Larrunarri mendi garrantzitsua da guretzat, magikoa dela ere esango nuke. Oinezko bideetatik kanpo eta, harrigarria bada ere, Larrunarriko eskalada bideetan egun oso bat eskalatzen aritu daiteke inor ikusi gabe, mendebaldeko gandorra eta "Txema" bidea alde batera uzten badira behintzat. Eskalada bide gehienek kalitate handiko kareharrizko plakak zeharkatzen dituzte. Ekipazioari dagokionez, paraboltak orokorrean usadio zaharrean jarrita daude, hau da, parabolten arteko tartea luzea izan daiteke. Hau dela eta, bosgarren mailako zailtasunarekin borrokan aritzen garenok parabolten arteko muga "sikologiakora" iristeko arriskua dugunez, gomendagarria izaten da autobabeserako materiala (friend eta fisurero batzuk) eramatea. Bideen zailtasunari dagokionez, zailtasun maila "ongi jarrita" dago eta, beste eskola batzuekin alderatuta, lau eta bosgarren mailako bideak eskalatzea ez da merkea izaten.
Larrunarri lau eskalada sektore edo guneetan banatzen da: "Amitzi-Aiznabar", "Ertza-frontoia", "Txema-Petrel" eta "Plaka gorriak". Hainbat luzeetako biderik luze eta ezagunenak "Txema-Petrel" sektorean dauden arren, beste "Ertza-frontoia" eta "Plaka gorrietan" 100 metro inguruko bide interesgarriak ere eskalatu daitezke. Sektore hauen inguruko informazio zabala hemen eskuragarri dago.
Duela urte batzuk Gipuzkoako Mendi Federakuntzak parabolt, iltze eta spit zaharrak kendu eta, ekipatzaileen izpiritu zaharra mantenduz, bideak parabolt berriekin ekipatu zituen. Orduz geroztik, pixkanaka bertako bide batzuk ezagutzen eta beste batzuk berriro eskalatzen hasiak gara bideetan topatuko ditugun aseguruak sendoak izango diren segurtasunarekin.
Asteburuari begira bi anaiok, etxean dugun krokisean zein bide eskalatu genezaken begiratzen aritu ginen. Duela bi hilabete eskas "Plaka gorriak" sektoreko "Gora Euskadi aunque llueva" eta "Eskualido Karnero" bideak eskalatu genituenez, hasiera batean bertako beste bide pare bat eskalatzea pentsatu genuen. Erabakia erdi hartuta genuenean begiak "Ertza - Frontoia" sektorera joan eta "Eskola kantorum", "Gero Geroko" eta hauen eskuinean (paretari begira bagaude) dagoen "Lau Teilatu" bideak guretzako modukoak izan zitezkeela pentsatu genuen: "Eskola kantorum ta Gero geroko bidek enpalmau ta geo lau teilatu eskalau dezakeu" esan nion anaiari. "Ez al da gehitxo izango 6a bidea ittea?" Galdetu zidan. "A0-n kintoa dela jartzeo" erantzun nion "lau teilatuna berriz kinto mas".
Larunbaterako bero handia iragarrita zegoenez, Larraitzetik goiz aterako ginela adostu ondoren Iker goizeko zortziretan jaso eta Larraitzera abiatu ginen.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 100 metro.
Luze kopurua: 3.
Nork irekia: "Eskola Kantorum": Juan Lasarte eta Iosu Ulazia, 1991 urtean. "Gero Geroko": Karmel Leizaola, Dani Diaz de Zerio eta Ra Gaztañaga, 1996an. Milesker Iñaki Zuzari datu hau emateagatik!!!!
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL ("Eskola kantorum" bidea): 4c (40 m), 2ºL: 6a (30 m), 3ºL: 5b (30 m).
Orientazioa: Mendebaldea, goizean itzalpean egongo gara.
Ura: Iturri bakarra Larraitzen dago.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik ordubete lasai joanda.
Jaitsiera: "Lau Teilatu" bidea errapelatuz, 45 metro inguruko bi errapeletan bidearen oinean izango gara.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express, friend batzuk (bide osoan lincam horia eta Alien grisa bakarrik erabili genituen) eta zinta motz eta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta erdi inguru.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen kokalekua eta zuriz bertara iristeko jarraitu behar den bidea. Gorriz Larrunarrira doan ohiko bidea margotu dut.
Krokisa zehatzago. Urdinez bi errapelak, zuriz "Lau Teilatu bidea" eta honen bilguneak.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Bidearen oinera iristeko modurik erraz eta azkarrena Larrunarriko ipar-mendebaldeko gandorraren hurbilketan jarraitzen den bide bera jarraitzea da. Amezti (edo Amitzi) eta Larrunarri mendien arteko lepora (Aiznabar lepoa, 964 metro) iritsitakoan, lepoaren bestaldera pasatu eta, ertza gure ezkerrean utziz, "Frontoiaren" azpira iritsiko gara, Larrunarriko gandorretik frontoiaren hormaren moduan bertikal erortzen den horma ikusgarrira. "Eskola kantorun" bidea Frontoiaren eskuineko ezproian gora doan bide etzana da.
Larraitzetik bidearen oinera poliki joanda ordubete eskas pasa genuen.
DESKRIBAPENA
Ikerren bila nindoanean behe laino batek Larrunarri estaltzen zuen: "hoi goien langarra bada dena blai inda eongoa" esan zidan kotxean sartu zenean. "Bueno, txarrenen motxila astunekin Txindokiko buelta ingo deu" erantzun nion, "entrenamendu earra".
Larraitzera iritsi, motxilak hartu eta, inongo presarik gabe, poliki-poliki martxan jarri ginen. Behe laino eta tenperatura epelaren eraginez giroa sargoritsu eta hezea zen. Nahiz eta poliki igo, Txindokiko ohiko bidea uzten den langara iritsi ginenerako bizkarra eta kopeta izerdiaz blai genituen.
Larrunarriko ohiko bidea uzten den langara laino artean iristen.
Langatik gora behe lainoa pixkanaka desagertzen joan eta haizea indarra hartzen hasi zen: "eskertzea haize pixkat" bota nuen, "Ya te digo" erantzun zidan anaiak.
Brocken espektroa, ohikoa behe lainoa dagoen egunetan.
Amezti mendira iristen behe lainoa pixkanaka desagertzen joan zen.
Begirada lurrean finkatu eta, pixkanaka metroak irabatzen joan ginen Amezti (edo Amitzi) gure eskuinean utzi eta honen eta Txindokiren arteko lepora (Aiznabar lepoa) iritsi ginen arte.
Behe lainoa azpian utzita, atzean Ausa Gaztelu.
"Ertza-Frotoia" eta "Txema-Petrel" sekoteak. Puntu zuriz Larrunarriko gandorraren bidea eta gorriz guk eskalatuko genituena.
Gandorrera doan bidea utzi eta, Aiznabar lepoaren bestaldera pasatuz, ertzak osatzen duen hego-mendebaldeko horma gure ezkerrean genuela igotzen jarraitu genuen belarrak harkaitzari pasoa emanez. 250-300 metro inguruko zeharkaldiaren ondoren "frontoiaren" azpira iritsi ginen.
Amezti atzean utzita, Aiznabar lepotik gora jarraitutako bidea.
Gaurko helburura gerturatzen.
"Pareta hoi espektakularra da, eh?" Galdetu nion anaiari horma seinalatuz "Joe baietz, gañea horko bidek kañerok izangoie, ez?" Galdetu zidan. "Frontoiaren ezkerreko pitzaduratio gora dijona kinto mas omen da, baña itsuragatio duela mila urteko kinto mas izangoala ustet, jejeje" erantzun nion azpitik beldurgarria dirudien pitzadura bertikala seinalatuz.
Motxilak "Eskola kantorum" bidearen oinean utzi eta "Lau Teilatu" bidearen hasiera non dagoen ikustera joan nintzen. 5-10 minutu gora eta behera ibili ondoren Iker zegoen lekura harrituta itzuli nintzen: "eztet ez bideik topau ezta paraboltik ikusi" esan nion, "bueno, gero handio rapelatzen deunen paraboltak nun hastedien ikusiko deu" erantzun zidan.
Traste guztiak atera eta motxilak eta zapatilak bidearen oinean utzi ondoren, haizea indartzearekin batera Iker eskalatzen hasi zen.
Lehen luzea, 40 metro, 4c. Lehen luzeak ezproia zuzen eta nahiko erditik igotzen du eta itsasgarritasunezko plaka etzan bat eskalatzea "besterik" ez da. Lehen parabolta gertu ez dagoen arren ez da zaila bertara iristea eta Ikerrek lehen metro hauek itsuraz eta segurtasun handiz eskalatu zituen. Dena den, zaila izan gabe ere, parabolt honen aurretik friend txiki bat jartzeko aukera ere badago.
Lehen metroetan, ezkerrean "Frontoia" horma bertikala ikusi daiteke.
Lehen paraboltetik gora Iker batzuetan parabolt lerroaren eskuinetik eta besteetan ezkerretik eskalatuz jarraitu zuen, zailtasunaren arabera, ezproiari metroak batzuetan besteetan baino azkarrago irabaziz.
Gorago...
Bilgunera iristen, "frontoia" benetan ikusgarria da.
Konturatu nintzenerako behera begiratu eta bilgunean zegoenaren keinua egin zidan: "zemuzkoa?" galdetu nion talkietik, "buenooo, tarte batzuetan fedezko pasoren bat edo beste eman beharra dau" erantzun zidan.
Bilgunea muntatzen.
Eskalatzen hasteko keinua egiten.
Ikerrek berriro ere keinu egin zidanean eskalatzen hasi nintzen. Luzea ez zitzaidan zaila iruditu eta laugarren mailako zailtasunaren baitan dago denbora osoan, batzuetan errazago besteetan zailago, eskuak baino oinaknon jarri gehiago begiratuz. Lehen luzeko saltsa haize ufadek jarri zuten eta punturen batean oreka mantentzeko zailtasunak izan nituen.
Lehen bilgunearen argazkia.
"Ze iruittu zaizu?" Galdetu zidan Ikerrek uztaidun bi paraboltetako bilgune erosora iritsi nintzenean. "Segundo junda hain zalle ez, baña primeron juteko pasoren bat edo beste pentsatzekok bazitun" erantzun nion, "okerrena haizea". Bilgunean aseguratu, Ikerri soberan zuen materiala hartu eta bigarren luzea eskalatzeko prestatu nintzen, "Gero geroko" bidearen lehen luzea.
Lehen bilgunetik "frontoitik" dagoen ikusmira beldurgarria da. V+ zailtasuneko bidea hormaren ezkerrean ikusten den arrail bertikaletik gora doa.
Bigarren luzea, 30 metro, 6a. Bilgunetik gora begiratu eta gainean nuen horma bertikalean estutu beharko nuela ikusi nuen: "bueno, segurun arten ez du ematen tarte luzea daunik" esan zidan Ikerrek, "ea hala den" erantzun nion esaten nuena erabat sinistu gabe. Parabolt lerroak gaineko sabaitxoa bere eskuinetik plaka bertikal bat eskalatuz saihesten zutela ikusi nuen. Arnasa sakon hartu eta lehen paraboltera plaka zuzen eskalatuz iristen saiatu nintzen.
Bigarren luzearen lehen metroen detailea eta parabolten kokalekua. Lehenengo parabolta ez da ikusten.
Saiakera pare baten ondoren plakaren eskuinetik metroak errazago irabaziko nituela ikusi eta, bitan pentsatu gabe, bertatik eskalatzen hasi nintzen, lehenengo parabolta nire ezkerrean gelditu zen arte. Gorputza ahal izan nuen guztia luzatu eta, ezker eskuarekin paraboltetik express zinta eta bi sokak pasa nituen: "bueno, lehenengo parabolta txapauta" pentsatu nuen."Zemuz?" galdetu zidan Ikerrek, "oaingoz ondo, baño ez nijo eroso, akojonauta bezela nau" erantzun nion.
Lehenengo paraboltetik gora hasi ziren komeriak. Bigarren paraboltera estutuz iritsi eta, express zinta bertatik pasa nuenean hemendik aurrera A0 teknika erabiliz, express zintetatik tiraka alegia, igoko nuela erabaki nuen. Express zintatik tiraka ahal izan nuen guztia igo, eskuin eskuarentzat dagoen pitzadura horizontalean behatz puntak sartu eta, ezker eskua ahal izan nuen moduan harkaitzean eutsiz, gorputza pixkanaka igotzen hasi nintzenean zerbaitek paraboltari eusten zidala sentitu nuen. Behera begiratu eta friend sorta paraboltean kateatuta gelditu zela ikusi nuen. Arnasestuka, ahal izan nuen moduan bigarren parabolteko express zintari berriro eutsi eta, friendak lotzen zituen zinta lepotik kendu ondoren, bi soketatik mosketoi batetik pasatu eta lehen paraboltera erortzen utzi nuen: "hola ariñago ta enbarazuik gabe eskalaukoet" esan nion anaiari.
Friend-ak gainetik kenduta, eskuin eskuarentzat dagoen pitzadura horizontalean berriro behatz puntak sartu eta, oraingoan, gorputza pixkanaka igoz, hirugarren paraboltera iritsi nintzen. Hemendik gora, nahiz eta heldulekuak kamutsak eta txikiak izan, laugarren eta bosgarren paraboltetara errazago iritsi nintzen, beti ere A0 teknika erabiliz.
Bosgarren parabolta sabaitxotik ateratzeko dagoen azken parabolta zela ikusita zertxobait lasaitu nintzen: "zallena inda dau" animatu nintzen. Express zintatik tiraka zentimetro batzuk igo eta seigarren parabolta urrun zegoela ikusi nuenean berriro urduritzen hasi nintzen: "Ostia, urrengo parabolta kristoetxen dau!" esan nion Ikerri. "Urruti badau ez da zati zaile izango" erantzun zidan animatu nahian.
Arnasa sakon hartu eta sabaitxoa eskalatzen hasi nintzen. Eskuin eskuarekin helduleku txiki bat eta ezker eskuarekin alderantziz heltzen den beste helduleku txiki bat topatu eta gorputza igotzen hasi nintzen eskuin oinarekin parabolta zapalduz. Baina hormak atzeraka egin eta ezker oina non edo nola jarri ez nuen topatu. Eskuin hanka dar-dar batean hasi eta esku eta besoak nekatzen hasi zirenean ezinbestean erori egingo nintzela sentitu nuen: "Soka jaso bota inbehar naiz eta!!" esan nion anaiari. Ikerrek soka jaso eta arnesean tiraka nuela sentitu nuenean erortzen utzi nintzen: "Bufff!!! Paso kabroia da" esan nion anaiari. "Nahi dezu ni saiatzea?" Galdetu zidan. "Ez, behin honea iritsita ea ateatzen deten" erantzun nion. Pare bat saiakeren ondoren, etsitzear nengoela, paraboltetik kanpo oinen postura ez dakit nola aldatu eta, hasieratik helduta nituen heldulekuetatik tiraka, arnasari eutsiz, Ikerren animoen artean sabaitxoa eskalatu nuen.
Sabaitxotik atera ondoren. Argazkian lehen paraboltetik friend-ak zintzilik ikusi daitezke.
"Ostia a ze estutueee!!" Bota nion oinak oraindik dantzan nituela. Sabaitxo honen zailtasuna 5c inguruan dagoela esango nuke. Seigarren paraboltera iritsi eta bertatik aseguratu nintzenean benetako lasaitasuna hartu nuen.
Seigarren paraboltetik aurrera nondik jarraitu zalantzan izan nintzen. Krokisean luzeak orratzaren puntaren eskuinetik jarraitzen zuela azaltzen bazen ere, orratzaren eskuinean ez nuen paraboltik ikusi, ezta eroso eskalatzeko lekurik ere. Paraboltak ez ikusteaz aparte, hemendik sartuz gero sokek izugarri tiratuko zutela pentsatu nuen: "Ustet onena zuzen jarraitzea dela" esan nion anaiari.
Orduan ohartu nintzen friend-ak lehen paraboltetik zintzilik zeudela: "joer, gora jarraitukoek ta bestaldea pasatzeik ez badau zeoze okurrittuko zait" esan nion eskalatzen hasten nintzen bitartean. Seigarren paraboltetik gora poliki eskalatzen jarraitu (4b inguruan egongo da) eta, orratzaren puntara iritsi aurretik dagoen harlauz batean zinta bat jarri nuen. Orratza eskalatu eta, nire lasaitasunerako, honen atzeko horman zazpigarren parabolta ikusi nuen: "eskerrak ez naizen eskubitio sartu" pentsatu nuen. Orratzatik kontu handiz jaitsi eta paraboltetik express zinta eta sokak pasa nituenean erabat lasaitu nintzen arren, ahoa erabat lehorra nuen, pasatako estualdiaren ondorioz.
Iker orratzaren puntara iristen, atzean Ausa Gaztelu.
Zazpigarren paraboltetik bilgunera dauden 6-8 metro inguruan ez nuen parabolt gehiagorik ikusi eta igoera zikin xamarra iruditu zitzaidan, plakaren ezkerretik tarteka belarrei tiratuz metroak irabazi nituelako. Uztaidun bi parabolt dituen bilgune erosora iritsi nintzenean izugarrizko poza sentitu nuen.
Orratzaren puntan.
Ni bigarren bilgunean eta hirugarren luzearen nondik norakoak. Lehen paraboltaren kokalekua adierazi dut.
"Eskerrak talkiek ekarri ditteun ze itteon haizekin oihukare ez giñen aittuko" esan nion Ikerri bilgunera iritsi zenean. "Ostia, meritu haundiko luzea!!!" bota zidan, "azpitio etzun hain zaile ematen". Luzearen ingurukoak kontatzen ari ginela gure gainean ahots batzuk entzun eta Larrunarriko gandorraren plaka politaren gaineko orratzan neska bat azaldu zen. Agurtzeko eskatu eta argazki bat egin genion, frontoiaren pitzadura bertikala ia bere osotasunean ikusten zela.
Argazkia egin genion neska eta V+ luze beldurgarria. Orduan ez genekien baina neskak Susana izena dauka. Kronika argitaratutako egun berean bere iruzkina jaso nuen argazkiko neska bera zela esanez. Iruzkinean esan bezala, "zein txikia den mundua", jejeje.
"Bueno, azkeneko luzea" esan nion anaiari, "teorikoki kintoa da, aurrekoa baño errexagoa izangoala pentsatzet". "Ea zemuzkoa den" erantzun zidan erabili gabeko express zintak arnesetik hartzen zizkidan bitartean.
Hirugarren luzea, 30 metro, 5b. Luzea bilgunearen eskuinetik gora doan arrail bertikala eskalatuz hasten da. Lehen parabolta gertu ez dagoenez, Ikerrek tartean Alien grisa jarri zuen.
Lehen paraboltera aseguratzen.Alien-a jarritako lekua ere ikusi daiteke.
Arraila eskalatzen jarraitu eta ezkerreko horma bertikalean dagoen paraboltera (luzearen bigarrena) iritsi zenean ezker aldera diagonalean eskalatzen hasi zen, horma eskuin/ezker diagonalean zeharkatzen duen harlauz/erlaitz estu bat jarraituz.
Lehen paraboltetik gora abiatzen.
Ikerrek zeraman kontzentrazioa erabatekoa zen. Tarteka, argazki bat egiteko eroso ote zegoen galdetzen nionean "ez" erantzuten zidan, burua eskaladan bakarrik zuenaren seinale. Diagonalean egindako zeharkaldiaren ondoren zuzen gora jo eta gainean dagoen sabaitxoa eskalatu zuen begibistatik galduz.
Sabaitxoa eskalatzen, begibistatik galdu aurretik.
Hemendik gora soka pixkanaka emanez joan eta luzeak egin zitzaizkidan minutu gutxi batzuen ondoren talkietik "Reunion!!" entzun nuen.
Soka jaso eta arnesetik tiraka nuela sentitu nuenean eskalatzen hasi nintzen: "benga Smithy, azkeneko luzea ta listo" animatu nintzen. Arrail bertikala ederra da, oin nahiz eskuentzat helduleku onekin. Bigarren paraboltetik eskuin ezker diagonalean doan harlauz/erlaitz estura igotzeko pausua arraroa iruditu zitzaidan (5b inguruan egongo dela esango nuke). Erlaitzaren zeharkaldia ikusgarria da baina parabolten arteko tartea luzea. Ikerrek tarteko pitzadura batean Lincam horia jarri zuen zeharkaldia hobe babesteko. Erlaitzaren amaierara iritsi eta zuzen eskalatzen hasi nintzen gaineko sabaitxoaren oinera iritsiz.
Sabaitxoa azpitik zirudiena baino errazagoa iruditu zitzaidan eta, dituen helduleku ederrak aprobetxatuz, zailtasun handirik gabe eskalatu nuen. Sabaitxotik atera nintzenean Iker bilgunean ikusi nuen: "nik ahal izan deten gehiena plakatik zuzen eskalatuet horko zuhaixkaño katuk lokatzez ez zikintzeko" esan zidan.
Hirugarren bilgunera iristen. Argazkiren eskuinean zuhaixka ikusi daiteke.
Ikerrek esan bezala, aurrean nuen plakara igo eta zuzen eskalatu nuen adar bakartiaren itsura duen zuhaixkara iritsi nintzen arte. Plaka honen eskalada erraza den arren (IV inguruan egongo da) eskuin edo ezkerretik ekidin daiteke. Zuhaixkara iristear nengoela nire eskuinean uztaidun bi paraboltetako bilgune bat ikusi nuen: "hemen beste bilgune bat dau" esan nion Ikerri. "Joer, ba eztet ikusire egin" erantzun zidan. "Pentsatzet Lau teilatun azken aurrekoa izangoela, krokisen hemendio zu zaren lekura terceroko pasotxo bat egin behar dela esaten du ta" erantzun nion. Zuhaixkatik ezkerrera diagonalean metro batzuk egin eta bidearen amaierako uztaidun bi parabolteko bilgune erosora iritsi nintzen.
Hirugarren eta azken bilgunean.
"Ostia, hoi da estutue bide hontan inbehar izan deuna" esan nion, "ya te digo" Ikerrek "bigarren luzea gogorra da". "Bueno, gutxiñez ateratzeko kapaz izan gea, ta hoi ez da gutxi" erantzun nion, "ea oain rapelekin asmatzen deun".
Errapelak "Lau teilatu" bidearen hirugarren bilgunetik hastea pentsatu genuen: "Hola zuzenago jatxiko gea". Bata bestea aseguratuz 10 metroetako destrepetxoa egin (II-III) eta Lau teilatu bidearen hirugarren bilgunera iritsi ginen.
"Lau teilatu" bidearen hirugarren bilgunetik egindako argazki honetan bi bilguneen arteko tartea ikusi daiteke.
"Bueno oain Lau teilatun paraboltak jarraitzen jun ta lehenengo bilgunea iritsiko zea" esan nion Ikerri errapela muntatu genuenean. Hirugarren bilgunetik behera doan plaka errapelatzen hasi eta, nahiz eta horman alde batera eta bestera mugitu, paraboltik ikusten ez zuela esan zidan: "Gure bigarren bilgunen bukau det" esan zidan talkietik errapelatzen amaitu zuenean.
Iker nondik jaitsi zen ikusita, nik eskuinagotik (paretari begiratuz) errapelatzen hasi nintzen, horma eta sokak bidaltzen ninduen lekutik jarraituz. Berehala "Lau teilatu" bidearen bigarren bilgunea ikusi nuen, baina bilgune hau eta hirugarren bilgunearen artean paraboltik ez. Errapelatzen jarraitu eta parabolt bakarti bat plaka batean ikusi nuen. Bertara zuzendu eta 8-10 metro azpiago, zuhaixka eta osinen artean dagoen "Lau teilatu"ren lehen bilgunea ikusi nuen, Iker zegoen bilgunetik 10 metro inguru eskuinera (paretari begira bagaude). Bilgunera iritsi, Iker aseguratu eta, erdi oinez, ni nengoen lekura iritsi zen: "joer, hirugarren luzen eztau paraboltik ta pitzadura tente bat eskalatzea, ta bigarrenen hor ikustean parabolt bakarra dau" esan nion parabolta seinalatuz. "Pentsatzet hemendio bera parabolt gehio eongoiela, kinto maseko luzea data" erantzun zidan.
Bigarren errapelean.
Bigarren errapela muntatu eta, lehenengoarekin gertatu ez bezala, Ikerrek parabolt bakarra ikusi zuen. Errapelatzen hasi nintzenean horman alde batera eta bestera mugitu eta nik ere ez nuen paraboltik ikusi: "bakarra hortxe dau" esan zidan Ikerrek bidearen oinean koba itsurako arrail sakonaren gainean zegoen parabolt bakartia seinalatuz. "Normala goizen biden hasiera ez ikustea" erantzun nion. "Joer, ba hemen eongoa kinto maseko pasoa, baña halere hemendio gorakoare eztu errexa ematen" esan zidan "ta gañea bate paraboltik gabe". Gerora Iñaki Zuza mendizale handiak esango zidanez (iruzkinetan irakurri daiteke) luze honetako pausurik gogorrena ez dago luzearen hasieran, lehenengo paraboltetik gora doan arrail/tximiniaren hasieran baizi, Iñakik esan bezala pausu hau friend gorri batekin babestu daiteke. Milesker Iñaki informazioagatik!!!
"Lau teilatu" eskalatu ala ez pentsatzen aritu ondoren, erlojua begiratu eta, bidea eskalatzeak genuena baino denbora luzeagoa eramango gintuela ikusita, onena etxera itzultzea zela erabaki genuen: "beste baten ingo deu".
"Lau teilatu" bidearen hasiera eta nondik norakoak. Lehen luzeko parabolt bakarra hasieran dagoen koba itsurako arrail sakonaren gainean dago.
"Eskola kantorum" bidearen oinera itzuli (kontuz katu oinekin ibiltzeko leku ezerosoa delako) eta trasteak jasotzen genituen bitartean eskalatutako bidearen inguruan aritu ginen, ohikoa izaten den moduan. Trasteak jasota, igoeran jarraitutako bide bera hartu eta, berrogei minutu inguruan dagoeneko ia hogeita hamar graduetara zegoen Larraitzera izerditan blai eta zoriontsu itzuli ginen.
Azken begirada. Eskalada bideak igotzen duen ezproi nabaria ikusi daiteke.
AZKEN 10 SARRERAK
2017/06/14
LARRUNARRI (TXINDOKI), "ERTZA - FRONTOIA" SEKTOREA, "ESKOLA KANTORUM" ETA "GERO GEROKO" BIDEAK, 110 m, 6a (2017/06/10)
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:29
Etiketak:
aralar,
eskalada,
eskola,
eskola kantorum,
frontoia,
fronton,
gero,
gero geroko,
geroko,
kantorum,
mendia,
smithy,
smithyrenbloga,
txindoki
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina