrean, maldan gora doan porlanezko pista hartu genuen.



Hankak ongi berotzen dituen malda igo eta porlana desagertu egiten da, hemendik aurrera pista zabal bat jarraituz. Pista hau bi helburuekin egin zen: alde batetik bertako pinudien garbiketa lanak errazteko eta bestetik AHT-ren lanak direla eta menditik ateratzen zituzten lur, harri eta harkaitzak mendiaren bestaldean dagoen haran txikian botatzeko.

Hankek atseden hartzeko aldapa behera bat egin, ezkerrera doan bihurgunea hartu eta, aldapatxo bat igo eta lauan egindako metro batzuen ondoen, bidegurutze batera iritsi ginen.

Bidegurutze honetan hiru aukera ditugu: behera Beasain herrira, eskuinera Beasaingo Erauskin auzora (guk beti "lau baserriak" bezala ezagutu duguna) eta pistatik aurrera Beasaingo hilerrira eta Usurbe mendira doan errepidera iritsiko gara. Guk hirugarren aukera hartu genuen.

Bidegurutzean jarraitu genuen bidea.


Errepidera iristen. Argazkian ez da ikusten baina gure ezkerrean AHT-ko lanen ondorioz utzitako "hondakintegia" dago, hori bai, dena belarrez betea.


Behin errepidean, Beasaingo hilerrira doan bidea hartu eta, hilerria gure eskuinean utziz, errepidea jarraitu genuen.

Hilerrira doan bidegurutzean, indikazio kartela karratu gorri baten barruan sartu dut.


Hilerrira iristen, argazkian ikusten den harrizko horma goierritar eskalatzaileen bulder-leku eta topagune da. Behatzak indartu eta oinekin konfidantza hartzen ikasteko leku ederra.


Hilerria atzean utzi eta errepidean 200 metro inguru egin ondoren dagoen bidegurutzean, Untsarain baserrira doan bidea hartu eta errepidea utzi genuen. Baserrira iristear geundela ezkerrera doan mendi-bidea hartu eta, metro batzuetan gora eginez zelai zabal batera iritsi ginen.

Untsarain baserria eta jarraitutako bidea.


Iker zelai zabalean eta hemendik jarraitu genuen bidea. Zelaia zuzezean ere igo daiteke, Usurbera doan bihurgune handi bat egin ondoren zelaiaren gainera doa eta, baina aukera hau neguan edota belarra moztuta dagoenean hartzea komeni da, baserritarraren errespeturako. Argazkian Usurbeko antena nabaritu daiteke.


Zelai honetatik dagoen Aizkorriko ikusmira ederra da, pena azpian dauden lantegiak.


Zelaian altuera irabazi gabe doan pistan metro batzuk egin ondoren gora doan bidea hartu genuen.

Zelaiaren amaieran eta gora doan bidea.


Bidea jarraitu eta beste 150-200 metro inguruan bidegurutze berri batera iritsiko gara eta, era berean, Marimurumendi maratoiaren ibilbidearekin bat egingo dugu. Bidegurutze honetan beherako bidea Beasainera doa, gorakoa Usurbera eta zuzen jarraitzen badugu Agortara iritsiko gara. Guk eskuinera (goraka) doan bidea hartu eta 10 minutu pasatxoan Usurbera iritsi ginen.

08:00, Usurbe, 704 metro, 5,9 km. "Gaurko lenengoa, oaindio beste bi falta die" esan nion anaiari. Bertan argazki pare bat egin eta aurrera jarraitu genuen.

Usurbera iristen.


Gurutzean aspalditik zegoen hausnarketarako pintaketa. Tamalez, guk ibilbidea egin eta gutxira, Usurbeko festak zirela aprobetsatuz, gurutze osoa berriro zuriz margotu eta pintaketa desagertu da.


Gailurrera iristen den porlanezko errepidean 20-25 metro inguru egin, eskuinera maldan behera doan bidexka hartu eta bost minutu eskasean Agortara iritsi ginen, eta hemendik Murumendiraino duela egun batzuk jarraitutako bide bera jarraitu genuen. Agorta eta Murumendi arteko deskribapen zehatza hemen irakurri dezakezue.

Murumendiko Arrapaitz iturrian hidratatzen.


08:35, Murumendi, 864 metro, 9,2 km. Murumendin argazki pare bat egin eta Agorta-Agorta ibilbidea egin genueneko bide berarekin jarraituz GR-34 bideak jarraitzen duen pistarekin bat egin genuen.

Murumendin.


GR-34 bidearekin bat egiten den lekuan.


Hemendik aurrera, ia ibilbide osoan GR marken atzetik aritu ginen guretzat erabat ezezagunak ziren leku eta bideetatik. Hala ere bidea oso ongi adierazita dagoela esan beharra dago. "Terreno ezezagunarekin" hasteko, pagadi batean sartu eta maldan behera egiten diren "Z" batzuren ondoren, malda leundu eta porlanezko pista batera iritsi ginen.

Pagadian. GR markak margotu berriak zeudela ziruditen.


Porlanezko pistara iristen.


Porlanezko pistara iristen den lekuan indikazio-poste bat dago eta guk Santa Agedara doan bidea hartu genuen: "bai interneten Santa Ageda deitzen den lekutio pasa behar dela irakurri nun" esan nion anaiari.

Indikazio postean bide egokiaren bila.


Hemendik aurrera porlanezko pista tarte luze batean jarraitu besterik ez genuen egin.

Porlanezko pistan, atzean Murumendi.


Bidea ezkerrean ikusten den baserriraino doa, bertan eskuinera hartzeko.


Murumendi eta Aizkorri.


Bide hau jarraituz, Murumenditik 40 minutu inguruan Santa Ageda mendatera iritsi ginen.

09:15, Santa Ageda, 700 metro, 14,4 km. Bertan gelditu gabe aurrera egin genuen.

Santa Agedaren gaina adierazten duen kartela pasatu eta 15 metro ingurura ezkerrera doan bidea hartu genuen, beti ere GR markak jarraituz.

Santa Agedan eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea.


Ezkerrera doan bidea hartu ondoren, Galarreta adierazten duen egurrezko postean GR marka ikusi daiteke.


Baserri batzuetara iritsi, errepidea utzi eta mendi-bide batean sartu ginen gure oinen mesederako: "bazan garaie mendi pixkat zapaltzeko" esan zidan anaiak. Mendi-bide honek galtzeko arriskurik ez dauka eta denbora osoan GR markak jarraituz joan ginen. Zalantza izan genuen leku bakarra Bidaniara doan bidegurutze batean izan zen, baina bertara doan bidea GR-21 zela ikusita ez genuen jarraitu. Mendian hogei minutu eskas egin ondoren berriro ere errepide batera iritsi ginen.

On the road again...


Eta errepide honetan behera eginda Bidegoienetik Azpeitiara doan errepidera iritsi ginen. Hemen Bidegoienera doan norabidea metro gutxi batzuetan hartu eta berehala ezkerrera doan bidegurutzea hartu genuen.

Bidegoienetik Azpeitiara doan errepidea eta jarraitu genuen bidea, paretan dagoen GR markak adierazten duen bezala.


Goiko argazkiko bidegurutzetik egindako argazkia eta jarraitu genuen bidea.
<

Errepide "nagusia" utzi eta zuzen-zuzen doan pista jarraitu genuen bidean topatu genituen bidegurutzei kasurik egin gabe. Bost minutu eskasean, ganaduari jana emateko eraikin baten ondoko bidegurutzean, bihurgune itxi bat eginez ezkerrera doan pista hartu genuen.

Ezkerrera hartu genuen lekuan, argazkiaren eskuinean ganaduari jana emateko eraikina ikusi daiteke.


Leku beretik Txindokiren ipar aurpegiari egindako argazkia.


Pistaren lehen metroetan, parean Erlo.


Pista hartu eta bost minutu eskasean Tolosa eta Azpeitiaren arteko GI-2634 errepidera iritsi ginen, Bidaniako mendatearen gainetik gertu.

GI-2634 errepidera gerturatzen, deposituaren atzean Ernio ikusi daiteke.


Errepidea gurutzatzeko harrizko zubi handi bat dago: "Ustet osabakin igo nintzenen kotxea hemendio gertu utzi genula, zubie kriston ezagune itten zait eta", esan nion Ikerri.

Harrizko zubian.


Zubia zeharkatu eta bidea nondik jarraitu zalantzan izan ginen: "Zelaiko posten daun hoi ez al da GR marka bat?" Galdetu zidan Ikerrek. "Ostras, ba bai" erantzun nion. Zelai ertzeko egurrezko pasabidea zeharkatu eta postetik aurrera erdi-antzematen zen bidea jarraitzen hasi ginen.

Pasabidea zeharkatzen, parean postea eta bertako GR marka adierazi ditut, baita jarraitu genuen bidea ere.


Zelaian behi artean metro batzuk egin ondoren haritz batera iritsi eta bertan "Zelatun-Ernio" idatzitako egurrezko kartela ikusi genuen: "Bueno, gutxiñez ondo goaz".

"Zelatun-Ernio" duen haritzan.


Egurrezko karteladun haritza atzean utzi eta aurrera jarraitu genuen, gure ezkerrean pinudi bat utzita. Metro batzuk eginda genituenean Ikerrek GPSa begiratu eta: "Ostia ez goaz ondo!!!!" esan zidan. "No jodas!! Asko desbiau gea?" Galdetu nion. "Ez, hortxe atzen dau kruzea" erantzun zidan. Metro batzuk atzera egin eta hartu beharreko bidegurutzeraino itzuli ginen. Egia esan jarraitu beharreko bidea ez da oso argia eta zelai batetik gora doan erdi estalitako bidexka bat hartu behar da. Bidegurutzean argazkia egin eta aurrera jarraitu genuen.

Nahastu ginen bidegurutzea. Ikusten denez, jarraitu beharreko bidea ez da oso nabaria.


Metro batzuk egin ondoren bidea pixkanaka nabariagoa egin zen. Argazkian gutxi gora behera Zelatun dagoen leporaino jarraitutako bidea ikusi daiteke.
<

Erniora hurbiltzen ginen heinean, Zelatunera iritsi gabe gailurrera iristeko bide zuzenago bat ba ote zegoen begiratzen aritu ginen, baina mendia ezagutzen ez genuenez, badaezpada bide nagusia jarraitzea erabaki genuen. Metroak irabazi ahala bidea zabaltzen joan zen galtzada antzekoa izateraino. Basoan metro batzuk egin ondoren zelai batera iritsi ginen.

Basoaren erdian galtzada itsurako bidean.


Basoa amaitzen den lekuan, ezkerrean Erlo ikusi daiteke.


Errezil eta Erlo, a ze parajeak!!!.


Eta honela, arin-arin, malda handirik igo gabe Zelatunera iritsi ginen.

10:35, Zelatun, 841 metro, 23,3 km. "Haritzi itxoingodiu?" Galdetu zidan Ikerrek. "Iturriotzera iristen ai delako mezu iritsi zait" esan nion. "Ta hoi nun dau?" Galdetu zidan. "Ideiaik ez" erantzun nion irrifartsu. "Hobe goraka hasi eta atzetio badator arrapauko gaittu" esan nion. Zelatun bertara iritsi gabe gorako bidea hartu genuen.

Gorako bidea hartu genuen lekuan.


Ez dakit zergatik baina igoera gogorra zela gogoratzen nuen. Baina oraingoan ez zitzaidan horren gogorra iruditu. Erritmoa asko jaitsi gabe, oinez baina arin, makina indartu gabe, gora jarraitu genuen mendizaleren bat edo beste aurreratuz.

Igoeraren lehen metroetan, parean Txindoki, Aratz, Aizkorri eta gaur igotako Murumendi ikusi daitezke.


Konturatzerako gorputz eta arimaren gaitzak sendatzen omen dituzten uztaietara iritsi (harrizko gurutze baten besoetatik zintzilik daude) eta uste baino lehenago Ernioren gailurrera iritsi ginen.

Azken metroetan...


10:53, Ernio, 1.075 metro, 24,4 km. "Cima coppi!!!" esan nion anaiari. Gailurrean argazki azkar batzuk egin eta beherako bidea hartu genuen Haritz Zelatunen gure zain egongo zela uste genuen eta.

Ernioren gailurrean.


Gure aitak "maldan behera kakak ere korri egiten du" esan izan digu behin baino gehiagoetan. Esanari kasu eginez, gailurrean ttirri-ttarra korrika txikian hasi eta, kontu handiz jaitsiz, di-da batean Zelatunera itzuli ginen.

11:05, Zelatun, 841 metro, 25,5 km. Haritz Iturriotz-etik gora hasita zegoela bagenekienez, "Haritz iritsi arten bentan zeoze hartzea badeu" esan zidan Ikerrek. Esan eta egin, bentara sartu, hidratatzeko ura, garagardo eta freskagarri bat hartu eta kanpoko mahaietan eseri ginen lasai-lasai Haritzen zain.

Zelatunera iristen.


Bentan hidratatzen.


"Hau ez dator" esan zidan Ikerrek, "deskuidauezkeo biden geldittu da gure zain" erantzun nion. Hamar minutuetan zain egon eta Haritz iristen ez zela ikusita beherako bidea hartzea erabaki genuen Iturriotzera eramaten duten GR-34 et PR-GI 84 bideak jarraituz.

Berriro ere martxan, parean Gazume ikusi daiteke.


Zelatun eta Ernio atzean. Hemendik dagoen Ernioren ikuspegia benetan ikusgarria da.


Hamar minutu eskaseko jaitsieraren ondoren, elorri baten azpian Haritz gure zain ikusi genuen: "Poliki igo naiz etxetik ahalik ta gertuen elkartzeko" esan zigun irrifartsu. "Joer, ba gu Zelatuneko bentan izan gea Sanmiela ta kokakolea edaten lasai-lasai, jejeje" erantzun genion. "Bero ezta?" Galdetu zigun. "Ba oain arte ez, goien haize goxoa dabil ta gustoa ibiltzea". "Ba beko zulotan kriston beroa dau" erantzun zigun.

Haritzekin elkartu ondoren, bidea nondik nora doan azaltzen ari zaigu. Oraindik ez genekien baina bidea margotutako lekuan izugarrizko beroa pasako genuen.


Zelatun eta Iturriotz arteko bidea oso nabaria da eta galtzeko arriskurik ez dauka, gainera bertatik mendizale asko igotzen dela argi dago bideko harkaitz eta harriak leunduta daude eta. Gainera, malda handirik ez dagoenez, jaitsiera korrikan egiteko erosoa da, hankak indartu gabe. Zelatun-Iturriotz tartea betetzeko hogei minutu eskas pasa genuen.

11:35, Iturriotz, 597 metro, 28,4 km. Bentaren ondoan dagoen iturrian galdutako likidoak berreskuratu eta, denbora asko galdu gabe, aurrera jarraitu genuen.

Iturriotzen.


Bertako aparkalekua gure eskuinean utzi, errepidea zeharkatu eta parean hasten den pista hartu genuen PR-GI 84 bidea jarraituz. Gure hurrengo helburua? Altzuruzelai lepoa.

Iturriotzetik aurrera jarraitutako bidea.


Beheraka gindoazen heinean berotasuna gora zihoan, baina Altzuruzelai arteko bidea nahiko goxo egin genuen, leku batean baino gehiagoan itzala zegoen eta. Konturatzerako lepora iritsi ginen.

11:50, Altzuruzelai lepoa edo Altzuruzelai gaina, 429 metro, 30,6 km. Bertan utzita zeuden kotxeen artean gelditu gabe pasatu, Altzola eta Aia herriak elkartzen dituen errepidea zeharkatu eta parean hasten den pistan gora hasi ginen.

Altzuruzelai lepoan.


Lepotik aurrera eguzkiak ez zuen errukirik izan eta gure gorputzak berotzen ziren moduan abiadura pixkanaka moteltzen joan ginen.

Lepoaren ondoren dagoen langetako bat zeharkatzen.


Lizartxoko bordaren parean goitik zetorren mendizale "berezi" batekin gurutzatu ginen. Eta "berezi" diot galtza luze eta plumifero fin batekin zetorrelako: "Noa dijo tipo hoi? Beroik ez al dauke? Esan zuen Ikerrek, "pitzauta daun jende asko dau" erantzun zion Haritzek, "gero istripuk izaten direla".

Mendizale hau hizpide, korrikan baino oinez gehiago, metroak irabazten joan ginen Atxurigañako gainatik pasatu eta Ikazkiñarteta lepora iritsiz. Bertako bidegurutzean ezkerreko bidea hartu genuen.

Ikazkiñarteta lepoan eta jarraitu genuen bidea.


Beroaren eraginez lauak ziren tarteetan bakarrik hasi ginen korrikan. Ezkerrean Erlo ikusi daiteke.


Eta azkenean, Altzuruzelaitik ordu erdi pasatxora, Murugil eta Olarteta mendiek osatzen duten lepora iritsi ginen: "hemendio aurrea gutxiñez beheraka jungo gea", pentsatu  nuen.

Lepotik pasa ondoren.


Lepotik behera jaisten hasi eta berehala Pagoetako Kurutzea pinuen artean ikusi genuen.

Pagoetako kurutzea bistan.


Eta biderik zuzenena jarraituz gurutzera iritsi ginen.

12:25, Pagoetako Kurutzea, 676 metro, 34,3 km. "Bufff!!! Hau beroa!!" Komentatu nien, "gañea urez ere nahiko eskas nabil". Zarautzera nondik jaitsi pensatzen aritu ondoren Haritzek azkenean zera esan zigun: "Bakit nundik jatxi. Bidea luzexeagoa da baina itzaletik jungo gea ta gañea iturri bat ere badau". "Zu zea hemengoa, nahizun lekutik", esan zion Ikerrek.

Pagoetako kurutzean.


Haritzek aukeratutako bideak lehenik Uruzume aterpera eraman gintuen. Honetarako, Pagoetako Kurutzetik mendebaldera doan bidea hartu genuen.

Urruztume aterpera doan bidea, aterpea argazkian ikusten diren zuhaitzen artean dago, atzean Urruztumeko punta.


Aterpearen paretik pasatu eta aurrera jarraitu genuen, Urruztumeko puntara, baina bertara iritsi gabe eskuinera (ibilbidearen norabidean -iparmendebalbera-) hartu genuen gure eskuinean arantzadun hesi bat utzita. Berehala maldan behera hasi ginen, oraingoan PR-GI 31 bidea jarraituz.

Maldan behera, eskuinean arantzadun hesia.


5-6 minutuetako jaitsieraren ondoren, Lizarra lepora iritsi ginen. Bertan elektrizitate zutabe handi bat dago, dirudienez "Mazinger" izena jasotzen duena. Bertara iritsi ginenean eskuinera hartu genuen lepora iristen den pista eta SL-4001 bidea jarraituz.

Lizarra lepora iristen eta jarraitutako bidea. "Mazinger"-en atzean Menditxo mendia ikusi daiteke.


Lizarra lepoa atzean utzi ondoren.


Pista metro batzuetan jarraitu genuen porlanezko pista bihurtu arte. Eskuinera doan lehen bihurgunera iritsi ginenean pista utzi eta basoan sartzen den bidexka hartu genuen.

Bidexka hartzen den lekua.


Bidexkak galtzeko arriskurik ez dauka eta minutu gutxietan Amezketalardi baserrira iritsi ginen. Baserria gure eskuinean utziz eskuinera bihurgune bat egiten da, baina bihurgunea egin aurretik aurrera jarraitu, bidea 10-15 metro inguruan utzi, eta Haritzek ezagutzen zuen iturrira iritsi ginen: "Kaka, urik ez daka" esan zigun gure zoritxarrerako, "sikiera putzun frexkatu nahi badezue". "Ez, hobe bera jarraitzen badeu" esan genion. Ordurako eskuin bikian sentsazio arraro bat sentitzen hasita nengoen eta berehala alarmak piztu zitzaizkidan Marimurumendi maratoian pasatakoen mamuak itzuliko zirelakoan.

Baserria atzean utzi eta minutu gutxietara Sarrola baserriaren ondora iritsi ginen. Bertan dagoen bidegurutzean ezkerrera egin genuen.

Sarrola baserri ondoko bidegurutzean eta jarraitu genuen bidea.


Bidegurutzean Lukun edo Laurgainera joateko bidea adierazten duen indikazio postea dago, guk SL-4002 bidetik Lukunerako bidea hartu genuen.

Bidegurutzeko indikazio postean, guk eskuinera (argazkia dagoen moduan) jarraitu genuen. Itzaletan honaino jarraitu dugun bidea ikusi daiteke.


Bidegurutzea atzean utzi ondoren.



Bideak ez dauka galtzeko arriskurik eta maldan behera hasi ginen 6-7 minuturen ondoren errekatxo bat zeharkatzen duen egurrezko zubira iritsi arte.

"Gatz pastillaik badezu?" Galdetu nion anaiari. "Bat bai baña hartzekotan nau, zeba?" "Ba eztakit ba baña Marimurumendin izan nitun sentsaziok izaten ai naiz" erantzun nion. "Bazpare pastilla gordekoet azkenen behar badezu hartzeko" esan zidan.

Egurrezko zubia zeharkatzen, SL marka bat ikusi daiteke.


"Ze erreka da dau?" Galdetu nion Haritzi. "Olaa" esan zidan, "Zarautzen dagoen Olaa baserriritik pasatzen da". "Olaa baserrie?" Galdetu nion. "Bai, Erlaitz-Aiako Arrien lasterketa hasten den sagardotegia bezela" erantzun zidan, "baserritik sagardotegira sagarrak eramaten dituzte".

Zubia zeharkatu eta metro eskas batzuk egin ondoren bideak eskuinera bihurgune bat egiten du. Puntu honetan zuzen jarraitu, SL-4002 errepidea utzi eta basoan sartzen den bidexka erdi-izkutua jarraitzen hasi ginen.

SL-4002 bidea utzi genuen lekuan.


Hemendik aurrera errekatik gertu ibili ginen eta bidegurutzeetan errekatik gertuen zihoazen aukerak hartu genituen.

Bidegurutzeetako batean, ikusten denez errekaren gertutik (ez da ikusten baina gure ezkerrean dago) doan aukera hartu genuen.


SL-4002 bidea utzi genuenetik 10 minutu eskasera erreka zeharkatu eta aurpegia zertxobait frexkatzeko aprobetsatu genuen.


Baina nahiz eta aurpegia freskatu likidoa behar zutena gure gorputzak ziren eta abiaduran ederki somatu genuen, hiruetako inor korrikan hasten ez bazen besteak ere hasten ez ginelako, jejeje. Ibilbide honetan Urteta baserria gure ezkerrean utzi genuen.

Olaa errekaren bi ertzetatik ibili ondoren beste bost minutu eskaseko bidea egin eta Olaa baserrira iritsi ginen.


Olaa baserria paretik ikusita.


Kuriosoa baina Olaa baserrira iritsi ginenerako hanketan nuen sentsazio arraro hori desagertu zitzaidan. Olaa baserritik Zarautzera doan errepidea hartu genuen. Ordurako oso egarrituta geunden, honegatik, Haritzen "eragina" aprobetsatuz, Olaatik gertu dagoen Basobeltz baserriko baserritarrari ura eskatu eta baserriko iturrian ura gogoz edan eta botilak betetzeko aukera eman zigun. Baserritarrari nondik gentozen esan eta arraro begiratu ondoren aurrera jarraitu genuen, deshidratazioak jota egongo ginela pentsatuko zuen, jejeje.

Basobeltz baserritik aurrera, dagoeneko "zibilizaziora" iristen.


Azkenean, Basobeltz atzean utzi eta bost minutura "Zarautz" izenarekin topatu genuen lehen indikazio kartelera iritsi ginen.


"Bueno, helburue beteta!!!" Esan zigun Haritzek. "Ya te digo, earra!!!" Ikerrek. "Ya te digo?" Nik, "oaindio ez gea itsasoa iritsi". "Itsasoa?" Ikerrek. "Honbre, behin honaño etorrita itsason bukau beharren gare". Hasieran burutik joanda izango banintz bezala begiratu ninduten baina benetan ari nintzela ikusi zutenean hondartzarako bidea hartu genuen.

Azkenean, sei ordu eta berrogeita hamar minutuen ondoren, hondartzan zeudenen begiraden artean itsasora iritsi ginen, eskerrak marea oso baju ez zegoen, jejeje. Itzik argazkia egin eta Haritz eta Goretiren etxera joan ginen merezitako dutxa hartu eta bainujantzia jazteko.

Itsasoan bainua hartu (beste hogeita hamar urte baino gehiago izango ziren Kantauri itsasoan bainua hartzen ez nuela, jejeje) eta malekoiako jatetxea batean ederki bazkaldu genuen, konpainia ezin hobean.

Zarauzko hondartzan oso zoriontsu ibilbidea amaitu ondoren.
<


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina